2026-06-10
Blog Page 8

Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen VI. Planak ez ikusiarena egiten dio Ibaiondon pairatzen ari diren lan narriadura larriari

Ibaiondoko adingabeen zentroko langileak Gasteizko Legebiltzarraren aurrean kontzentratu dira Gazte Justiziaren VI. Plana komisioan aurkezten ari den bitartean.

Eusko Jaurlaritzak milioika euroko inbertsioak aurreikusten dituen gazte justiziako plan berri bat aurkezten duen bitartean, Zumarragako zentroko langileak urteak daramatzate sostengaezintzat jotzen dituzten lan-baldintzak salatzen. Plantilla zahartzen ari da, negoziazioa hautsita dago eta plan berriak jasotzen duen «prestakuntza espezializatuaren» promesak, talka egiten du langileek ondo ezagutzen duten errealitatearekin: ez dute inoiz berariazko prestakuntza-planik izan.

Eusko Jaurlaritzak astearte honetan Gazte Justiziaren 2025-2029 aldirako VI. Plana onartu du, arau-hausle diren adingabeen birgizarteratze politikan lorpen garrantzitsu moduan aurkeztua. Planak ia 43 milioi euro aurreikusten ditu Ibaiondoko (Zumarraga) adingabeen zentrorako, Euskadiko I. mailako bakarra, non neurri judizial murriztaileenak betetzen diren. Hala ere, egunero zentro horretan lana egiten dutenek hilabeteak daramatzate beren ahotsa entzunarazi nahian, arrakastarik gabe.

Ibaiondoko Enpresa Batzordeak (ELA, LAB eta CCOO sindikatuek osatua) urteak daramatza Justizia Sailarekin negoziazio antzuetan. 2023. urtean ere, Batzordeak, plantillaren zahartzeagatik eta lan-baldintzen okertze progresiboagatik zuen kezka helarazi zion Eusko Legebiltzarrari. Hiru urte geroago, egoerak hobera egin beharrean, okerrera egin du.

Berrerortze tasaren jaitsierak izen bat du: Ibaiondoko langileak

Eusko Jaurlaritzak harrotasunez erakusten du plan berriaren datu nagusietako bat: adingabeen berrerortze-tasa %13tik %11ra jaitsi da, eta helburua %10etik behera kokatzea da. Hezkuntza eredu berriztatzaile baten arrakasta gisa aurkezten dute. Gauza batean arrazoia dute: hezkuntza-lanaren arrakasta da, bai, baina lan hori, egunez egun, Ibaiondoko profesionalek egiten dute.

Adingabe bakoitzarekin, plan honek modu abstraktuan deskribatzen dituen erantzukizun eta birgizarteratzeko ibilbideak eraikitzen dituztenak, zentroko hezitzaile, psikologo, gizarte-langile eta koordinatzaileak dira. Berrerortze tasaren jeitsiera ez da dokumentu baten lorpena: baldintza gero eta eskasagoetan eta erakundeek eman beharreko babesik gabe lan egiten duten taldeek egindako urteetako lanaren ondorio da, bakoitzaren neurrira egindako esku-hartze iraunkor eta intentsiboaren emaitza da.

Berrerortze-tasa jaitsi da hezkuntza-prozesuan adingabeei laguntzen dieten eta beren lanarekin konprometituta dauden pertsonak daudelako.

Merezimendu hori, ezin da bereiztu administrazioak bizkarra ematen dien bitartean, hori posible egiten duten langileengandik.

Erreleborik eta irtenbiderik gabe zahartzen ari den plantilla

Ibaiondon egiturazko arazoen artean, premiazko arazoetako bat plantillaren zahartzea da. Zentroa eusten duten profesionalek urteak daramatzate higadura fisiko eta emozionala metatzen exigentzia handiko ingurune batean, administrazioak prozesu hori duintasunez eta aurreikuspenez kudeatzeko inolako erantzun errealik artikulatu gabe.

Errealitate honen aurrean, enpresa-batzordeak urrats zehatz bat eman du: indarrean dagoen Ordutegi Bereziko Akordioa berraztertu eta negoziatzeko proposamen bat prestatu eta aurkeztu dio Justizia Sailari. Hain zuzen ere, akordio hori lan txanda exijenteetan, etengabeko presentzialtasunean eta tentsio handiko egoeretan lan egiten duen plantilla zahartu baten beharrei erantzuteko pentsatuta dago. Proposamenak hilabeteak daramatza mahai gainean, eta orain arte Justizia Sailaren erantzuna: isiltasuna.

Erantzunik eza bereziki deigarria da Eusko Jaurlaritzak «profesional espezializatuen hornidura nahikoaz» eta adingabeen arreta pertsonalizatuaz hitz egiten duen plan bat onartu berri duenean. Promesa horri eusteko, ezinbestekoa da arreta hori posible egiten dutenak zaintzea.

Prestakuntza espezializatua agintzen dute, baina inoiz ez dugu prestakuntza-planik izan.

Plan berriaren beste zutabeetako bat «profesionalen prestakuntza espezializatua» da. Zentzuzkoa dirudi. Arazoa da talka egiten duela Ibaiondon urteak daramatzatenen esperientziarekin: zentroak ez du inoiz izan bere lanaren benetako beharretara egokitutako prestakuntza-plan espezifikorik.

