2026-08-21
Blog Page 696

Emakumeen* gaixotasunak ikusgarri egingo ditugu, Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren atarian

0

Apirilaren 26an mobilizatuko gara, ostiralarekin, Hego Euskal Herriko hiriburuetan. Emakumeek* lanean zein maila sozialean pairatzen duten berdintasunik eza ikusgarri egitea dugu lehentasun, baita honen ondorioz emakumeek* eurek pairatzen dituzten osasun ondorioak jakitera ematea ere.

Apirilaren 28an, langileen lan osasuna urtez urte okerrera egiten ari dela salatuko dugu. 2018. urtean, Hego Euskal Herrian, 105.127 lan istripu gertatu ziren, egunero 288; horietatik 283 larriak izan ziren eta 67, hilgarriak. Azken bost urteetan, 268 langilek galdu dute bizia lan istripuen ondorioz. Datuak eskandalagarriak dira, lan istripu gehienak saihestu daitezkeela kontutan hartzen badugu, bereziki.

Odoluste hau salatzeaz gain, aurten emakumeen* eta gorputz ez binarioen osasun galeran jarri nahi dugu arreta, ikusezin egin nahi duten errealitatea baita; hots, ikusezin bilakatu nahi dute sistema kapitalista heteropatriarkalak emakumeei* inposatzen dien diskriminazioa eta lan osasun kaskarra, segurtasun eta lan osasun arloei dagokienez.

Neurri batean, generoen arteko berdintasunik ezaren jatorriak lanean gertatzen den sexu banaketan du oinarria, non gizonezkoei zuzentzen zaizkien lan produktiboa eta soldatapeko lanak eta emakumeei* lan erreproduktiboaren eta zaintza lanen ardura (soldatarik gabekoa). Honek emakumearen* bizitza erabat baldintzatzen du, lan arloan zein gainontzeko esparruetan, eta ondorio kaltegarriak ditu euren osasunean.

Sexu banaketa honek gizonak eta emakumeak* sektore, jarduera eta kategoria profesional desberdinetan egotea ekartzen du. Lan merkatuaren segregazio horizontalaren ondorioz, emakumeek* okupazio aukera gutxiago dituzte, eta tradizioaren izenean familiarki eta sozialki izendatu zaizkien lan eta rolen luzapena diren jardueretan aritu ohi dira, zaintzarekin lotura dutenak, (sektore sozio-sanitarioan, irakaskuntzan, garbiketan…). Jarduera hauetan, gainera, sistemak soldata baxuagoak ezartzen ditu.

Bestalde, lan merkatuaren segregazio bertikala dago, hau da, boterearen eta harremanen banaketa hierarkikoa, non emakumeak* hierarkia profesionalaren barruko beheko kategorietan dauden. Emakumeak* “kristalezko sabaiarekin” topatzen dira aurrez aurre, ikusezin den muga batekin, zenbait lan kategorietara eta erabakitze postuetara jauzia ematea baliogabetzen duena. Hain zuzen ere, zoru itsaskor bati lotuta geratzen dira, eta horrek azpiko lan kategorietan eta kualifikazio gutxiagoko postuetan itsatsita uzten ditu, bertatik ihes egin ezinik, esparru “pribatuan” zaintza lanen ardura izaten jarraitzen baitute.

Zentzu honetan, etxeko langileen ahultasun egoera salatzen dugu. Sektore feminizatua da, pertsona migrantez osatuta gehienbat, eta eskubide sozial eta laboral gutxiago aitortzen zaizkie, Gizarte Segurantzako Erregimenean daudenak, bertan badaude, Lan Arriskuen Prebentziorako Legearen aplikaziotik kanpo daudelarik.

Gizonak eta emakumeak* baldintza eta kokapen sozial desberdinetan daude lan merkatuan, eta horrek esan nahi du emakumeek* lan arrisku desberdinak dituztela, eta, ondorioz, lan osasun arazo desberdinak ere.

