2026-05-01
Blog Page 795

Munduko Federazio Sindikalak gogor kondenatzen du Espainiako estatuaren errepresioa eta autoritarismoa Altsasuko kasuaren aurrean

0
Munduko Sindikatuen Federazioak (MSF) munduko txoko ezberdinetan afiliatutako 92 milioi langileren ordezkari modua, gogor kondenatzen du Espainiako estatuaren errepresioa Altsasuko gazteei 13 urtetako gartzela zigorra ezartzeagatik.

Entzutegi Nazionaleko epai honek, agintearen agenteen aurkako “atentatuagatik” zigorrik larrienak jarri zituenak, bat egiten du herri eta sektore herritarrak beldurtu eta kikildu nahi dituzten Espainiako estatuaren ekintzekin. Nabarmena da injusticia soziala, biztanleria pobretzea eta lan arloko lorpenak erauztea indartzen badira, autoritarismoa eta herriaren aurkako estatu burgesaren errepresioa ere gogortu egiten direla. Horixe pasatzen da Europar Batasunean eta honen zuzentarau bat da.

MSFk argi eta ozen adierazten du inork ez duela bere ideia zein iritziengatik jazarria edo jarraitua izan behar, Era berean, bere elkartasun internazionalista berresten du Espainiako estatuko herriekin burgesia eta kapitalaren aurkako bere borrokan.
 

 

 

Aldi baterako kontratazioak %93,8raino egin du gora maiatzean

Hego Euskal Herrian 157.137 langabetu zeuden erregistratuta maiatza amaieran enplegu zerbitzu publikoetan, erdiak baino gehiago (%57,5) emakumeak zirelarik.

Maiatza hilabete ona izan ohi da enplegu-sorrerako. Uda gertu izateak sasoi honi lotutako kontratazioa bultzatzen du eta langabezia gutxitzea ekartzen du honek.

Izan ere, langabezia zifra ofiziala 3.286 pertsonetan murriztu da aurreko hilabetearekin alderatuta. Beherakada hau gizonen artean eta zerbitzu sektorean nabaritu da gehien.
Hala ere, enplegu hauen ifrentzua sinatutako kontratauen kalitate apala da, oso epealdi mugatukoak dira, askotan lan-aldi partzialekin eta oso soldata baxuekin.

Adostasuna da egungo suspertze eredua enpleguaren ikuspegitik baztertzailea eta prekaritzailea dela esatean, baina urteko sasoi honetan asko okertzen dira bere ondorioak.
Urte hasieratik, sinatutako kontratuen %92,9a aldi baterakoa izan da, baina maiatzean %93,8raino egin du gora aldi baterako kontratazioak. Azken finean, enpleguaren kalitatea ez da hobetzen, kontrakoa baino.

Aldi-baterako kontratazioa gehiegi erabiltzea da enplegu-merkatuaren kontu pendienteetako bat, eta honek, lan-eskua prekarizatu deskualifikatzeaz gainera, produktibitate ekonomikoa ere galgatzen du.

Lan-errotazio handia oztopoa da gainera, langabeziagatiko prestazioak eskuratu ahal izateko eskubideak sortzea zailtzen dituena. Gainera, langabezia egoerak kroniko bihurtzeak dakar gero eta pertsona gehiago egotea prestazioa jasotzeko eskubidea agortzen dutenak.

Guzti honek, enplegu zerbitzu publikoen eraginkortasun faltari lotuta, bai enplegu-bitartekaritzan bai politiko aktiboetan, Espainiako langabeziareb aurreko babes sistemaren gabeziak larraitu baino ez ditu egiten. Eznahikoa eta akastuna den sistema, prestazioak eskuratzeko baldintzak gogortu eta hauen zenbatekoa apaltzeko helburuz PPk egin dituen erreformen eragina jaso duena.

Egun, ofizialki langabetuak direnen %29,3ak baino ez du langabeziagatiko prestazioren bat jasotzen, eta ia 112.700 pertsona daude prestaziorik gabe.
 

 

 

Elkartasuna adierazi diegu USB sindikatua eta Italiako langile klaseari, Soumaila Sackoren hilketaren aurrean

0
LAB sindikatutik gure elkartasuna helarazi nahi diogu Italiako langile klaseari eta bereziki USB sindikatuari. Momentu gogorrak dira Soumaila Sacko 29 urtetako Maliko etorkinaren hilketa dela eta. Aipatu behar dugu Soumaila mugimendu sozial eta langile mugimenduko borrokalari nekaezina zela, eta ald berean, Italiako USB sindikatuko militantea.

