2026-02-20
Blog Page 724

Greba mugagabea egingo dute Talleres Berasateguiko langileek hitzarmen duinaren alde

0
Arrigorriagako Txako poligonoan dago Talleres Berasategi, galdaragintza astunean jarduten duen 27 langiletako enpresa.

Urtebeteko negoziazioan zehar enpresak ez du akordioareko aldeko inolako jarrerak izan. Hori del eta, Talleres Berasateguiko langileek 24 ordutako greba egin zuten atzo, zuzendaritzak negoziatzeko inolako borondaterik ez duela ikusita.

Datorren asteartean, urriaren 30ean, berriro egingo dute 24 ordutako greba eta Eusko Jaurlaritzan greba mugagaberako komunikazioa erresgistratu dute, azaroaren 6tik aurrera.

Pasa den astean, zuzendaritzak eskaintza helarazi zien langileei enpresako hitzarmena sinatzeko. Honek ez zuen %100ean jasotzen langileek eskatzen zutena, baina nahikoa gerturatzen zen langileek onartzeko modukoa izatera. Hurrengo egunean eta inolako azalpenik gabe, eskaintza aldatu eta okerrago bat jarri zuen mahai gainean, langileek onartu ahal izatetik oso urrun dagoena.

Talleres Berasateguiko zuzendaritzak langileekiko duen jarrera ez da berria: errespetu falta, Hitzarmena ezartzerakoan urraketak, etab.

Horregatik, Talleres Berasateguiko langileek iritzi-publikoari jakinarazi nahi diote hitzarmenaren alde borrokatzeko duten determinazioa.
 

 

 

Telefonicako langileak inposaketaren aurka mobilizatu dira

LABek eta CIGk salatzen dugu Telefónicak kanpoko aseguru-entitate bati saldu nahi diola ANTARES (Osasun Aseguruak eta Aseguru Kolektiboak, Istripu, Bizitza eta Biziraupen Polizak). Langileen eskubideez ari gara, lan-bizitza osoan T.E.S.A.U. enpresarentzat, “Telefónica S.A.” taldearentzat eta honen aurrekoentzat egindako lanaren ordainez. Hura betetzen dela bermatzea Grupo Telefónicaren eta TESAUren betebeharra da, taldearen aktiboekin zuzenki lotua (Eraikinak, Sareak, Merkataritza Funtsa,…), hura funtsen egiazko berme bakarra izanik, enpresak bere langileekiko duen Gizarte-aurreikuspeneko eginkizunak bete daitezen.

Betebehar hauek merkaturatuz eta kanpora eramanez, enpresatik eta haren aktiboetatik besterenduz, denok hura sortzen lagundu genuen, hura galtzeko arriskua ekarriko liguke, langile gehienok Gizarte-aurreikuspena gehien behar dugunean hain zuzen.

Enpresa honetan egunero suntsitzen da enplegu duina; gaur egun, Banakako Etendura Planaren bitartez, iraganean Enplegua Erregulatzeko Espedienteen bidez. Enplegu duina prekarioaz ordezkatzen da, gaizki ordaindua eta sasi-morrontzako baldintzetan. Oraingoan ekin diote geratzen diren eta enpresatik joan behar izan duten langileen gizarte-aurreikuspena kanpora eramateari.

Telefónica pribatizatu zutenetik 55.000 lanpostu baino gehiago suntsitu dira. 53, 55, 57… urtetako profesional bikainak baztertu dituzte, erabili eta botatzeko produktuak bailiran zokoratuz, hamarkada luzetan egin borroka eta mobilizazioen ondorioz lanpostu duinari eutsi diotelako. Aipatu lanpostuak autonomo faltsuez edota kontrata eta azpikontraten bidez ordezkatu dituzte.

LABek eta CIGk aldarrikatzen dugun gizarte eredua aberastasunaren banaketa solidarioan oinarritzen da, sortzen den langabezia eta miseria suntsitzeko. Enpresari dagokionez, horrez gain, lortu nahi dugu: lanpostuen egonkortasuna, lan eta gizarte baldintzen hobetzea, azpikontratazioa eta prekarietatea amaitzea, enplegu duina sortzea eta askoz ere kalitate hobeagoko zerbitzua ematea.

