2026-01-22
Blog Page 765

Ekainaren 12rako, bi ordutako lanuzterako deia egin dute Orozkon, “lanetik etxera bizirik heldu nahi dugulako”

Maiatzaren 29an, Arcanor enpresan makina bat konpontzen ari ziren bi langile larri zauritu ziren istripu baten ondorioz. Biak ospitalera eraman behar izan zituzten eta bertan, larrien zegoen langilea hil zen. Beste lankidearen egoerak, berriz, oso larria jarraitzen du izaten.

Hauxe da Arcanor-eko langileek igorritako oharra:

Ezer baino lehenago, dolumina adierazi nahi diogu hildako lankidearen familiari, beraiekin bat egiten dute holako momentu garratxetan. Aldi berean, larri zauritua geratu den lankidearen familiari indarrak bidali nahi dizkiogu eta bere egoera onera itzuliko dela espero dugu.

Eta jarraian, honen aurrean, Arcanorreko langileok honakoa adierazi nahi diogu jendarteari:

– Onartezina egiten zaigu horrelakoak gertatzea. Lanetik etxera bizirik bueltatu nahi, bueltatu behar dugu. Beste era batera ez dugu ulertzen. Baina kasu honetan, eta beste askotan ere, ez da horrela izan. Euskal Herrian, 2017. urtean, 54 langile hil ziren lan- istripuen ondorioz, eta aurten 22 momentuz. Gainera, milaka langile egon dira bajan lan- istripu baten ondorioz.
– Inplikatutako eragile sozial guztiei trajedia honekin bukatzeko lanean jar daitezela eskatzen diegu. Guretzat ezinbestekoa da, beste edozein logikaren gainetik, lanean gure bizia eta osasun fisikoa mantentzea.
– Arazo honek guztioi eragiten digu, gizarte osoarengan eragina daukan arazo soziala da. Ezinbestekoa da egoera iraultzeko pausuak ematea. Horregatik, gizarteari jakinarazi nahi diogu zein den gure erabakia:

Arcanorreko langileok Orozko herriari (lan arloa, merkataritza,…gizarte osoari) eskatzen diogu ekainaren 12rako asteartean 12etatik 14etara deitutako bi orduko lanuztearekin bat egitea. Eta era berean, egun horretan 12.30etan Zubiaurreko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatzen diegu.

 

 

 

“Zergatik ez dugu hemen negoziatzen? EAJk nahi ez duelako”

Manifestazioa egin dugu gaur Bilbon, Gobernu Ordezkaritzatik Sabin Etxeraino, zerbitzu publikoen defentsan. Hain zuzen ere, lan baldintzak eta kalitateko zerbitzu publikoen alde urratsak eman behar direla nabarmendu dugu, langileekiko zorra ordaindu, enplegua egonkortu eta berton erabakitzeko.

Manifestazioan zehar ugariak izan dira zerbitzu publikoen aldeko oihuak eta EAJk PPrekiko duen menpekotasunaren ingurukoak.

Amaieran, EAJren egoitza nagusiaren aurrean, Zerbitzu Publikoetako Federazioko idazkari Gorka Berasategik hartu du hitza, eta adierazi du mobilizazioa beharrezkoa izan dela EAJren benetako aurpegia ikustarazteko. Ohartarazi du estatalizazio, zentralizazio edo espainolizazioaren arazoa dela euskal langileok egun dugun arazorik larrienetakoa, baita sektore publikoan ere.

Berasategiren hitzetan, "EAJ ez omen dago ados Madrilgo murrizketekin, baina bete egiten ditu. Zerbitzu publikoak ahultzea da euren helburua".

Adierazi du CCOO, UGT eta administrazioak Madrilen sinatutako akordioak hemen ez duela ezertarako balio, zeharo desberdina baita hemengo errealitatea: “Hemengo pobrezia dakar Madrilgo akordioak”. Eta galdera bat luzatu du, dagokion erantzunarekin: "Zergatik ez dugu hemen negoziatzen? EAJk nahi ez duelako".
 

 

 

Kezkaz jaso dugu Europako Epaitegiaren irizpide aldaketa

Europar Batasunako Justizia Epaitegiak behin behineko langileen kalte ordainen inguruko bi sententzia kaleratu ditu. Sententzia hauetan modu nabarmen batean bere garaian aitortutako diskriminazioa existitzen ez dela ebazten du, finkoak ez diren langileen kalte-ordainak finkoen kalte-ordainekin parekatu behar ez direla hain zuzen. 2016 amaieran emandako ebazpenak kontutan hartuta, 180 graduko doktrina aldaketa suposatzen du honek.