Lehenik eta behin, gure doluminak helarazi nahi dizkiogu Soumailaren familia eta hurbilekoei eta noski, dolumin hauek Italiako langile klase guztiari ere, eta bereziki, USB sindikatuari nahiz eskuin muturrari aurre eginen dion eraldaketa politiko eta sozialaren alde borrokan dauden guztiei zabaltzen dizkiegu.

Erailketa hau ez dator kasualitatez. Etorkin eta lehen sektoreko langile honen erailketa eskuin muturra Italiako gobernura sartu den momentuan etorri da, eta bereziki, Matteo Salvini arrazista eta homofobo ezagunak Barne Ministro kargua hartu duen momentu honetan.

Eskuin muturraren fenomeno hau ez da kasualitatea ezta gauza isolatu bat. Alde batetik, Hego Amerikan ikusten ari gara nola eskuin mutur oligarkikoa kontinente horretako prozesu politiko aurrerakoien kontra ari den, eskura dituen tresna guztiekin. Europan ere, eskuin muturra etengabe zabaltzen ari da bere hegemonia Hungarian, Polonian, Italian, Eslovenian ikusten ari garen bezala eta Espainiar estatuko Ciudadanosen arriskuarekin ikusten ari garen bezala.

Horregatik guztiagatik LAB sindikatutik berriro ere USB sindikatuari eta Italiako langile klaseari nahiz faxismoari aurre egiten ari zaion herri mugimendu guztiari gure elkartasuna helarazten diegu. Ezkerrak ezin du beste aldera begira jarraitu eskuin muturrak indarra hartzen jarraitzen duen momentu honetan.

Bukatzeko, gaurko ekainaren 4erako Soumailaren erailketa salatzeko deituta dagoen greba orokorrari gure babes guztia ematen diogu. Greba honek erabateko arrakasta izan dezan desio dugu eta etorkizunean errealitate politiko eta soziala eraldatzeko inflexio puntu bat izatea.
 

 

 

Zerbitzu publikoen alde mobilizatuko gara ostegunean

Manifestaziora deitu dugu Bilbon, ekainaren 7rako. Gobernu Ordezkaritzatik, Plaza Eliptikotik, abiatuko gara 11:00etan eta Sabin Etxean amaituko dugu protesta, EAJren egoitza nagusian.

Gorka Berasategik, Eider Casanovak eta Jon Otegik, LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunek, prentsaurrekoa eman dute gaur, sektore publikoan negoziazio kolektiboaren esparrua bizi den egoeraren berri emateko.

Lan baldintzak eta kalitateko zerbitzu publikoen alde urratsak eman behar direla nabarmendu dute, langileekiko zorra ordaindu, enplegua egonkortu eta berton erabakitzeko. "Madrilgo murrizketak kudeatzen dituen heinean, enplegu publikoa suntsitu eta prekarizatu egiten du EAJk” adierazi dute.

Jakina da Estatuko Aurrekontu Orokorrak duela egun batzuk onartu zirela. Ostiralean, Gobernu aldaketa eman arren, aurrekontu berdinak mantenduko direla iragarri dute dagoeneko, EAJk horrela adostu duelako Sanchezekin. Aurrekontu hauen baitan Espainiako lehengo gobernuak eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek Estatuko Administrazioen Mahai Orokorrean sinatutako akordioa jasotzen da. Horrela, akordio hori oinarrizko lege bihurtzea lortu dute, administrazio guztietan negoziatu daitekeenaren oinarri alegia.

