2026-01-22
Blog Page 763

Mobilizazioei ekin diete Gasteizko kale garbiketako langileek

0

Gasteizko kale-garbiketako kontratako langileen egoera gero eta okerragoa dela salatu dute.
 

 

 

Garapen profesional eredu berria aldarrikatzen dugu Osakidetzarako

0
Uste dugu ezin garela mobilizatu soilik Garapen Profesionalaren alde. Ezin dugu ahaztu oraindik hainbat murrizketa pairatu behar ditugula eta, batez ere, ez dela negoziaziorik existitzen.

Ekainean zehar SATSE, CCOO eta UGT sindikatuak garapen profesionalaren alde mobilizatuko dira modu bateratuan. LABek mobilizazioetan parte ez hartzea erabaki du hurrengo arrazoietan oinarriturik:

• “Batasun sindikalaren” gaineko mesfidantza, kontuan hartuta azken urteotan osatu genuen intersindikala EPE hau sinatu zuten sindikatuek apurtu zutela (SATSE, SME eta UGT), langileok desmobilizatu eta Osakidetzari “oxigenoa” eman eta “negoziatzailearen” irudi propagandistakoa elikatuz. Modu bateratuan lan egin baino lehen, LABek gertatutakoaz azterketa kritikoa eskatu zuen, berriro gauza bera gerta ez zedin, baina hau ez da posiblea izan.
• Garapen Profesionalari bagagozkio, LABen abiapuntua oso irakurketa kritikoa da. Egia da Osakidetzak deialdiak gelditu izanak langileon artean ezberdintasunak sortu dituela, baina era berean, ezin dugu ahaztu langileon artean alde gehien sortu dituena garapen profesionala bera izan dela, soldata arrakala izugarri handituz eta langileok desmobilizatuz. Horregatik, abiapuntu bezala kokatzen dugu eredu berria sortzeko negoziazioa.
• Azkenik, uste dugu ezin garela mobilizatu soilik Garapen Profesionalaren alde. Ezin dugu ahaztu oraindik hainbat murrizketa pairatu behar ditugula eta, batez ere, ez dela negoziaziorik existitzen. Izan ere, edozein batasun sindikalek aipaturiko aldarrikapenak hartu beharko lituzke bere gain.

LABek egoki ikusten dituen medioak erabilita jarraituko du honakoak exijitzen:
• Garapen Profesionaleko mailak aitortzera eta ordaintzera behartzen duen epaia luze barik betetzea.
• Uda ostean garapen profesional eredu berri eta justuagoa martxan ipintzeko negoziazioa irekitzea.

Garapen Profesional honek, beste batzuen artean, honakoak jaso beharko lituzke:
o Jefature nbalorazio subjektiboak alboratzea.
o Plantilla osoaren eskubide izaera izatea.
o Soldata igoera baino haratago joatea.
o Soldaten igoera linealak jasotzea, kategorien arteko soldata arrakala gutxitzeko.
o Formakuntzaren balorazio modu justu eta orekatuan gauzatzea, gaur egun bizi dugun formakuntzaren “negozioarekin” amaitzeko eta denontzat aukera berdinak ziurtatu aldera, gaur egun Osakidetzako ikastaroak jasotzeko aukera handirik ez daukaten langile zein kategoria guztientzat ere.
 

 

 

Espainiaren jarrera autoritarioa eta errepresiboa salatu du Estaturik gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformak, Korsikan

0

Korsikan izan da LAB pasa den asteburuan, Bastia hirian, STC sindikatuaren 11. Biltzar Nagusian, hainbat sindikaturekin batera gonbidatuta. Bada, Biltzar Nagusiaren harira, bertaratutako Estaturik gabeko Nazioetako Sindikatuen Plataformako kideek Espainiako estatuaren inguruko adierazpen bat adostu dute.

Hain zuzen ere, honako sindikatu hauek sinatu dute adierazpena, guztiek aipatutako plataformako kide: LAB (Euskal Herria), CSC (Katalunia), CSS (Sardinia), SAVT (Aosta), STC (Korsika), UGTG (Guadalupe), UGTM (Martinika) eta USTKE (Kanakia). Hauekin batera, CNT-F eta Union Syndicale Solidaires sindikatuek ere eman diote babesa testuari.

Adierazpenaren bitartez, “Espainiako Estatuaren jarrera autoritario eta errepresiboa” salatu dute; “batez ere, Katalunian ematen ari den inboluzio demokratikoa eskubide zibil eta politikoei dagokienez”. Eta honako hau exijitu dute: preso politiko guztien askatasuna, exiliatuen itzulera eta abian diren prozedura judizialak bertan behera geratzea.
 

