2026-02-12
Blog Page 720

Garbialdiko langileek nazkatuta daudela adierazi dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean

0

Gaur, LAB, UGT, ESK eta CCOO sindikatuek deituta, mobilizazioa egingo dute Bilboko Gran Via, 25eko Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Bizi duten egoerareren aurrean nazkatuta daudela adierazi dute.

Langileen oharra:

Pasa den asteartearen, urriaren 22an, Bizkaiko Foru Aldundiko garbiketa kontraten azkenengo negoziazio mahaia egin zen. Bertan, Garbialdi enpresak, proposamen desberdin bat egin zuen behingoz. Orain arte defendatu izan duen %0,3ko igoera hori atzean utzi, eta %6,54ko igoeraz hitz egiten hasi da jada. Igoera hori, ordea, bost urteetako epe batean (2018-2022) egiteko asmoa du, urtez-urte %1,5era heltzen ez diren igoerak proposatuz. Enpresak egindako mugimendua baloratu egiten dugu eta urtebetez langileek aurrera eraman duten mobilizazioen ondorioa dela kontsideratzen dugu. Honek borrokak balio duela erakusten digu.

Baina ezin dugu, inondik inora, 2022. urtera arte itxaron; 2012. urtetik aldarrikatzen ari garena lortzeko. 2010. urtetik dauzkagu soldatak izozturik, beraz, %6,54ko igoera berehalakoa izan behar da.

Horregatik, eta orain, eztabaida urteen inguruan zentratzen delarik, inoiz baino garrantzitsuagoa da mobilizazioekin jarraitzea. Orain, inoiz baino irmoago aterako gara mobilizazioetara, inoiz baino ozenago oihukatuko dugu eta lanbasak inoiz baino altuago altxatuko ditugu.

 

 

 

Lau ordutako lanuztea Ortuellako Tecunin bi lankideren kaleratzearen kontra

0

Gaur lau ordutako lanuztea egin dute Tecuniko langileek ELA eta LABen deialdiari jarraiki, lankide biren kaleratzeagatik. Lanuztea 7:00etatik 11:00etara izan da. Lehen orduan Ortuellako lantegi aurrean egon dira langileak eta ondoren, Bilbora jo dute eta kontzentrazioa egin dute Udaletxe aurrean, Tecuniren bezeroa baita Bilboko Udala.

Enpresak 239 langile du egun eta mantenu elektrikora eta goi eta behe tentsioko instalazio elektrikoen alorrean jarduten du.

Lanuztearen arrazoia mugagabeko bi langile kaleratu izana da, 15 eta 18 urtetako aintzinatasuna zutenak hurrenes hurren, enpresak praktiketako langileak, azpikontratatuak eta aldi baterakoak dituenean.

Enpresak bi langile hauek kaleratzea erabaki zuen uko egin ziotelako enpresa atalez atal ezartzen ari den prekarizazio neurriak onartzeari, hala nola, 7 egunetako erretenak, 8 ordu lehenagotik lan egitera behartuta, hortaz badira 17 orduz jarraian aritzen direln langileak, lanaldi arteko 12 ordutako atsedenaldia ez errespetatzea.

Kaleratze arbitrarioekin amaitzeko akordioak sinatzea exijitu diote enpresari, 7 egunetako erretenak kentzea eta delegatuekin negoziatzea.

 

 

 

Nafarroako aurrekontuak 2019: Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilera utzi dugu, itxurakeria hutsa dela salatzeko

Gaur Kontseilu Ekonomiko eta Sozialaren bilkura egin da, urte honetan egindako bakarra, hurrengo urterako aurrekontuen aurreproiektuari buruz aritzeko. Bilera hasi baino lehenago LABeko bozeramaile Igor Arroyok gutuna eman dio Aranburu Kontseilariari eta bilkuratik alde egin du, gaurko bilkuraren itxurakeria salatzeko.

Aipatutako gutunean, Akordio Programatikoaren konpromisoetako bat Kontseilu Ekonomiko eta Soziala sustatzea dela oroitarazi dio LABek Aranbururi. Alabaina, aipatutako gunearen dinamika aurreko legegintzaldien antzekoa izango da: urtean behin baino ez da bildu izan eta gainera bilera hori aurrekontuak Parlamentura bidali aurreko tramite hutsa bailitzan hartu du Gobernuak. Pasa den urtean LABek argi adierazi zuen ez zegoela jarrera hori beste urte batez onartzeko prest eta, aldaketarik egon ez denez, gaurko bilkuran parte hartzeari uko egin dio.

Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurrekontuei dagokionez, Nafarroako Gobernuko langileei bideratutakoa hazi da (eroste ahalmenaren berreskurapenik eta enplegatu publikoekiko zorraren aitortzarik gabe bada ere) eta baita hezkuntzara bideratutakoa ere (LABek sustatu eta sinatutako Hezkuntza Itunaren ondorioz batik bat). Hala ere, indarrean jarraitzen dute eredu ekonomiko eta sozialaren sakoneko aldaketa bideratzeko oztopo diren bi egiturazko mugapenak.