Honek administrazio bakoitzean bertako langileen ordezkariek daukaten negoziazio kolektiborako eskubidea erabat urratzen du. Ez da guretzat onargarria azken urte luze hauetan pairatzen ari garen egoera. Lehenik, dekretuen bitartez murrizketak ezarri eta aurrekontuen bitartez negoziazio kolektiboa zentralizatu.
Guzti honek hiru helburu nagusiri erantzuten dio, eta EAJk horri eustea adostu du Sanchezekin:

1. Gobernuak austeritatearen irizpidea zabaltzea lortzen du; negoziazioak soilik gastu araua eta egonkortasun legea betetzen duten administrazioetan egin daitezke, eta legeak ahalbideratzen duen moduan, soilik.
2. Zerbitzu publikoetan merkantilizazioa eta pribatizazioa bultzatzea; enplegua sortzeko trabak mantentzen dira (birjartze tasak adibidez) eta eros ahalmenaren galera betikotu nahi da.
3. Estatuak aurrera daraman zentralizazio prozesuan lagun dituen CCOO eta UGT sindikatuek lortutako akordioei balio eman.

Egoera larria dela pentsatzen dugu, baina guretzat larriena EAJren jarrera izaten ari da. EAJ nagusi da EAEko instituzio gehienetan eta negoziazio kolektiboari dagokionean Madrileko mugak bere egiten ditu. Negoziazio planteamenduak egiten dituenean soilik “baimendutako” gaiei buruz hitz egiten du.

Oso garbi ikusten ari gara EAJri Estatalizazio egoera oso ondo datorkiola. Alde batetik, oinarrizkoak diren gaiak negoziazio eremutik baztertzen ditu. Langile publikoekin dagoen zorra berreskuratu eta enplegua sortu eta egonkortzeko neurri eraginkorrak adostea ezinezkoa dela dio, Madrilen inposizioaren aitzakian. Bestetik, EAEn gutxiengoa den sindikatuen akordioei balioa ematen die, hemen gehiengoa den sindikalgintza abertzalearen eraginkortasuna kuestionatuz. Finean, Madriletik ezarri nahi den zerbitzu publikoen eredua primeran datorkio EAJri.

Guretzat ordea, bai langileekiko zorraren berreskurapena zein enpleguaren egonkortasuna berebiziko gaiak dira. Ez ditugu kanpotik etortzen diren eta gurean eraginkorrak ez diren akordioak onartuko. Gure negoziazio esparruak defendatuko ditugu, eta horretarako mobilizatuko gara.

Ez diogu EAJri bere aurpegia zuritzen utziko. Negoziaziorako borondatea gutxitan erakutsi du, eta normalean behartuta. Benetan EAEn zerbitzu publikoak garatu eta defendatzeko borondatea badu, ezin du Madrilera begira jarraitu. Inposizioaren aitzakian langileak kokilduko garela uste badute ez gaituzte ezagutzen.

Gure kanpainaren helburua langileen artean indarrak biltzea eta mobilizazioa sustatzea da. Estatalizazioari aurre egin diezaiogun gure negoziazio eremuan borroka eginez; geuk jarri dezagun negoziazioaren gai ordena mahaiaren gainean. Aukera paregabea daukagu EAEko instituzioetan aurrekontuak ezartzen hasten direnean geure aldarrikapenei bide emateko. Hemen espero ditugu ere beste sindikatuak, Euskal Esparru Propioan sinisten badute behintzat.
 

 

 

Grebekin jarraitzen dute Garbialdiko langileek

0

Bizkaiko Foru Aldundiko garbitzaileek hiru greba egun egin zituzten joan den astean. Bada, aste honetan ere beste hiru aurreikusi dituzte ekainaren 4, 5 eta 6rako, LAB, ELA, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituta.
 

Lan-zamen eta frekuentzien etengabeko areagotzea, lanaldi murrizketak, 20 lanposturen amortizazioa eta 2010etik izoztutako soldatak… Garbialdiko langileen egiera jasangaitza da, eta enpresak %0,3ko igoerarekin eman nahi dio irtenbidea. Beste hitzetan, 0,14 eurotako soldata igoera eguneroko esplotazioa jasangarri egiteko. Hau guztia salatzeko daude borrokan langileak, lan baldintza duinen alde.

 

 

Eraldaketa soziala gauzatzeko alternatibak egingarriak direla erakutsi dugu Iruñean

Alternatiben Herrian izan gara, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren baitan dauden gainontzeko eragileekin batera. Erabakitzeko eskubiderik gabe eraldaketa sozialik ez dagoela berretsi du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, burujabetzari buruz egindako mahai inguruan. Aurretik, Kapitalari “13 zaska” eman dizkiogu, konpromisoen bilduma sinatu eta Iruñean ahalbidetutako hautestontzietan gure atxikimendua utzi eta gero.

