2026-01-23
Blog Page 740

Autodeterminazio eskubidearen alde eta errepresioaren kontra egin dugu hainbat sindikatuk

0

Kataluniaren gatazkaren konponbidea Kataluniako herriaren borondatearen errespetuarekin bakarrik etorriko dela berretsi dugu.

LAB, Intersindical CSC, Coordinadora Obrera Sindical, Intersindical Alternativa de Catalunya, Intersindical Valencia, STEI Intersindical, Confederación Intersindical , CSI, Central Unitaria de Trabajadores/as, Colectivo Unitario de Trabajadores, CIG, ELA, ESK, STEILAS, SAT eta Intersindical Canaria gara sindikatu sinatzaileak, eta hauxe da osatutako adierazpena:

2017ko urriaren 1ean herri katalanak duela urteak hasitako autodeterminazio eskubidea egikaritu zuen. 2009an hasi ziren herri-kontsultetatik hasita, 2014ko azaroaren 9ko kontsultatik edo Estatuari erreferendum bat egiteko planteatu zaion 18 aldietatik pasatuz. Hau sinatzen dugun sindikatuok herri katalanaren ondoan egon ginen askatasunez erabakitzeko eskubidea

Sindikatu soberanista katalanek urriaren 3ko eta azaroaren 8ko grebak bultzatu zituzten, langileen lan-baldintzak hobetzeko zein euren eskubide sozial eta laboralak defendatzeko.

Espainiako Estatuko aparatuak ofentsiba errepresiboa garatzen ari dira Kataluniaren autodeterminazioaren aldeko sektoreen kontra: ordezkari politikoak eta ANC, Ómnium edo CDRetako ekintzaileen kontra. Hauetako batzuk ia urtebete daramate gartzelan epaiketarik gabe, erbestean daude beste batzuk. Hala ere, errepresioa ez da hemen amaitzen, irakasleak, su-hiltzaileak eta artistak ere jazarriak dira beldurra sortzeko helburu bakarrarekin, horrela Kataluniako autodeterminazioaren aldeko mugimendua apaldu nahian.

Sindikalismoak ere errepresioa pairatu du eta pairatzen jarraitzen du borrokatzen duenean. Bodalo, Alfon, Sidil, Molero eta beste sindikalista asko kartzelan daude eskubideak defendatzeagatik. Horregatik, ondo dakigu Estatuak bere errepresioa nonbaiten inposatzea lortzen badu, are eta indar handiagoa izango duela beste nonbaiten oldartzeko, batez ere ezker politikako sentsibilitate batek konplizitate ideologikoa indartu duenean. Oldarraldia eta eskubideen murrizketak Katalunian iraunkortuz gero, Estatuan normalizatu egingo da. Arrazoi honengatik, zalantzarako zirrikiturik utzi gabe defendatu behar ditugu grebarako eskubidea eta joan den udazkenean jazarpena eragin zuten horiek sortutako erasoaren amaiera.

Sindikatu sinatzaileok preso, iheslari eta jazartutako pertsonei elkartasuna adierazi nahi diegu, baita euren familia, gertuko eta erakundeko kideei ere. Euren askatasuna exijitzen dugu, pairatzen duten jazarpenaren amaierarekin batera.

Gaur, urriaren 1eko urtemuga gerturatzen ari den honetan, duela urtebete esaten genuena berresten dugu sinatzaileok:

Bozkatzeko eskubidea oinarrizko eskubide bat da edozein gatazka modu justu eta parte hartzaile batean demokratikoki konpondu nahi duen ororentzat.

1.- Katalunia eta Espainiako Estatuaren arteko gatazka politikoa bakarrik konpon daiteke erreferendum baten bitartez, Kataluniako herriak bere etorkizun politikoa erabaki dezan.
2.- Kataluniako Parlamenta behartua egon zen autodeterminazio erreferendum bat aldebakarrez deitzera, 2017ko urriaren 1ean. Espainiako Estatutik jasotako ezetz etengabeengatik izan zen horrela, erreferendum hitzartu bat helburu zuen prozesu bat abiatzeko eskaerari uko egin baitzion behin eta berriz.
3- Espainiako Gobernuak Kataluniako herriaren askatasun nahiari ezin dio erantzun debeku, errepresio eta auziperatzeen bitartez, inolaz ere.

