2026-04-28
Blog Page 751

Azken lan heriotza salatu dugu Markina Xemeinen

Joan den ostiralean, Iturrieta mendian, Markinan, zuhaitzak botatzen lan egiten zuen 50 urteko Markinako langile bat hil zen. Heriotza berri hori dela eta, euskal gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratze bat egin dugu Markinako udaletxearen aurrean.
 

 

 

GEKAko langileak mobilizazioekin hasi dira nomina kobratzeko eskatuz

0

Atzo urriaren 8tik GEKA enpresak dituen lan zentro ezberdinetako langileak (Oiartzunen 2 eta Astigarragan 1) mobilizazioekin hasi dira nomina ordaintzeko exijituz. Deialdia GEKAko enpresa-batzordeak egin du, LAB, CCOO eta Independienteek osatua.

Aste honetan zehar, 13:30etik 14:30etara kontzentrazioak burutzen ari dira, GEKA enpresak Oiartzungo Zerradi poligonoan duen lan zentroaren inguruan eta datorren astelehena, hilak 15etik aurrera, lanuzteak zein konzentrazioak, 9:30etik 10:45era eta 18:30tetik 19:30era, eta enpresa aurrean egongo dira.
 

 

 

Itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebak %65eko jarraipena baino gehiago izan du

Patronalek sektoreko aldarrikapenei erantzun ezean, mobilizazioak indartu beste biderik ez digute utziko azaroari begira. Hala ohartarazi dugu LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok.

Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunei jarraipena emanez, gaurkoan sektoreko laugarren greba greba egunera eta ikasturte honetako lehenengora deituak zeuden itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora. EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Grebak izan duen jarraipena oso zabala izan da, aurreko hiru greba egunek izandakoaren oso antzekoa, ikastetxe eta etapa batzuetan %80tik gorakoa izanik.

Gaurkoan Bilbon gauzatutako manifestazioan langileek izandako parte hartzea ere oso zabala izan da, EAEko hiru lurraldeetako milaka langile batu garelarik bertan.

Bihar sektoreko bostgarren greba eguna izango da, eta sindikatuok dauzkagun aurreikuspenen arabera, langilegoaren gehiengoaren babesa izango du biharkoak ere.

Langileak mobilizazio eta grebei ematen ari diren babesa ikusita, patronalek gure aldarrikapenei erantzunik ematen ez dieten bitartean, sektorean ordezkaritza dugun sindikatuak mobilizazioa bultzatzen jarraituko dugu. Patronalen aldetik erantzunik egon ezean beraz, adostuta daukagun eta Azarorako 4 greba egun jarraian barenratzen dituen mobilizazio egutegiarekin aurrera egingo dugu.

Sektore honetan ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Gure eskakizun nagusiak, hitzarmena berritzeari begira, honako hauek dira:

Enplegua
-Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak
-Eroste-ahalmena berreskuratzea.
-1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak
-Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
-Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
-Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea
-Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte…
-Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

 

 

 

Oviedoko Unibertsitateko Ikerketaren emaitzak bat datoz Osakidetzako EPEan salatutako irregulartasunekin

0


Bihar, Legebiltzarrean Darpon EPEaren eskandalua ezkutatzen ahalegintzen den bitartean, LABek kontzentrazioa egingo du aurrean, goizeko 9.30ean, berdintasuna, meritua eta kapazitatean oinarrituriko filtraziorik gabeko EPEa eskatzeko eta Oviedoko ikerketaren gaineko balorazioaren inguruko adierazpenak egiteko.  


EPE honetako emaitzak ikertzeko Osakidetzak Oviedoko Unibertsitateari eskatu zion txostenak ez ditu zalantzan jartzen LABek egindako ikerketa estatistikoak, ezta salaturiko irregulartasunak ere. Ikerketa honi buruz LABek egin duen azterketaren harira, filtrazioez zuzenean ez hitz egin arren ikerketan, egilearen hitzetan hori ez zelako helburua, argi gelditzen da behin eta berriro salatuak izan diren hainbat kategoriatan normalak ez diren emaitzak bai agertzen direla.

Adibide moduan, esan dezakegu 36 azterketetan (30 kategoriari dagozkionak), puntuazioen banaketaren indizea ez dela zifra normaletara heltzen. Bestaldetik, 17 kategoriatan izangaien zentroen araberako banaketa ez da normala. Azkenik, 20 kategoriatan ez dago korrelazio egokirik lehenengo eta bigarren azterketen emaitzen artean.

