Gaur duela urtebete pasatxo ekin geniola grebari Alfa Precision Casting eta Util Alfa enpresetan eta 6 hilabete bete dira ere enpresa-batzordeak konkurtso-administratzaileekin akordioa lortu zuenetik. Horregatik, ELAk eta LABek ordudanik gertatu denari buruzko iritzia agertu nahi dute.
Tamalez, Alfa taldearen bilakaera ez zen 2017. urtean hasi, urte batzuk lehenago baizik. Gogora dezagun Alfa taldean 800 langile baino gehiago zegoela 2008. urtean, eta gaur egun, 50 baino gutxiago daudela plantillan.
Greba mugagabe honi ekin genion sindikatuek, Alfa Taldeko hiru zuzendarien artean eta Industrias GOL saltzearen truke, 2.289.092 € baino handiagoa zen “arrakasta-saria” banatzearen berri izan genuenean. Aipatu enpresa Alfa Taldearena zen, eta 22.000.000 euroren truke saldu zuten arren, gaur gaurkoz ez dugu haien berri. Dena den, paradoxikoa da, aipatu enpresa, Industrias GOL, taldea osatzen duten taldearen gainerako enpresen abalarekin erosi zutela, denak zorpetuz eta zigortuz.
Zeintzuk dira zuzendariak eta ugazabak diren Jon Ander Buentxearen, Jorge Aguirrebeñaren eta Iñaki Uzkudunen industria-proiektuak? Non daude Industriak GOLen 22 milioiak? Zertan da gainerako enpresen etorkizuna? Zer egin zen antzinako Alfak betetzen zuen orubearen salmentarekin? Zer gertatuko da egungo orubearekin? Gure ustez, gaur arte, enplegua suntsitzeaz gain, enpresak salerosiz, industria-espekulazioan eta orubeen espekulazioan aritu dira. Aurrerantzean, espekulatzaile-talde honengatik espero dezakegun bakarra, industria-proiektuak suntsitzen arituko direla da, eta horrekin batera, familia askoren etorkizuna, haien banku-kontuak loditzen duten bitartean.
Alfa Precision Castingeko 131 beharginei eragiten dien likidazio-prozesua amaitu eta inbertitzaile berria (Eibar Precision Casting) sartu ostean, gaur egun, bertako langile-kopurua 60 pertsonetakoa da. Honi dagokionez, salatu nahi dugu kontratazio berri hauek bazterkeriaz erabili direla. Gaur egun, langileen %95a eskirolak dira, ez zuten bat egin gehiengoak batzarrean erabaki zuen greba mugagabea egitearekin.
Alfa Taldean, aurre egiten zuenari egiten zitzaion jazarpen sindikala eta sorgin ehiza, greba honetan behin eta berriz errepikatzeaz gain, aurrekoetan eman zen, eta gaur egun bere horretan dirau. Horren adierazgarri, Alfa Laneko behargin bat, bajan zegoena eta urte luzez sindikatuko ordezkaria izan zena, kaleratu izana dugu.
Jendartean salatu nahi dugu ere, prozesu honetan zehar, grebalarien ustez, administrazio publikoek (EAJren esku dagoen Eusko Jaurlaritza eta Aldundia eta PSOEren esku dagoen Eibarko Udala) guztiz baztertu dituztela. Aipatu administrazioek eta haien buruek agertu duten jarrera, testigantzakoa, geldoagoa eta langileen geroarekin baino zuzendaritzarekin ulerberagoa izan da, aditzera mugatu zirelako, konpromiso argirik hartu barik, Alfa Taldeak jasan duen hondamenaren gaizkideak izanik.
Ez dezakegu ahantz, Eibarko alkatea den Miguel de Los Toyosek ez zuela inolako inpartzialtasunik agertu, jendartean adierazi zuenean, eskirolen alde zegoela, “guztiz ahanzten genituela”. Eskirol horiek, batzarreko lankideen artean greba egiteko erabakiari begirunerik ez agertzeaz gain, funtsezko eskubide horren urraketan partaideak izan ziren, halaxe onartu baitzen epai juridikoan.