Sindikatu gisa, jakitun gara Kataluniako langile klasea askatasunaren alde bultzatzen ari den borroka monarkia apurtzeko borroka bat dela, baita trantsizioak ezabatu ez zituen frankismoaren ondorioekin amaitzeko borroka ere.

Borroka honi babesa emateko konpromisoa hartzen dugu gure herrialdetik eta lantokietatik.

Kataluniaren gatazkaren konponbidea Kataluniako herriaren borondatearen errespetuarekin bakarrik etorriko da.
 

 

 

Gasteizko BSH BOSCH lantegia itxiko ote duten susmoa dute langileek

0
Gasteizko BSH BOSCH-eko enpresa batzordeak ohar bat kaleratu du, kezkatuta baitago lantegiaren eta UFESA markaren salmenta eta gero. B&B TRENDS enpresak erosi du, eta mugimendu hau operazio espekulatzaile bat izan daitekeela uste dute langileek. Era berean, enpresak ez dituela bere konpromisoak bete salatu dute, eta bilera bat egiteko eskaera egin diote, baita industria plan bat egongo dadila berma dezala exijitu ere. LABek bere iritzia eman zuen duela aste batzuk, gai honen inguruan.

 

 

 

Euskal Herrian dagoela adieraziko diogu Espainiako Itzuliko tropelari, asteazkenean

Vuelta a España txirrindularitza itzulia jokoan da, eta bere azken astean Euskal Herritik igaroko da. Hain zuzen ere, asteazkenean, irailak 12, Oiz mendian amaituko da etapa, Bizkaitik igaro ondoren. Hori dela eta, Euskal Herrian gaudela adierazteko, Oiz mendian eta itzulia igarotzen den herrietan ikurrina erakusteko deia egin du LABek, espainiarrak ez garelako.

Irailak 12an Espainiako Txirrindularitza Itzulia Bizkaiko hainbat herritatik pasako da. Adierazi diezaiogun Euskal Herrian daudela, Oiz gailurrean eta herriko bazter guztietan Ikurrinak erakutsiz. Ez garelako espainiarrak, kalera irtetzeko deia egiten dugu. Helburua Oiz mendiko magalak Ikurrinez betetzea da, eta Oiz mendira ezin dena joan bere herriko kaleetan agertu dezala bere haserrea edo nahigabea espaniar inposaketa honekin.

 

 

 

Elkarretaratze bat egin dugu UPV/EHUko hasiera ekitaldian langileen egonkortasuna eta beharrezko finantzaketa eskatzeko

0

Gaur, UPV/EHUko ikasturteko hasiera-ekitaldia egin da Leioan, eta LABek mobilizazioa egin du Areto Nagusiaren kanpokaldean.

Sindikatuak bere gogoeta azaldu nahi du UPV/EHUn egun dauden arazo nagusien aurrean:

– UPV/EHUko langileriaren zati handiak behin-behineko egoeran jarraitzen du bere zerbitzuak unibertsitatean urte luzez eman ondoren. Administrazio eta Zerbitzuetako (AZP) langile askok iraunkortasunaren zain segitzen dugu, iruzur laboralaren politika baten ondorioz. Izan ere, kolektibo honetan behin-behinekotasuna % 60tik gorakoa da, Jaurlaritza, Estatuko gobernua eta unibertsitateko agintarien utzikeriaren erakusle. Estatu mailan, ikasleko eta irakasleko AZP ratio baxuena duen unibertsitatea da UPV/EHU, eta hala ere Jaurlaritzak behin-behineko egiturekin erantzun nahi die unibertsitateak dituen behar estrukturalei.

