2026-07-31
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaOsakidetzako zuzendaritzak ez du onartzen negoziazio erreala martxan ipintzea eta defendatu egiten...

Osakidetzako zuzendaritzak ez du onartzen negoziazio erreala martxan ipintzea eta defendatu egiten du bere eskandaluzko kudeaketa

Osakidetzako zuzendaritzak oso argi utzi du gaurko mahai sektorialean nahiago dituela kontrako ebazpen judizialak (Garapen Profesionala edo behin-behinekoen kontrazioen kasuak, adibidez) eta EPE honetako irregulartasunei buruzko fiskaltzaren ikerketak eta eskandalu mediatikoa, EAJren kudeaketa kaskarra sortzen ari den arazoak negoziazio kolektiboaren bitartez konpontzea baino. Hau da, Osakidetzak gatazkaren bidea aukeratu du eta negoziazio kolektiboarena baztertu. Kontuan hartu behar dugu gatazka honek zuzenean eragiten digula Osakidetzako langileoi, diru publikoari eta osasun sistemaren kalitateari berari.

Bestalde, Osakidetzako zuzendaritza ez da gai beharrezko den autokritika egiteko, akatsak onartzeko eta erantzukizunak bere gain hartzeko. EPEko iruzurraren kasua honen adibide garbia da. Izan ere, onartezina den kudeaketa defendatzen jarraitzen dute, benetako irtenbideak bilatu beharrean, egoera estaltzeko asmotan tematurik.

Honen harira, LAB hiru negoziazio urgente eskatzeko asmoz etorri da gaurko batzarrera:

• Lan Baldintzen Akordio berria negoziatu, hau da, gure hitzarmen kolektiboa, azken urteotako murrizketak bertan behera utziz eta langileon lan-baldintzak duinak lortuz.

• EPE sistema berria negoziatu, oraingo eredua guztiz agortuta dagoelako. Hainbat kategoriatako iruzur sistematikoaren eskandalua azken tanta izan da, baina ezin dugu ahaztu azterketak eurak, barematzeko irizpideak, euskararen erabilera, plazen esleipenak eta zerrenda amaigabea. Sistema hau ez da ez justua ezta fidagarria ere. LABek 2011an EPE sistema berrirako oinarriak aurkeztu zituen, pendiente dagoen negoziazio urgente honi hasiera eta oinarri ipintzeko askoz.

• Garapen Profesional sistema berria negoziatu behar dugu. Osakidetzari Garapen profesionalaren gaineko sententzia bete eta ordainsariak ordaindu behar dituela gogoratzen diogu, baina jarraian, eredua berria negoziatzeari ekin behar diogula. LABek beti kritikatu izan du indarrean dagoen eredua, langileon arteko ezberdintasunak areagotzen dituelako eta injustu, baztertzaile eta subjektiboa delako.

Osakidetzak eman digun erantzuna begiak ixtea eta okerreko bidetik aurrera jarraitzea izan da. Benetan negoziatzeko borondate falta argi gelditu da:

• EPEko irregulartasunen inguruan ez digu inolako informaziorik eman. Azalpenak uztailaren 19an emango dituzte, Legebiltzarrean. Ez autokritika, ez ardurarik ezta EPE sistema berria negoziatzeko asmorik ere.

• Lan Baldintzen Akordio berria negoziatzea ez dute planteatu ere egiten. Negoziatzeko puntuen zerrenda moztu egin dute eta mahai gainean baimen eta lizentziak eta kontratazio akordio berri bat ipini dute soilik. Hau da, partxe batzuk lehengo bidetik jarraitzeko.

• Garapen profesionalari buruz, bide judiziala agortzeko asmoa daukate, kasazio errekurtsoa jarriz, ordainketa 2019tik aurrera egiteko aukera aipatuz eta deialdi berria negoziatzeko “saiakera” egiteko ere bai. Beraz, ez dute asmorik sententzia orain betetzeko ezta, garapen profesional eredu berria negoziatzeko.

Honen aurrean, LABek negoziazio aldarrikatzen jarraituko dugu eta hori lortu bitartean, borrokan arituko gara, epaitegietan, fiskaltzan, eta batez ere, lan zentroetan eta kalean. Jokoan dagoena ez dira soilik milaka langileren lan-baldintzak, osasun publikoaren kalitatea baizik.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.