Honek argitzen du langileen %95a eskirolak direla, eta nabarmentzen du aurre egin dutenek eta haien senideak enpresa porrotera zeraman taldearen zuzendaritzari aurka egiteagatik (poltsikoak betetzen ari ziren bitartean) kalean utzi dituztela.
Bihotzez eskertu nahi diegu Eibarko herritarrei, egin manifestazioetan, enkarteladetan eta mobilizazioetan, Ipuruakoan adibidez, eman zaigun sostengua eta laguntza, baita Untzagako karpan jaso dugun elkartasuna ere.
Amaitzeko, eskertu nahi diegu Untzagako erretiratuen egoitzakoei, laguntza morala ez ezik, ordainezina den laguntza logistikoa eman digutelako.
“G7 EZ ! EH-tik beste mundu bat eraikitzen" plataformak mobilizaziorako deia luzatu du gaurko, Biarritzen, 2019ko abuztuko G7aren gailurra prestatzeko bilera dela eta. Bada, Frantziako polizia indarrek Biarritz hartu dute, baina, hala ere, gomazko pilotekin ere oldartu badira ere, ez dituzte protestak isilarazi. Plataformako kide izanik, LABeko ordezkaritza bat mobilizazioetan izan da, aldaketa soziala aldarrikatzeko. Emmanuel Macron ordez, Frantziako Europako eta Kanpo Aferetako ministro Jean Yves Le Drian izan da Biarritzen. Hala, Macron, bere Gobernua eta G7a ordezkatzen duten potentzietako ordezkariak Euskal Herritik kanpo nahi ditugula ozen aldarrikatu dugu.
Langile klasearen kapa guztiak artikulatu nahi ditugu, eta sindikatuak arreta berezia jarriko dio migranteen sektoreari.
Hauxe da LAB sindikatuak egindako adierazpena, Migranteen Nazioarteko Eguna dela eta:
Mundu mailako krisiaren aurrean gaude. Gizateriak inoiz ez du ezagutu horrelako krisi sistemiko eta zibilizatoriorik. Gudak, desertifikazioa, gaizki izendaturiko pertsona errefuxiatuen krisia, natur baliabideak bukatzea, herrien burujabetza tratatu berrien azpitik egotea, desberdintasunak, bizitza eta lanaren prekarizazioa, protesta sozialaren kriminalizatzea, zenbatu ezinak diren migranteen heriotzak Mediterraneoan eta munduko muga ezberdinetan… kapitalaren akumulazioa eta kontzentrazioa ezaugarritzat daukan sistemaren ondorioak dira.
Jakina da, baina gogorarazi behar da gaur egun pobreak diren herrialdeak kolonizatuak izan zirela, espoliatu egin zirela eta inbadituak izan zirela, bai ekonomikoki, eta bai kulturalki. Beraien aberastasuna, mendeetako kultura, hizkuntzak eta aberastasuna banatzeko erak lapurtu zaizkie enpresa transnazionalen zerbitzura dauden potentzia inperalisten aldetik, hauen mugarik gabeko zekenkeriaren bidez. Herriek eta pertsonek ezin ditzakete beraienak diren baliabideak kudeatu, ezin ditzakete beraien baliabideak garatu munduko ordenu berriaren interesen erruz. Egoera hauek ezinezko bilakatzen dio milioka pertsonari beraien herrialdeetan geratzea, beraien herriak uztera behartuak daude. Gudengatik edo arrazoi ekonomiko edo naturalengatik, beraien bizitzak, herriak, lagunak, lanpostuak eta familiak atzean utzi behar dituzte. Kanporatze hauek, logika geografiko sinpletik haratago doaz; gaizki deituriko lehen mundu honetan, langile klasea kanporatzen ari da etengabe, miseria eta prekaritatera kondenatuz.