Datu hauek guztiek gure salaketak indartu baino ez dituzte egiten. Horregatik, Osakidetzak ez duela ikerketa bururaino eraman nahi salatzen jarraitu behar dugu; gure aburuz, eskandalua ahalik eta lasterren eta ahalik eta ondorio txikienekin estali nahi dutelako.

Hau dela eta, Osakidetza eta Osasun Sailaren gardentasun eza salatu nahi dugu eta baita exijitu ere ikerketa bururaino eraman dezatela, argitu ahal izateko non egin ziren filtrazioak, nork egin zituen eta nor atera zen onuradun. Bestaldetik, martxan ipini behar den EPE sistema berria adosteko negoziazioa irekitzea funtsezkoa jotzen dugu.
 

 

 

Elkartasuna adierazi diogu Valentziako herriari gaurko Diada eguna dela eta

0
Gaur urriak 9-an valentziarrak Valentziar herriko Diada eguna ospatzera kalera irtengo dira. Euskal Herritik LAB sindikatuak klase eta herri bezala gure elkartasun osoa bidali nahi diogu Valentziako gure lagun guztiei gaurko Diadaren egun bereziaren harira.

Urriaren 9ko eguna egun berezia da valentziar guztientzat, Mediterraneoko txoko hontako Diada ospatzen baita. 78-ko erregimenak gehiegitan zigorturiko Mediterraneoko txoko bat da hau; langile klasearen eta naziorik gabeko estatuen askatasun egarria bai Euskal Herrian, Valentzian eta beste hainbat txokotan itotzen dituen erregimena hain zuzen ere.

Egun berezi honetan, aldi berean ezin ahaztu Valentzian faxismoak daukan presentzia. Pasa den urriaren 9an inpunitate osoz kalera bidean aurkitzen zuten edozein manifestari “ehizatzera” irten zen faxismoaz ari gara solasean hain zuzen ere. Boteretik ezkerreko katalanismoari eta erabakitzeko eskubidea edo Herrialde Katalanen eraikuntza defendatzen zuten edozein mugimenduren aurka joateko elikatua izan da faxismo hau oraindik bizirik dagoena.

Horregatik guztiagatik Valentziako herriarentzat hain berezia den egun honetan gure internazionalismotik anaitasun osoz gure herriarentzat aldarrikatzen dugun berbera aldarrikatzen dugu; injerentzia eta mugarik gabe bere etorkizun politiko eta soziala erabakitzeko eskubidea Valentzian esplotaturik gabeko gizarte justu bat eraikitzeko bidean.

Beraz, Euskal Herritik gure etorkizun politikoa erabakitzeko eskubidea aitortzen ez zaigun estaturik gabeko nazio honetatik egun arrakastatsua izan dezazuen opa dizuegu. Valentziako herriak bere langile klasearen aldaketa eta askatasun egarria karriketan biharko egunean masiboki aldarrikatzea espero dugu, Valentziarren erabakitzeko gaitasunaren muga bakarra bere herritarrek libreki erabakiko dutena baita.
 

 

 

La Naval ez ezik, Ezkerraldea ere kinka larrian dagoela ohartarazi dugu

0
LABek Construcciones Navales del Norte SL (LA NAVAL) enpresako Administradore Konkurtsalek (AK) aurkeztu duten behin betiko txostena aztertu du eta ondorio garrantzitsuetara iritsi gara.

Guztira LA NAVALeko AK-ek diote LA NAVALek duen zorra 522.832.014 eurokoa dela. LA NAVALeko Ondasunen Balantzea egokia da, teorian, badituelako nahikoa baliabide dituen zorrei aurre egin ahal izateko. Zehazki, 129.772.475 euroko superabita du, hau da, LA NAVALeko ondasun eta eskubideak 129 milioitan dira onartutako zorrak baina handiagoak.

Zorraren osaketari erreparatuta, jabetzen gara zer nolako dimentsioa duen LA NAVALeko egoerak. Izan ere, LABetik 404 enpresa hornitzaile, azpikontrata eta zerbitzu enpresa zenbatu ditugu LA NAVALek dirua zor dien hartzekodunen artean.

Hartzekodunen kopuru altuak, LA NAVALek sortzen duen enplegu zuzen baina bereziki zeharkakoak eta beste industria jarduera batzuekiko sortzen dituen sinergiek Ezkerraldea eskualde osoarentzat eta Bizkaiko industria egiturarentzat kritiko bihurtzen dute LA NAVALen gertatuko dena.