 

 

Bizkaiko Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek kaleak hartu dituzte berriro

Atzo egin bezala, Bizkaiko Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek lanuzteak egin dituzte gaur, sektorearen defentsan eta zerbitzu zabal eta hobea eta enplegu gehiago eta hobea eskatzeko. Lanuzteekin batera, manifestazio bat egin dute Bilboko udaletxetik Bizkaiko Foru Aldundiraino.
 

 

 

Lan heriotzak salatu dituzte Orozkon

Mobilizazio eguna izan da gaur Orozkon, Arcanorreko langileek deituta. Hain zuzen ere, bi orduko lanuzteak egin dituzte herrian eta manifestazio isila gauzatu dute, maiatzaren 30ean gertatutako lan istripuaren ondorioz hildako Arcanorreko langileak gogoan izateko eta lan heriotzak salatzeko.
 

 

 

Aldi baterako kontratazioa Osasunbidean: prekarietatea iluntasunez kudeatzen da

0
Osasunbidearen kontratazio-zerrenden kudeaketari dagokionez, legegintzaldi honetan erdietsi diren hobekuntzez gain, oraindik ez dira oinarriak jarri, deialdiak gardentasunez eta zorroztasunez gauza daitezen.

LABek, honen harira, proposatzen dituen neurriak dira:

• Deialdiak zentralizatu behar dira. Gaur egun, iraupen luzeko lanen deialdietan soilik erabili ohi dira. Beste hainbeste egin behar da iraupen motzeko deialdiekin.

• Sindikatuek eta interesatua egon daitekeen edonork lan-eskaintzak esleitzeko prozesua ikuskatuko dute (kontratazio-zerrenden izangaia). Sistemak egiaztagarria zein ikuskagarria izan beharko luke, edozein erabiltzailek kontratazioen izapidearen jarraipena egin dezan.

• Langile-kopurua egonkortu eta egokitu behar zaie laguntza-beharrei. Osasunbidea osoan, behin-behineko kontratazioaren eta absentismoaren analisia egin behar da. Urtez urteko edota urte anitzetan egin eskaintzen metatzea egin behar da langile finkoen edota kontratu egonkorragoak dauzkatenen ordezkapenak betetzeko. Honen guztiaren laguntza alorka nahiz lanbide eskuduntzen arabera antola daiteke.

Lehen bi neurriei dagokienez, prestatu beharko litzateke horretarako behar den informatika-baliabidea (Nafarroako gobernuaren beste sailetan eta beste osasun-zerbitzuetan dago).

Hirugarren neurria gauzatzeko kontratazioak kudeatzeko eta antolatzeko egitasmoa landu beharko litzateke, hots, lanari ekin behar zaio aukeraz eta epe motzeko antolamendua baztertu behar da.

Hiru neurriok prekarietatea leuntzeko borondate politikoaren beharra dute, Osasunbidean egin lana duindu behar da, eta jendeari kalitateko asistentzia sanitarioa eman behar zaio, nahiz eta borondate hori ez den inon agertzen.

Argi dago Osasunbidearen Kontseilaritzarentzat eta Gerentziarentzat lehentasunik ez duela langileen prekarietate ikaragarria konpontzea (kontratatu langileen %51a, kontratuak orduka eta aldi batekoak, 1.500 egiturako kontratuak) ez eta lan duinen eskaintza kudeatzea ere.

Garrantzitsuagoa deritze lobbiek (profesionalen elkargoak, erakunde korporatiboak, botiken industria, kudeatzaileen elkarteak, fundazio pribatuak,…) sanitate pribatuaz izan dezaketenaren iritziari, halaxe ondoriozta daiteke hedabidetan haiekin guztiekin batera, egiten duten arrandiatik, ekarpen publikoen bidez.

 

 

 

Pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako Herri Ekimen Legegilearen alde sinatu daiteke dagoeneko

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta osatzen duten eragileok agerraldi bat egin dugu gaur Bilbon, Herri Ekimen Legegilea aurrera eramateko beharrezkoa den sinadura bilketaren berri emateko. Hain zuzen ere, datorren urriaren 30a arte sinatu ahalko dute herritarrek Euskal Autonomia Erkidegoan. Nafarroan, ordea, ezingo dute, Nafarroako Gobernuak uko egin baitio ekimena martxan jartzeari. Agerraldian ere asteazkenerako deitutako mobilizazioa iragarri dute: Gasteizen izango da, 10:30ean, Legebiltzarraren aurrean.

