2026-01-27
Blog Page 692

Jarraipen zabala izan du Lantegi Batuak-eko langileek egindako grebak

Lantegi Batuak-en greban daude, hitzarmena hobetzeko. Mobilizazioen baitan, manifestazio bat egin dute Bilbon, Jesusen Bihotzetik Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaraino. Grebak %60tik gorako jarraipena izan du, eta tailerrak itxita egon dira.

Lantegi Batuak desgaitasuna duten pertsonei enplegua ematen dien fundazioa da. 2.200 langile eta 21 lan-zentro ditu. Industria eta zerbitzu sektorean aritzen da.

Enpresa-batzordea mobilizazioekin hasi da hitzarmenaren alde. Abenduaren 1ean eta 15ean manifestazioak egin zituzten Bilbon, eta abenduaren 4 eta 11an kontzentrazioak lantokietan. Gaurko, egun osoko greba deitu dute.

Aurreko hitzarmena 2017ko abenduaren 31an amaitu zen eta 10 hilabete daramatza enpresa-batzordeak berria negoziatu nahian.

Aurrerago, 2012tik 2014ra izoztuta izan zuten hitzarmena eta 2015 eta 2017 artean %1eko soldata-igoera izan zuten urtero.

2018koa izan da enpresaren azken eskaintza, zuzendaritzaren esanetan mugitu ezinezkoa dena:

– Hitzarmena indarrean egongo litzatekeen urte bakoitzerako (2018-2020) %1,17ko batez besteko egoera gutxien kobratzen duten kategorientzat (15.645,74 euro edo gutxiago).

– Igoerak handiagoak izan litezke lortutako emaitzen arabera. Enpresa-batzordeak ez du honekin bat egiten, Lantegi Batuak-eko langileek ez dutelako erabakitzeko ahalmenik enpresaren erabaki estrategikoetan.

– Hobekuntza urriegiak eskubide sozialetan.

Enpresa-batzordearen arabera, hau guztiz ez nahikoa da, ondorioz, mobilizazioak egin dituzte, gaurko grebarekin eta manifestazioarekin amaitu direnak. 
 

 

 

Emergentziak zerbitzuak bidezko lan baldintzak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean

0

Emergentziak zerbitzuko langileek Gasteizen elkarretaratu dira, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Protesta Eusko Legebiltzarraren osoko bilera ospatzen zen bitartean egin dute.

“Emergentzietako Langileen Batzordea osatzen dugun LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuok mobilizazioekin jarraituko dugu, Osakidetzak lan-baldintzak negoziatzeko azken Mahai Sektorialaren bileran egin duen proposamena guztiz urria iruditzen zaigulako”, adierazi dugu sindikatuok.

Langileen ohiko aldarrikapenei ondorengoa gehitu dugu: Arabako eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroak desegitearen eta Bizkaiko zentro bakar batean bateratzeko asmoa bertan behera uztea. Beraz, honako hauek dira Emergentziak zerbitzuko langileen aldarrikapenak:

• Arabako eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroak bateratzeko asmoaren ukapena.
• Emergentzietako osagarri espezifikoa langile guztientzat (baseak, helikopteroa, Osasun Kontseilua, Administrazioa, tailerra, biltegia…).
• Koordinazio eta erantzukizun osagarria, koordinazio lanak egiten dituzten langile guztientzat (Erizaintza, Medikuak eta Osasun Kontseilua). Manutentzioa, ordutegia eta atsedenak.
• Aldi baterako langileentzat egonkortasuna.
• Urteko egutegiaren negoziazioa.
• Informazioa transmititzeko denboraren aitorpena (txandartekoa), jadanik egiten ari diren lanpostu guztientzako.
• Formakuntza jarraia ugaritzea, lan orduetan izanda.
• Sakabanatze geografikoa, egutegiagatik, base batetik bestera ibili behar dutenentzat.
• Helikopteroaren lanpostuaren lan-baldintzak.
• Laneko arropa egokia.
• Lanpostu funtzionalen berrikuspena eta balorazio objektiboa. Emergentzietako arriskuagatiko balorazioa kontuan hartuz.