Gizonek, neurri handiago batean, segurtasun arriskuei aurre egin behar diete; emakumeek* egiten dituzten lanetan, berriz, arrisku ergonomikoak (arazo muskulu-eskeletikoak) eta psikosozialak edo lan antolaketarekin lotutakoak izaten dira nagusi. Emakumeek* osasunean jasan ditzaketen ondorioak epe luzean agertzen dira, eta arrazoi anitzengatik ager daitezke; hortaz, ikusezin bilakatzen dira, eta, gainera, mutua patronalek gaitzek lanarekin duten lotura ez dute onartzen. Irudimenari edo faktore hormonalei erantzuten dietela esan ohi dute, menopausia edo hilekoa, kasu, eta, modu honetan, lanarekin zerikusia duten gaitzak osasun sistema publikora bideratzen dituzte.

Lan osasun arloko politikek emakumeek* lan produktiboetan dituzten arriskuak gutxietsi eta baztertu egiten dituzte, eta lan erreproduktiboa bera ere ez dute aintzat hartzen.

Gaur egun, lan arriskuen inguruko prebentzioari buruz emakumeek* jasotzen duten arreta haurdunaldira eta edoskitzarora mugatzen da, eta horrek argi eta garbi uzten du zer nolako ikuspegia dagoen lan osasun arloan, sexu eta generoari dagokionez. Mutuek euren boterea erabiltzen jarraitzen dute eskubideak murrizteko, aurtengo urtarrilean egin duten bezala, haurdunaldian egon daitekeen arriskuarekin.

Lan osasunean, generoaren gaian dagoen ustezko neutraltasunarenpean, gizonezko langilearen irudia erreferente bezala hartzen dute edo generoa kontutan hartzeko aldaera bat dela ukatu egiten da, desberdintasun biologiko eta antropometrikoak dauden arren (lanpostuak eta lan tresnak gizonezkoentzat daude diseinatuak), horrek arriskuen aurreko erantzuna erabat baldintzatzen duenean. Eta ez bakarrik emakume* eta gizonen artean, generoaren binarismotik at dauden beste gorputz batzuen existentzia bera ere ez baitute kontutan hartzen.

Emakumeak* pisu emozional eta psikosozial handiagoa duten enpleguetan daude. Emakumeen* lana da:

-Monotonoagoa
-Parte hartze gutxiagorekin, planifikazioari dagokionez
-Exigentzia gehiagorekin
-Jazarpen moral gehiagorekin
-Sexu jazarpen gehiagorekin
-Jendaurrekoari begirakoa gehiago
-Promoziorako perspektiba gutxiagorekin
-Lan prekarietate gehiagorekin -behin behinekotasun altuagoarekin-
-Lanaldi partzialeko lanekin eta soldata arrakalarekin

Eta emakumeek* jasaten duten lan berdintasunik eza honek ondorioak ditu osasunean.

Beharrezko neurriak
Egoera hau ikuspegi desberdinetatik jorratu behar da. Osasun publiko eta lan osasun politiketan ondorengo ezaugarri hauek hartu behar dira kontutan:

-Osasuna, lanarekin zerikusia duten politika guztietan
-Ikusgarri egin ezkutuan dauden arrisku eta kalteak. Izan ere, ikerketa ezak prebentzio eza ekartzen du eta, horrenbestez, arriskuaren pertzepzio okerrago bat
-Lan arriskuen prebentziotik osasun, ongizate eta lanera
-Kontziliazio politikak sustatu, korrespontsabilitatea bultzatzeko eta familia eredu desberdinak kontutan hartzeko xedearekin
-Benetako berdintasun planak egin, eraginkorrak, negoziatuak eta beteko direnak
-Ikusgarritasuna eman gaitz ergonomiko eta piskosozialei
-Osasunarekiko kalte guztiak ikertu (indarkeriagatik, estresagatik eta abarrengatik eratorritako lesioak)
-Emakume langileen parte hartzea sustatu prozesu guztietan. Arriskuak aztertzeko metodologia kualitatibo eta parte hartzaileak erabili, generoa kontutan hartuta
-Esposizioen datuak jaso eta erregistratu; sexu, lan egindako ordu, sektore eta okupazioaren arabera.

