2026-02-12
Blog Page 716

Aldarrikapen historiko bat lortu dugu EAEko Heziketa Berezian, fisioterapeuta, lan-terapeuta eta gizarte langileen soldatak maisu eta maistrenekin ekiparatzea

Argi daukagu hurrengo erronka Lan Hitzarmen berri baten negoziaketa izango dela. Denon laguntza eta lankidetzaz lortuko dugu gure lan egoerak merezitako duintasun eta aitortza izatea.

Fisioterapeuta, Lan-Terapeuta eta Gizarte Langileen ordainsarien ekiparazioa abenduko nominatik aurrera gauzatuko da. Gaur goizean administrazioarekin izandako Mahai Negoziatzailean, 3 kategorien ordainsarien ekiparazioa baimentzen duen lan hitzarmenean sartu beharreko dokumentua sinatudugu.

Aurreko ikasturtean egindako mobilizazioei esker akordio duin bat lortu genuen gure kolektiborako. Beste puntu batzuen artean, Fisioterapeuta, Lan-Terapeuta eta Gizarte Langileen ordainsariak maistra-maisuekin ekiparatzea adostu genuen. Akordioan jasota zegoen moduan, administrazioak urtarrilaren 1etik indarrean sartzeko ahaleginak egingo zituela esan bazuen ere, LABetik gertutik jarraitu diogu gaiari eta gaur bertan sinatu dugu atzerapenen ordainketa baimentzen duen dokumentua. Esandako 3 kategoriek abenduko nominan jasoko dute urtarrilaren 1etik dagozkien atzerapenak. Horretarako gaurko bileran Lan Hitzarmenean sartuko den kategorien funtzioetan aldaketa bat sartu dugu sinatutakoa betetzeko.

LAB akordioa gauzatzeko lanhandia egiten ari da, jarraipen zehatzak egiten ari gara ikastetxeetan, berritzegune eta langileekin. Bermatu beharreko eskubideak argituz eta sortzen diren arazoei irtenbidea eman nahian.
 

 

 

Borroka eta antolaketa dira Bizkaiko metalgintzan hitzarmen duina lortzeko bide bakarra

0

Gaur, azaroaren 9an, Bizkaiko metalgintzako mahai negoziatzailearen 12. bilera egin da. 12 bilera eta gero, blokeoa erabatekoa da inongo puntutan ez delako akordiorik lortu. FVEM patronalak sindikatuon proposamen guztiak baztertu ditu.

12 bileretan lortu ezer lortu ez duen negoziazio mahaian jarraitzeko beharra justifikatzeko nahian, CCOOek proposamen berri bat egin du. Proposamen hau CCOOek patronalari bere egunean eskatutakoaren azpitik dago. Horrela, CCOOek galdutzat ematen du aurreko urte guztietako soldata, lanaldia jaistea; ebentualitatea, ABLEak edo azpikontratazioa bezain elementu garrantzitsuak arautzeko edozein aukera…

LABek uste du hori ez dela bidea. Ez da proposamen arazoa, negoziatzeko borondatea eta langileen lan eta bizi-baldintzak hobetzekoa baizik. Adibide grafiko bat jartzea goaz. Gaur, FVEMek patronalak albo batera utzi utzi du 250 langiletik beherako enpresetan berdintasun planak egitea legea ez dituelako horretara behartzan. Hori al da patronalaren borondate negoziatzailea? Metalgintzako aukera berdintasuna eta sektoreko generoaren araberako diskriminazioari ez zaio aurre egiten eta normalizatu egiten da patronala ez dagoelako horretarako behartuta. Lotsagarria da.

Pasatzen den bilera bakoitzeko, argi baino argiago gelditzen da borroka eta antolaketak soilik lorutko dutela hitzarmen duina Bizkaiko metalgintzako langileentzat. Metalgintzako enpresek 1.300 milioi eurotako irabazi garbiak aitortu zituzten 2016an. FVEM esan zuen 2017an %4,5 egin zuela gora fakurazioak. Urte bikaina izan zela esan zuten. 2018rako aurreikuspenak ere oso onak dira. Testuinguru honetan, sindikatu moduan dugun betebeharra da eskubideok defendatzea, ez patronalari nahikoa iruditu arte amore ematea.

