2026-01-25
Blog Page 724

Lan Ikuskaritzaren aurrean mobilizatu dira autobus gidariak

0

LAB sindikatuko garraio publikoko autobus gidariak baden edo sakanguneen inguruko kanpaina egiten ari dira, euren osasunarentzako hauek dakartzaten kalteen aurrean alternatibak badaudela aldarrikatuz. Hala, mobilizazioak egin dituzte gaur Donostian eta Bilbon, Lan Ikuskaritzen aurrean, “Mugatu abiadura baina ez gure bizkarren kontura” lemarekin. Datorren astean Osalanen aurrean egingo dute protesta, Gasteizen, eta Nafarroako Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuaren aurrean, Iruñean.

Donostian egindako protesta.

Azken urteotan, udal eta errepideetako erakundeek, kale eta gainontzeko zirkulazio bideetan malda handia duten badenak jarri dituzte. Asmoa ibilgailuek abiadura murriztea bada ere, dagoeneko istripu batzuk eragin dituzte garraio publikoko gidariongan.

Izan ere, gainontzeko gidariek unean uneko bidea egiten badute ere, gu toki berdinetik behin eta berriz pasatzera behartuak gaude, horrek dakarren bizkarreko kolpe errepikapenarekin.

Hau gutxi balitz, badenen inguruko legedi bat dagoen arren (neurriak, maldaren penditza, etab.) sarritan ez da betetzen edota abiadura murriztaileen egoera kaxkarra izan ohi da; gainera, autobus askotako suspentsio nahiz indargetze sistemen egoera tamalgarria da ere.

Lan Ikuskaritzan erregistratu dute kezka eta proposamena jasotzen dituen idatzia.

LAB sindikatuko garraio publikoko autobus gidariok uste dugu badela gure bizkar, sorbalda edota lepoek galtzaile aterako ez liratekeen alternatibarik: abiaduraren arabera altuera aldatzen duten baden adimentsuak, radarrak, kuxin berlindarrak,…

Hori lortzeko burutzen ari garen dinamika baten baitan kokatu behar dugu gaurko elkarretaratzea; izan ere, gure enpresei gai honen inguruan prebentzio lanik egiten dabiltzan galdetzeaz eta horren inguruko erantzukizunak eskatzeaz gain, EUDEL, Osalan/ Osasun Publiko eta Lan Osasunaren Institutuan eta gaurkoan Lan Ikuskaritzan ere gauza bera egiten gabiltza, adostasun bat lortzeko xedez, ezin baita onartu teorian batzuek abiadura handian joan ez daitezen neurrien ondorioz guk, literalki, gure lepotik ordaintzea.

 

 

 

Egun osoko greba egin dute Elkarkideko langileek

Egun osoko greba eta mobilizazioak egin dituzte gaur Elkarkideko langileek, Noaingo Motxoli industriaguneko egoitzan. Aniztasun funtzionala duten pertsonentzako enplegu zentro berezia da Elkarkide, eta hitzarmen duin baten alde ari dira borrokan. Joan den astean ekin zieten lanuzteei.
 

 

 

Borrokan daude Bizkaia eta Gipuzkoako Dia supermerkatuetako langileak

0

Bizkaian, atzo eta gaur egin dituzte lanuzteak; Gipuzkoan, berriz, egun osoko greba egin dute gaur. Bi kasuetan, pairatzen dituzten lan baldintza kaskarrak salatzeko mobilizatu dira langileak.

Gipuzkoako Dia enpresako Langile Komiteak deitu du gaurko egun osoko greba, enpresan bizi duten esplotazioa eta prekarietate erabatekoaren aurrean.

Bizkaian, bere aldetik, LAB eta ELA sindikatuok deituta, bi orduko lanuzteak egin dituzte atzo eta gaur, denda guztietan pairatzen dituzten lan baldintza kaskarrak salatzeko. Hain zuzen ere, abendutik hona, zazpi dira aurrera eraman dituzten greba egunak, baina enpresak berean dirau: lankideak kaleratzen segitzen du; lan erritmo ikaragarriak mantentzen ditu egunero langileak arriskuan jarriz; egiten dituzten aparteko orduak ez dira aitortzen… Langileen ordezkarien hitzetan, "bizi dugun egoerari irtenbidea bilatu beharrean, zuzendaritzak gero eta lan baldintza prekarioagoak sortzen ditu. DIA&GO zabalduko dituzten denden adibidea dugu: lana eta bizitza bateragarri ezinezkoa egiten dituen ordutegiak izango ditu, EAEen indarrean dauden ordutegi komertzialak ez ditu errespetatzen… Formato honek ez die bakarrik langileei kalte egingo, zonaldeko denda txikiek ere pairatuko dute".

