2026-01-23
Blog Page 749

BSHko enpresa-batzordeak inplikazioa eskatu die talde politikoei lantegiaren etorkizuna bermatzeko

0

Gasteizko BSHko enpresa-batzordeak bilera erronda hasi du talde politiko guztiekin bizi dugun egoeraren berri eman eta euren inplikazioa eskatzeko, lantegiaren etorkizuna bermatze aldera.

ENPRESA-BATZORDEAREN OHARRA

Zentzu honetan berresten ari gara BOSCH inolako gardentasunik gabe ari dela jokatzen, salmentaren inguruko inolako informazio egiazkorik eman gabe eta bete, eta sinatu gabe, jarraitzen ditu lantegiaren etorkizunaren inguruan hartu zituen konpromisoak.

Hain zuzen ere, astearte honetan egin da bilera bat BOSCH Taldearen solaskidetzarekin baina bertan helarazi diguten bakarra izan da erosle posiblearen izena baieztatzea, B&B TRENDS. Ezta hitzik ere euren konpromisoen betetzaren inguruan, ezta eroslearen asmoen inguruan ezta lantegiak hiru urte eta erditik harago bere jarduera bermatua izatearen inguruan.

Enpresa-batzordeak bere kezka adierazi nahi du salerosketa hau operazio espekulatiboa izan daitekeelako, zeinari esker erosleek etekina aterako luketen UFESA markaz. Horrek lantegiaren itxiera programatu batera eraman gintzake, horixe denean hain zuzen ere Batzordeak eta langileok gure borrokarekin ekidi nahi izan eta nahi dutena.

Horregatik, talde politiko eta instituzionalei eskatzen ari gara BOSCHI erabateko gardentasuna eta erosleari Gasteizko lantegirako etorkizunerako bermeka eskatzea, edozein erabaki instituzional jarduera industriala epe luzean mantentzera baldintzatuz.

Hauexek dira Batzordea eta langileon aldarrikapen nagusiak. Oporraldian sartzen garen egunean, Gasteizko BSH-BOSCHeko langileok argi utzi nahi dugu enplegua, jarduera industriala eta gure eskubideei eustearen aldeko bermeak exijitzen ari garela eta horregatik eskatzen dugu etorkizuna izango duen plan industrial bat. Ez dugu ahaleginean etsiko eta irailean borrokan jarraituko dugu, eta 3 urte eta erdiko aldian eta baita aurrerantzean ere.

 

 

 

Darpon EAEko Osasun Sailburuak dimisioa aurkeztu behar du, bere kudeaketaren eredua baliogarria ez delako

0

LABen iritziz, Darponek ez du sinesgarritasunik. Gaur Legebiltzarrean aurkeztu duen guztia berandu heldu da. Alarmak piztu zituztenetik bi hilabete pasatu dira, eta denbora honen zehar gezurretan ibili da, irtenbiderik bilatu gabe eta inongo erantzukizunik onartu gabe, gauzak estaltzen saiatzea besterik ez du egin. Sailburuak arazoa kudeatzen ez jakiteaz gain, EPE honetara aurkeztu diren milaka pertsonari (horrek dakarren guztiarekin) eta euskal gizarteari gezurra esaten aritu zaie, prozesua gardentasun osoz garatzen zela baieztatuz.

Darpon jaunak dimisioa aurkeztu behar du, sinesgarritasunik ez edukitzeaz gain, Herri-Kontuen Euskal Epaitegiak Osakidetzarako azken aldi honetan aurkeztutako kudeaketa ekonomiko finantzarioko azken txosten fiskalizatzailearen arabera, Osakidetzak 91 miloi eurotako erosketa irregularrak egin ditu. Txosten hauen emaitzek Darponen kudeaketa definitzen dute:

– Konkurrentzia eta lehia printzipioak saihestu ahal izateko, erosi beharreko produktuen zatiketa kontratu txikietan.