Beste sindikatuei, ELA, CCOO eta UGTri dei egiten diegu hitzetatik ekintzetara pasa daitezen. Argi baldin badugu patronalak ez duela eduki duinik izango sindikatuon presiorik gabe, zeren zain daude mobilizazioei ekiteko? LABen argi dugu, borroka eta antolaketa dira bide bakarra lan-zentro guztietan, handi zein txikiak. Elkarrekin lor dezakegu.
 

 

 

Eskoletako jangela eredua aldatzea, presio sozialaren bitartez baino ez dugu lortuko

Lakuan gaur izan den eskola jangelen botzordea bukatuta, hilabeteak eskola jangelen ereduaren aldaketarako proposamenean aldatzeko lanean ari diren eragile sozialei zoriondu behar diegu.
Alde ezberdinetatik buruturiko presioari eskerrak, Hezkuntza Saila arlo batzuetan aldaketatxo batzuk egitera derrigortu dugu.

Nahiz eta Hezkuntza Saileko proposamena ez zaigun zehatza iruditzen eta jangelaren batzordean parte hartu duten eragile ezberdinetako aldarrikapenetatik hurrun badago ere, argi geratu da presio sozialaren bitartez bakarrik lor daitezkela aldaketak politika publikoetan.

Parametro berdinetan adierazi nahi dugu baita, presio sozial berberaz lortu zela sukaldeak ikastetxeetara bueltatzea Eusko Legebiltzarrean berau erabakiz.

Eragile guztiei indarrak batzen jarraitzeko eskatu nahi diegu dinamika ezberdinen bitartez eskola jangelen eredua aldatzeko bidean. Bide honetan, sarri eskatu dugu LABetik alde guztiak eskola komunitatean subjektu izan behar garela, jangela hezkuntza eremu izan behar dela, autonomia izan behar duela, elikadura burujabetza ardatz izan behar duela eta prekarietatearekin bukatu behar duten lan baldintzak izan behar dituela.

Azkenik, Hezkuntza Sail honek, Eusko Legebiltzarraren aldetik jaso zuen eskaria bete gabe jarraitzen duela azpimarratu nahi dugu. Legebiltzarrak Sailari zera eskatzen zion: zor dezala, eskola jangelen eredua aldatzeko lan- mahaia. Lan-mahai hori lehen bait lehen martxan jartzeko exijitzen dio LABek Eusko Legebiltzarrari.

 

 

 

Lan heriotzak salatu ditugu Iruñeko Lan Ikuskaritzaren aurrean

Sarrigurenen, asteazkenean, 52 urteko langile batek bizitza galdu zuen, hustuketa-lanetan ari zen dumper batek harrapatuta. Gutxienez, 64 langile hil dira aurten Euskal Herrian, eta odoluste hau zein azken lan heriotza salatzeko elkarretaratze bat egin dugu gaur Iruñean, euskal gehiengo sindikalak deituta. Lan Ikuskaritzaren aurrean mobilizatu gara, hain justu.
 

 

 

Abenduaren 1ean Bilbon ontzigintza sektorearen defentsan egingo den manifestaziora deitzen dugu

0

Instituzioen utzikeriaren aurrean, mobilizazioa eta borroka dira bide bakarra. Horregatik, herritarrei abenduaren 1ean La Navaleko enpresa-batzordeak deituta Bilboko manifestazioan parte hartzeko deialdia egiten dugu, Ezkerraldea basamortu industrial bilakatzea eragozteko.

