LAB sindikatuak Kubako osasun-sisteman inbertitzeko 150.000 euroko ekarpen partikularra jaso zuen. Izan ere, LABek, duela gutxi, uharterako funtsak eta osasun materiala biltzeko kanpaina bat egin du, Euskadi-Cuba (elkartasuna) eta Sierra Maestra eta Desembarco del Granma (kubatar emigrazioa) elkarteekin batera.
Aurretik bildutako 17.311,40 euroekin batera, 167.311,40 euro erabili dira guztira Europako hamahiru estatutako elkarte eta GKEen Medicuba-Europa sarearen bidez uharteko pazienteentzako bi ganberako 154 taupada-markagailu erosteko. Erakunde horren helburua zen ganbera bakarreko eta bi ganberako mila taupada-markagailura iristea, horrela herrialdearen defizita estaliz, eta euskal ekarpenarekin helburu hori ia bete egin da. Ganbera bakarreko taupada-markagailu bakoitzak 550 euroko kostua du eta bi ganberako bakoitzak 1.090 eurokoa.
Langileon elkartasunez, blokeoa hautsi! izan zen aipatutako euskal kanpaina solidarioaren leloa, eta, hainbat hilabetez, LAB sindikatuaren hogei egoitza baino gehiagotan eta hainbat ospitaletan sei tona osasun-material bildu ziren, eta bi itsas edukiontzitan bidali ziren uharteko ospitaleetara. 185 kilo medikamentu ere jaso ziren, 36.000 euroko balioa zutenak.
Ekimen hori irailaren 1ean abiatu zen, Ameriketako Estatu Batuen blokeo ekonomiko kriminalari erantzun zuzena emateko. Azken urteotan areagotu egin da blokeoa, beste 243 neurri hertsatzaile onartuta eta Kuba “terrorismoa babesten duten herrialdeen” zerrendan modu zitalean sartuta. Irla itotzeko diseinatutako politika horiek Kubako ospitale eta farmazietako sendagaien oinarrizko zerrenda % 30 eskasera murriztu dute, osasunerako giza eskubidea modu masiboan urratuz. Aipatu politikek irlako petrolio hornikuntza ere zaildu dute.
Joan den ekainaren 16an, Gipuzkoako Batzar Nagusietako Gobernantza batzordeak honako ebazpena onartu zuen: “Gipuzkoako Foru Aldundiak aniztasun funtzionala duten langileak barnebiltzen dituzten lan eta zerbitzuen esleipenen kontratazio pleguetan, esleipen horietan parte hartu ahal izateko enpresek kontingentzia profesionalak Gizarte Segurantzarekin kontratatuak izatearen baldintza ezartzea”. Azkenik, EAJ-k eta PSE-k ebazpena aplikatzearen aurkako gomendioa eman zuten Gipuzkoako Batzar Nagusietan.
Gaur, EH Bilduk legez besteko proposamen bat aurkeztu du Eusko Legebiltzarrean, Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartutakoaren ildo berean.
LAB sindikatuak agerraldia eta mobilizazioa egin ditu gaur Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta aurkeztutako proposamenarekin bat egin du. Izan ere, Enplegu Zentro Berezietako langileek aitortutako desgaitasuna izate hutsak mutualitateen aurrean bigarren mailako langile bihurtzen ditu, kasu askotan ez baitituzte lan-istripu edo gaixotasun profesionaletatik eratorritako bajak onartzen, eta langileen egoerari egozten baitizkiote, hain zuzen ere, Enplegu Zentro Berezietan kontratatuak izateko arrazoia izan den desgaitasuna izateari.
Mutualitateek enplegu zentro berezietan laneko kontingentziak kudeatzeari uztea nahi du LABek. Langileen osasunaren gainetik interes ekonomikoak jartzen dituzte, eta Enplegu Zentro Berezietako langileen kasuan hori bereziki larria da kontingentzia arruntengatik aldi baterako ezintasun prozesuetara bideratzen dituztenean, mutualitateek zein enpresek langileen lan-osasunarekiko duten erantzukizunetik aldenduz.
Bereiziki prekarizatutako sektorea da Enplegu Zentro Berezietakoa: gainerako langileek baino behin-behinekotasun handiagoa dute, langileen %80k hilean 1.500 € baino gutxiagoko soldatak ditu; eta gainera, askotan lan-osasunerako eskubidea ukatzen zaie.
