2026-05-01
Blog Page 791

Aldi baterako kontratazioa Osasunbidean: prekarietatea iluntasunez kudeatzen da

0
Osasunbidearen kontratazio-zerrenden kudeaketari dagokionez, legegintzaldi honetan erdietsi diren hobekuntzez gain, oraindik ez dira oinarriak jarri, deialdiak gardentasunez eta zorroztasunez gauza daitezen.

LABek, honen harira, proposatzen dituen neurriak dira:

• Deialdiak zentralizatu behar dira. Gaur egun, iraupen luzeko lanen deialdietan soilik erabili ohi dira. Beste hainbeste egin behar da iraupen motzeko deialdiekin.

• Sindikatuek eta interesatua egon daitekeen edonork lan-eskaintzak esleitzeko prozesua ikuskatuko dute (kontratazio-zerrenden izangaia). Sistemak egiaztagarria zein ikuskagarria izan beharko luke, edozein erabiltzailek kontratazioen izapidearen jarraipena egin dezan.

• Langile-kopurua egonkortu eta egokitu behar zaie laguntza-beharrei. Osasunbidea osoan, behin-behineko kontratazioaren eta absentismoaren analisia egin behar da. Urtez urteko edota urte anitzetan egin eskaintzen metatzea egin behar da langile finkoen edota kontratu egonkorragoak dauzkatenen ordezkapenak betetzeko. Honen guztiaren laguntza alorka nahiz lanbide eskuduntzen arabera antola daiteke.

Lehen bi neurriei dagokienez, prestatu beharko litzateke horretarako behar den informatika-baliabidea (Nafarroako gobernuaren beste sailetan eta beste osasun-zerbitzuetan dago).

Hirugarren neurria gauzatzeko kontratazioak kudeatzeko eta antolatzeko egitasmoa landu beharko litzateke, hots, lanari ekin behar zaio aukeraz eta epe motzeko antolamendua baztertu behar da.

Hiru neurriok prekarietatea leuntzeko borondate politikoaren beharra dute, Osasunbidean egin lana duindu behar da, eta jendeari kalitateko asistentzia sanitarioa eman behar zaio, nahiz eta borondate hori ez den inon agertzen.

Argi dago Osasunbidearen Kontseilaritzarentzat eta Gerentziarentzat lehentasunik ez duela langileen prekarietate ikaragarria konpontzea (kontratatu langileen %51a, kontratuak orduka eta aldi batekoak, 1.500 egiturako kontratuak) ez eta lan duinen eskaintza kudeatzea ere.

Garrantzitsuagoa deritze lobbiek (profesionalen elkargoak, erakunde korporatiboak, botiken industria, kudeatzaileen elkarteak, fundazio pribatuak,…) sanitate pribatuaz izan dezaketenaren iritziari, halaxe ondoriozta daiteke hedabidetan haiekin guztiekin batera, egiten duten arrandiatik, ekarpen publikoen bidez.

 

 

 

Pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilearen alde sinatu daiteke dagoeneko

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileok agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, Herri Ekimen Legegilea aurrera eramateko beharrezkoa den sinadura bilketaren berri emateko. Hain zuzen ere, datorren urriaren 30a arte sinatu ahalko dute herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, ordea, ezingo dute, Nafarroako Gobernuak uko egin baitio ekimena martxan jartzeari. Agerraldian ere asteazkenerako deitutako mobilizazioa iragarri dute: Gasteizen izango da, 10:30ean, Legebiltzarraren aurrean.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bere sinadura ematen, atzo, Donostian. Gure Esku Dagoren giza katearen inguruan jarri zuen mahai bat Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.
 

 

 

Lanuztera deitu dugu gaur eta biharko Bizkaiko Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuan

Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak lanuzteak egiten ari dira, gaur eta bihar 10:00etatik 13:00etara bitartean, sektorearen defentsan eta zerbitzu zabal eta hobea eta enplegu gehiago eta hobea eskatzeko.

