2025-12-15
Blog Page 8

LAB sindikatuak Hezkuntza Sailari exijitzen dio benetako elkarrizketa bide bat irekitzea sindikatuekin, EAEko eskola publikoetako jangelen egungo araudiei heltzeko

LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du gaur Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, gaur egun EAEko eskola publikoetako jangelen egoera kezkagarria salatzeko.

Hobetu beharrean, egoerak okerrera egiten jarraitzen du, eta Hezkuntza Sailak ez die erantzunik ematen jada atzeraezinak diren behar batzuei.

Inoiz baino beharrezkoagoa da Hezkuntza Sailak sindikatuekin benetako elkarrizketa-gune bat irekitzea, EAEko eskola publikoetako jangelen funtzionamendua arautzen duten araudiak eguneratzeko eta hobetzeko. Funtsezko zerbitzua da milaka haurrentzat, eta milaka langileri eragiten dien lan-esparrua da. Gehienak lanaldi partzialak eta kontratu prekarioak dituzten emakumeak dira.

LAB sindikatuak azpimarratu nahi du beharrak oso ondo identifikatuta daudela eta premiazkoak direla: ratioak, lanaldiak eta lan-kargak berehala berrikustea eskatzen dute, egungo araudiek ez baitiete erantzuten ez zerbitzuaren errealitateari ez langileen lan-baldintzei.

Era berean, LABek ohartarazi du egoera honek eragin zuzena duela langileen lan baldintzetan zein ikasleek jasotzen duten zerbitzuaren kalitatean. Jardutea ez da hautazkoa; betebeharra da.

LABek mezu argia zuzendu dio Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuari: Ezinbestekoa da sindikatuekin elkarrizketa bide erreal, eraginkor eta zintzoa berehala irekitzea. Elkarrizketa horrek aukera emango du puntu horiei guztiei heltzeko eta kalitatezko eta lan-baldintza duinak dituen jangela eredu baterantz aurrera egiteko.

LAB sindikatuak lanean eta mobilizatzen jarraituko du eskaera hauei erantzuna eman arte. 

Anbulantziak, zerbitzu publiko pribatizatu bat

Urtebete da Araban eta Bizkaian enpresa berriekin ibilbidea hasi genuenetik; urtebete La Pauk eta bere kudeaketak Eusko Jaurlaritzari erakutsi ziotenetik, beste behin ere, euskal osasun zerbitzuarentzat ezinbestekoak diren elementuen kudeaketa enpresa pribatuen esku usteak ez duela funtzionatzen. Urtebete igaro da berriro ere osasunaren eta, zehazki, anbulantzien pribatizazioaren akats handiaren lekuko izan ginenetik; akats hori urte gehiegitan betikotzen ari da.

Baina askorentzat, La Pau-ekin gertatu zena ez zen berria izan, batzuek beste enpresa batzuen ihes egindakoak bizi izan genituen, Larrialdiak enpresarena adibidez, Gabon Zahar gauean zerbitzua botata utzi zuena. Ulertezina da Eusko Jaurlaritzak nola hartzen duen sistema horrekin jarraitzeko erabakia, sistema hori ez baita funtzionatzen ari, ez langileentzat, ez gizartearentzat oro har.

Duela gutxi, Alberto Martínez Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak zerbitzuaren jardueraren hazkundeaz hitz egiten zuen albiste batekin egin genuen topo. Bitxia da ikustea nola adierazten duen Martinezek “Gipuzkoan dagoeneko martxan daudela sistema publikoan integratutako anbulantziak. Errealitate bat da dagoeneko. Tolosan, Elgoibarren eta Donostian asistentzia ematen duten larrialdietako anbulantziak sistema publikoan integratuko dira beren zerbitzuaren osotasunean”, berretsi du. Eta, amaitzeko, zerbitzua modernizatzeko eta humanizatzeko konpromisoa berretsi eta ziurtatu du larrialdi-sistemak duela urtebete baino kaudimen eta kalitate handiagoa duela gaur egun.

Ahaztu egiten zaio esatea publiko egingo dituzten anbulantzia-zerbitzu horiek anbulantzia medikalizatuenak direla soilik (klaseak beti egon dira), baina parte onena zerbitzuaren modernizazioarekiko eta humanizazioarekiko konpromisoaren ondorioa da (pribatizatzea dehumanizatzea dela dioen balorazioarekin bat egiten dugu).

