2026-01-21
Blog Page 773

Ekainaren 2an Iruñera joateko deia egin du Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren Koordinazio Nazionalak agerraldi bat egingo du gaur Bilbon, Iruñean ekainaren 2an egingo den Alternatiben herriari bere babesa erakutsi eta herritarrei bertaratzeko deia egiteko. Iaz Bilbon egin zuten Alternatiben Herria, eta aurten Iruñeak hartu du lekukoa.
 
Bizitza burujabeak eskubide osoz eraikitzeko asmoa dugu, eta horretarako, nahitaezkoa da kapitalismo heteropatriarkaletik desentxufatzea.

Iruñeako deialdi hau ez da zerotik hasten, Baionakoa eta Bilbokoa izan ziren aurretik. Gaur egungo eredu sozial eta ekonomikoa gainditzeko proposamenak garatzea gure esku dagoela erakusteko antolatu dugu mobilizazio hau, aldaketarako indarra badugula eta posible egiteko burujabetza behar dugula ozen aldarrikatzeko. Proposamen asko ditugu eta beste asko jorratzen hastea dagokigu.

Gure asmoa, dagoeneko martxan dauden eta egingarriak direla erakutsi dugun proiektuak erakustea da. Gaur egungo eredu sozial eta ekonomikoa gainditzeko proposamenak garatzea gure esku dago. Proposamen asko ditugu eta beste asko jorratzen hastea dagokigu.

Gure bizitza eta natura arriskuan daudela ohartarazi nahi dugu, desberdintasunak gero eta handiagoak dira, kapitalak aberastasuna bereganatzen du, aldaketa klimatikoa, eskubide sozialen galera, bazterkeria soziala gero eta larriagoa, baliabide naturalen xahutzea, pribatizazioak, patriarkatuaren indartzea, antolatzea eta erabakitzea eragoztea, produkzio eta kontsumo eredu jasanezinak…
N
eoliberalismoaren propagandak “errekuperazioa” du hizpide, herrien eta biosferaren egoera gero eta okerragoa denean, eta prekarietatea gero eta gehiago zabaltzen ari denean. Errefuxatuen aurkako Apartheidak argi erakusten du sistemaren perbertsioa: pertsonen eskubideak jaiotzen diren tokiaren araberakoak dira, edo dauzkaten ondasunen araberakoak. Europara beste kontinenteetako errekurtsoak ekartzen diren bitartean, pertsonei mugak ezartzen zaizkie. Aberastasun handienak gero eta handiagoak dira.  Desertifikazioa, aldaketa klimatikoa eta baliabideen agortzea gero eta larriagoak dira Kapitalismo bortitz honetan.

Hala eta guztiz ere, urte hauetan zehar alternatibak zabaldu eta sendotu dira. Hamaika kontsumo talde eta ekonomia aldatzeko proiektu daude martxan. Milaka pertsonek parte hartzen dute borroka sozialean, sindikalean, ekologistan, LGTBIQ+, denok izan dezagun bizitza duina.

Ekainaren 2a aldarrikapen eta festa eguna izango da, proposamen ugariren erakuslea, handiak nahiz txikiak, egunerokoan betetzen gaituztenak. Ekimena bera bezain garrantzitsua da antolatzeko modua. Auzolanean egitea proposatzen dugu, parte hartu, eztabaidatu eta elkarrekin eragin nahi duten eragile eta pertsona guztien artean.
Alternatibak badaudela eta martxan daudela erakutsi nahi dugu, sistema dela aldatu beharrekoa. Horregatik beste gizarte eredu bat aldarrikatzen dugu, erdian pertsonak jarriz. Ongi bizitzeko, pertsonen eta herrien beharrak asetzeko, geure burua zaintzeko eta Lurra zaintzeko, dominazio eta injustiziarekin bukatzeko.

Ekimen honen helburu nagusiak hauek dira:

• Martxan dauden alternatibak hedatzea eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko
• Mobilizazioaren eta gizartea aktibatzearen beharra azpimarratu, trantsizio soziala eta ekologikoa gauzatzeko
• Sareak sortu eta aliantzak egin eta indartzea Alternatiben Herria ospatu eta gero elkarrekin lanean jarraitzeko
Iruñeako erdigunean, bost auzoko herria antolatu dugu, bertan, kale animazioa, baikortasuna, hausnarketaeta batez ere, etorkizunez beteriko herria izango da.