Gaur, kontzentrazioa egin dute Basauriko Udaletxean eta bihar, ekainaren 12an, berriz mobilizatuko dira 11:00etan, manifestazioa egingo dute Bilboko Udaletxetik Aldundira.

Duela urtebete baino gehiago, Etxeko Laguntza Zerbitzuan egunero dihardutenek, eguneroko bizitzan oinarrizko jarduerak zailtasunez garatzen dituzten pertsonei laguntza emozionala eta fisikoa ematen dietenak, Etxez-Etxekoko Laguntza Zerbitzuaren defentsan mobilizazio dinamika bati ekin zioten, etxeko laguntzaileentzat lan hobekuntzak aldarrikatuz.

Negoziazio kolektiboak eskaintzen zien abagunea bikaina zen horretako, negoziazio kolektiboaren esparruak muga argiak dituelako Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuan diharduten langileen lan baldintzak hoberen arautu ahal izateko.

Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuak titulartasun publikoa du, udalarena da hain zuzen. Hauen gehiengoak erabaki du kudeaketa eredu pribatu batez egin behar dela. Horretarako lehiaketa publikoak egin dituzte, eta sinesgarritasun sozial eskaseko enpresen esku uzten dute funtsezko zerbitzu hori.

Lehiaketa publiko horietan ezartzen da prezio ordua, gutxiengo prezio ezarri barik; haietan ezartzen dira bete beharreko lanorduak, gutxiengo orduak bermatu barik, eta hortaz langile bakoitzak bete beharreko lanaldia; haietan ezartzen da langileen subrogazioa, edota subrogazio eza, behin-behineko langileak eta teknikariak kontuan hartu barik, non azken finean, haietan ezartzen da zein baldintzetan gauzatuko den zerbitzua. Zerbitzu publiko honen langileek egin duten lana onartu ez izanak eragin du klausula sozialik ez izatea, zeinek bermatzen duten Udalek landutako baldintza pleguetan laneko baldintzak eta eskubideak betetzea.

Horregatik, Etxeko Laguntza Zerbitzua babestearren burutu den dinamikaren alderdi baten helburua Udalei eta mankomunitateei sektorea jasaten ari den egoera larriaren berri ematea zen, erakundeen agendan txertatuz. Helburu horretan udal taldeengana jo zuten langileek bultza zezaten mozio bat eta baldintzen pleguetan itsatsiko ziren hainbat neurri har zitezen.

Egun arte hamaika mobilizazio egin dituzte, 12 lanuzte partzial egin ditugu, eta zerbitzuari buruz egin zuten diagnostikoa eta irtenbideak udal batzuetara eraman dituzte. Gaurko egunez, Getxoko Udal Taldeekin berba egiten ari dira, Barakaldoko osoko bilkuran eztabaida dadin zain daude, eta Portugaleteko udalean eztabaidatu eta onartu da mozioa. Honek eskatzen du langile guztien subrogazioa, lan-poltsa jasotzen den, lanaldiak bermatzen diren, lan baldintzak bete eta hobetu daitezen behar adinako prezioa bermatzen den, enpresen irabaziak mugatzen diren, laneko arriskuak prebenitzeko legea betetzen den eta langileen parte hartzearekin zerbitzua ebaluatzea.

Urrats handia dela dirudien arren, langileei dagozkien lan eskubideak bermatzea besterik
ez da egin, eta hortaz, erakunde titularra moduan, haien arduraren zati bat bete da. Dena den, osoko bilkuretan onartu diren mozioak ez dira nahitaez bete beharrekoak, eta gauzatuko direnean asebeteko dira langileak.

Gainera, gogora ekarri dute duela 5 urte baino gehiago soldatak izoztuak dauzkatela, eta patronalak, titulartasun eta finantziazio publikoa duen zerbitzu honen kudeatzailea, aurkeztu zuen proposamenak alderdi atzerakoiak zituela, adibidez, lanaldiaren urtekotzea eta KPIren oso azpiko soldata igoerak.
 