 

 

 

Presoen afera konpontzeko eskatu dugu hainbat sindikatuk Bilbon, bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CNT, CGT/LKN, EHNE, HIRU eta ETXALDEk prentsaurrekoa eman dugu, Bilbo mailako “Konponbide garaia da. Orain presoak” dinamikaren berri emateko. Hain zuzen ere, hilabetero hirugarren ostiraletan, 11:30etik 12:00etara, Bilboko Plaza Eliptikoko Espainiako Gobernuaren delegaritza aurrean mobilizatuko gara. Urtarrilaren 18an egingo dugu lehen protesta. Era berean, urtarrilaren 12an, 17:00etan, “Orain Presoak” gizarte ekimenak Bilbon antolatutako manifestazioan izango garela jakinarazi dugu.

Hauxe da sindikatuok irakurritako adierazpena:

Hemen gauden hamar sindikatuok elkartu gara eta preso dauden pertsonak txertatzeko auziari buruzko amankomuneko irakurketa egin nahi dugu.

Lehenago ETAren behin betiko eta erabateko armagabetzeari gure sostengua adierazteko elkartu ginen eta geroztik beste hiru aldiz modu ezberdinetan elkartu gara, gaixorik dauden presoen arazoa eta hurbiltzea zirela eta.

Beraz, ELA, LAB, UGT, Steilas, ESK, CNT, CGT, EHNE, HIRU eta Etxalde sindikatuek euskal gizarteari, bere erakundeei eta eragile politiko eta sozial ezberdinei honakoa adierazi nahi diegu:

1. Egungo egoeran, preso dauden pertsonen arazoa konpontzea bizikidetza demokratikoa eta adiskidetzea sustatzeko beharrezko ekarpena litzatekela uste dugu.

2. Beraz, arazo honen konponbide orokorra lortzeko asmoz, honako urratsak beharrezkoak lirateke.

a) Gaitz larriak pairatzen dituzten presoen arazoa dela eta, iazko uztailaren 5ean egindako eskaerari berretsi egiten diogu: ”Sindikatuok agintariei estatuan indarrean dagoen legedia eta nazioarteko irizpide zorrotzenak aintzat har ditzaten eskatzen diegu, gaitz larriak edota sendaezinak pairatzen dituzten presoak hirugarren graduan sailkatzeko edo espetxetik ateratzeko, duintasun pertsonal eta gizatasun arrazoiak direla eta”.

b) Espainia eta Frantziako gobernuei preso guztiak Eusakl Autonomia Erkidegoa (EAE) eta Nafarroako espetxeetara ekar ditzaten exijitzen diegu, espetxe zigorra presoaren sorlekutik urruti ez betetzeko eta senideekiko lotura errazteko.

c) Preso bakoitzaren baldintza eta egoera zehatzak benetan aztertuz, lehen gradutik bigarren gradurako bilakaera eskatzen dugu, espetxe legediak zehazten duen moduan.

3. Hemen elkartu garen sindikatuok gure dinamika iraunkorraren berri eman nahi dugu. “Konponbide garaia da. Orain presoak” lelopean, aldarrikapen hauek hilabetero hirugarren ostiraletan 11:30etik 12:00etara, Bilboko Plaza Eliptikoko Espainiako Gobernuaren delegaritza aurrera eramango ditugu. Urtarrilaren 18an egingo dugu lehen mobilizazioa.

Urtarrilaren 12an arratsaldeko 17:00etan Bilbon eta “Orain Presoak” gizarte ekimenak antolaturik burutuko den manifestazioan egongo garela jakinarazten dugu.

4. Gizarteari, eta bereziki langileei, bakoitzak bere eremutik, auzi honen behin betiko konponbidea lortzeko lana egin dezan deia luzatzen diegu.

 

 

 

Benetako inplikazioa exijitzen diogu Osakidetzari Berdintasun Planaren inguruan

Osakidetzak gizon eta emakumeen arteko berdintasun plan bat eduki behar zuen orain dela 10 urte, legeak behartzen duen moduan. LABek behin eta berriro salatu du egoera.

2015ean, kanpoko enpresa baten bitartez, Osakidetzako gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren inguruko diagnosi txosten bat burutu zen, hau izan zen legalki eskatutako plana lantzeko lehen pausoa. Emakumeen kontrako soldata arrakala %24,44koa da, berdintasun eza arazo estrukturala da eta neurri estrukturalekin egin behar zaio aurre.