LABek langileei dei egiten die mutualitateek osasun publikora bideratzen dituzten egoerak salatu ditzaten, eta erakundeei eskatzen die aniztasun funtzionala duten pertsonen lan-osasuna eta lan-baldintzak bermatzeko, beren osasuna mutualitateen negoziotik kanpo geratzen dela ziurtatuz.
26 manifestazio egingo ditu LABek Euskal Herriko eskualde eta hiriburuetan; Baionan eta Maulen intersindikalarekin mobilizatuko da.
Deialdi bakoitzeko kide banarekin, 26 lagunekin batera, agerraldia egin dute Donostian Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak eta Maider Jauregi Komunikazio arduradunak, aurtengo Maiatzaren Lehenerako LABen deialdiei erreferentzia eginez. Langileok eragin lelopean, langileek bizimodu duina bermatzeko ezinbestekoak dituzten hiru neurri zehatz aldarrikatuko ditu sindikatuak: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak.
Igor Arroyo koordinatzaile orokorrak nazioarteko testuinguruari egin dio erreferentzia: “Munduari begiratzen diogunean, zanpaketa eta gerra ikusten dugu nonahi: Palestina, Venezuela, Kuba, Groenlandia, Libano, Iran… Zein izango da hurrengoa? Trump eta Netanyahu bezalako faxista eta genozidek jopuntuan dituzte munduko herriak eta langileak. Eta euren menpe jarri dira Europako agintari gehienak. Mozorrorik gabe azaltzen zaigu kapitalismoa: sistema bortitza, koloniala, heteropatriarkala da”.
Arroyok ohartarazi duenez, finantza-krisiarekin, pandemiarekin edota Ukrainako gerrarekin gertatu bezala, Ekialde Hurbileko gerraren faktura langileei ordainarazten saiatuko da patronala, prezioak garestituz eta enpleguari nahiz lan-baldintzei eraso eginez. Horri erantzunez, LABek irmoki adieraziko du gerraren aurkako mezua Maiatzaren Lehenean.
Agerraldian nabarmendu dute testuinguru ekonomiko ezegonkorrak langileen aldeko politikak egiteko premia areagotzen duela: “Hasteko eta behin, langile guztiei eta pentsiodun guztiei gutxieneko diru-sarrera bat bermatu behar zaie, hots, gutxieneko soldata eta gutxieneko pentsio duina. Hori aldarrikatu zuten martxoaren 17an 100.000 lagun baino gehiagok Hego Euskal Herriko kaleetan”.
Era berean, enpleguaren defentsan borrokan ari diren langileak gogoan izan ditu Arroyok; hala nola, greba mugagabean diren Aiaraldeako bi enpresetakoak, Maderas de Llodio eta Tubos Reunidos. “Euren enpleguaren eta, ondorioz, soldataren alde borrokatzen ari dira, baita eskualdeko eta, oro har, Euskal Herriko etorkizunaren alde ere”.
Era berean, gogor kritikatu du patronala, greba orokorrari entzungor egin izanagatik: “Mahaian esertzeari uko egiten diote, badakitelako gure proposamena bidezkoa eta bideragarria dela. Grebaren egunean esan genuen bezala, patronalak, ezezko bakoitzarekin, bere burua desprestigiatzen du, eta euskal sindikatuon posizioa indartzen. Hemen, Espainiako Estatuan ez bezala, badago borrokarako prestasuna eta indarra daukan sindikalismoa”.
Ildo beretik, Greba Orokorra egin eta hilabetera “elkarrizketa soziala” instituzionalizatzeko Eusko Jaurlaritzak Confebask, UGT eta CCOOekin batera iragarritako asmoa deitoratu du LABek: “Confebask gutxieneko soldataz negoziatzera behartu beharrean, bere neurriko eszenifikazio bat antolatu du Pradalesen gobernuak. UGT eta CCOO euren zerbitzura jarri dira, finantzazio handiago baten truke. Hiru aldiz da salagarria: euskal langileen beharrei muzin egiten dielako, gehiengo sindikalari bizkarra ematen zaiolako eta atxikimendu politikoaren salerosketaren eskeman oinarritzen delako”.
