2026-04-25
Blog Page 728

Arabako metalgintzako negoziazioak prozesu partehartzailea izan behar du

0
Gaur, azaroaren 28an, Arabako Metalgintzako Mahai Negoziatzailea bildu da eta sindikatu bakoitzaren ordezkaritza finkatu da. Hurrengo bilerarako plataformak aurkeztu behar direnez, LABek planteatzen du negoziazioa prozesu parte-hartzailea izan behar dela eta lehenengo pausu moduan, gure plataforma osatzeko langileen ekarpenak jasoko ditugu, horretarako bideak eskainiz.

Gaurko bileran Negoziazio Mahaiko alde sozialaren ordezkariak finkatu dira, ordezkaritzaren inguruan Lan Delegaritzan erregistratuta dauden azken datuen arabera. Hori horrela, ELAk 6 ordezkari izango ditu, UGTk 3, LABek 2 eta CCOOek 2. Behin finkatuta, LABek zinez espero du sindikatu guztiek onartzea, soilik ordezkaritza horren gehiengoak sina dezakeela hitzarmena, gutxiengoan sinatzea bartertuz.

Edonola ere, hurrengo bilerarako, abenduak 18an, sindikatu bakoitzak bere plataforma aurkeztuko duela. Hortaz, LABek ulertzen du negoziazioa prozesu parte-hartzailea izan behar dela, langileak pasibotasunetik atera eta subjektu aktibo bihurtuz. Hori gauzatzeko, eta lehen pauso moduan, LABek dinamika bat abiatuko du bere afiliatuen, eta oro har, langileen ekarpenak jasotzeko, bai aurrez aurre bai teknologia berriak erabilita, gure aldarrikapenen plataforma osatzeari begira.

Horrela plataforma integral bat osatzea espero dugu, arloz arlo langileen beharrei erantzuteko, enpresaz enpresa hitzarmen duinak lortzeko egiten dugun moduan. Esan bezala, hau lehen pausoa da, eta hortik aurrera, LABek langileen aktibazioa bultzatzen jarraituko du, beharrezkotzat jotzen baitugu metalgintzeko hitzarmen duin bat lortzeko. Enpresetan hitzarmen eta akordiok duinak lortzen ari gara, eta sektorean ere posiblea da.
 

 

 

Gorka Berasategi: “Administrazio publikoko EPE deialdiak sindikatuekin negoziatu eta adostuak izan behar dira, horrela prekarietatearekin amaitzeko”

LABek agerraldi bat egin du Eusko Jaurlaritzako EPE ereduaren inguruan. Sektore ezberdinetan ereduaren agorpen zantzuak nabariak dira, eta sindikatuak egindako proposamenen berri eman du. LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko idazkari Gorka Berasategik, Irakaskuntzako arduradun Maider Izagirrek eta Osakidetzako arduradun Bego Aranzastik hartu dute hitza prentsaurrekoan.

LAB prentsaurrekoa eman du gaur EAEko EPE ereduaren inguruan. Bertan, Gorka Berasategi Zerbitzu Publikoen Federazioaren Idazkariak, Bego Aranzasti Osakidetzako arduradunak eta Maider Izagirre Irakaskuntzako arduradunak parte hartu dute.

Gorka Berasategik azaldu du hurrengo urteetan hainbat deialdi publiko izango ditugula administrazio gehienetan, deialdi horiek estatuko araudiaren baitan egingo direlarik. Bere arabera, “honek, gure zerbitzu publikoetan daukagun errealitatea kontutan hartzen badugu, ez dio inolaz ere dauzkagun arazoei irtenbidea emango”. Egungo arazoak zerrendatu ditu jarraian:

-Behin-behinekotasunean oinarritzen den sistema.
-Ez dira kontsolidazio deialdiak aurreikusten.
-Birjartze tasari lotutako deialdiak planteatzen dira, ondorioz, ez dira beharrezkoak diren lanpostu guztiak ateratzen.
-Pribatizazio eta lanpostu amortizazioak lehenesten dira.

Gaineratu du, azken aldian hainbat eremuetan arazoak izaten ari direla deialdi publikoen kudeaketan; “aipatu gabe doaz Osakidetzan egondako egoera eskandalagarriak”. Gainontzeko sektoreetan langileek pairatu behar izan duten egoera ere izan du hizpide Berasategik. Batetik, gardentasun falta ematen da deialdiaren hainbat faseetan; epai mahaiaren osaketa, azterketak zuzentzeko irizpideak eta deialdia bere osotasunean hartuta kudeaketa amaigabea bilakatzen da. Bestetik, langileei ezinegona eta estresa probokatzen zaie; lanpostuaren ezaugarriekin loturarik ez daukaten frogak planteatzen dira eta gaitegien prestaketan negozio pribatuen interesak sustatzen dira.

