2026-07-12
Blog Page 693

Rana Plaza gogoan izango dugu apirilaren 24an

Apirilaren 24an, 6 urte beteko dira Bangladeshen Rana Plazako tragedia gertatu zenetik, hau da, ehungintza-industriako hondamenik larriena, 1.138 pertsona hil baitziren, eta 2.000 baino gehiago zauritu, fabrika bat behera erortzearen ondorioz.

Emakumeen Mundu Martxak eta nazioarteko Arropa Garbia Kanpainak dei egiten dute ehungintzako langileen egoera globala salatzera: 14 orduko lanaldiak, miseriazko soldatak, fabriketan gutxieneko segurtasun-baldintzak ez egotea eta abar, arropa-enpresa multinazionalek etekina ateratzen duten bitartean, munduko milioika emakumeren lanaren bidez.

Rana Plazako tragedia gogoratzeko, eta borroka feminista gero eta beharrezkoagoa delako, proposatzen dute apirilaren 24an antolatuta dauden salaketa-ekintzetan parte hartzera.

-Bilbo: 18:30ean, Kale Nagusia 23. Zara-ren aurrean.
-Gasteiz: 19:30ean, Corte Ingles aurrean.
 

 

 

Haur esklabotzarik ez, inolako esplotazio formarik ez!

Apirilaren 16a, Haur Esklabotzaren Aurkako Nazioarteko Eguna da; egun honen harira, LABek haurrek sufritzen duten esplotazio mota hau salatu nahi du. Haurren esklabotza zuzenean lotuta dago munduan inposatzen ari den eredu neoliberal basatiarekin eta politika neokolonialistekin. Esklabotza, produkzio sistema bezala ulertua, enpresa transnazionalen etekinen oinarrian dago, eta, beraz, erantzukizun zuzena dute. Zentzu horretan, LAB esplotazio forma guztien kontrako borrokan berresten da, eta bestelako eredu sozial baten aldeko pauso irmoak ematen jarraituko du sindikatuak.
 

 

 

Hauteskundeetan ere, EITBk feminismoa eta euskara bigarren planoan uzten ditu

0

EITBko LABen iritziz Euskal Telebistak hauteskunde kanpainaren jarraipen informatiboa promozionatzeko erabiltzen ari den irudia guztiz desegokia da, emakumeei eta euskarari ematen zaien bigarren mailako paperagatik.

Era berean, bat egiten du Mugimendu Feministak Hauteskunde Orokorrak direla eta, ETBko aurkezleekin egin den promozio argazkiaren inguruan zabaldutako kritikarekin. Ez da onargarria argazki muntaia horretan emakumeei eman zaien trataera eta argi utzi du EITB oso urrun dagoela oraindik genero ikuspuntutik oinarrizkoak behar genituzkeen irizpideak barneratuta izatetik.

Bestalde, nabarmena da promozio argazki horretan euskarari ere eman zaion bigarren mailako izaera. Ez dugu uste kasualitatea denik gaztelaniazko saioak gidatuko dituzten hiru aurkezleei eman zaien "zentralitatea" argazkiaren erdi-erdian kokatuz, eta euskarazko saioak gidatuko dituztenak, berriz, bi aldeetan banatuz. Esanguratsua da EITBk bere sorrera helburuetan zehaztuta duen euskararen sustapen funtzioa auzitan eta hizkuntza irizpideen eztabaida pil-pilean dagoen honetan, irudi hau izatea komunikabide publiko honek gizarteari ematen dion eredua.

Honen guztiaren inguruko hausnarketa eta zuzenketa eskatzen diogu zuzendaritzari.  

 

 

“Platerean dagoena aldatzea baino gehiago proposatzen dugu; elikadura burujabetza arlo guztietan nahi dugu, eredu oso bat aldatu”

0

Mahai inguru bat antolatu dugu gaur, Bilboko Laboren, elikadura burujabetzari buruz. Besteak beste, eskola jangelen ereduari buruz hitz egin dugu, Iolanda Formoso sukaldari eta LABeko delegatuaren ahotik. Hain zuzen ere, ikastetxeetatik politika neoliberalak desagertu behar direla esan du, hots, merkantilizazioarekin amaitu behar dela. “Azpinkontratazioa desagertu egin behar da; langile guztiok titular bera eduki behar dugu”.