Hauek dira antolatu ditugun auzoak:

• Herriak eta lurra: Energia burujabetza, klima aldaketa, honakinak, mugikortasuna, elikadura burujabetza, kontsumoa…
• auzoEKOnomia: finantzak, txanpona, ekonomia sozial eraldatzailea, aberastasunaren banaketa, enplegua…
• Burujabetza: Demokrazia eta parte hartzea: eredu ekonomiko, sozial kultural eta politikoa erabakitzeko eskubidea, parte hartze prozesua;herrien arteko elkartasuna…
• Bizi anitzak eta duinak: jatorria, identitatea, gorputzak, sexu- generoa, aniztasunaren kudeaketa…
• Arragoa: ondare komuna, hizkuntza, hezkuntza, kultura…
• Haurren errepublika: haur eta gazteek gune propioa izango dute beraien Alternatiben Herria irudikatzeko.
Programaziotik, honakoak azpimarratu nahiko genituzke:
– Goizean izango ditugun eztabaida mamitsuak: burujabetza pluralean, espetxea eta zigor eredua kapitalismoari alternatibak eraikitzea, eskoletako segregazioa, Nafarroako landa eremuko erronkak, trantsizio energetikoa, ekofeminismo eta ekosozialismoa, intersekzionalitatea eta aliantzak…
– EH Kantuzek, programazioan parte hartuko dute 1200 partaiderekin.
•Arratsaldeko 17.00etan Artxibotik abiatuko den kalejira feminista herrikoia
•Takonerako gune zentralean egingo dugun garagardo artisau azoka, bazkari herrikoia eta kontzertuak: Koban, The Sustraians eta Emma Maurice

Hau guztia burutzeko auzolana eta indar kolektiboa behar dugu, baita babes ekonomikoa ere. Crowfundinga ekainaren 2ra arte irekia dugu, Alternatiben Herria babestu azken txanpa honetan!

Ekainak 2an garai ilunenera itzuli nahi dutenen saiakeren aurrean, etorkizuna bermatuko digun orain koloretsua margotu nahi dugu
 

 

 

EAJk ez ditu aurrekontuak euskal langileon izenean onartu, kontrakoa esan arren

PPk negoziaketak banan bana egin baditu ere, emaitza hauxe da: EAJ, UPN, Cs eta PPk bat egin dute Espainiako aurrekontu orokorren onarpenean. Euskadiren izenean egin omen du akordioa EAJk; guk esaten diogu: euskal langileon izenean, ez.

EAJk bost aitzaki eman ditu eskuin espainolistarekin bat egitea zuritzen saiatzeko; LABen ustez, badira bost arrazoi sendo aurrekontu akordio tamalgarri hori deitoratzeko.

1. Hego Euskal Herriko langileria kaltetuko duen akordioa
EAJk bi urtez babesa eman dio PP-ri eta legegintzaldiaren amaiera bitartean jarraitzeko aukera eman dio. Honela, Espainiako Gobernuak garatzen dituen politika laboral eta sozialen erantzule bilakatu da. Besteak beste:

Gastu sozialaren murrizketa ikaragarria iraunkortzen da. Euroa duten herrialdeen gastu sozial txikiena du Espainiako Estatuak. Rajoy Gobernura iritsi zenetik %27 murriztu da, 19.000 milioi orotara.

Euskal langileen lan baldintzen estatalizazioa sustatzen da. Langile publikoen erosmen-ahalmena berreskuratzeari uko egiten diote aurrekontuek. Eta sektore publikoa garatzeko hamaika oztopo ezartzen.

Etxeko langileen lan baldintza prekarioak mantentzen dira, erregimen orokorrarekin hainbat alderditan homologatzea bost urtez atzeratzen baita.

Euskal pentsiodunen pentsioen murrizketa zilegiztatzen da. Aurtengorako planteatutako pentsio igoera eskasa gora-behera, 2012tik ezarritako murrizketak eta horien ondorioz eragindako pentsiodunen eros-ahalmenaren galera bere horretan mantentzen da. Euskal pentsiodunen %52k EAEn eta %57k Nafarroan 1.080 euro baino gutxiagoko pentsioa jasotzen dute.

Euskal langabetuen langabezia prestazioen murrizketa. Azken urteotako ildoari jarraiki, langabezia kobertura gabe jarraituko dute milaka euskal langile.

Zaintza beharrak dituzten euskal herritarren kontrako murrizketak. 2012tik menpekotasun egoerei aurre egiteko autonomia erkidegoetara bideratu beharreko 2.700 milioi euro ez dira iritsi; Nafarroak 12,8 milioi gutxiago jaso ditu eta EAEk 73,5 milioi gutxiago. Menpekotasun egoeran dauden lau herritarretatik batek ez du inolako laguntzarik jasotzen.

