2026-07-16
Blog Page 783

Mobilizazioaren beharraz ohartarazi dugu lanean hildako 49. langilearen aurrean

Atzo langile bil hil ziren Euskal Herrian lanean ari zirela. Batetik, kamioilari bat hil zen Galdakaon errepidean, dirudienez lan istripu ez traumatiko baten ondorioz. Bestetik, 31 urteko langile bat hil zen Gamarten (Nafarroa Beherea) egurra mozten ari zela, adar bat gainera erorita.

LAB sindikatuak, lehenik eta behin, beraien familia, lagun eta lankideei gure dolumina eta elkartasuna adierazi nahi dizkie.

Dagoeneko 2018an, Euskal Herrian gutxienez 49 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz, 4 Araban, 23 Bizkaian, 5 Gipuzkoan, 1 Iparraldean eta 16 Nafarroan.

Galdakaoko istripuari dagokionez, beste sektore askotan gertatzen den moduan, garraioan ere lan baldintzak gero eta prekarioagoak dira. Garraiolariek ez daukate giza nahiz lan gaixotasunen aurrean babes egokirik askotan, izan ere, gehiengo batean langile autonomoak baitira, edo ustezko autonomoak, eta gainera, berauek edukitako lan istripuak ez dira maiz estatistika ofizialetan kontutan hartzen. Horrela, Administrazioek beste alde batera begiratzen dute, sektoreak bizi duen prekarietate egoeraren ezagun izan arren. Izan ere kasu honetan Osalanek ez du ikerketarik egingo, trafiko istripua izan delako. Ez dute begiratu zenbat ordu lan egiten zituen langileak edo zeintzuk zien lan baldintzak eta hauen eraginak…. Segurtasun Sailetik, beste trafiko istripu bat izango balitz bezala ikertuko dute.

Gure ustez hau oso larria da, izan ere, azpimarragarria da garraiolariek jasaten dituzten lan istripu gehienek errepideetako merkantzien garraioak urte luzez pairatzen daraman prekarietatea eta desarautze basatia agerian uzten dituela. Gainera, garraiolarien eskubide eza ere nabaria da, lana mantendu ahal izateko, askotan kargatzaileen presak, ezinezko ordutegiak, gehiegizko pisudun kargak, prezio baxuak, lan egun luzeak eta atseden eza jasan behar baitituzte. Beste askotan, gainera, zamaren deskarga egitera behartuak dira. Hauek eta honelako beste hainbat arrazoi dira lana modu seguru eta duinean egitea oztopatzen dutenak, garraiolarien bizitza arriskuan jartzeaz gain. Arazo hauek dira Administrazioak behin eta berriz ezkutatzen saiatzen direnak, beste alde batera begiratuz gehienetan, beraien nahia garraio merkea lortzea baita, edozein preziotan.

Mobilizazioa ezinbestekoa da eta istripuak gertatzen direnean enpresa eta administraziei segurtasunez lan egin ahal izateko hobekuntzak eskatzeko, hortaz dei egiten diegu langileei heriotza berri honen aurrean egingo diren mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

Garbiketako langileek bizi duten diskriminazioaren kontra mobilizatu dira Loramendin

Greba mugagabean jarraitzen dute Erandioko Sanitas Loramendin, eta gaur berriro, lanuzteei ekin dietenetik egunero egiten ari diren moduan, elkarretaratzea egin dute langileek.
 

 

 

Garbialdik greba eskubidea ukatu nahi die Gipuzkoako egoitza judizialen eta komisarietako garbiketako langileei

0

Gaur, hilak 21, Gipuzkoako egoitza judizial eta komisarietako garbiketaren negoziaketako hitzordu berria izan dugu gaur PRECOan. Goizeko lehen orduan, ordea, Garbialdi enpresak ez zela bertaratuko adierazi du, beraien aburuz, "baldintzak ematen ez" direlako. Gainera, greba deskonbokatu arte ez dela eseriko ohartarazi du.
 
Jarrera honen aurrean, sindikatuok gure eta langileen haserrea adierazi nahi dugu. Garbialdik borondate onez negoziatzeko erantzukizuna du; gaur bete ez duen ardura, alegia. Gainera, negoziazioa grebarekin lotzea langileen greba eta mobilizaziorako eskubidearen urraketa argia da.

