2026-01-21
Blog Page 778

Estatalizazioaren aurkako erantzuna egituratzen ari gara, eskualdez eskualde

Batzarrak egiten ari gara, maiatzaren 30erako deitutako lanuzte eta mobilizazioei begira.

Maiatzaren 30erako lanuzteak deitu ditugu Hego Euskal Herrian, hitzarmenen estatalizazioaren aurka eta Lan Harremanen eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren defentsan. Hain zuzen ere, mobilizazio orokorra egiteko eguna izango da, eta, langileen parte hartzea ahalbidetzeko, bi orduko lanuzteak egingo ditugu.

Arrazoiak soberan daude kalera ateratzeko, eta horixe izan da egunotan, sektorez sektore, eskualdez eskualde, egiten ari garen batzarretan nabarmendu duguna. Gaurko, esaterako, Durangaldean, Aiaraldean, Gasteizen, Bilbon, Ezkerraldean, Bergaran eta Eibarren batzarrak aurreikusita genituen. Batzarraren ondoren, maiatzaren 30erako motorrak prestatzeko edo, mobilizazioa egin dugu Gasteizen, besteak beste.

Aurreko egunetan ere izan dira batzarrak; Tolosaldean, Oarso-Bidasoan, Kosta-Urolan, Erriberan, Eskumaldean eta Altsasun, kasu. Azken honetan, Zerbitzu Publikoetako federazioko kideak elkartu ziren.

Ondorengo egunetan hitzordu gehiago daude finkatuta, estatalizazioaren aurkako erantzuna nola irudikatu egituratzeko. Sektorez sektoreko ezaugarritzea ari gara lantzen, estatalizazioak ekartzen duen prekarietatea eta Lan Harremanetarako eta Babes Sozialaerako Euskal Esparruaren beharra nabarmentzeko. 

ESTATALIZAZIOA

Zer da?
Bertoko langileoi estatu mailako lan baldintzak aplikatzeko estrategia, hala eremu pribatuan nola langile publikoei dagokionean. Gure lan hitzarmenek arautzen dituzten lan baldintzak ez betetzeko eta gureak baino merkeagoak eta okerragoak diren lan baldintzak inposatzeko estrategia estatala.
Patronalak, bertokoa eta estatukoa, inposatu nahi duen lan baldintzen prekarizazioarekin eta zerbitzu publikoen pribatizazioarekin guztiz lotuta dago.

Noiz hasi da?
2008aren aurretik ere, ez genuen aukerarik Euskal Herrian lan harremanak arautzeko: Estatu mailan ezartzen zen lan legedia. Bertako lan hitzarmenen bidez, negoziazio eremu propio bat mantendu eta lan baldintzak duintzea lortu izan dugu zailtasunak zailtasun. Halere, baziren hainbat sektore bertako hitzarmenik gabe.


2008ko krisiaren aitzakian, estatalizazio eta prekarizazio prozesuari bultzada handia eman zioten. Hiru mugarri nagusienak honako hauek izan dira: PSOEk ezarri eta EAJk onartutako negoziazio kolektiboaren erreforma, PP eta UPNk ezarritako lan erreforma eta PSOE nahiz PPk ezarritako austeritate neurriak (Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua,

Zer helburu eta ondorio ditu?
Alde batetik, langileon lan baldintzen okertzeak dakarren merkatzearekin, patronalaren etekinak biderkatzen jarraitzea. Hau da, patronalaren etekinak igo langileen kontura.
Bestetik, bertoko langileok eta sindikatuak gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea ukatzea, Madrileko sindikatu eta indar korrelazioen araberako lan baldintzak inposatzea, hau da, bertoko sindikatuei langileok eman diegun ordezkaritza baliogabetzea, berton langileok dugun indar korrelazioa neutralizatuz.

Nola garatzen ari da estatalizazioa?
Estatalizazioa lau eratara eramaten ari dira aurrera:

1.- Zentralizatuz. Azken lan erreformek erabilitako baliabideak erabiliz, estatu mailan adosten diren lan hitzarmenetan, gurean negoziazio eremuak debekatuz (hainbat estatu lan hitzarmenetan jasota dago herrialde mailan sektorean negoziaziorik egiteko debekua) edo estatu mailako lan hitzarmenetan hainbat gai bereganatuz, bertako lan hitzarmenetan negoziatu ezin daitezkeen gaiak, gure lan hitzarmenak edukiz hutsituz.