Arroyoren esanetan, Pradalesek irudikatu nahi izan duen aldaketa ezerezean geratu da: “osasun mahaia sindikatu guztien iritziaren kontra itxi zuen; bi herri ekimen legegile eztabaidatzeari uko egin zion; eta orain gutxiengo sindikalean oinarritzen da gehiengoaren ordezkagarritasunari eta eskariari muzin egiteko. Pradales Urkulluren kopia bilakatu da”.
Horrelako amarruek porrot egingo dutela iragarri du, gainera: “Euskal langileek sindikalismo borrokalariaren aldeko hautua egiten dute; hala erakusten du LABen etengabeko hazkundeak. Euskal langileek badakite antolakuntza eta borroka kolektiboa direla gure eskubideen alde egiteko bidea. Antolakuntza eta borroka kolektiboaren bidez posible da munduan, Europan eta bereziki Euskal Herrian beste eredu bat eraikitzea”.
Ildo honetan, gutxi batzuen etekinak baino, denon bizitzak erdigunean jarriko dituen eredua aldarrikatuko du LABek Maiatzaren Lehenean. “Birbanaketa politikak ezarri behar dira Euskal Herrian; enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak”.
Gutxieneko soldata eta pentsio duina denontzat, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. Arrakala matxista, arrazista, eta belaunaldi-arrakalarik ez.
Zerbitzu publikoak sendotu, hezkuntza, osasuna edota zaintza eskubidea bermatzeko.
Etxebizitzaren gaineko espekulazioarekin amaitu.
Industrian trantsizio ekosoziala bideratu eta enplegua defendatu.
Maiatzak 1 Mobilizazioak 2026
Araba
1. Oion 12:30 Herriko plaza
2. Gasteiz 12:30 Probintzia plaza (Diputazioa)
3. Laudio 12.00 Herriko plaza
Nafarroa
1. Doneztebe 12:00 Merkatu plaza
2. Lizarra 12:00 Udaletxea
3. Turera 12:00 Foruen plaza
4. Iruñea 12:00 Gazteluko plaza
5. Altsasu 12:00 Foruen plaza
6. Tafalla 12:00 Tafalla plazatik
Ipar EH
1. Baiona 11:00 Santa Ursula plaza
2. Maule 11:00 Kioskoan.
Gipuzkoa
1. Donostia 12:00 Easo plaza
2. Eibar 12:30 Untzaga
3. Orereta 12:00 Herriko plaza
4. Zumaia 12:00 Beheko plaza
5. Hernani 12:30 Gudarien Plaza
6. Tolosa 12:00 Trianguloa
7. Ordizia 12:30 Plaza Nagusia
Bizkaia
1. Bilbo 12:00 Zabalburu
2. Algorta 12:30 Telletxe
3. Durango, 12:00 Landako
4. Portugalete 12:30 Carlos VII metro-sarrera (Baruri omenaldia eta manifa)
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna da apirilaren 28a. Hori dela eta, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRU sindikatuek manifestazioa egingo dute Donostian, Bulebarretik hasita, 12:00etan, Absentismoa: gezurra ari du. Gure lan-eskubideak defenda ditzagun! lelopean. Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren parean amaituko da mobilizazioa, eta sindikatuek 2025ean Euskal Herrian hildako 84 langileak irudikatuko dituzte.
Patronalak horrenbeste aipatzen duen absentismoa langileen prekaritatea baino ez dela salatuko dute sindikatuek, eta prebentzio falta ere prekaritatea dela.
Mobilizazioaren deitzaileak diren sindikatuek uste dute negozioa langile klasearen bizitza eta osasuna babestearen aurretik jartzea dakarrela etekinen bilaketa aseezinak, eta langile klasea hainbat modutan esplotatzen duen sistema batean oinarritzen dela, bereziki gazteak, emakumeak eta pertsona arrazializatuak. “Bizitza guztiek ez dute kapitalarentzat berdin balio, eta hori gordintasunez islatzen da lan baldintzetan”, gaineratu dute.