– Beste aldetik, irakasle eta ikertzaile gazteek modu berezian pairatzen dute prekarietatea, eta promozioa zein egonkortzeko bideak oztopoz beterik izaten jarraitzen du. Bestalde, Eusko Jaurlaritzak ez du borondaterik erakutsi aldi baterako irakasle eta ikertzaileen diskriminazioarekin amaitzeko beharrezko urratsak emateko, langileak bide judizialetara jotzera behartuz, irakaskuntza eta ikerketa merituak kontuan hartzeko kasu.

– Euskalduntzeari dagokionez, II. planean jasotako helburu asko betetzeke geratu dira, eta ez guztiak kanpoko eragileek bultzatuta, barruko agintarien borondate ezagatik baizik. Ondorioz, euskarazko zerbitzua ematea eta euskaraz ikastea ez dago guztiz bermatua.

– Unibertsitate publiko batek jendarteari eskaini behar dion zerbitzua ondo bermatzeko UPV/EHUk jasotzen duen finantzaketa ez da nahikoa. Oraindik ez da berreskuratu 2012ko aurrekontuen kopurua eta UPV/EHU urtero ziurgabetasunean mugitzen da aurrekontuei dagokienez.

Lehiakortasun hutsari eta nazioarteko ranking-ei erabateko garrantzia eman baino, LABen iritziz, ezinbestekoa da ikasleen beharrei eta langileen lan-baldintzei eta bizi-proiektuei garrantzia ematea, eta UPV/EHUk bete beharko lituzkeen funtzio guztiei erantzuteko beharrezko finantzaketa bermatzea unibertsitate publiko, euskaldun, parte-hartzaile eta parekideago baten alde urrats sendoak eman ditzan.

Langileon egonkortasuna orain! Lan-baldintza duinak guztiontzat! UPV/EHUren beharrezko finantzaketa bermatu!
 

 

 
 

Elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko dekretu proiektua bertan behera utzi behar da

Jaurlaritzaren ekimen guztiz antidemokratikoa gaitzesten du LABek, ez dituelako gehiengoak errespetatzen eta patronalari beto eskubidea aitortzen diolako.

LAB sindikatuak alegazioak aurkeztu ditu Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako dekretu proiektuaren aurka, prozesua bertan beheran gera dadin eskatuz. Guztiz agortua dagoen eredu bati luzapena emateko asmoa ikusten du LABek ekimen honen atzean. Orain arteko eredua patronalaren eta Gobernuaren jarrera zilegiztatzera mugatu izan da, eta helburu bera du azken ekimen honek ere, gaurdainoko ereduari segida ematea.

Sorreratik hankamotz da dekretua, ez da prozesu parte hartzailerik bermatu. Eusko Jaurlaritzaren partetik ez da partekatu dekretua sortzeko asmorik, alegazioak aurkezteko aukera besterik ez zaigu eman, beste inolako harremanik izan gabe. Prozesua horrela garatzeak erakusten du ez dagoela benetako parte hartze bat sustatzeko inolako borondaterik, ez elkarlanerako inolako asmorik. Antzua da, gehiengoak ez baititu errespetatzen. Ez da bermatuko gehiengo sindikalaren parte hartzea. Ez gaude gehiengo demokratikoak aintzat hartu eta errespetatuko dituen prozesu baten aurrean.

Aldeen erabakitzeko eskubideari muzin egiten zaio. Ez dio benetako parte hartze ereduari erantzuten. LABek orain arteko elkarrizketa sozialaren mahaiari egin izan dion kritiketako bat da hartuta dauden erabakiak berresteko gunea izan dela, aldeak entzunak izan gabe, eta aldeei erabakitzeko aukerarik eman gabe. Hori bai, patronalari beto eskubidea aitortzen dio. Dekretu hau bide berean ikusten dugu, jada hartuak dauden erabakiak berresteko, izaera kontsultiboa besterik ez luke izango, eta beraz, ez dio benetako parte hartzeari erantzuten.