Ebazpen hauek ziurgabetasun egoera batean kokatzen dituzte milaka langile. Guztiok dakigu gaur egun lan merkatuaren ezaugarri nagusia behin behinekotasuna dela eta langile kolektibo hauentzat sekulako kolpea suposatuko du doktrina juridikoaren norabidea aldatzeak. Babes maila txikiena daukan langile kolektibo honentzat berri onak iritsi ziren Europako Epaitegietatik duela hilabete batzuk, orain ordea langile finkoekin daukaten ezberdintasuna handitua ikusiko dute zalantzarik gabe.

Iritzi aldaketa hau ordea ezin da ulertu sektore publikoan dagoen egoera kontutan hartu gabe. Atzo ateratako bi ebazpen horietako bat administrazio publikoetako kudeatzaileen buru hauste handi bat konpontzera etorri da zalantzarik gabe. Bitarteko langileak (interinoak) beraien lan harremana amaituta ikusten dutenean kalte ordaina jasotzeko aukera ez dagoela ebatzi du tribunalak, aurreko sententzietan aipatzen zen diskriminazioa existitzen ez dela esanez. Bitarteko langileez josita daude administrazioak, lanpostu estrukturalak betetzen. Urteak eta urteak ziurgabetasun egoeran eta gainera lan harremana amaitu eta kalte ordainik ez.

LABek esku beltzak ikusten ditu irizpide aldaketa honetan. Argi dago gobernuak gai honekin urduri zeudela eta Europako epaitegietatik irizpide aldaketa honen zain zeudela. Tamalgarria da gobernu ezberdinen jarrera, berriro ere langileen bizkar jartzen dute instituzioen gastu kontrola. Kasu honetan gainera, ziurgabetasunean eta babes maila baxuenean dagoen langile kolektiboaren bizkar.

Onartezina da gure ustez behin behinekotasun egoera hauek gure lan merkatuaren oinarri izatea, are eta gehiago sektore publikoan, non kontratazio eredua iruzurrezko interinitatean oinarritzen den. Susmagarria eta salagarria da Europako Epaitegiaren norabide aldaketa, administrazio merkantilistaren interesak defendatzen, lan merkatuan geroz eta gehiago diren behin behineko langileen diskriminazioa areagotzen ari dira eta.
Bukatzeko, iruzurrean dagoen behin behinekotasun egoeren kontra borrokatzeko deia egiten diegu langile guztiei. Horretarako prest dago LAB, bai sektore publiko zein eremu pribatuetan.
 

 

 

WEC II-eko grebalariak enpresa taldearen aurrean mobilizatu dira

0

Wind Energy Casting Fundiciones enpresako langileak greba mugagabean daude hitzarmen duin baten defentsan. Aguraingo lan zentruko langileak Itziarrera gerturatu dira gaur, enpresa taldearen egoitza nagusia dagoen lekura. Protesta egin dute bertan.
 

 

 

Mobilizazioei helduko diete berriro Gasteizko BSHn

0

Bi orduko lanuzteak egin dituzte gaur, eta ekainaren 13 eta 20rako lanuzte gehiago iragarri ditu enpresa komiteak, gaur bertan egindako agerraldian.
 

 

 

Lan harremanak, babes soziala, eredu sozial eta ekonomikoa eta demokraziaren inguruan erabaki nahi dugu

Gure Esku Dagoren igandeko giza-katean parte hartzera deitzen dugu.

Gure Esku Dagok giza katea egingo du, ekainaren 10ean igandean Gasteiz, Bilbo eta Donostia lotuz, “Eman eskua etorkiZUnari” lemarekin.

LABen ordezkaritza zabal batek parte hartuko du deialdian eta Garbiñe Aranburu idazkari nagusia Donostian izango da. Era berean, LABek dei egiten die langileei ekimenean parte hartu eta erabakitzeko eskubidearen aldeko borrokan inplikatzeko.

LABentzat oso garrantzitsua da euskal herritarrok, herri gisa, nazio gisa, gure etorkizuna erabaki ahal izatea, eta horren alde egiten ari gara, erabakitzeko eskubidea oinarrizko eskubide demokratikoa baita. Gure ustez, erabakitzeko eskubidea behar dugu egoera laboral eta soziala errotik aldatzeko. Langileok erabaki, herriak erabaki, gure etorkizunaren jabe izateko.