LAB sindikatuan ez gaude prest berdintasun plan hau parlamentuaren agindua betetzeko soilik izatea, gakoa jendearen bizi kalitatea hobetzea eta desberdintasunak saihestea baita. Beraz, berdintasun batzordean dugun presentzia benetan jarduteko konpromisoa izatearekin baldintzatzen dugu.

Plan hau eraginkorra izateko betebeharra dugu, Osakidetzako 35.000–45.000 langileez gain, (noizbait jakingo ote dugu benetan zenbatekoa den Osakidetzako langile kopurua?) biztanleriaren gehiengoarekin harreman zuzena duelako.

Barne-plana eta kanpo-plana ezberdin lantzeko beharra ikusten dugu, kanpora begirako planean feminismoa eta berdintasuna lantzen duten kanpo eragile desberdinek bertan egon beharko dute (emakume kolektiboak, paziente eta erabiltzaile kolektiboak…) eta era berean, koordinazio sozio- sanitarioaren hobekuntza bat.

Barne-planaren helburua ez da soilik soldata mailen aldea, ezin dugu ahaztu jendart- ongizatea guztien inplikazioaren menpe dagoela bizitzaren etapa guztietan, gure lan-bizitzan kontziliaziora behartzen gaituelarik. Plana behartuta dago kontziliazio eta erantzunkidetasun neurriak hartzera, eta era berean, Lan-Baldintzen Akordioa aldatzera.

Plana eraginkorra izateko berdintasunean aditu diren langile talde bat behar dugu Osakidetzako plantila barruan (15 berdintasun teknikari gutxienez) planari forma emateko, aldaketaren eragile izateko, eta lan espezifikoak egiteko.

Zoritxarrez, berdintasun planak administrazio tramite huts bihurtu dira, ezer egiten ez dela estaltzeko. Guk argi ditugu gure eskariak: konpromisoa eta baliabideak.
 

 

 

Salatzen dugu enplegu suntsiketa, murrizketak eta prekarietatea direla Bizkaibuseko grebaren arrazoi nagusiak

0
LABek enpresa-batzordeetan planteatu du Santo Tomas egunekoari jarraipena ematea 24 ordutako greba gehiagorekin eta greba mugagabea, egoera konpontzen ez bada.

80ko hamarkadan, Bizkaiko udalerrien arteko lineak enpresariek kudeatzen zituzten. 90eko hamarkadan, biztanleriaren hazkundea, garraio pribatuak sortzen zituen arazoak eta Europako garraio publikora gerturatzeko beharrarekin, Aldundiak akordioak egin zituen enpresariekin zerbitzuak hobetzeko. Horretarako, enpresei fakturazioaren %12ko irabaziak ematen zizkien kontratuak egin zituen. Hasierako sasoi horretan, enpresak faktura eta gastuak puzten aritu ziren ia inolako kontrolik gabe. Enpresek eskatu egiten zuten eta Aldundiak ordaindu. Gastua kontrolatzen ari zirenean, Aldundiak itzelezko diru- xahutzea zela ikusi zuen eta %8ko marjinetara jaitsi zituen irabaziak.

Ia bi hamarkada pasa zituzten enpresek itzelezko irabaziak lortuz eta, ondoren, Aldundiak bere gain hartu zuen linea hauen kudeaketa, eta 5 emakida lehiaketara ateratzea erabaki zuen. Aurretik, azterketa bat egin zuen, langile-taldeak zatitu eta linea murriztea (30eraino) planteatzen zuena, lanpostuak amortizatzeko helburu argiarekin.

2013an atera ziren baldintzen pleguak, oso prezio baxuekin, arduragabetzat jo zitezkeenak, eta ordura arte Bizkaibus kontrolatzen zuten 3 enpresentzako izan ziren baimenak, Grupo Alsa, Grupo Acha eta Grupo Pesa.

Plegu horietan planteatutako murrizketaren aurrean, Bizkaibuseko langileek lan-gatazka baten inguruan egindako mobilizazio jendetsuenetako bat egin zuten, 3.000 pertsonetakoa.

Lehen 3 urteen ondoren eta beherantz agindako lizitazioa biguntzera bideratutako 12.000.000 euro gehigarritako diru-laguntza amaitzen zela ikusita, galerak zituztela esanez hasi ziren enpresak. Eta modu ikusgarri eta onartuan handitzen dute baliabide publikoen erabilera irabazi pribatuetarako.