Gainera, gogoan izan dituzte iaz, Euskal Herrian, lanean ari zirela hildako 84 langileak, baita askoz sakonagoa eta ikusezinagoa den laneko gaixotasunen ondorioz hildakoen eta kalte fisiko eta mentalak jasaten dituztenen errealitatea. “Lan batzuek hil egiten dute, eta beste askok —gehienek— ez dute bizitzen uzten”, salatu dute. Gaineratu dute lan hauek argiki baldintzatzen dituztela generoak, klaseak eta arrazak. Horrela, emakumeak dira, bereziki migratu eta arrazializatuak, modu neurrigabean sektore prekarizatuenetan, ikusezinenetan eta babesgabeenetan ari direnak.
“Patronalak eragiten duen epidemia hilgarri eta isil baten aurrean gaude”, nabarmendu dute sindikatuek, eta salatu dute honek ez duela ezer egiten honen inguruan, eta sistematikoki urratzen duela Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea, berau onartu eta 30 urtera. Adierazi dute prebentzioa enpresen antolamenduan integratu ez izanak eta, ondorioz, prebentzio neurririk ez hartzeak oso arazo larriak sortzen dituela: heriotzak, ezintasunak, gaixotasunak, halakotzat aitortu gabeko laneko bajak eta osasun sistema publikoaren degradazioa.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta HIRUk gaineratu dute erantzukizunen utzikeria hori ez litzatekeela posible izango administrazioaren permisibitaterik eta konplizitaterik gabe, eta borondate politiko faltak errealitate hau betikotzea ahalbidetzen duela. Horrela, kontrol faltak, zigor eraginkorren faltak eta prebentzio arloko utzikeriak ereduak irautea ekarri dute eta hiru hamarkadetako ez betetzeek erabateko zigorgabetasuna eragin dute. Proposatutako neurriek langileen gaineko kontrola indartu eta mutualitateei botere handiagoa ematen dietela ere adierazi dute sindikatuek, pribatizazioan sakonduz eta prebentzioa ahulduz. “Patronalak sortu du arazoa eta orain langile klasea egin nahi du horren erantzule”, gaineratu dute.
Era berean, sindikatuek nabarmendu dute ez dagoela “absentismoari” buruzko berririk gabeko egunik. Horrela, iruzur orokortuaren ideia zabaltzen saiatzen da patronala, enpresen bideragarritasuna eta osasun sistema arriskuan jartzen duten justifikatu gabeko bajena.
“Hala ere, ez da argitzen kontzeptu horrek benetan zer barnebiltzen duen”, kritikatu dute. Sindikatuen ustez, borrokaren bidez lortutako eskubideak biltzen ditu: diru sarrerak galdu gabe gaixotzeko, kontziliatzeko edo eskubide sindikalak gauzatzeko eskubidea edo Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak bezalako egoerak. Azpimarratu dute patronalak modu ez oso zorrotzean erabiltzen duela terminoa, asmo argi batekin: bere interesen aldeko iritzi publikoa sortzea.
LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Etxalde eta Hiru sindikatuen ustez, ustezko “arazo” horren atzean mutualitateen boterea indartzeko, osasun sistema publikoa are gehiago ahultzeko eta pribatizazioan aurrera egiteko asmoa ezkutatzen da, “langileok lanera gaixorik joan gaitezen, eta, ondorioz, langile-klasearen eskubideak murriztu eta enpresen etekinak handitu daitezen”.
Horrela, sindikatuek gaineratu dute borrokan jarraituko dutela guztiontzako lan baldintza duinen alde, ikusezinak diren lanen aitortza eta babesaren alde, genero eta arraza esplotazioa amaitzearen alde eta pertsona guztientzako osasun eta bizitza eskubidea bermatuko duen osasun sistema publiko, unibertsal eta kalitatezkoaren alde.
Bi sindikatuek (%60ko ordezkaritzarekin) Torres lehendakariordeak, Confebaskekin bat eginez, iragarritako eraso antidemokratikoa salatu dute.
LABek eta ELAk agerraldia egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak Mikel Torres lehendakariordearen bitartez aste honetan egin dituen adierazpen oso larriei erantzun bateratua emateko. Adierazpen horietan LABen eta ELAren aurkako “ondorioak” iragarri zituen, Imanol Pradalesen Gobernuaren ekimenetan ez badute parte hartzen. Gaurko prentsaurrekoan bi sindikatuetako arduradun nagusiek hartu dute parte: Garbiñe Aranburuk eta Igor Arroyok (LAB) eta Mitxel Lakuntzak eta Amaia Muñoak (ELA).