Gauzak horrela, nola esan dezake EAJk aurrekontu akordioak “Euskadiri” mesede egiten diola? Lortutako inbertsioek, batez ere, euskal enpresari jakin batzuei egingo die mesede; izan ere, PP-ren politikek, herritarren gehiengo zabala kaltetzen dute.

2. Inboluzio autoritarioa indartzen duen akordioa
PP-ren Gobernuak Kataluniako instituzioak kontrolpean ditu, 155. artikuluaren bidez. Govern legitimoa espetxean ala erbestean dago eta Govern berria askatasunez osatzea eragozten ari da PP. Atzo bertan burujabetza prozesuaren kontrako muntaia polizial bat gauzatu zen Katalunian.

Estatuan ematen ari den inboluzio autoritarioak Katalunia ez ezik Hego Euskal Herria ere mehatxupean dauka. Izan ere, EAE eta Nafarroako autogobernua etengabe murrizten ari da PP, lege organikoen bidez politika publikoak erabat baldintzatuz eta Auzitegi Konstituzionalaren bidez bertako legebiltzarren erabakiak bertan behera utziz. EAJk bere hitza jan eta inboluzio autoritarioari oxigenoa eman dio.

3. Ustelkeria zuritzen duen akordioa
Europako alderdi ustelena da PP. Kasik 1.000 inputatu ditu ustelkeriagatik. Aurrekontuak eztabaidatzen ziren bitartean Aznarren ministro ohi Zaplana atxilotu zuten. Hurrengo egunean, Barcenas eta enparauak ez ezik PP alderdi bera izan da kondenatua ustelkeriagatik. Ustelkeria hori guztia zuritu egiten du aurrekontu akordioak.

4. Hego Euskal Herriko gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren aurka egindako akordioa
Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala eta soziala Estatuko aurrekontuen aurka azaldu da. Baita EAEko legebiltzarra ere. EAJk euskal agendaren argudiatuz egin du akordioa, baina euskal gehiengo sozial, sindikal eta politikoaren iritziaren kontra egin du. Aurrekontuan babestu duten indar politikoak (PP, Cs, UPN eta EAJ) gutxiengoa dira EAEko legebiltzarrean eta baita Nafarroako legebiltzarrean ere. Guk UPN eta EAJri esaten diogu: gure izenean, ez. Ez duzue herri honen gehiengoa ordezkatzen.

5. Euskal presoak gatibu hartu eta bake bidea oztopatzen duen akordioa
ETAren desegitearen ostean, eta Kanboko ekitaldi bateratua kontraprogramatuz, agerraldia egin zuten Urkulluk eta Barkosek Bertizen. Bertan, espetxe politika garai berrira egokitzeko batzorde instituzional bateratua osatzea proposatu zioten Espainiako Gobernuari. Bada, PP eta UPNren arteko akordioak bide horri uko egin eta anakronikoa den Itun Antiterroristan kokatu du euskal presoen auzia. Honela, presoak gatibu hartu eta bake bidea oztopatzea adostu dute PP eta UPNk, eta EAJk men egin dio akordio horri.

 

 

 

Nafarroako Elkarrizketa Sozialaren Kontseilu iruzurtiarekin amaitzea ekidin dute

Atzoko egunean Geroa Baik, abstentzioarekin, eta I-Ek, kontrako botoarekin, deitutako Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluaren indargabetzea saihestu dute. Honetarako Erregimenaren indarrekin (UPN, PSN eta PP) lerrokatu dira eta hau LAB sindikatuarentzat oso larria da.

Erregimenaren Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua: iruzurra eta porrotaren historia
Elkarrizketa Sozialaren Kontseilua UPN eta PSNk pasa den legegintzaldiaren amaieran sortutako instituzioa da, elkarrizketa sozialeko eredu jakin bat, 1995etik CEN, UGT eta CCOOek monopolizatu dutenak hain zuzen ere, instituzionalizateko asmoz. Aipatutako eredu horrek ustezko "bake soziala" irudikatzen du, Patronalak lan erreformaren bidez langileriaren kontrako gerra egiten duen bitartean. Erabateko porrota izan da langileontzako, gure lan eta bizi baldintzak 1995ean baino kaxkarragoak baitira gaur egun. Elkarrizketa Soziala, gainera, Erregimen baztertzaile, ustel eta antisozialaren ardatz soziala izan da. Erabateko iruzurra CEN, UGT eta CCOOen pribilegioak mantentzeko, langileontzako izugarrizko gastua suposatu duena.