 

 

Bi egunetako greba egingo dugu Bizkaiko eskuhartze sozialeko hitzarmenaren defentsan, kalitatezko lan-baldintza eta zerbitzuen alde

Grebak ekainaren 14an eta 28an izango dira eta langileek manifestazioak egingo dituzte 11:30etik aurrera, Foru Jauregitik Aldundiaren Gizarte Ekintza Saileraino, Ugaskon.

Bizkaiko Eskuhartze Sozialaren esparruan lanean ari diren langileek agerraldia egin dute gaur, CCOO, LAB, ESK eta UGTekin batera eta dei egin diete gizarte langileei, psikologoei, hezitzaileak, integratzaie sozialei, zaintzaileei, animatzaile soziokulturalk, osasun langileak eta komunitatearentzat funtsezko lanak egiten dituzten langile guztiak eta Eskuhartze Sozialaren esparruan lanean ari diren langile guztiei ekainaren 14an eta 28an mobilizatzeko. Greba egingo dute bi egun hauetan, Bizkaiko Eskuhartze Sozialeko Hitzarmenaren defentsan, plataforma unitarioa defendatuz.

Gogoratu dute zerumugan Gipuzkoako hitzarmen kolektiboarekin ekiparazioa duen proposamena aurkeztu genuela, Zerbitzu Sozialen Euskal Sistemak zerbitzu eta prestazioak EAEko esparruan homogenezatzea duelako oinarri moduan.

Adierazi dute deigarria iruditzen zaiela GIZARDATZ eta GEROANek, esparru autonomikoko mahai negoziatzalea abaltzeko deia egiten dietela eta Bizkairako proposamen berria aurkeztu, euren aurreko proposamena baino okerragoa dena. Era berean, Hitzarmen Kolektiboa sinatu dute Araban hobekuntza garrantzitsuekin soldatei dagokienez. Ondorioz, azken tokira zokoratu da Bizkaiko Hitzarmen Kolektiboa.

Negoziazio mahaian salatu zuten agerikoa dela arazoa, ez datzala alderdi sozialean, patronalaren alderdian baizik, erakundeak aurrez izanik, batik bat, Bizkaiko Aldundia, berau delako zerbitzuen titular eta finantzatzaile nagusia, haren hautua izan delako, alor pribatuak kudeatuta, esku-hartze sozialaren zerbitzua eskaintzea, izaera asistentzialista nabarmena duena eta lan baldintzen kaskartzea dakarrena.

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko esparruan diharduten langileen baldintzetan oraindik “prekarietate eragile” garrantzitsuak ematen dira, soldata urriagoak dira, eros ahalmena galdu da, behin- behinekotasuna indarrean dago, lan-zama handia da, ratioak eznahikoak dira, lan-arrisku handien pean lan egin behar da,…

Gainera, langileen artean dagoen zalantza-egoera salatzen dute, langileentzat berme eskasaz egiten den kudeatzeko eredu pribatu honen ondorioz, hitzarmen kolektibo bakoitzaren indarraldia amaitzea larriagotzen dena.

Ekainaren 16an proposamen berria aurkeztu zuten langileek, guztiz finalista zena. Hortaz, 2017- 2018 urteetako eros-ahalmena galdu izana berreskuratuko genuke prezio/orduko terminoetan, Araba eta Gipuzkoako lankideek dauzkaten antzeko baldintzetan jarriko ginateke. Eta gainerako gaietan aurrera egiten ahalbidetuko luke.

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuok berriro dei egiten diote Gizardatzi birpentsa dezala eta Aldundiarekiko, Udalekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko jarrera finka dezala, “low-costeko” zerbitzuetako hornitzaile hutsak izatearen kontra ager daitezen. Aldundiari eta gainontzeko erakundeei eskatzen diete dagokien ardura bete dezaten, bizkaitarren eskubideak bete ditzaten eta gizarte-hezkuntzazko eta sartzeko Esku-hartze Sozialaren eredu eraginkor baten alde egin dezatela, behar beste baliabidez hornituz eta ematen den zerbitzuarekin bat datozen lan baldintzak bermatuz, behar gorenekoak direnak, eta hartan, Bizkaiko Foru Aldundiak sekulako bilketa lortu duen. Zein da haien eredu soziala? Zein da hauen lan harremanetarako eredua?
 

