2026-01-22
Blog Page 762

Garbialdik eta CUT sindikatuak osatutako “kortijo patronala” salatu dugu Txagorritxun

0

Arabako ESIren zentroetako (Txagorritxu, Kanpo kontsultak eta Osasun zentruak) garbiketako kontratetako LAB, ESK, CCOO eta ELA sindikatuetako ordezkariek eta Arabako ESIren Arreta Espezializatuko Langileen Batzordeko ordezkariek Garbialdiko Zuzendaritzak eta Arabako ESIk, CUT sindikatuarekin batera, Garbialdiko zein Osakidetzako langileak muturreko egoerara eraman dituztela salatu dugu gaur, kontzentrazio baten bidez.

Garbialdiko Zuzendaritzak, tamalez, bere esanetara makurtzen ez diren langileen aurkako jazarpen eta pertsekuziora ohituta gaitu, Langileen Batzordeko kide bat kale gorrian jartzeko lotsagabekeriara heldu delarik; iraizpen hau deseuztzat epaitu du EAEJANek, ageriko jazarpen sindikalagatik.

Aldi berean CUTeko ordezkariek mantendu duten jarrera salatu nahi dugu; sindikatu hau, transfugei esker, Batzordearen gehiengoaren jabe egin da, Batzordearen presidentea Arabako ESIn Garbialdiko Zerbitzuburua bera delarik. Presidente honek hainbat idazki egin ditu Osakidetzako langileen lana kolokan jarriz, baita Garbialdikoak ez diren beste kolektiboek (jagoleak, erizaintzako laguntzaileak, eta abar) egin behar dituzten lanak adierazten dituztenak, Arabako ESIren Zuzendaritzaren eskuduntzak hartuz, ez bada honen adostasunarekin eman.

Sindikatu honen azken jukutria, bere presidenteak (Arabako ESIko Garkikuntzako buru dena, a zein kasualitate!) suspertuta, Osakidetzan lan egiten duten Garbikuntza Enpresentzako Autonomia mailako Hitzarmenaren negoziazioaren aldebakarreko haustura izan da, Txagorritxu eta Santiago ospitaleentzako esparru berri bakar bat irekiz. Benetako kortijoa suma daitekeen bezala, non enpresak bere ordezkariekin negoziatuko duen.

Hau ez litzateke gertatuko Osakidetzak ez balu onartuko; hau dela eta, Arabako ESIren zentroetako (Txagorritxu, Kanpo kontsultak eta Osasun zentruak) garbiketako kontratetako LAB, ESK, CCOO eta ELA sindikatuetako ordezkariak Arabako ESIren Arreta Espezializatuko Langileen Batzordeko ordezkariekin batera, gai honetan Osakidetzak duen erantzukizuna salatu nahi dute. Eta premiazko neurriak har ditzan Garbialdi eta CUTek duten itunarekin amaitzeko dei egiten diogu. Onartezina da denon diruez ordainduriko ente publiko batek interes ilunak dituzten batzuk nahi dutena egiten uztea.
 

 

 

Hazparnera iritsiko da igandean “Bizi egunak” dinamika

0

Merkataritza, hiri eta kontsumo ereduari buruz gogoeta egitea bilatzen duen "Bizi egunak" dinamikak Hazparnen izango du azken geltokia. Bilbo, Iruñea, Donostia eta Gasteiztik igaro ostean, Ipar Euskal Herrira egingo du jauzia.

Hazparneko "Bizi egunak" egitarauaren barruan, manifestazio bat egingo dugu 11:00etan, pilota plazatik abiatuta, eta, 12:00etan, Infogunea egokituko dugu Ttattola gaztetxean.
 

 

 

Triman Minerals enpresako langileek manifestaziora deitu dute ostiralerako

0

Altsasuko Foruen plazatik abiatu da mobilizazioa, 19:00etan.

LAB sindikatuak TRIMAN MINERALS S.A enpresaren itxiera arriskuaz ohartarazi nahi du Nafarroako gizartea orohar eta Sakanako gizartea konkretuki. Enpresak 4 lan zentzu ditu, bi Asturiasen eta eta bi Nafarroan. Guztira 59 langile dira eta horietatik 32 langile Iruñeko eta Altsasuko lan zentroetan banatzen dira.

Nafarroako langileei jada 3 eta 4 hilabeteko soldata zor zaie eta emergentziazko egoeran daude. Egoera hau ez da berria, 2016 urtetik ona soldatak ez dira garaiz ordaindu eta zorra handitzen joan da langile eta hornitzaileekin.