Azken finean, langile gehiago eta lan osasuna eta lan baldintza hobeak eskatzen dituzte langileek.

 

 

 

Babes eta elkartasun osoa adierazten diogu Brasilgo langile klaseari

0
LAB sindikatuan igandeko bozen emaitzak arduratzen gaituela ukatu gabe, esperantzarako aukerak daudela uste dugu. Faxismoari aurre eginen dion fronte zabal eta herritarra osatzeko aukerak zabal zabalik daude, eta horrela bakarrik lortuko da Jair Bolsonarok ordezkatzen duen faxismoa geldiaraztea. Gauzak horrela, eta kontziente izanik egoera honetan Brasilen sakoneko mugimenduak ematen ari direla, bultza dezagun guztiok, bakoitzak bere eremutik faxismoaren mehatxuari aurre egiteko. Faximoaren bai Euskal Herrian nahiz munduan zehar borrokatu egin behar dugulako, LAB sindikatutik gure babes eta elkartasun osoa adierazten diogu Brasilgo langile klaseari eta datorren Urriaren 28rako zorterik onena opa diogu.

Pasa den igandean urriaren 7an Brasilgo hauteskunde presidentzialetako lehenengo itzulia izan zen. Lehenengo itzulian Bolsonaro faxistak bozen % 46,05 lortu zituen eta Langileen Alderdiko (PT) Fernando Haddad-ek bozen % 29,25. Bigarren itzulian Bolsonarok hauteskundeak irabaziz gero, herrialdea faxismoaren atzaparretan eroriko litzateke berriro ere.

Ez da ausartegia Jair Bolsonaro ultra-eskuindarra 20 urtez Brasilen boterean egon zen diktaduraren nostalgiko bat dela erratea. Besteak beste diktaduraren akatsa erail beharrean torturatzea izan zela erran baitzuen. Beste alde batetik diskurtso arrazista, homofoboak, biolentoak eta abar eguneroko ogia dira Jair Bolsonaroren ahotan.

Egoera honetan ez da hautagai baten edo besteraren arteko lehia Brasilen jokoan dagoena, demokrazia ala faxismoaren arteko lehia baizik. Jair Bolsonarok hauteskundeak irabaziko balitu oinarrizko giza eskubideak urratzeaz harro dagoen pertsona bat iritsiko litzateke Brasilgo gobernura eta hori dramatikoa izanen litzateke.

Horregatik asko da datorren urriaren 28an Brasilen jokoan dagoena, eta kosta ala kosta Bolsonaro faxista lehendakari izatera ez iristea eragotzi behar da. Brasilen demokraziaren, justizia sozialaren eta oinarrizko eskubideen alde dauden guztiak elkartzeko unea, faxismoaren aurka batu eta bertze oinarri batzuk izanen dituen fase politiko berri bat irekitzeko Brasilen.

Zentzu horretan, Langileen Alderdiak (PT) eta Alderdi Komunistak (PCdoB) irudikatzen duten batasuna eta elkarlana positiboki baloratzen dugun aliantza bat da. Bi alderdien arteko desadostasunen gainetik, batzen dituztena bilatu eta Brasilgo herriarentzako programa aurrerakoi bat aurkeztuz eskuina kolpista eta faxismoa atzean utziko dituen fase politiko berri bat irekitzeko eskaintza egiten.

 

 

 

Herritarrei bizitza duina bermatzeko eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde apustu egin behar dugu, horretarako, erabakitzeko eskubidearen korapiloa askatuz

0

Gaur bilera egin dute LAB eta Podemosek, azken alderdi honen Bilboko egoitzan. LABetik, Garbiñe Aranburu Idazkari Nagusia, Xabier Ugartemendia Ekintza Sindikala eta Negoziazio Kolektiboko Idazkaria eta Izaskun Garcia Antolakuntza Idazkaria izan dira bertaratutakoak. Podemoseko ordezkaritzari dagokionez, Lander Martinez Podemos Euskadiko Idazkari Nagusia, Carolina Uribe Podemos Euskadiko CCAko kidea eta Sergio Campo Ekintza Politikoa eta Estrategiako Idazkariak osatu dute.