Zentzugabekeria honen aurrean enpresak, inolako disimulurik gabe, Bizkaibuseko langileak, baliabideak eta instalazioak erabiltzen dira euren enpresa pribatuak kudeatzeko. Gainera, plegu eta hitzarmenek zehaztu arren denok ematen dugun dirua Bizkaibuserako baino ez dela. Administrariek euren taldeetako nomina eta kontratuak kudeatzen dituzte. Trafikoan, zerbitzuekiko modu paraleloan ematen da. Tailerretan taldeko beste enpresetako mantenu lanak kudeatu eta egiten dira (Bizkaibusekoak izan ez arren)… Honek izena eta erantzule argia dauka.

Negoziazio kolektiboa ez da soilik soldata-igoera eta lan-baldintzak hobetzea. Izan ere, bihar abenduaren 21erako greba deitua duten enpresa guztietan (EMB, Pesa Lur eta GAM Txorierri) mahai gainean baitago lanpostuen amortizazioaren arazoa, Bizkaibuseko enpleguaren suntsiketa. Nabarmena da ez dela negoziazio kolektiboarena soilik den arazoa.

Bihar Santo Tomas egunean biziko den egoera administrazio publikoen zaintza faltaren adibidea da. Hauek ez dira gai kalitatezko zerbitzua bermatzeko, azpikontratatu egiten baitute eta esku pribatuetan utzi garraio publikoa.

LABen arabera, premiazkoa eta beharrezkoa da Bizkaibuseko kontratak kontrolatzea, diru publikoan oinarritutako milioitako irabaziak izan arren, enplegua prekarizatu eta suntsitzen dutenak kontratu berriak negoziatzeari ere uko eginez.

Administrazio publikoetatik enpresa hauetara bideratzen den dirua publikoa da, herritarrengandik eskuratua. Diru horrekiko kontrola eskatzen dugu, enpresa pribatuak poltsikoak betetzeko baino ez daudelako hemen, eta gutxi inporta die zerbitzuaren kalitateak. Dirua da axola dien bakarra.

Horregatik, LABek bere afiliazio eta Bizkaibuseko gainontzeko langileei dei egiten die biharko greban parte hartzera eta tinko borrokatzera lan-baldintzak, enplegua eta kalitatezko zerbitzuaren alde.

Horren guztiaren defentsarako, LABek enpresa-batzordeetan planteatu du Santo Tomas egunekoari jarraipena ematea 24 ordutako greba gehiagorekin eta greba mugagabea, egoera konpontzen ez bada.
 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako borrokan elkarrekin aritzeko deia luzatu diegu sindikatuei

Bizkaiko Bulego eta Langeletako negoziazio mahaiaren bilera izan eta gero, eta patronalak berriro ere argi utzi digun xantaia eta immobilismo eta blokeo jarrera ikusita, LABetik mahaiko gainontzeko sindikatuei (ELA, CCOO eta UGT) eta mahaian presente ez dauden beste sindikatuei (CGT, ESK eta CNT), urtarrilean hasiko den mobilizazio egutegi bat luzatu diegu.

Ordezkaritza daukagun lantokietan egin ditugun asanbladetan behin eta berriz sindikatuen arteko batasunaren garrantzia eta beharra transmititu digute langileek. Hori dela eta, gure lankideek eskatutakoa mahai gainean jarriz, borrokan batzeko deia luzatu nahi diegu gainontzeko sindikatuei, inolako marra gorririk gabe.

Gure ustez, greba eta konfrontazioa dira langile klaseak ditugun tresna indartsuenak, negoziatzeko xantaia besterik erabiltzen ez duen patronalaren aurrean.

Gure proposamena era orokorrean, urtarrila, otsaila eta martxorako mobilizazio eta greba egutegi bat da, lantokietako borrokak biziagotuz. Eta emaitzak lortzen ez baldin baditugu, planteamendua gogortzera behartuak egongo ginateke, beste neurri batzuk alboratu gabe.
 