Dena bilakatzen dute merkantzia, ez bakarrik langileen lan indarra, baita langileon bizitzako arlo guztiak ere. Ustezko ongizate estatuaren kontsentsu soziala apurtu egin da; kapitala merkatu eremu berrien bila dabil. Aurretik jabetza komunalekoak ziren baliabide asko, ura adibidez, pribatizatzen ari dira, eta kapitalaren akumulazio logikan kudeatzen dira. Kontsumo eta produkzio era alternatiboak desagertzen ari dira (indigenak). Nazionalizatuak ziren industriak pribatizatzen dira. Familienak ziren nekazal produkzioak, enpresa handiek jaten dituzte. Eta esklabutza ez da desagertu (komertzio sexuala, umeen lanak). Hazkunde ekonomikoa inoiz ez da ona izan. Azken urteetako gorakadek, garai berri bat markatzen dute, munduko gero eta pertsona eta herrialde gehiagori eragiten diolako. Gure planetak aurretik ikusi gabeko txikizioa. Antropozenoaren aroan gaude, pertsonen eraginak ingurumena markatzen duen garaian.
Kapitalismo estratibistak, kontsumo eta produkzio sistema bezala ingurumenean kalteak eragiten ditu, eta aldaketa klimatikoa biderkatzen du (faktore erabakiorra migrazio krisiarekiko).
Gero eta pertsona gehiagok utzi beharko dituzte beraien oinarrizko herrialdeak beraien bizirautea bermatzeko. Urte askotan, aurrerakuntza ekonomikoa, herrialde bateko baliabide naturalak munduko beste eremu batera garraiatzeari deitu izan zaio. Zenbaezinak dira biziraute arrazoi sinpleagatik beraien oinarrizko herrialdeak utzi behar izan dituztenak lurrak akaparatu dizkietelako, extraktibismo energetiko edo mehatzeengatik edo lurrak basamortu bihurtu dizkietelako. Beraz, biosferako oinarriak mehatxatzen dira, gero eta lur eremu eta ur eremu zabalagoak hilda utziz, eta jendearen ihes masiboa probokatuz. Inoiz baino beharrezkoagoa da trantsizio ekosozialista- feministari bide ematea, beti ere berau langileoi bizkarra emanda egiten ez bada. Trantsizio hori eragile sozial eta sindikalon parte-hartzearekin egin behar da.
Euskal Herria, historian zehar, migrazioaren emaile eta hartzaile izan da. XIX. mendean eta batez ere Bizkaian, Estatuko herri ezberdinetako langileak etorri ziren industrian eta meatzeetan lan egitera. 60 eta 70. hamarkadetan, industriaren loraldian, beste migrazio fluxu bat etorri zen enplegu bila. Hego Euskal Herria frankismopean zegoen, eta dagoeneko zigortuak zeuden gure kultura eta hizkuntzan eragin handia izan zuen etorrera harek. Egoera hori izanda baina, euskal jendarteak, eta bereziki ezker abertzaleak, herri proiektua eta proiektu politikoa artikulatzen jakin zuen herri sektore guztientzako, bai migratu beharra izan zuten horientzako ere. Izan genuen trebetasunaren emaitza izan zen Euskal Herri Langilearen teoria eta praktika. Momentu honetan, horrelako garai garrantzitsu baten aurrean gaude, eta trebeak izan behar gara borroka eta herri eskaintza egiteko orduan. Zentzu honetan, LABetik, gure Biltzar Nagusian erabaki bezala, langile klasearen kapa guztiak artikulatu nahi ditugu, eta arreta berezia jarriko diogu gure interbentzio sozio sindikalean migranteen sektoreari.
Aipatu dugun bezala, gaur egun migrazio berriak jasotzen ari gara, hauek txikiagoak badira ere, eta egungo ezaugarri ekonomiko, politiko eta sozial ezberdinetan. Gainera, migrazioaren feminizazioa ematen da, pertsona migranteen %50a emakumeak dira, gero eta gehiago dira beraz.
Euskal Herriak gaur, orduan bezala ez dauka erabakitzerik ez tresna nahikorik herritartasunaz edo naziotasunaz erabakirik hartzeko. Espainiako eta Frantziako estatuak dira beraien atzerritarren legeekin arau sistema inposatu dutenak, honek, bidean daudenei eta pertsona migranteei oinarrizko eskubideak zailtzen dizkiete.