 

 

Bat egin dugu Arcanorreko langileek biharko Orozkon deitutako bi orduko lanuzteekin eta egingo den manifestazioarekin

Hil egin da maiatzaren 30ean zauritutako bigarren langilea.

Maiatzaren 30ean Orozkoko Arriberri harrobian, Arcanor enpresako 54 eta 47 urteko langileek istripu larria izan zuten makina batek harrapatu ondoren. Langileak, larri zaurituta, Gurutzeta erietxera eraman zituzten, eta egun berean hil egin zen langileetako bat lan istripuaren ondorioz.

Ostiralean jakin izan dugu larri zauritua zegoen beste langilea hil egin dela.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langilearen familia eta gertukoei.

Azken heriotz honekin 23 dira gutxienez Hego Euskal Herrian hildako langileak eta salatu behar dugu heriotz guztiek faktore amankomun bat dutela oinarri, prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, enplegu eta lan baldintza kaxkarrak, azpikontratazioa, behin-behinekotasuna eta benetako prebentzio ezaren ondorio zuzena dira.

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasuna eta bizitzaren aurretik. Bestetik administrazioak, egoera honen konplize bilakatu direnak. Prebentzioa egiten dutela esan bai, baina darabiltzaten politikek eurekin dakarte lan-baldintzak hondatzea. Argi dago prekarietateari ez diotela aurre egin nahi. Prekarietatea handitzen ari da eta lan baldintzak ez dira hobetzen, kaxkartu baino.

Gaur egungo egoera aldatzeko eta istripuak ekiditu nahi badira, lan baldintzak ezinbestean hobetu behar dira. Borroka eta mobilizazioan jauziak emateko prest gaude, lan istripuak eta horren atzean dagoen prekarietatea lehen mailako arazo politikoa bilakatu arte.

Lan istripuen kontua arazo sozial eta politikoa ere bada, beraz, lan munduaz gain gizartetik ere erantzuna etorri beharko litzatekeelakoan gaude. Bide horretan ikusten dugu Arcanorreko langileek egindako deialdia zeinekin bat egiten dugun. Ekainaren 12an bi orduko paroa Orozkoko herrian, 12etatik 14etara, eta 12:30ean manifestazio ixila Orozkoko herrian zehar.
 

 

 

Aurreakordioa lortu dugu Gipuzkoako errepide bidezko bidaiarien garraioaren hitzarmenean

Lau sindikatuok Gipuzkoako errepide bidezko bidaiarien garraioaren sektorean hiru greba eguneko deialdia egin eta gero, patronalak bilera berria deitu du. Bilera honetan patronalak eta LAB, UGT, ELA eta CCOO sindikatuok aurreakordio bat sinatu dugu, ekainaren 19an 2015-2018 urteetarako hitzarmen berri baten sinaduran suposatuko duena. Hau dela eta, deitutako grebak bertan behera geratzen dira.

Aurreakordio honek langileok eskatzen genituen aldarrikapen guztiak barneratzen ditu:

1. Lan erreformaren aurrean blindatu inaplikazioa, flexibilitatea eta ultraktibitatean.
2. Galdutako eros ahalmena berreskuratu.
3. Berme handiagoz subrogaziorako eskubidea onartu.
4. Lan eskubideen inguruko sententziak bete.

Honekin batera hitzarmen berria (2019 urterako) aurtengo irailean negoziatzen hasteko konpromisoa hartzen da.

Aurreakordio honen sinaduraren ondoren, sektoreko langile guztiak zoriondu nahi ditugu, beste behin ere gure eskubideen alde borrokatzeak merezi duela erakutsi dugulako.
 

