2026-01-24
Blog Page 738

Garbiñe Aranburu: “Eskandalua da lanean heriotzak egotea hauek ekidin daitezkeenean”

Gaur berriro ere, gaur Ondarrun gertatutako lan istripu hilgarriari buruzko salaketa egin nahi dugu. Izan ere, Ondarrun lanean ari zen 46 urteko gizonezkoa da hildakoa eta Soraluzeko OBRAS IBARO SL enpresako langilea.

Garbiñe Aranburu LABeko Idazkari Nagusiak esan du “eskandalua da lan-istripuekin gertatzen ari dena eta jendea egunero lanera joatea itzuliko den jakin barik. Biolentzia patronala da eta biolentzia patronalaz ari gara eskandalua denean lanean heriotzak egotea hauek ekidin daitezkeenean. Egungo prekarietatea murriztu eta beharrezko prebentzio neurriak hartuz ekidin daitezke. Instituzioek beste modu batera erantzun beharko liokete patronalari, baina ez diote patronalari aurre egin nahi”.

Kasu honetan, langilea Ondarruko pisu bat birgaitzen ari zen eta jakin gabeko arrazoiengatik, hedabideek esan duten arabera, altueratik erori zen.

LABetik gure babes eta elkartasunik zintzoena erakutsi nahi diegu hildakoaren senitarteko, auzokide eta gertukoei, eta langile-klaseari orokorrean.

Dagoeneko 2018an Euskal Herrian gutxienez 47 langile hil dituzte euren lanpostuetan edo horien ondorioz, 4 Araban, 22 Bizkaian, 5 Gipuzkoan eta 16 Nafarroan.

Aldi berean, erakundeei eta patronalari exijitzen diegu ezbehar honen inguruko guztiak argitzea, prebentzio neurriak hartu ziren ala ez eta egokiak ziren ala ez argitzea.

Behin eta berriz salatu dugu lan istripuen atzean dagoen egiturazko arazoa prekarietatea eta enpleguaren kalitate eskasa direla, prekarietatea eta lan osasuna elementu kontrajarriak direlako. Ildo beretik, Administrazio Publikoei exigitzen diegu beste alde batera begiratu ez dezatela; lan istripuen aurrean neurriak hartu eta beharrezko baldintzak ezar ditzatela.

Euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Bizkaia eta HIRU) kontzentrazioa egingo du Ondarroako Alamedan datorren irailaren 18an, asteartea, 12:00etatik aurrera.
 

 

 

Antolatzea, mobilizatzea eta borroka egitea beste biderik ez dugu ikusten Bizkaiko Metalgintzan hitzarmen duin bat lortzeko

0
Astelehenean, irailaren 17an, Bizkaiko Metalgintzako Hitzarmenaren mahai- negoziatzailea elkartuko da berriro. LABen eszeptikoak gara bilera berri honen aurrean, ez dugu uste patronalak sektoreko langileentzako hobekuntza aipagarririk planteatuko duenik eta gauza bakarrerako balio izango du, berriro ere mahaia blokeatuta dagoela erakusteko.

LABek mahai honetan bere parte hartzea etetea erabaki zuen ekainean. Mahaia 2018ko otsailean berrartu zenean eta zenbait batzar egin ondoren, ateratako ondorioa izan zen patronalak ez duela inolako borondaterik Bizkaiko Metalgintzako lan-baldintzak duintzeko, eta interesatzen zaion bakarra langileen kontura aberastea ahalbidetuko dion hitzarmena da. Eta hori, prekarietatea handituz soilik lor daiteke.

LABetik Bizkaiko Metalgintzako hitzarmenaren aldeko apustu argia egiten dugu, baina ez edozein hitzarmen. Sektorearen arazo nagusiei aurrei egingo dien hitzarmena aldarrikatzen dugu, eta, horretarako, gure plataformako puntu nagusiak eta gure aldarrikapenak gogoratzen ditugu: soldaten eguneratzea tauletan, behin behineko langileen portzentaien murrizketa, mugak jarri Aldi Baterako Lanerako Enpresen bidez kontratatzeari, langileen subrogazioa egiturazko lanpostuetan, emakumeen kontratazioa sustatzeko eta soldata arrakala murrizteko neurriak, inolako atzerapausorik ez egungo lan baldintzetan eta lan erreformaren aurkako neurriak.