Iolanda Formosoren hitzetan, “arlo publikoan baliabide ekonomiko eta pertsonalak jarri behar ditugu. Platerean dagoena aldatzea baino gehiago proposatzen dugu; elikadura burujabetza arlo guztietan nahi dugu, eredu oso bat aldatu, gurea eraikiz”.

Alazne Intxauspe baserritarrak eta Etxaldeko kideak ere hartu du hitza: “Gu ere langile klasea gara. Herri mugimenduarekin aliantzan, eredua aldatu behar dugu sistema neoliberalaren aurrean”.

Bittor Pesok, bere aldetik, arrantza izan du hizpide. Sektore honetan, lan baldintzak eta etekinak bat ez datozela ohartarazi du. Egungo arrantza ez dela jasangarria adierazi du, eta flota erdira murriztu dela eta arrantzale gehienak migranteak direla jakinarazi du: “Beraien lan baldintzak duela 30 urtekoak dira”, salatu du.

 

 

 

Faxismoari eta kapitalari aurre egiteko ezker subiranismoa indartzeko garaia da

0


Aberri Egunari begirako adierazpena onartu zuen LABeko Nazio-Biltzarrak ostiralean, faxismoa eta kapitalismoaren oldarraldiak eta hauteskunde politikoen zikloak ezaugarritutatako testuinguruan. Bada, Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Igor Arroyo idazkari nagusi ondoak agerraldia egin dute, adierazpena aurkeztu eta aktualitate politiko eta ekonomikoaren inguruko sindikatuaren irakurketa egiteko. Kontrabotere sindikalismo abertzaleak autodeterminazio eskubidearen eta aldaketa politikorako prozesu baten aldeko erabateko apustua egin behar duela nabarmendu dugu. 


“Politika neoliberalekin amaitu eta herritarrentzat bizitza duina bermatu nahi badugu, borroka nazionala ezin da erlatibizatu, egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkala betikotzeko berme nagusiena 78ko erregimena bizirik mantentzea baita”.

Garbiñe Aranbururen hitzak dira hauek, Aberri Egunari begira egindako agerraldian esandakoak. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusiak egungo testuinguruari buruz hitz egin du, eta nabarmendu du faxismoari, kapitalari eta politika neoliberalei lantokietan eta kalean egin behar zaiela aurre, “lan prekarietate eta soldata prekarietatearen aurka borrokatzen, borroka feminista indartzen, pentsio duinak defendatzen eta pertsona migranteen eskubideen alde borrokatzen”.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, “Euskal Herria borrokan dago. Heri honetan dagoen mobilizazio soziala garrantzitsua da. Inboluzio prozesuaren eta bizitzaren prekarietatearen aurrean, borroka soziala badago kalean eta lan gatazkak handitzen ari dira lan zentroetan”.

LABeko idazkari nagusiaren iritziz, “faxismoari eta kapitalari ere hautestontzietan aurre egiten zaie, ezker subiranistaren bitartez. VOX alderdiaren agerpenak, lortuko dituen emaitzetatik harago, eragina izan du dagoeneko. Agenda politikoa markatu dute eta eskubia gero eta eskubiragoa joatea ekarri du. Espainiako ezkerraren eremuan, etor daitekeenaren beldurragatik, modu kontserbadorean ari dira jokatzen, eta horrek ez du ahalbidetzen termino sozialetan aurrear egitea, are gutxiago konponbide politiko bat ematea lurralde ereduaren arazoari”.

Inboluzio sozial, patriarkal eta nazionala dakarren prozesu bati ez zaio aurre egiten ahalik eta gutxien joaten atzera. “Halako inboluzio baten aurrean, demokratizazioaren bidean pausoak eman behar dira, autodeterminazio eskubidea aitortzeko eta eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikitzeko, justizia soziala eta feminismoa oinarri”, azaldu du LABeko ordezkariak.