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu bere sinadura ematen, atzo, Donostian. Gure Esku Dagoren giza katearen inguruan jarri zuen mahai bat Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak.
 

 

 

Lanuztera deitu dugu gaur eta biharko Bizkaiko Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuan

Etxez-etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak lanuzteak egiten ari dira, gaur eta bihar 10:00etatik 13:00etara bitartean, sektorearen defentsan eta zerbitzu zabal eta hobea eta enplegu gehiago eta hobea eskatzeko.

Gaur, kontzentrazioa egin dute Basauriko Udaletxean eta bihar, ekainaren 12an, berriz mobilizatuko dira 11:00etan, manifestazioa egingo dute Bilboko Udaletxetik Aldundira.

Duela urtebete baino gehiago, Etxeko Laguntza Zerbitzuan egunero dihardutenek, eguneroko bizitzan oinarrizko jarduerak zailtasunez garatzen dituzten pertsonei laguntza emozionala eta fisikoa ematen dietenak, Etxez-Etxekoko Laguntza Zerbitzuaren defentsan mobilizazio dinamika bati ekin zioten, etxeko laguntzaileentzat lan hobekuntzak aldarrikatuz.

Negoziazio kolektiboak eskaintzen zien abagunea bikaina zen horretako, negoziazio kolektiboaren esparruak muga argiak dituelako Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuan diharduten langileen lan baldintzak hoberen arautu ahal izateko.

Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuak titulartasun publikoa du, udalarena da hain zuzen. Hauen gehiengoak erabaki du kudeaketa eredu pribatu batez egin behar dela. Horretarako lehiaketa publikoak egin dituzte, eta sinesgarritasun sozial eskaseko enpresen esku uzten dute funtsezko zerbitzu hori.

Lehiaketa publiko horietan ezartzen da prezio ordua, gutxiengo prezio ezarri barik; haietan ezartzen dira bete beharreko lanorduak, gutxiengo orduak bermatu barik, eta hortaz langile bakoitzak bete beharreko lanaldia; haietan ezartzen da langileen subrogazioa, edota subrogazio eza, behin-behineko langileak eta teknikariak kontuan hartu barik, non azken finean, haietan ezartzen da zein baldintzetan gauzatuko den zerbitzua. Zerbitzu publiko honen langileek egin duten lana onartu ez izanak eragin du klausula sozialik ez izatea, zeinek bermatzen duten Udalek landutako baldintza pleguetan laneko baldintzak eta eskubideak betetzea.

Horregatik, Etxeko Laguntza Zerbitzua babestearren burutu den dinamikaren alderdi baten helburua Udalei eta mankomunitateei sektorea jasaten ari den egoera larriaren berri ematea zen, erakundeen agendan txertatuz. Helburu horretan udal taldeengana jo zuten langileek bultza zezaten mozio bat eta baldintzen pleguetan itsatsiko ziren hainbat neurri har zitezen.

Egun arte hamaika mobilizazio egin dituzte, 12 lanuzte partzial egin ditugu, eta zerbitzuari buruz egin zuten diagnostikoa eta irtenbideak udal batzuetara eraman dituzte. Gaurko egunez, Getxoko Udal Taldeekin berba egiten ari dira, Barakaldoko osoko bilkuran eztabaida dadin zain daude, eta Portugaleteko udalean eztabaidatu eta onartu da mozioa. Honek eskatzen du langile guztien subrogazioa, lan-poltsa jasotzen den, lanaldiak bermatzen diren, lan baldintzak bete eta hobetu daitezen behar adinako prezioa bermatzen den, enpresen irabaziak mugatzen diren, laneko arriskuak prebenitzeko legea betetzen den eta langileen parte hartzearekin zerbitzua ebaluatzea.

Urrats handia dela dirudien arren, langileei dagozkien lan eskubideak bermatzea besterik
ez da egin, eta hortaz, erakunde titularra moduan, haien arduraren zati bat bete da. Dena den, osoko bilkuretan onartu diren mozioak ez dira nahitaez bete beharrekoak, eta gauzatuko direnean asebeteko dira langileak.

Gainera, gogora ekarri dute duela 5 urte baino gehiago soldatak izoztuak dauzkatela, eta patronalak, titulartasun eta finantziazio publikoa duen zerbitzu honen kudeatzailea, aurkeztu zuen proposamenak alderdi atzerakoiak zituela, adibidez, lanaldiaren urtekotzea eta KPIren oso azpiko soldata igoerak.
 