Bilera LAB sindikatua egiten ari den errondaren barruan kokatzen da, helburu moduan sindikatuak estatus politiko berriari eskatzen diona konpartitzea duena. Irailaren 14ko agerraldian iragarri zuen LABek sindikatuekin eta talde parlamentariekin egongo ginela.

Giro adeitsuan garatu da batzarra eta LABeko kideek Podemosekoei azaldu dizkiete sindikatuaren kezka nagusiak: euskal herritarrei bizitza duina bermatzearen beharra, eredu ekonomiko eta sozial berri baten alde eginez horretarako. Horretarako burujabetza eskuratzea ezinbestekoa zaigu aldaketa soziala eta aldaketa politikoa lotzeko.

Erabakitzeko eskubidearen afera da askatu beharreko korapilo nagusia, aldaketa soziala eta erabakitzeko eskubidea ezin dira bereizi. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek erabaki ahalmen osoa izan behar dute, Lan Harremanetako eta Babes Sozialeko Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propio bat artikulatzeko.

Estatus berriaren eta erabakitzen eskubidearen inguruan alde bien arteko adostasunak eta desberdintasunak hizpide hartuta, erabakitzeko eskubidearen aitortzak, langileok egunerokoan ditugun arazoei irtenbidea ematea ekarriko lukeela gogorarazi nahi izan dute LABeko kideek.

Bileran beste hainbat gai ere izan dituzte aztergai: aurrekontuen inguruan aritu dira eta LABek, diru-sarrerak handitzearen beharra aipatu du orain arteko erreforma fiskalak atzera botata. Halaber, behar sozialei aurre egiteko aurrekontuek duten garrantzian bat etorri dira alde biak.

Jorratutako beste gaien artean, elkarrizketa sozialaren inguruko kezka ere konpartitu dute. Diru Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan ere hitz egin dute, Urkulluren gobernuak egin nahi duen igoeran nahikoa ez, eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak bultzatutako Herri Ekimen Legegilea kontuan hartu beharrekoa dela aipatuz.
 

 

 

Gutxienez 57 langile hil dira dagoeneko urtea hasi zenetik, horietatik hiru nekazaritza sektorean

Joan den larunbatean, urriak 6, Zizurkilen lan istripua izan zuen A.M.I. 46 urteko langilea zendu zen igandean, ospitalean, uzta makina batek harrapatu ostean izandako zauri larrien ondorioz.

Lehenik eta behin gure dolumina eta babesa adierazi nahi diegu zendutako langilearen familia, lagun eta gertukoei.

Azken istripu honekin, 57 langile hil dira gutxienez Euskal Herrian urtea hasi zenetik, horietatik hiru nekazaritza sektorean. Nekazaritza arrisku handiko sektorea da, jardunaldi luzeak, irregularrak, zarata eta estres termikoa nagusi izan ohi da, eta, horrekin batera, erabiltzen diren makinak oso arriskutsuak dira.

Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen dugu, istripu ia guztiak oinarrizko segurtasun neurri batzuekin ekidin daitezkeela sinetsita gaudelako.

Kezkagarria eta asaldagarria da lan istripuak gero eta gehiago izatea, urtez urte, hilabeteak joan hilabeteak etorri, lan istripuen kopurua handitzen ari baita. Istripu hilgarriak 2013tik hona gora egiten ari dira, eta, abuztua arte, egunero 287 lan istripu gertatu dira Euskal Herrian. Langileari ez zaio bermatzen lan osasunerako eskubidea. Gaiak daukan gordintasuna azalarazteko ez dago interesik Hego Euskal Herriko gobernuen aldetik, ez dute agenda politikoan kokatzen gaia.

LABen ustez, lan munduaren prekarizazioaren ondorio da lan munduan bizi dugun etengabeko sarraskia. Hortaz, egoera hau ekidin daiteke gaur egungo lan baldintza txarrak aldatzen baditugu; horretarako, baina, interes ekonomikoen gainetik langileen segurtasuna eta bizitza bermatu behar dira.

