2026-01-25
Blog Page 712

Eskatu dugu berehala bertan behera utz dezaten foru administrazioko ehunka langileri txandakatasun osagarria kendu dien irizpide aldaketa

Foru Administrazioarengana jo dugu eta eskatu diogu berehala bertan behera utz dezan aipaturiko irizpide aldaketa hori, ezabatu duten txandakatasun osagarria berriz ordain dezan, eta berehala dei ditzan ordutegi berezi hauetako lanei dagozkien negoziazio mahaiak -ordainsariaren kontzeptu hau betiko eta modu argi batean arautuz berriz ere inork modu interesatu batean interpreta ez dezan-.

Berriki, programa informatiko berria ezarri baitute, Nafarroako Gobernuaren Funtzio Publikoan irizpide aldaketa bat egon da zenbait langileren lanaldiei dagokienez. Orain arte, ordutegi bereziak zituzten lanaldiak (12 ordu egunean, 17 ordu egunean, 24 ordu egunean…) txanda metaketatzat hartzen ziren, edo ordu tarte ezberdinetan egiten ziren lantzat, eta balioa ematen zitzaien goizez, arratsaldez edo gauez egiten ziren orduen proportzioaren arabera. Baina orain, irizpide aldaketarekin, txanda bakar gisa jotzen dituzte. Aldaketa hori dela-eta ehunka pertsonak (500 baino gehiagok) txandakatasun osagarri hori kobratzeari utzi diote.

Kontuan hartu behar da lanaldi berezi horietako gehienak lan zentroetako zuzendaritzek ezarri dituztela -edo bederen babestu dituztela- eta zerbitzu berezi batzuen antolakuntzari lotuta daudela. Lanaldi horietako asko halaxe ezarri ziren lan araudia betetzeko; adibidez, lau igandetatik bitan libratzeko.

LAB sindikatuak uste du irizpide aldaketa hau modu irregular batean ezarri dela, lan zentro ezberdinetan de facto sorturiko akordioak kontuan hartu gabe, eta legeak ezartzen dituen negoziazio mahaietan neurria negoziatu gabe [Halaxe egin beharko litzateke 251/1993 Lege Foru Dekretuak bere 83. artikuluko 6 eta 7 puntuek adierazten dutenaren arabera].

 

 

 

Epaitegiak bankaren irabazien mesedetara daude

Atzo ezagutu genuen Espainiako Epaitegi Gorenaren erabakia onartezina eta antidemokratikoa da. Bankak inoiz galtzen ez duenaren esaldia argi geratu da atzoko Epaitegi Gorenaren erabakia ezagututa. Oraindik kontu publikoei milaka milioi euro zor dien Bankak, orain pertsona hipotekatuei are gehiago zurrupatuko die odola, orain artekoa gutxi ez balitz bezala.

Epaitegi Goreneko auzi administratiboko aretoak atzo egin zuen Osoko Bilkuran, azkenik zergaren ordainketa euren gain jaso beharko dutenak, bezeroak izan beharko direla erabaki zuen hipoteketako ekintza juridiko dokumentatu guztietan. Irizpide aldaketa honen atzean kapitalaren ustelkeria dago, dagoeneko jasanezina den amarrua boteredunen aldetik.

Pertsona hipotekatuek gehiegikeria deritzogun tasa ordaindu beharko dute, eta orain, Epaitegi baten erabakiz gainera. Argi dago Espainiako estatuan ez dagoela botere banaketarik, Estatua guztiz antidemokratikoa dela, eta Bankak, ondasun handiek, Patronalak, botere ekonomikoek beraien zerbitzura dauzkatela botere legegile eta judiziala, Auzitegiek segurtasun juridikoa eskaini beharko luketenean.

Zerga hau Bankuek ordaindu beharrekoa da, inoiz ez familiek. Horrela deritzogu gure herrialde guztietan eragin handiegia izango ez badu ere, izan ere, botere banaketaz, bankuen kontrolaz eta kudeaketa demokratikoaz ari gara.

