2026-02-17
Blog Page 781

“Bizi egunak” dinamika Donostiara iritsiko da igandean

0

Merkataritza, hiri eta kontsumo ereduari buruz gogoeta egitea bilatzen duen ‘Bizi egunak’ dinamikak Donostian du geltoki berria. Bilbo eta Iruñeatik pasa ostean, igande honetan Gros auzoko Katalunia Plazan izango da igande eta jai egunetan jai egiteko dugun eskubidea aldarrikatzeko.

Ekimenari goizeko 11:30etan emango zaio hasiera eta besteak beste, bertatik pasatzen den edonori izan ditzakeen kezkak argitzeko Infogune bat izango eguerdiko 13:30ak arte. Goiza aurrea doan heinean, 12:00etan, jai egunetan jai egitearen zergaitiak azalerazteko Photocoll eta Murala osatuko dugu. Goiza, igandea izaki, jai giroan pasako dugu eta horretarako musika eta janaria izango da gerturatzen den guztiarentzako

Argi dugu! Igande eta jai egunetan itxita! Etorri eta aldarrikatu dezagun denok batera igande eta jai egunak "BIZI EGUNAK" direla.
 

 

 


Adegiren jarrerak grebara eramaten gaitu Gipuzkoako eraikuntzan

0
Gaurko Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren bilera egin da eta Adegiren jarrera tamalgarria izan da. Joan den astean aurkeztu zuen proposamena berretsi du inongo hobekuntzarik egin gabe, sindikatuok ez nahikotzat jo genuen arren.

Hau guztia ezezik, hitzarmenaren aplikagarritasuna hobetzeko ELAk eta LABek aurkeztutako proposamen bateratua ere baztertu du. Proposamen honekin zera lortu nahi dugu:

– Hitzarmena ez betetzeagatik, langileek jaso ez dituzten soldatak azkarrago eta errazago kobratzea nahi dugu.
– Hitzarmena betetzen dela egiaztatzeko batzorde bat sortu obrak bisitatu ahalko dituena.
– Hainbat neurri prebentibo proposatzen ditugu hitzarmena bete dadin: obra publikoen langileen sarrerak eta irteerak kontrolatzea, lan egutegi bat, aparteko orduak ezabatzea edota mugatzea, laneko parteak edota prebentzioa egiteko baliabideei formakuntza espezifikoa ematea.

Adegik ez ditu onartu. Bakarrik onartu du azpikontrata batek hitzarmenaren soldatak ordaindu ez dituela egiaztatu ondoren enpresa nagusiak ordaintzeari etengo diola, hau da, legeak dioena, besterik ez.

Adegik hitzarmena betetzen ez dela aitortu ostean, hau proposatzea benetan eskasa iruditzen zaigu. Beraz, egoera larri honen aurrean, hitzarmena aplikagarria izateko benetako neurriak hartzea ezinbestekoa da eta, horretarako, grebaren eta mobilizazioaren bidea baino ez zaigula gelditzen uste dugu. Greba ekidin daiteke Adegik hitzarmena aplikatzeko borondate zintzoa baldin badu. Bestela, borrokara joango gara eta LABek proposamen bat helaraziko dio ELAri ekainean grebaren izaera eta egunak finkatzeko.

Datorren ostegunean izango da Gipuzkoako eraikuntzako hitzarmenaren hurrengo bilera. LABen ustez, Adegi denbora luzatu nahian dabil langileen erantzuna eragozteko. Aski da!

 

 

 

Baionako kaleak hartu ditugu zerbitzu publikoen defentsan

Zerbitzu publikoen defentsan, eta Emmanuel Macronen gobernuaren erreformen kontra, beste mobilizazio egun bat antolatu dugu gaur sindikatuok. Hain zuzen ere, manifestazio bat egin dugu Baionako kaleetan, eta, bertan, irakasleek, osasun zerbitzuko langileek, trenbidetako langileek… zerbitzu publikoetako hainbat eta hainbat langilek hartu dute parte.
 

 

 

Pobreziaren kriminalizazioa salatu dugu Bilbon

Hainbat eragilek, LABek barne, elkarretaratze bat egin dugu gaur Bilbon, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean, eskubide sozialen defentsan.

