2026-02-15
Blog Page 806

Garbiñe Aranburu: “Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa 155. artikulua lan harremanetan aplikatzea da”

Estatalizazioa salatzeko mobilizatu gara gaur Bilbon. Hain zuzen ere, LABek giza kate bat egin du Bilboko Basurtoko ospitaletik EITBren egoitzara. Mobilizazio honekin, Eurest, Sodexo eta Serunion enpresek euren zentroetako jangeletako langileei lan-baldintza okerragoak ezartzen dizkietela salatu dugu. Bada, mobilizazio hau deituta genuela, gaur jakin dugu Akordio Interprofesionala inpugnatua izan dela, Eurestekin elkartuta dagoen kolektibitateetako Madrilgo patronalaren bitartez. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk protestan parte hartu du, eta, bertatik, inpugnazio honen balorazioa egin du.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "estatalizazioaren kontrako borrokak lehentasuna du sindikatuan; azken batean, estatalizazioak Estatuko hitzarmenak aplikatzea dakar, sektore guztietan hemengo hitzarmenak baino txarragoak direnean. Bada, mobilizazio hau deituta genuela, gaur jakin dugu Akordio Interprofesionala inpugnatua izan dela, kolektibitateetako Madrilgo patronalaren bitartez, Eurestekin elkartuta dagoena. Akordio Interprofesionalaren inpugnazioa 155. artikulua lan harremanetan aplikatzea da, erabakitzeko eskubidearen aurkako erabaki zuzen zuzen bat da".

LABeko idazkari nagusiaren arabera, "beste urrats bat da bizi dugun inboluzio prozesu honetan. Iruditzen zaigu ezinbestekoa dela eraso honi erantzutea. Guk, sindikatu gisa, auzitegietan erantzungo dugu eta jarraituko dugu moilizatzen, baina, hemendik, dei zuzen bat zuzendu nahi diogu Confebask patronalari, akordio horren defentsa egin behar ote duen argitu dezan. Izan ere, Confebask CEOEko parte da, eta CEOEko parte ere bada Akordio Interprofesionala inpugnatu duen patronala".

Eskaera honekin batera, bigarren dei bat egin dio Garbiñe Aranburuk Confebaskeri, "negoziazio kolektiboaren blokeaoarekin apurtu dezan eta hitzarmenak sinatu ditzan, hitzarmenak sinatuta edukitzea berme handiagoa delako negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren aurrean".

Era berean, Eusko Jaurlaritzari zuzendu zaio LABeko idazkari nagusia: "Azken asteetatik autogobernuaren ponentzia martxan dago, eta negoziazio kolektiboaren estatalizazioa gure autogobernuaren kontra doa, gure erabakitzeko eskubidearen kontra. Jaurlaritzak argitu beharko luke benetan negoziazio kolektiborako marko propio baten alde dagoen, eta horren aldeko apustua egingo duen ala ez. Ezin da autogobernuaz hitz egin, lan harremanetan erabakitzeko inolako ahalmenik ez badugu, inolako eskuduntzarik ez badugu, negoziazio kolektiboa erasotua den bitartean".

 

 

 

Zerbitzu publikoak defendatu ditugu Baionan

Funtzionario eta zerbitzu publikoen kontrako erasoek segitzen dute Ipar Euskal Herrian, eta, hori dela eta, mobilizazio eguna da gaur. Hala, Baionan egindako manifestazioan izan gara, eta datozen asteetan izango diren borrokekin bat egin dugu; trenbideetako langileek egingo dutenarekin, besteak beste..

Hain zuzen ere, SNCFaren erreforma eta bereziki langileen egoerarena salatzeko, treinbideetako langileek greba mugimendu bat abiatuko dute hiru hilabetez, apirilaren 3tik ekainaren 28ra. Astero bi egun greba! egingo dituzte. Gaurko mobilizazio egunean ere izan dira kalean, zerbitzu publikoen sektoreko grebarekin bat eginez.
 