Ez gara eskuak gurutzatuta geratuko, langileen asanblada burutu eta hurrengo urratsak zehaztuko ditugu gaur bertan.
Zentzu honetan, Eusko Jaurlaritzari adierazten diogu egoera aldatzeko lagun dezala, pliegoetako bezero bezala, erantznkizuna ere baduelako.
 

 

 

“Gure helburua da pentsionisten borroka langile guztien borroka izatea”

LABek Heldu eta Pentsionisten Arloko urteroko batzarra egin du gaur, Gasteizen, Aldabe Gizarte Etxean. Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako pentsionistak elkartu dira bertan eta, pentsionisten mobilizazioak suspertu diren honetan, kurtso berrirako helburu eta erronkak zehaztu ditu sindikatuak; pentsioen sistema propioa eta 1.080 euroko gutxieneko pentsioen aldarrikapenak, ardatz.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza batzarrean, baita komunikabideen aurrean ere, eta pentsionisten borroka eredugarria dela nabarmendu du. “LABetik, eta pentsionisten plataformetatik, borrokan jarraituko dugu 1.080 euroko gutxieneko pentsioa lortu arte. Gizarte Segurantzako sistema propio eta publiko bat aldarrikatzen jarraituko dugu, eta aldarri hau estatus politiko berriko testuan jaso dezaten exijituko dugu”, adierazi du.

Garbiñe Aranburuk aurreratu du emakume pentsionistak antolatzeko jauzi kualitatiboa emango duela orain LABek, pentsionisten mobilizazio guztietan modu aktiboan parte hartzen jarraitzeaz gain. “Gure helburua da pentsionisten borroka langile guztien borroka izatea. Oraingo eta etorkizuneko pentsionistek, guztiek, batera borrokatu behar dugu pentsio eta lan baldintza eta soldata duinen alde”, jakinarazi du.

LABeko idazkari nagusiak argi du helburu hauek ez direla posible izango mobilizaziorik gabe. Hori dela eta, pentsionisten protesta desberdinetan eta, batez ere, urriaren 1eko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin du.

 

 

 

Venezuelako ordezkaritza batekin bildu gara

0

Venezuelako ordezkaritza bat dago egunotan Euskal Herrian, eta zenbait eragilerekin erronda egiten ari da. Hala, Venezuelako unibertsitateko ekonomialaria Pasqualina Curcio Curcio eta Venezuelako Parlamentuko diputatu Ilenia Rosa Medina Carrascorekin bildu gara Bilbon, elkar ezagutza egiteko eta hainbat gai jorratzeko: Venezuelako testuinguru politikoa, migrazioa eta Bolivar subiranoa deritzon moneta berriaren sorrera eta funtzionamendua gerra ekonomikoaren kontrako tresna gisa, besteak beste. Nazioarteko idazkari Koldo Saenz eta Ekintza Sozialeko idazkariaren ondoko Urtzi Ostolozagak ordezkatu dute LAB bileran.
 

 

 

Erabakitzeko eskubidearen aitortza eta defentsa egiteko aukera galdua izan da lehendakariaren hitzaldia

Gehiengo sozialaren aldarriei bizkar emanda, Iñigo Urkulluk euskal neoliberalen neurriko diskurtsoa egin du; patronala bezala, Urkullu ere esparru estatalaren menpe dago eroso.

Gaurkoan ere aukera galdua. Legebiltzarraren urteko jardunari hasiera ematen dion Politika Orokorreko Osoko Bilkuran ezinezkoa izan da Lehendakariaren ahotan “erabaki” eta “eskubidea” hitzak entzutea. Legebiltzarrak estatus politiko berri baterako oinarri eta printzipioak adostu dituenean, guztiz anakronikoa, garaiz kanpokoa suertatzen da oraindik ere Lehendakaria autonomia estatutuaren defentsara mugatzea. EAEko Autonomia Estatutuak hasieratik izan du hutsune estrukturala, hankamotz jaio zen. Ez du erabakitzeko eskubidea aitortzen eta enplegu eta babes sozial gaietan ez du ahalmen legegile osoa bermatzen. Ondorioz, azken hamarkadetan espainiar estatuan erabaki diren erreforma eta murrizketa guztiak inposatu zaizkigu, eta estatutik datorren prekarizazio prozesua ezarri digute. Eta hala ere, Lehendakariak temati jarraitzen du Autonomia Estatutuaren defentsan.

