2026-02-22
Blog Page 691

Lanetik etxera bizirik bueltatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu

Atzo jakin izan genuen, Marcillan, Exkal enpresan 25 urteko langileak hil egin zela, elektrikari lanak egiten ari zenean.

Lehenik eta behin, LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diogu hildako langilearen senide eta gertukoei momentu gogor hauetan.

Langile honen heriotzaren arrazoiak ikertzea eskatzen dugu, baita ere bere lan baldintzak eta laneko erritmoak.

Hasi berri dugun 2019 urte honetan, hiru langile hil dira jada lanean edo lanaren ondorioz. Salatu beharra dugu istripu hilgarriak handitzen ari direla behin ekonomiaren jarduera berreskuratu zenetik, horrela 2013tik hona 308 langile hil dira lanean. Datu hauek adierazten digute lan istripuak ez direla kasualitatez sortzen eta arazo estruktural baten aurrean aurkitzen garela .

Lan istripu guztien atzean lan baldintzak daude. Erritmo azkarrek, presioek edo autoritarismoak gaixotasun ezberdinak sortarazten dituzte eta hainbatetan heriotzera eramaten gaituzte.

Argi daukagu lan istripuak, izan traumatiko edo ez traumatikoak, ez direla kasualitateak sortutakoak, ematen diren lan harremanen, prekarizazioaren eta lan baldintzen okertzearen ondorio zuzena baizik.

LABen argi dugu bizi eta lan duinak behar ditugula, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugula. Sarraski honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza dira, lan harreman eta joku arauen aldaketa batetik etorriko delako aldaketa. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, enpresen irabazi ekonomikoen aurretik langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena. Horregatik LABek dei egiten du langile guztientzako lan baldintza duinen aldeko borroka egitera.
 

 

 

“Gure lan baldintzak oso prekarioak dira”

Zailtasun sozialeko egoeran dauden adin txikikoak artatzeko zerbitzua kudeatzen duten Xilema eta Nuevo Futuro enpresetako langileek eta LABeko delegatuek agerraldi bat egin zuten atzo, Iruñean, PAGNA agentziaren egoitza parean, Nafarroako Gobernuak zerbitzu hori berriz esleitzeko erabili zuen baldintza-agiriak dituen gabeziak agerian uzteko. "Langile kopuru eskasa mantentzen den bitartean, etengabeko sartzea eta ateratzea egongo da lantokietan. Adingabeen beharrak eraginkortasunez asetzea ezinezkoa da horrela", ohartarazi dute.

Hauxe d agerraldian irakurritako adierazpena:

Hemen elkartu garenak, Nuevo Futuro eta Xilemako langileak gara.

Babesgabetasunean eta esklusioan dauden adingabekoekin lan egiten dugu. Nahiz eta oso gazteak izan, dagoeneko oso esperientzia larriak eta gogorrak bizi izan dituzte. Bizi dituzten gertakizunak irrealak eta bortitzak badirudite ere, haien errealitatea da.

Arlo honetako profesionalak garenok hauekin lan egiteko prestatuak gaude, bai aholkatzeko, hezitzeko eta beraien prozesu pertsonalean laguntzeko. Aldi berean, hauen egoera pertsonalak gure baitan efekturik ez izateko prestatzen gara, gure lana eraginkorragoa izateko. Maila teorikoan, praktikoan eta emozionalean asko eskatzen duen lanbidea da. Beraz, egindako lanaren errekonozimendua eta soldata duinak edukitzea eskatzen dugu.

Gure lan baldintzak oso prekarioak dira. Ez dira gauekotasuneko zein txandaketetako plusak aitortzen eta oso gutxitan, jai egunetakoak. Gainera, askotan 12 ordu baino gehiagoko jardunaldiak eta guardiak egiten ditugula kontuan izan gabe.
Langileon ordezkari sindikalak hainbat bilera izan ditugu Nafarroako Gobernuarekin, zerbitzuetako errealitatea azalduz, gure lanaren kalitatea eta lan baldintzak hobetzeko.
Urte eta erdi itxaron eta gero, Nafarroako Gobernuak pliegoak publikatu ditu eta hauen emaitza dezepzio handia izan da guretzako.

