LAB eta Sindicato Andaluz de Trabajadoras y Trabajadores (SAT) sindikatuok, LABeko Nafarroako Zerbitzu Pribatuen federazioko arduradun Berta Garcia eta SATeko bozeramaile Oscar Reinaren eskutik, idatzi bat aurkeztu dugu Nafarroako Lan Departamentuan. Ekonomia Garapenaren Kontseilaria den Manuel Ayerdiri eta Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioaren Kontseilaria den Isabel Elizalderi zuzendutako testuan, langileen eskubideak berma ditzatela eskatzen dugu, sasoiko uzta biltzeari ekin dioten honetan.

Hauxe da erregistratu dugun idatzia:

Ekonomia Garapenaren Kontseilaria den Ayerdi jaunari,
Landa Garapena, Ingurumena eta Toki Administrazioaren Kontseilaria den Elizalde andreari.

Gutun honen bidez, LAB sindikatuak, zeina nekazaritzako elikagaien Hitzarmenaren Mahaian ordezkatua dagoen, eta SAT sindikatuak, zeinak sasoiko uzta biltzeko kontratatzen diren langile andaluziar asko ordezkatzen duen, eskatzen dizuegu esku-har dezazuela langileen eskubideak gorde daitezen.

Aipatu langileak, batzuk sortzez Nafarrak izaki, eta bertze batzuk hainbat lekukoak izanagatik, adibidez Andaluziakoak, babesgabetasun handiz dihardutenez, gure ustez, Espainiako gobernuaren menpe dagoen Lan Ikuskaritzak, nahiz Nafarroako Gobernuak elkarrekin aritu behar dute segurtatzeko nekazaritza eta abeltzaintza Hitzarmena betetzen dela, eta horrela, prekaritatea eta esplotazio jarduera oro deusezta dadin.

Zehaztearren, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu gisa honetako egintzak bete ditzala:

• Sasoiko pertsonak kontratatzen dituzten ekoizle guztiei jakinaraziko zaie ofizioz haien betebeharrez, eta adieraziko zaizkie bermatu behar dituzten arauak eta baldintzak.
• Landako langileei, haien laneko eskubideei buruz, zuzenduriko jakinarazpen kanpaia egin dadila.
• Nafarroako landan ematen diren baldintzei buruzko galderak, kexuak eta salaketak jasotzeko bide eraginkorrei ekin, sindikatuekin koordinatuz. Urtero eginen den txosten batean jasoko dira kexuak; eta Lan Ikuskaritzari jakinaraziko zaizkio ilegaltasunak antzemanen diren kasuak.
• Nafarroako landa esparruan ematen diren jardute egokiak nabarmendu behar dira.
• Laneko jardute egokiak “Reyno Gourmet” markaren eta nekazaritzako elikagaien esparruan
dauden kalitateko marketan aldagarri berritzat kontuan har daitezela.
• Sasoiko langileen premiak aztertu behar dira, lan esparruaz gain (ostatua, garraioa, eskolatzea, osasungintza), jaso ohi dituzten zerbitzuak hobetzeko egitasmo bat erdiesteko aurreko urrats gisa.
• Aipatu esparruetan, Nafarroan eskuragarri dauden baliabideei buruzko informazioa (ostatua, garraioa, eskolatzea, osasungintza) banatuko da sasoiko langileen artean.

Horretaz guztiaz mintzatzeko agertzen gara.