Autonomia-erkidego osoan dagoen errekurtsorik murriztaileenean, legearekin gatazkan dauden adingabeekin lan egiteak, etengabeko prestakuntza sistematikoa eskatzen du, konplexutasun handiko profiletara egokitua: jokabide disruptibo larriak, substantzien kontsumoa, osasun-mentaleko arazoak edo indarkeria egoerak. Planak berak aitortzen du horiek direla egungo erronka nagusiak. Hala ere, urte hauetan guztietan, Ibaiondoko profesionalek ahal izan duten moduan trebatu behar izan dute, berezko prestakuntza-ibilbiderik gabe eta administrazioaren benetako konpromisorik gabe.

Plan berri honek orain formakuntza espezifikoa lan ildo estrategiko bezala aurkeztea ongietorria da, baina betiere ekintzaz lagundurik badator, beti hitz antzuak izan dira.

Erantzunik gabeko arrisku psikosozialak

2021. urtearen amaieran egindako arrisku psikosozialen txostenak, zentroan arrisku handiko edo oso handiko faktoreak zeudela ohartarazi zuen: estres kronikoa, lan-karga neurrigabeak, higadura psikologiko-emozionala, astean 47 orduko lanaldiak…. Harrezkero, administrazioak, prebentzio-zerbitzuaren irizpideei muzin eginez, ez du inolako zuzenketa-neurririk hartu. Ondorio zuzen gisa, jatorri psikologikoko baja kopuruak ez du etenik izan, zentroaren eguneroko funtzionamendua zailduz.

Badira 4 urte baino gehiago, bai Jaurlaritzako aurreko lan taldearekin bai gaur egungoarekin, Ibaiondoko langileek protesta-ekintza ugari egin dituztela: Legebiltzarrera joatea, kontzentrazioak Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, mahai sektorialetan sartzea, auto-karabanak eta protestak ostiralero zentroko ateetan.

Honi erantzunez, Justizia Sailak sindikatuen eskaerei uko egiteaz gain, lan-eskubideen murrizketa nabarmena proposatzen du, eta horrek, batzordearen arabera, langileen osasuna arriskuan jartzen du.

“Gure burua ikusarazteko eta gure lan profesionalean, gizarte osoarentzat funtsezkoa den lanean, neurriko lan-baldintzak izateko borrokan jarraituko dugu.”

43 milioi pitzatutako oinarri baten gainean

Plan berriak datozen lau urteetarako ia 43 milioi euroko diru kopurua iragarri du Ibaiondorako. Paperaren gainean zenbatekoak esanguratsuak dira, baina enpresa batzordearentzat, zentroa kaltetzen duen lan-gatazka konpondu gabe inbertsioak iragartzea kontraesankorra da. Talde nekatuen gain, prestakuntza espezifikorik gabe, erreleborik gabeko plantilla zahartu baten gain ezin da kalitatezko gazte justiziako eredu bat eraiki, hare gutxiago urteetan erantzunik gabe geratzen diren proposamen sindikalei muzin eginez, pilota bat bailitzan gobernu batetik bestera pasatuz .

Orain Eusko Jaurlaritzak aukera du VI. Plana, asmoak iragartzeko dokumentu bat baino zerbait gehiago izateko. Lehen urratsa, ospatzen dituen emaitzak —berrerortzearen jaitsiera, adingabeen birgizarteratzea, hezkuntza ereduaren eraginkortasuna— langile batzuen konpromisoan eta ahaleginean oinarritzen direla onartzea da, administrazioaren aldetik erantzunak eta babesa lortzeko zain, denbora gehiegi daramaten langileak.

Pilota Justizia Sailaren teilatuan dago. Sindikatuok negoziaketari ekiteko prestutasuna mantentzen dugu, baina ez dugu dagoena hare eta gehiago okertuko duen proposamenik onartuko. Bitartean, Ibaiondon gure lana ez da eten eta ahalik eta hobekien egiten jarraitzen dugu.

Ibaiondoko Enpresa Batzordea · ELA · LAB · CCOO

Lanbideren Lanpostu Zerrenda berriaren inguruko akordioa #LortuDugu

LABek, maiatzaren 13an egin den Lan Harremanen Batzordean, Lanbideren LPZ berriaren inguruko akordioa lortu du, hilabeteetako negoziazio, eztabaida eta presio sindikalaren ondoren. Akordioak jasotzen ditu negoziazio osoan defendatu ditugun ardatz estrategikoen funtsezko puntuak, baita langile gehienentzako maila igoera ere.

Lehenik eta behin, akordioak Lanbideren plantillaren dimentsionamendu azterketa egitea jasotzen du. Hau funtsezko lehen urratsa da Lanbidek gaur egun dituen egiturazko gabeziei aurre egiteko. Azterketak kontuan hartu beharko ditu langileen lan zamak, arreta ratioak, zerbitzuen benetako beharrak eta beharrezko lanpostuen kopurua.

LABetik azpimarratu nahi dugu dimentsionamendu egoki bat ezinbestekoa dela kalitatezko zerbitzu publiko bat bermatzeko, Lanbideren egitekoa funtsezkoa baita gizarte kohesiorako. Horregatik, LABen ustez, egiteko horrek behar dituen baliabideak, langileak eta egitura aitortu eta bermatu behar dira. Helburua da Lanbide kalitatezko zerbitzu publiko baten parametroetara gerturatzea, Europako erreferentziazko markoen pare jartzeko bidean.