Erabakitzeko eskubidea, benetako parte hartze eredu baterako gakoa. LABek Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua (LHBSEE) sortzearen beharrezkotasuna azpimarratzen du, benetan kolektibo eta herri bezala erabakitzen dugun lan esparru eta eremu soziala eraikitzeko. Euskal Esparrua landu eta sortzeko bidean langileak ardatz eta oinarri izango dituen parte hartzea da behar duguna, erabakitzeko eskubidea oinarri hartuta. Gisa honetako ekimen batek LHBSEEaren eraikuntzan lan egiteko bokazioa behar luke, baina dekretu proposamenak ez dio helburu horri erantzuten, ez die benetako beharrizan sozial eta laboralei erantzuten.

Osaketa eta funtzionamendu guztiz antidemokratikoa planteatzen du. Dekretu proiektuan arautzen den osaketak ez dio erantzuten egun errealitate sozial eta sindikalari, ez dira kontutan hartzen gehiengo sindikalak eta egungo ordezkaritzaren proportzioak. Osaketak bide ematen du gutxiengoarekin akordioak ixtera -esparru sindikaleko aldeetako bakarraren onespena nahiko litzateke horretarako- babes sozialik ez luketen akordioak, ibilbide oso laburrekoak.

Horregatik guztiagatik, berriro diogu, elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko Jaurlaritzaren ekimenarekiko kritiko da LAB, eta alegazioak aurkeztearekin bat, prozesua bertan behera uzteko eskatu du.
 

 

 

Hauteskunde sindikaletarako erronkak partekatzen hasi gara delegatuekin #ZureBideLagun

Kurtso berriaren etorrerarekin, LABek delegatuen batzarrak egingo ditu egunotan, herrialdeka. Horietatik lehena gaur izan da, Hernanin, eta Gipuzkoako delegatuak zeuden bertara deituak. Egoera soziopolitikoa hizpide izateaz gain, sindikatuaren erronkei buruz hitz egin dugu; hauteskunde sindikalen epealdi trinkorako ezarritako helburuei buruz, kasu.

"Guk ez dugu hauteskunde sindikal hauetan hazi nahi helburu korporatibo hutsalengatik. Guk geroz eta langile gehiagorentzat tresna eraginkor bat izan nahi dugu. Sindikatu indartsu bat nahi dugu, langileria osatzen duten sektore ezberdin guztien interes eta beharrak defendatu ahal izateko, kapitalaren kontra jolastu beharreko partidan langileoi bitarteko gehiago eskaintzeko".

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu eta Antolakuntza idazkari Izaskun Garciaren hitzak dira hauek, Gipuzkoako delegatuen batzarrean esandakoak. Hain zuzen ere, nabarmendu dugu, LABen hauteskunde sindikaletako leloak dioen bezala, langileen bidelagun izan nahi dugula: "Lantoki zein lan zentroetan langileen eskubideen defentsan eta prekaritatearen kontrako borrokan, bidelagun; eredu ekonomiko eta sozial justu eta solidarioago baten eraikuntzan, bidelagun".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "sindikatu hau da bakarra kontrabotere sindikalgintzan jaio, garatu eta hazten ari dena. LAB zer den? Bi hitzetan: hitza eta ekintza. Esan eta egin". LABeko idazkari nagusiaren arabera, "pertsonak dira, gure delegatuak, gure militantzia, sindikatu honek daukan onena".

Gaurko batzarrean sektore desberdinetako lekukotasunak entzuteko aukera izan dute bertaratutakoek, eta aipamen berezia egin zaie sektore feminizatuenei, sektore prekarioenak izanagatik. 

Gipuzkoan, %28ko ordezkaritza
Bestalde, Izaskun Garciak hainbat datu jakinarazi ditu LABen egoera "osasuntsua" irudikatzeko. Sindikatuak 4.000 ordezkari pasatxo (4.285) eta 40.000 afiliatu baino gehiago (41.368) ditu. Sindikatuko Zuzendaritza markoak parekideak dira, eta ordezkaritzaren %36 emakumezkoak dira. Hain justu, portzentaia hau igotzea eta %40eko langa gainditzea da hauteskunde sindikal hauetako erronketako bat. Bestalde, afiliazioaren %42 emakumezkoak dira.