Garbiñe Aranburuk adierazi du “Eusko Jaurlaritzak elkarrizketa sozialeko eredu baztertzaile eta antidemokratiko batean sakondu” nahi duela, eta gaineratu du eredu honek “porrot egin duela eta Confebask-i baino ez diola egiten mesede”.
Gogoratu behar da LABek eta ELAk EAEko ordezkaritza sindikalaren % 60 baino gehiago dutela, eta Eusko Jaurlaritzak errealitate hori aldatzeko neurriekin mehatxatu duela. Mikel Torresek, Confebaskekin, CCOOrekin eta UGTrekin bildu ondoren, Parte-hartze Instituzionalari buruzko Legea iragarri zuen. Horrek, ziurrenik, CCOOren eta UGTren sumisio sindikala finantzaketa gehiago emanez sarituko du eta, besteak beste, martxoaren 17ko greba orokorra bultzatu zuten sindikatuak zigortzen saiatuko du.
Milaka eta milaka pertsonek LGS propio baten alde (1.500 eurokoa aurten) greba orokorrarekin bat egin eta hilabetera, eta Confebaskek negoziazioari bizkarra eman eta aste gutxira, Elkarrizketa Sozialerako Mahaian akordioa lortu omen dute Eusko Jaurlaritzak, Confebaskek, CCOOk eta UGTk (bi sindikatuek % 28 baino ez dute). Akordio horrek elkarrizketa sozialaren eta sindikalismo otzanaren porrota erakusten du.
Akordio horren helburua Eusko Jaurlaritza eta Confebask zuritzea da, eta CCOO eta UGT horretarako prest agertu dira. Aranburuk adierazi du “tamalgarria” dela “CCOO eta UGTk bat egitea gehiengo sindikala baztertzen duen joko honekin bat egitea. Agortutako eredu sindikal baten fruitua da, oso merke saltzen dena argazkiren batean atera eta finantzazio gehiago lortzearen truke”. Horrek erakusten du, alde batetik, Eusko Jaurlaritzak izaera autoritario eta esplotatzailea duen patronalaren aldeko politikak egiten jarraitzeko asmoa duela. Eta bestetik, LGS Madrilen zentralizatuta mantentzeko asmoa, Confebaskek nahi duen bezala. Bitartean, gainera, patronalak ez du betetzen euskal langileen ordezkaritza nagusiarekin negoziatzeko ardura. Azkenik, Mikel Torres lehendakariordeak behin eta berriz uko egin dio LABekin eta ELArekin biltzeari LGSri buruz eztabaidatzeko.
LABek eta ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitu diote bere mehatxuak eta bere jarrera autoritarioa bertan behera uzteko. Aranbururen hitzetan, “antidemokratikoa da sindikatuen asimilazioaren aldeko eredu honetan tematzea eredu horrekin bat egingo ez duen gehiengo sindikal bat dagoenean”. Pradalesen Gobernuak justizia sozialaren alde eta prekaritatearen aurkako borrokan duen erantzukizunari erantzun behar dio, Administraziotik bertatik hasita (bere langileei Estatu osoko behin-behinekotasun handiena inposatzen die, % 35), eta benetan eraginkorra den LGS bat ezarri.
Mikel Torres lehendakariordeak iragarritako akordioak eredu erabat antidemokratikoa indartu nahi du. Elkarrizketa sozialaren instituzionalizazioaren atzean, eta parte-hartzearen izenean, Eusko Jaurlaritzak patronalari langileei baino gehiago mesede egiten dioten politikak inposatu nahi ditu. Hori guztia mugarri bat da Eusko Jaurlaritzaren izaera autoritarioan: langileen aurkako eraso zuzena da. Azpimarratu behar da herri honetako langile-klaseak LABi eta ELAri gehiengo babesa ematea erabaki duela behin eta berriz.
Apirilaren 28a Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna da. Aurten ere manifestazioa egingo du LABek, lan osasuneko intersindikala osatzen duten beste sindikatuekin batera, hau da, ESKrekin, STEILASekin, EHNE-etxalderekin eta HIRUrekin (Nafarroaren kasuan, CGT/LKN ere badago intersindikalean). Donostian izango da, 12:00etan, Bulebarretik “Absentismoa: gezurra ari du. Gure lan eskubideak defenda ditzagun” lemarekin.