Eraldaketa soziala gauzatzeko alternatibak daudela eta martxan ditugula erakutsi dugu gaur Iruñean, Alternatiben Herria dinamikaren bitartez. Hain zuzen ere, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren babesean, hainbat eragilek hartu dugu parte egunean zehar antolatutako tailer, erakusketa, hitzaldi, ekitaldi eta jardueretan. Gune desberdinak egokitu dituzte Iruñeko Alde Zaharrean, eta gune bakoitzak ezaugarritze propioa izan du.

Errekoletak plazan, esaterako, zenbait mahai inguru izan dira. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk horietako batean hartu du parte, “Zergatik eta zertarako behar dugu burujabetza” galderari erantzuteko asmoz. Egoera ekonomiko eta sozialari dagokionez, prekarietatea bizitzaren esparru guztietara hedatu dela nabarmendu du sindikatuko ordezkariak, eta desberdintasun sozialak areagotu direla ohartarazi du.

LABentzat, lehentasuna du langilegoari bizitza duina bermatuko dion eredu ekonomiko eta sozial berri baten aldeko urratsak emateak. Horretarako, eraldaketa soziala behar beharrezkoa da. Hortaz, Garbiñe Aranburuk nabarmendu du ez dagoela eraldaketa sozialik erabakitzeko eskubiderik gabe: “Edozein jendarte eredu eraikitzeko bizkar hezurra diren lan harremanak eta babes sozial sistema hemen, Euskal Herrian, erabaki ahal izatea oinarrizko kontua da”, erantsi du.

Hala, Alternatiben Herriak garatutako egitarauaren bitartez, Iruñera hurbildu direnek egungo sistemaren aurrean dauden alternatibak ezagutu dituzte, baita egingarriak direla jabetu ere.

Hain justu, bizitza eta natura arriskuan daudela ohartarazi dugu Iruñean bildutako eragileok; desberdintasunak gero eta handiagoak direla, kapitalak aberastasuna bereganatzen duela, aldaketa klimatikoa, eskubide sozialen galera, bazterkeria soziala gero eta larriagoa dela, baliabide naturalen xahutzea, pribatizazioak, patriarkatuaren indartzea, antolatzea eta erabakitzea eragoztea, produkzio eta kontsumo eredu jasanezinak…

Honen guztiaren aurrean, urte hauetan zehar zabaldu eta sendotu diren alternatibak kalera atera ditugu; hamaika kontsumo talde eta ekonomia aldatzeko proiektu daude abian eta milaka pertsonek parte hartzen dute borroka sozialean, sindikalean, ekologistan, LGTBIQ+… Hauen guztien erakusle izan da Iruñeko Alde Zaharra, guztiontzat bizitza duina izatea posible dela erakusteko, kapitalismo heteropatriarkaletik at.

 

 

 

Busturialdeko Ur Partzuergoa Bilbo-Bizkaiakoan integratzea gelditzea eskatzen dugu

Busturialdeako Ur Patzuergoa (BUP) Bilbao Bizkaiaren (BBUP) barruan integratzeko izapideen hasiera dela eta prentsan azaldutako berrien aurrean, LABek iritzi publikoari bere jarrera helarazi nahi dio. 

Babesa erakutsi diogu Herrien Burujabetza, Transnazionalen Boterea Desegin eta Inpunitatearekin Bukatzea jartzea aldarrikatzen duen kanpainari

Gaurkoan LABekin batzartu da Monica Vargas, Trans National Instituteko kidea eta Herrien Burujabetza, Transnazionalen Botere Desegituea eta Inpunitateari Bukaera jartzea aldarrikatzen duen kanpainaren arduraduna. Ekintza Sozialeko Idazkari Bea Martxueta eta Urtzi Ostolozaga idazkari ondokoak bilera egin dute Vargasekin LABen Bilboko egoitzan.

LABek, orain hiru urtetik parte hartzen dugu kanpaina honetan, eta gure konpromisoa berresten dugun honetan, gure babes politikoa adierazi nahi diogu kanpaina honi eta bere helburuei. Gaurkoan, Vargasen bidez, kanpaina momentu honetan zertan den jakin ahal izan dugu, eta horren araberako erabakiak hartu gure parte hartzeari dagokionez.

