2026-02-21
Blog Page 699

Emaitza onak lortzen jarraitzen dugu industrian, sektoreko langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko egindako lanari esker

0

Hauteskunde sindikalek bere horretan jarraitzen dute, eta hainbat enpresatan dagozkien ordezkari sindikalak aukeratu dituzte. Industria sektoreari dagokionez, LABek emaitza onak lortzen darrai, eta honek sindikatuaren posizioa indartzen du langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko bidean.

Durangaldeko Gestamp enpresan, duela lau urte lortutako emaitza bikaina errepikatu dugu. LABek 11 delegatu lortu ditu guztira, gainontzeko sindikatuei alde handia aterata: UGT da bigarren indarra, 3 delegaturekin; CGTk 2 ditu; eta ELAk, 1.

Hego Uribe eskualdeko Tecnichapa enpresan ere nagusitasun handiz aukeratu dute LAB lehen indar gisa: 8 delegatu ditugu orain, duela lau urte baino 4 gehiago.

Eskumaldean, Arteche enpresan, sindikatu bozkatuena izatera pasa gara, bultzada handia jasota: 7 delegatu izango ditugu, duela lau urte baino 4 gehiago; bigarren indar ELAk, berriz, 4 delegatu izango ditu, duela lau urte baino 3 gutxiago.

Mungiako GET Gamesan, delegatu bat gehiago eskuratu dugu. Hala, lehen postua eskuratu dugu ordezkari kopuruari dagokionez. 2 delegatu ditugu orain, ELAk duen kopuru bera, honek 2 delegatu galdu eta gero.

Bizkaitik Gipuzkoara egingo dugu jauzia, emaitza esanguratsuenen errepasoan. Debaldean, Industrias Gol enpresan, arrakastaz gauzatu ditugu hauteskundeak. Lehen indarra gara, 4 delegaturekin, duela lau urte baino bat gehiagorekin.

Elgetako MEC Lema enpresan, hemen ere, babes gehien duen sindikatua bihurtu gara: 4 delegatu eskuratu ditugu.

Buruntzaldean, Plastigaur enpresan, 2 delegatu gehiago ditugu orain. Orotara, 4 ordezkari ditugu.

Asteasun, Gamesan, sindikatu bozkatuena izaten jarraitzen dugu, 7 delegaturekin, aurreko hauteskundetan lortutako emaitza bera. Bigarren sindikatua, independienteak, 2 delegatu dituzte; eta ELA, 2 ordezkari galduta, ez du ordezkaritzarik izango.

Urola Kostan, GKN Zumaia enpresan, lehen indarra gara 6 delegaturekin, aurreko hauteskundeetan baino delegatu bat gehiago eskuratuta. Hala, UGT atzean utzi dugu, ordura arte zituen 5 delegatuekin jarraitzen baitu sindikatu honek.

Araban ere emaitza esanguratsu bat aipatu nahiko genuke. Duela lau urteko emaitzak errepikatu ditugu Legutioko Sidenor enpresan. Horrek esan nahi du, 3 delegaturekin, lehen indarra izaten jarraitzen dugula.

Nafarroan, Iruñerriko Caldereria Navarra enpresan ere, emaitzak errepikatzearekin batera, lehen indarra izaten jarraitzen dugu, 2 delegaturekin.

Leitzan, Torraspapel enpresan ere lortu dugu gure posizioa berrestea: 9 delegatu lortu ditugu, eta ELAk 4. Aurreko hauteskundeetan izandako emaitza bera errepikatu da aurten.

Altsasun, Sunsundegin, 2 delegatu gehiago eskuratu ditugu. 4 ordezkari ditugu orain, lehen indarra den UGT sindikatutik ordezkari bakarrera.

Hauteskunde sindikaletan babesa erakutsi diguten langileek ongi baino hobeto dakite antolatuta egoteari esker lortzen direla gauzak aldatzea, maila guztietan; eremu sindikal, politiko zein sozialean. Eta LAB eraldatzailea, solidarioa, ekintzailea eta eraginkorra da. Horregatik aukeratu gaituzte bidelagun.