Honetarako patronal estatalak CCOO eta UGTren laguntza osoa dute, nahiz eta jakin bertoko langileen lan baldintzak okertzen eta prekarizatzen ari direla.

Eraso honi aurre egiteko sortu zen EAEn Akordio Interprofesionala, bertan indarrean dauden hitzarmenei aplikatzeko lehentasuna emateko estatu mailakoen aurrean, eta gure lan hitzarmenak, indarrean egonez gero, babestu eta aplikatzen jarraitzeko ahalbidetzen duenez, inpugnatu egin dute. Nafarroan ere saiatu ginen AI bat egiten, baina CEN, CCOO eta UGTk ez zuten nahi izan, estatalizazioari aurre egiten ziolako.

Bertan gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidearen kontrako eraso argia.

2.- Negoziazio kolektiboa blokeatuz. Bertoko patronalek (CFBSK, ADEGI, CEBEK, SEA eta CEN) erabiltzen duten estrategia, nagusiki EAEn (Nafarroan UGT eta CCOO prest baitaude lan hitzarmen merkeak sinatzeko). Hitzarmen bat ez bada berritzen, bere ultraktibitatea amaituta, estatu mailako hitzarmen bat aplikatzeko aukera ematen du. Gauzak horrela patronala negoziazioak blokeatzen ditu, estatu mailako mlan baldintzak aplikatzeak sortzen duen presioa bere alde izateko. Dualidadea sortzen du, langile “zaharrei” lehengo soldata aplikatzen jarraitzen zaiolako, hori bai, izituta, eta kontratazio barriei estatu mailako soldata, askoz bajuagoa dena.

3.- Negoziazio eremu berriak irekitzea ukatuz. Badaude hainbat eremu beti aplikatu izan zaiela estatu mailako lan hitzarmenak, adibidez telemarketing, grandes almacenes, banka, aseguroak, kimikak… Nafarroan areago eta gehiago: zahar egoitzak, interbentzio soziala, zabor bilketa…. Bertoko patronala ukatu egiten du eremu hauek irekitzea, bertan negoziatzeko eremu hauetako lan baldintzak, badakitelako hori, lan baldintzen hobekuntza bat ekarriko duela, eta nahiago dute lan baldintza prekarioak aplikatzen jarraitzea.

4.- Langile publikoen eta arlo publikoko azpikontratatutako langileen kasuan, legeak inposatuz.

a) Langile publikoen lan baldintzak estatuko lege eta dekretuen bitartez arautzen dituzte (soldata igoera, 37’5 orduko lanaldia inposatzen saiatzea, erreposizio tasa, ITaren ordainketa, ordezkapenak, …), negoziazio kolektibo eskubide guztiz ukatuz eta bertan gure lan baldintzak arautzeko dugun erabakitzeko eskubidea erasotuz. Ondorioz, langile hauen lan baldintzak estatu mailako gobernuek inposatzen dituzte, eta bertoko erakundeek orokorrean, nahiz eta hitzez kontran azaldu, aplikatu, oso ondo baitatorkie langileen lan baldintzak merkatzea, beraien izaera neoliberalarekin lerrokatuz. Gainera, sektore publikoaren garapenari mugak jartzea, pribatizazioak bultzatzeko estrategia argi bat da.

b) EAEko azpikontratatutako langileei dagokionez, estatuko lege baten bitartez arautu dute pliegoak zalantzan jartzea subrogazioa bermatzeko bitarteko moduan, horrek azpikontrataturiko langileen lanpostua eta lan baldintzak mantentzean izan dezakeen ondorioekin. Nafarroan, eta langileok egin dugun presioaren eraginez, bertako lege bat egin da, subrogazioa pliegoetan txertatzea derrigortzen duena. Eusko jaurlaritzak uko egiten dio EAEn Nafarroan egin duten moduko lege bat egiteari, bere izaera neoliberalari jarraituz.

Zer egin dezakegu estatalizazioari aurre egiteko?
Lehenik eta behin, maila orokorrean, estatalizazioaren kontra eta langileok Euskal Herrian gure lan baldintzak arautzeko dugun eskubidea aldarrikatzeko edozein mobilizazioetan parte hartuz, eta zehazki maiatzaren 30ean estatalizazioari aurre egiteko LABek deitu duen mobilizazio eta lanuzte egunarekin bat eginez.