Garbiñe Aranbururen arabera, “Indarrak biltzeko momentua da arlo poltiko, sindikal eta sozialean, ezker subiranismotik. Arlo politikoan, akordioak lortu dira Estatu eta Europa mailako hauteskundeei begira. Uste dugu aliantza horiek Euskal Herria, Katalunia, Galizia eta Estatuko gainontzeko nazioak baldintza hobeago batean uzten dituela Estatuarekiko konfrontazio demokratikorako”.

Kontrabotere sindikalismo abertzale indartsua
Momentuak kontrabotere sindikalismo bat eskatzen du, baita sindikalismo abertzale indartsu bat; bizitzako arlo guztietan prekarizazioa borrokatzen duen sindikalismo bat, bizi dugun inboluzioaren errealitateari aurre egiten dion sindikalismo bat. Sindikalismo honek eragile aktibo izan behar du, estrategia integral batekin, beti ere aldaketa sozial eta politikorako prozesuan aurrera egiteko helburuarekin. Hortaz, LABeko idazkari nagusiak nabarmendu bezala, estrategia integral honek ezaugarri hauek izan behar ditu:

-Konfrontaziorako gaitasun gehiago izan behar du lan zentroetan, eta greba da borrokarako tresna nagusiena, zalantzarik gabe. Greba hauek gero eta eraginkorragoak izan daitezen, patronalak koste gehiegirik gabe jasan ditzakeen diseinuak saihestu behar dira. Gatazkak gizarteratu behar dira. Gainontzeko langile klasearen elkartasuna bilatzeko dinamikak bultzatu behar dira. Zerbitzu publiko batean denean, erabiltzaileak inplikatu behar dira eta erakundeak interpelatu eta presionatu. Greba hauek patronalarekiko beste presio mota batzuekin osagarritu behar dira.

-Klase subjektuaren berregituratzearen alde egin behar da apustu, eta kolektibo desbnerdinen artean aliantzak eratu behar dira. Elite ekonomikoan ez dagoenak ikusi du nola kaskartu egin diren bere lan eta bizi baldintzak azken urteetan. Errealitate desberdinak daude, baina sistemak ahuldu egin nahi gaitu indibidualismoarekin eta langileak zatituz, batzuek besteen aurka egin dezaten. Gure indarra kolektiboan datza. Errealitate desberdinei eta lan harremanetan dagoen prekarietateari erantzun behar diegu. Era berean, mugimendu feministarekin, pentsionistekin, gazteekin edo pertsona migranteekin aliantzak josi behar ditugu.

-Kontrabotere sindikalismo abertzaleak autodeterminazio eskubidearen eta aldaketa politikorako prozesu baten aldeko erabateko apustua egin behar du. Politika neoliberalekin amaitu eta herritarrentzat bizitza duina bermatu nahi badugu, borroka nazionala ezin da erlatibizatu, egungo sistema kapitalista eta heteropatriarkala betikotzeko berme nagusiena 78ko erregimena bizirik mantentzea baita.

 

 

 

ANFASeko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean

ANFASeko langileek elkarretaratzea egin dute gaur Iruñean. Arreta Goiztiarreko lehiaketako baldintza-agirietan desgaitasuna duen jendea artatzeko itunpeko zentroen Nafarroako hitzarmen kolektiboa ezartzeko helburua zuen mobilizazioak.

Gaur elkarretaratzea egin dugu Pertsonen Autonomiarako eta Garapenerako Nafarroako Agentziaren aurrean, duela aste batzuk Nafar Gobernuak Arreta Goiztiarraren lehiaketa publikorako pleguak publiko egin zituelako. Eta haienetan ikusi duguna, erabat irregularra iruditzen zaigu.

Guretzat oso harrigarria izan zen pleguetan desgaitasuna duen jendea hartatzeko itunpeko zentroen Nafarroako hitzarmen kolektiboa ez dela kontutan hartzen ikustea, langileekiko eta erabiltzaileentzako bidegabekoa izateaz gain, Nafarroako kontratazio publikorako legea gure ustez betetzen ez delako. Aldiz, pleguetan aipatzen den erreferentziazko lan hitzarmena estatu mailakoa da. Horretaz gain, egun zerbitzu honetan eskeintzen ari den denbora guztia pleguetan jasota dagoenik ezin dugu konfirmatu.