 

 

Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatu dira pentsionistak

Euskal Herriko pentsionisten plataformek elkarretaratze bat egin dute Gasteizen, Eusko Legebiltzarraren kanpoaldean, pentsioen gaiaren eztabaida jorratzeko eguna izan baitute gaur talde politikoek. Hain zuzen ere, 1.080 euroko gutxieneko pentsioaren defentsan egin dute protesta, eta LABeko Helduak eta Pentsionistak arloak bat egin du deialdiarekin.
 
Gaur, martxoaren 22an konprobatu ahal izan dugu nola mespretxatu dituzten Euskal Herriko kaleetan protestan ari diren milaka pentsionista eta euren familiak eta pobre izaten jarraitzera behartzen dituzten, euren bizitzako azken urteak duintasunez bizitzeko aukera ukatu baitiete:

Gaur parlamentuan ikusi ahal izan dugun mespretxua irain onartezina da.

Bigarrenez, barre egiten diete kalean euren bidezko aldarrikapenekin dauden pentsionistei. Aurrekoa, 71.724 sinadura aurkeztu zituztenean eta orduan ere lepoa eman zietenean.

Hipokrisia onartezina onartzen dute larunbateko manifestazioetara joateagatik eta gaur euren aldarrikapenei bizkarra emateagatik.

Milaka pentsionista kondenatzen dute pobre izatera eurek eskandaluzko soldatak dituztenean eta Urkulluk, baita bizi osorako pentsioa ere.

Gaur arrazoia eman diote PPri bai EAJ eta PSOEk, guztien apustua izan baita beharrik gorrienean dauden pentsionistak zigortzea. Ez da harritzekoa, EAJk PP babestu baitzuen miseriazko %0,25aren igoerarako.

Ez dute milaka euskal pentsionistaren arazoei ekin eta konpontzeko borondate politikorik. Ez diete axola pentsionisten mobilizazioek, eurenera doaz.

Ez gaituzte desmobilizatuko, kontrara, kalera ateratzen jarraituko dugu eta milaka pentsionistaren pobrezia egoera eta euren bidezko aldarrikapenak axola ez zaizkienak salatzen. Lehentasuna dira Euskal Herria 1.080 eurotako gutxienezko pentsioak, orain eta etorkizunean pentsio publiko duinak bermatuko dituen Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioarekin batera.

Gaur mozorroa kendu dute EAJ, PSOE eta PPk eta sastakada bat eman diote milaka pentsionistari, baina ez dezatela pentsa honek ondoriorik izango ez duenik. Eurak dira milaka pentsionistaren pobreziaren erantzunleak eta publikoki salatuko dugu.

Mobilizazioa, gure bidezko helburuak lortu arte kalera ateratzea izango da lehentasunetako bat.

 

 

Ez gatoz bat Lanbideko bulegoetan ezarri nahi duten Arreta Eredu Berriarekin

LAB, ELA, UGT eta CCOO sindikatuok agerraldi bat egin dugu gaur, Lanbideko bulegoetan ezarri nahi duten Arreta Eredu Berriari buruzko balorazioa egiteko. Hain zuzen ere, eredu hau Lanbideko hiru bulegotan martxan jarri dute, lurralde bakoitzeko bana, “ereduzko plan” gisa, bai era partzialean (DBE-aren kudeaketari dagokion zatia soilik, bestelako zerbitzuak kanpoko enpresen esku utziz), edota bulegoetako dimentsioak zein beharrak kontuan hartu gabe, baita emaitzen balorazioa egiterako orduan ere (emaitzen informeak sarritan eskatu arren, eskuratu ezinean jarraitzen dugu).

