2026-01-23
Blog Page 754

Osakidetzako zuzendaritzak ez du onartzen negoziazio erreala martxan ipintzea eta defendatu egiten du bere eskandaluzko kudeaketa

0
Osakidetzako zuzendaritzak oso argi utzi du gaurko mahai sektorialean nahiago dituela kontrako ebazpen judizialak (Garapen Profesionala edo behin-behinekoen kontrazioen kasuak, adibidez) eta EPE honetako irregulartasunei buruzko fiskaltzaren ikerketak eta eskandalu mediatikoa, EAJren kudeaketa kaskarra sortzen ari den arazoak negoziazio kolektiboaren bitartez konpontzea baino. Hau da, Osakidetzak gatazkaren bidea aukeratu du eta negoziazio kolektiboarena baztertu. Kontuan hartu behar dugu gatazka honek zuzenean eragiten digula Osakidetzako langileoi, diru publikoari eta osasun sistemaren kalitateari berari.

Bestalde, Osakidetzako zuzendaritza ez da gai beharrezko den autokritika egiteko, akatsak onartzeko eta erantzukizunak bere gain hartzeko. EPEko iruzurraren kasua honen adibide garbia da. Izan ere, onartezina den kudeaketa defendatzen jarraitzen dute, benetako irtenbideak bilatu beharrean, egoera estaltzeko asmotan tematurik.

Honen harira, LAB hiru negoziazio urgente eskatzeko asmoz etorri da gaurko batzarrera:

• Lan Baldintzen Akordio berria negoziatu, hau da, gure hitzarmen kolektiboa, azken urteotako murrizketak bertan behera utziz eta langileon lan-baldintzak duinak lortuz.

• EPE sistema berria negoziatu, oraingo eredua guztiz agortuta dagoelako. Hainbat kategoriatako iruzur sistematikoaren eskandalua azken tanta izan da, baina ezin dugu ahaztu azterketak eurak, barematzeko irizpideak, euskararen erabilera, plazen esleipenak eta zerrenda amaigabea. Sistema hau ez da ez justua ezta fidagarria ere. LABek 2011an EPE sistema berrirako oinarriak aurkeztu zituen, pendiente dagoen negoziazio urgente honi hasiera eta oinarri ipintzeko askoz.

• Garapen Profesional sistema berria negoziatu behar dugu. Osakidetzari Garapen profesionalaren gaineko sententzia bete eta ordainsariak ordaindu behar dituela gogoratzen diogu, baina jarraian, eredua berria negoziatzeari ekin behar diogula. LABek beti kritikatu izan du indarrean dagoen eredua, langileon arteko ezberdintasunak areagotzen dituelako eta injustu, baztertzaile eta subjektiboa delako.

Osakidetzak eman digun erantzuna begiak ixtea eta okerreko bidetik aurrera jarraitzea izan da. Benetan negoziatzeko borondate falta argi gelditu da:

• EPEko irregulartasunen inguruan ez digu inolako informaziorik eman. Azalpenak uztailaren 19an emango dituzte, Legebiltzarrean. Ez autokritika, ez ardurarik ezta EPE sistema berria negoziatzeko asmorik ere.

• Lan Baldintzen Akordio berria negoziatzea ez dute planteatu ere egiten. Negoziatzeko puntuen zerrenda moztu egin dute eta mahai gainean baimen eta lizentziak eta kontratazio akordio berri bat ipini dute soilik. Hau da, partxe batzuk lehengo bidetik jarraitzeko.

• Garapen profesionalari buruz, bide judiziala agortzeko asmoa daukate, kasazio errekurtsoa jarriz, ordainketa 2019tik aurrera egiteko aukera aipatuz eta deialdi berria negoziatzeko “saiakera” egiteko ere bai. Beraz, ez dute asmorik sententzia orain betetzeko ezta, garapen profesional eredu berria negoziatzeko.

Honen aurrean, LABek negoziazio aldarrikatzen jarraituko dugu eta hori lortu bitartean, borrokan arituko gara, epaitegietan, fiskaltzan, eta batez ere, lan zentroetan eta kalean. Jokoan dagoena ez dira soilik milaka langileren lan-baldintzak, osasun publikoaren kalitatea baizik.