Prozesu hau Euskal Herrira ekartzea da gure egiteko nagusiena mundu mailako prozesuan parte hartuz, izan ere kapitalismo heteropatriarkalaren gehiegikeriak nazioartean eta gurean salatu behar ditugu, horrez gain, gainontzeko eragile sozial eta sindikalekin batera elkarlanean, kontraboterea antolatu behar dugu. Tresna politikoa izateaz ari gara. Tresna horren egitekoa, beharrezko arau eta legeak sortzea da enpresa handiak Giza Eskubideei eta eskubide ekonomiko, sozial eta kulturalei guztiz loturik egon daitezen. Demokrazian sakondu beharra dugu modu erradikal batez, produkzioa eta lan eremua demokratizatu beharra dago, bizitza erdigunean jarriz, zerbitzu publikoen alde egin beharra dugu eta jendartearen oinarrizko beharrak bermatuarazi beharko dituzten administrazioak lortu behar ditugu. Elikadura eta energia burujabetzaren alde egin behar dugu, gure herrialdearen alde eta natur baliabide eta ingurumenaren alde.

Azken baten, herrien burujabetzaren alde eta eskubide kolektiboen alde egin behar dugu, pertsonon zerbitzura egongo den ekonomiaren alde, gure apustua, ekosozialismo feminista da.

Azkenik, gure parte hartzea iragarri nahi dugu aurrerantzean ere, bai transnazionalen gehiegikeriak epaitzen dituen Herrien Epaitegi Iraunkorrean (Bartzelonan ekainaren bukaeran) eta bai Nazio Batuen Erakundean udazkenean ere, non juridikoki loteslea den tresna osatzen ari garen transnazionalentzat eta beste enpresa batzuentzat giza eskubideekiko.
 

 

 

Azalpenak eskatu dizkiogu Osakidetza eta Osasun Sailari fakultatibo espezialisten kategoria batzuen EPE azterketetako balizko irregulartasunei buruz

Martxan dagoen 2016-17 EPE prozesuan Fakultatibo Espezialisten 55 kategoria daude deituta. Horietako askotan lehengo azterketa eginda dago jada, eta batzuetan, oposizioko faseko bigarren proba ere bai.

LABek kategoria horietako hainbat probatan irregulartasunak gertatu direnaren salaketak jaso ditu. Hauetan azpimarratu egiten da azterketetan filtrazioak gertatu direnaren ideia.

Fakultatibo batzuek esandakoaren arabera, irregulartasun hauek ez lirateke puntualak izango, fakultatibo espezialisten EPEetan maiztasunez gertatzen omen direlako eta batzuetan “euren nagusi edo zerbitzu buruek aukeratzen dituzten hautagaiek” soilik ateratzen dute plaza. Ez da lehenengo aldia halako informazioak heltzen zaizkigula.

Salaketa hauen larritasuna kontuan harturik, LABek EPE honetako emaitzen eta proben inguruko informazioa jaso du. Beste gauzen artean, hainbat kategoriatako bigarren probetan ez da erabili “pliken sistema” (edo behintzat ez modu publikoan). Aipaturiko sistema da Osakidetzak proposatzen duena EPE prozesurako protokoloan, eta helburu argia dauka: anonimotasuna eta azterketen zuzenketa inpartziala bermatzea, ezin delako jakin noren azterketa zuzentzen ari den. Harrigarria da pliken sistema hau kategoria batzuetan erabiltzea eta beste batzuetan ez, eta ez dela jarraitu irizpide bera proba guztietan.

Bestaldetik, azterketen emaitzen grafikoak eta estatistikak aztertu eta gero, kategoria batzuetan agertzen diren datuak oso susmagarriak dira eta filtrazioak gertatu direla adierazi lezakete.

Gaiaren larritasunak Osakidetza zein Osasun Sailaren aldetik berehalako argipena eskatzen du. LAB, bere aldetik, Osakidetzako Zuzendaritzari urgentziazko bilera eskatu dio jada, gertatu denaren gaineko azalpenak jasotzeko eta azterketak prestatu eta zuzentzeko protokolo berria eskatzeko. Era berean, uste dugu Darpon kontseilariak azalpenak eman behar dituela Legebiltzarrean. Gainera, balizko irregulartasunak gertatu diren proben inpugnazioa eskatu dugu.