Menpekotasun politikoak pobretu egiten gaitu eta burujabetza ezak ahuldu. Autonomia Estatutua eguneratu ez, gainditu egin behar da. Estatus berri bat behar eta nahi dugu, eremu soziolaboralean eta sozioekonomokian ahalmen legegile osoa bermatuko diguna. Estatus berri bat, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propioa eraikitzeko, aldaketa sozialaren bidean, euskal langileok dagozkigun gaietan erabaki dezagun.

Gehiengo sozialaren aldarrien defentsarik ez, erabakitzeko eskubiderik ere ez dugu entzun Lehendakariaren ahotan. Eta ozta-ozta entzun zaio Catalunyari buruz aritu denean. Presoen askatasuna aho txikiz eskatzerik ez dago. Catalunyarekiko ematen ari den basakeria juridiko eta politikoak erantzun irmoak eskatzen ditu. Orain urtebete Catalunyako herriak hitz egin zuen, eta estatuak Errepresioarekin erantzun ere bai. Han ere erabakitzeko eskubidearen ukazioan dago muina, eta gertatzen ari dena hizki larriz salatu beharra dago, ez ahopean pasa, diskurtso hutsal batean.

Urkullu esparru estatalaren menpe dago eroso, patronala bezala. Eta hain zuzen ere, haien euskal neoliberalen neurriko hitzaldia izan da gaurkoa. Gaur egun EAEn nagusi diren politika ekonomiko eta sozialen jarraipena iragartzeko diskurtsoa izan da, eta agerian geratu da Urkulluren exekutiboa norekin dagoen, patronalarekin eta elite ekonomikoarekin, ez euskal langileekin.

Krisi garaia baliatuz ezarri zizkiguten erreforma eta murrizketekin amaitzetik urrun, hazkunde ekonomikoko garaian ere austeritate neurrien defentsa egiten jarraitzen du Urkulluk. Ez dago austeritatearen defentsa egin eta aldi berean garapen eta kohesio sozialaz hitz egiterik. Austeritate neurriak, murrizketak eta erreforma desberdinak dira, justuki, gaurko jendartea eta etorkizuneko belaunaldiak baldintzatzen ari direnak, prekarietatearen aroa betikotuz. Kapitalaren eta bizitzaren arteko talkan, kapitalaren alde kokatu da berriro Lehendakaria.

Sortzen den aberastasuna banatzeko neurriak iragartzeko aukera ere galdu du gaurkoan. Prekarietatearen kontrako borrokari ere tokirik ez dio gorde Gobernu buruak kurtso politiko berriko agendan. Langabeziaren murrizketaz hitz egitera mugatu da, eztabaidaren muinari heldu gabe, sortzen den enpleguaren kalitatea, alegia. Prekarietatea geratzeko etorri da, baina prekarietatearekin amaitzeko neurri errealik ere ez.

Euskal jendartearen etorkizunari dagokionean enplegu gaietan ahalmen legegilea izatea eta gizarte segurantza eta babes sozialeko sistema propioa da bizimodu prekarioari aurre egiteko alternatiba, kalitatezko enplegua eta pentsio duinak bermatzeko politika erreal eta eraginkorrak eginez, lan-denborak murrizteko eta banatzeko benetako politikak aplikatuz, eta gizarte-zerbitzu publikoak garatuz, perntsonen lan eta bizi baldintzak hobetzeko. Hori lortu ezean, Euskal Herrian eskubide sozialak etengabe urratzen jarraituko da.

Politika erreal-eraginkorrak diogu, besteak beste, 1200 euroko gutxieneko soldata, 1080 euroko pentsioak, soldata-arrakalarekin amaitzeko neurri errealak, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak sustatutako babes sozialeko sistema publiko eta kalitatezkoaren aldeko Herri Ekimen Legegilea aintzat hartzea edota aurrekontu sozial, parte hartzaile eta burujabeei atea irekitzea, besteak bestea.