Gainera, gaur egun esternalizatuta dauden zerbitzuen inguruko azterketa ere negoziazioan txertatzea lortu dugu. Gure ustez, egiturazko eta iraunkorrak diren zerbitzuak pixkanaka egitura publikoan integratzeko bidea aztertu behar da. Horren barruan kokatzen dira, besteak beste, Lanbitelen ari diren lankideak, hau da, telefono bidezko arreta ematen dutenak.

Bigarrenik, LABetik saihestu egin dugu laboralizazio prozesua alde bakarreko inposizio bihurtzea. Sindikatutik salatu izan dugu prozesua xantaiaren logikan planteatzen ari zela eta langileen eskubideetan eta bermeetan atzerapausoak eragin zitzakeela. Lortutako akordioarekin, integrazio prozesua irekiagoa eta berme handiagokoa izango dela jasotzen da eta langileen eskubideak eta aukera profesionalak babesten dira.

Hirugarrenik, LABetik bereziki garrantzitsutzat jotzen dugu euskararen inguruan lortutakoa. Azken hilabeteetan gero eta agerikoagoa izan da Lanbiden hizkuntza politikaren inguruan ireki den eztabaida, eta zenbait kargu publikok kontrako norabidean kokatzeko egin duten saiakera salatu dugu.

Akordio honen bidez, LABek lortu du joera horri muga jartzea eta berariaz jasotzea Lanbiden ez dela atzerapausorik emango hizkuntza eskubideetan, hizkuntza eskakizunetan eta gaur egungo bermeetan. Sindikatuaren ustez, euskararen aurkako diskurtso eta presioei aurre egitea ezinbestekoa da zerbitzu publiko euskaldun bat eta herritarren eskubideak errespetatuko dituen Lanbide bat eraikitzeko. Era berean, berretsi du irmo jarraituko duela Lanbide guztiz euskalduntzeko bidean, eta akordioa osorik bete eta garatu dadin jarraipen zorrotza egingo duela.

LABetik eskerrak eman nahi dizkiegu negoziazio honetan zehar mobilizatu, parte hartu eta babesa eman duten langile guztiei. Langileen presio eta inplikaziorik gabe ezinezkoa izango litzateke gaur aurkezten ari garen akordioa lortzea.

Azkenik, gogorarazi nahi dugu lanean jarraituko dugula akordioa benetan betetzen dela egiaztatzeko eta Lanbideko langileen bozgorailu izaten jarraitzeko.

120 moziotik gora aurkeztu ditugu EAEko udaletan, sektoreko greba deialdia babesten dutenak, eta dozenaka udal eta zerbitzu itxiko dira

120 langile batzordek baino gehiagok EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EE alderdi politikoei exijituko diete Udalhitzeko eta udaletako mahaietan lan baldintzak hobetzeko. Maiatzaren 14an EAEko udal sektoreak greba eguna egingo du, LABek eta ELAk deituta.

EAEko udaletan urte asko daramatzagu lan baldintzak hobetuko dituen akordiorik gabe. Udalhitzeko mahaian aldarrikapen asko falta dira, eta udal mailako negoziazio esparruak, orokorrean, ez daude aktibo. Ondorioz, udaletako langileon lan baldintzak okertzen ari dira urtez urte.

Bitartean, aurreko urtean Udalhitzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen, eta orain dela 16 urtetik berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita dago. Alabaina, udaletako agintaritzan dauden EAJ, EH Bildu, PSE-EE eta alderdi independenteek gaur-gaurkoz proposamen integralik egin gabe jarraitzen dute, eta onartu egin dituzte Madrildik ezarritako enpleguari eta soldatari lotutako neurriak. Azken mahai negoziatzailea pasa den maiatzaren 7an izan zen, eta ez ziren behar besteko aurrerapenak jaso EUDELen eta alderdi politikoen proposamenetan. Negoziazioa oso motel doa, eta eduki zehatzak falta dira.

Zentzu horretan, LABek eta ELAk EAEko udal sektorean greba eta mobilizazio dinamika martxan jarri genuen pasa den hilabetean. Bi orduko lanuzteak egin genituen apirilaren 23an, eta balorazio positiboa egin genuen. Hurrengo urrats bezala, maiatzaren 14an egun osoko greba egingo dugu. Bitartean, azken asteetan udalez udal atxikimenduak biltzen eta langileen asanbladak egiten aritu gara. EAEko 120 udal eta udal enpresatan lortu dugu bertako langile batzordeak edota langileen ordezkariek babesa ematea LABek eta ELAk aurkeztu dugun mozioari. Besteak beste, hiru hiriburuetan, Getxon, Irunen, Barakaldon eta Errenterian lortu dugu babes hori. Gainera, udal askotan testu hori udalean bertan erregistratu da.

Horrez gain, udal batzuetan langileen asanbladek udal horiek ixteko erabakia hartu dute. Itxiko diren udalen artean daude, besteak beste, Hernani, Usurbil, Oñati, Arrasate, Bergara, Ordizia, Beasain eta Zumarraga. Beste zenbait udaletan eta udalen zerbitzutan ere jarraipen garrantzitsua izango dela aurreikusten dugu LABek eta ELAk.