Lehenik eta behin, aurrekontuaren parametro nagusienak Madrilen ezartzen dira eta, Nafarroako Parlamentuak Kupoaren birnegoziaziotik eratorriko superabitaren zati bat inbertitzea defendatuz Espainiako Gobernuarekiko jarrera autonomoa mantendu badu ere, ez zaio Nafarroaren burujabetza ezaren auziari behar bezala heldu. Nafarroaren autonomia, fiskalitate eta aurrekontu politikari dagokionez, oso mugatua da, bankaren zorrak instituzio publikoen bizkar gainean uzteko Madrilek ezarritako arauen menpe baitago.

Bigarrenik, aurrekontuak langileon ekarpenean oinarritzen dira hein handi batean. Patronalak asko irabazten jarraitzen du, areago hazkunde garai honetan, eta ekarpen urria egiten du. Horren erakusgarri da honako datu hau: Barne Produktu Gordinetik Patronalak bereganatzen duen zatia 2006ko %42,3tik oraingo %47,1ra igaro den bitartean, Elkarteen Zerga %35etik %28ra igaro da epealdi berean. Geroa Baik legegintzaldiaren hasieran hartu zuen erabaki politikoaren ondorio da hori, Uxue Barkos lehendakaria enpresek Nafarroan beste lurraldeetan baino gutxiago ordaintzeaz harro azaldu zenean. Geroa Baik CENaren aldeko politika egin du, nola zerga politikan hala Elkarrizketa Sozialaren Kontseiluari eustean edota Moderna Planaren bertsio berritua sustatzean.

Egoera honen aurrean, LABek mobilizazioetara joko du bestelako eragile sozialekin batera, aurrekontu parte-hartzaile, burujabe eta sozialak aldarrikatzeko.

 

 

 

Gekako langileek zor zieten iraileko nomina kobratu dute, eta bertan behera utzi dute greba

0

Bi asteko borrokaren ostean, harro esan dezakegu, beste behin ere langile borrokak nagusikeria gelditzea jartzea lortu duela.

Hauxe da Gekako enpresa batzordearen oharra:

Bi asteko grebak egin behar izan ditugu gure lanari dagokion soldata kobratzeko. Eta ez, arrazoia ez da enpresak diru arazoak dituela. Alderantziz, Geka enpresa ekonomikoki oso ongi dago, lan asko dauka, patrimonio handia… Arazoa, patronaleko jauntxoen diru-gosea eta bazkideen arteko lehia kapitalista basatia, nork gehiago izan.

Eta nola ez, kapitalaren erreinuan, kaltetuak beti berdinak, langileak. Eskerrak Gekako langileek euren duintasunari eutsi eta tinko agertu direla nagusien aurrean. Egindako borrokari esker soldatak kobratzea lortu dute, baina mehatxuak bertan dirau. Konkurtsoa epaitegietan aurkezteko gai izan direla jakitun, edozer espero dezakegu Zuzendaritzaren aldetik, honen diru goseak ez baitu mugarik.

Gekako langileok, borrokaldi hau irabazi dugu, baina adi jarraituko ditugu bazkideen ika-mikak. Euren artekoak euren artean konpon ditzatela, langileoi dagokiguna emanez.
 

 

 

Loramendiko langileak Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu dira

Erandioko Sanitas Loramendi adinekoen egoitzako langileak lanuzteak egiten ari dira joan den ekainaren 4tik. Urriaren 20ean, zuzendaritzaren immobilismoa eta erantzun faltaren aurrean, egunean 24 orduko greba mugagabea egitera behartuta ikusi zuten euren burua. Hala, mobilizazioetan murgilduta daude bete-betean, eta gaur, Bilbon, karpa bat jarri dute Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrean euren lan gatazka gizarteratzeko.

 

 

 

Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek Gernikara eraman dituzte euren aldarrikapenak

Gernikan, urriko azken astelehenetan egin ohi duten azokan, pasa dute bigarren greba eguneko goiza Bizkaiko etxez etxeko laguntza zerbitzuko langileek. Hain zuzen ere, LAB, ELA eta USO sindikatuok deituta, 13 greba egun aurreikusi dituzte, eta horietatik bigarrena gaur egin dute, hitzarmen duin baten defentsan.
 

 

 

Eskolaldi jarraituari buruzko ebazpenetan Nafarroako Gobernuak berriz jantokiak kontuan hartzen ez baditu, lanuzte eta mobilizazioetara deituko dugu

Eskola jantokietako kolektiboak Nafarroako Gobernuaren Hezkuntza Departamentura jo du zerbitzua eta lanaldi jarraituaren aldeko hautua egin duten eskoletako jantokietan lan egiten duten langileen baldintzak okerrera egin dutela ohartaraziz. Izan ere bazkaltzeko denbora gutxiago dago, lan karga handiagoa, lanaldiak murrizten dira eta, ondorioz, soldatak jaitsi eta prezio berdiarengatik zerbitzuak okerrera egiten du.