Bigarrenik lantokiz lantoki prekarietatearen kontrako eta lan baldintza duinen aldeko borrokak antolatuz. Ekintza sindikal iraunkorraren bidez, bertako patronalak eragindako blokeoa pitzatu behar dugu. Enpresa nahiz sektore mailan lan hitzarmenak eskuratzeko, langileak tokian toki antolatu eta aktibatu beharra dago.

Hirugarrenik sektore zein enpresetako negoziazio eremu berriak irekitzearen aldeko borrokak antolatuz, bai bertako sektore zein enpresa mailan gure lan baldintzak erabakitzeko, adosteko eta arautzeko aukera izan dezagun.
Azkenik, Arlo publikoan Lege inposaketa eta negoziazio kolektiboaren eskubidearen alde borrokatuz, estatuaren zentralizazio eta pribatizazio dinamikari aurre eginez baita bertako erakundeen konplizitateari.

Zein da behin betiko konponbidea estatalizazioaren aurrean?
Aurrez aipatutako borroken bidez, hemengo negoziazio esparrua defendatzea eta prekarizazio prozesuari muga jartzea da erronka. Alabaina, sakoneko arazoa, lan arloko eskumenak Estatuaren esku egotean datza. Hala EAEn nola Nafarroan, estatus berriaren inguruko eztabaida irekita dago. LABen ustez, estatus berri horretan lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propioa jaso beharra dago. Alegia, Euskal Herrian bertan hartu behar dira gure lan eta bizi baldintzen inguruko erabakiak. Lan eremuan burujabetza eskuratzen ez badugu, estatalizazio eta prekarizazio prozesuaren menpe jarraituko dugu, hori bultzatzeko erabaki estrategikoa hartu baitu Espainiako Estatuak. Honela bada, lan eremuan borroka sindikala egitearekin batera, aldaketa politiko eta sozial orokor baterako burujabetza prozesua martxan jartzea ezinbestekoa da.

 

 

Ipar Euskal Herriko trenbideetako langileek grebekin jarraitzen dute

0

Atzoko lanuzteei segida emango diete ostiralean eta larunbatean.

SNCFaren erreforma eta bereziki langileen egoerarena salatzeko, treinbideetako langileak greban dauden apirilaz geroztik, astean bi egunez egiten ari diren lanuzteekin. Ekainaren 28ra arte horrela jarraitzea dute aurreikusita, akordioak lortu ezean. Atzo berriro irten ziren kalera, eta ostiral eta larunbatean mobilizazio gehiago egingo dituzte. Besteak beste, Pauen manifestazio bat egingo dute larunbatean.
 

 

 

Konponbidea errefuxiatuen eta presoen itzulerarekin eta Palestinaren autodeterminazio eskubidearekin emango da

0

Nakbaren 70. urteurrenean hondamendiak jarraitu egiten du Palestinan.

Gaur palestinarrek hondamendia deitzen dioten NAKBA egunaren 70. urteurrena da. Nakba edo palestinar exodoa Palestinako Britainiar Mandatuaren gerra zibilean (1947-1948) eta 1948ko Arabiar-israeldar Gerran zehar gertatu zen 700.000 palestinar baino gehiagok bere etxetik egotzi edo ihes egin zutenean. Gaur egun Nakba horren ondorioz 7 milioi errefuxiatu palestinar daude.

Nakba edo hondamendiaren urteurrena testuinguru triste eta odoltsu batean dator gainera. Martxoan Itzuleraren Martxa Handia hasi zenetik Israelek protestan zeuden ehunkada Palestinar hil ditu, atzoko eguna odoltsuena izan zelarik 59 hildako eta 2.700dik gora zaurituekin.

1948an Israelgo estatua sortu zenetik Palestinako herriaren kolonizazioak ez du etenik, eta atzo, Jerusalemen Estatu Batuek haien enbaxada ireki izana kolonizazio horren legitimazioaren izebergaren punta da. Israelek inpunitate osoz palestinarrei lurrak lapurtzen jarraitzen du, eta palestinarrak haien lurretatik kanporatzeko estrategia horretan berdin zaie zenbat palestinar hil, atzoko egunean ikusi genuen bezala.

Orain denbora gutxi bertatik bertara ikusi ahal izan genuen bezala, egoeraren krudeltasuna eta palestinarren aurkako etengabeko zapalkuntza politiko, ekonomiko eta soziala hitzekin azaltzea zaila egiten den arren, atzo guztiok ikusi genituen Gazako irudiek argi erakusten dute zertaz ari garen hitz egiten.