Argi dago, beraz, udal langileek haien lan baldintzak hobetzeko borroka babesten dutela. Apirileko lanuzteetan ikusi zen, eta maiatzaren 14ko eta ekainaren 4ko greba egunetan EAEko udal sektorea kalera aterako da. LABek eta ELAk maiatzaren 14an egingo dugun greba deialdia eta egun horretan egingo diren mobilizazioak babestera gonbidatzen ditugu langileak.

LABek salatu du enpresen % 80 ez direla osasungarriak Nafarroan eta enpresen ez-betetzeak langileak hiltzen dituela

Nafarroan 1996ko legea ia ez da betetzen, eta ez betetzeek ez dakarte zigorrik enpresentzat. Nafarroako Gobernuak ez du enpresei legea betearazteko borondate politikorik eta honek enpresek araudia oro har urratzen jarraitzea dakar, Prebentzio Legea indarrean sartu eta 30 urtera.

Gaur egin da Baluarten Enpresa Osasungarrien Estatu mailako III. Kongresua, Nafarroako Gobernuak antolatuta. Gure gizartean “enpresa” eta “osasungarri” terminoak bateratzea oximorona edo gustu txarreko txistea izango litzateke, Nafarroa laneko ezbehar-tasaren buruan ez balego.

Nafarroako Gobernuak berak 2024-2026 Tafallako Eremuko Proiektu Pilotuaren memorian ondorioztatu zuen datuek egoera kezkagarria islatzen dutela enpresetako lan-arriskuen prebentzioaren arloan. %45ak ez ditu ebaluatu lanpostuetako zeregin espezifikoei lotutako arriskuak, eta %10ak soilik aztertzen ditu arrisku psikosozialak. Gainera, %5ak soilik ebaluatzen ditu arrisku ergonomikoak, nahiz eta arrisku horiek istripuen herena eta aitortutako gaixotasun profesional gehienak izan. Arrisku kimikoei dagokienez, enpresen %10ak soilik egiten ditu ebaluazio kuantitatiboak edo kualitatiboak.

Nabarmentzekoa da, halaber, atmosfera leherkorren arriskua duten enpresen erdietan arrisku hori ez dela islatzen arriskuen ebaluazioetan. Horrez gain, enpresen %30ak segurtasun-mekanismoak baliogabetuta ditu, eta estalkien %80 ez dira seguruak ibiltzeko. Azkenik, laneko arriskuen prebentzioa egitura hierarkikoan gutxi txertatzen da oraindik ere; izan ere, enpresen %19k baino ez du txertatuta, eta %22k soilik egiten du planifikatutako prebentzio-jardueren jarraipena.

Eskandalu honen aurrean, inork ez du erantzukizunik bere gain hartu, ez arduradun politikoek, ez enpresaburuek. Hori izanik diagnostiko ofizial dramatikoa, Nafarroako Gobernuak, azeleragailua zapaldu eta enpresa-politika kriminal horren aurka serio eta irmo ekin beharrean, kongresu bat antolatu du berriro, eta LAB sindikatuak galdetzen du: zertarako? Zer emaitza izan dituzte aurreko biek? Aski da marketinaz eta hitz onez.

Enpresek ez dute Prebentzio Legea beteko horretara behartuta ez badaude, enpresen borondate eza eta legearen egiturazko ez-betetzea nabarmenak dira. Egungo legearen erreforma berri batek ere ez du legea beteko denik bermatuko. Hogeita hamar urte nahikoak dira lan-istripuen eta gaixotasun profesionalen sarraskiarekin amaitzeko.

Hori guztia gertatzen den bitartean, enpresek zigorgabetasun osoz jarduten duten bitartean eta langile-klasea laneko segurtasuna eta osasuna babesteko legezko betebeharraren aurrean babesik gabe dagoen bitartean, egunez egun leporatzen diete langileei absentismoa, iruzurra eta enpresen eta osasun-sistemaren bideragarritasuna kolokan jartzea. Datuek, ordea, arrazoia ematen diote LABi: absentismoaren buloa horixe bera da, patronalak sortutako gezurra bere jokabide arduragabea estaltzeko, bere miseriak ezkutatzeko eta, bide batez, nafar langileen eskubideak murrizten jarraitzeko.

Premiazkoa da Nafarroak ahalik eta azkarren bere gain hartzea Lan Ikuskaritzaren eskumena, eta honi baliabide nahikoak ematea modu eraginkorrean lan egin ahal izateko. Era berean premiazkoa da Nafarroako Gobernuak lema hartzea eta planto egitea patronalaren basakeria honen aurrean. Horregatik eskatzen du LABek Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak eskumen betearazle lotesleak eskura ditzala enpresek araudia bete dezaten.

Zazpigarren greba eguna Zubietako erraustegian

Urtebeteko etengabeko bileren eta lau hilabeteko mobilizazioen ondoren, Zubietako erraustegiko langileek hiru greba egun egingo dituzte maiatzean zehar, Ekobal eta Ekondakin enpresek langileen lan-baldintzak arautu eta hobetuko dituen enpresa-hitzarmen baterantz aurrera egiteko borondaterik ez dutela jakinda eta GHKren eta Gipuzkoako Aldundiaren etengabeko arduragabekeria ikusita.