Bildutakoek Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan hartutako neurriak salatu ditugu, eraginkortasunaren eta kudeaketa onaren izenean, kontrol neurriak ezarri baitituzte; hala nola, hatz marken bidezko kontrola, besteak beste.
 

 

 

Triman Minerals enpresaren itxiera arriskua salatu dugu

0
LAB sindikatuak Triman Minerals S.A enpresaren itxiera arriskuaz ohartarazi nahi du Nafarroako gizartea. Nafarroako langileei jada 3 eta 4 hilabeteko soldata zor zaie eta emergentziazko egoeran daude. Egoera hau ez da berria, 2016 urtetik ona soldatak ez dira garaiz ordaindu eta zorra handitzen joan da langile eta hornitzaileekin.

Enpresak lau lan zentro ditu, bi Asturiasen eta bi Nafarroan. Guztira 59 langile dira eta horietatik 32 langile Iruñeko eta Altsasuko lan zentroetan banatzen dira. LAB sindikatuak Altsasuko lantegian du ordezkaritza. Triman Minerals S.A enpresa entramatu konplexu baten parte da: Moncayo Real Estate SLU taldea. Talde horrek Nafarroan beste lantoki bat du hiruzpalau langilerekin; Trituraciones Moviles SAU izena du eta Fiteron dago. Langile horiek ere arriskuan dute beren burua. Beraz, Nafarroan osotara 35 langile izan daitezke kaltetuak.

Enpresak maiatzaren 9an ekin behar zion kontratuak behin-behinean etengo zituen Enplegua Erregulatzeko Txosten (EEE) baten kontsulta epeari. EEE hori estatu mailakoa izan behar zen eta taldeak dituen 59 langileei eragin behar zien. Enpresak baldintza bat jarri zuen EEEa sartzeko: lantoki guztietako langileek babestua egon behar zuela kontsulta epea hasi bezain laster, eta bestela ez zuela sartuko.

Lantoki guztietako langileen ordezkariek ezezko borobila eman diote enpresari eta enpresak ez du EEErik sartu. Hortaz, egoera honetan langileek kobratu gabe jarraitzen dute. Argi utzi nahi dugu enpresak ez zuela dokumentazio osoa aurkeztu eta gainera guk Nafarroako lantokiei eragiten dio EEEa Nafarroan negoziatzea eskatu dugu. Laburbilduz, enpresak ez du EEErik aurkeztu, ez da kontsulta epea hasi, eta une honetan ez dakigu zein den enpresaren asmoa.

Beste alde batetik, enpresak duela hilabete batzuk Sodenara jo zuen finantzazio bila proiektu bat aurrera ateratzeko asmoz. Dakigunez, Sodenak enpresa babestu du finantziazioarekin, baina proiektuak ez du aurrera egin.

Enpresa ixteko arriskuan dago, baina badakigu alternatibak egon, badaudela, bai taldea aurrera ateratzeko eta baita Nafarroako lanpostuak babesteko ere. Altsasuko langileok konbentzituta gaude Altsasuko lantokia bideragarria dela.

Horregatik guztiagatik, egoeraren larritasuna ikusirik, salaketa publiko egin nahi izan dugu. Egungo zuzendaritzari exijitu nahi diogu zor duen guztia ordain dezala, egon daitezkeen alternatiba guztiak lagun ditzala eta irtenbide bat bila dezala langileek bizi duten emergentzia egoerari aurre egiteko. Eta Sodenari ere exijitu nahi diogu proiektu berri bat aurrera ateratzeko behar den guztia egin dezala.

Azkenik, adierazi nahi dugu etorkizunean alternatibarik egon behar badu, egungo zuzendaritzak ezin duela jarraitu.

 

 

 

Graficas Estella-k azpikontrataturiko LINSER LOG enpresak Lan Erreforma erabili eta langile bat kaleratu du gaixo egoteagatik

LINSER LOG enpresak Graficas Estella-ren logistika eramaten du eta iragan astean langile emakume bat kaleratu zuen bakar-bakarrik gaixo egoteko zorigaitza izan zuelako, zegokion osasun etxera joan zelako eta medikuak aldi baterako ezgaitasuna eman ziolako.