Orain, beste 16 bulegotan ezarri nahi dute eredu berri hau langileon ordezkaritzarekin negoziaziorik izan ez denean, bulegoetako langileei derrigorrezko prestakuntza ikastaroak antolatuz, eta hau guztia aurrera eramateko beharrezkoak diren tresnak edo azpiegitura prest izan gabe. Are gehiago, aurkitzen ari diren oztopo guztiak gainditzeko, inprobisatzera behartuta daude momentu oro, ezarpen honen zentzugabekeria agerian utziz.

Gainera, Lanbide-eraldaketa (Arreta Eredu berria barne hartzen duena), Legebiltzarrean aurkeztu gabe dago, talde parlamentarioek aztertu eta baloratu dezaten.

Beraz, sindikatuok Arreta Eredu horren ezarpena gelditzea eta benetako negoziazio bati lehenbailehen ekitea eskatzen dugu.

Hurrengo egunetarako honako ekintzak adostu ditugu sindikatuok:

* Legebiltzarreko taldeei bilera bat premiaz egiteko eskatzea, Lanbideko Arreta Eredu Berriari beren sostengua ez emateko eskatzeko.
* Funtzio Publikoarekin eta Enplegu Sailarekin bilera eskatzea, gure azalpenak emateko, eta sortzear dagoen gatazka honetan esku hartzeko eskatzeko.
* Elkarretaratzeak bulegoetan.

Datozen asteetan asanbladak antolatuko ditugu Lanbideko zentroetan egoera aztertzeko.

 

 

 

Jai egunetan irekitzearen kontra protesta egin dugu Donostiako udaletxearen aurrean

Jaietan denok jai plataformak igande eta jai-egunetan aisiaz gozatu eta atsedena hartzeko eskubidearen alde egiten duen merkataritza eredu jasangarria defendatzen du. Hala, plataformaren parte garen sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Donostian, udaletxearen aurrean, udal taldeek udalbatzarra egiten zuten bitartean. Azken egunotako mobilizazioen harira egin dugu gaurko protesta.
 

 

 

Dei egiten diegu Batzar Nagusiei eta Gasteizko Udalari Mercedeseko kontratazioan ematen den iruzurraren aurrean neurriak hartzeko

0
Mercedesek LABeko delegatu bat berronartu beharko du, bere kontra atera den azken sententzia dela medio. Gasteizko Epaitegi batek arabera, agerikoa da Mercedesek iruzurra egin zuela langile honi hainbat aldi baterako kontratu eginda, mugagabea egin beharrean.

LABek jakinarazi nahi du Gasteizko Epaitegi batek Mercedeseko langile baten kaleratzea bidegabekotzat jo duela, enpresak egin zizkion aldi baterako kontratuak iruzurrezkoak zirelakoan. Zehazki, epaileak ebatzi du bere kontratuen jatorria ez zegoela enpresaren momentuko egoerari lotuta, baizik eta behar iraunkorrari erantzuten ziola eta hortaz, kontratu mugagabea egin behar ziola.

Epaia tinkoa ez bada ere, pisuzko argudioak jasotzen ditu bidegabeko kaleratzetzat jotzeko. Honekin batera, langilearen esku uzten du dagokion kalteordaina jasotzea edo enpresara bueltatzea, LABeko delegatu sindikala baita.

Hortaz, azpimarratu nahi dugu, “kasualitatez” bere lerroko langile ebentual guztiei, berari izan ezik, kontratu mugagabea egin zietela. Are gehiago, azken kontratua amaituta kaleratu zuten, lanarekin zerikusia ez duten arrazoiak zirela-eta.

Beraz, Mercedeseko iruzurrezko kontratazioa beste behin ere agerian gelditu da. Izan ere, 2016ko abenduan Lan Ikuskariak 550 behin-behineko langileri kontratu mugagabe egitera behartu zuen enpresa, eta ordutik erakunde honek bere lanari betetzeari uko egin badio ere, epaitegiak behin eta berriro berresten ari dira enpresa Mercedesek kontratazioan egiten duen iruzurra.