– Langile gastuetan hutsuneak. Zerbitzu eginkizun kontratuen bi urteko epe muga eta goiko kategorietako urte batekoa gainditzen dira. Bestalde, justifikatu gabeko osagarrien ordainketak agertzen dira.

– Obra, zerbitzu eta hornidura buruzko espedienteak ezbaian agertzen dira.

– Hornitzaileei ordaintzeko legeak markatzen duen 30 eguneko epemuga, 8 egunetan gainditzen da.

LAB sindikatuak Fiskalak bere ikerketa bukaeraraino eramatea espero du. Bestalde, Osakidetza kudeatzeko ereduan aldaketa eskatzen dugu, txandako buruzagiek hartutako alde bateko erabakiak, gardentasun faltak eta injerentziak baztertuz, hartu beharreko erabakietan benetako giza parte-hartzea sustatuko duen eredu baterantz jo ahal izateko. Osakidetzako baliabideen kudeaketan zein langileen lan harremanetan benetako negoziazio prozesuak bermatuko duen kudeaketa eredua, Osakidetza gutxi batzuen interes ekonomikoen mesedetan kokatuko ez dena. Enplegu publikoko eskaintza justu eta gardenak sustatu behar dituen eredua, EAJk hain gogoko duen bezero sistemari uko egingo diona.

 

 

 

Patronalaren erasoei aurre egingo diegu Abadiñoko Rothenbergerren

0

Iragan urteko bukaera aldera, Abadiñoko Rothenberger lantokiko langileak greba baten atarian zeuden. Grebaren helburua soldaten eguneratzea, lanaldiaren murrizketa, jubilazio partzialak, lanpostu finkoen sorrera… eta beste puntu batzuk jasoko zituen Enpresa Hitzarmena erdiestea zen. Langileak eta enpresa, aipatu greba horien atarian zeudela, enpresako zuzendaritzako kide bat, langileei, lanpostua mantendu nahi bazuten, greba ez egiteko “gonbidapena” egiten ari zela zabaldu zen whatsapp-etik.

Zuzendaritzako kide honek, bere izena bolo-bolo zebilela ikusirik, salaketa bat jarri zuen Eibarko Ertzainetxean. Salaketa horretan, mehatxatuta sentitzen zela eta bere alaben segurtasunaz kezkatuta zegoela zioen. Berak jarritako salaketan, whatsapp-eko mezu hori jasotzen da, eta bertan, ez dago mehatxurik eta ez dira bere alabak aipatu ere egiten. Aipatzen den mehatxu bakarra, zuzendaritzako kide honek langileei eginikoa da. Hau da, bera zela, langileek mehatxatzen ari zena.

Ertzaintzak eginiko ikerketa sakon bat dela eta (bi telefono dei), LAB sindikatuko militante bat salatua izan da. Aipaturiko kide honi, “mehatxu” delitua egozten diote eta urte honetako urriaren 2an epaiketa izango du Eibarko epaitegian.

Idatzi honen hasieran aipatzen genuen gatazka laborala, konpondua dago, langileek eta enpresako zuzendaritzak akordioa sinatuta baitaukate aspaldi. LABeko gure kidearen aurka salaketa horrekin aurrera egiteko arrazoi bakarra zuzendaritzako kide honek duen harrokeria eta jarrera zapaltzailea besterik ez dela deritzogu. Hori dela eta argi adierazi nahi dugu: LABeko gure kideari gure babes osoa adierazteaz ezezik, zuzendaritzako pertsona honek duen jarrera salatuko dugu. Ez dugu onartuko, bere postuaz baliatuz, langileak mehatxatzerik eta ezta ere bere jarrera horren kontra ahotsa altxatzen duenaren kontra darabilen jarrera zapaltzailerik. Argi eta garbi, ez dugu onartuko. Funtsik gabeko salaketa horrekin aurrera jarraitzen baldin badu, guk ere geure salaketa publikoarekin jarraituko dugu. Salaketa hori bertan behera utzi dezala exijitzen diogu.