Patronala helburu hauekiko oso urruti dago eta ez da bere posiziotik mugituko ez badugu behartzen, eta hau ez da gertatuko patronala eroso sentitzen den mahai baten bueltan. Honengatik guztiagatik, LABek erabaki zuen mahaia uztea eta sektoreko langileengana jotzea, hauek baitira hitzarmen hau nahi eta behar dutenak. Lan baldintza hobeak behar dituzte, eta euren lanpostuan pairatzen duten prekarietatearekin amaitu. LABek antolaketa, mobilizazioa eta borrokaren bidea baino ez du ikusten hori guztia lortzeko. Hori dela eta, sektoreko langile guztiei egiten diegu dei hitzarmen duin baten alde borroka dezaten. Denon artean lor dezakegu.

 

 

 

Lan arautegian eta babes sozial gaietan ahalmen legegile osoa eskatzen diogu estatus berriari

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta Ekintza Sozialeko idazkari Bea Martxuetak agerraldi bat egin dute gaur EAEko Estatutu Berriak jaso beharko lituzkeen edukien berri emateko, Gasteizko Legebiltzarrak hartutako erabakien ondoren. "Irekitzen den eskenatoki berrian ere euskal sindikatuok jokatu beharreko papera determinantea dela deritzogu LABetik: borroka egin beharko da eremu sozial eta sindikaletik, herri aktibazioaren bidetik, euskal langile klasearen interesak jasoak izan daitezen akordio honen garapenean", nabarmendu du Garbiñe Aranburuk. Zentzu honetan, euskal esparrua defendatzen duten sindikatuei bilerak eskatuko dizkiegula jakinarazi du idazkari nagusiak, baita gainerako talde parlamentarioei ere, alderdi konstituzionalistei izan ezik.

Erabakitzeko eskubidea oinarri eta langileon lan eta bizi baldintza duinak helburu hartuta, estatus berriak euskal langileoi dagozkigun gaietan politika propioak garatzeko aukera eman behar digu, besteren artean, soldata arrakalarekin amaitzeko eta 1.200 euroko gutxieneko soldata nahiz 1.080 euroko gutxieneko pentsioak bermatzeko.

LAB eta estatus politiko berria
Euskal Herrian burujabetza falta dugu garrantzia betekoak diren gai ezberdinen inguruan erabakiak hartu ahal izateko, besteak beste, lan araudia, Negoziazio kolektiboa, pentsioak, politika ekonomikoak, politika publikoak, finantza sektorea, energia,… Eta erabakiak hartzeko ahalmen ezak eragin zuzena du euskal langileon egungo eta etorkizuneko lan eta bizi baldintzetan.

Egungo eredu ekonomikoak ez die erantzuten euskal gehiengo sozialaren beharrei. Lan harremanetarako eta babes sozialerako eredua, indarrean duguna, agortua dago eta ez da aski gaurko egoera ekonomiko eta sozialari aurre egiteko.

EAEn Indarrean dagoen autonomia estatutuak hasieratik izan du hutsune estruktural bat. Erabakitzeko eskubidea ez da aitortzen eta enplegu eta babes sozial gaietan ez du ahalmen legegile osoa bermatzen. Ondorioz, azken hamarkadetan espainiar estatuan erabaki diren erreforma eta murrizketa guztiak inposatu zaizkigu, Estatutik datorren prekarizazio prozesua ezarri zaigu.

Ez gaude autonomia estatutua eskuduntza berri batzuekin eguneratzeko fasean, eta estatutu hori gainditu egin behar da.

Estatus berri bat behar eta nahi dugu, eremu soziolaboralean eta sozioekonomokian ahalmen legegile osoak bermatuko dizkiguna. Ahalmen legegileari dagokionez menpekotasuna izateak pobretu egiten gaitu. Burujabetza politikorik ezak ahuldu egiten gaitu eta ondorio zuzenak ditu lan munduan, jendartean eta esparru politikoan. Eskuduntza normatiboak beharrezkoak dira bestelako eredu ekonomiko eta sozial bat egituratzeko bidean. Eta hor kokatzen du LABek estatus politiko berriaren funtsa: herritar guztiei lan eta bizitza duina bermatzeko ahalmen politiko eta tresna instituzionalak edukitzea. Estatus politiko berriak, euskal langileon erabaki ahalmen osoa ziurtatu dezala, enplegu eta babes sozial gaietan ahalmen legegile osoa eta eskuduntza guztiak bermatu ditzala.