Bankuek epaitegian nola eragin duten galdetzen diogu geure buruari. Joko hau ez da inolaz ere garbia izan. Zoritxarrez, ezagutzen dugu sistema eta bere jokamoldea, eta inondik inora ez gaitu harritzen. Alderdi politikoei zuzentzen gatzaizkie honakoa eskatzeko: Herritarrak babes ditzatela, berriz ere Banka eta bere irabaziak babestu beharrean. Hainbeste urtetan ikusi ezarena egiten egon diren alderdiak jotzen ditugu egoera honen arduraduntzat. Honetan aipatu beharrekoa da, Sanchezek aurreratu duen dekretua ez nahikoa iruditzen zaigula, milaka herritarrek kaltetuak izaten jarraituko dutelako. Neurri honetatik kanpo geratzen diren bezeroen egoerak injustuegia izaten jarraitzen du.

Euskal Herrian inoiz baino agerikoagoa da kudeaketa publikoa, izaera demokratikoa eta kontrol sozial eta sindikala izango lukeen Banka baten beharra, gehiegikeria hauek gerta ez daitezen eta herritarrok eta enpresa txiki eta ertainek gure finantza beharrak behar bezala beteak izan ditzagun.

Oso larria den egoera honetan, eraso honen aurrean herritarrak kalera ateratzeko deia egiten dugu.

 

 

 

Loramendiko grebalariek Emakunde eta instituzioei dei egin diete, sektore feminizatuetako prekarietatearekin amaitzeko lan egin dezaten

Greba mugagabean daude Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileak. Eguneroko mobilizazioen barruan, Eusko Jaurlaritzako Bilboko egoitzaren aurrean elkarretaratzea egin dute gaur, eta enplegu feminizatuek eragindako prekarizazioa jasaten duten beste lantoki batzuetako langileen babesa izan dute. Hain zuzen ere, Emakunde eta instituzioei dei egin diete, enplegu feminizatuen prekarietatearekin eta diskriminazioarekin amaitzeko euren esku dagoen guztia egin dezaten.

Hauxe da, gaurko mobilizazioa dela eta, Loramendiko langileek egindako oharra:

Gaur, SANITAS LORAMENDIko langileok prekarietateak emakume aurpegia duela salatzen ari gara, EMAKUNDE eta EUSKO JAURLARITZAren egoitzaren aurrean.

Ez gaude bakarrik, eta guztiok gara berdinak. Emakume izateagatik prekarietate handiagoa pairatu behar dugu gure lanbideetan. Gure jardunaldiak, gure soldatak, gure atsenaldiak, gure osasunak, ez dute garrantziarik enpresen etekinen aurrean.

Hauxe da SANITAS LORAMENDI egoitzaren kasua. Bertako lan taldea ekainetik ari da lanuzteekin, eta urriaren 20tik patronalaren, inmobilismoaren aurrean, beste pausu bat harago ematera behartuta ikusi du bere burua, eta 24 orduko greba mugagabeari ekin dio.

Grebaren arrazoiak honakoak dira:

– %100eko jardunaldia eskatzen dugu garbiketa taldearentzat.
– Kopuru handiago batean oporrak hartzeko eskubidea eskatzen dugu gerokultore taldearentzat.

Hauexek dira gure eskaerak; bazterketa eta prekarietatearekin bukatzea eta langileen eskubideak bermatzea.

LORAMENDIko langile guztiok egoera bidegabe hau konpontzeko ari gara borrokan, eta erantzukizunarekin jokatzen jarraituko dugu.