 

 

 

Euskararen III. Planean ez dugu baldintza nahikorik ikusten, EHUk datozen lau urteetan euskalduntzean urrats sendoak emateko

0

Gaur, abenduak 20, onartu da UPV/EHUko Gobernu Kontseiluan Euskararen III. Plan Gidaria, 2018-2022 bitartean indarrean egongo dena. LABek gertutik jarraitu du sortze prozesu osoa eta planaren atal ezberdinetarako ekarpen eta proposamen sorta garatu du, afiliazioaren ekarpenak ere jasoz. Eztabaida gune guztietan LABen proposamenak eta emendakinak presente egon dira bere afiliatu eta ordezkarien bidez, UPV/EHUk behar duen euskara plana lortzeko ahaleginean. Lan eta denbora inbertsioa handia izan da.

Hurrengo lau urteetarako Euskara Plan honen aurrean, LABen EHUko sail sindikalak egiten duen balorazioa honakoa da:

• Plana osatzeko prozesua nahasia izateaz gain, parte-hartze prozesuaren ibilbidean gardentasun falta nabaria izan da, gune eta batzorde ezberdinetan landutako ekarpen eta proposamenak ez baitira partekatu.

• Euskara plana planteamendu estrategikorik gabe jaio dela iruditzen zaigu. Abiapuntua “nora heldu behar dugun” izan beharrean, “zer daukagun eta horrekin zer egin dezakegun” izan da. Hein handi batean, EHUko euskalduntze prozesua inertziaren esku uzten dela ondoriozta daiteke. Era berean, neurri eraginkor eta beharrezkoak ekidin dira, ausardia falta erakutsiz.

• Zehaztasuna falta da helburu eta ekintza askotan, zein helburutara heldu nahi den eta nola egingo den zehaztu gabe geratzen delarik. Bestalde, neurri askok ez dute adierazlerik, beraz, betetze-maila neurtu gabe gera daiteke.

• Euskara planak elementu positiboak baditu ere, hauen inplementazioa eta garapena nola eta zein baliabiderekin egingo den EHUko eremu guztietara heltzeko ez da zehazten, ez EHUko eremu ezberdinetan euskara lan-hizkuntza izan ahal izateko, ezta erabiltzaileei (ikasleei nagusiki) zerbitzua euskaraz bermatzeko ere.

• EHU-ren euskalduntzeak beharrezko baliabideak esleitzea eskatzen du. Euskararen normalizazioan urrats sendoak emateko aurrekontuan diru- eta giza-baliabide gehiago izatea beharrezkoa da, baina horretatik ez dago ezer plan berrian. Euskara errektoreordetzaren baliabide urritasuna euskalduntzeari ematen zaion lehentasunaren seinale.

• Gobernu eta unibertsitate egitura guztien benetako lidergoa eta konpromisoa beharrezkoa da euskararen normalizazioan aurrerapauso esanguratsuak eman ahal izateko. Plan hau hanka-motz geratzen bada ere, Errektoretza taldearen lidergoa eta babesa ezinbestekoa da, planean jasotakoa errealitate bilakatzeko, eta bigarrenarekin gertatu zena ez errepikatzeko, hots, neurri nabari batean bete gabe geratzea.

Goian esandako guztiagatik LABek Euskararen III. Plan honetan ez du baldintza eta berme nahikorik ikusten EHUk datozen lau urteetan zehar unibertsitate publikoaren euskalduntzean urrats sendoak emateko.

 

 

 

Benetako inplikazioa exijitzen diogu Osakidetzari Berdintasun Planaren inguruan

0

Osakidetzak gizon eta emakumeen arteko berdintasun plan bat eduki behar zuen orain dela 10 urte, legeak behartzen duen moduan. LABek behin eta berriro salatu du egoera.

2015ean, kanpoko enpresa baten bitartez, Osakidetzako gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruko diagnosi txosten bat burutu zen, hau izan zen legalki eskatutako plana lantzeko lehen pausoa. Emakumeen kontrako soldata arrakala %24,44koa da, berdintasun eza arazo estrukturala da eta neurri estrukturalekin egin behar zaio aurre.