Gaur egun 7 milioi errefuxiatu Palestinar daude eta 6.119 preso politiko errefuxiatu horietatik 300 baino gehiago haurrak. Bitartean, Israelek Palestinako lurretan kokaleku kolonoak eraikitzen jarraitzen du, palestinarrei lurrak eta errekurtso naturalak lapurtzen eta kolonoak babesteko lurraldea militarizatzen Palestinarrei tiro egiteko inpunitate osoz.

LAB sindikatutik Palestinako langile klaseak pairatzen duen egoera nabarmendu nahiko genuke. Langabezia eta prekarietate tasa altuak, nekazaritza lurren lapurreta, lan baimena lortzeko zailtasunak, Israel barrura lan egitera joateko ordu luzez jasan beharreko “check-point” edo kontrol iraingarriak, lan osasun eza… Hauxe izan zen Palestinako sindikatuek deskribatu ziguten errealitate gordina eta gure begiekin ikusi ahal izan genuena.

Gauzak horrela, LAB sindikatutik Palestinaren okupazioa eta kolonizazioa gaitzesten dugu. Hemendik Palestinaren kontrako biolentzia bukatu dadila exijitzen dugu eta Palestinak pairatzen duen gatazka politikoari irtenbide justu eta demokratikoa bilatzea exijitzen dugu. Gure aldetik, Palestinaren askatasunaren alde borrokan jarraituko dugu, kontziente izanik konponbidea errefuxiatuen eta preso politikoen itzulerarekin eta Palestina historikoaren autodeterminazio eskubidearekin emanen dela.
 

 

 

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebak %65eko jarraipena izan du

Manifestazio jendetsua egin dute Bilbon, 6.000 pertsona inguru bildu dira, eta biharko ere greba eguna deituta dago.

EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxe guztietako langileentzako da gaurko eta biharko greba: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa, Lanbide Heziketa, Hezkuntza Laguntzako Espezialistak eta Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonala.

Hain zuzen ere, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deitu dugu, eta pozik azaldu gara gaurko mobilizazioekin.
 

 

 

Urrian izango da Emakumeon Mundu Martxaren Nazioarteko Topaketa, Bilbon

“Batu indarrak, urrutira goaz! Gure gorputzen eta lurraldeen burujabetzara!”, hori da Emakumeon Mundu Martxaren XI. Nazioarteko Topaketei harrera egiteko hautatu duten lema. Urriaren 22tik 28ra bitartean, Bilbon izango da Nazioarteko Topaketa. Aste osoan zehar, 40 herrialdetako 130 emakumek baino gehiagok hartuko dute parte, herrialdeetako ordezkariak batzuk, eta antolakunde aliatuak besteak. Agerraldiua egin dute gaur, xehetasunak emateko.

Hauxe da Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxaren oharra:

2016an, Mozambiken egin zitzaigun Nazioarteko Topaketa Euskal Herrian egiteko proposamena, eta gustoz onartu genuen erronka Euskal Herriko Mundu Martxaren asanblada irekian.

Euskal Herriko mugimendu feministak duen indarra da Topaketak hemen egitearen arrazoi nagusia. Eta noski, Mundu Martxak herri honetan izan duen izaera herritarra eta aliantzak sortzeko gaitasuna ere bai. Baina horrez gain, kontuan izan dugu, munduko hainbat txokotatik datozen askotariko emakumeentzat leku seguruagoa dela Euskal Herria. Badakigulako zenbait herritan nolako jazarpena bizi duten bizitzaren defendatzaileek, lesbianek, emakume borrokalariek… Hemen, baditugu espazio seguru bat sortzeko baldintzak, eta horretan saiatuko gara.

Urriaren 22an, arratsaldez, izango da Topaketaren irekiera. Ekitaldi irekia izango da eta bertara gonbidatzen dugu mugimendu feministako emakume oro, herri mugimenduko feministak, eta orokorrean, Euskal Herriko jendarte feminista.

Behin hasiera emanda, Nazioarteko Topaketak bere egitarau propioa izango du: urriaren 23tik 26ra herrialdeetako delegatuek eta antolakunde aliatuetako ordezkariak Bilboko Bizkaia Aretoan bilduko dira. Alde batetik, testuinguru orokorraren eta honek emakumeongan duen eraginaren inguruan hausnartuko dute. Eta bestetik, V. Nazioarteko Ekintza antolatzeari ere ekingo diote. Azken Nazioarteko Ekintza 2015ean egin zen, gogoan izango duzue nola pasa zen karabana feminista Euskal Herri osotik. Bada, hemendik bi urtera, 2020an izango da hurrengoa.