Ekondakin kontrata publikoaren enpresa emakidaduna da eta honek, aldi berean, Ekobal azpikontratatzen du erraustegian lan egiteko, Gipuzkoako bide garbiketako hitzarmen kolektiboak babestutako 70 langilerekin. Bi enpresak aldi baterako enpresa-elkarteak dira, eta Urbaserren partaidetza dute: %46 lehenengoan eta %79 bigarrenean. 

Gipuzkoako kale garbiketako hitzarmen kolektiboak ez ditu arautzen Zubietako errauste plantaren ezaugarri zehatzak, planta industrial baten antzeko funtzionamendua baitu. Ez du arautzen asteko 24 ordu eta 7 eguneko txanda-sistema, ez eta mantentze-sailean ezartzen saiatzen diren eguneko erreten-zerbitzu bat ere, are gutxiago langileek egunero jasaten duten arrisku biologikoa. Horregatik guztiagatik, Zubietako erraustegiko langileek lan-baldintza zehatz horiek arautuko dituen enpresa-hitzarmen bat adostu nahi dute.

Horretarako, greba egiten jarraituko dute eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean mobilizatuko dira maiatzaren 12an, 19an eta 26an, 10:30etik 13:00etara.

Jakin badakitelako borroka dela bide bakarra! 

LABek Osakidetzaren pribatizazio berri bat salatu du: Kanpo-kontratazio bat lizitatu du TEVA farmazia konpainia sionistaren gehiegikerietatik defendatzeko

LAB sindikatuak beste behin ere exijitu du TEVA enpresa farmazialariarekiko harreman komertziala bertan behera uztea. Eskari honen oinarrian 2026/00612 lizitazioa dago ; horren bidez, Osakidetzak zerbitzu juridiko pribatuak kontratatu nahi ditu TEVA enpresa israeldarrari kalte-ordainak erreklamatzeko, Copaxone farmakoaren merkaturatzean lehiaren aurkako praktikak burutu dituelakoan. 

Erabaki hau berandu dator —LABek harreman komertzial guztiak eteteko formalki eskatu zuenetik sei hilabete baino gehiago igaro direnean—, eta funtzio publikoen pribatizazio-politika kezkagarria zein koherentzia etikoaren erabateko falta agerian uzten ditu.

Baldintza-agiriek honako hau jaso dute testu gisa beren justifikazioan:

2.1. Europako kondena, Tevari egotz dakion nagusi-agerpideaz baliatzeagatik Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 102. artikuluan ezarritako hauste bakarra eta jarraitua egiteagatik (Europako Batzordearen 2024ko urriaren 31ko C (2024) 7448 Erabakia, AT.40588 – TEVA COPAXONE auzian).

2024ko urriaren 31n, Europako Batzordeak AT.40588 espedienteari buruzko erabakia onartu zuen. Bertan, egiaztatutzat jotzen da Tevari egotzi dakiokeen hauste bakarra eta jarraitua gertatu dela, Europar Batasunaren Funtzionamenduari buruzko Tratatuaren 102. artikuluaren aurkakoa, nagusi-agerpideaz modu bidegabean baliatzeagatik. Hauste horrek esklerosi anizkoitza tratatzeko erabiltzen den eta “Copaxone” izen komertziala duen farmakoari eragiten dio.

KUDEAKETA PUBLIKOA “ONURA PRIBATUAREN ZERBITZURA”

LABen iritziz, zinismo administratiboaren ariketa bat eta egoera “kafkianoa” da Eusko Jaurlaritzak kanpo-kontrataziora jotzea beste kanpo-enpresa baten gehiegikerietatik babesteko. Sindikatuak honako hau salatzen du:

  • Defentsa juridikoaren pribatizazioa: Onartezina da Osakidetzak ondare publikoa defendatzeko talde juridiko propio eta solberterik ez izatea.
  • Baliabide publikoen erabilera okerra: Herritarren dirua aholkulari pribatuak kontratatzeko gastatzen da, administrazioak berak hiru urtean 7.300.000 € baino gehiagorekin fakturazioa puztu dion enpresa baten aurka auzi-tara jotzeko.
  • Sionismoaren finantzaketa: LABek berretsi du TEVA ez dela soilik jardunbide txarrak dituen farmazia-enpresa bat, Israelgo estatu sionistaren zutabe ekonomikoa baizik. Enpresa honekin lankidetzan aritzea, sindikatuaren hitzetan, Palestinako herriaren aurkako genozidioarekin eta Gazan eraildako milaka osasun-langileen heriotzarekin kolaboratzea da. 

SEI HILABETEKO PASIBOTASUNA ETA KONPLIZITATEA

LABek gogorarazi du duela sei hilabete baino gehiago eskatu zuela kontratuak suntsiaraztea erantzukizun etikoagatik. Osakidetzak orain kalte ekonomikoak aitortu arren, harreman komertzialak hautsi beharrean kanpoko lizitazio berri bat irekitzea, Palestinako herriaren genozidioarekiko konplizitate-zeinu bat gehiago da sindikatuarentzat.

