2025-12-19
Blog Page 77

LABek irmoki salatzen du Guardianen itxiera

LAB sindikatutik irmotasun osoz salatu nahi dugu Guardianek aurkeztuko duen Enplegu Erregulazio Espedientea. Horrek, 171 langileren kaleratzea ekarriko du eta Aiaraldeako eskualdean eta inplikatutako familietan izango duen eragina izugarria izango da.

LABetik ohartarazi genuen bezala, Guardianek aspaldi hartutako erabaki bati erantzuten dio itxiera honek. Ibilbide orri batekin ari da enpresa. Jarduera errentagarrienak deslokalizatzen hasi zen, eta ondoren, Glavistaren zatia putre funts bati saldu zion. Beste behin ere, argi dago, multinazional honek bere interes ekonomikoak lehenesten dituela langileen bizitzen gainetik. Orain Guardianekin gertatzen ari denak Glavistarekin gertatu zenaren ildo berari jarraitzen dio, nahiz eta LABetik bi enpresak bideragarriak zirela mahaigaineratu eta salatu izan dugun.

Garrantzitsua da azpimarratzea LABek ez duela Guardianek aurkeztu duen errelato faltsua sinesten eta ez dugula uste arrazoi objektibo fidagarririk dagoenik itxiera hau justifikatzeko, errentagarritasunetik haratago. Horregatik, erakunde guztiei eskatzen diegu, eta bereziki Eusko Jaurlaritzari, eskura dituzten mekanismo guztiak erabil ditzaten egoera honi buelta emateko eta Guardianentzat oraina eta etorkizuna bermatzeko. Ezin da onartu dirulaguntza publikoak jasotzen dituzten enpresek enplegua suntsitzen eta gure eskualdea prekarizatzen dituzten erabaki arbitrarioak hartzea.

LABetik elkarlanean antolatzen ari gara eta eskura ditugun tresna guztiak erabiliko ditugu itxiera hau geldiarazteko eta Aiaraldeko langile klasearen etorkizuna bermatzeko.

Hasieratik adierazi genuen borroka piztu behar genuela, Guardian amaiera honetara eramango gintuen erabakiak hartzen hasi zenetik. Onartezina da etekin ekonomiko soilak langileon, familien eta eskualde osoaren ongizatearen aurretik jartzea.

Amaitzeko, dei egiten diegu langile guztiei eta, oro har, gizarteari borroka honetara batzeko eta gure eskualdearen oraina eta etorkizuna defendatzeko.

Guardianen itxierari ez! Borrokak aurrera jarraitzen du.

Aiaraldearen etorkizunaren alde borrokan!

Gizain berriz mobilizatu da eta mobilizatzen jarraituko du bere langileen baldintzak foru administrazioko langileenekin parekatzea eskatzeko

LAB eta CCOO sindikatuok eginiko deialdiari erantzunez, Gizaingo langileek –Nafarroako gizarte zerbitzu publikoak kudeatzeko gobernuaren fundazioa– elkarretaratzea egin dute gaur goizean Iruñean, Eskubide Sozialen Departamentuaren egoitzaren parean, euren lan baldintzak foru administraziokoekin parekatzea eskatzeko.

Azaroaren 26ko grebaren ostean, LAB eta CCOO sindikatuok mobilizazio zikloa abiatu dugu gaur, aldarrikapen hori agenda politiko eta mediatikoan mantentzeko. Gutxi gorabehera bi astean behin Gizaingo langileek elkarretaratzea eginen dute, bai departamentuaren aitzinean eta baita lantoki ezberdinen ondoan ere.

LABek eta CCOOk mobilizazioak proposatzen jarraituko dugu, ia bi urte geldirik daramatzan egoera hau desblokeatzeko. Gure iritziz, onartezina da Nafarroako Gobernuak zuzenean kudeatzen duen enpresa publiko bat 2023ko hasieratik bere hitzarmenaren negoziazioan blokeo batekin egotea. Are gehiago, Gizaingo langile batzuk Nafarroako Ekintza eta Esku-hartze Sozialaren hitzarmen sektorialak adierazten duenaren azpitik ordaintzen ari dira.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuok gutxieneko soldata propio baten aldeko bidea ireki dugu

Herri Ekimen Legegilea zein Lanbidearteko Akordio proposamena langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta gizarte kohesioa eragiteko burujabetza ariketak dira. Era berean, munduko beste edozein herrialdetan bezala, Hego Euskal Herriko Lanbidearteko Gutxieneko Soldatak langile guztiei nahikoa den bizi maila bermatu nahi die

Sindikatuon arteko ezberdintasunen gainetik, Hego Euskal Herriko langileentzako soldata propio baten aldeko ibilbidea abiatu dugu, bai Herri Ekimen Legegilea erregistratuta, bai Lanbidearteko Akordio baterako eskaera luzatuta, EAEn zein Nafarroan.