Emakumeek* lanean zein maila sozialean pairatzen duten berdintasunik eza ikusgarri egitea dugu lehentasun, baita honen ondorioz emakumeek* eurek pairatzen dituzten osasun ondorioak jakitera ematea ere. Horrela egingo dugu apirilaren 26an (apirilaren 28ko Lan Osasunaren Nazioarteko Egunaren bezperetan), Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan mobilizatuz. Eta bigarren hitzordu bat ere badugu, maiatzaren 28an, Emakumeen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Ekintza Eguna dela eta, testuinguru hori baliatuko baitugu emakumeen* laneko gaixotasunez aritzeko genero ikuspegitik.

 

 

 

Gazte-langabeziaren larritasunaz ohartarazten dugu

Hego Euskal Herrian duela urtebete baino 1.900 gazte gehiago dago langabezian.

INEk argitaratutako Biztanleria Aktiboaren Inkestaren arabera, Hego Euskal Herriko langabezia tasa %9,3an kokatzen da. Honek esan nahi du 124.900 pertsoena dagoela langabezian Hegoaldeko lau herrialdeetan. Hala ere, esan beharrekoa da gizonezkoena %8,9koa dela eta emakumeena, %9,7koa.
Aurreko urteko azken hiruhilabetearekin konparatuta 5.400 pertsonetan egin du behera langabeziak, Aste Santuarekin kointziditu ez arren. Hala ere, gazte enpleguaren etengabeko suntsiketak gure lan merkatuak duen gaitzik handienetakoa erakusten digu.

Zehatzago, azken hiru hilabeteotan 7.500 enplegu galdu dira 25 urtetik beherako gazteen artean. Eta atzera begiratzen badugu, gazte-enpleguaren bolumena, urtaroetako pikoetatik harago, gelditu egin dela ikusiko dugu.

Belaunaldi gazteenak lan mundura sartzeko ezintasun honek gazteen arteko langabeziaren igoera ekarri du berarekin.
Hego Euskal Herrian duela urtebete baino 1.900 gazte gehiago dago langabezian eta gazteen langabezia tasa %30etik gertu dago, Europar Batasuneko batazbestekoa bikoiztuz.

Lan-merkatuaren beste gaitzetako bat dagoen prekarietate izugarria eta ondoriozko enpleguaren desegonkortasuna dira. Izan ere, soldatapekoen laurdenak aldi baterako kontratu batekin ari da lanean, eta emakumeen kasuan, %37,6raino heltzen da behin-behinekotasuna.

Azkenik, eta sortutako enpleguaren kalitate txarrarekin zuzenean harremanatuta, gaizki ordaindudako lanen proportzio altua nabarmendu behar da. Krisia eta erreformen ondorioz soldatak izan dira kaltetu nagusiak, eta gainera, soldata apalenak zituzten enpleguak izan dira kaltetuenak.

Pierre Moscovici ekonomia gaietarako europar komisarioak berak, sindikatuon tesietatik gertu ez dagoenak, soldatak igotzeko ordua dela adierazi du berriki. Baina argi dago inor ez digula ezer oparituko. Gure aldarrikapenak lortzea, gure borroken arrakastaren ondorio izango da.
 

 

 

Hitzarmen duina eta bazterketarik gabekoa aldarrikatzen dugu Arabako metalgintzan

0
LABen sindikatuen guztien parte-hartzea defendatuko dugu berdintasuna eta sailkapen profesionala bezalako gaien negoziazioan, inongo sindikaturen bazterketarik gabe.

Gaur, apirilaren 25ean, Arabako metalgintzako hitzarmenaren negoziazio-mahaiko bilera berria egin da.
Sektoreko berdintasun-batzordea, Arabako industriaren egoerara egokitutako sailkapen profesional berriaren beharra zein soldata igoerak izan dira gaurkoan landu diren gaiak.