Hasteko, esan behar dugu Van Oord armadoreak bere ontzia La Navalen ez bukatzea ez dela ustekabekoa izan. Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren porrot berri baten aurrean gaude, armadorearekin negoziatzekoa rdura hartu zutelako, eta negoziaketa hauek fruiturik eman ez dutelako.

La Navaleko egoera atzetik dator. Pribatizazioak, gero etorriko zenaren oinarria jarri zuen: estrategikoa den sektorea pikutara joan daiteke nahiz eta merkatua eta teknologia eduki, interes partikularrak lehenesten dituzten esku pribatuen esku geratzen bada. Oraindik ez dakigu Jaurlaritzak La Navalen sinisten duen. Etortzekoa zen inbertsorea ez zen etorri, eta orain ez dute akordiorik lortu armadorearekin. Kudeaketa negargarria.

Hala ere, armadorearen erabakia irmoa balitz ere eta ez negoziaketa estrategia, LABek La Navalek etorkizuna duela mantentzen du. Albistea txarra da, baina likidazioak aurrera egiten du, eta inbertsore bat etortzeko aukera mahai gainean dago. Gainera, gertatutakoak espekulazioa bilatu dezaketen inbertsoreak erakarri ditzake, diru publikoa jasotzea nahiko luketenak, eta prezio merkean inolako betebeharrik gabe.

Beraz, likidazio prozesuan inbertsoreei bi baldintza ezarri behar zaizkiela defendatzen du LABek: Batetik, langileekiko konpromisoa, eta ez soilik 177 langile zuzenekiko administradorearen txostenean aipatzen den moduan, 2.000 langileak izan behar dira konponbidearen parte. Bestetik, proiektu industriala eta etorkizunerako konpromisoak, espekulaziorik gerta ez dadin.

Gainera, administrazio publikoak proiektu berria lagundu beharko luke, egin den kudeaketa negargarriaren ostean.
 

 

 

Bankak demokraziari iruzur egiten diola salatu dugu Bilbon

0

Kutxabank Auziko Herri Akusazioa osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE-Bizkaia, HIRU, EKA eta Euskal Herriko Pentsiodunen Plataformak elkarretaratze bat egin dute gaur, Bilboko Plaza Eliptikoko Banco Santanderren aurrean. Hain zuzen ere, bankak duen gehiegizko boterea salatu dute bertan.

Hauxe da, gaurko mobilizazioa dela eta, egindako irakurketa:

LAB, ESK, STEILAS, Bizkaiko EHNE eta Hiru sindikatuok, EKA kontsumitzaileen elkartea eta Euskal Herriko Pentsiodunen Elkarteekin batera, osatzen dugu Herri Akusazioa demokrazia bahituta duen bankaren aurrean mobilizatu gara.

Aste honetan, Espainiako Auzitegi Gorenaren auzi administratiboen aretoak esan du aurrerantzean bezeroek ordaindu beharko dutela hipoteken dokumentaturiko ekinbide juridikoaren zerga. Beraz, Gorenak aurretik esandakoa alde batera utzi eta bezeroa zigortu du, bankaren mesedetan.

Ezer berririk ez. Erregimen antidemokratiko honetako jabeak dira, Konstituzioa berritu zutenak dira, inoiz bueltatuko ez duten diru publikoa beraien buruak erreskatatzeko jaso zutenak dira, botere legegileari legeak aldatzeko eskatzen dutenak dira, eta orain, botere judizialari sententzia bat aldatzeko eskatu, eta beraien eskaerak epaitegientzat aginduak dira.

Honela funtzionatzen du 78ko erregimenak. Hauek agintzen dute gure bizitzetan. Bankak, oligarkiak eta patronalak Estatua eta sistema beraien neurrira eraikita daukate. Gure bizitzak bizigarriak izan daitezen, hau goitik behera aldatu beharra dugu, azkar gainera.