Honenbestez, LABek lanean jarraituko du arlo guztietan Mercedeseko kontratazio eredua aldatzeko: lanpostu estrukturaletan kontratu mugagabea egiteko, aldi bateko kontratuen inguruan bermeak eskaintzeko eta inolako kolektibok edota pertsonak (genero, jatorri edota ideologia arrazoiengatik edo langile berria izateagatik) diskriminazioa ez sufritzeko. Zentzu horretan, gogorarazi nahi dugu pasa den azaroan Batzar Nagusiek honi buruz posizio argia erakutsi zutela eta otsailean bertan Gasteizko Udalak aho batez onartu zuela LABek eta IPAR-HEGOA Fundazioak aurkeztutako mozio bat, kontratazioan dauden iruzurra eta diskriminazioa ezabatzeko. Beraz instituzio hauei ere dei zuzena egiten diegu gai honetan esku hartzeko.

 

 

 

LABen elkartasuna Italiako USB sindikatuko kideekin

0

LABek Munduko Federazio Sindikaleko kide den Italiako USB sindikatuko kideei bere elkartasuna adierazi nahi die. USBko sindikalista hauek Italiako justiziaren partetik kartzela zigor eskari bilakatu daitezkeen behin-behineko neurri eskaerak jaso dituzte Piacenzan Abd El Salam langilea erail zuten egunean zerbitzu publikoen etetea, onartu gabeko manifestazio bat egitea eta beste hainbat “delitu” egotzita.


Sindikalista hauen delitu bakarra Abd El Salam langilea erail zutenean egindako manifestazioetan borrokaren lehen lerroan egotea izan da. Langile hau bere enpresaren aurrean GLS garraio enpresako langileen eskubideen aldeko protesta batean eraila izan zen 2016ko Irailaren 14ean.

Euskal Herrian ere antzeko egoerak pairatu izan ditugu. Orain hilabete batzuk LABeko kide zen langile batzuek greba bat antolatzeagatik epaiketa bat izan zuten eta fiskaltzak haientzat hainbat urteko kartzela eskaria egin zuen. Azkenik borrokaren bitartez haien askatasuna lortu zen baino etorkizunean antzeko egoera gehiago pairatzeko arriskuak jarraitu egiten du.

Bukatzeko Italiako USB sindikatuari gure elkartasun guztia bidali nahi diogu. Soilik ongi antolaturiko langile klaseak lortuko ditu bere helburuan eta soilik borrokaren bitartez lortuko da langile klasearen askatasuna.

 

 

 

Hirugarren lanuztea egin dute Arabako etxez etxeko langileek

Batzarra, kalejira eta protesta egin dituzte Arabako Foru Aldundiaren aurrean, euren lan eskubideen defentsan. Datorren asteazkenean, martxoak 28, jarraipena emango diete mobilizazioei, aurreko asteetan egin bezala.
 

 

 

LOREA egitasmoa aurkeztu dugu Nafarroako Parlamentuan

0

LAB sindikatuaren ordezkaritza batek Nafarroako Parlamentuko Osasun Batzordearen aurrean azaldu du gaur zertan datzan osasun arloko langileen ratio asistentzialak antolatzeko bere lege egitasmoa (LOREA).

Egitasmo hau aitzindaria da nazioarten, eta helburua du zerbitzu publikoen kalitatea bermatzea, interes ekonomiko, politiko edo dena delakoen gainetik. Proposamena da lege bat egitea langile sanitarioen zein laguntza langileen kopuru egokiak egon daitezen herritarrei osasun laguntza integrala emateko.

Dabid Mendaza eta Josemi Ablitas LABen ordezkariek, euren azalpena bukatuta, parlamentarien eta kazetarien galderei erantzun diete. Egitasmo honen izaera aitzindaria azpimarratu dute, baita egitasmoaren helburua ere: sistema sanitario publikoa bermatzea honen kudeaketan kapital pribatuaren esku-sartzearen aurrean, antolakuntza eta giza baliabideen kudeaketa egiturak eraldatuz.