Adostasuneko puntu bakarra izan da herrialdeko hitzarmenaren esparruaren barruan eta hori dela eta, kontu hau datozen bileretan landu beharko da.

Kontu ekonomikoari dagokionez, onartezina iruditzen zaigu SEAren proposamena, 2018a soldata- hazkundeen negoziatik baztertzearena. LABen, hitzarmena indarraldian dagoen urte guztietako soldata igoera duinen beharra defendatzen jarraitzen dugu.

Sektoreko berdintasun batzordeari dagokionez, esan beharra dago LABen herrialde mailako batzordea defendatzen dugula, bete beharreko erabakiak hartzeko benetako gaitasunarekin, eta baita Arabako metalgintzako enpresa guztientzat irizpideak zehaztearenarekin ere. Bazterketarik gabeko batzordea, SEA eta CCOOek planteatzen dutenaren kontra, hitzarmena sinatzen duten sindikatuen parte hartzera mugatu nahi baitute.
 

 

 

Idatzi bat erregistratu dugu Iruñean, SAT sindikatuarekin batera, uzta biltzeko kontratatutako langileen eskubideak errespeta ditzatela eskatzeko

0

LAB eta Sindicato Andaluz de Trabajadoras y Trabajadores (SAT) sindikatuok, LABeko Nafarroako Zerbitzu Pribatuen federazioko arduradun Berta Garcia eta SATeko bozeramaile Oscar Reinaren eskutik, idatzi bat aurkeztu dugu Nafarroako Lan Departamentuan. Ekonomia Garapenaren Kontseilaria den Manuel Ayerdiri eta Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioaren Kontseilaria den Isabel Elizalderi zuzendutako testuan, langileen eskubideak berma ditzatela eskatzen dugu, sasoiko uzta biltzeari ekin dioten honetan.

Hauxe da erregistratu dugun idatzia:

Ekonomia Garapenaren Kontseilaria den Ayerdi jaunari,
Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioaren Kontseilaria den Elizalde andreari.

Gutun honen bidez, LAB sindikatuak, zeina nekazaritzako elikagaien Hitzarmenaren Mahaian ordezkatua dagoen, eta SAT sindikatuak, zeinak sasoiko uzta biltzeko kontratatzen diren langile andaluziar asko ordezkatzen duen, eskatzen dizuegu esku-har dezazuela langileen eskubideak gorde daitezen.

Aipatu langileak, batzuk sortzez Nafarrak izaki, eta bertze batzuk hainbat lekukoak izanagatik, adibidez Andaluziakoak, babesgabetasun handiz dihardutenez, gure ustez, Espainiako gobernuaren menpe dagoen Lan Ikuskaritzak, nahiz Nafarroako Gobernuak elkarrekin aritu behar dute segurtatzeko nekazaritza eta abeltzaintza Hitzarmena betetzen dela, eta horrela, prekaritatea eta esplotazio jarduera oro deusezta dadin.

Zehaztearren, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu gisa honetako egintzak bete ditzala:

• Sasoiko pertsonak kontratatzen dituzten ekoizle guztiei jakinaraziko zaie ofizioz haien betebeharrez, eta adieraziko zaizkie bermatu behar dituzten arauak eta baldintzak.
• Landako langileei, haien laneko eskubideei buruz, zuzenduriko jakinarazpen kanpaia egin dadila.
• Nafarroako landan ematen diren baldintzei buruzko galderak, kexuak eta salaketak jasotzeko bide eraginkorrei ekin, sindikatuekin koordinatuz. Urtero eginen den txosten batean jasoko dira kexuak; eta Lan Ikuskaritzari jakinaraziko zaizkio ilegaltasunak antzemanen diren kasuak.
• Nafarroako landa esparruan ematen diren jardute egokiak nabarmendu behar dira.
• Laneko jardute egokiak “Reyno Gourmet” markaren eta nekazaritzako elikagaien esparruan
dauden kalitateko marketan aldagarri berritzat kontuan har daitezela.
• Sasoiko langileen premiak aztertu behar dira, lan esparruaz gain (ostatua, garraioa, eskolatzea, osasungintza), jaso ohi dituzten zerbitzuak hobetzeko egitasmo bat erdiesteko aurreko urrats gisa.
• Aipatu esparruetan, Nafarroan eskuragarri dauden baliabideei buruzko informazioa (ostatua, garraioa, eskolatzea, osasungintza) banatuko da sasoiko langileen artean.