Hori gutxi balitz, salatu du azterketak euskaraz egiteko sekulako trabak planteatzen dira. Ondorioz, hauek dira, Berasategiren arabera, egungo EPE ereduaren ezaugarriak, klientelista, prekarietatearekin bukatzeko balio ez duena eta iluna eta interes pribatuen menpekoa.

Deialdiak arautzeko gaitasuna garatu beharra azpimarratu du LABeko Zerbitzu Publikoen Federazioko arduradunak, gaitasun legegile osoa aldarrikatuz, eta deialdiak negoziatuak eta adostuak izan behar direla, horrela prekarietatarekin amaitzeko.

Bego Aranzasti Osakidetzako arduradunak adierazi du Osakidetzan gertatzen ari diren gauza guztiek, argi uzten dutela indarrean dagoen EPE ereduko gardentasun eza. Urteetan zehar, opakutasun honek mediku espezialisten artean filtrazioak baimendu ditu.

Gaineratu du, “LABek aldarrikatzen duen EPE eredu berrian, nahitaez egon beharko diren hiru kontzeptu azpimarratu nahi ditugu: epai-mahaien gardetasuna, froga objektiboak eta gaitegiak administrazioak argitaratzea.

Irakaskuntzako arduradun Maider Izagirrek, bere aldetik, garrantzia eman dio egungo ereduaren inguruan egiten dugun balorazioari, eredu berrien eraikuntzan zer nahi ez dugun argitzea ezinbestekoa delako. Hala, iazko Lan Eskaintza Publikoa kontutan hartuta, honako ondorio hauek zerrendatu ditu:

-Irakasle erdiak baino gehiagok ez du lehen proba gainditu, gehienak iada irakasle gisara lanean dabiltzanak.

-Plazen %30a gutxi gora behera bete gabe gelditu zen, 300 bat langilek egonkortu gabe jarraitu dutelarik.

-Eredua ez da baliagarria irakasleak hautatzeko, eredu propioa behar dugu Madrildik arautzen den eredu honi aurre egiteko.

Egoera ikusita, LABetik proposatzen dugun eredua honakoa da:

-Kolektibo desberdinetako plantilaren ezaugarriak/profila kontutan hartzea prozesua diseinatzerakoan.

-Bitarteko langileen tasa jaitsi arte esperientzia baloratzen duten deialdiak. Gaur egun arte idatzizko froga memoristikoak gehiegizko pisua baitu. Idatzizko froga baztertzailea da eta ez du balio irakasleen gaitasunak baloratzeko.

-Lanpostuei lotutako frogak izan behar dute.

-Zuzenketak egiteko irizpideak ezagunak izatea, eta azterketak burutu ondoren erreklamazioen bidez azterketak ikusteko aukera izatea.

-Egutegiak birmoldatzea, egun erabiltzen diren tenpusak oso estuak direlako.

-Gaitegiei dagokionez, egun erabiltzen direnak, estatuko legedi zaharrean oinarrituak egoteaz gain, erdara hutsez argitaratzen dira.

-Epaimahaietan aritzen diren irakasleen baldintzak hobetzea: datak, orduak, ordezkoak…

Astelehenean Hezkuntza Sailarekin izandako mahai teknikoan administrazioak egindako proposamen berriaren nondik norakoei dagokionez, Maider Izagirrek esan du proposamen berriak ez duela sindikatuak aldarrikatzen duen norabidean urratsik suposatzen, “ez eredu aldaketari dagokionez, ezta langileen kontsolidazioari dagokionez ere. Gainera, ez zaigu onargarria iruditzen planteatzen den saritze horrekin sor daitekeen egoera, oposaketetan derrigorrez parte hartzea ekar dezakeelako. LABek ez du babestuko mahaian gainean dagoen proposamena, eta eredu berri baten lanean lanean jarraituko du”.

 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako sektorean elkarrekin borrokan jarraitzeko beharra nabarmendu dugu

Bizkaiko Bulego eta despatxuetako hitzarmena negoziatzen ari garen LAB, ESK, CGT eta CNT sindikatuok gure kezka adierazi nahi dugu sindikatuen arteko batasuna apurtu delako, hura barik nekez lortuko dugulako geure helburua: hitzarmen duina.

ELA, CCOO eta UGT sindikatuak egutegi amankomunetik bereizi dira, marra gorriak marraztuz eragozten ari dira batuak iraun dezagula lanean. Sindikalgintza bateratua baztertu dute hortaz.

