2026-08-22
HomeLAB SindikatuaLABLAB: "Erabakitzeko eskubidearen aitortza eta bermea estatus berriaren erdigunean jarrita, hemen bide...

LAB: “Erabakitzeko eskubidearen aitortza eta bermea estatus berriaren erdigunean jarrita, hemen bide propioa egin behar dugu, ez baitira Madrildik etorriko herri honek behar dituen erantzunak”

Gaur bilera egin dute LAB sindikatuak eta EAJk, Gasteizko Parlamentuan. LABetik, Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia, Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko Idazkaria eta Bea Martxueta Ekintza Sozialeko Idazkaria izan dira bertaratutakoak. EAJren ordezkaritzari dagokionez, Joseba Egibar, Luisja Telleria eta Josune Gorospe parlamentariek hartu dute parte.

LAB sindikatuak abiatutako errondako azken bilera izan da gaurkoa. Sindikatu ezberdinekin eta Podemos nahiz EHBilduko talde parlametarietako ordezkariekin egin dira bilkurak, estatus politiko berria hizpide hartuta, besteak beste.

Giro adeitsuan garatu da gaurko batzarra eta EAEn egungo autonomia estatutua gaindituko duen estatus berriaren beharra eta garrantzia aitortzerakoan bat etorri dira alde biak. Estatus politiko berriak, hain zuzen ere, egungo marko konpetentzialen topeak gainditu behar dituela adierazi du LABek. Eremu soziolaboralean, lan arautegian eta babes sozial gaietan ahalmen legegile osoa eskatzen dio LABek estatus berriari, langileontzat lan eta bizi baldintza duinak ziurtatzeko. Ahalmen legegile osoa, eta marko propio baten beharra, 1200 euroko gutxieneko soldata ezartzeko, 1080 euroko pentsioak bermatzeko, soldata arrakalarekin amaitzeko edota, estatalizazioaren izurritearekin amaitu eta, inolako injerentziarik gabe, langileon lan baldintzak, lan harremanak, hemen negoziatzeko, besteak beste.

Azken urteetan Estatutik erreformak eta murrizketan bata bestearen atzetik, inposatu izan dizkigutela aintzat hartuta, ez du LABek euskal langileon, euskal herritarron arazoen konponbidea Madrilen ikusten. Ez dira Madrildik etorriko herri honek behar dituen erantzunak. Espainiara begira egoteari utzi eta hemen bide propioa egiteko determinazioa eskatu dio LABek EAJri. Euskal sindikatuon aldarrikapen historikoa denari bide emateko momentua dela eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta Esparru Sozioekonomiko propioa eraikitzeko aukera ireki dezala estatus berriak, hori da LABetik eskatzen duguna.

Eta zentzu horretan ohartarazpen bat ere bai. Estatusaren inguruan kontsentsu zabalagoak lortu nahi izatea zilegi bada ere, adostasunaren izenean edukiak erlatibizatzerik ez duela onartuko ohartarazi dio LABek EAJri eta erabakitzeko eskubidearen aitortza eta bermea, bai ala bai, estatus berriaren erdigunean kokatzea ezinbesteko baldintzatzat jarri dio.

Esku artean izan dituzte beste bi gai ere, elkarrizketa sozialaren dekretua eta Jaurlaritzaren aurrekontu proiektua.

Lehenari dagokionez dekretua bertan behera uzteko beharra aldarrikatu du LABek.

Aurrekontuei dagokienean, berriz, Jaurlaritzaren proiektuak abiapuntutik izan dituen ageriko hutsuneak nabarmendu nahi izan ditu sindikatuak, gastuari bakarrik ez, sarrerei ere erreparatu behar zaielako, eta aurrekontuen bidez sortzen den aberastasunaren banaketa justu baten alde egin nahi bada fiskalitateaz hitz egin behar delako. Aurrekontu proiektu honek langileon lehentasunezko beharrei erantzuten ez dietela eta, enplegua duintzeko aurrekontuak eskatu ditu LABek, besteak beste, 1200 euroko gutxieneko soldata bermatu eta soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak jaso dituzten aurrekontuak. Eta behar sozialei aurre egiteko bokazioa ere izango dutenak, tartean neurriok aurreikusita: 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzea, pentsio arrakalarekin amaitzea eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunaren Herri Ekimen Legegilean jasotako RGIaren igoera ontzat ematea, aurreikusia dagoen %2,25eko igoera guztiz askieza delako.

Aurrekontu neoliberalen aurrean aurrekontu sozialak aldarrikatu ditu LABek, sektore publikoan enplegua egonkortzera bideratutako aurrekontuak, eta Industria politika eraginkor bat garatzea ere posible egingo dutenak.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Hirugarren greba zikloari ekingo diote Gipuzkoako Moeve gasolindegietako langileek lan baldintzak hobetzearen alde abuztuaren 28tik 30era

Abuztuaren 28ko 22:00etatik abuztuaren 30eko 22:00etara egingo dute greba Moevek Gipuzkoan dituen 16 gasolindegietako 150 langileek. Enpresa batzordea LABeko 5 ordezkarik eta ELAko 3k...

LABek eta ELAk adingabe batzuk balorazio psikosozialik egin gabe Bilbotik Gueñesera lekualdatu izana salatzen dugu

Sindikatuok kritikatzen dugu Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eudes Fundazioak zentro-aldaketa hilabete eskaseko aurrerapenarekin aurkeztu dutela, haren eragina baloratu gabe eta adingabeekin egunero lan egiten...

Bilboko tranbian zezenketen publizitatea jartzea salatu dute Euskotreneko langileek

Mobilizazioa egin dute Arriaga plazan. Euskotreneko enpresa batzordeak bere kezka eta erabateko gaitzespena adierazi nahi ditu, aurten ere Bilboko tranbiaren unitateetan zezenketekin lotutako ikuskizunen publizitatea...