Horretaz guztiaz mintzatzeko agertzen gara.
 

 

 

Lantokietan ere ikusgarriak garela aldarrikatu dugu, Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Egunaren bezperan

Apirilaren 26a Ikusgarritasun Lesbikoaren Nazioarteko Eguna da. LGTB+ eragileek, bere mobilizazio agendan jaso dute egun hau lesbianek jendartean betetzen duten papera aldarrikatzeko. Jendartean, erreferentzia positiboak sortu nahi dira, diskriminazioarekin bukatzeko. Egun honetan, eskubide berdintasuna eta diskriminazioarekin bukatzea aldarrikatzen dira.

Emakume* langile eta lesbianok lantokietan ere, geure existentzia aldarrikatu behar dugu patronal, lankide bezero, erabiltzaileen eta ikasleen aurrean. Jendarte heteropatriarkalaren aurrean zaila bada, horren gatazkatsua, indarkeriaz betea eta arrotza den lan munduan, orduan eta zailagoa.

Merkatuaren logikan, lesbianok ez gara existitzen. Emakumeok* beraien senar edo bikote gizonen soldatak osatzeko egiten dugu lan, ez da planteatzen bi emakumek edo emakume bakar batek bere bizi proiektua izatea.

Kapitalak, gayekin ez bezala, ez du gugan errentagarritasun ekonomikorik aurkitu, horregatik mantentzen gaitu izkutuan eta eskubide gutxiagorekin. Beldurrez bizi gara beraz, gure eskubideak arlo guztietan erasotuak daudenez, gure aukera ez dugu erakusten.

Izkutatzera derrigortuak gara, nahi edo nahi ez, eta horrek, ondorio zuzenak dauzka: ez gara existitzen, eta beraz, ez da gure erreferentzia positiborik sortzen, eta beraz, ez da normalizatu eta naturalizatzen, eta existitzen ez bagara, dagoen gure aurkako gorrotoa ere ez da ikusten eta beraz ez da gorroto horrekin amaitzen. Baina gorrotoa, eskubide falta eta diskriminazioa egunero pairatzen ditugu.

Egoera honen aurrean, LABek apirilaren 26a bere agendan sartu nahi du eta bat egiten du LGTB+ mugimenduarekin. Emakume*, langile, lesbiana eta feministok aldaketa sozialaren kide aktibo izan behar dugu. Langile guztiok klase borrokan indar egin behar dugu sexu aniztasuna aldarrikatzeko.
 

 

 

Txus Martin eta gaixo dauden beste presoak etxeratzeko exijitu dugu Gasteizen, Jaurlaritzaren aurrean

LAB Osakidetzako delegatuek eta kideek Eusko Jaurlaritzaren aurrean elkarretaratzea egin dute, Gasteizen,Txus Martin euskal preso politikoaren egoera larria salatzeko. Hain zuzen ere, Txus Martinek bihotzeko ebakuntza larri bat zuen gaur.

Txus Martin euskal preso politikoarekiko elkartasunean bildu gara gaur, Eusko Jaurlaritzaren aurrean, Gasteizen. Preso honek gaixotasun larriak dauzka, bai fisikoak, bai psikologikoak, espetxe politika honek eraginda. Isolamenduak, urrunketak, dispertsioak…presoak gaixotzen ditu heriotzera eraman arte.

Espetxe politika honek heriotza zigorra ezartzen die euskal preso politikoei.Txus Martin presoaren bihotzeko ebakuntza oso larria baldin bada, medikuen arabera postoperatorioa oraindik eta larriagoa izan daiteke. Beraz, etxean behar du egon bizirik eta onik jarrai dezan.