 

 

Irakasleen finkapen-sistema eta LEP eredu hau bertan behera uztea eskatu diogu Jaurlaritzari, ordezko langileen lan-baldintzak prekarizatzen dituelako

0

LABeko ordezkariek kontzentrazioa egin dute gaur, Bilboko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren ordezkaritzaren aurrean. Bertan, administrazioak ezarri nahi duen finkatze sistema eta LEPa derrigorrezkoa izateko urratsak eman nahi izatea salatu dute.

Duela bi urte hezkuntza publikoan abiatutako mobilizazio dinamikek eta zazpi grebek administrazioaren jarrera aldatu zuten. Honela, gehiengo sindikalarekin, murrizketei buelta ematen hasteko akordioa erdietsi genuen: ordezkapenak lehenengo egunetik aurrera izatea, bajen %100a kobratzea, 60 urtetik aurrera ordu lektiboen murrizketa, 3 urteko geletan laguntza gehigarria, bateragarritasuna…

Akordio horretan, ikasturte honetan lantzeko gaiak adostu genituen ere. Beraien artean: langileon egonkortasuna, kontsolidazioa prozesuak eta LEP eredua aldatzeko aukerak aztertzea.

Kurtso hasiera honetan gai honi heldu diogu eta administrazioak egindako proposamenak langileoi eta gaur egungo kontratazio ereduari, eraso zuzena egiten diola salatu nahi dugu. Administrazioak “ezkutuko ERE bat” martxan jarri nahi du langileen behin behinekoekin.

Horregatik, Hezkuntza Sailari galdera zuzena egite diogu: zein onura ekarriko du sistema honek? LABen argi daukagu, ez duela zentroen hezkuntza-proiektuak errotzeko beharrezko egonkortasuna ekarriko. Aldiz, ordezko langileen lan baldintzen prekarizazioa suposatuko du.

Ez du hezkuntza proiektuak errotzeko beharrezko egonkortasuna ekarriko. Batetik, finkatzeko aukera urtero aztertu eta zehazten da. Horrela, hurrengo ikasturtera arte ez dakigu zentro berean jarraituko dugun. 
Bigarrenik, gaur egun sisteman dauden prozesu ezberdinek (lekualdatzeak, oposizioak) mugimendua sortzen dute eta finkatzeko aukerak murriztuko dituzte; prozesu horiek ez badira egokitzen, plantillak urtero aldatuko dira orain arte bezala. 
Hirugarrenik, egoera horretan zentroaren epe ertainerako planifikazioa (proiektuak, tutoretzak, …) ezinezkoa suertatzen da. Ez du balio hezkuntza proiektuak sendotzeko. 


Gainera, langile askoren lan baldintzak prekarizatzea ekarriko du, orain arte lortutako lan esperientziaren araberako eskubideak hankaz gora jarriko baititu. Finkatzeko aukera galduta (soilik esleipenetan hartutako espezialitatean) esleipenetara joan behar du langileak. Esleipen horretan lanpostu gutxi egongo dira gehienak dagoeneko finkatuak egongo direlako. Urteetan bakanteak hartzen egon diren langileak, telefonoaren menpe aurkitu daitezke berriro.

Administrazioari finkapen proposamen hau bertan behera uzteko exijitzen dio LABek. Honekin lotuta, atzo segimendu batzordea izan genuen Lakuan eta finkapen sistema honen apliikazioa atzeratzea lortu genuen. Hala ere, hurrengo hilabeteetan dokumentu hau eztabaidatzen jarraituko dugu eta argi esan nahi diogu administrazioari alternatiba bakarra proposamen integral bat egitea dela. Egonkortasuna eta kontsolidazio prozesuak alkar lotuta egongo diren alternatiba alegia. Langileen eskubideak eta ikastetxeetako hezkuntza proiektua sendotuko duen sistema adostea beharrezkoa da. Ildo horretatik LABek proposamen zehatzak mahai gainean jarri ditu.
Proposamen horren oinarrian gaur egungo sistema osoa aldatuko duen proposamen integrala bultzatzea da. Ikastetxeak eta ikasleak egonkortu eta kaltetuko ez dituen sistemaren alde egiten dugu. Honetarako, hartu behar diren neurriak hiru norabidetan egin behar direla uste dugu:

– Egonkortasunari dagokionez. Prozesuak hiru urtean behin egitea plantetatu dugu. Ziklo honetan, langile bakoitzak duen lan esperientzia eta meritoak kontutan hartuta.
– Sistema barruan lan egiten dauden langileentzako kontsolidazio prozesuak bultzatu. Administrazioak ez du biderik zabaldu honetarako
– LEP eredua aldatu eta saritzea aurreko bi aldagai hauen artean kokatu.