 

 

 

PSOEren gobernuak egoera honetara ekarri gaituzten lan-erreformen prozesua leheneratzeari ekin beharko lioke

Ekaina amaieran 152.539 pertsona zegoen langabezian Hego Euskal Herrian, enplegu zerbitzu publikoetan erregistratutako langabezia ofizialen zifren arabera, honek suposatzen du 3.598 pertsonetan egin duela behera aurreko hilabetearekiko. Sexuen araberako bilakaerari dagokionez, esan beharra dago langabezia zerrendak utzi dituzten 3 pertsonetatik 2 gizonezkoak zirela. Hortaz, egun langabezian daudenen %58 emakumezkoak dira.

Urteko sasoi hau egokia izaten da kontratazioetarako, turismo denboraldia eta beherapenek bultzatuta. Hala ere, data hauei lotutako kontratazioaren zati handi bat prekarioa eta iragankorra da.

Izan ere, urte hasieratik hona sinatu den kontratuen %91,4 aldi baterakoa izan da, baina ekainean egindako kontratazioei dagokionez, portzentaia honek %92,2raino egin du gora.

Gainera, garrantzitsua da azpimarratzea suspertze ekonomikoaren hasieratik gora baino ez duela egin enpleguaren desegonkortasunak. 2018an sinatutako kontratuen batazbesteko iraupena 53 egunetakoa da, duela 10 urte 81 egunetakoa zenean.

Ondorioz, suspertze ekonomikoa eta irabazi enpresarialen igoerarekin batera, langile klasearen esplotazio eta bizi-baldintzak okerrera egin dute, egun prekarietate handiagoa eta soldaten balio- gutxitze iraunkorra jasan behar dutelarik.

Hau izan da jasandako krisi sakona eta PPren erreformen emaitza, azken hauek enpresen lehiarako abantailak hobetzera bideratuak egon baitira soldata eta lan-baldintzen kaltetan.

Zentzu honetan, PSOEren gobernuak egoera honetara ekarri gaituzten lan-erreformen prozesua leheneratzeari ekin beharko lioke, beste urgentzia batzuen artean.
 

 

 

BSH Bosch-eko langileek bermeak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari

0
Enpresa batzordeak bilera egin du gaur Industria Departamentuko ordezkariekin, eta langileen kezka helarazi die enpresan egon diren azken mugimenduengatik.

 

 

 

Herrien Epaitegi Iraunkorrean izan gara Bartzelonan

Asteburu honetan, LAB sindikatuak, aurreko urtean bezala, Herrien Epaitegi Iraunkorrean parte hartu du Bartzelonako Audientzian. Urtzi Ostolozaga LABeko Ekintza Sozialeko idazkariaren ondokoa egon da bertan. Pertsona migrante eta errefuxiatuen aurkako giza eskubideen bortxaketaz aritu gara; eskubide gabeziaz, alegia.

Tribunal honek Estatu krimenen inguruan aritzeko konpetentzia dauka. Norbanako, herriei edo kolektibo gutxituei egiten zaizkien giza eskubideen urraketa sistematikoak epaitzen ditu. Iritzi epaitegia da, eta, herrien justiziari buruz arituko den nazioarteko jurisdikziorik ez dagoenez, paper hori betetzen du. Tribunal honen sententziek ez dituzte bakarrik kontuan hartzen existitzen diren arauak, giza eskubideak bermatuak izan daitezen dauden mugak eta hutsuneak ere betetzen dituzte.

Asteburu honetan, berriro ere, testigantza izugarri gogorrak eta mingarriak entzun ditugu pertsona migrante eta errefuxiatuen eskutik. Kasu honetan, Hegoaldeko mugaz, emakumeen eta umeen bizipenetaz aritu gara. Jatorrizko herrialdeak uztera behartu dituzten arrazoietaz, transitoan bizi izan dituzten gehiegikeria eta bortxaketetaz, eta heldu diren herrialdeetan aurkitu dituzten egoera larrietaz.

Urtez urte, Europak baztertze politika gero eta gehiago bereganatu ditu; adibide argiena, mugak zeharkatzean zenbat pertsona hiltzen ari diren itsasoan. Gertatzen ari dena, gizateriarentzat, onartezina da. Justizia helburu, Herrien Epaitegi Iraunkorrak bere gain hartu du erabaki egokiak hartzeko ardura.

Euskal Herrira ere hasi dira heltzen egoera hauek bizi dituzten pertsonak, erakundeek beren gain hartu behar dituzte, baina, horrela ez bada, jendarteak hartuko ditu, eta besoak zabalik hartuko ditu LABek, baita lantokietan ere.

Entzun ditugun testigantzetariko bat Fatourena izan da, bere interbentzioaren laburpena egiteko eskatu diogu –ikus bideoa–.
 