Gaur 21 gurutze ekarri ditugu elkarretaratzera, heriotza zigorra ezarri zaielako 21 euskal presori. Gaur, berriz ere, beraien eskubideen alde borrokan jarraituko dugunaren konpromisoa berretsi nahi dugu. Etxean eta bizirik nahi ditugu.

LAB Osakidetzatik, Nekane Murga kontseilari berriari, Osakidetzako buruari, argi utzi nahi diogu 21 euskal biztanle hauek ere bere ardura direla. Gaixo dauden 21 euskal presoak euskal herritarrak dira, eta Euskal Herrian ez badaude, espetxe politikak, dispertsioa politika krudel honek, herritik ehundaka kilometrora urrunduta dituelako da. Baina Osakidetzako erabiltzaileak dira. Eta Osakidetzako erabiltzaile diren heinean, beraien eskubideak bermatu behar ditugu. Osasuna eskubide unibertzala da. Pertsona orori dagokiona, baita preso daudenei ere.

Beraz, Nekane Murgarekin hitzordua eskatu dugu, batetik momentu honetan Txus Martinen egoeraren larritasuna jakinarazteko, baita beste 20 presoen berri emateko ere, eta, bestetik, arazo honi konponbideak bilatzen saiatzeko.

Osakidetzan lan egiten dugunok badakigu gauzak ondo egin daitezkela, baina argi daukagu ere ardurak nork dituen.
Horregatik egin dugu elkarretaratzea, Eusko Jaurlaritzaren aurrean. Mendeku garaiak alde batera utzi eta goazen konponbide garaiak jorratzera. Mendeku garaiak utzi eta ekar dezagun Txus Martin etxera, baita gaixo dauden beste 20 presoak ere. LAB Osakidetzatik argi dugu horretan jarraituko dugula lanean, orain arte bezala.
 

 

 

Egiaztatu egin dugu Gipuzkoako obra handietan ez dutela eraikuntzako hitzarmena betetzen

0

Hitzarmena urratzen ari dela antzeman ondoren, LAB sindikatuak Lan Ikuskaritzari eskatu dio azter dezala Gipuzkoako obra handietako lan-egoera. LAB sindikatuak, azken hilabetean, hitzarmenaren arabera ordaintzen ez delako hainbat salaketa jarri ditu, Zubietako errauskailuko obrei nahiz Abiadura Handiko Trenari dagokienez, UTE Zubieta eta UTE Aduna enpresa sustatzaileen aurka, hurrenez hurren.

Lehen adibidean, Zubietako errauskailuarenean, enpresak dagoeneko onartu eta ordaindu dizkio langileari zor zizkion kopuruak.

Gainera, Lan Ikuskaritzan salaketak aurkeztu ditu LABek Anoetako estadioan egiten ari diren obren harira, dorre-garabia gaizki kokatu dutelakoan, neurri handiko hiru dorre-garabi kokatu dituztelako 50 metro baino txikiagoa den erradio batean, perimetro horretan langile kopuru handiak diharduenean. Horrek arrisku handia eragiten die langileen integritateari eta segurtasunari.

Gertakari hauek agerian uzten dute eraikuntza sektorean prekarietatea eta segurtasun neurri eza ez direla kasu bakanak, behin eta berriz errepikatzen direnak baizik, obra publiko eta pribatu guztiei eragiten dietenak. Eraikuntzan masiboki kontratatzean errazten da lan legeria ez dela beteko, eta langileek haren ondorioak jasango dituztela. Obretan eta zerbitzuetan azpikontratazio pila lotzearen erabakia politikoa da, langileen kontura kostuak aurrezteko helburuarekin hartua.

Enpresei nahiz obra hauen menpe dauden euskal erakundeei (Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Aldundia eta Donostiako udala) Gipuzkoako eraikuntza hitzarmena betetzen dela berma dezatela eta azpikontratazioari mugak jar diezazkiotela eskatzen die LABek.