 

 

 

Gasteizko Legebiltzarreko taldeekin bildu gara, enplegu kontsolidazio prozesuak eta zorraren aitortza aurrekontuetan jaso dadin

Legebiltzarreko talde guztiekin gure aldarrikapenak konpartitu ditugu eta aurrekontuak onartzerakoan kontuan hartu ditzaten eskatu diegu. Izan ere, oposizioko taldeen artean harrera ona izan dute, eta, hori hala izanik, espero dugu aurrekontuen eztabaidan pisua izatea. Legebiltzarretik murrizketekin amaitzeko borondatea erakutsi izan dute zenbait alderdik; iritsi da momentua borondate hori ekintzetara itzuli dadin.

Eusko Jaurlaritzak negoziazio kolektiborako borondaterik erakusten ez duela ez da honezkero inolako berrikuntzarik Mahai Orokorraren baitan dauden langileen artean. Oso garbi gelditu zen azkeneko bileran, non LAB sindikatuak negoziazio proposamen zehatzak egin zituen soldata eta egonkortasunaren gaietan. Gobernuak zuzenean akordiorik ez zegoela ebatsi zuen eta zuzenean egindako proposamena aurrekontuetara eramango zuela esan ziguten.

Esan eta egin. Gobernuak aurkeztu duen aurrekontu proposamenean sindikatu guztiok ez-nahiko bezala definitu genuen proposamena zuzenean txertatu dute. Gobernuak ez ditu jaso ez enpleguaren egonkortasunerako neurri zehatzak ez eta langileekin dagoen zorraren aitortza.

Ez da guretzat sorpresa izan. Aspaldian ikusten ari gara gure negoziazio mahaiak antzu bihurtzen ari direla. Gobernuak esaten du ziurtasun juridikoa beharrezkoa duela baina gero ez du inolaz ere daukan gaitasun legegile osoa erabili nahi. Gure ustez Aurrekontuen Legean normaltasunez jaso daitezke enplegua kontsolidatzeko gure administrazioek behar dituzten neurriak, baita langileekin dagoen zorraren aitortza ere.

Horretara joan gara gaur Legebiltzarrera. Alderdi politiko guztiei proposamen bera egin diegu: Legebiltzarrak daukan gaitasun legegilea erabilita, aurrekontuetan langile publikoek beharrezkoak dituzten neurri zehatzak jaso behar dira. Murrizketen aroarekin amaitu behar da eta horretarako ezinbestekoak diren bi neurri aurrekontuetan txertatzea eskatu dugu:

• Enpleguaren eta langileen egonkortasuna lortzeko kontsolidazio prozesuak bertan egiteko tresnak.
• Langileekin dagoen soldataren %13,3ko zorraren aitortza egitea.

Legebiltzarreko talde guztiekin aldarrikapen hauek konpartitu ditugu eta aurrekontuak onartzerakoan kontuan hartu ditzaten eskatu diegu. Izan ere, oposizioko taldeen artean harrera ona izan dute gure aldarrikapenek, eta, hori hala izanik, espero dugu aurrekontuen eztabaidan pisua izatea. Legebiltzarretik murrizketekin amaitzeko borondatea erakutsi izan dute zenbait alderdik; iritsi da momentua borondate hori ekintzetara itzuli dadin.

Euskal Herrian zerbitzu eta lan baldintza publikoak lege propioen bidez adostu daitezke, baina bitarte horretan aurrekontuen legeek ere lagundu dezakete. Aukera bideragarria dela argi gelditzen da Jaurlaritza eusten duten alderdi beraiek kudeatzen dituzten beste erakunde nagusietan. Halere ez dugu gauza handiegirik espero. Oso garbi daukagu soilik mobilizazioaren bidez lortuko dugula benetako negoziazio dinamika bat abiatzea. Hala ere, politikariei interpelazio zuzena egitea ere beharrezkotzat jotzen dugu, beraien bozkarekin langile publikoon etorkizuna baldintzatzen dutela argi gelditu behar zaie.

 

 

 

Langabeziaren jaitsiera fikzio hutsa da hirugarren hiruhilekoan: Hego Euskal Herrian, 7.400 enplegu neto suntsitu dituzte

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, hirugarren hiruhilekoari dagokionez, lan okupazioa Hego Euskal Herrian 1.205.300 pertsona kopurura jaitsi da, hau da, aurreko hiruhilekoan baino 7.400 gutxiagora.