BESTETIK, HEZKUNTZA SAILAK OPOSIZIOAK SARITZEKO BIDEA ERE SALATU NAHI DUGU. ZER EGIN NAHI DU ADMINISTRAZIOAK? GAINDITU ETA PLAZA ATERA EZ DUTENEI ORDEZKAPEN ZERRENDETARAKO PUNTUAK EMAN (15 PUNTU ).

MADRILEN ARAUTUTAKO EGUNGO OPOSIZIO ZAHARKITUA, GARDENTASUNIK GABEKOA ETA IRAKASLEEN KONPETENTZIAK EBALUATZEKO BALIAGARRIA EZ DEN EREDUARI, LAN ESPERIENTZIARI BAINO BALIO GEHIAGO EMATEN DIO ADMINISTRAZIOAREN PROPOSAMENAK. EZ DUGU ONARTUKO!

LABek argi du eredu aldaketa beharrezkoa dela. Ez da onargarria, esaterako, ikasturte hasieran 10.000 lanpostu inguru esleitzea. Edo ikastetxeetako plantillen %25a urtero aldatzea. Hezkuntza Proiektuak errotzeko egonkortasuna beharrezkoa da. Plantillen benetako egonkortasuna (ez finkapena) ekarriko duen eredua beharrezkoa da. Irtenbidearen abiapuntua sinatutako akordioan dagoela uste dugu. Sistema barruan dauden langileak, urteetan zerbitzuak ematen egon direnak, kontsolidatzeko bideak arautu behar dira. Oposizio edo sarbide eredua aldatu behar da. Kontratazio eredua berritzea beharrezkoa da.

Administrazioak aurrera eraman nahi dituen neurriak kontrako norabidean doaz. Ez ditu plantillak egonkortzen, eta gainera, urteetan lan esperientziaren bidez lortutako eskubideak hankaz gora jartzen ditu.

 

 

 

Aldaketarako aukera galdu du Urtaranek

Gasteizko Udaleko aurrekontuak prorrogatuko dituztenaren berria jaso genuen atzo eta ezin dugu esan ezustean harrapatu gaituenik. EAJ instituzioak gestionatzeko ahalmenaz eta akordiotara heltzeko gaitasunaz harro agertu ohi da, baina begi-bistan geratzen ari da gauzak ez direla horrela. Gasteizko Udalean ere ez du lortu babes nahikorik aurkeztutako zirriborroarekiko; hortaz, legealdi honetan aurrekontuak prorrogatzen diren bigarren aldia izango da honakoa eta honi gehitu behar dizkiogu Arabako zein EAEko aurrekontuen negoziazioen porrotak.

Gasteizko Ogasuneko zinegotzi den Itziar Gonzalok adosteko interes falta leporatzen dio oposizioari, guk ez dakigu hala den ala ez baina esan beharra daukagu EAJk orain arte demostratu duen interes bakarra izan dela patronalarekin adostekoa, adibidez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (IAE) enpresentzako hobari handiagoak aplikatzeko akordioa sinatu zuenean bezala PP eta PSE-EErekin batera.

Herritarron onurari begirako akordiotara heltzeko EAJk duen gaitasun edota borondate eskasa agerian geratu da, Gasteizen bizi dugun egoera sozioekonomikoa hobetuko duten neurriak gehien behar ditugun momentuan, hain zuen ere.

Bizilagunen ongizatea bermatu nahi dutela diote Udal Gobernutik, baina horretarako nahitaezkoa da apustu irmoa egitea zerbitzu publikoak kalitatezkoak izateko. Gaur egun, ordea, murrizketak dira nagusi eta udal langileen aldarrikapenei entzungor jarraitzen dute.

Gizarte kohesioa bilatzen dutela diote, baina gizarte larrialdiei erantzuteko baliabideak geroz eta urriagoak dira eta bai zerbitzu sozialetan lan egiten dutenen baldintzak, bai bertan daudenen bizi baldintzak, geroz eta prekarioagoak dira eta horrela ezinezkoa da bazterketa sozialarekin bukatzea.