LAB sindikatuan ez gaude prest berdintasun plan hau parlamentuaren agindua betetzeko soilik izatea, gakoa jendearen bizi kalitatea hobetzea eta desberdintasunak saihestea baita. Beraz, berdintasun batzordean dugun presentzia benetan jarduteko konpromisoa izatearekin baldintzatzen dugu.

Plan hau eraginkorra izateko betebeharra dugu, Osakidetzako 35.000–45.000 langileez gain, (noizbait jakingo ote dugu benetan zenbatekoa den Osakidetzako langile kopurua?) biztanleriaren gehiengoarekin harreman zuzena duelako.

Barne-plana eta kanpo-plana ezberdin lantzeko beharra ikusten dugu, kanpora begirako planean feminismoa eta berdintasuna lantzen duten kanpo eragile desberdinek bertan egon beharko dute (emakume kolektiboak, paziente eta erabiltzaile kolektiboak…) eta era berean, koordinazio sozio-sanitarioaren hobekuntza bat.

Barne-planaren helburua ez da soilik soldata mailen aldea, ezin dugu ahaztu jendart- ongizatea guztien inplikazioaren menpe dagoela bizitzaren etapa guztietan, gure lan-bizitzan kontziliaziora behartzen gaituelarik. Plana behartuta dago kontziliazio eta erantzunkidetasun neurriak hartzera, eta era berean, Lan-Baldintzen Akordioa aldatzera.

Plana eraginkorra izateko berdintasunean aditu diren langile talde bat behar dugu Osakidetzako plantila barruan (15 berdintasun teknikari gutxienez) planari forma emateko, aldaketaren eragile izateko, eta lan espezifikoak egiteko.

Zoritxarrez, berdintasun planak administrazio tramite huts bihurtu dira, ezer egiten ez dela estaltzeko. Guk argi ditugu gure eskariak: konpromisoa eta baliabideak.

 

 

 

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak Eusko Jaurlaritzak Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu nahi ez izatea salatzen du

Eusko Legebiltzarreko Gobernu Kontseiluak pobrezia eta bazterketa sozialaren aurkako kalitatezko babes sozialerako sistema publikoaren Herri Ekimen Legegilearen (HEL) aurkako irizpidea adierazi zuen atzo. Erabili zuen argudioa, dagoeneko badela EAJ eta PSE-EE-PSOEren lege-proposamen bat diru sarrerak bermatzeko eta inklusiorako.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik erabaki honen aurreko erabateko desadostasuna adierazi nahi dugu:

1. HELi, Gobernuko alderdiek aurkezturiko lege-proposamenaren aurretik eman zitzaion sarrera, beraz, lehen honen eztabaida aurretik izan beharko litzateke. Eusko Jaurlaritzak darabilen argumentua, lege proposamenaren aurkako irizpide bezala erabili beharko luke, eta agerikoa da hau ez dela horrela izan.

2. Eusko Jaurlaritzako zerbitzu juridikoek HELaren aldeko txostena kaleratu zuten, eta ondoren, Eusko Legebiltzarreko mahaiak, sinadurak batzeari argi berdea eman zion.

3. HELak, 51.000 sinaduraren babesa jaso du, eta hauek baieztatu eta onartuak izan dira.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartatik sarri salatu dugu egungo laguntza sozialak eznahikoak direla, azken urteetan gobernu ezberdinen murrizketak jasan dituzte. Guk hauen aurrean, egingarriak diren proposamenak mahaiganeratu eta alternatibak jarri dizkiogu egungo sistemari. Errealitateak garbi erakusten digu gero eta jende gehiago dagoela pobreziaren mugan, eta gero eta jende gutxiagok daukala laguntzak eskuratzeko aukera, beraz, gero eta gehiago dira bazterketa egoeran daudenak.

Hau da errealitatea, eta ez Eusko Jaurlaritzari bakarrik axola zaiona, aurrekontuena, kalkulu ekonomiko hutsa (Gobernuak, errealitate sozioekonomikoa kontuan hartzen duela dio, baina benetan esan nahi duena da ez duela laguntza sozialetara diru gehiago bideratu nahi). Beraien lege proposamenak bide berdinean sakondu nahi du, eskaerak egiteko baldintzak zailduz, eta erabiltzaileak kriminalizatuz, helburu bakarra, murriztea eta gastua gutxitzea da.

