2026-04-20
Blog Page 805

Gipuzkoako Foru Aldundia da BIDEAN zentroko egoeraren erantzulea

Zentru horretako langileak jarri dira jomugan eta gogoratu nahiko genuke zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiarena dela, eta berak Zaragozako enpresa bati eman ziola kudeaketa esleipen baten bitartez, FEPAS enpresari hain zuzen ere.

Langileek urteak daramatzate zerbitzuaren gabeziak salatzen, eta bereziki azken hilabeteotan (8 dira langile finkoak, eta egun horietatik 6 bajan daude). Urteak daramatzate zerbitzu hau eskeintzen, 10 urtetik gora, eta BIDEANek irekita jarraitzen badu, beraien lan eskergarengatik da, askotan beraien osasuna jokoan jarriz. Besteak beste, zentrua zaharkitua geratu da, baldintzak ez dira egokienak emakumeei behar bezalako zerbitzua eskaintzeko, langile ratioa finkatzen duen dekreturik ez dago (gauetan eta asteburuetan langile bakarra izaten da zentroan), baina langileek lana profesionaltasunez betetzen dute, zerbitzu hobeago bat lortzearren borrokatu eta inplikatu baitira urte luzez.

Langileen aldarrikapenak mahai gaineratzeko, eta langileek eskatuta, LAB sindikatua Maite Peñarekin bi bilera egin ditu, beraz, Aldundia zentro honetan gertatzen denaren jakitun da hasiera-hasieratik, eta argi dugu zerbitzuaren erantzule nagusia dela.

Erakunde publikoak eten gabe ari dira zaintza lanarekin zerikusirik duten zerbitzu publikoak azpikontratatzen eta pribatizatzen. Horrek lan baldintzen prekarizazioa dakar eta baita zerbitzuen kalitatea okertzea ere, eta guzti hori langileen eta erabiltzaileen kalterako. Kasu honetan, ez da kasualitatea bai batzuk zein besteak emakumezkoak izatea.

Guk mugimendu feministarekin elkarlanean jarraituko dugu indarkeria matxista jasaten duten emakumeen baldintzak zentru hauetan hoberenak izan daitezen, beti ere kontutan izanda erantzule nagusia Gipuzkoako Foru Aldundia dela.
 

 

 

24 orduko lanuztea egitera deitu dute Eulenen izandako lan istripuak salatzeko

Aurreko apirilaren 27an, Eulen enpresako langile Willy Palacín zendu zen bere lan postuan. Astebete ondoren, beste langile batek lan istripu larria izan zuen, eskuko hatz bat galduz.

Eulen enpresako langile batzordeak elkartasuna erakutsi nahi die bi familiei, eta aldi berean, lan istripuak eteteko mobilizazioak martxan jarri behar ditu. "Ezin ditugu horrelako gertaerak izan gure enpresan, horregatik, Enpresa Komiteak 24 orduko lanuzteak konbokatu ditu datorren maiatzaren 10erako, ostegunarekin", adierazi dute.

Era berean, elkarretaratze hauek egingo dituzte:

-11:00etan, Iruñeko Udaletxe plazan.

-12:00etan, Enpresako bulegoen parean (Poligono Mutilva baja, C/I, Nave 5).

 

 

 

‘Bizi Eguna’ ospatuko dugu Iruñean, jai egunetan eta igandeetan lan egitearen kontra

0

LAB sindikatuaren hurrengo ‘Bizi Eguna’ Iruñean izanen da eta heldu den maiatzaren 13ko goizean ospatuko dugu, San Nikolas plazan. Besta eta aldarrikapen egun horretan karrikara aterako gara, saltokiak jaiegunetan irekitzearen kontra eta kontsumorik gabeko aisia posible dela erakusteko.

Merkataritzan igandeetan edo jaiegunetan lan egitearen aurkako borroka LAB sindikatuaren lan ildo historikoa izan da. Langileek kontziliazio pertsonala edo familiarra izateko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta txikizkako merkataritzan zein bertze sektore batzuetan enplegua suntsitzearen aurkako jarrera dugu, bai eta inposatzen dizkiguten hiri eta kontsumo ereduen kontrakoa ere. Merkataritza esku-sartzerik gabe arautzearen alde gaude, eta kontsumo kapitalistaren zirimolatik at bizitzeko eskubidea exijitzen dugu.

Horri guztiari buruzko infomazioa banatuko dugu igandean, San Nikolas plazan paratuko dugun infogunean. Baina horrekin batera, adin guztietako pertsonek ongi pasatzeko egitarautxoa prestatu dugu.

