2024-10-10
HomeEkintza SozialaKapitalismoaren zekenkeriak milioika pertsona beraien etxeetatik ateratzera behartzen ditu

Kapitalismoaren zekenkeriak milioika pertsona beraien etxeetatik ateratzera behartzen ditu

Langile klasearen kapa guztiak artikulatu nahi ditugu, eta sindikatuak arreta berezia jarriko dio migranteen sektoreari.

Hauxe da LAB sindikatuak egindako adierazpena, Migranteen Nazioarteko Eguna dela eta:

Mundu mailako krisiaren aurrean gaude. Gizateriak inoiz ez du ezagutu horrelako krisi sistemiko eta zibilizatoriorik. Gudak, desertifikazioa, gaizki izendaturiko pertsona errefuxiatuen krisia, natur baliabideak bukatzea, herrien burujabetza tratatu berrien azpitik egotea, desberdintasunak, bizitza eta lanaren prekarizazioa, protesta sozialaren kriminalizatzea, zenbatu ezinak diren migranteen heriotzak Mediterraneoan eta munduko muga ezberdinetan… kapitalaren akumulazioa eta kontzentrazioa ezaugarritzat daukan sistemaren ondorioak dira.

Jakina da, baina gogorarazi behar da gaur egun pobreak diren herrialdeak kolonizatuak izan zirela, espoliatu egin zirela eta inbadituak izan zirela, bai ekonomikoki, eta bai kulturalki. Beraien aberastasuna, mendeetako kultura, hizkuntzak eta aberastasuna banatzeko erak lapurtu zaizkie enpresa transnazionalen zerbitzura dauden potentzia inperalisten aldetik, hauen mugarik gabeko zekenkeriaren bidez. Herriek eta pertsonek ezin ditzakete beraienak diren baliabideak kudeatu, ezin ditzakete beraien baliabideak garatu munduko ordenu berriaren interesen erruz. Egoera hauek ezinezko bilakatzen dio milioka pertsonari beraien herrialdeetan geratzea, beraien herriak uztera behartuak daude. Gudengatik edo arrazoi ekonomiko edo naturalengatik, beraien bizitzak, herriak, lagunak, lanpostuak eta familiak atzean utzi behar dituzte. Kanporatze hauek, logika geografiko sinpletik haratago doaz; gaizki deituriko lehen mundu honetan, langile klasea kanporatzen ari da etengabe, miseria eta prekaritatera kondenatuz.

Dena bilakatzen dute merkantzia, ez bakarrik langileen lan indarra, baita langileon bizitzako arlo guztiak ere. Ustezko ongizate estatuaren kontsentsu soziala apurtu egin da; kapitala merkatu eremu berrien bila dabil. Aurretik jabetza komunalekoak ziren baliabide asko, ura adibidez, pribatizatzen ari dira, eta kapitalaren akumulazio logikan kudeatzen dira. Kontsumo eta produkzio era alternatiboak desagertzen ari dira (indigenak). Nazionalizatuak ziren industriak pribatizatzen dira. Familienak ziren nekazal produkzioak, enpresa handiek jaten dituzte. Eta esklabutza ez da desagertu (komertzio sexuala, umeen lanak). Hazkunde ekonomikoa inoiz ez da ona izan. Azken urteetako gorakadek, garai berri bat markatzen dute, munduko gero eta pertsona eta herrialde gehiagori eragiten diolako. Gure planetak aurretik ikusi gabeko txikizioa. Antropozenoaren aroan gaude, pertsonen eraginak ingurumena markatzen duen garaian.

Kapitalismo estratibistak, kontsumo eta produkzio sistema bezala ingurumenean kalteak eragiten ditu, eta aldaketa klimatikoa biderkatzen du (faktore erabakiorra migrazio krisiarekiko).

Gero eta pertsona gehiagok utzi beharko dituzte beraien oinarrizko herrialdeak beraien bizirautea bermatzeko. Urte askotan, aurrerakuntza ekonomikoa, herrialde bateko baliabide naturalak munduko beste eremu batera garraiatzeari deitu izan zaio. Zenbaezinak dira biziraute arrazoi sinpleagatik beraien oinarrizko herrialdeak utzi behar izan dituztenak lurrak akaparatu dizkietelako, extraktibismo energetiko edo mehatzeengatik edo lurrak basamortu bihurtu dizkietelako. Beraz, biosferako oinarriak mehatxatzen dira, gero eta lur eremu eta ur eremu zabalagoak hilda utziz, eta jendearen ihes masiboa probokatuz. Inoiz baino beharrezkoagoa da trantsizio ekosozialista- feministari bide ematea, beti ere berau langileoi bizkarra emanda egiten ez bada. Trantsizio hori eragile sozial eta sindikalon parte-hartzearekin egin behar da.