Azaroan gaude, eta berdin jarraitzen dugu. Hobeto esanda, okerrago gaude. Izan ere, langile grebalariek beren soldatatik dirua galtzen duten bitartean, zuzendaritzaren aldetik kontrol maila jasanda, zuzendaritza grebaren ondorioak gutxiesten saiatzen ari da. Langileen greba orduak betetzen dituzte praktiketako pertsonala hartuz, greba burutzen duen aldi baterako pertsonala zigortzen dute…

Honen atzean, prekarietatearekin, bazterketarekin, sexismoarekin eta klasismoarekin bukatzea erronka duten langile batu, solidario eta koherente batzuei enpresak dien beldurra ezkutatzen da. Guk guztiok elkarrekin jarraituko dugu borrokan, denok bat.

Horrexagatik, gaur, Eusko Jaurlaritza eta EMAKUNDEren aurrean gaude, beren esku dagoen guztia egin dezaten eskatzeko. Hain zuzen ere, erakunde politikoei dei egiten diegu, enplegu feminizatuetan dagoen prekarietatearekin eta bazterketarekin bukatzeko.

 

 

 

Mateo Gutierrezi babesa erakutsi diogu Kolonbiako kontsulatuaren aurrean

0

"Muntai polizialik ez! Ez Kolonbian, ez inon" leloarekin, Kolonbiako ikasle gaztearen aurkako jazarpena salatu dugu hainbat eragilek, LABek barne, Bilbon dagoen Kolonbiako kontsulatuaren aurrean egindako elkarretaratze baten bitartez. Adierazpen bat sinatu dugu bere askatasuna exijitzeko.
 

 

 

Bi orduko lanuzteak egin ditugu Telefonican

Lanuzteak deitu ditu gaurko LABek Telefonican, Bizkaia, Gipuzkoan eta Nafarroan, aurreikuspen soziala kanpora ateratzearen kontra, negoziazioaren alde eta etengabeko inposaketaren kontra. Bi orduko lanuzteak aurreikusi ditugu txanda bakoitzean eta kontzentrazioak egin ditugu Bilbo, Donostia eta Iruñean.

Hauxe da langileek egindako oharra, gaurko lanuzteak direla eta:

Telefonicako langileok salatzen dugu Telefonicak kanpoko aseguru-entitate bati saldu nahi diola ANTARES (Osasun Aseguruak eta Aseguru Kolektiboak, Istripu, Bizitza eta Biziraupen Polizak). Langileen eskubideez ari gara, lan-bizitza osoan TESAU enpresarentzat, “Telefónica SA” taldearentzat eta honen aurrekoentzat egindako lanaren ordainez. Hura betetzen dela bermatzea Grupo Telefónicaren eta TESAUren betebeharra da, taldearen aktiboekin zuzenki lotua (Eraikinak, Sareak, Merkataritza Funtsa,…), hura funtsen egiazko berme bakarra izanik, enpresak bere langileekiko duen Gizarte-aurreikuspeneko eginkizunak bete daitezen.

Betebehar hauek merkaturatuz eta kanpora eramanez, enpresatik eta haren aktiboetatik besterenduz, denok hura sortzen lagundu genuen, hura galtzeko arriskua ekarriko liguke, langile gehienok Gizarte-aurreikuspena gehien behar dugunean hain zuzen.

Enpresa honetan egunero suntsitzen da enplegu duina. Gaur egun, Banakako Etendura Planaren bitartez eta, iraganean Enplegua Erregulatzeko Espedienteen bidez. Enplegu duina prekarioaz ordezkatzen da, gaizki ordaindua eta sasi-morrontzako baldintzetan. Oraingoan ekin diote geratzen diren eta enpresatik joan behar izan duten langileen gizarte-aurreikuspena kanpora eramateari.

Telefonica pribatizatu zutenetik 55.000 lanpostu baino gehiago suntsitu dira. 53, 55, 57… urtetako profesional bikainak baztertu dituzte, erabili eta botatzeko produktuak bailiran zokoratuz, hamarkada luzetan egin borroka eta mobilizazioen ondorioz lanpostu duinari eutsi diotelako. Aipatu lanpostuak autonomo faltsuez edota kontrata eta azpikontraten bidez ordezkatu dituzte.