Gure ondorioa argia da: Euskal Autonomia Erkidegoan Osasun Sailari zerbitzua ematen dioten anbulantzia-zerbitzu guzti-guztiak (Osakidetzaren logoa anbulantzietan barne) Osakidetzan integratu behar dira, ez medikalizatuak bakarrik. Langile guztiok tratu bera merezi dugu, gure lanpostua edozein dela ere.

Ulertezina da nola Eusko Jaurlaritzak behin eta berriz erabakitzen duen amaiera zorigaiztokoa duen historia bat errepikatzea, baina orain beste aukera bat dute, beste amaiera bat emateko aukera dute; La Pauren ihesaren ondoren Araban eta Bizkaian anbulantzia-zerbitzurako egindako premiazko kontratuak amaitu egiten dira, SOS Deiak-en eta trafikoaren kontratuak ere (larrialdietako deiak kudeatzen dituztenak) amaitu egiten dira. Eusko Jaurlaritzak orain arte bezala jarraitzea erabakiko du, edo, azkenik, gainerakoekin jarraituko du anbulantzia medikalizatuekin egiten den bezala humanizatzeko? 

LABek elkartasuna adierazi dio Iratxe Sorzabal Diazi, bere torturatzaileen aurkako salaketa jarri eta kasua berriro irekitzeko eskatu duenean

Iruñean agerraldia egin da gaur eta bertan tortura sexistaren aurka eta mina eta egiak aitortzearen alde aurkeztu den adierazpenari atxikimendua eman dio LABek.

Iratxe Sorzabalek epaiketak izan zituen otsailean eta martxoan, eta absolbitua izan zen berak jasandako torturak onartu eta aitortu zirelako.

Kontrol politiko eta patriarkalerako estrategia gisa torturatuak izan dira historikoki emakume* eta kide ezkertiar independentistak. Emakumeen* aurkako indarkeria matxistaren beste adierazpen bat da tortura, urte luzez estatuek babestua. Horrek zerikusia du justiziaren zentzu patriarkalarekin eta agerian geratzen da justiziaren aplikazio osoan: prozesuetan, atxiloketetetan, kondenetan, etengabeko epaiketetan…

Tortura politiko sexualak jasan dituzten emakumeak* eta hauen egoerak aintzat hartu behar dira bakearen eta justiziaren aldeko borrokan. Bada, ezinbestekoa da auzi hauek mahaigaineratzea memoria kolektibo baten aldeko bidean eta Euskal Herriaren eraikuntzan, gaurtik hasi eta etorkizunera begira. Memoria ariketa egitea orainari eta etorkizunari begiratzea ere badelako.

Inoiz baino gehiago, konpromisoa hartu behar dugu egiaren, justiziaren eta erreparazioaren aldeko borrokan jarraitzeko. Askotarikoak dira torturak utzi eta uzten dizkigun ondorioak, eta horiei aurre egiteko eta osatze prozesuak ahalbidetzeko baliabide eta baldintzak eskuratu behar ditugu. Prozesu horiek politizatuz eta ekarpen eta afera politiko gisa ulertuz.

Lanean jarraituko dugu torturak jasan dituzten euskal emakume* militanteen erreparazio osoaren alde; justizia, memoria, aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak exijituz.

Arabako esku-hartze sozialeko sektoreak administrazio publikoei exijitzen die beren lan-baldintzak langile publikoenekin ekiparatzeko herrialdeko laugarren hitzarmenaren negoziazioaren bitartez

Esku-hartze sozialaren sektoretik salatzen dugu, administrazio publikoetako langileek egiten duten lan bera egin eta zerbitzu publiko garrantzitsuak mantendu arren, pribatizazioa erabaki politikoa dela, prekarietatea iraunarazteko eta gure sektorean desberdintasun sakona eragiteko erabiltzen dena. Zaintza-sektore pribatizatu hontako langileok ez dugu gehiago onartzen dagoen soldata-arrakala, kategoria batzuetan urtean 16.000 eurotik gorakoa baita. Horregatik, aurkeztutako plataforma intersindikalak, sektorearen ekiparazioaren bidean aurrera egitea exijitzen.