Aurkezturiko HELak DSBEren zenbatekoa duindu nahi du, pobrezian edo bazterketa sozialean dagoen jendarteari estaldura hobea ematearekin batera.

Jendartearen zati handi baten babesa duen HELaren eztabaida ez irekitzea exekutibo honen demokrazia parte hartzailearen faltaren beste adierazle bat izango da.
 

 

 

Mobilizazioaren eta alternatiba sozioekonomiko baten eraikuntzaren alde egingo dugu apustu Estatuen inboluzioari aurre egiteko


Bere Nazio Biltzarrak aste honetan adostutako testuinguruaren azterketaren berri eman du LABek. Azterketa honetan, LABek berretsi egin ditu Pirinioetako bi aldeetan gertatzen ari den inboluzio politiko eta sozialaren zantzuak.  


LABek 78ko Erregimenaren gaiztotzea nabarmendu du, nagusikerian oinarritutako agenda bat duelako esku artean Katalunia eta Euskal Herria gisako nazioen eskaera demokratikoei edo zenbait mugimenduei erantzuteko; mugimendu feministari, kasu. Frantziako Estatuari dagokionez, “jaka horien” mugimendu anitzak agerian utzi ditu herritarren gehiengoak bizi dituen atzerapausoak eta berdintasunik eza.

Bi Estatuen agenden aurrean, LABek uste du burujabetzan eta aldaketa sozialean oinarritutako agenda bat egonkortzen ari dela Euskal Herrian. Pentsiodunen mugimenduaren sendotasunak –euren agenda mobilizatzailearekin jarraitzen dute kalean- eta mugimendu feministak martxoaren 8rako Greba Feminista deitu izanak erakusten dute aurreko ikasturteko mobilizazioak ez zirela fenomeno isolatuak izan. Bizitzaren prekarietatea modu nabarmenagoan bizi duten sektoreak aktibatzen ari dira, enpleguaren arloan ere. Borroka eredugarriak ari dira gauzatzen, pertsona migranteak lehen lerrora eraman dituen Huerta de Peraltako borroka edo sektore feminizatuek han eta hemen bultzatutakoak, adibide: Gipuzkoako helduen egoitzetan, Bizkaia eta Donostiako etxez etxeko laguntza zerbitzuan, garbiketa arloko zenbait esparrutan, itunpeko hezkuntzan, Simply, Dia edo Loramendi gisako enpresetan… Hala ere, aurrekontuen eztabaidak agerian utzi du EAJren erresistentzia murrizketak leheneratzeko, politika publikoen norabidea aldatzeko eta aipatutako sektoreei taxuzko erantzunak emateko.

Agenda propioaz ari garelarik, EAEko Autogobernu Batzordean lortutako akordioak estatus politiko berri bat planteatzen du hiru herrialdeetarako, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua sortzea ahalbidetuko lukeena. Euskal sindikalismoak mobilizatu behar du, lehenik, lan eta jendarte gaien edukien inguruko zehaztapen gehiago eskatzeko; eta, bigarrenik, Estatuaren aurrean konfrontazio demokratiko bat ahalbidetuko duen eszenatoki bat irekitzeko, Euskal Herria edo Katalunia subjektu politiko gisa aitortuko duen edozein proposameni Estatuak betoa jarriko diola jakinik. Madrilen erabakiko dutenari buruz itxaropenak sortu ordez, Euskal Herrian erabakitzeko unea da. Negoziazio kolektiboaren estatalizazioaren amaiera Espainiako Kongresuaren esku utzi ordez, euskal langileria aktibatu behar da lan harremanetarako esparru propio baten alde, 1.200 euroko gutxieneko soldata, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa edo soldata arrakalaren amaiera gisako neurriak ziurtatzeko.