 

 

Erabakitzeko eskubideak bidea egiten jarraitzen du

Gure Esku Dago dinamikaren giza kateak Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotu ditu gaur, “Eman eskua etorkiZUnari” leloarekin, milaka eta milaka herritarren ekarpenarekin. LAB sindikatuak bat egin du deialdiarekin, eta sindikatuko ordezkaritza zabal batek hartu du parte; Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak, esaterako, Donostian izan da. "Langile bezala, ezinbestekoa da erabakitzeko eskubidean sakontzea eta burujabetza eskuratzea. Hemen lan egiten dugu, hemen bizi gara; hortaz, hemen erabaki nahi ditugu lan harremanak, babes soziala, pentsioak eta sistema matxista honi aurre egingo dion sistema parekidea. Milaka arrazoi ditugulako hemen gaude gaur" adierazi du.

Aldarrikapenerako eguna izan da gaurkoa. Zentzu honetan, LABentzat oso garrantzitsua da euskal herritarrok, herri gisa, nazio gisa, gure etorkizuna erabaki ahal izatea, eta horren alde egiten ari gara, erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa baita. Gure ustez, erabakitzeko eskubidea behar dugu egoera laboral eta soziala errotik aldatzeko. Langileok erabaki, herriak erabaki, gure etorkizunaren jabe izateko.

Lan mundutik, arrazoiak soberan ditugu erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko:

– Euskal demokrazia eraikitzeko. Gure etorkizunaren jabe izateko. Gure eskubideak arautzeko eta betetzeko markoa izan dezagun. Euskal Herria nazioa da, dagokigun erabakitzeko eskubidea eskuratzeko garaia da. Gure historian, kulturan eta hizkuntzan oinarrituriko herri anitza sortzeko, beste kulturen integrartzaile, munduari zabalik.

– Egungo sistema errotik aldatzeko. Neoliberalismoari aurre eginez, jendarte, produkzio eta kontsumo eredu berri bat eraikitzeko. Jendarte eredu eta herri askea posible egiteko.

– Egoera ekonomiko eta soziala iraultzeko. Bizitza erdian kokatuz, eredu sozioekonomiko propio bat eraikitzeko. Botere ekonomikoaren gainetik herri boterea jartzeko.

– Langileon izenean beste inork erabaki ez dezan. Gure lan eta bizi baldintzetan eragiten diguten gaietan langileok izateko protagonistak.

– Zapalkuntza oro gainditzeko. Genero bereizketa eta zapalkuntza, klase zapalkuntza eta nazio zapalkuntzarekin amaitzeko.

– Lan harremanetan eragiteko. Lan mundua aldatzeko. Langileon erabaki ahalmena handitzeko. Erabakia langileengandik zenbat eta gertuago, orduan eta hobe. Laneko gaietan ahalmen legegile osoa behar dugu.

– Gure lan hitzarmenen defentsan. Gure hitzarmenak hemen erabakitzeko eta hitzarmen propio horiek estatukoetatik babesteko. Hitzarmen duinak bermatzeko, gure hitzarmenak hemen erabakitzeko.

Eta, lan mundutik ere, zer erabaki nahi dugun ere oso garbi dugu:

– Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua. Lan munduan prekarietatearen amaiera. Soldata eta lan baldintza duinak, aberastasunaren banaketa. 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan astearen defentsa. Lan osasuna bermatzea. Euskaraz lan egiteko eskubidea.

– Negoziazio kolektiborako marko propioa. Gure hitzarmenen defentsan, lan baldintza duinen alde. Enplegu duina bermatuz, gure hitzarmenak, lanaren eta aberastasunaren banaketarako tresna izan daitezen.