Azken urteetan eskubide sozialen aldeko hainbat ekimen sozial eta sindikal izan dira, besteak beste, pentsio eta soldata duinen alde. 2020ko Greba Orokorrean gutxieneko soldata eta pentsioak izan ziren eragile sozial eta sindikatuon aldarrikapen nagusietako bi. Bost urteren ondoren, lemari berriro heldu diogu sindikatuok zein pentsionisten mugimenduak. Horregatik, ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuok bat egiten dugu pentsionisten mugimenduak pentsioak gutxieneko soldatarekin parekatzeko Herri Ekimen Legegilearekin eta sinadurak bilduko ditugu geuk ere.

Espainiako gutxieneko soldata oso baxua da eta ez dio erantzuten Hego Euskal Herriko egitura sozioekonomikoari, ezta langileok hauteskunde sindikaletan zein mobilizazio bidez erakutsi duten borondate berezituari ere. Gutxieneko soldata aberastasuna banatzeko eta pobrezia murrizteko tresna izan beharko litzateke, baina Espainiako gutxieneko soldatak ez du funtzio hori betetzen.

Esaterako, Hego Euskal Herriko antzeko egitura sozioekonomikoa duten herrialdeetan 2024an gutxieneko soldatak askoz altuagoak izan ziren: Alemanian 2.054 eurokoa, Britainia Handian 2.230 eurokoa, Belgikan 2.070 eurokoa, Luxenburgon 2.570 eurokoa, Herbehereetan 2.134 eurokoa, Irlandan 2.134 eurokoa edo Islandian 2.493 eurokoa (urteko 12 ordainsaritan). Onartezina da Hendaiako langileen egungo gutxieneko soldata 1.802 eurokoa izatea eta Irungo langileena 1.303 eurokoa (14 ordainsaritan banatzen den Espainiako LGSren kopurua, 12 hilabetetan banatuta).

Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ez da soilik hitzarmen kolektibo batzuentzako erreferentzia bat, langile guztiei eragiten dien araua baizik. Langile batzuk zuzenean jotzen ditu, soldata baxuenak jasotzen dituztenak (emakumezkoak*, pertsona migratuak, gazteak edo aniztasun funtzionala dutenak bereziki), eta beste langileei lagundu egiten die, erreferentzia gisa, soldata guztien gorako tendentzia eragiteko. Ekimen hauen helburua langile guztiei eragitea da, ez gutxi batzuei bakarrik.

Badira hainbat estatu munduan beren barnean gutxieneko soldata ezberdinak dituztenak; hala nola, Indonesia, Kanada, Estatu Batuak, Japonia, Errusia, Brasil edo Alemania. Espainiako Estatuaren deszentralizazioa ez da benetako botere banaketa ariketa bat, are gutxiago lan harremanei dagokionez. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuon ekimenak langile klasearen bizi baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta gizarte kohesioa eragiteko burujabetza ariketa da, Hego Euskal Herria bizi baldintza duinen aldeko borrokarako lurraldea izan dadin.

Sindikatuok bi ekimen jarri ditugu martxan, bata bestearen osagarri. Herri Ekimen Legegileak patronalarekiko presioa eragiten du Lanbidearteko Akordioa negoziatu dezan, bestela legezko araugintza etorri baitaiteke. Eta Lanbidearteko Akordioak eskumena eskualdatzeari bidea ireki diezaioke. Sinadura bilketa bera mobilizazio erraldoi bat izan dadila nahi dugu, eta etapa bakoitzean beste eragileen erantzunaren arabera, mobilizazio berriak antolatuko ditugu.

ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuok patronalari fede onez negoziatzea exijitzen diogu. Instituzioei ekidistantziak alboratzea eta langileen prekaritatea bultzatzen duen patronalari aurre egitea eskatzen diegu, eta beren ardura esparruetan administrazioetako langileei eta azpikontratatutako langileei gutxieneko soldata nahikoak bermatzea. Eta, azkenik, alderdi politikoei Herri Ekimen Legegilea babesteko konpromisoa galdatzen diegu.