LABek aldarrikatzen duen gizarte eredua aberastasunaren banaketa solidarioan oinarritzen da, sortzen den langabezia eta miseria suntsitzeko. Enpresari dagokionez, horrez gain, lortu nahi dugu: lanpostuen egonkortasuna, lan eta gizarte baldintzen hobetzea, azpikontratazioa eta prekarietatea amaitzea, enplegu duina sortzea eta askoz ere kalitate hobeagoko zerbitzua ematea.

ETENGABE EGITEN ZAIGUN EZARPENARI AURRE EGINEZ ESKATZEN DUGU:

• ANTARES saltzeari ez, OSASUN ETA PENTSIOEN Gizarte-aurreikuspena kanpora eramateari ez.
• TELEFÓNICAko ENPLEGUAREN alde, 17/22 PLANAREN, Berregituraketen eta Nahitaezko lekualdaketen aurka.
• ENPLEGU PLANA LURRALDEKA, Unitateen, Zereginen eta langile-kopuruaren arabera kuantifikatua Euskal Herrian.
• BORONDATEZKO ERRETIRO AURRERATUA, langileei kosturik eragingo ez diena, Gizarte-aurreikuspena jasotzen duena.
• Lantokien arteko Batzordea DESEGIN; LANTOKIEN ARTEKO BATZORDEAK ez gaitu ordezkatzen (Madril): gai guztiak NEGOZIAZIO KOLEKTIBORA eraman dira 2019. urtean, URTEKOA eta ERREFEREMDUM batez amaitua.

 

 

 

Bateraguneko atxiloketak eta zigorrak ez ziren justuak izan, basakeria juridiko-politikoa baizik

0
Herrien erabakitzeko eskubideak eskatzen duen konponbide demokratikoaren bidean, Euskal Herrian zein Katalunian auzi politiko guztien amaiera eta presoen politikoen askatasuna eskatzen dugu LABetik.

Bateraguneko epaiketa ez zen inpartziala izan. Hala ebatzi du gaur Estrasburgoko auzitegiak, Euskal Herrian beti argi izan dugun baieztapena berretsiz. Herri honetan aspaldi eman genuen bai epaia, herri erantzun anitz eta zabal batekin eman ere, Bateragune auziko atxiloketak eta zigorrak ez zirelako justuak izan, basakeria juridiko-politikoa baizik.

Urte luzez askatasuna bahitu eta eskubide zibil eta politikoak urratu dizkiete Miren Zabaleta, Sonia Jacinto, Arkaitz Rodriguez, Arnaldo Otegi eta Rafa Diezi eta ez dago sententziarik egindako kaltea erreparatzeko. Hori horrela da, baina aldi berean LAB sindikatutik ongietorria ematen diogu Estrasburgoren ebazpenari, espainiar Estatuaren izaera antidemokratikoa eta justiziaren erabilpen politikoa agerian uzten dituelako.

Bateragunekoen delitu bakarra izan zen Euskal Herriarekiko konpromisotik, gure herrian bake eta konponbide demokratikorako garai berri bat irekitzeko lanean aritzea. Euskal Herrian gatazka politikoa gainditzeko Ezker Abertzaleko militante hauek jokatutako papera eta egindako ekarpena oso garrantzitsua izan da. Denbora izan da testigu.

Estatuak zituen blokeo mekanismo guztiak martxan jarri zituen Ezker Abertzalearen estrategia politikoa zapuzteko. Eta Bateragunekoek, aurretik eta ondoren auzi ezberdinetan injustuki zigortutako beste hainbat euskal herritarrek bezala, garesti ordaindu zuten justiziaren erabilpen politikoa. Zorionez, determinazioz egin zen aurrera gatazkaren arrazoiak eta ondorioak gainditzeko, eta Euskal Herrian garai berri bat irekitzeko.