Azken urteetako erreformetako batek dio langile bat kaleratzeko arrazoia izan daitekeela langilea gaixotzea eta Gizarte Segurantzako medikuak gaixo agiria ematea. Horixe gertatu zaio LINSER LOG enpresako langile emakume bati, eta enpresako zuzendaritzak ez du langilea kaleratzeko batere erreparorik izan.

Aipatu beharra dago enpresa horretan (LINSER) eta lantoki horretan (Graficas Estella) azkenaldian hainbat langile emakume tokiz aldatu dituztela edo zuzenean kaleratu dituztela, eta haien ordez langile gizonak jarri dituztela.

LAB sindikatuak gogor salatu nahi du langile klaseari orokorrean eta bereziki emakumeei egin dieten bertze eraso hau, eta dei egiten du LINSER-eko enpresa batzordeak Graficas Estella-koaren babesarekin eginen duen mobilizazioan parte hartzera. Elkarretaratzea maiatzaren 23an izanen da, asteazkenarekin, Graficas Estella-ko ateen parean (Salvat zaharra), 13:30etik 14:30era.

Ez dugu onartzen, eta ez dugu inoiz onartuko, gaixotzeagatik inor kaleratzea, eta exijitzen dugu kaleraturiko langilea lehenbailehen hartzea berriz.

 

 

 

Bizkaiko metalgintzan patronalak negoziazioa blokeatzeko estrategia berdinarekin jarraitzen badu, argi dugu urrats berriak eman beharko direla

0
Gaur, maiatzaren 22an, egin da Bizkaiko Metalgintzako Herrialdeko Hitzarmenaren negoziazio-mahaiko azken bilera. 6 bileraren ondoren negoziazio mahaia blokeoan sartu da.

Patronalak jarraitzen du malgutasunaren inguruan atzera pausoak planteatzen, aldi baterako desgaitasunen baldintzak okertu nahi ditu eta uko egiten du jarraitzen du sektoreko langileoei azken urteetan lapurtu dieten dirua itzultzeari.

Patronala publikoki atsekabetzen da sindikatuen soldaten inguruko aldarrikapenak errealitatetik urruti daudela eta ez direla bideragarriak. Ez da adierazpen hauek egitean lotsagorritzen publikoki harrotzen direnean sektorearen aurreikuspen onez eta 2016an 1.300 milioi eurotako irabazi garbiak izateaz.

Azken batean, patronalak ez du inolako borondaterik sektore lan-baldintzak duinduko dituen aurrera pausoak ekarriko lituzkeen hitzarmena negoziatzeko. Azken bileran beste behin ikusi dugu patronalarentzat hain erosoa den negoziazio kolektiboaren blokeo estrategian.

LABetik jarraitzen dugu esaten ez dugula edozelango hitzarmenik onartuko eta ondorioz, enpresa zein sektorean eduki duinak defendatuko ditugula, hala nola:

– Egungo lan-baldintzetan atzera pausorik ez.
– Lan zein negoziazio kolektiboaren erreformetatik babestuko gaituzten neurri eta klausulak jasotzea.
– Prekarietateari aurre egiteko neurriak jasotzea.
– Emakumeen kontratazioa eta gure lan-baldintzaj duinduko dituzten neurriak jasotzea.
– Subrogazioa bermatuko duten klausulak jasotzea.
– Lana eta aberastasunaren banaketa bermatuko duten neurriak jasotzea.

Datorren astelehenean, maiatzaren 28an dago aurreikusita negoziazio mahaiko hurrengo bilera. Patronalak negoziatzeko blokeatzeko estraregiarekin jarraitzen badu LABek argi du bestelako urratsak eman beharko direla. Konfrontazio barik ez da Bizkaiko metalgintzako langileentzat hitzarmen duinik egongo. Lan duina, hitzarmen duinak.
 

 

 

Aurreakordioa lortu dute ISNN enpresan, gaur hasi behar zuten greba mugagabearen aurrean

0

ISNN enpresak Poloaren azalak eta babesak jartzen ditu Iruñeko Volkswagenen. Enpresa aurrekordio batera iritsi da 47 langile eta LABeko hiru delegatuekin, hainbat hilabete negoziatzen ibili ondoren.