Eta, beraz, honaino iritsita, berriro bueltatzen gara hasierara. Hori guztia lortzeko nola egin? Erabakitzeko eskubidearen bidetik. Aurtengo kurtso politikoan askatu beharreko korapilo nagusienetakoa hor kokatzen du LABek.

 

 

 

Lan Osasuneko Nafarroako Kontseiluaren bileratik altxa gara, Gobernuak lan istripuekiko duen ekimen falta dela eta

0
Uda sasoi odoltsu baten ostean, Nafarroan 11 langile lanean edo lanerako bidean hil direnean, premiazko neurriak proposatzeko garaia da, lan istripuen hazkundeari aurre egiteko bidean. Bada, Nafarroako Gobernuak urriaren 10era arte atzeratu du gai honen eztabaida, eta Nafarroako Lan Osasuneko Kontseiluaren bilera deitu du gaurko, gai bakar batekin: patronalek eta UGT eta CCOO sindikatuek Estatu mailan aurkeztutako zenbait proiektu onartzea.

Fondoari dagokionez, ELA eta LAB sindikatuok publikoki galdegin diogu Nafarroako Gobernuari prebentziorako funtsen kudeaketa propioa ukatu izanari buruz, baita Estatu Mailako Lan Arriskuen Prebentziorako Fundazioaren sistema iluna babestu izanari buruz ere. Baina, dirudienez, Nafarroako Gobernuak bere horretan darrai.

Formei degokienez, negargarriak dira eta Gobernuaren lehentasunak garbi adierazten dituzte: garrantzitsuena ez dira 11 heriotzak, Nafarroako langileok kotizazioen dirua UGT, CCOO eta CENera bideratzea.

Horregatik, Lan Osasuneko Kontseiluko ELA eta LABeko ordezkariok gai-ordena aldatzea eskatzea dugu, Lan Arriskuen Prebentziorako Fundazio Estataleko funtsen inguruko puntua kenduz eta puntu bezala jarriz lan istripuen gorakada larria eta hauen ondorioz ematen diren heriotzak. Lan Osasuneko Kontseiluko presidenteak, Politika Ekonomiko, Enpresarial eta Lanaren ingurukoaren Zuzendari Izaskun Goñik, ez du gure eskaria onartu, hortaz ELA eta LABeko ordezkariek bilera utzi dute protesta bezala.

Hemendik gutxira ELA eta LABek prentsaurrekoa deituko dute egoera larri honen inguruan hartutako erabaki eta ekimenak jakinarazteko.

 

 

 

[IRITZIA] “Hautu bat egin beharko dugu”

LABeko kide Jean Mixel Dirassarrek Ipar Euskal Herriko testuingu sozioekonomikoari buruz idatzi du. "Eztabaidaguneak berriz sortu beharko genituzke langileak parte hartzaileago bilaka daitezen", aldarrikatu du.

Langileok hautu bat egin beharko dugu. Oraindik jasan edo oldartu, baina egiazki!

Hau dugu testuinguru sozial eta ekonomiko orokorra: frantses gobernamenduak hautu garbi bat egin du, beti gehiago eskaintzea kapitalistei, nagusiei, eta hori, populazioaren, langileon kaltetan. Testuinguru bat non ez den batere tokirik egiazko negoziazio batzuentzat.

Izugarria da zenbat atzerapauso eman den hilabete guti barne. Lan kodearen benetako suntsiketa! Borroka ainitzen irabaziak arrunt ostikatuak! Adibide gisa, nola zinez errextu dituzten langileak kanporatzeko ahalak: Prudhommesetako sariaren mugatzea gehiegizko kanporatze kasuetan, hitzarmen hauste kolektiboak egiteko aukera, beste eta beste.

Nola ez aipa ere akordio bat adosteko aukera sindikatu ordezkari batetik pasatu gabe. Zenbat nagusi horretaz baliatuko dira nahi duten akordioa pasarazteko? Ez da gehiago babesik!