Hauteskunde sindikalekin jarraituz, Gipuzkoan kokatuz, ekaineko azken datu ofizialek erakusten dute 1.584 delegatu ditugula herrialdean (%28,19). Hortaz, Gipuzkoari dagokionez, Egun dugun portzentaia hori igotzea da erronka: 1.600 delegatuetara iristea.

Arabako delegatuen batzarra, bihar
Bihar izango da Arabari dagokion delegatuen batzarra, Gasteizko Aldabe zentroan. Asteazkenean eta ostegunean Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako delegatuen batzarrei egokituko zaie txanda, hurrenez hurren; eta datorren astean, irailaren 19an, Bizkaikoa egingo dugu, Bilboko Itsas Museoan.
 

 

 

Erakundeei eskatzen diegu lan osasunak lehentasuna izatea industria politikan

Gaur, irailak 7, langile baten heriotzaz hitz egin behar dugu berriz. Bizkaian aurten izan den 21. lan heriotza izan da, eta jadanik 43 dira Euskal Herrian 2018an lanean hildako langileak. Trapagan hil da Barakaldoko langilea, eta herri honetan mobilizazioa egingo dugu ELA eta ESK sindikatuekin eta bertako eragile sozialekin. Astelehenean izango da protesta, irailaren 10ean, 19:30etik aurrera, Bide Onera plazan.

LAB sindikatutik, lehenik eta behin, langilearen senitarteko, lagun eta lankideei gure elkartasuna helarazi nahi diegu. Salaketa egiten dugu berriro gertaera larri honen aurrean, baina gauzak ez dira aldatzen. Lanean bizia galtzen jarraitzen dute langileek, eta ez dira hartu beharreko neurriak hartzen. Beharrezko ikerketa sakona eta argipenak eskatzen ditugu.

Administrazioak, Osalanek, Fiskaltzak, pausu bat aurrera emateko ordua da, legeak aldatu behar dira gertatzen ari denaren arduradunak ordain dezaten. Hau guztia ez da kasualitatearen emaitza, ez da koiunturala, estrukturala da, eta, horrela izanik, arduradunen bila joango gara. Kapitalismoak langabeziaren jaitsieraz hitzegiten duen bitartean, prekarietatea erabiliz langileak erailtzen jarraitzen du.

Patronalak bere irabaziak langileen osasun eta bizitzaren aurretik jartzen ditu. Bizirik bueltatu nahi dugu etxera, lan eta bizi duina nahi dugu.

Bide honetan ere admnistrazio eta Gobernuei beste alde batera begiratzeari uzteko eta behingoz eman beharreko pausuak eman ditzatela eskatzen diegu. Urkullu lehendakariari eta industria sailburua den Arantxa Tapiari exijitzen diegu lehen mailako odoluste honen aurrean neurriak hartu eta adierazpen zehatzak egin ditzatela; industria politikan lan osasuna lehentasun gisa hartzea, besteak beste.

Lan istripuak ez dira kasualitatez ematen. Erantzuleak dituzte eta, horrela izanik, instituzioei eta gainontzeko eragileei lanean ematen diren istripuak ekiditeko beharrezko diren politika errealak martxan jar ditzaten eskatzen diegu.

LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripuak salatzeko deituak izango diren mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu nahi diogu euskal langileriari.

 

 

 

Prekarizazio laboral eta sozialarekiko kezka partekatu dugu EH Bildurekin, kurtso hasierako bileran

0

Kurtso hasierak berekin ekartzen dituen harreman dinamiken baitan, LABek eta EH Bilduk aldebiko bilera izan dugu gaur Donostian. Abiatu berri den ikasturtean agenda politikoan, sozialean nahiz sindikalean garrantzizkoak izango diren hainbat gai izan ditugu hizpide.