Elkarretaratzera deitu dugu biharko
LAB sindikatutik lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Klase sindikatuak erantzun irmoa eman beharra du eman, langileria eta gizarte osoa martxan jarriz. Horregatik, azken istripua salatzeko, dei egiten dugu langile klasea biharko, urriak 11, Zizurkilgo Joxe Arregi plazan, 13:00etan, gehiengo sindikalak deitutako elkarretaratzean parte hartzera.

 

 

 

Langileak ez kaleratzeko exijitu diogu La Navaleko Administradore Konkurtsalari

0
Construcciones Navales del Norte SL (LA NAVAL) enpresako Administradore Konkurtsalek (AK) jakinarazi du La Navaleko langile zuzenak kaleratzeko prozedura abiatuko duela ondorengo asteetan.

LABek, asmo hori bertan behera utz dezala exijitzen dio AKri, eta etorkizuneko proiektu bat martxan jar dezakeen eroslea bila dezala. La Naval, likidazio prozesu batean sartua egonagatik, edozein eroslek proiektu bat aurkezteko aukerak egon badaude. Hortaz, egoera hori eman bitartean, langileak ez kaleratzeko exijitzen diogu AKri.
Gogoratu nahi dugu, gainera, LA NAVALeko Ondasunen Balantzea egokia dela, AKk bere txostenean SUPERABITA duela Lan Navalek aipatzen du, ondasun eta eskubideak 129 miloitan dira onartutako zorrak baina handiagoak.

LA NAVALeko egoerak 404 enpresa hornitzaile, azpikontrata eta zerbitzu enpresari eragiten diote zuzenean, zorra baitu LA NAVALek beraiekin. Zuzenekoak 180 langile dira, baina atzetik interlokuzioa onartu ere egiten ez zaien 1.800 langile daude, azpikontratetan lanean.

LABentzat ontzigintzak gure etorkizunarentzan sektore estrategiko izan behar du, eta, gure iritziz, ontzi handietan espezializatzeko benetako saiakera egin ezkero, guztiz bideragarria da bere jarduera.

Oraindik ez dakigu Eusko Jaurlaritzak zer paper jokatuko duen oraingoan. Ez zuten proiektuaren jarraipenik egin, LA NAVALetik kanpo interesak zituzten akziodunei nahi zutena egiten utziz, desagertu den inbertsore baten etorrera saldu ziguten eta orain diote ezin dutela partaidetzarik erosi Europako Batasunean, Macronek oraintxe bertan gauza bera egin duenean Frantzian. Orain da momentua garbi adierazteko euren inplikazioa zein den. LABek posizionamendu publikoa eskatzen dio Jaurlaritzari langileen kaleratzearen kontra, eta jarrera aktiboa izan dezala proiektu berrien bilaketan.

Bitartean, eraso larri honen aurrean, LABek gaurko mobilizazioan parte hartuko du, eta Ezkerraldeko herritarrei deialdia egiten diogu, gaur eta hurrengo egunetan antolatuko diren manifestaziotan parte hartzeko.

 

 

 

Gizarte ekimeneko ikastetxeetako bostgarren greba egunak ere langileen gehiengo zabal baten babesa jaso du

Atzo gertatu moduan, gaur ere, sektoreko bostgarren greba egunak izan duen babesa oso zabala izan da, atzokoaren parekoa %65etik gorako jarraipenarekin. Atzoko Bilboko manifestazioan ia 6.000 langilek hartu zuten parte, eta gaurkoan hiru lurraldetan izan direnak ere oso jendetsuak izan dira, hirurak batuta oso antzeko parte hartzea erakusten dutelarik.

Pasa den ikasturtean gauzatutako 3 greba egunei, Urrian egindako lehenengo bi hauek gehitzen zaizkie beraz. Langileek bost greba egun hauei emandako babes zabalak, argi erakusten digu patronalek sektoreko aldarrikapenei erantzuten dioten edukiak mahai gainean jarri ezean mobilizazio eta greba dinamika gogortzeko prest daudela.