Hainbat hilabetetan alferrikako bilerak egin ondoren, jarrerak oso urrun daude. Azken bileran, azaroaren 12an, patronalak (AISA) proposamen berri bat egin zuen, eta, aztertu ondoren, alde honek uste du erabat eznahikoa dela, bere asmoa argia baita: aurreakordio bat sinatzea, sektorearen zati handi bat estaldurarik gabe utziko lukeena. Patronalari eta erakundeei helarazitakoa berresten dugu; sindikatuok uko egiten diogu aurrekoen sendotze hutsa izatera mugatuko den hitzarmen berri bat negoziatzeari, funtsezko hobekuntzetan aurrera egin gabe.

Egoera horren aurrean Arabako Foru Aldundiaren aurrean kontzentratzen gara gaur, azaroak 14, aurrerapenik ez dagoela ikusarazteko eta bidezko hitzarmen bat bermatzeko behar besteko hornidura ekonomikoa duten aurrekontuak eskatzeko.

Atzo aurkeztu zen erakunde honen aurrekontu-zirriborroa, eta nahiz eta Aldundiaren historiako aurrekonturik “sozialenak” izan, horiek ez dute jasotzen sektorearen ekiparazioa ahalbidetuko duen proposamenik, sektoreko hitzarmen berrirako bakarrik 800.000 €-ko partida bat gorde da, eta hori ez da nahikoa horretarako.

Orain dela egun batzuk bilera bat izan genuen Gizarte Politiketako foru diputatuarekin, Gorka Urtaran, zeinetan erabateko ezezkoa eman zion administrazio honek ekiparazio hitzarmen bat finantzatzeari, gobernuaren aurrekontu-proiektuan islatu den bezala.

Horregatik, erantzukizuna eta errespetua exijitzen diegu administrazio finantzatzaileei; izan ere, lehentasun instituzionalak eztabaidatzen diren bitartean, funtsezko sektore hontako langileak ikusezin bihurtzen eta prekarizatzen jarraitzen da, zeintzuk, zaintza sistema publikoaren funtsezko parte bezala aitortuak izan behar diren.

Lan ikuskaritzak zigor oso larria igorri dio Gasteizko Udalari, Gasteizko lorezainen grebarako eskubidea urratzeagatik

Olarizuko egunaren bezperan, greban zeuden ENVISEReko langileak ohartu ziren traktore bat belarra zapaltzen ari zela zelai horietan, udaltzaingoaren bi patruilek lagunduta.

Bertaratutakoek emandako alarma-ahotsari esker, LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzako probintzia-ordezkaritzara deitu zuen gertatzen ari zena salatzeko eta ikuskatzaile bat berehala bertaratu zedin eskatzeko, grebalariak ordezkatzen ari zirela uste baikenuen.

Traktoreak soropila zapaltzen jarraitzen zuen bitartean, lan-ikuskatzaile bat bertaratu zen, eta hark, kautelazko neurri bezala, traktorera igotako bi langile egiten ari ziren jarduera geldiarazteko agindu zuen.

Bada, duela egun gutxi ikuskapen-jardunaren ebazpena jaso dugu, eta hau ezin da irmoagoa izan. Lan Ikuskaritzak egiaztatu duenez, Vitoria-Gasteizko Udalak bi langile kontratatu zituen eta traktore bat alokatu zuen Espazio Publiko, Auzo eta Landa Eremuko zuzendari nagusiaren bitartez. Hala, langile horiek ordeztuz ENVISEReko langileek greba egiteko duten oinarrizko eskubidea ez zuen bete, eta, beraz, lan-harremanen arloko hainbat lege eta araudi urratu zituen.

Horregatik, Lan Ikuskaritzak OSO LARRITZAT jo du Gasteizko Udalak egindako arau-hauste hori. Arau-hauste horrek, Lan Arloko Arau-hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen arabera, Udalari 7.501 € eta 225.018 € arteko zehapen ekonomikoa ekar diezaioke.

Gertaera larri horrek agerian uzten du, Beatriz Artolazabal zinegotziak zuzentzen duen Espazio Publikoaren Sailak gatazka osoan erakutsi zuen ezintasun politikoa eta arduragabekeria. Alternatibak eta elkar ulertzeko formulak bilatu beharrean, enpresaren alde jarri zen, plantillaren borondatea makurrarazteko eta amore emateko asmo bakarrarekin.