Pliegu hauen hobekuntza batzuk ontzat hartzen ditugu, aldi berean, Kontzertu Sozialak gaur eguneraino ezinezkoak ziren hobekuntzak ahalbidetzen dituelarik. Baina, guzti hauek salbuespenak dira, orokorrean, beharrak asetzen ez direlako. Lan prekarietatea mantentzen da nahiz eta Miguel Laparrak prentsan kontrakoa esan. Lan baldintzen hobekuntza hitzarmen sektorialari lotuta geratzen da eta gaur egun, hau kea besterik ez da.

Hezitzaile laguntzailearen postua mantentzen da, izen aldaketa batekin. Praktikan, langile hauen funtzioak eta hezitzaileenak ia berdinak izan arren, 200 euro baino gehiagoko ezberditasuna dago soldatan. Langile hauek, gehiengoetan gauez lan egiten dute, 650 eta 800 euro bitarteko soldata jasotzen dutelarik. Kategoria hau mantentzearen helburu bakarra prezioaren merketzea da.

Arreta zuzena da kalitatezko lana egiteko puntu garrantzitsuena. Gehiengoetan, arreta zuzeneko langile kopurua mantentzen da, beste batzuetan jeitsi ere egiten da errekurtsoetako beharrak kontuan hartu gabe. Langileok gehiegizko lan zama izateak ondorio txarrak ditu esku-hartzean, adingabekoetan eta langileetan modu negatiboan eragiten duelarik.

Administrazioak ez ditu kontuan hartu langileetatik jasotako oinarrizko beharrak, hauek oinarrizko hobekuntzak ekarriko zituztelarik. Hobekuntza hauek arrisku psikosozialen ebaluazioak emandako emaitza negatiboak leuntzeko balioko zuten. Emaitza hauek, lanean jasaten dugun estresaren, antsietatearen, eraso fisiko eta psikologikoen ondorio dira.

Zentroetan, sexu-abusuak jasan eta eragin dituzten adingabekoak ere badira. Langileok, genero ikuspuntua kontuan hartu behar dela uste dugu eta zentro basikoen zati bat, sexuaren arabera bereiztuta egotearen beharra ikusten dugu. Era honetan, adingabeak babestuagoak egongo dira eta gertaera larri hauek saiestea erraztuko da. Nafarroako Gobernua ez da iritzi berekoa eta beste pauso bat eman du bere zentzugabekerian: Errekurtso bereziak mistoak bilakatzea. Orain arte, arazo sozial eta psikologiko larriak zituzten mutilekin lan egiten zen hauetan. Zein da errekurtso honetan sartzean, neskak izango duten babesa? Ez da bidezkoa soilik neskentzako izango den errekurtso berezi bat sortzea?

Laburbilduz, hainbeste denboraren ostean ateratako pliego hauek babes etxeetan eta babes sisteman dauden arazoak konpontzen ez dituela salatzeko gaude hemen. Langile kopuru eskasa mantentzen den bitartean, etengabeko sartzea eta ateratzea egongo da lantokietan. Adingabeen beharrak eraginkortasunez asetzea ezinezkoa da horrela.

 

 

 

Anbulantzietako erkidegoko hitzarmen kolektiboaren negoziazioko lehenengo akordioa gure eskutik dator

0
Egindako lanak fruituak ematen ditu. Beste behin ere argi geratzen da estatalizazioaren kontra borrokatu daitekela, gure eremuan negoziatuz eta akordioak lortuz, azken finean erabakitzeko gaitasuna izatea.

LAB, beste sindikatuk eta patronala, 3 urtez iraun duen negoziazio batean, berehalako eragina izango duen puntu bat adosteko gai izan gara, antzinatasunaren muga %16tik %20ra pasako delarik.

Akordioa, LABen egindako proposamen batetik dator, hau da, antzinatasuna %4 igotzea. Baina akordio honek langileentzako izan dezakeen hobekuntza ekonomikoen gainetik, LABek estatalizazioaren inguruan eta Madriletik iristen zaizkigun inposaketen kontrako borrokan daukan garrantzia nabarmendu nahi du.