 

 

Bi egunetako greba egingo dugu Bizkaiko eskuhartze sozialeko hitzarmenaren defentsan, kalitatezko lan-baldintza eta zerbitzuen alde

Grebak ekainaren 14an eta 28an izango dira eta langileek manifestazioak egingo dituzte 11:30etik aurrera, Foru Jauregitik Aldundiaren Gizarte Ekintza Saileraino, Ugaskon.

Bizkaiko Eskuhartze Sozialaren esparruan lanean ari diren langileek agerraldia egin dute gaur, CCOO, LAB, ESK eta UGTekin batera eta dei egin diete gizarte langileei, psikologoei, hezitzaileak, integratzaie sozialei, zaintzaileei, animatzaile soziokulturalk, osasun langileak eta komunitatearentzat funtsezko lanak egiten dituzten langile guztiak eta Eskuhartze Sozialaren esparruan lanean ari diren langile guztiei ekainaren 14an eta 28an mobilizatzeko. Greba egingo dute bi egun hauetan, Bizkaiko Eskuhartze Sozialeko Hitzarmenaren defentsan, plataforma unitarioa defendatuz.

Gogoratu dute zerumugan Gipuzkoako hitzarmen kolektiboarekin ekiparazioa duen proposamena aurkeztu genuela, Zerbitzu Sozialen Euskal Sistemak zerbitzu eta prestazioak EAEko esparruan homogenezatzea duelako oinarri moduan.

Adierazi dute deigarria iruditzen zaiela GIZARDATZ eta GEROANek, esparru autonomikoko mahai negoziatzalea abaltzeko deia egiten dietela eta Bizkairako proposamen berria aurkeztu, euren aurreko proposamena baino okerragoa dena. Era berean, Hitzarmen Kolektiboa sinatu dute Araban hobekuntza garrantzitsuekin soldatei dagokienez. Ondorioz, azken tokira zokoratu da Bizkaiko Hitzarmen Kolektiboa.

Negoziazio mahaian salatu zuten agerikoa dela arazoa, ez datzala alderdi sozialean, patronalaren alderdian baizik, erakundeak aurrez izanik, batik bat, Bizkaiko Aldundia, berau delako zerbitzuen titular eta finantzatzaile nagusia, haren hautua izan delako, alor pribatuak kudeatuta, esku-hartze sozialaren zerbitzua eskaintzea, izaera asistentzialista nabarmena duena eta lan baldintzen kaskartzea dakarrena.

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko esparruan diharduten langileen baldintzetan oraindik “prekarietate eragile” garrantzitsuak ematen dira, soldata urriagoak dira, eros ahalmena galdu da, behin- behinekotasuna indarrean dago, lan-zama handia da, ratioak eznahikoak dira, lan-arrisku handien pean lan egin behar da,…

Gainera, langileen artean dagoen zalantza-egoera salatzen dute, langileentzat berme eskasaz egiten den kudeatzeko eredu pribatu honen ondorioz, hitzarmen kolektibo bakoitzaren indarraldia amaitzea larriagotzen dena.

Ekainaren 16an proposamen berria aurkeztu zuten langileek, guztiz finalista zena. Hortaz, 2017- 2018 urteetako eros-ahalmena galdu izana berreskuratuko genuke prezio/orduko terminoetan, Araba eta Gipuzkoako lankideek dauzkaten antzeko baldintzetan jarriko ginateke. Eta gainerako gaietan aurrera egiten ahalbidetuko luke.

CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuok berriro dei egiten diote Gizardatzi birpentsa dezala eta Aldundiarekiko, Udalekiko eta Eusko Jaurlaritzarekiko jarrera finka dezala, “low-costeko” zerbitzuetako hornitzaile hutsak izatearen kontra ager daitezen. Aldundiari eta gainontzeko erakundeei eskatzen diete dagokien ardura bete dezaten, bizkaitarren eskubideak bete ditzaten eta gizarte-hezkuntzazko eta sartzeko Esku-hartze Sozialaren eredu eraginkor baten alde egin dezatela, behar beste baliabidez hornituz eta ematen den zerbitzuarekin bat datozen lan baldintzak bermatuz, behar gorenekoak direnak, eta hartan, Bizkaiko Foru Aldundiak sekulako bilketa lortu duen. Zein da haien eredu soziala? Zein da hauen lan harremanetarako eredua?