Erabaki, bizi proiektu duin eta askea edukitzeko eskubidea bermatzeko, langileoi dagozkigun gaietan parte hartu eta erabakitzeko aukera izan behar dugu. Lan harremanak, babes soziala, eredu sozial eta ekonomikoa eta demokraziaren inguruan erabaki nahi dugu, lan duina bermatuko duen Euskal Herriko langileen estatutua eratzeko, lan harremanetarako esparru propioa egituratzeko, besteak beste.
 

 

 

Nafarroako Gobernuak etxebizitzarako eta errenta bermatuaren gaineko eskubideari buruzko eztabaida ukatu du

Nafarroako Parlamentuaren mahaiak Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunari jakinarazi dio erabaki duela ez dituela onartuko tramitera Bermaturiko Errenta hobetzeko aurkeztu den Herri Ekimen Legegilea, ez eta alokairu sozialeko etxebizitza eskuratzeko eskubidea. Horrek esan nahi du ukatzen dela Nafarroako Parlamentura eramateko egin beharreko sinadura biltzeko eztabaida. Ukazio hau oinarritzen da Nafarroako Gobernuak HEL horrekiko beto eskubidea gauzatu duela “aurrekontu-kredituen hazkundea dakarrelako”.

Eskubide Sozialen Gutunak onartezina deritza erabaki horri, ikuspuntu demokratiko batetik, nahiz ikuspuntu sozialetik.

Guztiz ez-demokratikoa den jarrera batez ari gara

Ukazioa, Herri Ekimen Legegilean proposatu neurriek aurrekontu-kredituak areagotzea ekarriko dutenean oinarritzea, Herri Ekimenen izaera bera ukatzea dakarte. Edozein gizarte-hobekuntza, logikoa denez, berekin dakar aurrekontuak handituko direla. Horren haritik zerbait planteatu ahal izango dela ukatzeak eragiten du zentzugabekeriara irits gaitezkeela, non herri ekimen legegilea proposatzekotan, gizarte eskubideak kaskartzeko bakarrik proposa daitezkeen.

Egungo Nafarroako Gobernuak, aitzinean ez bezala, bestelako jarrerak agertu beharko lituzke. Adibidez, pentsioak 1.080 € arte osatzeko aurkeztu zen herri ekimen legegileari ez zitzaion beto hori ezarri, nahiz eta sinadura bildu ondoren, izapidea ez zen onartu, Parlamentuan egin zen lehen bozketan.

Hainbat ekimenen eztabaidari betoa jarri izana, aurrekontuetako gastua handitzea dakarrela argudiatuz, Rajoyren Gobernua, Ciudadanosen laguntzaz, Espainiako estatuan, egiten dutenaren isla da. Bere burua aldaketako gobernutzat hartzen duen gobernu batentzat zoritxarreko parekatzea dugu.

Eskubide sozialei egiten zaien erasoa dugu

Nafarroan, etxebizitza heltzeko eskubidea urratzen ari dira. Milaka lagun, batez ere gazteak, nahiz eta hauek ez soilik, ez daitezkeelako bereizi, zio ekonomikoak direla eta. Herri ekimen legegilean agertzen da ere Errenta Bermatua hobetu nahi duela funtsean, pobreziaren eta gizarte bazterkeriaren aurkako borrokan bitarteko eraginkorra izan dadin.
Nafarroako Gobernuak herri ekimen legegilean jasotzen diren hobekuntzak arbuiatu nahi ditu, eta bide azkar batez egin nahi du, gizartean eztabaidatu gabe. Herri ekimen legegilean jasotzen diren aldarrikapenei, haren partaideak garen sindikatu eta gizarte erakundeen artean adostu aldarrikapenei zuzen-zuzenean erasotzen zaie.

Erabaki larria

Eskubide Sozialen Gutuna osatzen dugun erakundeok Nafarroako Gobernuak agertu duen jarrera ez-demokratiko eta ez-sozial hori gogoan hartzen dugu, Gutuna osatzen dugun erakundeokin harremanetan jartzeko asmorik agertu ez duena ere, herri ekimen legegilean jasotzen diren neurri zehatzak aztertzeko edota eztabaidari betoa jarriz erabakia ezagutarazteko.

Gure erabakiak

Egoera honelakoa izaki, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutunak ez du etsiko eskubide sozialak hobetzearen aldeko lanean; bere horretan eusten die Nafarroako Gobernuak betoa jarri duen herri ekimen legegilean jasotzen diren aldarrikapenei. Horrengatik agintzen du:

• Nafarroako Gobernuari eskatuko zaiola berehala berrazter dezala erabakia, herri ekimen legegilearen izapideari berehala ekin dakion.
• Talde politikoei eskatuko zaiela Nafarroako Gobernuaren erabaki honen aurrean jarrera ager dezatela eta herri ekimen legegilean jasotzen diren edukiak parlamentuaren eztabaidara eraman dezatela.
• Gertatu dena salatzeko kanpainari ekinen diola.
• Ekainan, Nafarroako Gobernuaren aurrean, datozen astetan, deituko direla mobilizazioak.
• Egungo herri ekimen legegilearen legea alda dadila eskatuko dugula, eragotz dadin Nafarroako Gobernuak inolako beto eskubidea izanen duen.