Nafar Gobernuarekin bide ezberdinetatik harremanetan jartzea saiatu gara eta asteak pasa dira baina orain arte ez dugu erantzunik jaso… lehiaren prozesuan denbora irabazi nahian akaso.

Gai honekiko Nafar Gobernuaren jarrera ez dela gardena izaten ari salatu nahi dugu. Arreta Goiztiarraren zerbitzuan ezartzen diren lan baldintzen arabera zerbitzuaren kalitatea bera jokoan dagoela uste dugunez, egoera argitu dadin exijitzeko unea iritsi da.

ANFASeko langileak, prest gaude dagokiguna defendatzeko. Hau da lehenengo mobilizazioa, baina argi dugu epe laburrean erantzunik jasotzen ez badugu, mobilizatzen jarraituko dugula

Inés Francés andrea, zergatik arreta goiztiarra Madrilen desgaitasuna da eta Nafarroan prekarietatea?  

 

 

Presoen eskubideen alde mobilizatu gara Bilbon, Espainiako gobernu ordezkaritzaren aurrean

"Konponbide garaia da. Orain presoak" lemapean kontzentrazioa egin dugu Bilbon, Espainiako gobernu ordezkaritzaren aurrean, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE eta HIRU sindikatuekin batera. Urtarrilean hasi genuen Bilbo mailako hileroko dinamika hau.
 

 

 

Greba arrakastatsua Osakidetzako Lehen Mailako Arretan

0

Gaur, apirilaren 12an, grebara deituta zeuden EAEko Lehen Mailako Arretako Osakidetzako langileak. Gutxieneko zerbitzuak gehiegizkoak izan arren, arrakastatsua izan da greba eta LABetik, oso balorazio positiboa egiten dugu.

Anafran Astigarraga LABeko Osakidetzako ordezkariak, Bilbon egin den manifestazioaren aurretik adierazi duen moduan, “Gaur lehen arretako langileok emandako erantzunak argi uzten du primarian dagoen egoera larria eta langileon haserrea. Lehen Arretak erantzunak behar ditu gehiago itxaron gabe”. Nabarmendu du greba egunean kategoria guztietako langileak ari direla parte hartzen.

Osakidetzaren jarrera kritikatu du LABeko ordezkariak, “grebak deitu behar izan ditugu orain arte Osakidetzak ez dituelako kontuan hartu gure eskaerak, eta Lehen Arretaz ahaztu egin da. Guretzat, Lehen Arreta osasun sistema publikoaren oinarria da, eta indartu eta hobetu egin behar dugu. Horretaz ari gara hitz egiten, lan-baldintzak eta zerbitzuaren kalitatea hobetzeaz”.

“Borroka hau ez da soilik gure lan-baldintzak hobetzeko, baizik eta erabiltzaile guztiontzako kalitatezko zerbitzua bermatzeko. Azken finean, Osakidetzako langileok ere osasun erabiltzaileak gara. Lehen Arreta eredu berria behar dugu”.

Eskari batekin amaitu du Astigarragak, “Osakidetzari zera eskatzen diogu: gatazka ez luzatzeko eta negoziatzera esertzeko lehen bai lehen. Borondaterik badago, akordioak lortu daitezke”.

Maiatzaren 17rako, bigarren greba egun bat deituta dago.
 

 

 

Nazio Biltzarrak maiatzaren 5ean egingo den Herrien Besakardarako deia egin du

Gaur elkartu da LABen Nazio Biltzarra Usurbilen, eta adierazpen bat onartu du maiatzaren 5ean Durangon egingo den Herrien Besarkadan parte hartzera deia eginez.

LABen adierazpena

Langile migranteekin elkartasunean eta kapitalak eta faxismoak inposatu nahi dizkiguten politiken aurrean, euskal langileria maiatzaren 5ean Durangora! Herrien besarkada!