Aipatu behar da, hemen mehatxatzen ibili den pertsona bakarra, Rothenberger-eko zuzendaritzako kide hau dela. Gauzatu egin diren mehatxuak, gainera. Izan ere, aipaturiko gatazka horretan greba egin zuten langile batzuk kaleratuak izan ziren. Greba egin ez zutenak ordea, denak daude lanean. Nor da hemen mehatxatzen ari dena? Gauzatu diren mehatxuak, gainera! Aurpegia behar da gero!

Rothenberger-eko zuzendaritzak, aipaturiko pertsonaia honen eskutik egikaritzen duen jazarpen sindikala irmoki salatzen dugu.

Alferrik dabiltza, ez gaituzte isilduko.

Patronalaren jazarpen eta mehatxu guztien gainetik, langileok tinko eta gogor erantzungo dugu.

 

 

Bizkaiko metalgintzako mahaiaren blokeoaren aurrean, mobilizazioak soilik lortuko du hitzarmen duina

0

Atzoko Bizkaiko metalgintzako mahaiak berriro berretsi zuen zein urruti dauden sindikatu eta patronalaren posizioak. FVEM patroanala ez zen ia mugitu, 0,5 gehiago aurkeztu zuen soilik 2018rako soldatetan eta baztertu egin zituen sindikatuon proposamenak (lanaldia, ultraaktibitatea, ebentualitatea murriztea, subrogazioa, baimenak…).

Sindikatu guztiek esan zuten enpresarien proposamena ez zela nahikoa eta berau, nahi dutenetik oso urruti dagoela. Mahai negoziatzaileko 10. bileraren ondoren nabarmena da dagoen blokeoa eta patronalak ez dituela sindikatuen funtsezko eskariak onartuko, horretara behartzen ez badugu.

Arrazoi horrengatik erabaki zuen LABek ezin genuela beste alde batera begiratzen jarraitu, blokeo eta negoziazio mahaiko aurrerabideen falta egoera normalizatuz. Argi dugu, patronalaren immobilismoa eta jarrera erosoa apurtu behar ditugu, langileon mobilizazioaren bidez lan-zentro zein sektorean.

Beste sindikatuei, ELA, CCOO eta UGT galdera bat egiten diegu, zer egitea pentsatzen dute patronalak sindikatuon aldarrikapenak onar ditzan? Patronalar kritikatu eta oharra ateratzeara mugatuko dira edukiak nahikoak ez direla esanez eroso daudenean aurrera egiten ez duen mahai batean eserita? LABek ez du hau lortzeko langileen mobilizazioa eta erabakimena beste biderik ikusten.

 

 

 

BBKko presidenteak, soldata mugarik gabe igo nahi du inongo ardurarik izan gabe, Herri Akusazioaren arabera

Xabier Sagredo BBKko presidenteak, soldata mugarik gabe igo nahi du inongo ardurarik izan gabe, Kutxabank kasuko Herri Akusazioaren arabera. LAB, ESK, Steilas, EHNE, Hiru, EKA eta Euskal Herriko Pentsionisten Plataformak osatzen dugu aipatu herri-akusazioa.

HERRI AKUSAZIOAREN OHARRA

Kutxabank auziko Herri Akusazio honek, hedabideen bitartez jakin du BBKko presidenteak mugarik gabe igo nahi duela bere soldata, eta era berean, ez duela nahi inongo ardurarik bere gain hartu nahi.

Xabier Sagredo BBKko presidenteak, ekainak 20ean Fundazioaren gobernu organo gorenaren aurrean, buruan daukan egitura berriaren ildo orokorrak azaldu zituen. Sagredok badaki berrikuntza hauek ez direla izango guztien gustukoak, beraz, bere plana kontu handiz azaltzen ari da. Hedabideek azaltzen dutenaren arabera, bankuaren fundazioaren berregituratze honetarako, ospe handiko abokatuen bulego bi eta ohiko aholkularitza enpresa bati egin diete kontsulta.