Ikusten gauden bezala, gaur egungo finantza tresnak herritarron beharrizanak are eta gehiago aberasteko erabiltzen dituzte. Ez dugu ahaztu behar, sarri askotan bizi garen etxeko hipotekaz ari garela; oinarrizko eskubideaz ari gara, beraz. Euskal Herrian erabaki honek eragin handiegirik izango ez badu ere, Herri Akusazio hau herrialde guztietan finantza arloan eman daitekeen edozein iruzur kasu salatzeko dago. Kasu honetan, demokraziari iruzur larria da.

Herri Akusazio honek, behinbaino gehiagotan adierazi duenez, Euskal Herrian arazo finantzieroen aterabidea izaera publikoa eta demokratikoa lukeen banka sortzetik letorke. Banka horren kontrola herritarrok, eragile sozial eta sindikalok egingo genuke.

Alderdi politikoei zuzentzen gatzaizkie herritarron segurtasun judiziala bermatu dezaten, botere banaketa ziurtatu dezaten, eta herritar gehienen interesen alde egin dezaten, botere ekonomikoen interesen alde egin beharrean. Zentzu honetan, Estatuko Presidentearen Lege Dekretua ez nahikoa zaigu, atzerako kasuak bere gain hartzen ez dituelako.

 

 

 

Amiantoarekin lan egin zuten langileei laneko gaixotasun izaera onar diezaiela eskatu diote berriro CAFeko zuzendaritzari

0

Beasaingo eta Irungo CAFeko enpresa komiteek zuzendaritzari bere jarrera behingoz alda dezala eskatu diote, amiantoaren gaiari dagokionez; hots, izan daitezela kontsekuente dagokien erruarekin.

Hauxe da Beasaingo eta Irungo CAFeko enpresa komiteek egindako oharra:

Pasa den urrian, Celestino Tolosaren “laneko gaixotasuna” onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Gorenak (EAEAN). Bere sententzian, epaileak Estatuko Gizarte Segurantzak (INSS) ordainketaren erantzukizuna beregain hartu beharko zuela azaltzeaz gain, berak lan egin zuen CAF enpresak, eragindako kalteengatik, oraindik zehazteko dagoen zenbateko garrantzitsu batekin erantzun beharko zuela ere ebatzi zuen.

Celestino Tolosa “Xarra” zenaren albiste honen aurrean, beste behin CAFek epaitegian errekurritu du beste amianto kasu argi eta garbi bat.

Beasaingo eta Irungo CAFeko Komiteetatik, berriro CAFeko Zuzendaritzak hartu duen jarrera salatu nahi dugu. Era berean, familiari gure erabateko babesa azaldu nahi diogu.

Ondo legoke gogoraraztea, pasa den apirilaren 28an, amiantoak eraildako lankideei eskainitako omenaldian, langileok eskaera zuzena egin geniola CAFeko Zuzendaritzari: “Amiantoarekin lan egin zuten langileei onar ziezaietela laneko gaixotasun izaera, egindako mina onartu eta inongo tramite judizialik urrera eraman gabe, gaixoei zein haien senitartekoei sufrimendu gehigarririk sortu gabe, kalte ordainak ordain zitzala”.

Guzti honegatik, CAF SAko komite guztien aldetik, aurrez aipatutako eskaera hauek berriro luzatu eta Zuzendaritzari euren jarrera behingoz alda dezaten eskatzen diegu. Izan daitezela kontsekuente dagokien erruarekin.

 

 

 

Donostiako Udaleko hauteskunde sindikalak irabazi ditugu

0

Donostiako Udalean egin genituen atzo hauteskunde sindikalak, eta 24 delegatu hautesleetatik 10 lortu ditugu, 2014ko hauteskundeetan baino bat gehiago. Lau hauteskunde mahaietatik hirutan irabazi dugu, eta laugarrenean duela 4 urteko emaitza mantendu dugu. ELAk zazpi delegatu lortu ditu, hiru galdu eta gero; CCOOk bost, bi gehiago; eta ERNEk bi, zituenak mantenduta.