Testuinguru honetan, LABeko Nazio Biltzarrak hurrengo sei hilabeteetarako esku hartze ildoak adostu ditu. Honela laburtuko genituzke:

• Sektore eta enpresa mailan borroka sindikalak antolatu, eta, aldi berean, prekarietatearen aurkako aldarrikapen orokorren taula baten inguruan indarrak bildu: 1.) 1.200 euroko gutxieneko soldata eta 35 orduko lan-astea; 2.) Diskriminazio guztiekin amaitu eta berdintasuna eta kontziliazio zein korrespontsabilitate neurriak sustatu; 3.) Prekarizazio eredu oro ezabatu, azpikontratazioa, ustezko autonomoak, bekadunak; 4.) Lanetik etxera bizirik eta osasuntsu itzultzeko eskubidea; 5.) Hemen erabakitzeko eskubidea, estatalizaziorik gabe.
• Greba Feminista lantokietan sustatu, emakume langileen borrokak eta aldarrikapenak ikusgarri eginez.
• Pentsio duinen aldeko borroka enplegu eta soldata duinaren aldeko borrokarekin lotu, pentsionisten borroka langile klase osoaren borroka bilakatzeko urratsak emanez.
• Eztabaida politiko orokorrean eragin, lan harremanetarako eta babes sozialerako esparru propio bat ahalbidetuko duen estatus berri bat aldarrikatuz. 2019ko otsailaren 19an, 25.urteurrena izango da sindikalgintza subiranistak Lan Harremanetarako Euskal Esparru propioa aldarrikapen historikoa egin genuenetik. Urteurren esanguratsua izango da.
• Euskal Herriarentzat proiektu sozioekonomiko propio bat osatzeko eta garatzeko proposamenak egin sindikalismotik.
• G7ak ordezkatutako eredu kapitalista, patriarkal eta arrazistari aurre egin, Miarritzen datorren abuztuan egingo duten gailurraren harira.
• Gatazkaren ondorioak. Euskal preso eta iheslarien etxeratzeko borroka lehentasunezko ardatz bat da. Lantokietan eta kalean presoen etxeratzearen aldeko aktibazioan sakonduko dugu.

 

 

 

Huerta de Peralta-ko langileek abenduaren 26tik aitzina greba mugagabea eginen dute, kaleratutako 4 langile berriz har ditzaten

0

LAB sindikatuak beste behin enpresako zuzendaritza premiatu nahi du bere jarrera zuzen dezan eta aipatu langileak berronar ditzan. Bitartean, LABek adierazi nahi du eskura dituen tresna guztiak erabiliko dituela esplotazioaren eta prekarietatearen aurka, eta dei egiten die langile klase osoari, eta bereziki Huerta de Peraltako langileei, grebarekin bat egin dezaten, antolatzen jarrai dezaten, eta beren eskubideen defentsan zein lan baldintzen hobekuntzaren alde borroka daitezen.

Azkoiengo SAT Nº 413 NA Huerta de Peralta enpresa nekazaritza alorrekoa da; barazkiak hazten ditu eta produktu freskoak ontziratzen ditu (IV. gama). 130 langile baino gehiago ditu -gehien-gehienak pertsona migratzaileak- eta, hartara, sektore horretako Nafarroako enpresa handienetariko bat da. Hala ere, tamaina handikoa izanagatik ere, 2017 arte ez zuen ordezkari sindikalik izan. Orduan egin ziren lehenbiziko hauteskundeak eta orain enpresa batzordeak LABeko 6 ordezkari ditu, CCOOko 2 eta UGTko 1.

Hauteskundeak egin zituztenetik, langileen egoera nabarmen hobetu da zenbait gauzatan: aldi baterako kontratu asko kontratu mugagabe bilakatu zituzten; ordu arte betetzen ez zen hitzarmen bat betetzen hasi ziren; lan orduetan hobekuntzak izan zituzten, bai eta soldatetan ere… Baina, dirudienez, horrek guztiak enpresako zuzendaritzaren mendeku gosea piztu zuen eta orain diziplinazko araudia erabiltzen ari da langileen aurkako disuasio, koakzio eta errepresalia tresna gisa. Hala, anitz izan dira enpresak ezarri dituen zehapenak eta egin dituen kaleratzeak.