Erabakitzeko ahalmena burura eramanez, lan harremanei eta babes sozialari eta esparru sozioekonomiko propio bati dagozkion gaietan politika propioak garatu ahal izateko tresna instituzionalak behar dira, enplegu eta babes sozialari dagozkion politikak antolatu, kudeatu eta finantzatzeko gaitasun osoa izango duten tresnak, eta aldi berean, Euskal Herriko gainerako lurraldeekin estrategia konbergenteak sustatuko dituztenak.

Negoziazio kolektiboko akordioek gaitasun eta berme osoak behar dituzte, nola eremu publikoan, hala pribatuan. Konkurrentziarik gabe, euskal esparruaren gainetik bestelako legediarik izan gabe, eta gure lurralde eremutik haratagoko akordioen eraginetik salbu.

Eredu ekonomiko eta sozial berri baten definiziorako, beraz, Estatus politiko berriak Lan Harremanetaratako eta Babes Sozialera Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propioa eraikitzeko aukera bermatu behar du:

1. Lan Kode propioa – langile estatuto propioa izateko:
• Lan produktiboa eta erreproduktiboa aintzat hartuko duena
• 35 orduko lanastea oinarri, enplegu banaketa eta enplegu duina ziurtatuko duena
• 1200 euroko gutxieneko soldata ezarri eta arautuko duena.
• Soldata arrakalarekin eta diskriminazio egoera ororekin amaitu eta kolektibo guztien aukera berdintasuna bermatuko duena
• Lan osasuna eskubidea izango dena
• Hizkuntz eskubideak bermatuko dituena

2. Gizarte Segurantzako lege propioa izateko:
• Pentsio sistema, kontributibo zein ez kontributiboa arautzeko.
• 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatzeko
• Langabezi prestazioak erabaki eta arautzeko
• Babes sozialerako sistema propioa sortzeko

3. Negoziazio kolektiborako marko propioa ziurtatzeko:
• EAEko langilerik ez estatuko hitzarmenen menpe
• Patronalaren aldebakartasunarekin amaitu eta lan harremanen demokratizazioa
• Negoziazio eredu berria, negoziazio kolektiboa, soldata eta lan baldintzak hobetu, prekarizazio prozesuari aurre egin eta aberastasunaren birbanaketarako tresna izan dadin

4. Funtzio publikoaren legea:
• Langile publikoen lan baldintzak bertan arautzeko
• Sektore publikoa indartuz, zerbitzu publiko eredu propioa garatu ahal izateko

5. Politika ekonomiko eta garapen eredu propio bat garatzeko aukera:
• Zerga politikan burujabetza osoa
• Energia burujabetza
• Finantza burujabetza
• Elikadura burujabetza

6. Lan harreman eredu propioa garatzeko bitartekoak:
• Enplegu zerbitzua: enplegu politika aktibo eta pasiboak kudeatzeko
• Lan auzitegia eta laneko ikuskaritza
• Lan osasuna zaintzeko sistema publiko integrala
• Prestakuntzarako sistema propioa
• Euskal pentsio sistema arautu, kudeatu eta finantzatzeko erakunde publikoa

Horiek guztiak bermatuko dituzten erakundeak

"Langileen interesak defendatzea dagokigu"
Gaurko prentsaurrekoan, Garbiñe Aranburuk oso garbi adierazi du LABen jarrera. 

Zertarako estatus berria? Estatus politiko berria nahi dugu bizi dugun prekarizazio prozesuari aurre egin eta langileon bizitza duina bermatzeko bitarteko juridiko eta politiko berriak izateko.

EAJ eta EHBilduk adosturiko oinarri eta printzipioak: positiboki baloratzen dugun akordioa da, akordio garrantzitsua. Herriari hitza eman eta erabakitzeko eskubidean oinarritzen den estatus politiko berri bati buruz ari garelako, hainbestetan aldarrikatu dugun, hainbeste borrokatu dugun, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrurako  bidea egiteko aukera ematen duen akordioa da.