 

 

Bizkaiko Metalgintzarako ditugun proposamenen berri eman dugu

0

Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren negoziazio mahaian gure parte-hartzea eten ondoren, propaganda banaketa egin dugu gaur Abanto Zierbenako El Campillo industriagunean. Hain zuzen ere, sektoreko langileak informatu ditugu, sindikatuak Bizkaiko metalgintzaren inguruan finkatu dituen posizioen inguruan. Era berean, elkarretaratze bat egin dugu GS Hydro enpresaren aurrean.

Hainbat bilera eta gero, patronalak ez dauka negoziatzeko borondaterik, ez du nahi hitzarmen duin bat sektoreko langileentzat.

Hauek dira, hain justu, sektoreko langileen arazo nagusienak:

-Lehena mailako, bigarreneko eta hirugarren mailako langileak
-Soldata izoztuak
-%27,5-a azpikontratatua
-Estatalizazioa
-Prekarizazioa
-Desregulazioa
-Lanpostuen %30a emakumeek beteta eta soldata arrakala %19,3koa
-%89,23-a behin behineko kontratuak
-Hitzarmenak ez bete tzea, soldaten jaitsierak, EEEak, enplegu suntsiketa
-Sektorean 8.000 pertsona inguru lanpostu gabe

Eta hauxe da LABen proposamena, arazo horiekin guztiekin amaitzeko:

1.- Soldata tabletan eguneratzea; formula ezberdinak aztertzeko prest egonik ere ezin- besteko edukia da. Baita, hitzarmenak iraun bitartean KPI-az gaindiko soldata igoerak.
2.- Behin behinekotasun portzentaia kezka- garria izanik; enpresa eta langileen ordezka- rien arteko akordioak behar dira, gehienezko denborak zehaztuz.
3.- LABen helburua ABLEen desagerpena izanda; hitzarmen honetan, helburu hori lortu arte, beharrezkoa ikusten dugu ABLE bidezko kontratazioari mugak jartzeko neurriak.
4.- Estrukturala diren lanpostuak enpresako kontratu zuzena eduki behar dute eta horreta- rako neurriak behar dira; bitartean estrukturala diren lanpostuetarako Subrogazioa bermatuko da.
5.- Emakumeen kontratazioa bultzatzeko neurriak eta soldata arrakala desagertzekoak ere behar beharrezkoak dira.
6.- Lan aldia murriztea.
7.- Eta, nola ez, lan baldintzetan atzera pau- surik ez dugu onartuko eta lan erreforma ez aplikatzeko neurriak.
 

 

 

EAE eta Nafarroako sindikatu guztiak presoak hurbiltzearen alde azaldu gara

Eusko Legebiltzarrean ekainaren 13an eta Nafarroako Parlamentuan ekainaren 29an erdietsitako akordioen ondoren, orain Nafarroa eta EAEko sindikatu guztiak espetxe politikaren aldaketa eta presoen hurbilketa eskatu dugula jakitera eman du Foro Sozialak.

 

EAJ eta PSE-EEk aurkezturiko DSBEaren lege proposamenaren helburua egungo babesa gehiago murriztea da

LABek kezka eta desadostasuna azaltzen du, EAJ-k eta PSE-EE-k Gasteizko Legebiltzarrean aurkeztutako Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren Lege proposamenaren helburua egungo babesa gehiago murriztea baita.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta eta jendarte inklusiorako lege-proposamenaren tramitazio parlamentarioa irailera atzeratzea erabaki dute EAJ-k eta PSE-EE-k Legebiltzarrean. Erabaki honen aurrean LABetik honakoa exijitzen dugu:

1.) EAJ-k eta PSE-k aurkeztutako lege-proposamena atzeratzea ez baino bertan behera uztea. Lege proposamen murriztailea delako, eta ez duelako inongo bokaziorik herritar guztiei bizitza duin bat bermatzeko. EAJ eta PSEk lege proposamen horrekin egungo politika publikoen norabidea aldatzeko inolako borondaterik ez dute.

Proposatzen dituzten aldaketek prestazioak eskuratzeko modua gogortzen dute kasu gehienetan, noiz eta orain, azken urteetan bazterketa soziala eta pobrezia maila Hego Euskal Herrian handitzen ari denean. Egoera kezkagarria da: 2008 eta 2016 bitartean artatutako pertsona kopurua %62 gehitu da hona pobrezia errealeko arriskuan dagoen eta arretarik jaso ez duen pertsona kopurua %25 hazi denean.