 

 

 

Jaurlaritzari berriro exijitzen diogu murrizketak petatxoen bidez kudeatzeari uzteko eta behingoz enplegu publikorako plan integral bat negoziatzen hasteko

Gaurko Mahai Orokorraren bileran Eusko Jaurlaritzak beste petatxo bat aurkeztu du, langileen erretiro eta errelebu eskubideen kontra Madrilek egindako murrizketen testuinguruan. Berriro ere Estatuak uzten dion zirrikitu bat probesten du Jaurlaritzak murrizketa bat arintze aldera, ohiko jokoa erabiliz: murrizketen errua Madrili bota, eta kalteak arintzearen itxurak lorpen propio gisa saltzen du Jaurlaritzak.

Estatalizazioaren eta Negoziazio Kolektiboaren ukazio kasu honetan zera gogoratu behar da gainera, PSOEk CCOOreki adostutako pentsioen erreforma murriztatzailean duela iturria Hegio Euskal Herrian greba orokor batekin erantzun zitzaiona. Inork garai berriak datozela pentsatzen badu, datu honi begiratzea dauka.

LABen ustez Eusko Jaurlaritzak planteatutako proposamena guztiz partziala da, eragin mugatuarekin, eta murrizketak kudeatzeko helburu hutsarekin: Batetik, ez ditu funtzionarioak kontuan hartzen, behin behinekoak ere ez. Bestetik, Madrilek ezarritako pentsioen erreformaren eraginak ez ditu gainditzen, aurre-erretiroa hartzeko epeei eta pizgarriei begira. Noiz eta Euskal Herriko enplegu publikoak prekarietate eta murrizketa egoera larriak pairatzen dituenean.

Agenda propioa garatzeko exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari eta hau sostengatzen duten EAJ eta PSE alderdiei. Agenda horretan enplegu publikoaren gaiari fundamentuz plan integral baten bidez heldu behar zaio. Enplegu Plan Integral horretan jaso behar dira langileen aurrejubilazioak, baita egonkortasuna eta behar eta nahi ditugun kalitateko zerbitzu publikoak hornitzeko enplegu maila nahikoa ere.
 

 

 

Fiskaltzarekin bilduko gara, Osakidetzako EPE prozesuaren egoera larria dela eta

0
LAB sindikatuak hitzordua dauka biharko fiskaltzarekin biltzeko, 2016-17 EPE prozesuan mediku espezialisten kategorietan detektatu ditugun irregulartasun guztiak bere esku uzteko. Honako urrats serioa ematea erabaki dugu egoeraren larritasunaz kontziente garelako.

LABek egindako txostenean agertzen diren datuez gain (azterketen noten inguruko ikerketa estatistikoa), egunez egun testigantza gehiago heltzen ari zaizkigu. Antzeko terminoetan mintzatzen dira fakultatibo horiek. Ez gara hitz egiten ari irregulartasun puntualei buruz, baizik eta fakultatibo espezialisten artean ia “guztiz normalizatuta zegoen” jokamolde baten inguruan.

LABek beti egin du apustu Osakidetza publiko, kalitatezko eta gardenaren alde. Eta EPE prozesuak oso garrantzitsuak dira helburu horretan. Horregatik ezin da onartu halako praktika irregularrak egotea denona den osasun sistema publikoan.
Zentzu honetan eta egoeraren larritasuna kontuan hartzen, Osakidetzako Zuzendariak komunikabideetan iragarri berri duen hiru kategorien paralizazioa ez da nahikoa. Horregatik, berriro ere eskatzen dugu fakultatibo espezialisten kategoria guztien prozesua gelditzea, ikerketa sakona eta inpartziala abian jartzea, ez soilik Osakidetzan baita HAEEn ere, eta gertatu denaren gaineko erantzukizunak eskatzea dagokien pertsonei, maila guztietan.

Ulertzen dugu gai delikatua dela eta horregatik, LAB sindikatutik zuhurtasunez jokatzen ari gara, baina Osakidetzak ez digu orain arte inolako azalpenik eman. Horregatik, Darpon jaunari eskatzen diogu agerpen mediatiko gutxiago eta jardun serio gehiago.