Abiapuntu egokia jartzen duela uste dugu. Hala ere, estatus berriak eduki hauek bermatzea borroka bat izango da. Eta guri borroka horretan langileen interesak defendatzea dagokigu.

Akordio hau testu artikulatura eramatean ziurtatu behar da, erabaki ahalmen osoa dugula, eskuduntzak aitortzearekin batera inolako injerentziarik gabe, marko propioa eraikitzeko aukera dugula, euskal langileon estatutua garatzeko aukera dugula edota pentsioak hemen erabakitzeko aukera dugula. Era berean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartan jasotzen diren oinarrizko eskubideak ere bermatu beharko ditu.

Estatusarena borroka bat izango dela esaten dugunean, aurkari argiak ikusten ditugulako da, alderdi konstituzionalistak eta CONFEBASKen ordezkatzen duen elite patronala.

Alderdi konstituzionalisten jarrera argia izan da (PSE eta PP). Ez dago beraiekin estatus politiko berri bat adosteko aukerarik.

CONFEBASK: Ez du eukal markorik nahi, ez du estatus politiko berririk behar, estatuko markoaren menpe jarraitzeak prekarizazioaren bidetik jarraitzeko aukera gehiago ematen diolako. Ez dute estatus berririk behar, ez nahi. Guk langileon interesak defendatzeko aukera gehiago izatea nahi dugu.

EAJrekiko mesfidati, ahots desberdinak. Adostasun zabalagoak nahi izatea ondo dago, baina erabakitzeko eskubidea aitortzen eta errespetatzen ez dutenak akordiora batzeko, ezarri den abiapuntutik jaistea herri honen gehiengoaren borondatearen kontrakoa izango litzateke. Mesfidati gaude ere patronalaren interesen kontrakoa den Lan Harremanak eta Babes Sozialerako euskal esparrua bermatzeko zenbaterainoko indarra jarriko duen ikusteko orduan.

Podemos: ez dugu bat egiten bere jarrerarekin. LABek ere herritarrei bizitza duina bermatzeko nahi du estatus politiko berria, LABek ere eredu sozialaz hitz egin nahi du. Oinarrizko eskubideak bermatzeko ezinbestekoa da erabaki ahalmena izatea.

Prozesu parte hartzailea eskatzen dugu
Instituzioen zeregina da herritarren kezkei bide ematea. Langileon egunerokoan eragina izango duten erabakiak ezin dira Parlamentuko lau pareten barruan hartu. Eragile sozial eta sindikalok asko dugu esateko eta eztabaida prozesuak gure parte hartzea bermatu beharko luke.

LABetik eztabaida honetan guztian eragile aktibo izan nahi dugu. Badugu zer proposatu. Ez dugu markoaz eta eskumenez bakarrik hitz egiten, baita ere marko horrek bermatu behar dituen eskubideez ere.

Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren eta esparru sozioekonomiko propioaren sorrera euskal gehiengo sindikalaren aldarrikapen historikoa izan da. Eta irekitzen den eskenatoki berrian ere euskal sindikatuok jokatu beharreko papera determinantea dela deritzogu LABetik: borroka egin beharko da eremu sozial eta sindikaletik, herri aktibazioaren bidetik, euskal langile klasearen interesak jasoak izan daitezen akordio honen garapenean.

Erronda sindikatu eta alderdiekin
• Euskal Esparrua defendatzen duten sindikatuekin bilerak eskatuko ditugu. Estatusak ziurtatu beharreko gutxienekoen inguruan posizio bateratu bat adosteko gai izan beharko genukeela iruditzen zaigu. Euskal gehiengo sindikalak Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomikoaren alde ez borrokatzeak patronalaren mesedetan eta honen neurrirako politikak egiten dituen EAJren estrategia laguntzen du.

• Alderdi konstituzionalistekin izan ezik, gainerako talde parlamentarioei ere bilerak eskatuko dizkiegu.