Bilera honetan, besteak beste, prekarizazio laboral eta sozialaren gaineko kezka konpartitu dugu, euskal langileei bizitza duina ukatzen digulako, eta larriagoa dena, udak utzitako lan heriotzek argi erakusten duten bezala, bizitza bera ere ukatzen digulako.

Aldaketarako beharraz eta aukerez solastu gara. Aldaketa ekonomikoa, eta noski, aldaketa sozialaren beharraz eta bide horretan mobilizazio sozialak duen garrantziaz aritu gara. Bestalde, egungo marko konpetentzialaren mugei eta EAEko estatus politiko berriari dagokionean, erabakitzeko eskubidearen aitortza eta bermea ezinbestekotzat jo dugu alde biek, eremu soziolaboralean ere erabaki ahalmen osoa izateko.
 

 

 

Bat egin dugu Jaizkibel konpainiarekin

Irailaren 8an emakume horien lana goraipatzera deitzen dugu langile klasea, desfilean nahiz espaloian txaloka, atera dadila kalera Jaizkibel Konpainiarekin bat egitera.

Hogeita bost urte pasa dira Hondarribiako zenbait emakume alardean parte hartzeko asmoz antolatzen hasi zirenetik. Helburua, emakume hondarribiar gisa euren herriko alardean parte hartzea; emakumeok ere, jaietako protagonistak izatea.

Ekintza honek pauso bat gehiago suposatu zuen emakumeon eskubideen aldeko borroka feministan. Ekintza zinez iraultzailea, balore tradizional eta matxistetan finkatutako jendartea irauli nahi zuena. Argi izan zuten emakumeok parte hartze librerik gabe jaiak ez direla ez parekideak ezta askeak ere. Argi izan zuten kaleak emakumeonak ere badirela eta emakumeok jaietan eta egunero LIBREAk izan nahi dugula gure herrietan.

Baina bultzada iraultzaile orok badu bere antitesia den erantzuna, eta ekintza honek ere izan zuen berea. Herriko sektore atzerakoiek emakumeon eskubideak praktikara eraman ez zitezen antolatuz gogor erantzun zuten, urteetan zehar luzatuz gatazka. 25 urtez ukazioa, gatazka, biolentzia, irain eta ezegite politikoa ezagutu ditugu, erasoak gure gorputzekin gogor pairatuz. Oraindik ere, sistema kapitalista heteropatriarkalean bizitzen jarraitzen dugu, dominazioa, esplotazio eta prekarietatearen sisteman, urtero milaka emakume erailtzen dituena, bigarren mailako herritartzat gaituena.

Baina aitortu behar da 25 urte hauetan borrokan egon diren emakume hauei esker, bai eta emakume langilearen askatasunaren alde lanean egon diren emakume guzti horiei esker ere, testuinguru politiko zein sozialean aldaketarako aukerak begibistan jarri dituztela. Mugimendu feminista eraldaketaren ikono bilakatu da. Martxoaren 8ko plantoan ikusi genuen nola milaka emakume langilek Euskal Herriko kaleak bete zituzten. Indar hau geldiezina da, borroka eta mobilizazioaren zilegitasuna erakutsi digu, kontzientziak astindu ditu, eta, beraz, eraldaketa soziala gauzagarri bilakatu du borroka feministak.

Denetik bizi izan da 25 urte hauetan, pozak eta tristurak, irainak eta txaloak, kolpeak eta muxuak…. guri emakume hauei eskerrak ematea baino ez zaigu gelditzen, zuen adorearengatik, zuen konbentzimenduengatik, zuen borrokarengatik, zuei esker Euskal Herriko emakumeok libreagoak garelako. Horregatik, irailaren 8an emakume horien lana goraipatzera deitzen dugu langile klasea, desfilean nahiz espaloian txaloka, atera dadila kalera Jaizkibel Konpainiarekin bat egitera.