Egoera profesionalei dagokienez, bere kabuz lan egiten dutenen (-5.200) eta sektore pribatuan soldatapean ari direnen (-5.500) artean izan du eragin gehien enpleguaren galerak. Beste kolektibo batzuetan egondako hobekuntza txikia ez da nahikoa izan galera orekatzeko.

Gainera, emakumeak kolpatu ditu bereziki enpleguaren bilakaera ezkorrak, kopuru netoei erreparatuta, emakumeen okupazioa %2,6 jaitsi baita hiru hilabetetan. Honek esan nahi du, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, 15.400 emakume gutxiago daudela soldatapeko lan batekin.

Biztanleria aktiboaren jaitsiera nabarmenak mozorrotu du lan merkatuak hartutako zorigaiztoko bidea. Hain zuzen ere, enplegua modu aktiboan bilatzen ari ziren pertsona askok eta askok bilaketari uko egin diotelako eman da langabeziaren jaitsiera; honek mozorrotu du okupazioaren jaitsiera.

Soldatapeko biztanleriaren artean dagoen behin behinekotasun tasari dagokionez, besteentzako lan egiten duten lau pertsonetatik bati eragiten dio gaur egun, baina, emakumeen kasuan, kopuru hori handiagoa da; %27,4koa, hain justu.

Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, soldatapeko biztanleriak 26.600 pertsonetan egin du gora azken urtean, baina soldatapeko hamar enpleguetatik zazpi behin behinekoak dira.

Prekarietatea eta prekarietatearen gehiegizko erabilera enpresen estrategia bilakatuta da, lan kostuak merketzeko eta malgutasun gehiago izateko lan taldeak egokitzeko orduan. Hori kontutan hartuta ulertzen da zergatik Hego Euskal Herrian langabezia eta enplegu prekarioen artean 385.000 pertsona dauden harrapatuta, behin behineko kontratu ezegonkorren eta langabeziaren artean, edo langabe egoera kronikoan.
 

 

 

Elkarkideren enpresa batzordeak bertze proposamen bat egin dio zuzendaritzari, hitzarmenaren negoziazioa desblokea dadin

Enpresak Batzordea deitu zuen joan den ortziralerako, urriak 19 zituela. Dena den, bileran mugatu zen hark egindako proposamen ezagunaren, eznahikoaren eta eskasaren berri ematera. Hortaz, esan dezakegu ez zuela aldatu jarrera, eta ez zuela negoziazioa askatzen lagunduko lukeen inolako berrikuntzarik ekarri. Hala, enpresa batzordeak, langileek bizi duten egoera kaskarra dela-eta, hitzarmen honek egoera iraultzen hasteko duen garrantzia ikusita, bertze proposamen bat egin dio zuzendaritzari egoera iraul dadin.

Proposamena horrelaxe laburbil daiteke: 4 urteko indarraldia lukeen hitzarmen batean (2017-2020); langile ororentzat, 2018ko urtarrilaz geroztik, KPIren araberako soldata-igoera batean; egurats gorrian nahiz tailerretan lan egin ohi duten pertsonei dagokienez, Enplegu Zentro-Berezietako plusak berreskuratu (hitzarmena sinatu zenetik gauzatuko direnak); lehen hiru egunetan %100ean Ezintasun Iragankorreko osagarria; eta langile orori urrituko zaio malgutasuna 20 ordutara.

Batzordeak lanuzte partzial guztiak eta urrian eta azaroan deitu manifestazioak bertan behera uzteko konpromisoa agertu du. Adierazi du ere hitzarmena azaroa amaitu baino lehen sinatzeko asmoa duela.

Era berean salatu nahi dugu orain arte Estellerrian enpresako langileak egiten zuten buzoneo lana azpikontratatu duela Elkarkidek, enpresako langileen grebarako eskubidea oztopatzeko asmoz eta greban dauden langileen ordezkapen ilegala dela uste dugu.

Azkenik, langileen soldata apalak izanik, horietako askori Lanbide arteko Gutxiengo Soldata egokitzen zaiela, hiritarren laguntza eskatu nahi dugu borroka hau ito ez dadin soldata txikitan; helburu horretan, kontu korronte bat eratu dugu ekarpen ekonomikoak egiteko: ES06 3035 0183 67 1831046111

Elkarkideko langileen urriaren 5ean bi orduko lanuztea egin eta gero eta urriaren 11n egun osoko greba egin zuten. Eta urriaren 22tik lanuzte partzial gehiago egin dituzte, egun hauetan: urriaren 22, 23, 24, 25, 26, 29, 30 eta 31n, eta azaroaren2, 5, 7, 8, eta 9an.