Hiru erakundeetan agintzen ari den EAJri dagokionez, Gipuzkoako eraikuntza hitzarmena betetzen dela bermatzea eta azpikontratazioari mugak jartzea eskatzen dio LABek.
 

 

 

Portugalgo langile klaseari gure elkartasuna luzatzen diogu, Krabelinen Iraultzaren 45. urtemugan

0

Gaur, apirilak 25, Portugalgo Krabelinen Iraultzaren 45. urtemuga ospatzen da eta LAB sindikatutik Portugalgo CGTP IN sindikatuari eta Portugalgo herriari gure agurra bidali nahi diegu. Hain zuzen ere, Portugalgo langile klaseari gure elkartasuna eta gizarte justu bat eraikitzeko gure konpromisoa berresten ditugu.

Gaurkoa egun berezia da Portugalen, 1974ean Salazar diktadorea boteretik bota zuen Krabelinen Iraultzaren 45. urtemuga ospatzen delako. Iraultza honek, ordea, ez zuen diktadorea bakarrik bota nahi izan eta gizarte justuago bat eraikitze bidean urrunago joatea zuen helburu.

Horregatik, Portugalgo herriarentzat hain berezia den egun honetan gure internazionalismo politikotik, eta anaitasun nahiz adeitasun osoz, Krabelinen Iraultzak bilatzen zituen helburuen aldeko borrokak Euskal Herriko langile klasea eta LAB sindikatua aliatu eta bidelagun izango dituela adierazi nahi diegu.

Bai Portugaldarrek eta baita guk ere berdinen errepublika bat eraikitzea dugu helburu komun bezala. Zapalkuntzarik gabeko mundu bat dugu amets, eta, bide horretan, elkarlanean jarraitzeko konpromisoak indartsu jarraitzen du. 1974Ko apirilaren 25ean, Portugalgo herriak amets egiten zuena bilatzen jarraitzen dugu, konbentzituta gaudelako, Jose Saramagok zioen bezala, “aurkitzeari benetako zentzua bilaketak ematen dio… asko ibili behar da benetan hurbil dagoena aurkitu ahal izateko”. Gu ziur gaude, bai Euskal Herria eta bai Portugalgo herria amesten duguna lortzetik hurbil gaudela.

 

 

 

Amiantoaren ondorioz hildako bi lankide ohiren omenezko omenaldia eta lanuztea egingo dituzte CAF Beasainen, apirilaren 30ean

0

10:00etatik 11:00etara, CAF Beasaingo Sarrera Nagusian amiantoaren biktimen omenez eginiko monumentuaren inguruan omenaldia eta elkarretaratzea burutuko dute.

Hauxe da enpresa batzordearen oharra:

Amiantoarekin lana egitearen ondorioz, CAFeko langile erretiratuak ziren bi lankideren I.S.E eta A.S.H.en heriotzaren aurrean, ondorengoa adierazi nahi dugu:

– APIRILAK 30 asteartea, 10.00etatik 11.00etara CAF Beasaingo Sarrera Nagusian amiantoaren biktimen omenez eginiko monumentuaren inguruan (amiantoarenean) omenaldia eta kontzentrazioa burutuko dugu.

– Beasaingo lantegian dagoeneko 37 langile dira , beraien lanpostuetan amiantoa arnastearen ondorioz hildakoak eta heriotza amiantoa lanpostuetan izatearen ondorioz eragin duenaren errekonozimendua lortutakoak.

– Gai honetan nahastuta dauden enpresen jarrera salatu nahi dugu, gaixo edo hildakoei, eta ondorioz baita familiartekoei ere, indemnizazio edo laguntzen errekarguak eskatzeko oztopoak jartzen bai dizkiete.

– Administrazioen jarrera itxia ere salatu nahi dugu. Biktimak laguntzeko bideak zaildu eta Europako beste hainbat herrialdetan funtzionatzen duten konpentsazio fondo baten sorrerari eragozpenak jarri bai dizkiete urtez urte. Bide hauek ireki eta garrantzia emango balie, biktimek ez lukete auzitegietara joan beharrik izango.