LABen eskaerak

  • Egoera honen aurrean, sindikatuak honako hau eskatu du formalki:
  • TEVArekin harreman komertzial guztiak berehala etetea eta alternatibak bilatzea.
  • Externalizazioarekin amaitzea: Osakidetzaren defentsa juridikoa zerbitzu publikoek bere gain hartu dezatela, eta ez 2026/00612 lizitaziotik eratorritako bulego pribatuek.
  • Irizpide etikoak: Kontratazio publikoan giza eskubideen klausulak urgentziaz txertatzea, euskal osasungintzako diruak gerra-krimenak eta genozidioak finantzatu ez ditzan.

LABek salatzen jarraituko du kudeaketa publikoaren gaitasuna desmuntatzen ari direla, lehia askea zein oinarrizko giza eskubideak urratzen dituzten enpresekiko loturei eusten zaien bitartean. 

Hezkuntza Sailak EAEko irakasleen akordioan bete ez dituen atalak judizializatuko ditu LABek

EAEko hezkuntza publikoko irakasleen akordioa erdietsi eta urtebetera, sailak bete gabeko neurriak aplikatzeko borondaterik gabe jarraitzen du. Datorren ikasturtean berdin jarraituz gero, ildo juridikoa ez ezik, ildo mobilizatzailea ere berraktibatuko du LABek.

Urtebete da EAEko hezkuntza publikoko irakasleen akordio arautzailea eta plantillak esleitzeko irizpideen akordioa sinatu zirenetik. Akordio horiek aurreko ikasturtean egindako hamaika mobilizaziori eta grebei esker lortu ziren, eta, hezkuntza publikoan aritzen diren irakasleen lan baldintzak nabarmen hobetzeaz gain, baliabide gehiago jaso dituzte ikastetxeek ikasle talde gutxiago izan arren. Hala ere, ikastetxeek are baliabide gehiago jasoko lituzkete Hezkuntza Sailak adostutakoa osotasunean bete izan balu. Zentzu horretan, sailak erakutsi duen aurreikuspen eta borondate falta salatu nahi ditu LABek, konpromisoak ez betetzearen ondorioz ikastetxeak eta langileak izan direlako kaltetuak.

Akordioa sinatu eta urtebete igaro den honetan, eta Hezkuntza Sailaren borondate faltaren aurrean, akordioa urratzen duten atalak judizializatzeko erabakia hartu du LABek, eta, ildo horretan, ikasturtea amaitu aurretik mobilizaziora joko duela adierazi nahi du. Datorren ikasturtean ez betetzeek jarraituz gero, ildo mobilizatzailea berraktibatuko du sindikatuak. Era berean, LABek dei egin die gainontzeko sindikatu sinatzaileei elkarlanean aritzeko eta akordioa irmo defendatzeko.

Bere osotasunean oraindik aplikatu ez bada ere, sinatutako akordioak lan baldintzen arloan hobekuntza nabarmenak jasotzen ditu. Plantillaren gazteberritzeari dagokionez, urteko modalitatean irakastorduen murrizketa erretiroa hartu arte luzatzea ekarri du; modalitate metatuan berriz, langileak 18 hilabete lehenago erretiroa aurreratzeko aukera izango du.

Ordezko langileen eremuan ere eragin handia izan du akordioak. Besteak beste, karreradun eta bitarteko funtzionarioen baldintzak parekatzea, urte sabatikoa hartzeko aukera izatea eta ordezkoen udako kobraketa berreskuratzea. Lizentzia eta baimenen arloan, berriz, gurasotasun baimenean 2 aste gehigarri izatea eta edoskitzerako egunak gehitzea dira aurrerapauso nagusiak.

LABek baliabideen beharra lehen lerrora ekarri zuen iazko ikasturteko negoziazioan, sindikatuarentzat estrategikoak izateaz gain, hezkuntza kalitatea hobetzeko behar-beharrezkoak direlako. Zentzu horretan, 2025-2026 ikasturtean ikasle talde gutxiago egon arren, aurreko ikasturtean baino irakasle gehiago izan direla azpimarratu du sindikatuak. Honakoak izan dira eremu horretako lorpenak: aholkulari eta orientatzaile kredituak handitzea; ikasle etorri berriak euskara eta euskal kulturan murgiltzeko HIPI eta EUSLE programetarako ordu, kreditu eta ratio berriak ezartzea; eta hizkuntza proiektuetarako koordinatzaileen figura ezartzea.

EAEko funtzio publikoan azken 15 urtetan lehen aldiz soldata bertan adostea lortu zen, eta ikasturte honetan erosahalmena berreskuratzeko neurriak gauzatu dira; hala nola, akordioan jasotako %7ko igoeraren lehenengo jasotzea (%2); berrikuntza arduradunek (BeA), aholkulariek eta orientatzaileek kargu akademikoak jasotzea eta jardunaldi murriztuan dauden irakasleek kargu akademikoak osorik jasotzea.

Azkenik, enplegua egonkortzeari, lan osasunari, euskarari eta berdintasunari dagozkion neurriak ere adostu ziren. Enplegua egonkortzeari lotuta, Lanbide Heziketako Irakasle Teknikoak hezkuntzan mantentzea, oposaketak hiru urteko zikloetan egitea, lanpostu guztiek C1 hizkuntza eskakizuna izatea eta behin-behinekotasun tasa %5etik behera kokatzea. Lan osasunari dagokionez, osasun azterketak 3 urtean behin egitea eta lanpostua egokitzeko eta lanpostuz aldatzeko protokoloak ezartzea. Euskara eta berdintasunaren eremuan, ikasleak hizkuntzan eta metodologian gaitzea bultzatzea, berdintasunerako jarraipen batzordea sortzea eta LGTBI pertsonen eskubideen aldeko plana jasotzea adostu ziren akordio berrian.