Hauek dira 2018-2020 arteko indarraldia izango duen akordio honetan lortu diren gai garrantzitsuenak:

– Hileko 130 euro linealetako soldata igoera 15 pagarekin 2018rako
– 2018rako lanaldia 8 orduz murriztea, beste 8 orduz 2019an eta beste 8 orduz 2020an.
– Kaleratua izan zen lankide bat berronartzea.
– Kontratazio guztiak enpresa bidez egiten direla ziurtatzea.
– Bajetarako %100eko osagarria lehen egunetik.

Lan baldintzen hobekuntza hau hainbat hilabetetako lanaren ondoren lortu da, asanbladak, enpresarekin bilerak eta greba mugagabearen deialdiarekin izan du bere puntu gorena. Langileek gaur, maiatzaren 22an, zuten hastekoa greba eta guzti honek ekarri du mahai gainean dugun aurreakordioa negoziatzea.

Langile hauek, hilean 1.000 euro eskas jasotzen zituztenak, lanean jarri ziren duela hilabete batzuk zituzten baldintza prekarioak hobetzeko helburuarekin. Volkswageneko nomina zuten kateko euren langileen oso desberdinak ziren baldintzak, hauek ISNNko langileen bikoitza kobratzen baitute beste enpresa batekoak izate hutsagatik. Horregatik jarri ziren lanean lan baldintza eta dirutan zegoen aldea murizteko helburuarekin. Gaur murriztu egin diren aldeak.

Argi dago bide luzea geratzen zaigula gure azken helbururako, Volkswageneko langileekiko ekiparaziorako. Badakigu langile hauek ez dituztela hitzarmen honetarako oinarrizko helburu bezala finkatu ditugun hileroko 1.200 euroak kobratzera iritsiko, baina egia dena da hiru urterako akordio ona sinatu dela, asko gerturatzen dena finkatutako helburuetara, langile hauek bizi duten lan-prekarietatearen kontrako aurrerapauso bat emateko beharrezkoak eta atea irekitzen diotenak etorkizunean hobetzen jarraitzeari.

 

 

 

Eskola publikoaren alde eta segregazioaren kontra mobilizatuko gara Gasteizen, ostiralean

0

Euskal Eskola Publikoaren Aldeko Plataformak deitutako protesta izango da, eta 18:00etan abiatuko da.

Hauxe da atzo egindako agerraldian irakurritako adierazpena:

Eskola Publikoaren Aldeko Plataforman bi urte daramagu irakasleen, familien eta ikasleen artean eraiki dugun eskola publikoa defendatzen, aniztasunaren, inklusioaren, kalitatearen, laikotasunaren eta euskalduntzearen esparrua, maila sozio ekonomikoaren, sexuaren, jatorriaren edo sinesmenen gainetik, baldintza berdinetan denona eta denontzat den eskola, euskal hezkuntza sistemaren ardatza izan behar duena.

Horregatik sumindu egiten gaitu orain arte izan diren euskal gobernuek eskola publikoarekiko azaldu duten etengabeko utzikeriak. Hezkuntza-ereduen arteko ezberdintasunak eta lehiakortasuna eragiten dituzten politika neoliberalak ezarri eta, heziketarako eskubidea ikastetxea aukeratzeko eskubidearekin nahastuz, jatorrian, hizkuntzan, klase sozialean edo sinesmenetan oinarritutako familien sailkapen onartezina sortu dute. Hartara, eskola publikoak berez duen babeserako bokazioaren ondorioz eman den aniztasuna, segregazio bihurtu da hainbat eta hainbat tokitan.

Aurrekoari hezkuntza-sistema publiko-kontzertatu dual bat gehitu behar zaio, disfuntzionala jaio zenetik (orain dela 30 urte), eskola publikoa zaindu ez eta bigarren mailara baztertu duena, berari zuzendutako baliabideak murrizten joan dena, bere instalazio eta azpiegiturak hondatzen utzi duena, eta gainera, hezkuntza-itunen orokortzea abiarazi duena, ikastetxe pribatu guztiekin. Hauei, diru publikoarekin finantzatuta egon arren, familia askorentzat gaindiezinak diren oztopoak jartzea baimendu zaie, hala nola, kuoten ezarpena (ilegalak izan arren), laikoa beharko lukeen izaera katolikoko irakaskuntza, edo kooperatibisten tasak, besteak beste.