Ezarritako zerbitzu minimo bidegabeak eta Olarizuko traktorearen gertaeraren gisako maniobra lotsagarriak gorabehera, plantillak ez zuen amore eman; sinesten zuen guztiaren aldeko borrokari eutsi zion, eta azkenean urriaren hasieran Hitzarmen propioa lortu zuen, hobekuntza izugarriekin, eta are garrantzitsuagoa dena: negoziazio kolektiboa Euskal Herrira ekartzea.

Ebazpen honen ondoren, ESK eta LAB sindikatuen ustez, Gasteizko Udala bezalako agintari publiko baten jokabide hori benetako mespretxua suposatzen du bai ENVISEReko langileekiko, bai azken batean delitu-egitate larri horien biktima direnekiko: alegia herritarrentzat.

Horregatik, ESK eta LAB sindikatuetatik eskatzen dugu Lan Ikuskaritzak zigortu duen grebarako eskubidea urratzearen eta grebalariak ordeztearen ardura duen zinegotziak adierazpen bat publiko egin dezala, bere sailak egindako akats larria onar dezan, eta barkamena eskatzeko bai plantillari bai herritarrei oro har eragindako kalteagatik. Bestela, berriro ere bere gaitasunik eza frogatuko luke eta, ondorioz, bere kargua utzi beharko luke, bere jarduera arduragabeak dirua balio baitie gasteiztar guztiei; eta horregatik, ez luke beste minutu batez ere karguan jarraitu beharko.

Sindikatu biak, gainera, enpresak zigorgabetasunik gabe jokatzen jarraitzen duela kezkaz ikusten ari gara; duela aste batzuk inolako justifikaziorik gabe grebalari bat kaleratu zuen, gure lankide den Juan hain zuzen. Bere lanpostuan berronartzea eskatzen dugu; bestela, grebaren ondoren lan-harremanak normalizatu nahi ez dituztela dirudien enpresa bat eta udal bat salatzeko kalera ateratzera behartuta ikusiko gara berriro.

Greban zehar esaten genuen, eta gaur are ozenago esaten dugu: modu basatian eraso zaio greba eskubideari, eta adibide honek Gasteizko Udalari gogoeta eginarazi beharko lioke eta bere politikak aldaraztea.

ESK-LAB

LABek BetiOn telelaguntza zerbitzuaren publifikazioa eskatu du Eusko Legebiltzarrean

BetiOn telelaguntza publikoaren zerbitzuko LABeko ordezkariek, enpresa-batzordeko gainerako kideekin batera, langileek bizi duten egoera azaldu dute Eusko Legebiltzarreko Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Batzordean.

Egindako hitzaldian, azken hilabeteetan hiru langilek jasan dituzten erasoak gogorarazi dituzte, eta Giza Baliabideen Departamenduko lankide baten kaleratzea salatu dute, zerbitzuaren kudeaketa pribatuaren ondorioz funtzio batzuk Madrilera deslokalizatu direlako izan diren kaleratzeak.

LABeko ordezkariek langile faltari ere erreparatu diote: gaur egun, 117 langilek 80.000 pertsona erabiltzaile baino gehiago artatzen dituzte. Hau da, langile bakoitzeko 709 erabiltzaileko ratioa dago, Espainiako Estatuko beste telelaguntza publiko batzuen bikoitza. Egoera horrek kontratuaren pleguetan jasotako baldintzak ez betetzea dakar, deien arreta atzeratzea, erabiltzaileen jarraipen falta eta akats teknikoen pilaketa eraginez; gainera, estresa, lan-karga gehiegizkoa eta bajen igoera handitu dira, eta dagoeneko %20ra iritsi dira.

Horregatik guztiagatik, LABek Eusko Legebiltzarrari eskatu dio plegu guztiak bete daitezela, langile eta baliabide tekniko gehiago kontrata daitezela, deslokalizazio bidezko kaleratzeak eten daitezela, gizarte-langileen aitortza profesionala bermatu dadila, erasoen aurkako protokolo eraginkor bat ezar dadila eta, neurri giltzarri gisa, BetiOnen publifikazioa gauzatu dadila, kalitatezko zerbitzua eta lan-baldintza duinak bermatzeko.

