Gaur, apirilak 25, Portugalgo Krabelinen Iraultzaren 45. urtemuga ospatzen da eta LAB sindikatutik Portugalgo CGTP IN sindikatuari eta Portugalgo herriari gure agurra bidali nahi diegu. Hain zuzen ere, Portugalgo langile klaseari gure elkartasuna eta gizarte justu bat eraikitzeko gure konpromisoa berresten ditugu.

Gaurkoa egun berezia da Portugalen, 1974ean Salazar diktadorea boteretik bota zuen Krabelinen Iraultzaren 45. urtemuga ospatzen delako. Iraultza honek, ordea, ez zuen diktadorea bakarrik bota nahi izan eta gizarte justuago bat eraikitze bidean urrunago joatea zuen helburu.

Horregatik, Portugalgo herriarentzat hain berezia den egun honetan gure internazionalismo politikotik, eta anaitasun nahiz adeitasun osoz, Krabelinen Iraultzak bilatzen zituen helburuen aldeko borrokak Euskal Herriko langile klasea eta LAB sindikatua aliatu eta bidelagun izango dituela adierazi nahi diegu.

Bai Portugaldarrek eta baita guk ere berdinen errepublika bat eraikitzea dugu helburu komun bezala. Zapalkuntzarik gabeko mundu bat dugu amets, eta, bide horretan, elkarlanean jarraitzeko konpromisoak indartsu jarraitzen du. 1974Ko apirilaren 25ean, Portugalgo herriak amets egiten zuena bilatzen jarraitzen dugu, konbentzituta gaudelako, Jose Saramagok zioen bezala, “aurkitzeari benetako zentzua bilaketak ematen dio… asko ibili behar da benetan hurbil dagoena aurkitu ahal izateko”. Gu ziur gaude, bai Euskal Herria eta bai Portugalgo herria amesten duguna lortzetik hurbil gaudela.