Hego Euskal Herrian sindikatuak gizartearen pobretzearen eta lan-prekaritatearen aurrean mobilizatzeko aukera eskaintzen ari zaizkie, langileen artean ilusio handia sortu dezakeen ekimen sortarekin. ELA, LAB, ESK, Steilas, Hiru eta Etxalde sindikatuek beren onena emango dute ekimen hau modu arrakastatsuan bukatu dadin eta Euskal Herria kapitalaren diru gosearentzako lurralde oldarkorra izan dadin.

Nafarroako etxeko langileek asanblada irekia egin zuten larunbatean Iruñeko gure egoitzan

Antolatzea erabaki dute eta baita urte luzez ukatu zaizkien eskubideak elkarrekin aldarrikatzea ere. Nafarroan ez ezik, Bizkaia eta Gipuzkoan ere antolatu ditu LABek antzerako espazioak

Batzar irekia da sindikatuaren babesarekin egingo dituzten ekintzak erabakitzeko lehen urratsa. Hemendik aurrera, etxeak ez dira izango entzunak izango diren leku bakarra.

Gora etxeko langileen borroka!

Eusko Jaurlaritzak langile eta familiei bidalitako gutunaren aurrean, greba da bidea

LAB, STEILAS, ELA, eta CCOO sindikatuok salatu nahi dugu EAEko Hezkuntza Sailak izandako jokabidea unibertsitatez kanpoko irakasleen sektorean deitu ditugun lau greba egunen aurrean. Oso larria iruditzen zaigu Hezkuntza sailak irakasleen eta familien posta pertsonala erabili izana propaganda egiteko, familiak irakasleon kontra jartzeko eta grebak baldintzatzeko.

Propagandatik harago, hezkuntza publikoko langileen lan-baldintzekin gertatzen ari dena Eusko Jaurlaritzak gure herriko hezkuntza publikoa indartzeko duen borondate eskasaren adibide garbia da. Hamabost urte luze dira jada gure lan-baldintzak arautzen dituen akordioa berritzen ez dela. Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik izan hamabost urte luze hauetan, gurekin, bere langile garenokin, lan-akordio arautzailerik sinatzeko. Erakunde publikoek eredu izan beharko luketen horretan, Hezkuntza Sailak hamabost urte luzeko atzerapena darama.

Bestetik, gutunean hizpide izan dute egungo negoziaketaren nondik norakoa. Argi dago sindikatuok Hezkuntza Sailarekin negoziatzeko borondatea dugula, inork ez du halakorik ukatu, eta horrela jakinarazi diegu langileei asanbladetan greben zergatia azaltzerakoan. Asanbladaz asanblada ari gara azaltzen negoziaketa nolakoa izaten ari den eta zergatik den beharrezkoa greba dinamika hau. Aurrerantzean ere, langileekin ikastetxeetan bertan, eta ez gutun elektroniko bidez, gutunean Hezkuntza Sailak zerrendatutakoek non dituzten hutsune nabarmenak, konkrezio gabeziak eta abarrak azaltzen jarraituko dugu. Era berean, borrokan jarraituko dugu aipatu ere egin ez dituzten horien alde.

Ikastetxeetako batzarrez gain, mahai negoziatzaileetara joaten jarraitzen dugu nahiz eta mahai horietan edukirik ez egon. Hezkuntza Sailak agerian utzi du mahaiak eta bilerak langileekin negoziatzeko eta adostasunak lortzeko erabili beharrean, negoziaketa itxura emateko eta bere burua justifikatzeko tresna gisa erabiltzeko hautua egin duela.

Hezkuntza Sailak argi utzi digu ez duela dirurik inbertituko gure lan-baldintzak hobetzeko, eta ondorioz, hezkuntza publikoa indartzeko. Begi-bistakoa da, hortaz, borondate kontua dela, oraingoan ere. Ez dezagun ahaztu lan-baldintzak eta hezkuntza kalitatea txanpon beraren bi aldeak direla.

Honengatik guztiagatik, irakasleei eta familiei eskatzen dizuegu ez diezaiozuen biderik eman Hezkuntza Sailak gutunaren bidez bere burua justifikatzeko ariketa nabarmen honi. Familiek egunero-egunero ikusten duzue eskolako errealitatea eta ez dizuete gutun bidez ezer azaldu orain arte. Zuek, familiek harreman zuzena duzue hezkuntza publikoaren errealitatearekin eta horregatik ziur gaude greba hauen bidez elkarrekin borrokatuko dugula. Irakasleok ere egunez egun jasaten dugu gure ikastetxeetako lanpostuetan Hezkuntza Sailak duen utzikeria. Ez digute gutun bidez ezer azaldu behar, gu ere benetako errealitateaz jakitun baikara.