Badirudi, Sagredoren asmoa enpresetan inbertitzea dela, bien bitartean Obra Sozialaren aurrekontua izoztuz, Kutxabanken egitekoa beraz, enpresa handietan izango da, errentagarriak diren enpresetan, eta 50 eta 250 milioi euro bitarteko fakturazioa daukatenetan.

Gure ustez, plan guzti hauen atzean, Sagredoren botere nahia dago. Bere irabaziak lehenesten ditu, mugarik gabeko soldata, auto ofiziala edo segurtasun pribatua euskal jendartearen beharrizanen aurretik, eta horretarako, gure ustez entitatez erratu da.

Herri Akusazio honentzat, oso larria da gizon honek dauzkan asmo eta planekin BBKko Presidente kargua izatea. Horrela izatearen adierazle da egungo Bankuaren kudeatzaileen eta beraien babes politikoen kudeaketa ankerra.

Kutxabanken bankarizazio eta pribatizazio prozesuan hurrengo urratsa Obra Sozialarekin bukatzea dute. Obra Soziala desegitearen prozesuak, ez dauka etenik, langileak gero eta gutxiago dira, zerbitzuak murrizten ari dira, lokalak saltzen, eta horren beharrezkoak diren nagusien zentroak bezalako zerbitzuak uzten ari dira, guk inondik inora ezin dugu utzi horrelakorik gerta dadin. Auzitegi Gorenaren epaia eskutam genuela esan genuen, funts publikoak interes pribaturako erabiltzea ez genuela onartuko, eta pribatizazioaren alde dauden alderdien arteko mesede tratu guztiak argitara aterako genituela.

 

 

 

Italian gaude, Mugak Zabalduz karabanarekin batera

Uztailaren 13an Euskal Herritik atera zen Mugak Zabalduz karabana iritsi da dagoeneko bere helmugara, hau da, Italiara. LABeko hainbat kide parte hartzen ari dira eta aurreko urteetako karabanetan bezala, migrante eta errefuxiatuek bizi duten egoera salatzeko hainbat ekimen, adierazpen eta manifestazio gauzatzen ari dira.

Aurten, esan bezala, Italia izaten ari da jomuga, izan ere, azkeneko gobernu aldaketaren eta ultraeskuindarren gorakadaren ondorioz, migrante eta errefuxiatuek bizi duten egoera jasangaitza da. Azkeneko asteetan ikusi dugun bezala, pertsona andana uzten ari dira Mediterraneoan hiltzen eta egoera honek betikotzeko zantzuak ditu.

Dena den, Italia Europako katebegi bat besterik ez da. Europak ardura bikoitza du errefuxiatu eta migranteen aferan. Alde batetik, jatorrizko herrialdeetan politika inperialistak aurrera eramaten ditu, baliabide ekonomiko, material eta giza baliabideen esplotazioa gauzatuz. Bestalde, pobreen eta langileen arteko gerra sustatzen ari da, faxismoari ateak irekiz. Horren adibiderik garbiena, errefuxiatuen kontra hartutako erabakiak dira, hala nola, EB-Turkia ituna eta Europako hegoaldeko herrialdeekiko diskriminazioa, errefuxiatuen kuotak direla eta.

Karabana aurrera doa eta Sizilian barna, bertako eragileekin eta bestelako erakundeekin batera. Besteak beste, NATOko baseen kontrako ekimenak, hildako errefuxiatuei omenaldiak edota migranteentzako zentroen aurrean ekimenak gauzatuko dituzte. Ongi etorri errefuxiatuak! Inor ez da ilegala!

 

 

 

Gasteizko epaitegien aurrean mobilizatu gara CUTi adierazteko ez gaituztela isilduko

0

CUTek gure aurka jarritako demandaren inguruko epaiketarekin batera, kontzentrazioa egin dugu Gasteizko Justizia Jauregiaren aurrean sasi-sindikatu honi, isilduko ez gaituztela adierazteko.