 

 

 

Proposatu dugu Nafarroako funts gehigarrien banaketan talde prekarizatuenen baldintzak laguntzea

PPren aurreko gobernuak, UGT, CCOO eta CSIF sindikatuekin batera, Madrilen akordio bat sinatu zuten, non hainbat baldintza zehatz betez gero administrazioen langileen ordainsariak %0,3an handitzen ahal ziren. Hori bete egin da eta Nafarroari dagokionez 2018 urte honetarako funts gehigarrien kopurua 3,4 milio euro dira, (3,6 2019rako eta 3,8 2020rako). Osotara, beraz, 10,9 milio euro hiru urtetan. Diru hau Estatuko Gobernuak ezarri baldintzatan erabil daiteke, hobekuntza produktiboetan, homologazioetan edo antzeko alderdietan. Oraingoan diru hori zertan gastatzen den erabakitzea egokitzen da eta Nafarroako Gobernuak sindikatuoi galdetu digu.

Lehenik eta behin garbi azaldu behar dugu gure kontrako jarrera PPk eta CCOO, UGT eta CSIF sindikatuek Madrilen sinatu zuten eskuduntzen bahiketari, nafarroi negoziazioa ukatuz eta aspaldiko urteen ordainsarien murrizketen berreskuratze aukerak, diru kopuru urri batzuei mugatuz. Horrela administrazioen langileak eros ahalmen galera berrie kondenatuz.

Irailaren 11ean Nafarroako Gobernuak lantalde bat deitu zuen 2018 urteko funts gehigarriei dagokion %0,30 horren (3.400.000 euro) banaketa negoziatzeko, izan ere diru kopuru hori aurten ordaindu behar da, bestela galduko da. Lantaldean ere datozen bi urteotan zer egin hitz egin zen.

Sindikatuok hainbat aldarrikapen plazaratu dugu bai eta Nafarroako Gobernuak kuantifikatu ere. LABek aurkeztu proposamenek 14 milio euro baino gehiagokoak dira. Orain estatuak baimentzen dituen diru kopuruei egokitu behar ditugu, guztiak mantentzeko moduan, baina progresiboki datozen 3 urte hauetan garatu ahal izateko. Mahai gainean jarri ditugun lehentasunak talde prekarizatuenei laguntzea izan dira. Besteak beste E mailaren desagerpena, D mailari guztiak igoz (1.462 pertsona), eta D mailako hainbat talderen igoera. Azken honetan administrari laguntzaileak (1.725 pertsona), hezkuntzako zaintzaileak (198 pertsona), etab. LABek aurkeztu dituen proposamenetan maila eta arlo batzuen beste talde batzuk ere barnebiltzen dira: ingurumena, 112 SOS, haur eskolak, suhiltzaileak, gidariak, errepideetako zaintzaileak, etab.

Egia esanda, lapurtu digutenarekin alderatzen badugu, oso diru kantitate txikietaz ari gara hitz egiten, baina Madrilen akordatu zirenak dira, bertan eseri ziren sindikatuek onartu zituztenak.

 

 

 

N-121-A errepideak bertze langile baten heriotza eragin du

Doneztebeko Mendaur institutura joaki zen 26 urteko behin-behineko irakasle bat izan da Nafarroan lan istripuaren ondorioz ematen den 15. heriotza, aurten. 

Bertze behin ere, N-121-A errepideak langile baten bizia eraman du. Azkeneko hilabeteetan ohiko bihurtzen ari den berria da hau. Hala ere, ez dugu arazo puntual bat bezala ulertzen ahal egoera hau baizik eta sakoneko arazo estruktural bat bezala. Alde batetik ez da berria N-121-A errepidean langile baten heriotza ematea eta egoera horri egin zaizkion salaketa guztiei entzungor egiteak zerrenda luzatzea bertzerik ez du egin, bertze alde batetik azkeneko hilabeteetan, Nafarroan gehien bat, gertatutako langileen heriotza kopurua “istripu” bezala ulertzetik haratago joan behar da eta gizartean dagoen arazo larri bat bezala ulertu behar dugu.

Bertzalde, ezin dugu ahantzi Irakaskuntzako langileon lan baldintzak prekarizatzen dituen gaitz estrukturala: interinitatea hain zuzen ere. Gogora ekarri nahi dugu, eta irmoki salatu, sektore honen langileriaren %30 inguruk lantoki finkorik ez duela eta urtetik urtera tokiz aldatu beharrean ikusten duela bere burua. Udan zehar baino ez du jakiten non arituko den lanean hurrengo ikasturtean. Horrek langile hauen bizitzetan ezartzen duen ezegonkortasuna errefusatu nahi dugu eta haren kontrako neurriak lehenbailehen hartu daitezela administrazioei exijitu.