Batasun sindikala lortu dugu greba hauen aurrean. LAB, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuak batu egin gara, langileok askotan eskatu diguzuen moduan. Batu egin gara negoziaketak hutsalak direla denok ziurtatu dezakegulako. Lau sindikatuok deia egiten dugu grebara aho batez, eta ziur gara kaleak beteko ditugula.

CSS Confederazione Intersindicale Sardaren 40. urteurreneko ekitaldietan izan gara, sindikalismo soberanista indartzeko helburuarekin

Garbiñe Aranburu koordinatzaile orokorra eta Koldo Saenz Nazioarteko Harremanen Cagliarin (Sardinia) izan dira asteburuan, Confederaziono Intersindicale Sarda (CSS) bertako sindikatuaren 40. urteurreneko ekitaldietan.

Atzo egindako hitzartzean, klase sindikatu soberanisten artean aliantzak indartzearen garrantzia nabarmendu zuen Aranburuk, LAB zein CSS kide moduan dituen Estaturik gabeko Nazioen Sindikatuen Plataforman lan eginez. Balioa eman zien LAB eta CSSren arteko urte luzetako harremanei: “bi klase-sindikatu gara, estaturik gabeko nazioetako bi sindikatu”.

LABek ospatu berri duen 50. urteurrenaren harira, sindikatuak bere sorreratik izan duen kontrabotere izaera azpimarratu zuen Aranburuk, sindikalismo feminista, antirrazista eta ekosozialaren alde eginez.

Trump, Milei, Le Pen, Meloni eta Abascal bezalakoek gorpuzten duten ultraeskuinaren gorakadaren aurrean aurrean, nabarmendu zuen kapitalismoaren aurreko alternatibak sortzea tokiko eremutik indartu behar den kontu globala dela. “Ezkerra eta sindikatu soberanistak gara herri-sektoreei alternatiba bat eman behar diegunak”, gaineratu zuen, “kontrabotere sindikalismoa praktikan jarriz, lan zentroetan zein kaleetan borrokak aktibatuz”.

Beste alde batetik, larunbatean konferentzia bat egin zen “Gerra eta bakea, sindikatuon egitekoa eta nazioarteko koordinazioa” izenburupean. Jasangarria izango den ekoizpen eredua defendatu zen bertan, giza eskubideen urraketen konplize izango ez dena eta lan baldintza onak dituen eredu bat aldarrikatuz. Sardiniako langileek ez dute genozidioak egiteko erabiliko diren armarik esportatu nahi eta bertako enpresek bizitza eta lurraldea defendatzea nahi dute.

Lanuzteak Borg Automotiven langileei inposatu nahi dieten lan baldintzen funtsezko aldaketaren aurrean

Noaingo enpresako langileek urtarrilaren 16an hasi zituzten lanuzteak (2 ordutakoak txanda bakoitzean) eta datorren astelehenean ere egingo dituzte.

Enpresa batzordeak (LAB, UGT, ELA eta CCOO) salatzen du 150 langileri eragingo diela txandakako lanaldien ezarpenak. Egoera honek ez du soilik langileen lan- eta familia-bizitza uztartzea arriskuan jartzen, eta desplazamendu gastuak ere nabarmen handituko ditu, izan ere, askok ezin izango dute orain arte bezala, ibilgailua partekatu.

Enpresak lan-kargaren hazkunde esponentziala aipatuz justifikatzen ditu enpresak aldaketak. Hala ere, enpresa-batzordeak uste du aldaketa hauek ezin direla aldebakartasunetik inposatu, horrek lan-egutegiaren banaketan modu nabarmenean eragina izango duelako. Uste du arrazoizkoa dela akordio bat bilatzea, besteak beste, honakoak jasoko dituena: lan-egutegiaren banaketa egokiagoa, urteko lanaldia murriztea, lan- eta familia-bizitza uztartzerako ordu gehiago ematea eta txandakatze aldaketengatik osagarriak ezartzea.

Enpresa-batzordetik babesa eskertzen dute langileentzat hain garrantzitsua den momentu hauetan. Guztien mesederako irtenbideak bilatzeko konpromisoa adierazten du, enpresako zuzendaritzarekin elkarrizketa irekia mantentzeko asmoa duela gaineratuz.

Salatzen dugu Mikel Sanchezen fitxaketa EAEko Osasun Sailak Mutualiari egindako mesedeen ordainetan dela

Mutualiak fitxatu du Mikel Sanchez Osasun Saileko goi kargua izandakoa.