Nazioarteko Topaketen aukera baliatuta, Euskal Herrian geure egun propioa antolatzeari ekin diogu: FEMINISTON HERRIA. Urriaren 27an, larunbata, espazio ireki bat sortuko dugu, hemen, Bilboko Areatzan.

Feministon Herria alternatiba eta erresistentzia feministak erakusteko lekua izango da. Euskal Herriko eragile eta talde feministak euren herri eta hirietan etengabe ari baitira alternatibak eraikitzen, Emakumeon Mundu Martxaren lau ekintza eremuetan: Sistema arteko indarkeria, bizitzaren iraunkortasuna, gorputzak eta sexualitateak eta sarean lan egitea eta aniztasunaren kudeaketa. Herri eredu berri baten alde, herri feminista baten alde sortuko dugu Feministon Herria.

Emakumeon Mundu Martxaren plataforma osatzen dugun sentsibilitate eta gorputz anitzak ikustarazteko espazioa izango da Feministon Herria: lesbianak, migranteak, aniztasun funtzionala duten emakumeak, emakume baserritarrak, neska gazteak eta ertzetan gaudenak, beste askoren artean. Aldi berean, Topaketan parte hartzera etorri diren herrialdeetako ordezkariak eta Euskal Herriko mugimendu feminista elkartuko dituen leku bat sortu nahi dugu, asko baitugu elkartrukatzeko.

Baina aurtengo gure proiektuak ez dira urriko azken astera mugatzen. Erailketa sexisten kontrako protokoloa indartzeko eztabaida prozesu bat dugu martxan, kolektibo anitzengana heltzeko protokoloaren askotariko euskarriak sortzen ari gara, gure asanblada irekiak ditugu, eta gorputzen eta lurraldeen burujabetzaren inguruko formazio saioak egingo ditugu. Gainera, Topaketarako motorrak berotzen joateko irekia izango den formazio jardunaldi bat egingo dugu irailaren 28 eta 29an Iruñean, sistemarteko indarkeriaren eta lurralde eta gorputzen burujabetzen inguruan.

Kontu hauen guztien inguruko informazioa ematen joango gara, horretarako web orri berritu bat dugula esan behar dizuegu: www.emakumeenmundumartxa.eus, eta noski, sare sozialeran ere joango gara informazio ematen. Eta zuen aldetik edozein ekarpen egin edo prozesuan parte hartzeko gogoa baduzue, idatzi emakumemartxa@gmail.com helbidera, eta gustoz hartuko dugu.

Herri feminista bat eraikitzeko prozesua kolektiboa da, ez dugu zalantzarik: gutako bakoitzarena, Euskal Herriko mugimendu feministarena, eta sistema kapitalista, heteropatriarkar, arrazista eta kolonial honek zapaltzen dituen lurralde eta mugimenduena… DENONA! Elkarrekin goaz, emakume borrokalari askok ireki zuten bidean, eta esan dugun moduan, urrutira heltzeko asmoa dugu: gure lurraldeen eta gorputzen burujabetzara! Bide horretan, Nazioarteko Topaketa eta Feministon Herria urrats bat gehiago izatea nahi dugu, atzera bueltarik gabeko beste urrats bat.

Askotan errepikatu dugun bezala: martxan jarraituko dugu denok aske izan arte! Batu indarrak, urrutira goaz!

 

 

 

Kubaren egoera bertatik bertara aztertu eta ezagutu dugu

0

Maiatzaren Leheneko mobilizazioak ez ezik, beste jarduera garrantzitsu batzuk ere antolatu dituzte hilabete honetan Habanan. Hain zuzen ere, Kubako Langileen Zentralak, CTC-ek, Nazioarteko Elkartasun Topaketa egin du.

LAB sindikatuak CTC-k antolatutako Nazioarteko Elkartasun Topaketan parte hartu du Habanan. Bertan bildutakoek Kubaren egoera eta bere kanpoko politika aztertu ditugu. Honekin batera, munduko kontinente guztien egoeraren azterketa ere egin dugu.

Bestalde, nazioarteko ordezkarien aldetik, bereziki, Palestinarekiko eta Lula Da Silvarekiko elkartasun keinuak ere egon dira.