Gaurko ebazpen honekin enegarrenez Estrasburgok Espainia zuzendu du. Eta hala ere, ezin Espainiako justiziatik justiziarik espero. Ez orduan, ez orain, Estatua ez zen prest azaldu aldaketak ekarriko dituen prozesu demokratiko batean sartzeko. Hori ikusi dugu Euskal Herrian eta ikusten ari gara Katalunian ere. Espainiak justizia modu injustuan erabiltzen jarraitzen du; herrien erabakitzeko eskubidea termino demokratikoetan konpontzeko eskaintzarik gabe jarraitzen du; eta jarraitzen du etengabe eskubide zibil eta politikoak bidegabeki urratzen.

Herria bake bidean jartzeagatik bost lagun espetxeratu eta zigortzea basakeria izan zen moduan, herriari hitza emateagatik erbestean edo espetxean izatea, eta, ez dezagun ahaztu, inolako bermerik gabeko epaiketa baten zain, disparate juridiko eta politikoa da.

Herrien erabakitzeko eskubideak eskatzen duen konponbide demokratikoaren bidean, auzi politiko guztien amaiera eta presoen politikoen askatasuna eskatzen dugu LABetik. Arrazoi asko ditugu, gehiegi, mobilizatzen jarraitzeko.

 

 

 

Euskaraldia dela eta, 11 egunez Ahobizi eta Belarriprest izango gara

Langileok Euskaraldian subjektu aktiboak izango gara. Lanean zein kalean, askatasunean, euskararen hazia erein egingo dugu euskararen erabilera hazteko.

2000. urtean LAB sindikatuak erabaki zuen sindikatuaren LAN eta KOMUNIKAZIO hizkuntza euskara izango zela. Erabaki horren aurretik euskararen normalizazioan lan handia egina bagenuen, erabakiaren ostean EUSLAB egitasmo estrategikoa jarri genuen martxan sindikatu barruko jardueran zein lan munduan euskararen erabilera areagotzeko. Ez gara berriak lan munduan euskararen erabileran eragiteko dinamiketan.

EUSKARALDIA euskararen erabilera areagotzeko ariketa sozial eta kolektiboa den neurrian, LABek bat egiten du dinamikarekin eta EUSKARALDIAn eragile aktiboa izatea erabaki dugu. LAB sindikatuko kideok, urte osoan zehar bezala, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, euskara erein egingo dugu kalean zein lanean, langileok euskararen erabileran hazteko.

Euskararen berreskuratze proposamen guztietan lan mundua eta langileak bazter geratu gara eta EUSKARALDIAn subjektu aktiboak izan nahi dugu. LABeko kideok gure eginbide sindikalean AHOABIZI eta BELARRIAPREST izango ditugu eta horrela, sindikatuaren jardueran euskararen erabilera areagotu nahi dugu eta langileekin euskararen erabileraren erantzukizuna partekatuko dugu eta aukera eskainiko diegu gurekin eta lan munduan euskara erabiltzeko.

Sindikatu barruan zein lan munduan hizkuntzarekin ditugun inertziak astindu nahi ditugu eta sindikatu barruko prozesuetan euskararen erabilera areagotzeko ahalegin kolektiboa egingo dugu.

LABek EUSKARALDIA baliatu nahi lan munduko euskaltzaleen sareak berraktibatzeko eta indartzeko eta 11 egun horietan gure sindikatuan eta lan munduan sortutako dinamikak denboran mantentzeko ahalegin berezia egingo dugu.

EUSKARALDIAn LAB sindikatua euskara erabili nahi dutenentzat ingurune sozial eroso, abegikor eta naturala izango da. Gure eginbide sindikala egiteko moduari eta prozesuari emango diogu garrantzia: Euskaraz egingo dugu.