Salatuko dute patronalak langileen osasunaren aurrean jartzen dituela bere irabaziak eta ez dituela prebentzioaren arloan dituen erantzukizunak betetzen. Honek dakartzan ondorio lazgarriak ere gogoratuko dituzte. Adibidez, 2025ean 84 langile hil ziren lan istripuz eta ehunka gaixotasun profesionalen ondorioz.
Enpresariak absentismoaren inguruan zabaltzen ari diren mezuez ere ohartaraziko dute, eta hauen helburua beren irabaziak handitzea dela salatuko dute. Izan ere, patronalak absentismotzat jotzen duena borrokaren bidez lortutako eskubideak dira: diru-sarrerak galdu gabe gaixotzeko, kontziliatzeko edo eskubide sindikalak gauzatzeko eskubidea, edota Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak.
Atzo, apirilak 15, Bilbon bizi izan dugun egoerak ez luke inor harritu behar, eta, hala ere, sumintzeko modukoa da. Hilabeteetan zehar milaka migratzaileri eragiten dien erregularizazioprozesu bat iragarri da, horietako asko egoera bereziki ahulean daudenak. Jakina zen unea iritsiko zela, itxaropenak, urduritasuna eta, batez ere, eskaera administratibo andana sortuko zituela. Eta hala ere, azkenean prozedura aktibatzen denean, udalaren erantzuna nahasgarria izan da.
Ehundaka pertsona ibili dira gizarte-arretako bulegoetan edo erregistroetan, erantzun argirik jaso gabe. Ilarak, zerbitzu batetik besterako deribazioak, jarraibide kontrajarriak. Batzuei Gizarte Ekintzara jotzeko esaten zitzaien; beste batzuei, Erregistro Orokorrera joateko; bien bitartean, praktikan oraindik martxan ez zegoen dispositibo espezifiko bat irekitzeari buruz hitz egiten zen. Emaitza: nahasmena, higadura eta erakundeen utzikeriaren sentsazio orokorra. Egoera hori ez da kasualitate bat, arrazismo estrukturalaren beste sintoma bat baizik, gobernu-erakundeetan eta administrazioan gauzatzen dena.
Ez da arazo txikia, ezta unean uneko akatsa ere. Aurreikuspen eta errespetu kontua da. Bilboko Udalak aldez aurretik zekien horrelako prozesu bat bazetorrela, eta bere ardura aurrea hartzea zen: sailak koordinatzea, protokolo argiak ezartzea eta, batez ere, herritarrei zein langileei gardentasunez jakinaraztea. Horrelakorik ez da behar bezala gertatu.
Argitasunik ezak ez du eraginkortasun administratiborik eza bakarrik eragiten; giza ondorioak ditu. Erregularizazio-prozesuetan daudenak ez dira dokumentu bat izapidetzen ari soilik: beren bizitzak egonkortzen, oinarrizko eskubideak eskuratzen eta prekarietate-egoeretatik irteten saiatzen ari dira. Leihatilen artean ibiltzera behartzea, ziurtasunik eta orientaziorik gabe, berez konplexua den errealitate bati ziurgabetasuna gehitzea da.
Gertakari honek gai zabalago bat ere jartzen du mahai gainean: sektore kalteberenei eman beharreko arretan duen eragina. Gizarte-zerbitzuen kolapsoa, harrera-baliabideetako zailtasunak edo arreta-gailuetako gainkarga ez dira fenomeno isolatuak. Arreta-ereduan eta lehentasun politikoetan egiturazko tentsioak islatzen dituen patroi baten parte dira, Bilboko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako dozenaka profesionalek manifestu batean salatzen zuten bezala.
Egoera honek eragina izan du beste udal zerbitzu batzuetan ere, hala nola Erregistro Orokorrean, kolapsatu egin baita lehen ordutik. Zerbitzu hauetako langileei ere, ez zaie behar den informazioa eman zer prozedura jarraitu behar zuten jakiteko. Are gehiago, goiz erdian jakinarazi diete egoera aztertzen ari zirela eta eskaera gehiago bideratzeari utzi behar ziotela eta aurrerago jakinaraziko zietela nola jokatu.