Noel d’Anjou Ogasun Sailburuak Confebasken neurrira egindako aurrekontuak defendatu ditu Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetarako Batzordean

Noel d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburuak EGAB Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean gaur egin duen agerraldia baliatu du Pradalesek Confebasken neurrira egin dituen aurrekontuak azaltzeko. Alabaina, LABek salatu du sailburuak hurrengoa ezkutatu duela:

Jaurlaritza, zerga erreformari uko egin eta gero, 1000 milioi eurotan zorpetu da, eta diru hori patronalari mesede egiteko baliatzen ari da; azken adibidea, dirua zuzenean Talgora bideratzea.

Aurreko urteko aurrekontuekiko diru igoera dagoela esaten badu ere, alderaketa hori iruzurtia da; izan ere, aurrekontuak ez dira igo BPG hazi den gisan.

Gogora dezagun 1.000 milioi euroko zorpetzea kapital errentei presio fiskala igotzeari uko egin ondoren gauzatu dutela. Hortaz, hurrengo urtean langileok interesak ordaindu beharko ditugu Confebaski injektaturiko dirua ordaintzeko. Guztiz injustua den diru-bilketaren ondorioa da hau, langileon ekarpenetan oinarritzen dena eta ez kapital errenten ekarpenetan.

Euskal Herrian bertan baditugu erreforma fiskalarekin hasitako adibideak. Nafarroan gobernuak eta EH Bilduk adostutako aldaketa fiskalak progresibitatea indartzeko balio du. EAEn, ordea, kontrako norabidean ari direla adierazi dio LABek sailburuari: bankuek zergarik ez ordaintzeko neurriak hartu dituzte, langileak babesteko baldintzarik ez duten onura fiskalak eman dizkiete, eta ez dute progresibitatean sakondu.

Hortaz, LABek salatu du Confebasken neurrira egindako aurrekontuak direla, hiru eskaera nagusi egin baititu Confebaskek eta Pradalesek azken asteotako erabakiekin (gutxieneko soldataz nahiz pentsioaz eztabaidatzeari ezetz esan eta gero) hiruei egin die men: bat, enpresarientzat zerga baxuak; bi, langileentzat soldata baxuak eta hiru, diru publikoa negozioa egiteko bideratzea, izan nagusiki langileon errentekin ordainduko den zorpetzea enpresen errentagarritasuna bermatzeko erabiliz (Talgo horren adibide) edota zerbitzu publikoen pribatizazioaren bidez, enpresek Osakidetzaren edota zaintzaren kontura negozio egiten jarraitzeko.

Pradalesek Urkulluren Gobernuarekiko distantzia irudikatu nahi izan du baina azkenean ildo bera hartu du, bai formari dagokionez, baita funtsari dagokionez ere. Formari dagokionez, gutxieneko soldataz eta pentsioaz eztabaidatzeari ezezkoa eman dio Jaurlaritzak, kasik 300.000 herritarren babesa zuten bi herri ekimen legegileri muzin eginez; osasun mahaian muzin egin die sindikatuok egindako publifikazio eskaerei; eta aurrekontuetan ez dira aintzat hartuak izan azken hilabeteetako eskaera sozialak. Funtsari dagokionez, politika neoliberalei eutsi die Pradalesek, bai aurrekontu politikan baita osasungintza edota zaintza bezalako eremuetan.

Bukatzeko, LABek Ogasun sailburuaren agerraldia probestu du erreforma fiskalaren beharra azpimarratzeko eta EAEko aurrekontuei begira gure lehentasunak diren hurrengo eskaerak helarazteko: 

  • Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataraino osagarritzeko 310 milioiko diru partida.
  • Jaurlaritzaren menpeko langile guztiek, zuzenak zein azpikontratatuak, bizitzaren garestitzearen dinamika betean, 1.600 euroko gutxieneko soldata jasotzeko partida sortzea (Osakidetzako zerbitzuetako langileen artean zelariak zein administrari laguntzaileak, Jaurlaritzako “Laguntzako Langileen Talde Profesionala” zein Enplegu Zentro Berezietako langile guztien %70 baino gehiago —esaterako, Katea Legaiako, Gureak Laneaneko, Lantegi Batuakeko, Ilunion Lavanderia Euskaldunako edota Centro de Ayuda Especialeko langileak—). 
  • Etxeko langileen kontratazioaren jarraipenerako, jardunaldiaren erregistrorako eta lan osasuneko neurrien kontrolerako ikuskaritza eta kontrol publikorako unitate espezifikoa sortzeko diru partida. 
  • Enplegu Zentro Berezietako langileen sektoreko lehen lan hitzarmenerako diru partida.
  • Telelaguntza zerbitzua publifikatzeko diru partida. 
  • Gizarte zerbitzuen legearen baitako zaintza zerbitzuetan azpikontrataturiko langileen ratioak bateratzeko eta hobetzeko finantzazioa. 
  • Osasun sistema publikoa indartzeko finantzazioa, lehen mailako arretara eta publifikazioak egitera bideratua, eta ez pribatizaziora. Horrez gain, behin-behinekotasuna jaisteko salbuespenezko egonkortze neurrietarako finantzazioa, ezkutuan dauden 7000 lanpostu estrukturalak sortu eta langileak egonkortzekoa, plantilla dimentsionatzekoa, mediku-erizain ratioak gutxitzekoa eta zerbitzu-zorroa baliabide publiko eta propioekin zabaltzekoa. 
  • Osasun mentaleko zerbitzua publikotik indartzeko baliabide gehigarrietarako eta Osasun Mentaleko Sarea egituratu eta publifikatzeko finantzazioa. 
  • Anbulantziak publifikatzeko planerako eta zerbitzurako behar den diru partida. 
  • Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergo Publikoa sistemaren ardatz izateko inbertsioaren gehikuntza. Azpiegituretan inpaktuzko inbertsioa behar da, eta lan hitzarmenak betetzeko eta garatzeko finantzazio nahikoa behar da: zerbitzuetako langileen ratioak betetzeko, plantillak esleitzeko irizpideen ondoriozko lanpostu eta neurri berriak ezartzeko haurreskoletan eta heziketa berezian; eta irakasle funtzionarioen kolektiboan ordu lektiboaren jaitsieraren ondoriozko konpentsazioak sortu ditzakeen lanpostu berrien sorkuntzarako. 
  • Ikastoletako langileak eta Gizarte Ekimenekoen soldatak langile publikoenekin 2027rako ekiparatzeko, urte honi dagokion finantzazioa. 
  • Hezkuntzan azpikontrataturik dauden eremuetan publifikazio planak egiteko diru partida (jangela, garbiketa eta garraioa). 
  • Trantsizio ekosozialean eragin asmoz, krisian dauden enpresetan edota langile batzordeen eskariz eraldaketa produktiboa gauzatzeko, erosketa publikoa gauzatzeko funtsa. 
  • EAEn babes publikoa galdu eta merkatu pribatuan sartuko diren etxebizitzak lehentasunez erosteko eskubidearen bidez erosteko funts berezia. 

LABek hezkuntza publikoan lortutako lan hitzarmenak betetzeko eta garatzeko exijitu dio Hezkuntza Sailari

LABek elkarretaratzea egin du Bizkaiko Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzan, pasa den ikasturtean irakaskuntza publikoan sinatu zituen lau hitzarmenenak balioan jarri eta Hezkuntza Sailari bete eta garatu ditzan exijitzeko.

LABek akordio garrantzitsuak erdietsi zituen iazko ikasturtean Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako unibertsitateaz kanpoko hezkuntza publikoan aritzen diren zerbitzuetako langileen, heziketa bereziko hezitzaileen, irakasleen eta Haurreskolak Partzuergoko kolektiboetan. Urteetan egindako lanari, mobilizazioei eta grebei esker lortu ziren akordiook. 30.000 langile baino gehiagoren lan baldintzak hobetzea ahalbidetu zuten, eta sektore osoan aurrerapauso nabarmenak ekarri zituzten.

Hala ere, LABek adierazia duenez, Hezkuntza Sailak ez ditu konpromiso horiek behar bezala bete, ez du akordioak garatzeko urrats errealik egin, eta, hainbat kasutan, sinatutako hitzarmenak ez ditu osotasunean bete. 