Baliabideak, blokeatuta

Akordioaren irismena, ordea, ez da osotasunean gauzatu, Hezkuntza Sailak ez dituelako adostutako neurri guztiak aplikatu. Ondorioz, aurrez aipatutako baliabideez gain, sailak ikastetxeetara bideratu behar zituen baliabide garrantzitsu batzuk blokeatu ditu, eta, hala, langileen lan baldintzetan zein hezkuntza kalitatean aurrerapausu gehiago ematea oztopatu du. Hori guztia Hezkuntza Sailaren aurreikuspen eta borondate faltari egotzi dio LABek, zeinak irakasle eta zuzendaritzen artean haserrea eta ezinegona sortu dituen.

Sailaren ez betetzeak arlo desberdinetan kokatu ditu LABek. Akordioak jasotzen duen lorpen esanguratsuenetako bat irakasleen lan zama arintzea eragin behar duen irakastorduen jaitsiera izan zen. Haur eta Lehen Hezkuntzan, 23 ordu lektiboetatik 21 ordura murriztea jasotzen du akordio arautzaile berriak, 2025-26 eta 2026-27 ikasturteetan hurrenez hurren; hala ere, 2025-26 ikasturtean Hezkuntza Sailak ez du baliabide nahikoa jarri, eta 2026-27rako aurreikuspenetan bigarren irakastordua jaisteko baliabideak bidaliko ez dituen zantzuak ditu LABek.

Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan, aldiz, gehienez 18 irakastordu izan ordez 17 izatea jasotzen du hitzarmenak. Kasu honetan ere, ikastetxeek ordu jaitsiera hori bermatzeko nahikoa baliabide ez dute jaso 2025-26 ikasturtean. Zentzu horretan, sailak aldebakarrez argitaratutako HEZI+ programaren ebazpenak akordioa urratzen duela salatu du LABek, zuzeneko dedikazio orduak ordu osagarri moduan txertatzea jasotzen duelako. Bestalde, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan berrikuntza proiektuengatiko irakaskuntza ordu baten murrizketaren berri ez du eman sailak 2025-26 ikasturtean.

LABek salatu du, sailaren arduragabekeria medio, aipatutako lorpenak guztiz gauzatu gabe geratu direla 2025-26 ikasturtean, eta ikusteke dagoela 2026-27 ikasturtean zer gertatuko den; hori dela eta, ikastetxeetako zuzendaritzek Hezkuntza Sailak sortutako zuloa estaltzeko bideak desberdinak bilatu behar izan dituzte. sindikatuak adierazi duenez. Batzuek ikastetxeko beste proiektuetako orduak baliatu behar izan dituzte irakastordu bat jaisteko (hezkuntza kalitatearen kaltetan); besteek lanpostuak 18 irakastordutan itxi behar izan dituzte, akordioak jasotakotik gora.

2026-27 ikasturteari begira ere, dagoeneko hainbat dira LAB sindikatuak aurreikusten dituen ez betetzeak, behin behineko Lanpostu Zerrenda aintzat hartuz gero. Batetik, akordioak Lehen Hezkuntzako ratioak 23tik 22ra jaistea jasotzen badu ere, sailak 22ko ratioa Lehen Hezkuntzako 1. mailan soilik aplikatu du. Bestetik, Entzumen eta Hizkuntza Irakasleak (EHI) ikastetxeetan lehenengoz egonkorrak izango dira sinatutako akordioari esker; hala ere, adostutakoaren kontra, bestelako irizpide murriztaileak aplikatu nahi ditu sailak. Azkenik, Ongizate eta babeserako koordinatzaileentzat ikastetxeek 2026-27 ikasturterako baliabideak jaso behar bazituzten ere, Hezkuntza Sailak ez du baliabiderik kargatu behin-behineko Lanpostu Zerrendan.

LABek 2025eko ekainean bertan salatu zuen, akordioa sinatu eta hilabetera, argi geratu zela Hezkuntza Sailak ez zuela akordioa osotasunean betetzeko borondaterik, 2025-26 ikasturterako aurreikusitako baliabide batzuk esleitu ez zituelako. Ekainean bertan eta abenduan mobilizazioak egin zituen LABek ikastetxeetan, ikasturtean zehar Hezkuntza Sailari akordioa osotasunean betetzeko egindako bidearen baitan. LAB sindikatuaren ustez, ez betetze horiek bide desberdinetatik bideratzen saiatu arren, sailak entzungor egin dio behin eta berriro bete gabeko neurriak aplikatzeari.

Akordioa sinatu eta urtebete igaro den honetan, eta Hezkuntza Sailaren borondate faltaren aurrean, akordioa urratzen duten atalak judizializatzeko erabakia hartu du LABek, eta, ildo horretan, ikasturtea amaitu aurretik mobilizaziora joko duela adierazi nahi du. Datorren ikasturtean ez betetzeek jarraituz gero, ildo mobilizatzailea berraktibatuko du sindikatuak. Era berean, LABek dei egin die gainontzeko sindikatu sinatzaileei elkarlanean aritzeko eta akordioa irmo defendatzeko.