– Babes sozialerako euskal sistema publikoa. Pobreziaren aurka, pertsonak lehenesteko, denontzat bizitza duina bermatzeko; Euskal Herri oparoago, zuzenago, solidariago eta berdinzaleago baten alde. Gizarte-sistema propioa, integrala, euskalduna erabaki, kalitateko enplegua sortuko duen politika erreal eta eraginkorrekin, jubilatzen diren pertsona guztientzat 1.080 euroko pentsioa bermatuz.

– Aberastasunaren banaketa justu eta progresiboa. Zerga sistema justu eta birbanatzaile batek lagunduta.

– Sektore publiko indartsu bat. Gehiengo sozialaren mesedetan izango diren politika publikoak sustatuz, enpleguaren defentsan, pribatizazio eta merkantilizazio prozesuekin amaitzeko.

– Industria politika eraginkorrak. Multinazionalen interesen gainetik Euskal Herriak industria politika propioa izan dezan, sektore estrategikoen aldeko apustua eginez.

 

 

 

Telefonicaren etengabeko inposizioa salatu dugu

Telefonicako LAB eta CIGak kontzentrazioak egin ditugu gaur Bilbo eta Donostian, enpresak darabilen inposizioaren aurrean. Madrilen akziodunen ohiko batzarra egingo du Telefonicak bihar, eta bi sindikatuek mobilizazioak egin ditugu Euskal Herria eta Galizian, Telefonica Movistarreko langileek bizi duten lan-baldintzen etengabeko kaltetzearen aurrean. Honetan, CCOO eta UGTren lankidetza du enpresaren zuzendaritzak.


 

 

 

Ez dugu hezkuntza arloan aldaketarik espero Espainiako Gobernuan, Isabel Celaaren izendapenaren ondoren

0
LOMCE legea bertan behera uztea eta Euskal Herriak hezkuntza arloan hartzen dituen erabakiak errespetatzea eskatu du sindikatuak.

Isabel Celaá aspaldiko ezaguna dugu EAEn hezkuntzan lanean gabiltzanontzat.

2010ean ezarritako murrizketak eta bestelako neurriak bere eskutik etorri ziren: soldata galerak, ordezkapenak betetzeko modu maltzurra, langileen gaixotasun aldiak ordaintzeko irizpide berriak… Eta gainera, hau guztia gehiengo sindikalari bizkar emanda egin zuen, gutxiengo sindikalarekin, CCOO eta UGTrekin akordioa sinatuz. Orduan berak hartutako erabaki horiek, ikasleen hezkuntza kalitatean eta enplegu suntsiketan eragin zuzena izan dute gaur arte.

Honetaz gain, EAEko Hezkuntzak zituen erronka nagusiei ez zien heldu: ez zuen hizkuntza ereduak gainditzeko planteamendurik egin; Espainiako Curriculuma EAEko ikastetxeetan inposatzeko ahaleginean jardun zuen; pedagogia berrikuntzan ez zen aldaketa esanguratsurik izan eta eskola komunitateak ez zuen autonomian sakontzeko aukerarik eduki. Finean, EAEko Hezkuntza Espainiakoaren segida hutsa izateko lan egin zuen.

Egin dituen azken adierazpenen harira, guk ere Euskal Herrian gure herriarentzako aukera berriak nahi eta behar ditugu hezkuntza arloan. LABen garbi dugu Euskal Herrian hezkuntza burujabetza behar dugula eta horretan lanean dihardugu, euskal eskola publiko eta komunitarioaren bidean. Isabel Celaá ezagutzen dugu eta ez dugu ukatzen gaitasun handiko emakumea denik, baina gaitasun horiek ez ditu Euskal Herriaren zerbitzura jarriko. Beraz, ez dugu erroko aldaketarik espero gobernu aldaketa honekin.

Lerro hauen bidez, gobernu honi bi eskari zehatz eta sinple egiten dizkiogu, beraien borondatea ekintzen bidez neurtzen joan gaitezen: guretzat erabat arrotza den LOMCE legea bertan behera utz dezala eta geure herriak hezkuntza arloan hartzen dituen erabakiak errespetatu ditzala.