Zerbitzuetako langileen kasuan, 2025eko apirilean, 16 urteren ondoren, hitzarmena adostea lortu zen. Saileko lan baldintza prekarioenak eta kolektibo feminizatuena izanik; besteak beste, lanaldiak jaisteaz gain, administrazioan dauden langileekin kategoriak eta soldatak ekiparatzea lortu zen, kategoriak berriak sortu ziren eta ratioak jaitsi. Hala ere, Hezkuntza Sailak ez du akordioa bete: sukaldeetako ratioak eta garbiketako metro jaitsierak ez dira gauzatu. Horrez gain, hitzarmenaren garapena geldirik dago. Are gehiago, 2023ko lanpostuak sortzeko mekanismoa adosteko sinatutako akordiotik eratorri diren 15 lanpostu sortzeko lanpostuen zerrenda modifikatzeko dekretuan, fusionatu diren zentroetarako zeuden bi lanpostu amortizatu ditu Hezkuntza Sailak, eta hirugarren bat beste zentro batean sortzeko erabili du, lan hitzarmena eta akordioa bera urratuz.

Heziketa bereziko hezitzaileentzat, 20 urteren ondoren aurrerapauso garrantzitsuak jasotzen dituen akordioa erdietsi zen 2024ko abenduan, lan baldintzak hobetuz eta hezitzaileen soldata Haurreskolak Partzuergoko hezitzaileen soldatarekin ekiparatuz, dagokien aitortza lortuz. Hezkuntza Sailak ez du negoziazio errealik ireki adosteke dituen plantillak esleitzeko irizpideei dagokionez, LABek proposamen zehatzak aurkeztu dituen arren. Are gehiago, sailak alde bakarreko irizpideak aplikatu ditu esleipenetan eta ordezkapenak betetzeko garaian zailtasunei aurre egiteko, eta LABetik proposatutakoak onartzeko gaitasun falta erakusten ari da, ez baitu aurrerapausurik egiten konponbideetako bat izan daitekeen jardun erdian dauden 400 baino gehiago lanpostu osora pasatzeko plana adosteko. 

Haurreskolak Partzuergoko langileen kasuan, otsailean lan hitzamena sinatu zen 16 urteren ondoren. Besteren artean, honako hauek sinatu ziren: lan orduen jaitsiera, kudeaketa alorreko soldatak administraziokoekin ekiparatzea, arreta zuzeneko denboraren murrizketa… Hezkuntza Sailaren inplikazioa eskasa ari da izaten plantillak esleitzeko irizpideen negoziazioan. Hori dela eta, hainbat eta hainbat hezitzailek ezin dute hitzartu zen eguneko lanaldia egin. Haurrekin 6 orduko arreta zuzena hitzartuta badago ere, denbora hori gainditzen da pertsonal faltagatik. Era berean, 2024an sinatutako akordioa ere ez da behar bezala betetzen ari. Sortu behar diren 63 lanpostuk sortu gabe jarraitzen dute momentuz, eta 63 urteko langileen jardunaldi murrizketaren gainean —heren bateko murrizketa— interpretazio interesatua egiten ari da. LABek bi akordio horiek judizializatu behar izan ditu. 

Irakasleen kasuan, maiatzean sinatutako akordioak 15 urteren ondoren lan baldintzak nabarmen hobetzea eta hezkuntza kalitatean urrats garrantzitsuak egitea ekarri zuen. Lan orduak murriztu, soldata igo eta lan kargak arintzeaz gain, baliabidez hornitzea lortu zen. Herri gisa ditugun erronkei erantzungo dieten eta LABentzat estrategikoak diren baliabideak lortu ziren: euskalduntzeari eta aniztasunari erantzuteko eta sindikatuak ezinbestekotzat zituenak. Irailetik hitzarmena aplikatzen ari bada ere, oraindik orain Hezkuntza Sailak ez du hitzarmena bere osotasunean bete. Izan ere, etapa bakoitzean aurreikusitako ordu jaitsieretatik sortu beharreko lanpostuak ez dira txertatu. Are gehiago, hainbat ikastetxetan ez dira ordu murrizketak eta Hedatze programa orduen barruan aplikatu. Ondorioz, hainbat eta hainbat irakasle behar baino ordu gehiago ari da egiten, eta, beste batzuetan, ikastetxeko orduekin baliabide falta hori konpentsatzera behartu dituzte.

LABek adierazi duenez, akordioei esker hezkuntza kalitatean eta lan baldintzetan urrats garrantzitsuak egin dira, baina Hezkuntza Sailari dagokio adostutakoa bere osotasunean betetzea eta garatzea. Bestalde, hezkuntza publikoan inbertsio handiagoa egiteko eskatu dio, azpiegituretan eta baliabideetan gabeziak konpontzeko. Europako estandarretan kokatuko gaituen BPGren %6ko inbertsioa egin behar du.