Errealitate sindikal berria
2016ko uztailetik Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluak ez du gehiengo sindikal bat ordezkatzen, UGT eta CCOOek gehiengoa galdu dutelako.

Lan harremanetan aldaketa baten beharra
Atzoko egunean, lan harremanetan nafar langileriak nahi duen aldaketa saihesteko Erregimenaren indarrekin bat egin dutenei gure alternatiba berriro aipatuko diegu: Nafarroan, lan harremanen eredu berria ezar dadila, lehenengo eta behin, ZER behar den (lan harremanen edukiak) eta jarraian, NOLA egin behar den (aipatutako edukiak garatzeko baliabideak) zehaztu.

Gobernua sostengatzen duten taldeei eskatzen diegu Nafarroako Eztabaida Sozialaren Kontseiluaren sorrera agintzen zuen 22/2014 legea indargabetzeari ekin diezaiotela, klientelismoan eta funtsa publikoen erabilpen bidegabean oinarritu eztabaida sozialaren eredua instituzionalizatzea dakarrelako.
 

 

 

Adegik ez du bermatzen hitzarmena betetzea; greba beharrezkoa da Adegi mugitzeko

0
Sindikatu guztiek apustu garrantzitsua egina dugu Gipuzkoako Eraikuntza sektoreko negoziazio honek hitzarmenaren aplikazioan jauzi bat emateko.

Gaurkoan Adegik LAB eta ELAk egindako proposamen bateratuari erantzun dio, hitzarmenaren betetzea hobetzeko neurriak jasotzen zituena. Bere erantzuna, gure proposamena edukiz hustutzea izan da, ez betetzeak eragozteko neurri guztiei ezezkoa eman baitie, ordu estren kontrola eta desagertzea, lan egutegia, obra publikoan langileen sarrera- irtereetan kontrol neurriak ezartzea, lan parteak derrigorrezkoak izatea eta prebentzio bitartekoen formakuntza. Neurri hauek ez dute inolako kostu gehigarririk suposatzen enpresentzat.

Gainera, Adegik ez du nahi hitzarmena betetzeko berme batzordeak obretan bisitak egitea informazioa eskuratzeko, eta ondorioz, kasu askotan ezinezkoa izango da hitzarmenaren ez betetzea frogatzea. Komisio horretara agertzen ez diren enpresei edota dokumentazioa aurkezten ez dutenei kontratuak etetea ere ez du onartzen, komisioaren beraren eraginkortasuna kolokan ezarriz.

Bere proposamenak, aurreko bileran esan zuen moduan legeak ezartzen duen kontu bat soilik onartzen du: Batzordeak egiaztatzen badu azpikontrata batek ez duela langileen soldata ordaindu, enpresa nagusiak soldata horiek ordaindu beharko ditu. Baina hitzarmena bera lege beharko luke eraikuntzako sektorean, eta Adegik ez du bere aplikazioan urratsik eman nahi.

Beste edukiei dagokienean, Adegik ez du mugimendurik egin, %0,4ko soldata igoera gehigarria besterik ez.

Negoziazio mahaia agortua dagoela iruditzen zaigu, eta edukietan, eta hitzarmenaren aplikazioan urratsak emateko tresna eraginkorrak lortzeko mobilizazioetara jo behar dugu.

LAB eta ELAk proposamen bateratu bat aurkeztua dugu, eta adostasuna dugu grebak egitearen inguruan. Hau da akordioa hobetzeko eta hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko urratsak emateko. Gure proposamen bateratua defendatu behar dugu. Defendatu, determinazio osoarekin. Orain arte emaitzak lortu ditu. Aukerak ditugu. Patronalari eskatzen diogunak ez du kostu ekonomikorik enpresentzat, hitzarmena betetzen badute. Grebaren garaia da.
 

 

 

Arabako Etxez Etxeko Laguntzako sektorea grebara atera da


Arabako Etxez-Etxeko Laguntza sektoreko emakumeak kalera irten dira lan baldintzetan hobekuntzak aldarrikatzeko eta kalitatezko gizarte zerbitzuen alde.

2012. urtetik dago hitzarmena ultraktibitatean, ia 8 urte pasa dira soldata eta ordainsarietan hobekuntzarik gabe, eta denbora honetan zehar 500 kaleratze baino gehiago estali dira.