Enpleguaren aldeko inbertsioa enplegu-plan berri baten bitartez gauzatzea aurreikusten zen aurkeztutako zirriborroan, baina benetan behar duguna da enplegu duina bermatuko duen plana eta ez prekarizazioan sakontzen jarraituko duena. Behin-behinekotasunarekin, diskriminazioarekin, pribatizazioekin, miseriazko soldatekin bukatuko duen plana behar dugu, horrek lagunduko luke gainera, gaur egun Udalak irekita dituen lan gatazka batzuei konponbidea ematen besteak beste, kale garbiketarena, rokodromoena, Biocompostekoa…

Aldaketarako aukera galdu du Urtaranek, herritarrok behar dugun hiri eredura hurbildu beharrean, urrundu egin gaitu eta bere legegintzaldi osoan burututako udal politikak PPren politikekin konparatuz gero, zaila egiten zaigu desberdintasunak antzematea. Urtaran Jauna, hauek ez dira gasteiztarrok behar ditugun aurrekontuak!.

 

 

 

Eusko Jaurlaritzak bere gabeziak estaltzeko propaganda egin nahi du langile publikoen eskubideen kontura

Gaurko Gobernu Kontseilua ondoren egindako soldata igoera eta enplegu publiko deialdien iragarpenek ez dute murrizketen ondorioz sortutako egoera konpontzeko inolaz ere balio.

Aurrekontuen eztabaida garaian LABek salatu zuen bezala, langile publikoen atalari dagokionez, Gobernuak inolako negoziaziorik gabe inposatutako neurriak aurrera eramaten saiatu da. Euskal administrazioetan dagoen behin-behinekotasun tasa ikaragarrian da eta langileei kendutako soldata ez dute itzuli eta ez dute sortutako zorra aitortzeko inolako borondaterik. Negoziazio mahaietan aurkezten duten bakarra Madrilen ezartzen den gidoiaren arabera baimentzen diren gaiak dira, hemengo negoziazio esparruari muzin eginez. Jaurlaritzak publikoki Madrileko neurriak kritikatzen dituen arren, euskal administrazioetan inongo gupidarik gabe inposatzen ditu, sindikatu guztien iritziaren aurka. Garbi dago gure ustez, Madrilen ezarri nahi den zerbitzu publikoen eredua EAJren eredua ere badela; zerbitzu publikoak ahuldu eta pribatizatu.

Aurtengo aurrekontu eztabaidari begira LABek bi aldarrikapen zehatz egin dizkie legebiltzarreko talde guztiei. Alde batetik, langileen egonkortasunerako ezinbestekoak diren finkapen prozesuak arautzeko tresnak aurrekontu legean jasotzea eskatu diegu. Bestetik, langileekin dagoen zorra legez aitortzea aldarrikatu dugu ere. Legebiltzarrak daukan gaitasun legegile guztia garatzea izan dugu helburu, bertako zerbitzu publikoetan dauden beharrei erantzuteko hain zuzen ere.

Erabat salagarria da enpleguaren gaian Gobernuak daukan jarrera. Behin eta berriro milaka lanposturen deialdi publikoen iragarpena egiten dabil, iritzi publikoan eragin nahian. Hiru urte hauetan deituko dituzten 13.500 lanpostu horiek eta beste milaka lanpostu daude oraindik finkatu gabe. Zer esanik ez, milaka eta milaka bitarteko langileen ziurgabetasun egoerari begiratzen badiogu. Ezinbestekoak dira gure ustez finkapen deialdiak arautzea eta deitzea euskal funtzio publikoan. Eragileekin negoziatzea alde bakarrez inposatzea baino nekezagoa da Jaurlaritzarentzat, eta bere ahulezia propaganda kanpainekin estali beharra ikusten du.

Aurrekontuen eztabaidan esaten genuen bezala, langile publikoei mobilizazioa besterik ez zaigu gelditzen. Eusko Jaurlaritzak Madrilera gutxiago begiratu eta negoziazio mahaian Enplegu Plan integral bat adostu beharko luke, baita langileekin daukan zorraren aitortza eta ordainketa egin ere, LABek tinko jarraituko du aldarrikapen horien gainean lan egiten.