-11:00 Umeentzako jolas birziklatuak, eraikuntza piezak, orekak…

-11:00 Ginkana Alde Zaharrean oraindik irekita dauden (baina igandeetan irekitzen ez duten)
komertzio txikietatik. Sariak egonen dira.

-12:30 “Ameli eta Xirrikituen jostunen ipuinak”, ipuin kontalaria euskaraz. 13:00 Bermuta, Alfredo bakarlariaren musikaz lagundua.

 

 

 

Ez dugu onartzen Edesa Industrial eta Geyser-Gastecheko langileen kaleratzea gauzatu izana

0

LABek, Donostiako Merkatal Arloko 1. Epaitegitik jaso duen Autoaren berri eman nahi dio iritzi publikoari. Bertan, Geyser Gastecheko eta Edesa Industrialeko (CNA Taldea) langile guztien, 123 langileen kaleratzea onartu da.

Guztiz bidegabea iruditzen zaigu LABentzat epaitegi honek hartutako erabakia, eta gogoratu nahi dugu duela 4 hilabete gauzatu ziren 145 langileen kaleratzearen kontrako helegitea aurkeztua duela eta epaiketaren zain daudela.

Era berean, salatu nahi dugu Edesa Industrial enpresa ez duela likidazioaren bidea hartuko, balizko erantzukizun penalei beldur dielako, eta hortaz trikimailu bat egin nahi dute. Langilerik izan gabe jarduerarekin jarraitu, hartzekodunen lehiaketan errudun ez izateko. Gainera, gezurrezko jarraipen proiektu hau egiteko, ateak itxi dizkiete proiektu alternatiboei.

FAGOR markaren erabileraren auzia oraindik ez da ebatzi, eta epaileak erabaki behar du FAGOR marka Fagor S. Coop.en esku edo Edesa Industrialen esku uzten duen. LABentzat argi dago kontratuan jasotako baldintzak ez direla bete, nagusiki enpleguaren mantentzea, eta horretaz, espero du FAGOR marka berriz ere Fagor S.Coopen esku gelditzea, eta hartara egun dauden proiektu berrien aukerei bide ematea. Orain arte ezi izan dira gauzatu CNAren jarreragatik. LABek enplegua sor dezaketen proiektu horiek martxan jartzeko lan egioten jarraituko du.

Amaitzeko, instituzioek, bereziki Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera salatu nahi dugu prozesu guzti honetan, enpresa babestu baitu, ikusi duen arte proiektua pikutara zihoala. Hori gertatutakoan desagertu egin da, bere erantzukizuna ezkutatu asmoz.
 

 

 

Prekarietatearen oinarrizko arrazoiei aurre egin, arrantza behar bezala arautzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea exijitzen dugu

Gaur, hilak 8, lan istripu berri bat gauzatu da Kantabriako uretan. Orion babea duen ”Berriz Ave Maria” arrantza ontziko G.A.E. 55 urteko arrantzalea hil egin da lanean zegoenean.

LAB sindikatutik lehenik eta behin bere familia, lagun eta lankidei gure babes eta elkartasuna adierazi nahi dizkiegu.

Dagoeneko, 2018an Euskal Herrian gutxienez 19 langile hil dira euren lanpostuetan, euretako bi arrantza sektorean.

Sektore honetan ematen diren baldintza gogorrak eta bertan ematen den prekarietatea azpimarratu nahi dugu, lan ordua luzeak eta ia atsedenik gabeko lanaldiak dira istripu hauen iturburuak .

LABek prekarietatearen oinarrizko arrazoiei aurre egin, arrantza behar bezala arautzea eta bizi eta lan baldintzak hobetzea exijitzen du.

Hurrengo orduetan behar bezalako erantzuna artikulatzen saituko gara.
 

 

 

Garbialdiko langileek protestekin jarraitzen dute

0

Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinen garbiketaz arduratzen diren Garbialdiko langileek elkarretaratzea egin dute gaur, eta ostegunean ere berriro egingo dute Bilboko Foru Liburutegiaren aurrean.

Karpa informatibo bat ere jarri dute langileek Bilboko Gran Via kalean, 9:00etatik 13:00ak arte. Aldundiko garbitzaileak grebara deituko dute hilaren amaieran.
 