Arduragabekeria deritzagu norberaren interesak guztion interesei lehenesteari, are gehiago hitzarmena trabatua dagoenean eta negoziatzeko datarik ez duenean. Gure ustez, garai egokia da elkarrekin egin dezagun lan eta patronala presiona dezagun hark ezarri duen xantaia desager dadin behingoan.

LAB, ESK, CGT eta CNT sindikatuok agintzen dizuegu elkarrekin borrokatuko garela. Laguntzeko gertu gaituzue gainerako sindikatuek hausnar dezaten, eta bat egin dezaten guztion borrokarekin, bat egin dezaten sektoreko behargin guztiok eskatzen ari garen sindikatuko batasunarekin.

Denon artean lortuko dugu!
 

 

 

Haurreskolak partzuergoaren doakotasuna eta sinatutako akordioa betetzea eskatzen diogu Eusko Jaurlaritzari

0

Haurreskoletako doakotasuna hizpide dute gaur, besteak beste, Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean. Hori probestuz, eta sinatu genuen akordioa betetzeko azkenaldian izaten ari garen zailtasunak salatzeko, elkarretaratze bat egin dugu Legebiltzarraren aurrean.

2019ko urtarrilaren 1etik aurrera Haurreskolak Partzuergoa doakoa izango da 18.000 euro baino gutxiagoko errenta duten familientzako. Urrats hau LABentzat ere garrantzitsua da, haurrei jaiotzatik aukera berdintasunean hezkuntzarako eskubidea aitortzen zaielako.

LAB sindikatuak neurri hau ondo baloratzeaz gain, gogorazi nahi dio Eusko Jaurlaritzari, neurri hau Haurreskolak Partzuergoko doakotasuna lortzeko lehenengo urrats gisa planteatu zela Legebiltzarretik. Ziklo honetan dagoen eta egon daiteken segregaziorako joera desberdinak baztertzeko aukera paregabea dela uste du LABek, xedea argi izanik hurrengo pausuetan pentsatzen hasi behar direla argi dugu.

Hezkuntza saileko Haur hezkuntzako lehenengo zikloa den, Haurreskolak Partzuergoa, doakoa, unibertsala, euskalduna, kalitatekoa, eraldatzailea, feminista… izan dadin, hezkuntza sistema propioaren alde eta Euskal Eskola publiko komunitarioa iruten jarraituko dugu.

Halaber, martxoan akordioan sinatu genituen puntu guztiak bete eta garatzea eskatzen dugu, kudeaketako langileen lanpostuen zerrenda handitu, oposaketa fasea zehaztu… Ordezkapen guztiak beteko zirela adostu bazen ere, hauek baldintzatzen jarraitzen dute. Lan hitzarmena negoziatzeko abiapuntua delako, akordioa bere osotasunean bete eta garatzea exijitzen dugu.

 

 

 

“Gure genealogia feministak”

"Gure genealogia feministak" liburuak Euskal Herriko mugimendu feministaren kronika bat kontatzen du; eta bideo honetan, kronika horren laburpen txiki bat egin du Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxak. Miren Aranguren, Edurne Epelde eta Iratxe Retolaza dira liburu honen egileak. Emakumeon Mundu Martxak XI Nazioarteko Topaketen harrera ekitaldirako prestatu zuen laburpen bideoa.  
 

 

 

Errepidea moztu eta kalejira egin dute Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko grebalariek, Bilbon

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek azaroko laugarren greba eguna egin dute gaur. Goizean goizean hasi dira mobilizazioekin. Izan ere, 7:30ean, errepidea moztu baitute Bilbon, eta, kalejiran, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaraino joan dira.


 

 

 

Garbialdiko langileek protesta egin dute berriro Bizkaiko aldundiaren aurrean

0

LAB, UGT, ESK eta CCOO sindikatuok deituak, Garbialdiko langile azpikontratatuak, Bizkaiko Foru Aldundiko eraikinen garbiketaz arduratzen direnak, berriro mobilizatu dira soldata-igoera duinen alde, aldundiaren aurrean gaurkoan ere.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako grebak jarraipen zabala izan du

Sektorean Lan Hitzarmenaren eguneratzearen alde gauzatu ditugun aurreko bost greba egunekin gertatu den bezala, gaur ere, sektoreko seigarren greba egunak izan duen babesa oso zabala izan da, aurrekoen parekoa %65etik gorako jarraipenarekin. Gaurko Bilboko manifestazioan 5.000 langiletik gorak hartu dute parte, honek argi erakusten duelarik greba eta mobilizazioen helburu diren aldarrikapenekiko langileen atxekipena.