Donostiako Udalean lanean hasi ginenetik 36 urte pasa dira, eta, orduz geroztik, langileen eskubideen defentsan aritu gara, lan egiteko gaitasuna eta konpromisoa erakutsi eta gero. Horren isla da hauteskundeetako emaitzen etengabeko goranzko bilakaera.

Aurrerantzean, beti jarraitu dugun bide arduratsutik jarraitzeko konpromisoa dugu, lan baldintzen eta zerbitzu publikoen alde borrokatuz eta ordezkaritza kolektiboak bultzatuz. Zentzu honetan, beti egin dugun eta beti egingo dugun apustua azpimarratu behar dugu: Langileen Bartzordea (Funtzionarioen junta biltzen duen atala) eta Erakunde Batzarra (behargin laboralena) indartzea.

Honela gauzak, jasotako babesa eskertu nahi dugu, eta dagokigun ardura kudeatzeko prest gaudela berretsi.

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak ez du enplegu planen negoziazioaz entzun nahi, eta akordio teknikoen argazkietara mugatzen du negoziazio kolektiboa

Gaurko Mahai Orokorreko bileran gai bakarra izan dugu eztabaidagai, lan kontratudun langileentzat erretiro partzialerako proposamena hain zuzen ere. Behin eta berriz eskatu egin badiogu ere, gobernuak ez du bestelako gairik mahaiaren gainean jarri.

Badirudi administrazio publikoetan enpleguari dagokionez ez dutela bestelako erronkarik antzematen, eta sindikatuon papera negoziazio kolektiborako baino, akordio tekniko hutsetara mugatzen dute, protokolo edo photo-call argazkietarako alegia. Madrilek agindutako erretiroaren erreformaren traslado tekniko hutsa ordezkaritzaren gutxiengoarekin adostu izana horren froga argia da, akordioaren beharrik ere ez zegoelako. LABek ez du joko horretan parte hartu eta ez du akordioa babestu.

Jakina da sektore publikoan enpleguaren egoera kaxkarra dela benetan. Etengabe salatzen ari gara behin-behinekotasun tasa handiak, pribatizazioak eta bere garaian egindako murrizketak betirako gelditzea. Garbi dago Eusko Jaurlaritzak ez daukala egoerari buelta emateko inolako asmorik, ez baitu enpleguari begira ditugun erronken inguruan inolako plangintza bat aurkezten. Argi utzi du Jaurlaritzak enplegu kopurua zehaztu duela, eta inposaketa hori sektoreetan negoziatuko dela.

Enplegu plan integral bat da hain zuzen aspaldian LABek egiten duen aldarrikapena. Neurri partzialek ez diete sektore publikoak dituen oinarrizko beharrei erantzuten. Gure ustez, gaur egun ditugun beharrak zein etorkizunekoak kontutan hartu behar dira; behin-behinekotasuna eta etorkizuneko erretiroen ordezkapena hain zuzen. Horregatik enplegu plan horretan gutxienez gai hauek kontutan hartu beharko lirateke:

• Behin-behinekotasunarekin amaitzeko bakante guztiak deialdi publikoetara atera behar dira.
• Kontsolidazio deialdiak adostu behar dira.
• Funtzionarioentzat aurrez erretiratze sariak berreskuratu behar dira.
• Errelebo kontratua lan kontratudun guztiei zabaldu behar zaie.
• Erretiratzen diren langileen plazak deialdi publikora urtero atera behar dira.
• Beharrezkoak diren lanpostu guztiak sortu behar dira.

Bileran berriro ere enplegu publikorako plan integral baten negoziatzea proposatu dugu, eta argi daukagu Jaurlaritzak ez duela halakorik nahi, eta bere neurriak alde bakarrez prestatzen eta inposatzen jarraituko duela. LABen ez gaude argazki edo publizitate hutsezko sinaduretarako prest, eta argi dugu benetako eta edukiak dituen negoziazio bat bilatzen badugu, langileon mobilizazioaren bitartez bakarrik lortuko dugula.