Enpresak, maiatzaren 9an ekin behar zion kontratuak behin behinean etengo zituen ERE baten kontsulta epeari. ERE hau estatu mailakoa izan behar zuen eta taldeak dituen 59 langileei eragin behar zien. Enpresak baldintza bat jarri zuen EREa sartzeko, lantoki guztietako langileek babestua egon behar zuela kontsulta epea hasi bezain laster eta bestela ez zuela sartuko.

Lantoki guztietako langileen ordezkariek ezezko borobila eman diote enpresari eta enpresak ez du ERErik sartu. Beraz egoera honetan langileak kobratu gabe jarraitzen dute. Argi utzi nahi dugu, enpresak ez zuela dokumentazio osoa aurkeztu eta gainera guk Nafarroako lantokiei eragiten EREa Nafarroan negoziatzea eskatu dugu. Guzti honen ondorioz, enpresak ez du ERErik aurkeztu, ez da kontsulta epea hasi eta ez dakigu zein den enpresaren asmoa gaur egun.

Beste alde batetik, enpresak duela hilabete batzuk SODENAra jo zuen finantzazio bila proiektu bat aurrera ateratzeko asmoz. Proiektu hori galdu egin da zuzendaritzaren arduragabekeria eta gestio txarragatik.

Momentu honetan dakigunez, enpresa itxiera arriskuan dago eta alternatibak daude bai taldea aurrera ateratzeko eta baita Nafarroako lanpostuak babesteko. Altsasuko langileak konbentzituta gaude Altsasuko lantokia bideragarria dela.

Gaur egun dugun egoera oso larria da, enpresa desagertua dago eta dakigun bakarra da, maiatzaren 21ean konkurtsoa eskatu zuela. Enpresa ez da agertu lan departamentuan langileekin izan dugun kontziliaziotera. Enpresaren utzikeria eta arduragabetasuna erabatekoa da. Dakigun bakarra da, Sodenak telefonoz esandakoa. Pasa den ekainaren 6 ean Altsasuko Udaleren garapen batzordearekin bildu ginen, bertan Udalak Sodenarekin gaia hitzegingo zuela geratu ginen

Guzti horregatik, langileok bizi dugun egoera larriagatik eta 2000 lanpostu galdu diren eskualde batean dagoen arriskuagatik mobilizatzea erabaki dugu. Ostiral honetan Ekainak 15 Manifestazio bat egingo dugu Altsasuko Foruen Plazatik abiatuta 19:00etan . Manifestazioak bi helburu ditu: batetik, langileen egoerari irtenbidea bilatzea aldarrikatzea eta bestetik, Sodenak eta egungo zuzendaritzak, enpresak dituen jarraipen proposamenak aztertu eta erraztea aldarrikatzea.

 

 

 

Konpromiso politiko eta instituzionala eskatu dugu laneko heriotzen aurrean

Gaur, eguerdiko 12:15ean, langile bat hil da lan istripuz Bilboko Portuan.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dugu bere senide eta lankideei.
2018a hasi zenetik 24 dira gutxienez bere lanpostuetan edo hauen ondorioz hildako langileak.

Hildakoa G.L.B. 41 urteko langilea da, Kai Muturra Aldi Baterako Lan Enpresa osatzen duen Excavaciones Viuda de Sainz enpresako langilea zen eta Punta Luzeroko harrobi zaharrean estabilizazio obretan zegoela kamioi batek harrapatu du.

Gure ustez, prekarizazioaren ondorioa da lan munduan bizi dugun sarraski etengabea. Arazo estrukturala da. Prekarietateak hil egiten gaitu. Lan baldintza kaxkarrek, lan zama eta segurtasun neurriezak eragin zuzena dute lan istripuetan.

Heriotza hauen atzean enpresetan gastuak murrizteko erabakia dago, interes ekonomikoak lehenesten dira langileen segurtasun eta bizitzaren aurretik.

Berriro diogu, botere harremanen aldaketa ematen ez den bitartean, errepikatu egingo dira holako gertaerak. Lan istripuen aurrean, instituzioek neurri eraginkorrak hartu behar dituzte. Bitartekoak ezarri behar dira horrelakorik berriro gertatu ez dadin. Administrazio Publikoek ezin dute jarraitu beste aldera begiratzen, konpromiso politikoa beharrezkoa da gaur egungo egoera mugiarazteko.

Lan istripuak ekidin daitezke gaur egungo lan baldintza txarrak aldatzen badira. Hau lortzeko, ezinbestekoa da interes ekonomikoen gainetik pertsonen bizitza eta osasuna erdigunean jartzea. Azkenik, dei egiten dugu langile klaseari antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzera.
 