Euskal Herria, historian zehar, migrazioaren emaile eta hartzaile izan da. XIX. mendean eta batez ere Bizkaian, Estatuko herri ezberdinetako langileak etorri ziren industrian eta meatzeetan lan egitera. 60 eta 70. hamarkadetan, industriaren loraldian, beste migrazio fluxu bat etorri zen enplegu bila. Hego Euskal Herria frankismopean zegoen, eta dagoeneko zigortuak zeuden gure kultura eta hizkuntzan eragin handia izan zuen etorrera harek. Egoera hori izanda baina, euskal jendarteak, eta bereziki ezker abertzaleak, herri proiektua eta proiektu politikoa artikulatzen jakin zuen herri sektore guztientzako, bai migratu beharra izan zuten horientzako ere. Izan genuen trebetasunaren emaitza izan zen Euskal Herri Langilearen teoria eta praktika. Momentu honetan, horrelako garai garrantzitsu baten aurrean gaude, eta trebeak izan behar gara borroka eta herri eskaintza egiteko orduan. Zentzu honetan, LABetik, gure Biltzar Nagusian erabaki bezala, langile klasearen kapa guztiak artikulatu nahi ditugu, eta arreta berezia jarriko diogu gure interbentzio sozio sindikalean migranteen sektoreari.

Aipatu dugun bezala, gaur egun migrazio berriak jasotzen ari gara, hauek txikiagoak badira ere, eta egungo ezaugarri ekonomiko, politiko eta sozial ezberdinetan. Gainera, migrazioaren feminizazioa ematen da, pertsona migranteen %50a emakumeak dira, gero eta gehiago dira beraz.

Euskal Herriak gaur, orduan bezala ez dauka erabakitzerik ez tresna nahikorik herritartasunaz edo naziotasunaz erabakirik hartzeko. Espainiako eta Frantziako estatuak dira beraien atzerritarren legeekin arau sistema inposatu dutenak, honek, bidean daudenei eta pertsona migranteei oinarrizko eskubideak zailtzen dizkiete.

Bizitza eta lana prekarizatzeko prozesu honek, pobreago eta esklabuago bihurtzen gaitu. Kapitalak, historikoki, migrazio mugimenduak langabezi beharrizanak, miseria eta gudak leuntzeko erabili du. Langileok, beharrizanez enplegua bilatu dugu mugak eta legeak begiratu gabe, eta hau larrituz joan da herrialde txirotu eta aberatsen artean. Migranteen %80a bere enplegutik bizi da, modu prekario edo egonkorrean, egoera arautu edo desarautuan. Langileon lan baldintzen eraso izugarri baten aurrean gaude orokorrean, eta langile migranteen kasuan bereziki, hauek kontratu prekarioenak dauzkatelako (baldin badituzte), soldata baxuenak dituzte eta eskubide laboral eta sindikalak ez zaizkie onartzen. Gure borrokak, borroka bakar bezala ulertu behar ditugu. Faxismoak,
gure artean kontraesanak sortu nahi ditu, eta ez diogu onartuko. Izan migranteak edo ez, langile klase berekoak gara.

LAB sindikatutik, integraltasunaren bidean pausu berriak emateko ordua heldu dela deritzogu, bide horretan, beste neurri batzuen artean, hondokoak aipatu nahi ditugu:

– Langile migranteek gune propioak izan behar dituzte, Nafarroan aniztasun kulturalaren lan taldea martxan jarri dugu.

– Kultura sindikaletik urrun dauden langileak, migranteak izaten dira sarri. Sindikatuak langile hauek antolatu daitezen tresnak jartzea erabaki du. Nafarroako Piztu Alarma dinamikak, beharrizan horri erantzun nahi dio, helburua beraien errealitateak, bizipenak eta beharrizanak ezagutzea da. Emaitza egokia lortu dugulakoan gaude, oraingoz Piztu Alarman antolaturik dauden langileen %10 langile migranteak dira.

– Ildo honetan, Huerta de Peralta lantokian buruturiko lan sindikala azpimarratu nahi dugu. Enpresa honetako langileen kontrako irainak eta erasoak etengabeak izan dira. Sail sindikala antolatu, eta hauteskunde sindikaletan oso emaitza onak izan dituzte, aurrerantzean, lan honek beraien bizi eta lan baldintzetan eragin baikorra izango dutela seguru gaude. Azaroan, enpresa batzordeak deituta grebara atera ziren, eta etorkizunean, enpresa honetako borrokaren berri izango dugu. Borroka honen berri emateko, akusazio bezala kasu hau Londresen azaroan izan zen Herrien Epaitegi Iraunkorrera eraman genuen.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

EAEko Osasun Sailaren diagnostikoak ez ditu jaso LABek egindako ekarpen garrantzitsuenak

Gaurko Osasun Itunaren mahaira gobernuak jatorrizko Diagnosia dokumentuari eragile desberdinek egin dizkiogun ekarpenen inguruko “sintesi dokumentu” bat ekarri du. LABek ezin du dokumentu hori sintesi dokumentu moduan baloratu, ez baititugu beste eragileak aurkeztu dituzten ekarpenak ezagutzen, Osasun Sailak horiek mahaikideei ez banatzea erabaki duelako.

[IRITZIA]: Osasun Mentala Osakidetzan

Urriaren 10ean da Osasun Mentalaren Munduko Eguna. Bezperan, Ainhoa Gutierrez San Torkuatoren iritzi-artikulua dakargu hona. LABeko delegatua da Bizkaiko Osasun Mentaleko sarean.

Nafarroako Gobernuaren utzikeria ikusita, greba egingo dugu urriaren 29an irakaskuntza publikoan

LABek, hezkuntza arloko gainerako sindikatuekin batera, beste greba deialdi bat erregistratu du urriaren 29rako, ikusirik Nafarroako Gobernua bere irakasleekin erakusten ari den erantzukizun falta. Horrez gainera, Gobernuarekin bilera bat egitea ere eskatu dugu.