Lan baldintzek ez dute kontziliaketarako tarterik uzten, egunean 10 ordutako disponibilitatea baitaukate, nahiz eta gero bakarrik egun osoan zehar zatitzen den 3 ordutako jardunaldia izan. Horrelako baldintzetan askok ez dira soldata minimora iristen eta RGIa eskatzera behartuak ikusten dira. Horretaz gain, pairatzen dituzten gihar eta hezurretako gaixotasunak ez dira lanekoak bezala aitortzen.

13 lanuzte baino gehiago egin ostean, Instituzio eta Enpresen aldetik ez dugu lan baldintzak hobetzeko proposamenik jaso, horregatik, gaur maiatzaren 24an, grebara irten dira.
 

 

 


“Ez dakigu EAJ noren izenean ari den, gehiengo sindikal eta sozialak aurrekontuen aurka dagoela argi utzi duenean”

PPren aurrekontuek krisian sakontzen dutela nabarmendu du LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, ETBko "Egun on Euskadi" saioan.

Euskal Telebistako “Egun on Euskadi” saioan izan da gaur LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk, eta Espainiako aurrekontuei buruz hitz egin du, besteak beste. Hain zuzen ere, EAJ gogor kritikatu du PP babesteagatik, eta jeltzaleek erabilitako argudioak salatu ditu: “Euskadiren izenean adostu dituztela diote, baina ez dakigu EAJ noren izenean ari den; ez dakigu EAJ noren izenean ari den, herri honetako gehiengo sindikal eta sozialak aurrekontu horien aurka dagoela argi utzi duenean"”.

LABeko idazkari nagusiak eduki batzuk aipatu ditu, eta aurrekontuek krisian sakontzen dutela nabarmendu du. Esan du enpresa pribatuen onurarako eginak daudela, porlana eta zementuaren aldeko apustua egiten duela eta, pentsioei dagokionez, adierazi du pentsiodunen eros ahalmena ez duela bermatzen.

EAJren kontraesanei buruz ere aritu da, eta, aldeko botoa 155. artikulua indarrean egonda emateagatik “hitza jan” duela esateaz gain, 155. artikuluaren beraren mehatxua ez dela desagertuko azpimarratu du. Bitartean, estatutu berriaren hitzartzean erabakitzeko eskubidea defendatzeak ez duela zentzurik erantsi du: “Inkoherentzia bat da”.

Maiatzaren 30erako estatalizazioaren aurka deitutako lanuzteei buruz ere hitz egin du Garbiñe Aranburuk. Akordio Interprofesionalaren aurkako inpugnazioa erretiratu izanak ez duela mehatxua desagerrarazi azaldu du: “155. Artikuluarekin gertatzen den gauza bera da”.

 

 

 

Alternatiben Herriaren crowdfunding kanpainarekin egin dugu bat

LABek ekarpena egin dio Alternatiben Herria dinamikak abiatutako crowdfunding kanpainari. Hain zuzen ere, Alternatiben Herria ekainaren 2an izango da Iruñean, eta hamarnaka eragile sozial zein sindikal konprometitu eta murgildu gara antolaketan, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren babesean.

 

 

 

Astelehen arratsaldean Bilboko Ingeniaritza Eskolan izandako istripu larria salatzen dugu

0
LABek salatu nahi du ere UPV/EHUko Zuzendaritzak ez dituela bete legez bete beharreko neurriak, hots, prebentzio delegatuei gertatutakoaren berri eman eta istripu larriaren ikerketan parte hartzeko aukera eman.

UPV/EHUko LAB sindikatuak iragan astelehen arratsaldeko lehen orduan Bilboko Ingeniaritza Eskolaren II. Eraikinean izandako istripu larria salatu nahi du. Horren ondorioz, langile bat arauak betetzen ez dituen eskailera batzuetatik behera jausi eta kolpea jo zuen buruan, hasieran konortea galdu gabe. Berarekin zihoan langileak artatu zuen eta eraikinaren atezaintzara joan zen urgentziazko zerbitzuetara (112) deitzeko. Zerbitzuok lekuan bertaratuta, langilea artatu eta, egoeraren larritasunagatik, Gurutzetako Ospitalera eraman zuten. Ondoren, jakin dugunez, langileak konortea galdu zuen eta egun koman dago, oso larri.