Horregatik, EAJren eta PSEren gobernu taldeak erakutsi duen gaitasunik eza eta herritarrekiko zein bertako langileekiko izan duen errespetu falta salatu nahi ditugu.
Patronalek aurkeztu duten proposamenak, LABen arabera, elementu garrantzitsuak jasotzen ditu, hala nola lanaldiaren murrizketa, soldaten hobekuntza eta aldi baterako ezintasunen aurrerapenak, eta negoziazioa desblokeatzen lagun dezake.
LABek positibotzat jo du patronalek azkenean proposamen bateratu bat aurkeztu izana, eta “norabide onean aurrerapauso handia” izan daitekeela uste du. Ildo horretan, sindikatuak adierazi du orain arte LARESek soilik izan duela jarrera proaktiboa negoziazioan, eta ANEAk, berriz, immobilismo-jarrera. Sindikatuaren arabera, egoera aldatu egin da eta bi patronalek negoziatzeko proposamena aurkeztu dute orain.
Proposamenaren edukiak hainbat elementu garrantzitsu biltzen ditu LABen ustez, hala nola lanaldi-murrizketa. Hitzarmeran amaierarako, gaur egun 1.772 ordukoa den lanaldia 1.649 ordura jaitsiko litzateke. Era berean, kategoria guztietako langileak hilean 1.500 euro gordinetik gorako soldatak izatea aurreikusten da hitzarmenaren amaieran, LGSren 1.500 euroko errebindikazioa betez sektore osorako.
Aldi baterako ezintasunen (ABE) hobekuntza ere nabarmendu behar da, laneko bajen % 100eko osagarriarekin. Gaixotasun arruntagatiko bajen kasuan ere hobekuntza esanguratsuak aurreikusten dira, batez ere lehen egunetan, gaur egun ez baitago konpentsaziorik bajaren lehen hiru egunetan.
LABek adierazi duenez, administrazioko langileekin parekatzea “iraupen-karrera bat da, eta ezin da bat-batean lortu”. Gainera, azpimarratu dute Nafarroan hitzarmen bat egoteak indartu egiten duela estatalizaziotik ihes egitea, “hemen lan egiten badugu, hemen erabaki behar dugula” defendatuz.
Sindikatuak adierazi du testua sakon aztertuko duela behin betiko jarrera bat finkatu aurretik, baina negoziazioaren etorkizunean bere ibilbide-orria argi mantentzen duela.
Promesa gehiagorik ez! Konponbide errealak orain lemapean, osasun publikoa indartu eta defendatzeko deia egingo dute OPA Herri Plataformek larunbatean egingo dituzten manifestazioetan. LABek bat egiten du mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten du. Manifestazioak Bilbon, Jesusen Bihotzean 12:00etan; Gasteizen, Bilbo Plazan 12:00etan eta Donostian, Bulebarrean 17:00etan, izango dira.
Izan ere, benetako konponbideak behar dira, murrizketa eta pribatizaziorik gabeko kalitatezko osasun arretaren alde, osasun eskubidea arrisku larrian baitago EAEn.
Bestelako Osakidetza bat beharrezko da: publikoa, unibertsala eta doakoa. Lehen mailako arreta erdigunean duena, hurbilekoa, irisgarria eta gizatiarra. Osasunaren prebentzioan eta sustapenean oinarritua, gizarte-baldintzatzaileen gainean jarduten duena; aurrez aurreko kontsultak bermatzen dituena, herritarrak artatzeko denbora nahikoa izango duena eta langileen baldintzetan eta ondorioz herritarrekiko asistentzian jarraikortasuna bermatuko duena.
Osasun publikoaren narriadura gelditzeko, ezinbestekoa da:
Pribatizazioa gelditzea eta kanporatutako zerbitzuak berreskuratzea.
Murrizketak amaitu eta itxi diren zerbitzuak berriro irekitzea.
Finantzaketa publikoa handitzea.
Lehen mailako arreta, osasun komunitarioa eta osasun mentala indartzea.
Langile kopuru nahikoak eta egonkorrak bermatzea.
Kudeaketa-eredu gardena eta parte-hartzailea ezartzea.
Herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea osasun publikoan, eta euskararen erabilera benetan normalizatzea.