 

 

 

Areetan mobilizatu gara, “komenientziako denda” berri baten irekiera dela eta

Areetako Supercor dendaren aurrean mobilizatu gara gaur, urteko egun guztietan eta ordutegi zabalarekin irekita egoteko zabaldu baititu ateak. Elkarretaratzearekin, irekiera mugagabedunen merkataritza ereduaren aurka egin dugu protesta, azken asteetan egin dugun bezala, "komenientziako denda" hauek ugaritzen ari baitira, esplotazioa eta prekarietatea hedatuz.
 

 

 

EAEko ikastetxe publikoetako jangeletako langileak borrokan hitzarmenaren alde

0

Kontzentrazioa egin dugu gaur Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren aurrean Bilbo, Gran Via 85ean, eskola jangeletako hitzarmen duina eskatzeko. Gainera, ikasturte hasierarekin bat, EAEko eskola-jangeletako langileen asanbladak deitzen hasi da LAB, hitzarmen kolektiboaren egoera konpartitzeko.

Hitzarmen honetan patronala kezkatuago dago laneko absentismoagatik langileen lan-kargengatik baino. Azpikontratetako langileek Hezkuntzako murrizketak jasan behar dituzte soldata berdinagatik funtzio gehiago hartuz euren gain, euren lanaren aitortzarik jaso gabe gainera.

Euren aldarrikapenak argiak dira: Hezkuntzako langile laboralekin soldata parekatzea, ratioak hobetzea, zentroaren antzinakotasuna ezartzea, funtzioak berraztertzea, urteko lanaldia euren egutegietara egokitzea, aldizkako langile finkoen kontratazioa, langile guztiak euskalduntzea.
 

 

 

Itxiera egunik ez dutela onartuko ohartarazi dute Volkswageneko langileek

0

Dieselaren iruzurrari aurre egiteko, LABek lantokiz lantoki mobilizazioak egiteko deia luzatu du; iruzurrak eragin zuzena izan dezakeen lantokietan, bereziki. Hala, Volkswagenen atari nagusian egin dugu gaur elkarretaratzea, Iruñeko Landabenen, enpresak iragarri dituen zazpi eguneko itxiera salatzeko. Volkswageneko eta azpikontratetako langileek pairatuko dute enpresaren aurreikuspen falta, dieselaren krisia aitzakia baliatuta. Horregatik, itxiera egunik ez dugula onartuko nabarmendu dugu protestan.
 
Dieselaren krisiak eraginda motor falta dagoela argudiatuz, Volkswagen Navarra enpresak aldi baterako enpregu erregulazio espediente (ERTE) bat aplikatu zuen irailean eta orain, datozen asteetarako 7 eguneko itxiera iragarri du. Horren aurrean, LAB sindikatuak gaur goizean enpresa atean kontzentrazioa egin du VW Navarrako langileekin zein azpikontratetako langileekin.

Azken asteetan, iritzi publikoan dieselaren krisia delakoa behin eta berriz entzuten ari garen honetan, LAB sindikatuak ohartarazi nahi du egoera honek automobilgintza sektorean zein honi lotutako sektoreetan lan egiten duten langileek pairatzen ari diren neurri bidegabeen gainean. Enpresariak kaleratzeak, ERTEak, lan erritmoen bizitzeak zein bestelako neurriak aplikatzen ari dira.

Ildo horretan, gogora ekarri nahi izan dugu VW Navarran irailean aurrera eraman zen ERTE prozesua edota datozen asteetan enpresak iragarri dituen itxiera egunak. Egoera honek VW Navarrako langileei ez ezik, enpresa hornitzaile zein azpikontratetan lan egiten dutenengan eragin zuzena izanen du.

LAB-ek, Euskal Herrian inoiz egondako lan karga, ekoizpen eta salmenta handienak dauden honetan, langileen babeserako neurriak har daitezela exigitzen du eta, horretarako, VW Navarrako zein azpikontratetako langileak mobilizatzera deitzen ditu.
 

 

 

[IRITZIA] “Sindikatu korporatiboek ez dute Osasunbidean ordainsarien arrakala txikitu nahi, ez eta langile finko eta kontratatuen arteko baldintzak berdindu nahi ere”

0
LABeko Osasunbideko arduradun Txomin Gonzalezek iritzi artikulu bat idatzi du, non nabarmentzen duen LABen erreferentzia betidanik izan dela kolektibo guztietako soldatak hobetzea eta soldatarik hoberenak duten langileekiko hauen soldata-arrakala txikiagotzea.