2.) Lege-proposamen honen ibilbidea amaitu eta beste lege-proposamen baterako eztabaida ireki behar da. DSBEren erreformarako eztabaida erreal eta eraginkorra abiatzea eskatzen dugu. Egun Diru Sarrerak Bermatzeko errentaren kopurua guztiz askieza da. Etengabeko murrizketak egin zaizkio eta 2008ko legeak hasieran jasotzen zituen aurreikuspenetatik %13,5 murrizketa izan du. Ondorioz, 2009 eta 2017 urte bitartean %11,9ko eros- ahalmenaren galera nozitu du.

Eztabaida horrek jaso beharko luke:

-Gizartea nahiz lan-mundua prekarizatzeko prozesuari aurre egitea.
-Gizarte babesean EAE Europa Batasuneko bataz bestekoaren mailara heltzea.
-DSBE jasotzeko aukera izan lezaketen pertsonen %30 prestaziorik gabe ez gelditzeko neurriak finkatu beharko lituzke proposamenak.
-Sistemaren iraunkortasunak ezin du baldintzarik txarrenetan dauden pertsonentzako baliabideak murriztean oinarritu: zerga-erreforma bidezko bat da behar dena, iruzurra zigortzearekin batera.
-Esparru honetan dugun atzerakada ekiditeko, agenda politikoaren erdian, prekarietatea eta pobreziaren kontrako borroka kokatzearen garrantzia azpimarratzen dugu.
 
3) Eztabaida hori burutzeko, Eskubide Sozialen Kartaren ekimenez Euskal Herriko eragile sozial eta sindikal ugarik abiatu dugun Herri Ekimen Legegilea oinarri hartzea eskatzen dugu. Herritar guztiei gutxieneko diru sarrerak eta bizi baldintzak bermatzeko helburua du HEL honek.

Aurreko puntuetan aipatu bezala, desberdintasun sozialak gero eta handiagoak diren honetan, kolektibo batzuk bereziki kaltetuak daude: emakume pentsiodunak, gazteak eta etorkinak, besteak beste. Herri Ekimen Legegilearen bidez egungo gizarte babesa aldatzea, hobetzea da helburu, bereziki kaltetuenak diren kolektibo horien mesedetan. Horretarako beharrezkoa izango da.

Herri Ekimen Legegileak aurrera egin dezan sinadura bilketa fase bete-betean gaude orain. Euskal langileei eta jendarteari orohar dei egiten diegu, Herri Ekimen Legegileari bultzada emateko sinatu dezaten.

Euskal Herrian, 2018ko ekainaren 29an

 

 

 

Lanuztea eta elkarretaratzea egin dute Loramendi Egoitzako langileek


Erandioko Loramendi Egoitzako langileek lanuztea eta elkarretaratzea egin dute lan baldintzen hobekuntza eskatzeko. Hilabeteak daramatzate mobilizatzen bizi duten egoera salatuz.

SANITAS LORAMENDIKO LANGILEEN OHARRA
"Sanitas Loramendiko langileok gure egoeraren berri eman nahi dugu gaur.

Hilabeteak daramatzagu egoitzan mobilizatzen enpresak ezezkoaren erantzuten baitie gure eskariei.

Loramendiko langileok hilabeteko greba daramagu gure enpleguen kalitatea hobetu eta zaintzeko eta gure erabiltzaileen bizitza-kalitatea ziurtatzeko.

Gure eskariak onargarriak dira eta baldintza onetan zaintzea dute helburu moduan. 15 urte daramatzagu kategorien arteko diskriminazio argiarekin lanaldiei dagokienez.

13 langile daude lanaldi partzialekin, denak emakumeak. Egoitza zabaldu zenetik modu ikaragarrian egin dute gora garbiketa, garbitegi eta sukaldeko ekipoetako atazek, baina ez euren lanaldiek.

Zuzendaritzari ekipo hauen lanaldiak %100era igotzea eskatzen diogu, guztiz beharrezkoa baita.

Eskari hau ez da berria, duela 10 urtetik hona ari gara egiten eta beti ukatu izan zaigu, baina ezinezkoa da gehiago jasatea.

Ekipo hauetako langileak hautsita daude interbentzio kirurgiko eta arazo muskulo-eskeletikoekin.

Guzti hau gainkarga eta lan honen gehiegikerietan oinarrituta dago.