Gainera, langileen medioak ttipituz joanen dira, ordezkari gutiago, egitura desberdinak (DP, CE, CHSCT) egitura bakar batean bildurik (CSE). Bereziki, CHSCTen desagertzea kaltegarri zait, horiek izanki lan baldintza onak segurtatzeko egiazko tresnak.

Horrez gain, kapitalismoak langileak pobreago bilakatzea lortu du, eta bankuekiko zorrak areagotu dira. Greba eskubidea anitz mugatu du, nagusiek bai baitakite langileek ezin dutela diru sarrerarik gabe luzaz atxiki.

Hori guzia ikusiz, normal da nagusiak gero eta azkarrago sentitzea beren burua. Ez dute borondate izpirik negoziazio guneak bultzatzeko. Botere hori borrokan diren militante eta langile batzuek pairatzen duten errepresio olatuarekin ageri da. Azken adibidea: mehatxatuak diren xeminoak, trenbidearen borrokaren ondorioz.

Maleruski, ondoko hilabeteetan frantses gobernamenduak ildo beretik segituko du: langabezia asurantzaren erreforma aurkeztuz eta, segur aski, martxan emanez: 4.000 lanpostu deuseztatuak Pole emploi egituretan -nola segurtatzen ahalko da kalitatezko laguntza bat lana xerkatzen duten langabetuentzat?-, zigor batzuen azkartzea (zerrendetatik kentzeko epea), eta abar. Langabetuak beren egoeraren hobendunak balira bezala. Aztertzen ari dira ere nola arrasta eman eritasun gelditzeen emendaketari, langileak hobendun sentiaraziz Asurantza Sozialaren defizitagatik. Alta, argi da gelditze horien iturri nagusiak direla lan denboraren luzapena eta lan baldintzen okertzea! Ilun, ilun…

Eta parean, zer? Bai, mobilizazio anitz antolatu dira Macron legearen salatzeko, Lan Kodearen suntsiketa salatzeko, edo beste. Milaka jende atera dira karriketan, eta ekintza politak antolatu. Zoritxarrez, indar harremana ez da aski azkarra izan. Xeminoekin gertatu bezala; azkar mobilizatu dira trenbidearen erreforma salatzeko, baina… Jende anitz borrokaren alde izanik ere, kasik bakarrik utzi ditugu. Zahar etxeetan protestak egin direnean bezala…

Hori nahi nuke salatu bereziki : nolaz frantses sindikatu handi horiek ez dituzten indar guziak bateratzen, mugimendu bakar eta azkarra antolatzeko? Sektore guzietako langileak martxan ematea denbora berean, ez ote da posible? Haserretzekoa bada! Banan-banan aktibatzen dituzte: kolpe batez kamioilariak, bestean, energietako langileak, gero osasungintzakoak, irakaskuntzakoak, postakoak. Bakoitza bere aldetik. Grebak eta mugimendu sozialak ugaritzen dira, baina beti barreiaturik!

Argi da, alta, langileria osoa memento berean borrokan sartzen balitz indar harremana ez litzatekeela bera! Ekonomia osoa paralizatzen bagenu, segur negoziazioak beste maila batekoak liratekeela. Hola dira lortu aintzinamendu sozialik handienak! Maleruski, ez goaz horretara. Ala, sindikatu handietako arduradunek badute beste ‘interesik’, preseski, horretara ez joateko?…

Ipar Euskal Herri mailan ere badugu lan. Herri dinamiko batean bizi bagara ere, gizartea gero eta indibidualistagoa bilakatzen ari da, eta, ondorioz, militantismoa ttipitzen. Kontuan hartzekoa da. Beharrezkoa zait, beraz, langileen arteko harremanak berriz sortzea, elkartasuna berriz indartzea. Behar dugu atzeman nola jende bat interesatu beste kategoria baten borrokari; ez segitzeko bakoitza bere aldetik. Interes komunak aitzinean eman behar ditugu, agitazio ttipiekin ez dugulako ezer aldatuko!