 

 

PNV, PSE eta PPren itun fiskalak, enpresen irabazien gaineko zergak eta ondasun handiek ordaindu beharrekoak berriro ere jaistea ekarriko du Gipuzkoan

Iaz, azpikeriaz, ezkutuan eta herritarroi bizkarra emanda, PNVk, PSEk eta PPk itun fiskala lotu zuten. Bihar asteazkena, maiatzaren 9an, Gipuzkoako Batzar Nagusiek akordio honetan jasotakoa inplementatu behar dute.

Itun honek bi helburu nagusi dauzka: batetik, sozietate zerga jaitsi, erakunde enpresarialen eskaerei men egiteko, eta bestetik, ondasunaren gaineko zergan berriro ere “ezkutu fiskala” ezarri, ondasunik handienak dauzkan gutxieneko pribilegiatuak zerga gutxiago ordain dezan.

Confebaskek eta herrialdeetako erakundeek (Adegik, Cebekek eta SEAk) epe laburrerako zeukaten asmoa bete egin dute: sozietate zergaren gaineko tipoak murriztu dituzte. Hala ere, euren asmoa epe luzera zerga hau deuseztatzea besterik ez da.

• Zerga orokorra %28 nominaletik %24ra pasatuko da, 2018. urterako jaitsiera %26ra izango bada ere.
• Enpresa txikiek eta mikroenpresek ordaintzen duten zerga nominala ere jaitsiko da, %24tik %20ra. Kasu honetan ere mailakatua izango da, 2018. urtean dauzkaten irabaziengatik %22 ordaindu beharko dute eta.
• Gaur egun %21 ordaintzen duten erakundeek %19 baino ez dute ordainduko (2018an %20).

Bien bitartean, 2016an EAEn zerga honen bitartez bidu zen kopurua BPGaren %1,4 baino ez zen izan eta Gipuzkoan, zehazkiago, %1,1era ere ez zen heldu. Hortaz, Eurostaten estatistiken arabera, Europar Batasun osoan Estatu batek bera ere ez du zerga honen bitartez horren gutxi biltzen.

Berreskurapenari dagokionez, neurri hau aberastasun gehien eta ahalmen ekonomiko handiena daukaten pertsonei mesede egiteko dago pentsaturik. Eta, ondorioz, zerga sistema osoaren progresibitate eta ekitatearen kontra dator.

Ondorio bezala, esan dezakegu datorren asteazkenean bozkatuko diren arau foral proiektu biek neurri erregresiboak ezartzen dituztela eta errentaren birbanaketarako ondorio kaltegarriak dakartzatela.

Honetaz gain, zerga hauen bitartez biltzen ez dena konpentsatu beharko da eta, honetarako, PFEZ eta BEZaren bitartez langileok egiten dugun ahalegin fiskala handitu beharko da. Bestela, hau egin ezean, oinarrizko zerbitzu publikoak finantziatzeko eta babes sozialeko sistemak hobetzeko behar-beharrezkoak dauzkagun baliabideak urrituko liratezke. Gogoratu behar dugu bi gai hauetan (zerbitzu publikoetan eta babes sozialean) hemen burutzen diren politika publikoek, Europako estandarrekin konparatuz gero, defizit handiak dauzkatela.

Hala eta guztiz ere, PNV, PSE eta PPren apustua egoera ekonomikorik hoberena duten klaseen interesak zaintzea da eta, honetarako, ez daukate zalantzarik: kapitalaren errentei, enpresen irabaziei eta ondasun handiei gero eta pribilegio fiskal handiagoak ematen dizkiete, herritar gehienon kaltetan.
 

 

 

ST3 Elkarteko greba batzordeari arrazoia eman dio epaitegiak

ST3 Elkarteko greba batzordeak jarritako demandaren aurrean, Bilboko Lan arloko 4. Epaitegiak dio EDE TALDEA (ST3 Elkartea, Suspergintza Elkartea, Fundación EDE, Suspertu S.l.) osatzen duten erakundeek eta Bilboko apezpikutzak eta OSTARGI Fededun Erakunde Pribatuak grebarako eskubidea urratu egin dutela.

Aipaturiko Epaitegiak premiatzen ditu mantentzen duten jarrera bertan behera utz dezaten, eta denen artean 12.000 euro ordaintzera kalte-ordain gisa funtsezko eskubide horren urraketarengatik.

Gogoratu ST3 Elkarteko langile gehienek bi hilabete baino gehiago daramatzatela mugarik gabeko grebaldian 2017ko amaieran kiebra airtorpena lortzeko eta langileak kaleratzeko 0 kostuarekin hartzekodunen konkurtso baten aurkezpenari erantzunez.