LAB sindikatuak jakin izan duenez bihar goizean ikastetxean geldialdi bat eginen dute zendutako lankidea oroitzeko. Era berean euskal gehiengo sindikalak erantzun bateratu bat zehaztuko du datozen orduetan.
 

 

 

Bi elkarretaratze egin ditugu Lizarran Irache taldearen beilatokietan bizi den egoera kaskarra salatzeko

0

Berriz ere, LAB sindikatua kalera atera da Irache taldeko langileek Estellerriko beilatokietan bizi duten egoera zailaren salaketa egiteko. Hala, langileek elkarretaratze bana egin dute gaur Lizarrako San Agustin eta Estella beilatokien aitzinean.

Zoritxarrez, egoera ez da udan konpondu; areago, okerrera egin du. Enpresak aurrera segitzen du plantilla berritzeko asmoekin, langile askok alde egin behar izan baitzuten, edo gaixo agiria baitute, edo beren etorkizuna nola aldatu pentsatzen ari baitira. Plantilla historiko hura, eskualdean izena irabazia zuten profesional onez osatua, ez zegoen prest Zuzendaritzaren arpilatze eredu horri jarraitzeko, eta uko egin zion “helburuen araberako lana” egiteari; irakur bedi “zenbat eta hilkutxa garestiagoak saldu, orduan eta komisio altuagoa jasoko du langileak”. Jakin dugunez, kontratazio berrietan eredu berri hori ezarri dute; eta bidez batez, erran dezagun kontratazio berri horiek merkeagoak ateratzen zaizkiela, funtzio berriak ezartzen dizkietela, eta distantzia luzeetan mugiarazten dituztela; batzuetan Nafarroako iparraldeko langileek egin dituzte Estellerriko garraio lanak. Eta horrekin guztiarekin zerbitzuaren kalitatea nahikotxo kaskartu da, eta bezeroen kexuak langileen bizkar gainera erori dira.

Eta horretan guztian makurrena da Irache taldea gizarteaz aprobetxatzen ari dela. Egoera emozional kritikoan dauden bezeroez aprobetxatzen ari da ahalik eta diru gehien ateratzeko. Halako jokabide maltzurrari LABek “banpirismo enpresariala” erraten dio. Gauza bakoitzak bere izena merezi baitu. Eta bizkarroi hauek bere produktu guztien prezioak neurririk gabe igotzen ari dira; adibidez, kutxaren salneurria %30ean emendatu dute, 1.087 eurotik 1.454 eurora.

Arpilatze horri aurre egiteko, LAB sindikatuak proposatzen du gertuko eredu bat, gardena, elebiduna, multinazionalen eta aseguru etxeen inposizioetatik askea, pertsonekiko tratu onetan formakuntza duten langileez osatua. Eredu horretan, gainera, langileek ere parte hartu beharko lukete enpresaren erabaki eta proiektuetan.

Eta bertze aldetik, esparru publikoari dagokionez, LABek uste du hileta zerbitzuen inguruko eztabaida egin beharko litzatekeela, tokiko elkarte eta erakundeekin, ongi arautzeko eta ikuskatzeko kontratazio baldintzak eta zerbitzuaren zein enpleguaren kalitatea.

 

 

 

Venezuelako Iraultza Bolibartarraren aldeko adierazpen bat sinatu dugu hainbat sindikatuk

0
"Edozein herri burujaberen kontrako injerentzia edo interbentzioa onartezina dela deritzogu", dio adierazpenak, besteak beste.

Behean sinatzen dugun sindikatuak, Bartzelona Kataluniako Diadaren testuinguruan elkarturik honakoa adierazi nahi dugu Estatu Batuek eta bere Europako sozioe Venezuelako Errepublika Bolibartarrean daramaten injerentzia inperialistaren aurrean:

-Edozein herri burujaberen kontrako injerentzia edo interbentzioa onartezina dela deritzogu; kasu honetan Venezuelako Iraultza Bolibartarraren kontrako injerentzia.