Krisi politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala hainbat arrakala uzten ari da gure gizartean. Arrakala horien ondorio dira langile klaseak sufritzen dituen prekarietatea eta esplotazio basatia. Azken urte hauetan esplotazio horren adierazpide ezberdinak ezagutzen ari gara: kapitalaren errentak lan errenten kaltetan handitu dira, feminismoaren susperraldiaren aurrean emakumeen kontrako oldarraldia indartu da, estatu gabeko nazioen kontrako eraso birzentralizatzailea nabaria da…

Halaber, baliabide naturalen eskasiaren gainetik, mugarik ez balego bezala gutxiengo batek orain arte bezala bizitzen jarraitu ahal izateko, hazten ari dira faxismoa eta xenofobia bezalako fenomeno politikoak, bere ereduan guztientzako tokirik eta eskubiderik ez dagoela argi duen kapitalismoaren abangoardia. Arrakala horiek, beraz, estrategia politiko eta ekonomiko berdinari erantzuten diote: eliteen pribilegioak eta etekinak handitzea langile klasearen kaltetan. Langile migranteak bihurtu dira, zentzu horretan, indar faxista eta erreakzionarioen jo puntu nagusi. Historiako beste garai batzuetan bezala, langile klasea zatikatzeko txiroen arteko gerraren sustapena eta langileen zati baten estigmatizazioa dira estrategia horren elementu nagusietako batzuk.

Inboluzio horrek Euskal Herrian ere bere forma konkretua hartzen du. Dagoeneko ez-nahikoak diren politika sozialak murrizten ari dira, gizarte kohesioaren kontra eginez (Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak aurkeztutako Herri Ekimen Legegilearen blokeoa kasu Gasteizko Legebiltzarrean) edota politika egiteko forma autoritarioek gero eta espazio gehiago dute. Euskal Herriko instituzioek ez dute konpetentzia nahikorik langile migranteen erronkari aurre egiteko; dena dela, horrek ez du hemengo gobernuen utzikeria justifikatzen, izan ere, ditugun konpetentzia horiekin ere, askoz gehiago egin daiteke langile migranteen eskubideak defendatzeko.

Fenomeno horiek, esan bezala, guztiz lotuta daude mundu mailan ematen ari diren dinamikekin. Beraz, oldarraldi honen aurrean, bi erronka nagusi ditugu mahai gainean:

• Langile migranteen borroka artikulatzea eta langile subjektuaren berrosaketan kokatzea. Langile migranteek bizi duten egoera bereziki prekarioa izanik, ezinbestekoa da LABetik, eta oro har, kontrabotere sindikalismotik, proposamen ezberdinak kaleratzea eta borrokak suspertzea. Zentzu horretan, kultura sindikal berrian sakontzeko ezinbestekoa da migranteen parte hartzea. Erresistentzia, antolakuntza eta borrokarako adibide ugari ditugu eremu honetan. Esanguratsuenak, agian, Huerta de Peraltako langileek aurrera eraman dutena izan da, baina beste batzuk ere baditugu: kale saltzaileak, etxeko langileen sektorea edota arrantzale migranteen kasua.

• Etorkizuneko Euskal Herriaren eraikuntzan ere ezinbestekoak dira langile migranteak. Aldaketa sozialean oinarrituriko burujabetza hauspotzeko eta pertsona guztien eskubideak errespetatuko diren eredu bat eraikitzeko, ezinbestekoak dira eragile politiko, sozial eta sindikalen arteko aliantzak. Jatorri eta kultura desberdinen arteko hartu-emana eta elkartasuna abiapuntu ezin hobea dira jendarte eta herritartasun berri baten eraikuntzarako. Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Iruña Harrera Hiria bezalako plataformen lana eta haiekin daukagun aliantza azpimarratzekoa da zentzu horretan.

Horregatik guztiagatik, LABek bat egiten du maiatzaren 5ean Durangon antolatu den “Herrien Besarkada” ekimenarekin eta baita aurretik antolatuko diren ekimen guztiekin, bereziki Iruñean maiatzaren 4ean deitutakoarekin. Orain arte egin dugun bezala, aurrerantzean ere arrazakeria, gorrotoa eta bazterkeria oinarri duten politika guztien kontra borrokatzera konprometitzen gara, baita beste gizarte eredu baten alde egitera ere.  

Usurbilen, 2019ko apirilaren 12an