 

 

Eremu baztertzailerik gabeko euskararen lege berri baten alde egin dugu Nafarroako Parlamentuan

Nafarroan euskararen lege berri bat egitea aztertzen ari den Parlamentuko batzorde berezian izan dira gaur LAB sindikatuko eledun Imanol Karrera eta Euskara arduradun Iñigo Orella. Biek ala biek adierazi dute Nafarroan bazterketarik izatekotan hori euskaldun elebidunek jasaten dutena dela, eta, hain zuzen ere, bereizkeria hori bukatzeko modua dela nafar guztiek eskubide berberak dituztela aitortuko duen euskararen lege berri bat onartzea eta praktikan jartzea.

Euskaldun elebidunek Nafarroan benetan jasaten duten bazterkeriaren kasu erreal batzuk azaldu eta gero, euskararen lege berriak LABen ustez jaso beharko lituzkeen ezaugarri nagusiak aletu zituzten sindikalistek. Batetik, LABek uste du gaur egun indarrean dagoen Euskararen Legeak ezarritako zonifikazioa gainditu behar dela eta nafar guztiei eskubide berberak aitortu behar zaizkiela, haien bizilekua edozein dela ere. Bigarrenik, lege berriak jaso behar du nafar guztiek eskubidea dutela hautatzeko Administrazioarekin erabiliko duten hizkuntza, izan euskara edo gaztelania. Hirugarrenik, lege berriak izan behar du dinamikoa -beharrak berrikusi eta errealitate berriei egokitzeko-, posibilista eta ez-murriztailea. Eta laugarrenik, lege berriak aitortu behar du nafar guztiek dutela euskara dohainik ikasteko eskubidea, beraien adina edozein dela ere.

Legeak jaso beharko lituzkeen ezaugarriei buruzko proposamen zehatzagoak ere egin dituzte, administrazioari, hezkuntzari eta lan munduari begira.

ADMINISTRAZIOA
• Administrazioaren barnean zirkuitu elebidunak sortuko dira herritarrek edozein tramite egiteko bide osoa euskaraz egin ahal izateko.
• Euskara administrazioan lan hizkuntza bihurtuko da.
• Euskara administrazioaren barnean komunikatzeko eta funtzionatzeko hizkuntza izanen da euskarri eta bide guztietan.
• Herritarrekin komunikatzeko euskarri eta bide guztietan euskarazko komunikazioa bermatuko da.
• Administrazioko langileei, beste langileei bezala, lan ordutegiaren barnean ordezkatuak diren bitartean, euskaraz doan ikasteko eskubidea, lan harremanak euskaraz izateko eskubidea eta euskaraz lan egiteko eskubidea bermatuko zaizkie.
• Edozein sarbide dela medio euskara betebehar edo meritua izanen da lanpostu eskaintza guztietarako.

HEZKUNTZA
• Euskaraz ikasteko eskubide unibertsala, doakoa eta edozein adinetan.
• Nafarroako bi hizkuntzetan gaitasun egokia ziurtatuko duen hezkuntza eredua eta aldi berean beste hizkuntzetan, ingelesean eta frantsesean bereziki, konpetentzia nahikoa bermatuko duena beste irakasgaietako konpetentziak baztertu gabe.
• Ikastolen Sareak egindako lanaren eta eleaniztasunean eta pedagogian aitzindaritzaren aitortza egin, eta elkarlanerako aukera eta bizirauteko bermea eskaini.

LAN MUNDUA

• Nafarroa osorako hizkuntza politika berri, eragingarri eta burujabea.
• Euskarabideari baliabide eta eskumen nahiko esleitzea hizkuntza politika egokiak aurrera eramateko
• Lan munduaren euskalduntzea araubidean jartzea.
• Langileon hizkuntza eskubideak aitortzea:
o Euskara ezagutzeko eskubidea doan lan ordutegiaren barnean eta ordezkatua izanik.
o Lan jarduna eta lanbidea euskaraz garatzeko eskubidea.
o Lan harremanak euskaraz eraikitzeko eskubidea.

 

 

 

Gasteizko BSH Bosch enpresako langileek aurrera jarraitzen dute protestekin

0

Bi orduko beste lanuzte bat egin dute gaur Gasteizko BSH Bosch enpresako langileek, joan den astekoari segida emateko. Ekainaren 20an lanuzte gehiago egingo dituzte, zuzendaritzak hartutako konpromisoak bete ez dituela salatzeko.

Duela urtebete mobilizazioei ekin zieten enpresan, 2017ko martxoan lantegiaren salmenta iragarri baitzuen BSH Bosch Eletrodomesticos España enpresak. Orduz geroztik, kezkatuta daude langileak. Gasteizen 40 urte eman ditu enpresak (lehen UFESA zen) eta enplegu zuzena 220 pertsonari ematen die. Lurrun lisaburdinak eta lisaketa-zentroak egiten dituzte.