LABek, beraz, lanean jarraituko du langileekin batera hezkuntza publikoa indartzeko helburuz. Zentzu horretan, asanbladak deitzen jarraituko du afiliatuekin, baita zentroetan ere. Era berean, bide mobilizatzailea zein juridikoa aktibatuko ditu. Zentzu horretan, gainontzeko sindikatuei dei egin die elkarlanean aritzeko. Bestalde, Hezkuntza Sailari erabakiak hartzeko aldebakartasuna, itxurakeriak eta ez betetzeak baztertzeko eskaera egin dio LABek, eta, negoziazio mahaiak deitzeaz gain, edukiz bete eta adostutakoa garatu dezan exijitu. 

ELA eta LABek ez dute parte hartuko Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak deituriko bilera errondan, azaroaren 17an

Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten bi alderdiek gutxieneko soldata propioaren aldeko herri ekimen legegileari Eusko Legebiltzarrean emaniko ezetzaren ostean dator erabakia

ELA eta LAB sindikatuek jakinarazi dute ez dutela parte hartuko Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Lan eta Enplegu Sailak deitutako bilera errondan, datorren azaroaren 17an. Bi sindikatuek erabaki hori hartu dute EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean gutxieneko soldata propioaren aldeko Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aurka bozkatu ondoren. 

Eusko Legebiltzarraren gehiengoak langileen eta demokraziaren aurka bozkatu du. Denbora laburrean HEL baten aurka egiten duten bigarren aldia da; herritarrek politika publikoetan eragiteko duten tresna blokeatu dute; pentsiodunena lehenik, eta gutxieneko soldatarena ondoren. 138.495 sinadurari ezezkoa eman eta patronalaren interesen aldeko erabakia hartu dute, Eusko Jaurlaritza osatzen duten EAJ eta PSEren botoekin.

EAJk eta PSEk gutxieneko soldata propio baten aldekoak direla esaten dute, Euskal Autonomia Erkidegoko langileek bertako errealitate sozioekonomikoaren araberako soldatak behar dituztela. Hala ere, euren ekintzek kontrakoa erakusten dute: patronalarekin lerratu dira, Confebasken aginduei men eginez. Badakite herri ekimen legegileari atea ixteak gutxieneko soldata propioa lortzeko bi bideak blokeatzen dituela.

ELA eta LABen ustez, Eusko Jaurlaritzak ez du benetako elkarrizketan sinesten. Benetan sinetsiko balu, eztabaidari legebiltzarrean bide eman eta bakoitzak bere posizioa defendatzeko aukera ziurtatuko luke. Horren ordez, eztabaidari atea itxi diote. Eta orain, sindikatu eta patronalekin elkarrizketa “bultzatu” nahi dutela diote bilera erronda honen bidez. Bi sindikatuen iritziz, hori aurpegia zuritzeko ariketa da. Legebiltzarrean eztabaidari atea itxi diotenek ezin dute orain elkarrizketa irudikatu.

Horregatik, ELA eta LAB ez dira izango fikzioa irudikatzeko erronda horretan. Eztabaidari Confebaskek itxi dio atea lehenik, eta Jaurlaritzak ondoren. Bi aldeei jarrera aldatzeko eskatzen diegu, langileen eskaerak mahai gainean jartzeko borondate politikoa erakusteko. Eta, zehazki, Imanol Pradales lehendakariari eta Mikel Torres lehendakariordeari eskatzen diegu jarrera aldatu eta gutxieneko soldata propioaren defentsa egin dezatela, eta egin diezaiotela interpelazio zuzena patronalari, hark ere posizioa mugitu dezan.

ELAk eta LABek lanean jarraituko dute gutxieneko soldata propioaren alde posizioak mugiarazteko helburuz:

  • Batetik, mobilizazioak indartuz, azaroaren 12an egin bezala.
  • Bestetik, mahai negoziatzailearen defentsan, epaitegien bidea ere arakatuz, patronalak negoziatzeko duen betebeharra betearazteko. Zentzu horretan, datorren astean Confebasken aurkako demanda aurkeztuko dute, mahai negoziatzailea eratzeari uko egin izanagatik.Â