LABen iritziz oso garrantzitsua da anbulantzietako EAEko hitzarmenean gaiak adostea, honek ondorioztatzen duelako borrokaren bitartez gai garela hemen negoziatu eta adosteko.
Beste batzuk sustatzen dituzten beste eremuak ez ditu inork nahi, ezta patronalak ere, hemengo lan harremanetan esku-hartzea suposatzen dutelako.

Garaipen honek, beste eremu askotan Madriletik lapurtzen diguten negoziazio kolektiborako eskubidearen kontra egin beharreko bidea erakusten digu.

LABen gure negoziazio eremuan akordioetara iristea duen garrantzian sinisten dugu, eta horrela jokatzen jarraituko dugu, gaur bezala, anbulantzietako langile guztientzat hobekuntzak ekarriko duen akordio bat lortuz.

Gaur lortutako akordioa EAEko Lehen Hitzarmen Kolektiborako atea irekiko duen akordioa izan dadin lanean jarraituko dugu.
 

 

 

AHTren proiektuaren aurka mobilizatu gara Gasteizen

0

Espainiako Sustapen ministroak Gasteizen trenbidea lurperatzeko azterlana aurkeztu du, 3,6 kilometro izango dituena, eta Salburua eta Zabalgana auzoetako zatiak kanpoan utziko dituena. Aurkezpenaren ostean, instituzio guztien arteko bilera egon da, AHTren Gasteizko sarrera zehazteko. Gauza bat da trenbidea lurperatzea eta beste gauza desberdin bat da AHTren egitasmoa, baina Gasteizko alkate Gorka Urtaran bi egitasmoak nahastearekin tematuta dago. Hala, AHTrik ez Arabak deituta, plataforma horretan gauden eragileek protesta egin dugu Subdelegazioaren aurrean, gure desadostasuna azaltzeko eta AHTren proiektua salatzeko.

 

 

 

Sindikatuko emakumeon batzarra egingo dugu ostiralean, martxoaren 8ra begira

0

Martxoaren 8ra begira gaude. Hala, feminismoaz eztabaidatzeaz gain, greba feministaren lanketari buruz ariko gara.

Emakumeok planto! egingo dugu aurten ere, egiten dugun lanaren eta borrokaren balioa aldarrikatzeko, zapaltzen gaituen sistema salatzeko. Kalera aterako gara sistema hau iraultzeko ditugun proposamenak plazaratzeko.

Hala, sindikatuaren agendan gorriz markatu dugu martxoaren 8a eta martxan jarri gara guztia prestatzeko. Sindikatuko emakumeok guzti honetaz hitz egiteko tartea behar dugula pentsatu dugu Idazkaritza Feministatik eta hitzordua jarri dugu ostiralerako, 10:00etan, Donostiako Eureka museoan. LABeko emakumeon batzarra egingo dugu bertan.

Feminismoaz eztabaidatu eta grebaren lanketan ditugun zailtasunak konpartitzeko batzarra izango da. 
 

 

 

Kristau Eskolak gezurra esaten du ikastoletan baino gehiago eskaintzen duela esaten duenean

LABek Kristau Eskolari zintzotasuna eskatzen dio. Gure aldetik, lanean jarraituko dugu kolektibo prekarioen alde, lanpostu guztiak mantentzearen alde eta lan baldintza duinen alde.

Kristau Eskolak pentsarazi nahi digu gezur bat behin eta berriro esategatik egia bihurtuko dela. Urtarrilaren 11n aurkeztutako proposamenean Ikastoletan LABek sinatutako akordiora hurbiltzen hasi baziren ere, ez dituzte Ikastoletako akordioan dauden edukiak berdintzen.

Gizarte Ekimeneko Ikastetxeetan 5 aldarrikapen dira nagusi eta Ikastoletako akordioan, hain zuen ere 5 puntu horietan akordioak lortu ditugu:

Soldatak: LABek sinatutako soldata igoerak eta Gizarte Ekimenean KEk eskaintzen dituenak berdin- berdinak dira; ordainketa eskuordetua +0,5. Hau horrela da, finantziazio publikoa berdina dutelako eta itunpeko sare guztiarentzako kopurua berdina delako.