Gure aldarrikapenek ez dute zerikusirik alde ekonomikoarekin. Bestalde, Sanitas-ek kendu egin dizkigu gozatzen genituen hobekuntza gutxietatik batzuk, aurreko itunetan lortu genituenak. Era berean, Sanitas-i eskatzen diogu oporretan kontratatzeko politika izan dezala, bermatuko duena langileak neurri handiagoan atera ahal izatea aldi honetan, horrela laneko eta familiako bizitza hobetu eta uztartu ahal izateko.

Enpresak eskari hauek baztertzeak, bere prepotentzia erakutsi du eta tratu sumingarria ematen die bere langileei, eta guk, horrela sentitzen dugu.

Pertsonekin lan egiten dugu eta zerbitzu ona merezi dute. Eta guk, gure osasuna eta gure bizitza bermatuko duten lan-baldintza duinak merezi ditugu.

Bestalde, erabiltzaileen senitartekoei eskertu nahiko genieke gure aldarrikapenei ematen ari diren babesa.

Gure erantzukizuna da erabiltzaileen bizi-kalitatearen alde egitea. Ez dugu amore emango gure duintasuna eta osasunaren defentsan hain beharrezkoa den lanaldiak handitzea lortu arte."
 

 

 

Gure parte-hartzea eten dugu Bizkaiko metalgintzako mahaian FVEMek ez duelako negoziatzeko inolako borondaterik

0

Gaur, ekainaren, 29an egin da Bilbon Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmen Kolektiboaren mahai negoziatzailea. Bilera honetan, LABek mahai negoziatzailean parte-hartzea “etetea” erabaki du.

Aurtengo otsailaren 7an, urte batzuk negoziazio barik pasatu ostean, mahai negoziatzailea berrartu zen. Ordutik hona hainbat bilera egin da eta LABek ateratzen duen ondorioa da patronalak ez duela borondaterik Bizkaiko metalgintzako langileon lan-baldintzak duinduko dituen hitzarmena negoziatzeko eta interesatzen zaion bakarra da langileon kontura negozioa egiten ahalbidetuko dion hitzarmena dela.

LABetik Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren aldeko apustu argia egiten dugu, baina ez edozein hitzarmen. Sektoreko langile guztien lan-baldintzak arautu behar dituen gutxieneko markoa da hitzarmen sektoriala, eta horregatik, guztiz beharrezkoa da sektorearen arazo nagusiei aurre egingo dieten neurriak jasoko dituen hitzarmena. Neurriok, LAB sindikatuak aste honetan FVEMen eta Lan Harremanen Kontseiluan erregistratatutako dokumentuan dauden jasota: soldatak berreskuratzea, KPIren gaineko soldata igoerak, aldi-baterakotasuna eta ABLEen bidezko kontratazioa, subrogazioa azpikontratetako langileentzat, emakumeak kontratatu eta soldata- arrakala murrizteko neurriak, lan-erreformaren aurrean babestuko gaituzten neurriak…

LABek gaur egindako mugimenduaren aurrean, patronalak jarrera immobilista eta blokeoaren aldekoarekin jarraitu du eta ez du proposamenik ekarri eta horregatik, LABek berriro iniziatiba hartu eta mahaian bere parte- hartzea etetea erabaki du, patronalaren aldetik, sektoreko langileek lan eta bizi-baldintza duinak izan ditzaten beharrezko bezala aldarrikatzen ditugun puntuetan aurrerapen edo edukin duinak aurkeztu arte.

Sektoreko langileengana jotzeko eteten dugu mahaiko gure parte-hartzea, hauek baitira hitzarmen hau benetan nahi eta behar dutenak eta lan-baldintzak hobetuz, lan zentruetan bizi duten prekarietatearekin amaitu nahi dutenak. Sektoreko langileak antolatzera goaz eurekin batera hitzarmen honen alde batera egin dezagun borrokan, lan zentruetan zein kaleetan. Zentzu honetan, mobilizazioa egingo dugu Sestaon datorren astean. Espero dugu bide honetan langile guztientzako sektoreko hitzarmenaren aldeko apustua egiten dutenekin elkar topatzea, eragin orokorrekoa izango den hitzarmena eta estatalizazioari mugak jarriko dizkiona.

Eta patronalari, mezu bat bidaltzen diogu. Egungoa bezalako egoeran, irabaziak eta produktibitatea gora doazenean eta testuinguru ekonomikoa aldekoa denean, aitzakiak amaitu dira. LAB prest dago mahaian berriro esertzeko benetako negoziazioa dagoenean, funtsezko aurrerapenak suposatuko dituena. Eta patronalak ez badu hau gogo onez egiten, sektoreko langile guztien borrokaren ondorioz egin beharko du. Horretara behartuko ditugu.