Enpresaren jarrera arras bidegabea iruditzen zaionez, eta dinamika horri buelta emate aldera, enpresa batzordearen gehiengoak erabaki zuen urrats bat egitea aitzina eta azaroaren 12rako egun osoko grebara eta hainbat mobilizaziotara deitzea. Greba arrakastatsuaren ostean, enpresak diziplinako araudiaren erabilera arindu eta sindikatuari deitu zion, orduan negoziazio prozesuari ekin genion langileon berronarpena lortzearren. Alta, bilkura batzuen ostean ezin izan da akordiorik erdietsi, enpresak saleroskerietan ibili nahian eta exijentzia maila neurrigabeki igo egin baitu.

Horrela, bada, ekintza sindikala berrindartu eta 26tik aitzinako greba mugagabea deitzea erabaki dugu enpresara itzuli nahi duten kaleratutako 4 langileen berronarpena aldarrikatzeko. Grebaz gain hainbat mobilizazio ere antolatu ditugu. Grebaren lehendabiziko egunean, eguerdiko 12etan enpresako atarian elkarretaratzea eginen dugu eta arratsaldeko 5etan, berriz, ibilgailu karabana bat abiatuko da toki horretatik eta Azkoien, Martzilla eta Funes herrietatik iraganen da. Bigarren egunean, ostegunarekin, langileek Iruñera eramanen dute aldarrikapena, Zaragoza etorbideko 135 zenbakitik UAGNko egoitzaraino manifestazioa eginez, eta gero elkarretaratzea eginez.

 

 

 

Jarraipen zabala izan du Lantegi Batuak-eko langileek egindako grebak

Lantegi Batuak-en greban daude, hitzarmena hobetzeko. Mobilizazioen baitan, manifestazio bat egin dute Bilbon, Jesusen Bihotzetik Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaraino. Grebak %60tik gorako jarraipena izan du, eta tailerrak itxita egon dira.

Lantegi Batuak desgaitasuna duten pertsonei enplegua ematen dien fundazioa da. 2.200 langile eta 21 lan-zentro ditu. Industria eta zerbitzu sektorean aritzen da.

Enpresa-batzordea mobilizazioekin hasi da hitzarmenaren alde. Abenduaren 1ean eta 15ean manifestazioak egin zituzten Bilbon, eta abenduaren 4 eta 11an kontzentrazioak lantokietan. Gaurko, egun osoko greba deitu dute.

Aurreko hitzarmena 2017ko abenduaren 31an amaitu zen eta 10 hilabete daramatza enpresa-batzordeak berria negoziatu nahian.

Aurrerago, 2012tik 2014ra izoztuta izan zuten hitzarmena eta 2015 eta 2017 artean %1eko soldata-igoera izan zuten urtero.

2018koa izan da enpresaren azken eskaintza, zuzendaritzaren esanetan mugitu ezinezkoa dena:

– Hitzarmena indarrean egongo litzatekeen urte bakoitzerako (2018-2020) %1,17ko batez besteko egoera gutxien kobratzen duten kategorientzat (15.645,74 euro edo gutxiago).

– Igoerak handiagoak izan litezke lortutako emaitzen arabera. Enpresa-batzordeak ez du honekin bat egiten, Lantegi Batuak-eko langileek ez dutelako erabakitzeko ahalmenik enpresaren erabaki estrategikoetan.

– Hobekuntza urriegiak eskubide sozialetan.

Enpresa-batzordearen arabera, hau guztiz ez nahikoa da, ondorioz, mobilizazioak egin dituzte, gaurko grebarekin eta manifestazioarekin amaitu direnak. 
 

 

 

Emergentziak zerbitzuak bidezko lan baldintzak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean

0

Emergentziak zerbitzuko langileek Gasteizen elkarretaratu dira, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Protesta Eusko Legebiltzarraren osoko bilera ospatzen zen bitartean egin dute.

“Emergentzietako Langileen Batzordea osatzen dugun LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuok mobilizazioekin jarraituko dugu, Osakidetzak lan-baldintzak negoziatzeko azken Mahai Sektorialaren bileran egin duen proposamena guztiz urria iruditzen zaigulako”, adierazi dugu sindikatuok.