Bizitza eta lana prekarizatzeko prozesu honek, pobreago eta esklabuago bihurtzen gaitu. Kapitalak, historikoki, migrazio mugimenduak langabezi beharrizanak, miseria eta gudak leuntzeko erabili du. Langileok, beharrizanez enplegua bilatu dugu mugak eta legeak begiratu gabe, eta hau larrituz joan da herrialde txirotu eta aberatsen artean. Migranteen %80a bere enplegutik bizi da, modu prekario edo egonkorrean, egoera arautu edo desarautuan. Langileon lan baldintzen eraso izugarri baten aurrean gaude orokorrean, eta langile migranteen kasuan bereziki, hauek kontratu prekarioenak dauzkatelako (baldin badituzte), soldata baxuenak dituzte eta eskubide laboral eta sindikalak ez zaizkie onartzen. Gure borrokak, borroka bakar bezala ulertu behar ditugu. Faxismoak, gure artean kontraesanak sortu nahi ditu, eta ez diogu onartuko. Izan migranteak edo ez, langile klase berekoak gara.
LAB sindikatutik, integraltasunaren bidean pausu berriak emateko ordua heldu dela deritzogu, bide horretan, beste neurri batzuen artean, hondokoak aipatu nahi ditugu:
– Langile migranteek gune propioak izan behar dituzte, Nafarroan aniztasun kulturalaren lan taldea martxan jarri dugu.
– Kultura sindikaletik urrun dauden langileak, migranteak izaten dira sarri. Sindikatuak langile hauek antolatu daitezen tresnak jartzea erabaki du. Nafarroako Piztu Alarma dinamikak, beharrizan horri erantzun nahi dio, helburua beraien errealitateak, bizipenak eta beharrizanak ezagutzea da. Emaitza egokia lortu dugulakoan gaude, oraingoz Piztu Alarman antolaturik dauden langileen %10 langile migranteak dira.
– Ildo honetan, Huerta de Peralta lantokian buruturiko lan sindikala azpimarratu nahi dugu. Enpresa honetako langileen kontrako irainak eta erasoak etengabeak izan dira. Sail sindikala antolatu, eta hauteskunde sindikaletan oso emaitza onak izan dituzte, aurrerantzean, lan honek beraien bizi eta lan baldintzetan eragin baikorra izango dutela seguru gaude. Azaroan, enpresa batzordeak deituta grebara atera ziren, eta etorkizunean, enpresa honetako borrokaren berri izango dugu. Borroka honen berri emateko, akusazio bezala kasu hau Londresen azaroan izan zen Herrien Epaitegi Iraunkorrera eraman genuen.
Igande eta jai egunetan merkataritza irekitzearen aurkako plataformak kontzientziazio eta salaketa kanpaina bati ekingo dio, merkatariak, langileak eta kontsumitzaileak eskutik helduta joan daitezen. Plataformaren ikurra eramango dute eta dendako atean denda adeitsua dela adieraziko dute. Hala jakinarazi dute Bilbon, El Corte Ingleseko atarian, egindako agerraldian.
Igande eta Jai-egunetan Merkataritza Irekitzearen aurkako Plataforma osatzen dugunok: LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK eta CGT sindikatuak, Euskaldendak-i atxikitako merkatarien elkarteak, EKA/ACUV eta EKE kontsumitzaileen elkarteak, Bilboko Auzokideen Elkarteen Federazioa, Donostiako Bizilagunekin Plataforma, REAS (Euskadiko Ekonomiaren Sare Alternatibo eta Solidarioa), Ernai eta SOS Alde Zaharra-k, hurrengo hau aldarrikatzen dugu:
Euskal Autonomia Erkidegoan ezarri nahi izan dizkiguten lege-aldaketen gainetik, gure arteko "itun" bati eutsi diogu azken urteotan, eta horrela, orain arteko ohiturei jarraikiz gure sektorea orekan mantendu ahal izan dugu, eta esparru honetan lan-baldintzak errespetatu dira orokorrean, bai merkataritzako langileenak, bai dendetako ordutegi eta egun-liberalizazioaren eraginpeko beste sektore batzuetako langileenak (autonomoak eta besteren konturako langileak).