Dimentsio hori da LABentzat ontzigintza gure etorkizunarentzan sektore estrategiko izan behar duela sortarazten duena, izan ere, gure iritziz, ontzi handietan espezializatzeko benetako saiakera egin ezkero, guztiz bideragarria da bere jarduera.

Oraindik ez dakigu Eusko Jaurlaritzarentzat ontzigintza sektore estrategikoa den. Basque Industry4.0. marketingaren atzean bizi dugun industria politika faltaren zorigaitzaren beste adibide bat da. Ez zuten proiektuaren jarraipenik egin, LA NAVALetik kanpo interesak zituzten akziodunei nahi zutena egiten utziz, desagertu den inbertsore baten etorrera saldu ziguten eta orain diote ezin dutela partaidetzarik erosi Europako Batasunean, Macronek oraintxe bertan gauza bera egin duenean Frantzian.

LABk argi dio: LA NAVALek babes publikoa behar du, baina ez soilik kapital ekarpena. Impasse egoera honetan, badira interesa ager dezaketen balizko erosleak. Sektore publikoak, bereziki Jaurlaritzak, pelotazoak eta kudeaketa negargarriak ekidin eta 1.800 langileak aintzat hartuak izatea bermatu behar du. Momentuz, ez zie interlokuzioa aitortzen ere ez. Azpikontratazioaren aurpegi krudelena erakutsiz.

 

 

 

Ardura falta salatzen dugu Osalan eta UPV/EHUren aldetik

0

Lan Ikuskaritzak segurtasun neurrien falta ikusi eta prestazioen gainordainarekin zigortu du Bilboko Ingenieritza Eskolako istripu hilgarriagatik.

Gaur astelehena, urriaren 8an, helarazi digute UPV/EHUko prebentzio delegatuekin Bizkaiko Lan Ikuskaritzaren errekerimendua, irailaren 28, Bilboko Ingenieritza Eskolaren II eraikinera sartzea debekatzen duena pasa den maiatzean istripua gertatu zen eskileratik eta egun dauden baimenak kentzea, atea “larrialdiko irteera” soilik izan daitekeelako. Eskailera eta baranda araudira egokitzea ere planteatzen du, eta eskailera zati horren argiztapena berrikustea.

Lan Ikuskaritzan dio “istripuaren arrazoia eraikin baterako sarbidea izatea da honek araudia betetzen ez duenean” eta “istripua izatea laguntzen du, bere zabalera dela eta, erdiko barandarik ez egotea eskailera horietan”.

Lan Ikuskaritzaren arabera, prebentzio arloko araudiaren ez-betetze baten aurrean gaude, bai Laneko Arriskuen Prebentzio Orokorreko Legearen xedapen orokorrena, bai lantokietan segurtasun eta osasuneko gutxienekoen inguruko Errege Dekretuan sarbide eta larrialdi-irteera eta eskaileren inguruan jasotakoak, arlo sozialeko arau-hauste eta zigorren testu berrituak onartzen dituena.

Ikuskaritzak ez du arau-hauste akta proposatzen “UPV/EHU administrazio publikoa delako, prebentzio arloan zigortu ezin dena”, baina segurtasun eta higiene neurriak direnez langilearen istripuaren arrazoi zuzena, “dagozkien prestazioegatiko gainordaina (…) eta errekerimendua proposatzea” ere proposatzen ditu, eta aipatu errekerimendu horren exekuzio epea berehalakotzat jotzen du.

LABeko atal sindikalaren hasierako balorazioa
UPV/EHUko LABen atal sindikalak erakutsi nahi du nahiko asebeteta dagoela Bizkaiko Lan- Ikuskaritzak UPV/EHUri egin dion errekerimenduagatik.

Nahikoa asebeteta diogu, eskatzen duelako berehala amaitzea segurtasun neurrien faltaren inguruko ez betetze eta irregulartasunak Bilboko Ingenieritzia Eskolan M.A.N. langilearen istripu hilgarria eragin zuten larrialdi eskaileretan eta UPV/EHUri inposatzen diolako honen ondorioz emango diren prestazio ekonomikoen %50eko gainordaina.