LABen izenean, Imanol Karrerak hartu dun parte, Iraultzarekiko gure elkartasun eta konpromiso iraultzailea adieraziz eta kapitalismoak langileoi inposatzen digun prekarietatea, pobrezia eta heriotza salatuz. “Horrela, Espainiko estatuaren inboluzio politiko eta sozialaren aurrean, Kubak bezala, borroka egingo dugu Euskal Herri duin, independiente eta internazionalistaren alde”, adierazi du Karrerak.

Diaz-Canel bere ardura berriagatik ere zoriondu dugu.

 

 

 

41 langileren kontratazioa mugagabe bihurtzea lortu dugu ETBn, iruzurrari aurre eginda

0

LABek agerraldi bat egin du gaur, azken urteetan Euskal Telebistaren kontratazioaren inguruan izandako epaiketen ondorio garrantzitsuak azaltzeko eta sindikatuak gaiari buruz egindako txostena aurkezteko.

Oraindik ere lan poltsak eta kontratazioak era zuzen eta gardenean egiteko bidea egin beharra dago, Zuzendaritzak langileen eskubideak eta legeak urratzen jarraitzen duelako.

Azkenengo urteetan, zerbitzu publiko gehienetan behin-behinekotasunean oinarritzen den eredu bat bultzatu du EAJk. Enplegua egonkortu beharrean zerbitzu publikoak merkantilizatzeko neurriak sustatu ditu, eta hortik Europatik etorritako sententziak. Gaur egun mantendu nahi duten kontratazio eredua iruzurrean oinarrituta dago. Zoritxarrez, instituzioetatik hain larria den gaien inguruan, enplegua eta zerbitzuen kalitatea, negoziatzeko borondatea erakutsi beharrean, bide juridikoak hartzera behartu gaituzte kasu askotan, adibide argia EITBkoa.

ETBko LAB egiten ari den lana ez da amaitu, eta dagoeneko salaketa gehiago prestatzen ari da, Zuzendaritzak ez duelako inolako asmorik agertu egoera zuzentzeko. Kontran, kontratazio politika horrekin jarraitzeko asmo garbia du, eta legea betetzen duela esatera mugatzen da. 41 sententzia, eta oraindik baieztapen hori mantentzeko lotsa du EITBk.

EITBko Zuzendaritzarentzat sindikatuak eta epaitegiak sobera daudela frogatzeko beste adibide larri bat pairatu ahal izan dugu EAEko Auzitegi Nagusian izandako azken epaiketan. Hau da, hemengo epaitegiak eta sindikatuak gainetik kentzeko estrategian, gatazka kolektiboak Madrilera desbideratzeko erabakia hartu du, non euskal sindikatuok betatuta dugun ekimen juridiko aktiboa. Eusko Jaurlaritza bat al dator lan harremanak Madrilera bidaltzeko erabaki honekin?

LABek salatzen du ETB bere sorreratik modu partidistan erabili duela EAJk, eta komunikabide publikoa berea balitz bezala jokatzen jarraitu nahi duela. Salatzekoa da ere, txostenean agertzen diren bidegabekeriak ikusita (langileei eragin dieten prekarietatea, jakinaren gainean egindako lan hitzarmen eta legeen urraketa, diru publikoz ordaindu behar izandako kalte ordainak eta epaiketa gastuak…) erantzulerik ez egotea. Administrazio eta enpresa publikoetan kontratazioetan halako bidegabekeriak egin eta zigorrik ez egotea.

2000. urtearen bueltan, ETBko LABek dagoeneko kontratazioan ematen zen prekarietatearekin eta iluntasunarekin amaitzeko helburua estrategikotzat hartu zuen, eta azpikontratazioarekin eta langile egiturarekin batera, kontrataziorako lan poltsak eratzea ardatz gisa hartu zuen, bai negoziazio kolektiboan zein ekintza sindikalean ere. Erronka epe luzekoa eta zaila izango zela jakinda, argi zegoen hura zela bidea. Azken urteotan apustua emaitza onak ematen hasi dela garbi ikusten hasi gara.