LABek gertatu denaren larritasuna salatu nahi du. Istripu larria ahalbidetu duten irregulartasunak ugariak izan dira. Besteak beste, larrialdietarako atea kanpotik zabaldu eta sartu egin baitzen langilea eraikinera, horretarako administrazioak bere txartela ahalbidetu zuelarik. Bestetik, ez delako lehen aldia eskailera horretan istripua edota lan osasunarekin zerikusia duen gertakariren bat gertatzen dela. 2015. urtean beste istripu bat gertatu zen gutxienez, zeinaren ondorioz langileak besoa eta eskumuturra jo eta zauritu zuen. Eta urte berean ere, buruan jo eta zauri arinak izan zituen beste langile batek.

Baina, nahiz eta 2015ean UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuak gertakari biak ikertu eta txosten bana egin, eta ez ateak ezta eskailerak ere arauak ez zituela betetzen ondorioztatu eta neurri prebentiboak planteatu, Unibertsitateko Zuzendaritzak ez ikusiarena egin du.

Orain, UPV/EHUko Prebentzio Zerbitzuaren Bilboko Eremuan Teknikariak egindako Txostena ere badago. Eta argia da: “Desde la apertura del centro (2013) existe esta puerta para el acceso del personal tanto del PAS y del PDI cuando se encuentra cerrado, no existiendo un control de acceso”, nahiz eta ate hori larrialdietarakoa baino ez izan. Halako beste ate bat ere badago lehengo Meatze eta Herri Lanen Eskolara sartzeko. Teknikariak ondorioztatzen duenez, “se puede concluir que la CAUSA del accidente es el disponer de un acceso a un edificio cuando dicho acceso no cumple la normativa”.

Teknikariak bere txostenean neurri zuzentzaileak ere proposatzen ditu: “Prohibir cualquier tipo de acceso al edificio por dicha escalera. Retirar los permisos existentes. Puerta que se debe considerar solo como “salida de emergencia”. Como se aprecia (…) es una puerta que se utiliza frecuentemente”. Bestalde planteatzen du “adecuar escalera a normativa en cuanto a barandillas, ya que está considerada dicha escalera y puerta como salida de emergencia”, baita ere “revisar la iluminación de dicho tramo de escalera ya que (…) no funciona una de las luminarias”.

Antzeko neurriak planteatuta zeuden 2015ean egindako txostenetan. Baina Prebentzio Zerbitzuak proposatutako neurririk ez da aurrera eraman.

LABek salatu nahi du ere UPV/EHUko Zuzendaritzak ez dituela bete legez bete beharreko neurriak, hots, prebentzio delegatuei gertatutakoaren berri eman eta istripu larriaren ikerketan parte hartzeko aukera eman. Hau ere ez da lehen aldiz gertatzen. Eta hori nahikoa ez balitz, Prebentzio Zerbitzuaren Teknikariari ere ez zitzaion horren berri eman. Kasualitatez, lankide batek esanda, izan zuen istripuaren berri. Eta istripu larria izanik, 24 orduko epetik kanpo ere jakinarazi zien unibertsitateak istripua lan-istripuen aitorpen elektronikoaren bidez. Eta ez dakigu UPV/EHUk Lan Ikuskaritzari eta Osalani jakinarazi dien.

Honengatik guztiagatik, LABek uste du erantzukizunak eskatzeko unea dela. UPV/EHUko Zuzendaritzak ezin du ezjakinarena ezta ezikusiarena egin, ezta ustezko ikerketa batzorde bat antolatu benetako ikerketa ez egiteko. NAHIKOA DA! UPV/EHUn erruleta errusiarrean jolasteari utzi behar zaio lan-segurtasun eta –osasunari dagokionez. Baten batek gertatutako guztiaren erantzukizunak hartu beharko lituzke bere gain. Ala, bestela, Errektore andreak baten bat duen arduratik kendu beharko luke, lan-segurtasun eta –osasun eremuan egindako akatsak eta utzikeriak konpontzen hasi nahi baditu behinik behin.

LABek larriki zauritutako langileari eta bere gertukoei elkartasuna adierazi nahi die. Bukatzeko, LABek UPV/EHUko langileak deitzen ditu euskal gehiengo sindikalak (LAB-ELA-Steilas) datorren ostiralean, hilak 25, Bilboko Torres Quevedo Ingeniariaren Plazan istripu larri hau salatzeko 12:00etatik 12:30etara antolatuko duen kontzentrazioan parte hartzera.
 

 

 

Lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte Tubacexeko langileek

0

Tubacexeko LAB, STAT eta LSB-USO sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu gaur Laudioko enpresaren atarian. Negoziazioak blokeatuta jarraitzen du, enpresak dioelako langileek baztertutakoa dela bere azken eskaintza. Egoera salatzeko bildu gara.