Urteak daramatzate benetako kalbario bat pairatzen EDE TALDEA-ko Zuzendaritzak urteak baitaramatza langileak kale gorrian jarri nahian, nahiz eta lan taldeak etekinak ematen dituen.

Greba batzordearen hitzetan, "EDE Taldeko Zuzendaritza unitarioari jakinarazten diogu, berriro ere, ST3 Elkartearen entitate juridioaz haraindi, gure etorkizuna langile bezala EDE Taldearen barruan dagoela. Hau dela eta, greban jarriatuko dugu prozesuak dirauen bitartean, mobilizatuz behar den guztietan Bilbon EDE Taldeak duen egoitzaren aurreko aldean ESK, CNT, ELA eta LAB sindikatuen laguntzarekin".

Asteazkenean, 15:00etan, elkarretaratze bat egingo dute, egunotan egin dituzten protesten osagarri. 

 

 

 

Gizarte-zerbitzu publikoa kudeatzeko Nafar Fundazioa: deus publifikatzen ez duen ‘txiringito’ berria

Geroa Bairen Gobernuak jakinarazi du fundazio bat sortuko duela hainbat gizarte zerbitzu prestatzeko, hala nola, lan eta gizarteratzea, haurtzaroaren eta nerabezaroaren arreta, eta genero indarkeriaren biktimen zaintza osoa. Ohartarazpen horrekin irudikatu nahi izan dute orain arte pribatizaturik zeuden zerbitzu horien kudeaketa publikoa berreskuratu dutela. Baina izatez, iruzur handi baten aurrean gaude, zerbitzu publikoen jardueratik at dagoen kudeaketa bat finkatzen baitu; eta beraz kudeaketak pribatua izaten segituko du.

Eskubide Sozialetako Departamentuak asko nabarmentzen badu ere, fundazio batek gizarte-zerbitzuak kudeatzeak ez du esan nahi publikora leheneratzen denik. Egiazko lehengoratzea litzateke Departamentuak berak kudeatzea, funtzio publikoaren estatutuari loturiko langileekin, zerbitzua Nafarroako Gobernuaren organigraman eta plantillan txertatuz. Gainerako guztiak txiringito itxura du. Zerbitzu publikoen benetako kudeaketa Gobernutik egiten baita, bitarketaririk gabe.

Izan ere, gobernuek eta erakundeek fundazioak erabili izan dituzte halako itzalgune batzuk sortzeko, zerbait ezkutatzeko guneak, publikoaren kontroletik at dauden iruzur guneak.

Hartara, Departamentuak eman dituen argudioak eznahikoak dira, baita irrigarriak ere. Hitzez hitz dio: “Se pretende que la Fundación gestione y preste aquellos servicios públicos que por sus características específicas son de complicada gestión, por su especificidad, por la necesaria especialización y formación de las personas profesionales que trabajan en ellos, por la atención durante todas las horas del día y todos los días del año que requieren los servicios, etc”. Bada, argudio hori erabilita, Foru Administrazio osoa deusezta zezaketen eta fundazio baten esku utzi. Argudio kaskarra da. Fundazio baten sortzea “kudeaketa korapilatsuan” oinarritzea irrigarria da. Askoz ere korapilatsuagoa da Osasungintza, Hezkuntza, Justizia nahiz Administrazioak berak betetzen duen beste edozein zerbitzu kudeatzea, inongo fundaziorik sortu behar izan gabe.

Geroa Bairen Gobernuak eman azalpenak Administrazioan egiten den lana debaluatzen du, antza orain ez baita gauza ordutegiak, formakuntza, egutegia edota berariazko lanak bezalako “kudeaketa korapilatsuak” bere gain hartzeko.

Gobernuak egin dituen aurreikuspenen arabera, fundazio berrian lan eginen luketen pertsonek ez lituzkete izanen langile publikoen baldintzak eta, beraz, ordain-sari nahiz baldintza okerragoak lituzkete.

Ez dago inolako justifikaziorik aipatu fundazioa sortzeko, ez bada zerbitzu publikoak debaluatzeko eta ezkutuko pribatizazioei eusteko eredu baten alde egin nahi dutelako. Hortaz, LABek eskatzen du Nafarroako Gobernuak atzera egin dezala proposamen horretan eta ekin diezaiola zerbitzu horren zein pribatizatu diren beste zerbitzuen egiazko lehengoratzeari.