Baina denek ez dute oreka hori gogo onez onartu nahi izan. Kate handiek, zenbait erakundek eta kargu publikok urtero-urtero gogoratzen digute zein den beren asmoa: merkataritzako ordutegia liberalizatzea; eta hortaz merkatariak dendak jai-egunetan zabaltzera bultzatu nahi dituzte, salmentak ugalduko dituztelako gezurrezko promesak emanez. Asper-asper eginda gaude beti merkataritza-kate handien eta multinazionalen alde daudela ikusteaz. Gu beti limurtu nahi gaituzte esanez denda txikien salmentak ugalduko direla igande eta jai-egunetan irekiz gero. Baina etsigarria da ikustea nola gure hiri eta herriak, merkataritza gune eta kate handien beharrizanen arabera diseinatzen dituzten, herri eta auzuneetan denda anitzak sustatu beharrean, enplegu egonkorra eta langile eta auzokideentzako zerbitzua eskainiz. Nahiko gezur eta engainu entzuten ari gara, eta jendea manipulatu nahiean ari dira. Enplegua eta salmentak ez dira handituko dendak beti irekita edukitzeagatik, baina horretara eraman nahi gaituzte edozein aitzakia jarriz, dela aparteko gertaerak, dela turismoa, dela ikasleak; baina beti kate handien interesei begira. Guk nahi ditugun hiri eta herriak beraietan lan eta bizi direnen neurrira egindakoak dira.
Hala ere, gaur egun Euskal Autonomia Erkidegoko merkataritza-sektorearen oreka mehatxupean dago berriro. Hala da, elikadura-sektoreko kate handiak, batik bat, Carrefour Express, Simply, Supercor (Corte Ingles) edo Coviran besteak beste, apurka-apurka irekitze-eredu bat hedatzen ari dira gure lurraldean zehar, urteko egun guztietan irekita egoteko, kasu askotan 24 orduko formatuetan 365 egunetan. Kezkagarria da horietako batzuk frankiziatutako merkatari txikiak izatea (batzuetan marka handiek ariete moduan erabiltzen dituzte, eta ez dira konturatzen kate eta erostetxe handiekiko elkarlan horren ondorioz ordutegi-liberalizazioa datorrela, eta denda txikien salmentetan gainbehera latza). Gero autonomo edo merkatari txiki horiek, beren aldetik, enplegatuak kontratatzen dituzte baldintza prekarioetan; eta horren eraginez beste denda batzuk itxi beharrez daude, sektoreko biziraupena eta eskubideak errespetatzen dituztenak, enpleguaren zati handi bat kolokan jarriaz.
Kontsumitzaile gisa dugun erantzukizunari berariazko deia egiten diogu. Gure erosketak egiteko ordutegiak behar bezain zabalak dira, eta jabetu behar gara zer eta noiz erosten dugun. Langileon artean elkartasuna eta begirunea nagusi izan ezean, nekez lortuko dugu gizarte zuzen bat, ezta kolektibo bakoitzeko eskakizunak ere (emakumeak, gazteak, pentsiodunak, langabeak, sektore publikoko eta pribatuko enplegatuak). Eta, horregatik, ez ditugu sustatu behar kontsumismo basatidun ereduak, multinazionalen jabe bakan batzuen mesedetan.
Orain arriskuan dagoena elikadura-merkataritzaren sektorea da, baina bide horretatik aurrera joanez gero, merkataritza-sektore guztiak lerratuko dira enpresa eta banaketa-kate handietara, eta horren ondorioz gure herri, hiri eta auzoak hutsik geratuko dira, eta lan-baldintzak lehen baino prekarioagoak izango dira.