Ekialdebusen zerbitzu duina eta langileon osasuna lehentasun izan behar dira

Lurraldebusen Oarsoaldeko eta Bidasoaldeko zerbitzua da Ekialdebus, eta LABen uste dugu eguneroko jardunean lan egiten duten baldintzek eragin zuzena dutela bertako langileen osasunean. Onartezina da errentagarritasun ekonomikoa lantaldearen ongizatearen gainetik jartzea. Horregatik, enpresari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuari eskatzen diegu berehala har ditzatela dauden arazoei konponbidea emateko neurriak.

Hala, lehenik eta behin ordutegi errealistak eskatzen ditugu; izan ere, ezinbestekoa da ibilbide-denborak trafikoaren errealitatera eta egungo erabiltzaileen bolumenera egokitzea. Lan-denborak zerbitzuaren benetako beharretara egokitzea ez da kapritxoa, baizik eta lan-osasunaren bermea. Zentzu horretan, enpresari eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuari eskatu diegu ibilbideak egiteko denborak handitzea, baita baliabideak benetan indartzea ere (autobus gehiago eta espedizio gehiago), astelehenetik igandera.

Bestalde, lantaldea indartzeko beharra ere begibistakoa da. Ekialdebus funtsezko elementua da Oarsoaldearen eta Bidasoaldearen arteko mugikortasunerako, 2025erako aurreikusitako 10.700.000 erabiltzaileek erakusten duten bezala. Hala ere, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Departamentuak marka historikoak nabarmendu arren, errealitatea bestelakoa da: eskariak eskaintza nabarmen gainditu du, eta horrek zuzenean eragiten die langileen eskubideei eta osasunari.

Garraioaren dirulaguntzak eta hamabost urtetik beherakoentzako doakotasuna neurri sozial positiboak dira, eta hala baloratzen ditugu. Hala ere, horien ezarpena ezin da soilik langileen bizkar utzi. Erabiltzaileen igoera ez da gure lan-baldintzen eta osasunaren kontura izan behar.

Aurreko guztia aipatuta, LABen uste dugu premiaz hartu beharreko neurriak direla honako hauek: plantilla handitzea, ibilbide-denborak egokitzea, langileak kalitatezko zerbitzu publiko baten funtsezko elementuak direla aitortzea eta autobus nahiz espedizio gehiago ipintzea.

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea aldarri Bilboko kaleetan

LAB, ELA eta STEILAS sindikatuok deituriko manifestazioan bildu gara gaur, euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta sindikal antolatua arbuiatu eta, aurrerapenari trabak jarri baino, hizkuntzaren normalizazioan eta aurrerapenean sakondu egin behar dela azpimarratzeko.

Bada, normalizazio horretara iristeko, euskarak erabateko ofizialtasuna behar du eta, xede horri jarraikiz, enplegu publikoan euskara zein gaztelaniaren exijentzia parekatu behar dira, aldi berean baliabideak eta denbora eskaini behar zaielarik euskararik ez dakiten langileei. Euskaraz lan egiteko eta herritarrek administrazio publikoarekin euskaraz jardun ahal izateko eskubideak gauzatzeko neurriak hartu behar dira, eta mezu hori zabaldu dugu ozen gaur Bilbon.

Ez dugu ontzat emango azpijokoan oinarritutako estrategia antolatuaren bidez zabaldu nahi izan duten dikotomia faltsua, hau da, hizkuntza eskubidea eta lan eskubidea kontrajartzen dituena, administrazioaren euskalduntzea zapuztu gaztelaniaren nagusitasuna betikotu eta inposatzeko aitzakia hutsa baita.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan inflexio puntu baten aurrean gaude orain, Eusko Legebiltzarrean Enplegu Publikoaren Legea moldatzeko prozesua irekita baitago. Hori dela eta, LABetik EAJri ausardia politikoa eskatzen diogu, PSErekiko hipoteketatik askatu eta beto eskubiderik ez emateko. Orain da momentua euskara eta gaztelaniari babes juridiko bera eman eta jauzi bat egiteko.

Bilboko Jesusen bihotzetik abiatu da mobilizazioa arratsaldeko 17:30ak pasatxo zirela, eta Kale Nagusia osorik zeharkatu ostean, udaletxerantz jarraitu du. Bertan hitzartzea egin dute deitzaile izan garen sindikatuetako ordezkariek, tartean LABeko Ekintza Sindikaleko eta Negoziazio Kolektiboko arduradun den Oihana Lopetegik. “Asko dago jokoan. Euskaltzaleon hizkuntz eskubideen bermea dago jokoan, horregatik gaude gaur hemen, gure eskakizunak adierazi eta irekia dagoen eztabaida politikoan eragiteko momentua da, mobilizazioen bitartez eragiteko unea da”, adierazi du.

Euskalgintzaren Kontseiluko kideak ere izan dira manifestazioan parte hartzen, Idurre Eskisabel idazkari nagusia barne. Bada, eragile horrek ekainaren 13rako Iruñean Euskaraz bizitzeko behar den dena lelopean deitutako manifestazio nazionalean parte hartzeko deia luzatu diegu sindikatuok langileei beste behin ere.