CUT sasi-sindikatuak, jatorria Txagorritxuko Ospitalean duenak, auzitara eraman gaitu, GARBIALDI enpresarekin duen elkar hartze makurra salatzeagatik. Enpresa hau da Osakidetzako Arabako ESIko zentroetako garbiketako emakida duena. Zehazki, eurekiko jarrera baztertzea, LABen kartelak zentroetako iragarki-tauletatik kentzea, eta ustezko “kalte moralengatik” 600 euro ordaintzea eskatzen du CUTek.

Aipatu karteletan LAB sindikatuak CUT, GARBIALDI eta OSAKIDETZAko arduradun ezberdinen arteko harremanak irudi batean barnebiltzea baino ez du egiten, eta horrenbestez, ez gaude ezer asmatzen eta egindakoak ez du inolako irainik suposatzen.

CUTen jarduna kritikatzea, adierazpen askatasunaren eta ekintza sindikalaren jardute zilegiaren parte dela uste dugu.

LAB sindikatua ez da isilik geratuko, eta Arabako ESIko garbiketa kontratako langileek pairatzen ari diren bidegabekeriak publikoki salatzen jarraituko du.

 

 

 

Agerraldia egin dugu gaur Donostian, merkatalgune handi gehiagori ezetz esateko

0

Gaur goizean, agerraldia egin dugu Donostiako Udaletxean, beste hainbat eragilerekin batera, Gipuzkoan merkaltalgune handi gehiago nahi ez dugula adierazteko.

AGERRALDIKO IRAKURKETA

2015ean, Auzitegi Gorenak, multinazional baten errekurtso baten ondorioz, EAEko Ekipamendu komertzial handiak erregulatzen zituen Lurralde Plan Sektoriala (LPS) bertan behera utzi zuen. LPS honek, limiteak jartzen zizkion merkatal gune berrien eraikuntzari, baita anpliazioari ere. LPSa bertan behera gelditzearen arrazoia, Europako konpetentzia librearen legislazioaren aurka zihoala izan zen.

 Auzitegi Gorenak eta Europar batasunak, onartzen dituzte, eta esaten dute zilegi dela, mugak jartzea merkatal gune berrien eraikuntzari, baita anpliazioari ere, interes orokorreko gaiak ardatz hartuta, besteak beste, ingurugiroa, urbanismoa, lurralde antolamendua, kontsumitzaileen defentsa edo kohesio soziala. Arrazoi hauengatik, ekainaren 14an, EAEko Parlamentuak, plan orokorren modifikazioei eta merkatal gune handien eraikuntza edo anpliaziorako lizentziak emateari moratoria bat ematea eskatzen die Eusko Jaurlaritzari eta tokian tokiko udale.

 Guzti horregatik, Eusko Jaurlaritzari eta EAEko Parlamentuari eskatzen diegu, ahal bezain laster, Europako legean oinarrituz, LPSa eta merkataritzako legea modifikatu ditzaten, merkataritza zentro handi berrientzat eta anpliazioentzat birkalifikazioak galaraziz.

 Bitartean, udaletxeei eskatzen diegu, EAEko parlamentuan onartutakoarekin bat eginez, ez ditzatela plan orokorrak modifikatu, ezta merkataritza gune berrientzat eta anpliazioentzat lizentziak eman ere.

 Zentzu horretan, hurrengoa eskatzen dugu: LPS sektorialen berriztapena merkataritza ekipamendu handiak antolatzeko eta udaletxeak azalera handiko eta irekitzeko abiatu dituzten HAPO aldaketei nahiz lizentzia emateak gelditzeko.

 Hala, hiriko antolamenduko plangintza orokorrean edozein aldaketa egin ahal izateko, ingurumenaren gaineko eraginen ebaluaketa ezezik, plangintza berriaren inpaktu sozioekonomikoa aztertzen duten azterketa berrituak beharrezko izatea eskatzen dugu.