-”Krisi humanitarioa” deitu dioten propaganda mediatikoaren erabilera salatzen dugu. Erabateko zinismoaren adibide dela deritzogu Venezuelako herriaren kontrako interbentzio bat prestatzea helburu duena.

-Behean sinatzen dugun sindikatuok gure elkartasun osoa helarazten diogu Venezuelako langile klaseari, eta gezur hauen azken helburua Venezuelako Errepublika Bolibartarra suntsitzea den neurrian, munduko herriei inperialismoaren gezurren aurrean amore ez ematera deitzen ditugu.

Sinatzaileak: Confederación Intersindical Galega (CIG), Intersindical CSC de Catalunya, COS Països Catalans, Intersindical Alternativa de Catalunya (IAC), Intersindical Valenciana) STEI Balears, CSI Asturies, CUT Galiza, CUT Aragón, LAB Euskal Herria, ESK Euskal Herria, STEILAS Euskal Herria, Sindicato Andaluz de Trabajadores (SAT), Intersindical Canaria, FSOC Canarias.

 

 

 

Hazten jarraitu nahi dugu Nafarroan, aldaketarako tresna indartsuagoa izateko #ZureBideLagun

Delegatuen batzarrak deitu ditugu egunotarako, kurtso berriaren etorrerarekin, sindikatuaren erronkei eta hauteskunde sindikalen epealdi trinkorako ezarritako helburuei buruz aritzeko. Gipuzkoako batzarrarekin ekin genion astelehenean errondari, Araba eta Ipar Euskal Herrian egindako batzarrekin eman genion jarraipena asteartean eta asteazkenean, eta, gaur, Nafarroako delegatuen batzarraren txanda izan da.

Iruñean egin dugu Nafarroako delegatuen Batzarra, Sanduzelaiko Civivox-en. LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk eta sindikatuko Antolakuntza idazkari Izaskun Garciak hartu dute hitza, Nafarroako hainbat ordezkarirekin batera.

Hauteskunde sindikaletako epealdi trinkora erronkei dagokionez, ikasturte honetan helburua ordezkaritzaren %16 zela esan dute. Kontua da jada kpuru hori gainditu dugula eta LAB 1.000 ordezkaritik gertu dagoela Nafarroan. "Sindikatuak inoiz baino ordezkaritza handiagoa dauka, eta hazten jarraitu nahi dugu", adierazi dugu. "Nafarroan bilakaera izugarria izan da, 2 puntu baino gehiagoko igoera, ia%14tik %16ra, epealdi honetan gehien igo garen sindikatua izanik", zehaztu dugu. "Nafarroan 1.000 delegatuetara igotzea litzateke erronka berria, hau da, 34 delegatu gehiago lortzea. Horrek %16,52ra igotzea suposatuko luke, 0,6 puntuko igoera", erantsi dugu.

Datuak datu, langileen lekukotasunek ere izan dute tartea batzarrean. "Hazten jarraitu nahi dugu, bai. Baina guretzat haztea ez da helburu bat bere baitan. Guretzat sindikatua borroka sindikala eta aldaketa soziala sustatzeko tresna bat da. Gero eta indar gehiago izan nahi dugu, lantokiz lantoki aldaketak eragin nahi ditugulako; aldaketa handiak eta aldaketa txikiak", azaldu dugu, eta horren inguruan mintzatu dira bost enpresa desberdinetako ordezkariak: Huertas de Peralta, Sin Fronteras, Decahtlon, INSS eta Foru Administrazioa.

Huertas de Peralta Nafarroako hegoaldeko enpresa nagusietako bat da. Orain arte ez dute ordezkaritza sindikalik izan eta antolatzen hasi dira. Sin Fronteras, Soziokomunitario sektoreko enpresa bat da. LAB asko hazten ari da sektore honetan. Decahtlon, berriz, gazteen lan prekarioan oinarritzen den enpresa dugu. LABek gehiengoa lortu zuen duela urte batzuk. INSS, aldiz, Volkswagenekoazpikontrata da. Foru Administrazioa, bere aldetik, bertan, LAB lehen indarra izan zen duela hiru urte. "Bost adibide hauek aipatu ditugu argi erakusten dutelako LAB hauteskundeetan lortzen duen indarra aldaketa txikiak eta aldaketa handiak eragiteko baliagarria dela. Baina ez dugu kasu hauetan gelditu nahi. Azken urteotan LABen izenean aurkeztu eta lantokian LABen egitasmo sindikala garatzeko lan egin duten guztiei egin nahi diegu aitortza. Lorpenak izan dituztenei nahiz korrontearen kontra borrokatu behar izan dituztenei. Denei esker, Nafarroan badago alternatiba", nabarmendu dugu.
 