Langileen ohiko aldarrikapenei ondorengoa gehitu dugu: Arabako eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroak desegitearen eta Bizkaiko zentro bakar batean bateratzeko asmoa bertan behera uztea. Beraz, honako hauek dira Emergentziak zerbitzuko langileen aldarrikapenak:

• Arabako eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroak bateratzeko asmoaren ukapena.
• Emergentzietako osagarri espezifikoa langile guztientzat (baseak, helikopteroa, Osasun Kontseilua, Administrazioa, tailerra, biltegia…).
• Koordinazio eta erantzukizun osagarria, koordinazio lanak egiten dituzten langile guztientzat (Erizaintza, Medikuak eta Osasun Kontseilua). Manutentzioa, ordutegia eta atsedenak.
• Aldi baterako langileentzat egonkortasuna.
• Urteko egutegiaren negoziazioa.
• Informazioa transmititzeko denboraren aitorpena (txandartekoa), jadanik egiten ari diren lanpostu guztientzako.
• Formakuntza jarraia ugaritzea, lan orduetan izanda.
• Sakabanatze geografikoa, egutegiagatik, base batetik bestera ibili behar dutenentzat.
• Helikopteroaren lanpostuaren lan-baldintzak.
• Laneko arropa egokia.
• Lanpostu funtzionalen berrikuspena eta balorazio objektiboa. Emergentzietako arriskuagatiko balorazioa kontuan hartuz.

 

 

 

Presoen afera konpontzeko eskatu dugu hainbat sindikatuk Bilbon, bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CNT, CGT/LKN, EHNE, HIRU eta ETXALDEk prentsaurrekoa eman dugu, Bilbo mailako “Konponbide garaia da. Orain presoak” dinamikaren berri emateko. Hain zuzen ere, hilabetero hirugarren ostiraletan, 11:30etik 12:00etara, Bilboko Plaza Eliptikoko Espainiako Gobernuaren delegaritza aurrean mobilizatuko gara. Urtarrilaren 18an egingo dugu lehen protesta. Era berean, urtarrilaren 12an, 17:00etan, “Orain Presoak” gizarte ekimenak Bilbon antolatutako manifestazioan izango garela jakinarazi dugu.

Hauxe da sindikatuok irakurritako adierazpena:

Hemen gauden hamar sindikatuok elkartu gara eta preso dauden pertsonak txertatzeko auziari buruzko amankomuneko irakurketa egin nahi dugu.

Lehenago ETAren behin betiko eta erabateko armagabetzeari gure sostengua adierazteko elkartu ginen eta geroztik beste hiru aldiz modu ezberdinetan elkartu gara, gaixorik dauden presoen arazoa eta hurbiltzea zirela eta.

Beraz, ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, CNT, CGT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuek euskal gizarteari, bere erakundeei eta eragile politiko eta sozial ezberdinei honakoa adierazi nahi diegu:

1. Egungo egoeran, preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzatekela uste dugu.

2. Beraz, arazo honen konponbide orokorra lortzeko asmoz, honako urratsak beharrezkoak lirateke.

a) Gaitz larriak pairatzen dituzten presoen arazoa dela eta, iazko uztailaren 5ean egindako eskaerari berretsi egiten diogu: ”Sindikatuok agintariei estatuan indarrean dagoen legedia eta nazioarteko irizpide zorrotzenak aintzat har ditzaten eskatzen diegu, gaitz larriak edota sendaezinak pairatzen dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko edo espetxetik ateratzeko, duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta”.

b) Espainia eta Frantziako gobernuei preso guztiak Eusakl Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroako espetxeetara ekar ditzaten exijitzen diegu, espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko.

c) Preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatzen dugu, espetxe legediak zehazten duen moduan.

3. Hemen elkartu garen sindikatuok gure dinamika iraunkorraren berri eman nahi dugu. “Konponbide garaia da. Orain presoak” lelopean, aldarrikapen hauek hilabetero hirugarren ostiraletan 11:30etik 12:00etara, Bilboko Plaza Eliptikoko Espainiako Gobernuaren delegaritza aurrera eramango ditugu. Urtarrilaren 18an egingo dugu lehen mobilizazioa.

Urtarrilaren 12an arratsaldeko 17:00etan Bilbon eta “Orain Presoak” gizarte ekimenak antolaturik burutuko den manifestazioan egongo garela jakinarazten dugu.

4. Gizarteari, eta bereziki langileei, bakoitzak bere eremutik, auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lana egin dezan deia luzatzen diegu.