Baina nola? Langileak beren geroaren arduradun eta aktore sentitu behar dira. Ez bakarrik beren lantegian, baina ere gizartean. Arduradun eta aktore. Ez zaie inposatu behar egin behar dutena, defendatu behar dutena. Langile soldaduen garaia amaitua da. Eztabaidaguneak berriz sortu beharko genituzke langileak parte hartzaileago bilaka daitezen. Bakoitzak bere geroa eskuetan har dezala !
 

 

 

Lan eta bizi duina aldarrikatu dugu Pasaiako badiarentzat

0
Hilabete baino gehiago pasa da Pasaiako Portuan sutea piztu zenetik, hilabete baino gehiago Gipuzkoako kostaldetik inoiz ikusi gabeko ke beltz-beltzak zerua marraztu zuelarik. Eta oraindik ikerketaren erantzunik ez. Oraindik azaldu gabe zer gertatu zen, ez langileoi ezta herritarroi ere. LABetik, kezkaz bizi izan genuen gertaera, badian bizi garenongatik, baina baita portuan lan egiten dugunongatik ere. Garrantzitsua iruditzen zaigu langileon egoera ere eztabaida honetan kokatzea.

Gertakari honek berriz mahai gainean jarri du pendiente dagoen arazoa eta eragin zuzena duena Pasaiako portuan lan egiten dugunongan. Zein da Eusko Jaurlaritzak duen proposamena euskal portuak bideragarriak izan daitezen? Nola uztartu ditzakegu lanpostu duinak eta aldi berean osasungarriak badiaren inguruan bizi garen herritarrontzat?

LAB sindikatuan argi dugu balizko eztabaida honek eskumenik gabe edo burujabetzarik gabe ez duela zentzurik, eztabaida antzua delako.

Guztiz bat egiten dugu Badian Bizi plataforma berriaren haserrearekin, bai eta Fiskaltzari egindako ikerketa eskaerarekin. Guri dagokigun tokitik ordea, langileon osasunean izan duen eragina eta hemendik aurrera arrisku horiek gutxitzeko asmoetan jarri nahi dugu azentua.

Milaka tona dira egunero bertako langileek deskargatu behar dituztenak. Horiek jaso aurretik, ziurtagiri bat izan behar du txatarrak, nondik datorren eta zer dakarren zehazten duena. Nori dagokio honen kontrola? Nork egiaztatzen du ziurtagiria? Kontrolak egon dira? Pasaiako portuko agintzaritzak edo konzesionaria berak egiten du kontrola, Algeposak kasu honetan?

Deskargatzeko ere irizpide batzuk jarraitu behar dira. Baina sutea gertatu eta berehala, deskargatzeko falta ziren 500 tonak, beste modu batera deskargatzkeo agindua jaso zen. Zer dela eta? Badago beraz, bestelako teknika bat seguruagoa dena? Eta horrela bada, zergatik ez da teknika hori egunerokoan erabiltzen? Motelagoa delako akaso? Algeposari mesedeak egiten, negozioa handitu dezan, denon osasunarekin jolasten duen bitartean. Hau eskandalua!

Azken berrien arabera, Portu Agintaritza eta Diputazioa akordio batetara iritsi dira, horrelako gertaeren inguruan hobeto jarduteko, suhiltzaileak espezializatuz eta emergentziazko reten bat ziurtatuz beti. Hau ongi dago, baina berriz ere, arazoari aurre egiteaz ari gara eta ez arazoak saihesteaz. Oraingoan ere, ez diegu agintariei prebentzioaz hitz egiten entzun. Defini daitezela segurtasun ardurak eta zorrotz bete daitezela! Langileok behar dugu, herritarrok ere bai. Hau lehentasun kontua izan beharko litzateke. Baina zoritxarrez, portuko zuzendari berriak (PNV) ez du lehentasun bezala hartzen…bai ordea, langileen lan baldintzak ez hobetzea.

Horregatik uste dugu garrantzitsua dela Badian Bizi plataformak sartu duen eskaera, ardurak ikertu behar direlako, horrelakorik berriro ez gertatzeko eta bereziki, BADIAN LAN ETA BIZI DUINA bermatzeko.

Herritarron eta langileon osasuna ez dagoelako salgai, gu ere prest gaude portu errentagarri eta osasuntsu baten aldeko burubelarri lan egiteko.