Aste honetako lau greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Ikastetxe hauetako langileok ia hamar urte daramatzagu hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Grebaren helburuak argiak eta aski ezagunak dira, sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.

Patronalak ordea ez dira dagokien arduraz jokatzeko gai izaten ari. Horrela, bost greba egun ondoren, mugiarazi beharrean ikusi dira, eta azken egunotan bi proposamen helarazi dizkigute, aste honetarako aurreikusitako greba bezperan eta jadanik 5 greba egun gauzatu ondoren. Bi proposamen hauek ordea, 2017ko Azaroan egindako proposamenarekiko aurrerapauso aipagarririk ez daukate, eta sindikatuok adostutako gutxieneko plataforma bateratuan jasotzen diren aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen dute. Argi dago beraz, fede oneko negoziazio bati ekin eta langileen aldarrikapenei erantzutea baino gehiago grebak desaktibatzeko helburua izan dutela.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako patronalei, beraien langileen lan baldintzekiko duten ardura bere gain hartu, eduki esanguratsurik gabeko proposamenak egiteari utzi eta langileen aldarrikapenei erantzungo dioten bideak lantzen zentratzeko eskatzen diegu.

Aldi berean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako 4 greba egunak babestera eta antolatu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

 

 

 

Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegietako garbitzaile grebalariek oinezko martxak egingo dituzte euren egoera salatzeko

0

Agerraldia egin dute gaur, soldata arrakala ezabatzeko grebak bi hilabete baino gehiago bete dituen honetan. Oinezko martxaren lehen etapa Oiartzundik Donostiara izango da eta bigarrena Eibarko epaitegitik Bergarako epaitegira. Beren asmoa da Eusko Legebiltzarrera eramatea proposamen bat gatazkaren konponbidea exijitzen duena. 

Komisaldegietako eta epaitegietako garbikuntza zerbitzuko langilek greban daude pasa den irailaren 19tik pairatzen duten soldata-arrakala ezabatua izan dadin, LAB, ELA, ESK eta UGT sindikatuen babesarekin. Greban eman dituzten 70 egun hauetan, ez segurtasun sailak, ez Justizia sailak ez dute nahi izan langileekin bildu. Garbialdiri dagokionean, enpresa esleipenduna, greba hasi zenetik hilabete oso bat igaro zen berriro negoziazio mahaian eseri zen arte, eta gainera, erosahalmena mantentzea bermatzen ez duten proposamenak ekartzeko.

Diru publikoarekin, hau da, denon poltsikoetatik irteten den diruarekin, finantzatzen den genero diskriminazio batean aurrean gaude. Zehatz esateko, honakoak dira datuak:

Soldata-arrakala: komisaldegietan %13, epaitegi eta adin txikiko zentruetan %7.

Komisaldegien hitzarmena 2009ko abenduaren 31an amaitu zen; epaitegien kasuan 2017ko abenduaren 31n.

Egoera horren aurrean, langileak Arartekoko arduradunekin bildu dira kale-garbikuntzako sektorearekiko pairatzen duten soldata-arrakalaren aurrean administrazioak ezer egin ez duela salatzeko. Era berean. Emakunderekin bilera eskatu dute eta data zain daude.

Zoritxarrez, une hauetan ez da espero epe laburreko konponbiderik eta, horregatik, erabaki dute egunero beren lantokietan egiten dituzten kontzentrazioei bultzada berri bat ematea:

1. Bihar Handia kaleko eraikin parean kontzentratuko dira Gipuzkoako kale garbikuntzako langileekin batera. Hain justu, salatzen duten soldata-arrakalaren erreferentziatzat duten kolektiboa.

2. Abenduaren 3an, asteartean, oinezko martxa egingo dute Oiartzungo Ertzaintzaren Komisaldegitik Atotxako Justizia jauregiraino.

3. Abenduaren 4an, asteazkenean, oinezko martxa egingo dute Eibarko epaitegitik Bergarako epaitegiraino.

4. Abenduaren 10ean, astelehenean, Eusko Legebiltzarrean elkarretaratzea egingo dute eta idazki bat erregistratuko dut talde parlamentariei eskatuz Gobernueari exiji diezaioten soldata arrakalarekin amaitzeko konponbidea.

Bukatzeko, salatu nahi dugu Garbialdi eta epaitegi eta komisaldegietako arduradunen jarrera: gatazkaren konponbidea bilatu beharrean, kolektiboaren greba eskubidea sistematikoki urratzen ari dira, aldizka instalazioak garbituz. Jadanik hiru salaketa jarri ditugu lan-ikuskaritzan langile grebalariak legez-kontra ordezteagatik. Erabat onartezina.