 

 

 

Garbialdiko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, akordioa urrun dagoela ikusita

0

Negoziazio mahaia egin zuten atzo enpresak eta foru aldundiko egoitzen garbiketaz arduratzen diren langileen ordezkariek. Garbialdi enpresak egindako azken eskaintzak akordioa urrundu egiten duela ondorioztatu ondoren, LAB, UGT, ESK eta CCOOek mobilizazioekin aurrera jarraitzea erabaki dute, eta, hala, elkarretaratze bat egin dute gaur Bizkaiko aldundiaren aurrean.
 

 

 

Botere Judizialaren Lege Organikoaren erreformaren aurrean Hego Euskal Herrian deituko diren mobilizazioak babestuko ditugu

Sindikatuak transferentzia osoa eskatzen du justizia arloan.

Madrildik datorkigun eraso bati aurre egin behar diogu berriro ere. Kontua da dugun transferentzia zeharo ez nahikoa dela, Madrilen ez baita ezer negoziatzen, bai ordea, ugari inposatzen. Era berean, sindikatu deitzaileen partetik ere heltzen zaigu inposizioa: CCOO, UGT, CSIF eta STAJ erakundeek mobilizazioetara eta greba egun batera deitu dute, aintzat hartu gabe gainerako sindikatuak (besteak beste, Intersindical Canaria, CUT, CIGA, ELA, LAB, Intersindical Valenciana…). Baina deialdia egin eta gero nahi dute besteok babestu ditzagula ekintza batzuk, beraiek antolatzerakoan baztertu bagaituzte ere. Ez dute inolako errespeturik erakusten eta gobernuak ere ez: bilera bat egin zuen sindikatu deitzaileekin, beste guztiak aintzat hartu gabe. Zer adostu edo negoziatu ote dute bilera horretan? Inork ez daki. Horixe da gainerako sindikatuon kexa. Horrexetarako balio du Madrileko mahaira joateak.

Bada, Estatuko Parlmentuak zein erakunde deitzaileek jarrera berbera dute: inposizioa. Hala eta guztiz ere, langile guztien hobe beharrez, ezin gara geratu mobilizazioetan parte hartu gabe. Hortaz, Euskal Herrian antolatuko diren mobilizazioetan parte hartuko du LABek.

Gure lan-baldintzen aurkako eraso honekin hauexek ezartzera doaz:

-Erabateko mugikortasuna, baja bakar bat ere ez dute nahi ordezkatu, horretarako beste zerbitzuetako langileak baliatzeko asmoa dute;

-Gero eta bitarteko langile gutxiago kontratzearen ondorioz titularrek lan zama handiagoa izango dute eta herritarrei emandako zerbitzua kaskartuko da;

-Errefortzuzko kontratuak ez dituzte 6 hilabetetik aurrera luzatuko;

-Instantzia Auzitegiak ezartzeko bidea jartzen dute;

-Lanbide-karrerarako aukera deusezten dute;

-Ez dute Botere Judizialaren Lege Organikoa egokitu, beraz gaixotasun aldietako deskontuak egiten jarraituko dute.
guztia zeren truke?

Eta hori guztia zeren truke?

LABen betiko aldarrikapenetako bat transferentzia osoa da. Gure lan-baldintzetan eragina duen erabaki orotan esku hartzeko eskubidea aldezten dugu: berton lan egiten badugu, berton erabaki behar dugu. Gauzak horrela, beste behin ere interpelatzen ditugu Nafarroako eta EAEko
gobernuak gutxieneko borondate politikoa erakuts dezaten beraiek hartutako erabakiak burutze aldera –transferentzia osoa exijitzea ez da nahikoa, betearazi behar baita-; eta, bide batez, hirugarren klaseko langiletzat ez gaitzaten har.

Lehenago esandako guztia dela eta, gure lan-eskubideen defentsan Euskal Herrian deituko dituzten mobilizazio guztiak babestuko ditu LABek.

Lan-baldintzak inposatzeari ez! Transferentzia osoari bai! Benetako parekidetasuna orain!