 

 

Bertan erabakitzeko aldarrikapena Euskal Hirigune Elkargora eraman dugu

Euskal Hirigune Elkargoaren egoitzaren aurrean mobilizatu gara gaur, Baionan. Hain zuzen ere, bertan erabakitzeko eta hortarako behar diren tresnak eraikitzeko aldarrikapena Elkargoak ere bere egin behar duela aldarrikatu dugu, bertako negoziazio eremu bat Euskal Herrian sortua izan dadin. Hala, gutun bat helarazi diogu Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarairi aldarrikapen honekin.

Hauxe da Euskal Hirigune Elkargoko lehendakari Jean Rene Etxegarairi igorritako gutuna:

2012tik goiti LAB sindikatuak Bertan Erabaki aldarrikapenaren bidez Euskal Herri mailan falta zizkigun instituzioen falta salatzen zuen. Garaian jadanik 2 aldarrikapen nagusi genituen :

1. Eremu sozio ekonomiko iraunkor bat izaitea.

2. CPL « commission paritaire locale » delakoaren moduko Negoziazio kolektibo eremu bat pribatuko langile guztientzat sortzea.

2014 an LABek bere aldarrikapena funtzio publikoari zabaltzen zuen Euskal Herri mailan CDG « centre de gestion » delako bat eskatuz bertako Lurraldeko funtzio publikoko langilentzat.

Azkenean, 2017 an lan eta gogoeta ezberdinei esker, bai hautetsi eta bai jendarte eta Batera plataformari esker besteak beste Euskal Elkargoa sortu da.

Honen bidez lehen aldiko Ipar Euskal Herriak benetako onarpen administratiboa lortu du.

LAB sindikatua kontziente da Euskal Elkargoak dituen erronkak ugariak eta konplexuak direla, baina uste dugu hori ez dela aitzakia izan behar langileok bertan erabakitzeko galdegiten ditugun tresnak ukatzeko.

Hara zergatik gaur gutun ideki hau Euskal Elkargoari helarazten diogun, lehenbailehen langile guzientzat benetako negoziazio kolektibo eremu bat sortua izan dadin. Legeak ematen duen parada segituz 2014tik LAB etengabe lanean aritu da pribatuan ari diren langileentzat Elkargoaren barne izango litzatekeen CPL moduko eremu bat sortzeko.

Hori egingarria izaiteko bertako ordezkaritza edo errepresentibitatearen zenbakiak behar genituzke eta gutun honen bidez beste behin ere zenbaki horiek ukaiteko egin beharrekoa egitea eskatzen dizuegu.

Bestalde, Lurraldeko funtzio publikoko langileei dagokionez, lehenbaitlehen bertako “CDG” delako baten sorrera beharrezkoa dela iduritzen zaigu. Jakinez gaur egun legeak ez duela hori baliabidetzen edo onartzen, momentuz 50 langile baino gutxiagioko egiturentzat « Comité Technique Paritaire intercommunal » delako bakar bat sortzea eskatzen dizuegu.

LABek departamendu mailan diren eskumen edo konpetentzia sozialak errekuperatzea galdegiten du, hemen lan egiten duten pertsona guztiak bertatik kudeatuak izan daitezen.

Ipar Euskal Herria Elkargoaren bitartez hemen bizi diren 300.000 biztanleak kudeatzeko gai bada, bertako langileak eta hauekin lotuak diren gai tekniko eta administratiboak kudeatzeko ere gai izan beharko litzateke. Horrez gain, hurbileko eta kalitatezko zerbitzu publikoak garatzea helburua izanik, lurraldearen errealitateari egokituak diren berezko formakuntzak bermatu beharko lirateke.

Besterik gabe, jakin ezazue zuen erantzunaren zain izanen girela eta zuekin mintzatzeko edo biltzeko prestutasuna beti hor izanen dela.