Horregatik guztiagatik kontzientziazio eta salaketa-kanpaina bati ekingo diogu, denok batera jokatzeko —merkatariak, langileak eta kontsumitzaileak—. Horrela, gure plataformaren ikurra eramanez edo dendako atean jarriz denda adeitsua dela adieraziko dugu jendaurrean.
Aldi berean, igande eta jai-egunetan irekitzen duten dendei (handiak izan edo txikiak izan) ohartarazten diegu gure mobilizazioa aurrera doala, eta borroka honetan ez dugula etsiko. Ez dugu onartuko, bakan batzuen ustezko banako askatasunaren izenean, DENON askatasuna eta eskubideak zapaltzea eta mugatzea, eta gehienon kontura probetxua ateratzea. Gehiengoaren aldarrikapena hauxe izan baita beti: "hemen jai-egunetan 0 irekiera".
2017ko irailean Rothenbergerreko langileek lanuzte batzuk egin zituzten, enpresako hitzarmen kolektiboaren negoziazioan zuzendaritzak zuen jarrera salatzeko. Lanuzteak Rothenbergerrek Euskal Herrian dituen bi lantokietan, hau da, Abadiñon eta Gasteizen deitu genituen. Grebaren eragina gutxitu nahiean, enpresak zenbait trikimailu erabili zituen Abadiñoko lantegian: malgutasuna erabili nahi izan zuen langileak larunbatean lanera joatera behartzeko, eta ABLE bidez langileak kontratatu zituen grebalariak ordezkatzeko.
LABek eta epaitegira jo zuen gertatutakoa salatzeko. Orain, urte bat baino gehiago pasa denean, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak Rothenberger zigortu du greba eskubidea urratzeagatik, 224/2018 epaian eta Enpresa Batzordeko 3 sindikatuetako bakoitzari (LAB, ELA eta CCOO) 6.250 euro ordaindu beharko dizkio, grebalari bakoitzari nominatik deskontatutakoa bueltatu beharko die, eta kontrako lehen epaiaren aurrean, aurrera egitea erabaki genuen LAB eta CCOOko abokatuen tasetarako 1.000na euro ordaindu beharko ditu.
Gogoratu nahi dugu hein handi batean greba hau izan zela enpresako hitzarmen kolektiboa adostea lortu zuena, eta aurrean jarri nahi dizkiguten oztopoak handiak izan arren, izan legezkoak ala legez kanpokoak, langile batasuna eta greba direla patronalaren zekenkeriari aurre egiteko tresna eraginkorrenak.
Bizkaiko Foru Aldundiko egoitzak garbitzen dituzten Garbialdiko langileen mobilizazioek ez dute etenik. Hain zuzen ere, enpresaren aldetik inolako keinurik jaso ostean, elkarretaratze bat eta auto karabana bat egin dituzte gaur. Aldundiaren inplikazioa eskatu dute berriro, gatazka konpondu ahal izateko. Urtebete eman dute borrokan dagoeneko, hitzarmenaren alde eta bederatzi urteko soldata izoztearen aurka.
Epaileak artxibatu egin du abusu sexualak salatu dituzten Marokoko emakume langileen kasua. Erabaki hau salatzeko mobilizazioekin bat egiten dugu; tartean, Donostian bihar, abenduak 19, egingo den elkarretaratzearekin (19:00etan, Bulebarrean).
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik ere gogor salatu dugu Justiziak hartutako erabakia. Hauxe da egin dugun irakurketa:
Euskal Herriko Emakumeon Mundu Martxatik Huelvan lan egitera etorri ziren Marokoko emakumeek jasaten dituzten biolentziak epaitu dituen justizia patriarkarra salatzen dugu.
Elkartasun osoa bidaltzen diegu orain dela sei hilabete Huelvan lan esplotazio egoera eta abusu sexualak salatu zituzten Marokoko emakume migranteei. Jaso berri dugu albistea, baita epaileak kasua artxibatu egin duela, emakume hauei entzun ere egin gabe. Badirudi epaileak kasu egin diola defentsako abokatuaren argudioari: salaketa hau emakume hauen azpijokoa izan dela, Espainiako Estatuan geratu ahal izateko.