Sektorean 9.000 langiletik gorak egiten dute lan, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua. Ia hamar urte daramatzate hitzarmena berritu gabe eta eroste-ahalmenaren galera metatuak %10etik gorakoak dira. Pedagogien modernizazioa, digitalizazioa eta hezkuntza-berrikuntza langileon kontura joan da, lan-kargak handituz jasanezinak izateraino. Sektore honetako langile-kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak) ugalduz joan dira azken urteotan, kopuruz eta prekarietatez, eta horiek dira, hain zuzen, feminizatuenak eta baldintzarik txarrenak dituztenak; hori dela-eta, premiazkoa da baldintza horiek hobetzeari ekitea. Jaiotza-tasa gutxitu izanak eragina izan du ikastetxe horietan, eta haur-hezkuntzako lehen mailetan hasi dira langileak kaleratzen. Bestalde, zerbitzuen azpikontratazioa ere zabalduz doa, eta horrek kidego jakin batzuen lan-baldintzak prekarizatzea ekarri du bere baitan; 1-DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Sindikatuok patronalei luzatutako aldarrikapenek, egoera eta arazo horiei erantzuteko helburua dute. Beraz, aldarrikapen hauei erantzungo dioten edukiak mahai gainean jarri ezean, sektoreko sindikatuok Azarora begira adostuta daukagun moduan, mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste erremediorik ez digute utziko.

Gure eskakizun nagusiak, hitzarmena berritzeari begira, honako hauek dira:

Enplegua
-Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak
-Eroste-ahalmena berreskuratzea.
-1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak
-Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
-Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
-Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea
-Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte…
-Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana irakaskuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.
 

 

 

Dieselaren iruzur berriak kaleratzeak eta prekarietatea ekartzeko arriskuaz ohartarazi dugu

0

Elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizko Posta plazan.

Azken asteetan, elkarlan eta lankidetza osoz jardun ohi duten Eusko Jaurlaritza eta industriako automozio sektoreko enpresa handien arteko hika-mika ikusi dugu diesel motoreen gorabeherei lotuta.

Patronala, piztu den polemika baliatzen ari da bere benetako helburua lortzeko: diru publikoa esku pribatuetara pasatzea, hau da, gobernuek diru laguntzak ematea. Horretarako, inolako gupidarik gabe langileak erabiltzen ari dira presio neurri moduan.

Eskariaren egokitzapenaren aurrean (gasolina motorren salmentaren hazkundea eta diesel motoreen salmenta beherakada), langileak babestu beharrean, patronala inolako arrazoirik gabe milaka langileren kontrako erasoaldia abiatu du: lan baldintzen malgutasuna, ABLE bidezko langileak eta langile ebentualak kaleratzea, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espedienteak, presioak malgutasuna handitzeko,… eta aldi berean lan erritmoak bizitu, urtean zehar toperaino lan egin,…. Honekin helburu bikoitza lortzen dute, lan baldintzak prekarizatuz irabaziak handitzea eta bestetik gobernuari presioa egitea aipatu diru laguntzak eskuratzeko.

Eusko Jaurlaritzak, urteetan sektoreko multinazional handiei men egin ondoren, eta hauetako batzuk enpresa “izar” moduan identifikatu ondoren, orain euren benetako aurpegia ikusten ari da: kotxe eskaeretan orokorrean jeitsierarik egon ez bada ere, eta urteetako eskaera kopuru eta ekoizpen aurreikuspen handiena izanagatik, neurri gogorrak ezartzen ari dira langileen kontra.

Horregatik, Eusko Jaurlaritzari deia luzatzen diogu neurri hauen kontra egiteko, inolako arrazoirik ez dagoelako, ez enpresa nagusietan ez hornitzaileetan ezta azpikontratetan ere. Lanaren antolaketa normal baterako lan karga nahikoa badago enpresa nagusientzat.

Urteetan dieselaren kontsumoa bultzatu duten arren, eta gaur egungo dieselek kutsadura txikiagoa duten arren, orain onartezina da interes ekonomiko partikular batzuen arabera langileei ordainaraztea irabazien haunditze nahia. Ekoizpena eskarira moldatzeko inolako arazorik ez dute bertako lantegiek.

Dieselaren motoreen iruzurra errudun gabe, langileak kaltetuta eta diru publikoaz konpondu zen bezala, orain iruzur berri bat gauzatu nahi dute.

Iruzur horri aurre egiteko, LABek mobilizatzeko deia egiten die gainontzeko sindikatuei eta orokorrean langileei dieselaren krisiak eragina izan dezakeen lantokietan.