Gaur egun gure hezkuntza sistemak desberdintasunak errepikatu eta areagotu egiten ditu: EAEn, baliabide urriko familien edo etorkinen %75a eskola publikoan dago. Gasteizen, kasurako, portzentaje hau %92ra iristen da haur eta lehen hezkuntzan.

Plataforma honek bi urte luze daramatza gure eskola publikoan gertatzen ari den etengabeko segregazio eta prekarizazio hau salatzen. Urte hauetan zehar, gai honetan erabaki-ahalmena duten eragile politiko guztiei interpelatu diegu, Lakuako Gobernuari bereziki, eta erantzunak, gaur hemen gurekin dauden elkarteenak salbu, azalekoak, zehaztugabeak edo hutsalak izan dira. Bereziki larria ikusten dugu Lakuako Gobernuaren jarrera, ez baitu onartu nahi euskal hekuntza-sisteman segregaziorik dagoenik ere, eta ondotxo dakigu izena ez duenak izana ere ez duela. Bitartean, eskumenak dituzten agintariek arazoari aurre egin gabe jarraitzen dute, eskola-segregazioa handitzen doa eta eskubideen urraketa eta gizarte haustura ere bai.

Horregatik uste dugu, jendartea garen aldetik, mobilizatzeko garaia iritsi dela, denona eta denontzako eskola publikoaren alde eta eskola-segregazioaren kontra, eta horretarako, mobilizazio erraldoi batera dei egiten dugu datorren maiatzaren 25ean, Gasteizen.
Zer eskatzen dugu, zehazki, mobilizazio honekin? Bi urte luze eskatzen daramaguna: eskola-segregazioarekin bukatzeko berehalako neurriak, bai ikasleen jatorriarengatik edo maila sozio-ekonomikoarengatik sortzen dena, nola hezkuntza-behar bereziengatikoa. Besteak beste:

1.- Eskoletan izena emateko udal bulego bakarrak sortu.
2.- Diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztien benetako doakotasuna, legeak agintzen duen bezala.
3.- Heziketa laikoa jasotzeko eskubidearen bermea hezkuntza-sare guztietan
4.- Segregazio egoeretan dauden ikastetxeentzat egitasmo bereziak abiarazi, epe laburrean egoerari buelta eman ahal izateko.
5.- Azpiegitura eta giza baliabide nahikoak eskola publikorako.
6.- Hezkuntza-itunen orokortzearen politikaren amaiera. Beharrezkotzat jotzen dugu hezkuntza-itunak ikastetxeek inguruan duten egoera sozialari ematen dioten erantzunarekin lotzea. Beraz, ezin da inolaz ere, diru publikoarekin finantzatu hezkuntza-egitasmo elitista eta segregatzaileak.

Mobilizazio honen nondik norakoa: Mobilizazioa hiru zutabeekin hasiko da Gasteizko hiru tokietatik 18:00etan abiatuko direnak: Abastos Plaza, San Anton Plaza eta Prado Parkea. Zutabe hauek musika, trikitilariak, hankapaloak eta abar dutela, bat egingo dute 18:30etan Andra Mari Zuriaren Plazan. Bertan, nahi eta merezi dugun eskola publikoaren eraikuntza sinbolikoa egingo dugu, Gasteizko eskola publikoetako Guraso Elkarteei eta hainbat kolektiboei banatutako kartoi kaxekin. Kaxa hauetako bakoitzean idatzita, dagoeneko eraikitzen ari garen eskola publikoaren ezaugarriak agertuko dira eskoletako hainbat ikaslek irakurriko dituztelarik.

Nork erantzun dio gure deialdiari? Plataforma honek hasiera-hasieratik azpimarratu du segregazioa gure eskoletako errealitatetik haratago doan arazoa dela eta zuzenean eragiten diola eraikitzen ari garen gizartearen eta elkarbizitzaren ereduari; horregatik deialdi zabala egin nahi izan dugu, Gasteizko errealitate anitza islatuko duen deialdia. Jaso dugun erantzuna oso handia izan da eta horregatik eskertu nahi genuke orain hemen gurekin izateagatik eta mobilizazioari baiezkoa emateagatik atxekitzen den dokumentuan agertzen diren kolektibo guztiei.