 Merkataritza gune handiak gizartearen interes orokorraren aurka doaz, eta ez da beharrezkoa gehiago egitea, berauek, ingurugiroan eragin negatibo zuzena dutelako, errepide berrien eraikuntza dakartelako eta kotxearen erabilera handiago batekin batera, eta baita bizi garen herriak itzaltzen dituztelako, gure gizarteko kohesioa eta aniztasunarekin bukatuz.

 Planifikatuta dauden merkataritza gune berriek (Zaldunborda-Hondarribi, Garbera, Belartza 2, Illunbe, Teresategi-Lasarte, Urbil, Biurrarena, etab) egun dagoena bikoiztuz (206.000 m2 eraikita eta 204.000 m2tako aurreikuspena) merkatari txikien eta handien arteko oreka apurtzen dute, lana prekarizatu eta suntsitzen dute, gure herrietako ekonomia suntsitzen dute eta eskaintzan dibertsitatea sortzen duten denda txikin itxiera dakarte.

Gaur, Donostiako udalean ordezkaritza duten taldeei dei egiten diegu, Garbera eta Belartzaren anpliazioekin zentzuz jokatu dezaten. Gipuzkoako merkatariek, euren erabakia hausnartu dezaten eskatzen diegu, gaiak gizartean eta sektorean dituen eraginak aintzat hartuta. Honen harira, kontutan izateko, Garberaren anpliazioaren harira inkestek eman zituzten emaitzen, non Donostiarrek 10 etik 2,14ko balorazio batekin baloratu zuten Garbera handitzearen proiektua.

Udal Gobernuari eskatzen diogu, herritarren hitza entzun dezala eta Eusko Jaurlaritzak gizarteak eta eragileek eskatzen dutena, eta ondorioz, Garbera eta Belartza 2ko anpliazioaren inguruan arduraz joka dezala, moratoria bat ezarriz, nora joan nahi dugunaren inguruan hausnartzeko.

LAB, ELA, CCOO, UGT, DENDARTEAN, EUSKALDENDAK, EKA/OCUV kontsumitzaileen elkartea, EGUZKI EKOLOGISTA TALDEA, HARITZALDE, BIDASOALDEKO LAGUNAK, BELARTZA 2 GELDITU, ASOCIACIÓN AUZOA LARRATXO-DONOSTIA.

 

 

 

CUT eta Garbialdiri isilduko ez gaituztela adieraziko diegu bihar Gasteizko epaitegietan

0

CUT sasi-sindikatuak, jatorria Txagorritxuko Ospitalean duenak, auzitara eraman gaitu, GARBIALDI enpresarekin duen elkar hartze makurra salatzeagatik. Enpresa hau da Osakidetzako Arabako ESIko zentroetako garbiketako emakida duena. Zehazki, eurekiko jarrera baztertzea, LABen kartelak zentroetako iragarki-tauletatik kentzea, eta ustezko “kalte moralengatik” 600 euro ordaintzea eskatzen du CUTek.

Aipatu karteletan LAB sindikatuak CUT, GARBIALDI eta OSAKIDETZAko arduradun ezberdinen arteko harremanak irudi batean barnebiltzea baino ez du egiten, eta horrenbestez, ez gaude ezer asmatzen eta egindakoak ez du inolako irainik suposatzen.

CUTen jarduna kritikatzea, adierazpen askatasunaren eta ekintza sindikalaren jardute zilegiaren parte dela uste dugu.

LAB sindikatua ez da isilik geratuko, eta Arabako ESIko garbiketa kontratako langileek pairatzen ari diren bidegabekeriak publikoki salatzen jarraituko du. Hori dela eta, LAB sindikatuaren kontra CUTek jarritako demandagatik bihar, uztailak 18, egingo den epaiketaren aurrean, Gasteizko epaitegien aurrean mobilizatuko gara goizeko 11:00tan.