Joan zen 2022ko maiatzean LABek salatu zuen EAJ eta PSEren eskuetan dagoen Jaurlaritzak langileon historia klinikora sarbidea oparitu ziola Mutualiari, EAJren orbitako mutualitate enpresarialari.

Osakidetzak, diru publikoz, herritarraren bizitza osoan garatutako historia klinikoa elkarte enpresarialari oparitzeak arrisku nabarmenak ditu langilearentzat, bere bizitzako edozein osasun arazo edo pasarte erabili baitezake enpresak laneko gaixotasun bat ukatzeko.

Arartekoak berak salatu zuen historia klinikoak ematea baimentzea presiopean sinatu ohi dutela langileek eta ez dela bidezkoa praxi horrekin jarraitzea, aukerak berak langilearen ahuldadea baliatzen duela alegia.

EAJ eta PSEren gobernuak eginiko opari horrek ordaina izan du, ate birakarien soldata oparoak hain zuzen. Kontuan izan behar da Mutualiak kudeatzen duen diruaren %100 publikoa dela, baina erabakiak enpresariek hartzen dituztela euren interesen babesean. Orain, Mikel Sanchezek soldata oparoa jasoko du, diru publikoa, enpresariz osatutako administrazio kontseilu baten erabakiz.

EAEko hezkuntza publikoko greba zikloa erregistratu dugu

EAEko Hezkuntza sailari lan zamak arintzeko, erretiroa aurreratzeko, erosahalmena berreskuratzeko, enplegua egonkortu eta bermatzeko zein lan osasuna, euskara eta berdintasuna bermatzeko neurriak eskatzen dizkiogu.

Gaur, Bizkaiko Hezkuntza Ordezkaritzaren aurrean Hezkuntza publikoan aritzen diren Sukalde eta Garbiketako, Haurreskolak Partzuergoko langile zein Irakasleen greba dinamika erregistratu dugu.

EAEko Hezkuntza Sailari hezkuntza publikoa indartu eta inbertsioa publikoa handitu dezan exijitu diogu, langileen lan-baldintzak hobetu eta eskola publikoa erdigunean jarri dezan. Izan ere, arestian aipatutako kolektiboetako lan hitzarmenak iraungita daude, Hezkuntza sailak, berria izanik ere aldebakarrez hartutako erabakiak hartzen jarraitzen du langile zein hezkuntza komunitatearen kalteetan, eta sindikatuon eskaerei muzin eginez eduki nahikorik gabe negoziazio mahaiak deitzen jarraitzen du.

2009koak dira Haurreskolak Partzuergoko hezitzaile eta kudeaketa alorreko zein Sukalde eta Garbiketako langileen hitzarmenak, eta 2010ekoa irakasleena. Beraz, 15 urte luzeren ondoren, bada garaia lan hitzarmenak hemen eta orain negoziatu, atzerapausoak bertan behera utzi eta langileon lan baldintzak hobetzeko.

Nahiz eta kolektibo bakoitzarentzat aldarrikapen zehatzak izan, badira sindikatuek adostutako zazpi aldarrikapen bateratu: geroz eta handiagoak diren lan-zamak arintzeko neurri zehatzak adostea, erretiroa aurreratzeko plantillen gazteberritze plana garatzea, galdutako erosahalmena berreskuratzea, enplegu publikoa egonkortzea eta jaiotza tasaren gorabeherak aprobetxatuz aldebakarrez erabakitzen ari diren ikastetxe publikoen fusio eta itxieren aurrean enplegua bermatzea.

Era berean, Hezkuntza publikoko sistema osoa euskaldunduko duen hezkuntza politikak abiaraztea, langileon lan-osasuna zainduko eta bermatuko dituzten azterketa eta neurri zuzentzaile adostuak ezartzea eta kalitatezko berdintasun eta hezkidetza plan egonkorrak garatu ahal izateko baliabideak jartzea.

Beraz, irakasleak urtarrilaren 22an eta 23an eta otsailaren 26 eta 27an; Haurreskolak Partzuergoko langileak urtarrilaren 28 eta 29an eta otsailaren 12an eta 13an; eta Sukalde eta Garbiketako langileak urtarrilaren 30 eta 31n eta otsailaren 19 eta 20an mobilizatzera deitu ditugu.

Greba egunez gain ostiraletan ere mobilizatu dinamika martxan jarri dugu gaurdanik, ikastexeetan mobilizazioak deituz.

Hezkuntza publikoko langileei greba eta mobilizazio hauek babesteko deia luzatu diegu. Izan ere, mobilizazioen eskutik etorriko da sindikatuok adostutako aldarrikapenak lortzeko negoziaketa erreala.