Behin kontratazioaren gardentasuna lortzen hasita, datu argiagoekin lan egin ahal izan dugu, eta iruzurrak azaleratzen hasi dira. Honek, eta lan poltsa objektiboekin aritzeak, errazagoa egin du kaltetutako langileekin bat egitea. Kasuz kasu aztertu eta salaketa mota ezberdinak aurkezteari ekin genion. Txostenean agertzen den bezala, oraingoz 41 langileri «mugagabe ez finko» kontratua egin behar izan zaie epaitegiek hala aginduta: 13 ustezko autonomo kontratu; lan hitzarmenean agertzen ez den “artista” kontratuak 12 kasutan; eta kontratuak gaizki egiteagatik beste 16 langileri.

Epaiketa hauek guztiak prestatzeko egindako lan eskergan datu mordo bat aztertu behar izan ditugu, eta hainbat kasutan langileek beraiek ezagutzen ez zituzten egoerak azaleratzeko aukera eduki dugu. Txostenean jasotzen da adibidez:

• Korrespontsalietan autonomo kontratuak egin dira: autonomoetan altan eman gabe; Gizarte Segurantzan kotizatu gabe; BEZik ordaindu gabe.

• Egunkako kontratu mordoak, horrek dakarren ezegonkortasunarekin: 17 urtetan adibidez hiru langilek 600, 1.000 eta 1.300na kontratu eduki dute.

• Gizarte Segurantzari egindako iruzur bikoitza: erakundeari berari eta langileei 7 lan egunengatik bakarrik 5 kotizatu izan zaielako. Hemengo langileei pentsioetan egindako lapurreta ez da kasu honetan Madrilen errua.

• 8 langileri ia milioi erdi euroko kalte-ordaina ordaindu zaie. Langile hauek lan poltsan daudenez kontratatzen jarraitzen du enpresak.

• Diru kopuru horrez gain, kanpoko zerbitzu juridikoen gastua, ez dela txikia izango.

Kontratazioak zuzentzeko bidean, eta langile egitura zehazteko borroka honetan beste arazo garrantzitsu bat sortu du Zuzendaritzak, berriro ere ETBko sindikatuekin sinatutako akordioa urratuz. Hau da, Lan Hitzarmenean jasota daukagu heriotzagatik, erretiroagatik, edo bestelako arrazoirengatik joandako langile bakoitzagatik beste lanpostu bat sortzeko konpromisoa, bakanteak betetzea alegia. Oraingoz 66 diren bakante hauen arazo honekin (48 Bilbon eta 18 Miramonen) dagoeneko salaketa bana jarri dugu Bizkaiko eta Gipuzkoako Lan Ikuskaritzetan, bi lan zentroetako langile egiturak bermatzeari begira bide juridikoa ireki asmoz.

Akordioa ez betetzeko asmoa garbi adierazi du Zuzendaritzak. Langile egitura handitu egin behar dela garbi adierazten dituzte datuek eta epaiek, baina ETBren estrategia beste norabidean doa, egitura hustearena hain zuzen ere, bai Bilbon zein Miramonen ere.

Aipagarria ere beste aldetik gestoreen sistemaren kontra bete-betean emandako epaia, zeinaren bitartez ardura postuak ezin dira atzamarrez eta lan hitzarmenetik kanpo eman. LAB beti egon da sistema ilun honen kontra: gutxi batzuentzat sariak, gehienentzat prekaritatea, eta guztientzat irregulartasuna. Okerrena, gestore sistema honek langile egituran duen eragina eta lan harremanen desarautze orokorra. Ezinbestekoa da sistema hori bertan behera botatzea eta bere menpe dauden langile guztiak berriro ere langile guztion Lan Hitzarmenaren babespean jartzea.

LABek noski, ETBk behar duen langile egitura bermatzeko borrokan jarraituko du, eta egitura hau behar bezala bete dadin ere bai: gardentasunez eta objektibotasunez. Horretarako irregulartasunak eta prekaritatea pairatzen dutela ikusten duten langile guztiei gure gonbita eta laguntza eskaintzen diegu. Arazoari heldu zapaltzen jarraitzen ez uzteko, lan eta bizi baldintzei duintasuna emateko.

 

 

 

Modu positiboan baloratzen dugu Bizkaiko Zerbitzuguneen Hitzarmen Kolektiboan akordioa lortu izana

0
LABek, azkenengo proposamenaren aurrean sinadurarako borondatea erakutsi izan du; horrela, eragin orokorreko hitzarmen berri bat lortzeko gehiengo sindikala lortu da behingoz.