Programatutako itxiera batera, enplegua suntsitzera edota lan baldintza eta eskubideen galera ekarri ahal du salmentak, arrisku horrek bere horretan jarraitzen du, nahiz eta konpainiak konfiantza eskatu bere momentuan. Hain zuzen ere, negoziaio luze eta gogorren ostean, akordio bat lortu zuten langileek: akordioan, lan taldeak soilik enplegua, lan baldintzak eta aktibitatea mantentzearen aldeko apustua egin zuen. Helburua etorkizuna bermatuko duen proiektu industrial berri bat da.

Kontua da, urte erdi geroago, Bosch taldeko zuzendaritzak ez duela akordioa bete; areago, ez du ezta sinatu ere egin. "BSH Boschek ez ditu bere konpromisoak betetzen, ilunkeriaz eta gardentasunik gabe jokatzen ari da, lan talde osoaren mesfidantza areagotuz. Informazio fidagarraririk ez dago inondik inora", azaldu duten langileek.

Antza, lantegia hartzeko talderen bat omen dago, baina BSH Boschekin lortutako konpromisoak gauzatu gabe, lantegiaren etorkizunaren inguruko arriskua biderkatzen da.

 

 

 

Gasteizko Legebiltzarrera jo dute WEC II enpresako grebalariek

0

Wind Energy Casting Fundiciones enpresako langileak greba mugagabean daude, hitzarmen duin baten defentsan. Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egin dute gaur protesta, eta bihar, 18:30ean, manifestazio bat egingo dute, Aguraingo San Juan plazatik abiatuta. Joan den astean, Aguraingo lantegiko langileak Itziarrera gerturatu ziren, enpresa taldearen egoitza nagusira.

 

 

 

Toledoko Ituneko aldaketek ez dituzte pentsionisten aldarrikapenak asebetetzen

Sanchez Espainiako Gobernuko presidente denetik Toledoko Itunaren lehen bileraren inguruan dauden lehen informazioak konfirmatuta ez dagoen akordio bat “saltzeko” baliatzen dira. Gainera, balizko akordio horrek ez lituzke pentsionisten aldarrikapenak bermatuko eta ez lieke euskal pentsionisten eskariei erantzungo.

Esaten dute KPI hartuko dutela kontutan pentsioak igotzeko, baina oparotasun ekonomiko sasoietan baino ez, honek babesa emango lieke PPk 2013an egindako pentsioen erreforman sartutako aldaketei. Ordurako, krisian zegoen pentsioen sistema eta hortaz, pentsionisten buru gainean jarraituko du Damoclesen ezpata honek.

Ez da KPI pentsio guztientzat bermatzen ezta 1.080 eurotako gutxieneko pentsioa ere, Euskal Herrian aldarrikatzen ari dena pentsionistak pobreziaren atalasetik behera egon ez daitezen, Europako Karta Sozialak adierazten duen moduan.
Ezin dugu “ahaztu” ezta azken urteotan “gora” egiten duen eros-ahalmenaren galera bat dagoela edo nola euskal instituzioek, Gasteiz zein Iruñeko gobernuek, pentsioak osagarritu ditzaketen, Babes eta Gizarte Segurantzako Sistema Propioa izan dezagun arte, orain zein etorkizunean pentsio duinak bermatuko dituena.

Ez gaitzatela engainatu. Ez dugu hitz politik nahi. Pentsionisten aldarrikapenak onartzen dituztela erakutsiko duten ekintzak nahi ditugu. Hauek, EAJ eta PPk akordioa egin arren, ez dira engainatzen utzi eta pentsio duinak eta 1.080 eurotako gutxieneko pentsioak aldarrikatzen jarraitzen dute.

Badakigu hori benetan lortzeko modu bakarra gure apustua den Sistema Propioa lortuta izango dela baina bitartean, euskal instituzioak ezin dira geratu beste alde batera begira eta egiteko ugari dituzte, pentsionista pobreak egon daitezela ekiditeko.
 

 

 

Gutxieneko errenta eta etxebizitza eskubidearen alde bildu gara Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartako eragile sozial eta sindikatuok elkarretaratze jendetsu bat egin dugu gaur Gasteizko Legebiltzarraren aurrean. Hain zuzen ere, abian jarritako gutxieneko errenta eta etxebizitza eskubidearen aldeko Herri Ekimen Legegilea babestu dute bildutakoek, eta EAJ eta PSE proposatzen ari diren Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren erreforma murritzailea kritikatu dute.