2026-07-12
HomeZerbitzu PribatuakOstalaritzaIruñeko La Sangiovesa jatetxeak atzera egin eta langileen eskaera guztiak onartu behar...

Iruñeko La Sangiovesa jatetxeak atzera egin eta langileen eskaera guztiak onartu behar izan ditu

Merezi du. Injustizien aurrean borrokatzeak merezi du. Beti. Eta halaxe erakutsi du LAB sindikatuak berriz Iruñeko La Sangiovesa jatetxearen auzian. Azkenean enpresak atzera egin behar izan du eta langileen eskaera guzti-guztiak bete behar izan ditu. Langile guztien baldintzak hobetzeaz gain, itzuli nahi izan duen langilea berriz hartu behar izan du enpresak eta bertze biei zegokiena ordaindu behar izan die.

Aurtengo sanferminak baino lehentxeago, Iruñeko La Sangiovesako jabeek lau kaleratze jarri zituzten mahai gainean, LAB sindikatuaren hautagaitza babestu zuten lau langilerenak hain zuzen ere. Une hartantxe kaleratze bat gelditzea lortu zen; ez ordea bertze hirurak, eta horregatik zenbait protesta ekintza egin ziren sanferminetako hainbat egunetan. Bere aldetik, protestei erantzunez-edo, enpresak salaketa paratu zuen sindikatuaren eta langile baten aurka. LABek, noski, berretsi zuen kalean zein epaitegietan borrokatzen segituko zuela eta protesta dinamika gehiago abiatuko zirela iragarri zuen. Eta dirudienez, iragarpen hura nahikoa izan zen La Sangiovesak atzera egin zezan.

Gogoratzekoa da nola gatazka lehertu baino lehen La Sangiovesan prekarietate egoera latza baino latzagoa zuten: ez zituzten lan eginiko ordu guztiak ordaintzen; areago, inoiz pizza batekin ordaindu zuten kamioia deskargatzea; ez zituzten hitzarmenaren araberako jaiegun guztiak ematen; hilabeteka eman behareko lan egutegiak aste batetik bertzera ematen zituzten.

Prekarietate egoera tamalgarri hari aurre egiteko LABek bere ekintza sindikala La Sangiovesa barnean antolatu nahi izan zuen. Baina enpresak erreakzionatu zuen LAB babestu zuten langileak kaleratuz. Zorionez, ondorengo borrokak fruitu handiak eman ditu. Lortu da lanordu guztiak ordaintzea, langileei dakozkien jaiegun guztiak ematea, eta lan egutegiak hilabeteka ematea. Eta garrantzitsuena, lortu da enpresak onartzea kaleratzeak bidegabeak izan zirela eta, beraz, itzuli nahi izan duen langilea berriz hartu behar izan du eta bertze biei zegokiena ordaindu.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gasteizko Mercedesen Aldi Baterako Laneko Enpresen presentzia handiak prekarizazioa dakarrela salatu dugu

Mercedeseko LAB, ELA eta ESK-k, lehenik eta behin, argi utzi nahi dugu Mercedes-Benz Gasteizko lantegian egiten ari den inbertsioak eta apustua bere plantillaren eta inguruko industriaren profesionaltasunaren eta lan onaren emaitza direla.

Esku-hartze sozialeko langileek elkarretaratzea egin dute Zaramagako Bizan berriaren inaugurazioan

Gasteizko alkate Maider Etxebarriari eta Gizarte Politiketako zinegotzi Lucho Royerori eskatu diete benetako bitartekaritza bat abian jar dezatela sektorearen gatazka konpontzeko; izan ere, dagoeneko 7 greba-egun eta mobilizazio ugari pilatu dituzte, erakundeak jarrera pasiboa izan duten bitartean.

Bergarako eta Zarauzko Ibilgailuen Azterketa Teknikoko langileak greban

Bigarren greba eguna izan dute gaur ITASUAko beharginek, eta egoera desblokeatu eta benetako negoziazioa ahalbidetu ezean, greba mugagabeari ekingo diote.