Hala ere, LABek bere iritziz onartezinak diren bi egoera aipatu beharr dauka. Batetik, UPV/EHUri arau-hauste aktarik ezin proposatu izatea, administrazio publikoak zigorretatik salbuetsita baitaude prebentzio arloan (prestazioen gainordaina kenduta, istripuaren arrazoi zuzena baldin bada segurtasun eta higiene neurrien gabezia). Bestetik, Osalanek gaur arte erakutsi duen ardura falta azaltezin eta guztiz onartezina, oraindik ez baitu langilean hilabete koman egon ondoren hil zen langileak jasanadako istripuaren ikerketaren derrigorrezko txostena aurkeztu. UPV/EHUk ere erakutsi zuen ardura falta, jakin dugun moduan, hilabete baino gehiago behar izan baitzuen Osalanek eskatutako dokumentazio helarazteko.

Guzti honengatik jarraituko dugu UPV/EHUri exijitzen ondorio hilgarriak izan dituen istripu onartezin honetan egondako erantzukizunak garbitzeko, Bilboko Ingenieritza Eskolakoak bezalako baldintzei aurre egin eta zuzen daitezen berehala, Eskola hau ez baita Unibertsitate publiko bakarra, laneko segurtasun eta osauneko araudian ez betetzeak ematen direna.
 

 

 

Hitzarmenaren alde mobilizatu dira Gipuzkoako helduen egoitzetako langileak

LABeko Gipuzkoako helduen egoitzetako langileek auto karabana bat egin dute gaur Oarsoaldean, eta, ondoren, elkarretaratze bat egin dute Oreretako plazan, "Gipuzkoako helduen egoitzetako hitzarmena orain" leloarekin. Hain zuzen ere, urtebete igaro da Gipuzkoako helduen egoitzetako lan hitzarmen berria negoziatzeko mahaiak azken bilera egin zuenetik, eta ordutik ez dugu inolako harremanik izan, ez patronalekin ezta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin ere. Hori dela eta, mobilizazioei ekin diegu irailean, eta horren baitan kokatzen dira gaurko protestak.


 

 

 

Iruñeko La Sangiovesa jatetxeak atzera egin eta langileen eskaera guztiak onartu behar izan ditu

0

Merezi du. Injustizien aurrean borrokatzeak merezi du. Beti. Eta halaxe erakutsi du LAB sindikatuak berriz Iruñeko La Sangiovesa jatetxearen auzian. Azkenean enpresak atzera egin behar izan du eta langileen eskaera guzti-guztiak bete behar izan ditu. Langile guztien baldintzak hobetzeaz gain, itzuli nahi izan duen langilea berriz hartu behar izan du enpresak eta bertze biei zegokiena ordaindu behar izan die.

Aurtengo sanferminak baino lehentxeago, Iruñeko La Sangiovesako jabeek lau kaleratze jarri zituzten mahai gainean, LAB sindikatuaren hautagaitza babestu zuten lau langilerenak hain zuzen ere. Une hartantxe kaleratze bat gelditzea lortu zen; ez ordea bertze hirurak, eta horregatik zenbait protesta ekintza egin ziren sanferminetako hainbat egunetan. Bere aldetik, protestei erantzunez-edo, enpresak salaketa paratu zuen sindikatuaren eta langile baten aurka. LABek, noski, berretsi zuen kalean zein epaitegietan borrokatzen segituko zuela eta protesta dinamika gehiago abiatuko zirela iragarri zuen. Eta dirudienez, iragarpen hura nahikoa izan zen La Sangiovesak atzera egin zezan.

Gogoratzekoa da nola gatazka lehertu baino lehen La Sangiovesan prekarietate egoera latza baino latzagoa zuten: ez zituzten lan eginiko ordu guztiak ordaintzen; areago, inoiz pizza batekin ordaindu zuten kamioia deskargatzea; ez zituzten hitzarmenaren araberako jaiegun guztiak ematen; hilabeteka eman behareko lan egutegiak aste batetik bertzera ematen zituzten.

Prekarietate egoera tamalgarri hari aurre egiteko LABek bere ekintza sindikala La Sangiovesa barnean antolatu nahi izan zuen. Baina enpresak erreakzionatu zuen LAB babestu zuten langileak kaleratuz. Zorionez, ondorengo borrokak fruitu handiak eman ditu. Lortu da lanordu guztiak ordaintzea, langileei dakozkien jaiegun guztiak ematea, eta lan egutegiak hilabeteka ematea. Eta garrantzitsuena, lortu da enpresak onartzea kaleratzeak bidegabeak izan zirela eta, beraz, itzuli nahi izan duen langilea berriz hartu behar izan du eta bertze biei zegokiena ordaindu.