LABek erabaki zuen Nafarroako funts gehigarrien banaketa sinatuko zuela, adierazi genituen bi baldintzak jasotzen zirelako: alde batetik, ezartze orokorra zuelako, eta bestetik, denbora gehien pairatu behar izan dituzten kolektiboek (2003. urtean eman zen %8ko igoeratik salbuetsitako langileak, 2004. urteaz geroztik administrarien sustapenetik at daudenak,…) nozitu dituzten irainak eta bidegabekeriak zuzendu direlako. Baita gauez, jaiegunetan, txandaka,… aritzeagatik jasotzen diren sariak nabarmenki hobetu direlako ere. Izaera orokorreko neurri horrek mailen arte-ko aldeak deuseztatzen ditu.

Administrazioari ohartarazi genion funtsen banaketaren negoziazioari ekinen geniola, ez baikenuen, Estatutik, baldintzatu zuten sindikatuen esku utzi nahi, gainerako kolektiboei, Erizaintzako Zaintza Osagarrien Teknikariei, Laborategiko Teknikari Espezialistei, maila guztietako lanbide-ikasketan (behin-behineko langileak barne) egin bidegabekeriak konpon zitezela eskatzen iraunen genuelako. Honez gain, eutsiko diogu UPN/PSN/PP gobernatzen ari zirenean galdu genuen eros-ahalmena, %13,4a, berreskura dadila

Ez gatoz bat SAErekin, kritikatzen duenean gainerako kolektiboak ahantzi ditugula. LABek bost greba orokor egin zituen langile ororen lan baldintzak babeste aldera. SAEk nahiz beste sindikatu “profesionalek” ezikusiarena egin zuten. Sindicato Médicoak esan zuenez, “no vamos a movilizarnos contra los recortes pero esperamos que el gobierno de UPN nos lo recompense cuando vayan mejor las cosas”.

Ez dugu ulertzen ere zer dela-eta SAE sentitzen den iraindua: agian gaizkien ordaintzen zaien taldeei soldata-prekarioa hobetzen zaielako, 15 urteko bidegabekerien ondoren?

LABen erreferentzia betidanik izan da kolektibo guztietako soldatak hobetzea eta soldatarik hoberenak duten langileekiko hauen soldata-arrakala txikiagotzea. Bitxia da 2018. urtean 390.566 € banatzea, soldata apalenak dituen kolektibo horren 1.500 pertsonen artean (200 euro urteko), aurka egin beharreko bidegabekeriatzat jotzea, eta aldiz, SAE, SATSE eta SM txintik ez esatea, medikuntzako eta erizaintzako 3000 finkoen artean, lanbide-ikasketaren kontzeptuan, 2018. urtean, 15 milioi € baino gehiago banatu izanaz (5.000 € urteko).

Gainerako kolektiboei ezartzen ez zaien lanbide-ikasketa hori horren maltzurki diseinatu zen, legea indarrean sartu ondoren (2007. urtean erizaintzakoa eta 1997. urtean medikuntzakoa) plaza lortu zuten medikuntzako pertsonalari eta erizaintzako diplomatuari kalte egiten diela, lan egindako aldia behin-behinekotzat onartzen ez zaielako. Gogoratu, sustatzeko merezimenduak kontuan hartzen direla, plaza jabetzan lortzen duzun unetik; horrela, behin-behineko gisa betetzen duzun eginkizuna eta lanak ez dute ezertarako balio. Beste bidegabekeria horren aurka ez dira inoiz mobilizatu sindikatu korporatibo hauek (SATSE, SAE, SM,…).

LAB aurrerantzean ere borrokatuko da lanbide-ikasketa langile finko eta behin-behineko orori egokitu dakion, haren ezarpena zuzenduz, behin-behineko gisa lan egindako aldiek guztiontzat balio bera izan dezaten sustatu ahal izateko.
Bat etorri nahi genuke erakunde gehiagorekin, aldarrikapen honetan zein besteetan, baina argi gera bedi: ez dugu kolektiboak suntsitu eta zatitu nahi duten inongo sindikaturik espero. LABen irudikoz, Osasunbideko langile guztiak ezinbestekoak dira.