Bat egiten dugu kolektibo antiarrazista, feminista, emakume migrante eta sindikatuen aldarrikapenekin; kaleak hartu eta sistema patriarkar, arrazista, kapitalista eta klasista honek emakumeon gorputzetan nola eragiten duen salatzeko. Nahikoa da!
Gaur, abenduak 18, Arabako metalgintzako mahai negoziatzailea bildu da eta sindikatu bakoitzak bere aldarrikapenen plataforma aurkeztu du. LABek, iragarri bezala, prozesu partehartzaile bat burututa osatu du berea, hamarnaka ekarpen jasota eta langileen beharrei arlo guztietan erantzuna ematen.
Jasotako ekarpenak txertatu ditu LABek sindikatuaren oinarriekin, eta horren emaitza plataforma integral bat izan da, arloz arlo langileen beharrei erantzuten diena.
Aldarrikapenen plataformaren puntu nagusiak honakoak dira:
Soldata duina: 1.200 eurotako soldata helburu, igoera linealak proposatzen ditugu, soldata handi eta txikien arteko aldeak ez handitzeko; zehazki, 2017ko KPI + 70 € eta 2018ko KPI + 40 €.
Lan Baldintza duinak: jardunaldia jaitsi, malgutasuna mugatu, baimenak handitu,..
Kalitatezko enplegua sortu: ABLEen bidez ezin kontratatzea, azpikontratetako langileen subrogazioa, kontratazioetan diskriminazioa ekiditeko irizpideak adostea, aldi bateko kontratazioa mugatu, lanaldi partzialeko kontratuak mugatzea, praktika eta formazio kontratuak eta formazio duala duindu,…
Emakumeen eskubideak: berdintasun planak 30 langiletik gorako enpresetan. Berdintasun batzordea osatzea sektoreko diagnostikoa egiteko eta emakumeen kontratazioa handitzeko eta soldata arrakala ezabatzeko neurriak hartzeko; eta familia eredu berriei erantzuteko eta erantzunkidetasunean aurrera pausuak emateko proposamena.
Lan osasunean: proposamenak langileen formazioa eta informazioa hobetzeko, segurtasun batzordeak eraginkorrago bihurtzeko, prebentzio delegatuek gaitasun handiagoa izateko.
Hitzarmenaren aplikazioa bermatzeko: lan erreformari eta estatalizazioari aurre egin.
Behin plataformak aurkeztuta eta patronalaren planteamenduen zain, urtarrilaren 24an ekarriko dituenak, LABek plataforma langileen artean zabaltzeari ekingo dio, aldarrikapen hauen inguruan indarrak biltzeko eta langileak aktibatzeko.
Mahai gainean 24 kaleratze jarri dituzte. LABetik argi utzi nahi dugu MIASAn ez dagoela inor soberan.
Gaur, abenduak 18, enpresak aurkeztutako EREaren kontsulta epea itxi da, akordiorik gabe eta 24 kaleratzerekin mahai gainean.
LABetik argi utzi nahi dugu MIASAn ez dagoela inor soberan. Multinazionalak, proiektuak Zuerara bideratuz, mekanizazio atalean deslokalizazio prozesua jarri du martxan, ezkutuan. Horren froga argia da, abenduak 17ko bileran, kontsulta epealdian zehar, proiektu berri baten fundizioa Iruñean egin eta Zueran mekanizatuko zela esan izana da.
Honetaz gain, enpresaren ezezko sistematikoa salatu nahi dugu kaleratzeen aurrean. LABek aurkeztutako alternatiben aurrean, ezentzunarena egin dute behin eta berriro eta azkenik gaur EREa gauzatu dute. Guzti honekin MIASA Iruñaren deslokalizazioaren prozesuan, kapitulo berri bat itxi da.
LABen argi dugu, eskura ditugun tresna guztiekin MIASA Iruñan lanpostuak bermatuko dituen plan industriala exigitzen jarraituko dugula.