Hezkuntza zuzendari nagusiak argitaratu dituen ebazpenetan, lanaldi jarraitua eta malguaren ezarpena arautzeko, jantokiak ez dira hezkuntza-gunetzat hartzen. Horregatik, iragan urteko abenduan, 200 langile baino gehiago elkartu ginen Departamentu horren ate aitzinean. Sindikatu honek denbora luzea baitarama jantoki ereduan aldaketa sakonak aldarrikatzen eta orain arduraz ikusten ari gara nola Gobernuaren proposamena beharrezko aldaketa hauetatik urruntzen ari den, berriz ere nafar eskoletako jantokietako espazioak hezkuntza-esparru ez kontsideratuta.

Joan den ikasturte amaieran, jantokietako langileen 700 sinadura baino gehiago eman genituen, ebazpen berria argitaratu baino lehen, bilera eskatuz, proposamen ezberdinak kontuan hartzeko: erabiltzaileen aurreikuspena kontuan izango duen jantokiaren planifikazioa, ordutegien moldaketa, ratioen balorazioa, jantokirako diru-laguntzen bermea, lanpostu galeren ikerketa eta hartuko dituzten neurrien azalpena.

Behin baino gehiagotan joan gara Hezkuntza Departamentura deialdiaren zain gaudela gogorarazteko; baina oraindik ez digute erantzun. Eta egoera larria da asko izango baitira kaltetuak izango diren lan postuak; sukaldariak, banatzaileak, begiraleak…

Beraz, hurrengo ebazpenean jantokiak kanpo uzten badira, eta gure proposamenak aintzat hartzen ez badira, LAB sindikatuak bere burua behartua ikusiko du lanuzteak eta mobilizazioak. 
 

 

 

Gizarte segurantzaren kotizazio oinarriaren gehienezkoa %10-12 igotzea urrats positiboa baina askieza da, bada garaia hemen erabakitzeko

Denbora asko daramagu esaten, hau sarrerak handitzeko neurria da baina guztiz eznahikoa, oraindik pertsona asko baitago, itzelezko soldatak kobratzen dituena eta kotizatuko ez duena, hortaz Gizarte Segurantzari ekarpenik egingo ez diona hilero jasotzen duen dirutzagatik.

Neurriak kotizazioa 50.000 euroraino igotzea ekar dezake. Baina zer gertatzen da hortik gora kobratzen duten guztiekin? Kotizatuak egon beharko liratekeen diruak poltsikoratzen jarraituko dutela. Gero, aitzakia horiekin, “batzuk” esango dute duintasunez bizi ahal izateko beharrezko pentsioak ordaintzeko dirurik ez dagoela.

Gehien kobratzen dutenek, bankari, politikari edo enpresa handietako administrazio kontseiluetako kideek, irabazten dutena baino askoz gutxiagogatik kotizatzen dutenean, hori nabaritu egiten dute Gizarte Segurantzaren diru-kutxek, benetan jasatzen denagatik jaso beharko lituzketen diru-sarrerarik jasotzen ez dutelako.

Ez dugu ahaztu behar Gizarte Segurantzaren gehienezko oinarriak izoztuta egon direla aurten, abuztura arte, gutxieneko oinarriek gora egin zuten bitartean, %4, urtarriletik. Zergatik ez ziren orduan gehienezkoak igo? Mesede berri bat gehien kobratzen dutenei, dagokiena ordaindu ez dezaten.

Horregatik eskatzen dugu, alde batetik, Babes eta Gizarte Segurantza Sistema Propioa sortzea, honekin berton zehaztuko genuke, Estatuarekiko menpekotasunik gabe, zenbat kotizatu eta ordaindu behar den edo zein izan behar den gutxienezko pentsioa duintasunez bizi ahal izateko. Beste alde batetik, Lan Harremanak eta Babes Sozialerako Esparru propioa, ahalmen legegilea izango duena, duintasunez bizi ahal izateko arauak zehaztuko dituena, bai Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko edo Estatutik inposatutako erreformetatik urrun dauden lan harremanak ezartzeko.

Hau da, soldata, pentsio eta bizitza duina izan ahal izatea, eta baita hemengo errealitate soziosindikalarekin bat datozen lan harremanak.
 

 

 

Matia Fundazioko langileak kalera irten dira berriro

Matia Fundazioko langileek protestak areagotzea erabaki dute, eta, duela bi aste Donostian egin bezala, elkarretaratze bat egin zuten atzo Hondarribian. Hain zuzen ere, Donibane Lohizune-Hondarribia lasterketa baliatu dute oraingoan euren aldarrikapenak gizarteratzeko.