Pasa den apirilaren 27an ospatutako batzarraren ondoren, enpresen erantzuna entzuteko deituta geunden gaur sindikatu guztiok. Patronalak argia berdea eman dio EAEko KPIaren erreferentzia erabiltzeari 2019ko soldata igoerarako. Ondorioz, hitzarmen berri honek ekarriko dituen igoerak honako hauek dira:

– 2017: %1,2a
– 2018: %1,4a
– 2019: KPIa (EAE).

Hau ez da hitzarmen berriak ekarriko duen hobekuntza bakarra: inaplikazio klausula berritu egin da baita ere (Gipuzkoako Papera eta Kartoiaren Hitzarmenak dakarren klausula bera izango dugu). Modu honetan, hitzarmenean jasotzen diren alderdi guztiak babestuagoak egongo dira lan- erreformarekin batera etorritako tresnen aurrean. Garraio osagarria handitu egin da: 0,10€/km bakoitzeko. Gainera, ezgaitasun iraunkorra aseguruaren estalduraren barne aurreikusiko da. Adierazi behar dugu, hitzarmen berri honek, azkenik, hizkuntza inklusibo eta ez-sexista mantenduko duela bere atal guztietan.

Ez da negoziazio erraza izan.18 hilabete luze hauetan gure plataformaren defentsak tentsioz beteriko uneak sortarazi ditu, guztiontzat desatseginak direnak. Baina eutsi egin dugu. Hasiera-hasieratik ohartu genuen, bermerik gabeko hitzarmenik sinatuko ez genuela eta jarrera hori mantendu dugu hilabete guzti hauetan zehar.Aurreko hitzarmenean, KPIarekiko lotura guztiak galdu ziren, eta horregatik ez zuen LABek sinatu.

Mahai honetan izan dugun mandatua hitzarmen hori hobetuko zuen akordio bat lortzea zen, bermeak barneratuko zituena eta ez murrizketak. Behin hori lortuta, LABek sinatzea erabaki du.

Langile guztiak zoriondu nahi ditugu, eta izan duten konfiantza eskertu. Garaipen hau guztiona da,zorionak!

Hitzarmena lortu dugu. Gure lana hemendik aurrera lan zentro guztietan errespetatzen dela bermatzea eta zaintzea izango da.
 

 

 

Kelvion enpresako langileek hitzarmenaren aldeko lanuzteak gogortuko dituzte

0

Igorren dagoen enpresa multinazionaleko langileek lanuzteak gogortuko dituzte, bihartik aurrera. 90 langileek 2017tik ez dute hitzarmenik eta behin eta berriz egin diote enpresari negoziatzeko eskaera.

Zuzendaritzak ez du enpresa hitzarmena negoziatzeko borondaterik azaldu eta enpresa- batzordeak behin eta berriro eskatu du negoziaketa martxan ipintzeko. Enpresak ezezkoarekin erantzun du behin eta berriz.

Urte horretan lan zama izugarria izan zen Igorreko tailerrean. Langileak atal batzuetan produkzio errekorra egin dute. Hala ere, behin negoziaketa mahaia irekita, enpresak ez du soldata-igoerarik aplikatu nahi 2017rako.

Langileek erabaki horren kontra azaldu dira eta mobilizazioak hasi zituzten. Apirileko bi astetan kontzentrazioak egin zituzten. Orain dela bi aste, lau orduko lan uztea egin zuten. Pasa den asteko bi egunetan, 4 ordutako lan uzteak egin zituzten.

Bihartik aurrera mobilizazioak gogortuko dituzte, 4 ordutako lanuzteak egingo dituzte txanda bakoitzean (goiz, arratsalde eta gau) maiatzaren 15, 16 eta 17an. Datorren astean, 21etik 24ra, astelehenetik ostegunera. Hurrengo astean, maiatzaren 28tik ekainaren 1era egingo dituzte lanuzteak, astelehenetik ostiralera.

Langileak lan egin dute eta lanean jarraitzen dute topera. Onartezina iruditzen zaigu, lana izanda eta izandako produkzio zenbakiekin, enpresak lan soldata igoerarik ez eskeintzea. Lana banatu egin behar da, baina aberastasuna ere bai. Bizi duinak izateko lan baldintza duinak behar ditugu. Beste behin ere argi geratzen zaigu miseria eta pobrezia banatzeko bakarrik daudela prest, aberastasuna kendu egin behar zaiela. Aberastasuna kentzeko modu eraginkor bakarra langileen antolaketa eta borroka da.