Enplegua mantentzeko akordioa: KEk puntu honen inguruan akordio bat negoziatzeko konpromisoa eskaintzen du. Ezer zehaztu gabe. Ikastoletan langileen soberakinen %100aren birkokapena antzinatasuna mantenduz sinatu dugu. Hau da, 0 kaleratze. KEk ez du bermatzen kaleratzerik ez dela izango.

Lan kargak: Ikastoletan Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzan ordezkapen guztiak lehenengo egunetik izateaadostuditugu. KEk3.egunetikeskainidu.

0-3ko langileen lan baldintzak: Puntu honetan hurbilketa egon arren Ikastoletan oraindik ere 0-3ko langileek urtean 2 lan egun disfrutatzeko aukera edukiko dute berreskuratu beharrik gabe.

Hezkuntza Laguntza Espezialistak: Ikastoletan 2019. urtean langile hauek 57 ordu gutxiago lan egingo dute KEk eskaintzen duena baino.

Horretaz gain, Ikastoletan guraso baten gaixotasunagatik baimendutako 3 egun adostu dira, ordu lektibotik kanpo ematen diren ikastaroak konpentsatzea, kontratazioen gardentasuna bermatzeko ikastetxe bakoitzean batzordeak sortzea, ordu sindikalak ordezkatuta izatea, urriaren 12an eta abenduaren 6an nahi duena lanera joan ahal izatea eta 7 hilabeteko epean lan hitzarmena adostuko delaren konpromisoa.

KEk enplegua mantentzeko konpromisorik ez duela hartu salatu nahi dugu. Hau da, 2019. urtean Kristau Eskolak diru publikoarekin hatzamarrez kontratatzen eta bere gustuko ez diren langileak kaleratzen jarraitu nahi du.

LABentzat onartezina da gaur egun diru publikoarekin lan postuak suntsitzea eta “entxufismoa” bultzatzea.
Kristau Eskolak gatazka honetan duen jarrera agerian utzi nahi du. Medioetan botatako gezurren atzean negoziatzeko daukan gaitasun gutxi ezkutatzen dute eta orain arte izan dituzten pribilejioak mantendu eta areagotu nahi dituzte.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan jarraipen zabala izan du grebak, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuekin greba desitxuratu nahi izan badu ere

Urtarrilak 16tik 25era bitarteko 8 greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza daukagun LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok negoziatzeko borondatea daukagu eta taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugu.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak igotzeko erabakiarekin greba desitxuratu asmoa izan duen arren, ez da horrela izan. Horrela, sektorean Lan Hitzarmenaren eguneratzearen alde aurrez gauzatutako 9 greba egunekin gertatu den bezala, aste honetako lehenengo greba egunari ere langileek emandako babesa eta jarraipena oso zabala izan da, %65 ingurukoa. Eta gaur Bilbon antolatu dugun manifestazioan langileek izandako parte hartzea ere itzela izan da, 5.000 langile inguru bildu direlarik berriro ere 9.000 langileko kolektibo batean.

10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu greben helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla konbentzituta baikaude. Grebaren helburuak erabat argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira, beraz.

Mobilizazio eta greba dinamika indartsuak bultzaturik, patronalak mugitzera behartuak ikusi dira, baina momentuz patronalek egindako proposamenak eskasa izaten jarraitzen du, orain urte bete mahaitik altxatzea erabaki genuenean mahai gainean jarrita zeukaten proposamenarekiko aurrerapauso nabaririk ez du jasotzen eta grebara eraman gaituzten aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen du. Enpleguari dagokionez, gela itxierek ekar dezaketen lanpostu galerari aurre egiteko birkokapen neurri bermatzailerik eskaini gabe jarraitzen dute. Irakasleen lan kargak arintzeko proposamena erabat eskasa da. Soldaten inguruko planteamenduari dagokionez, eroste-ahalmenaren berreskurapenetik oso urrun dago. Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen eta Hezkuntza laguntza espezialisten, hau da, feminizatuenak eta egoera prekarioenetan lan egiten duten kolektiboen lan baldintzen inguruko proposamenetan apenas dagoen aurrerapausorik, egindako ordu osagarrien eta lanaldi murrizketaren planteamenduak lan baldintzen hobekuntzan apenas eraginik dutelarik etab.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzukizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Aldi berean langile guztiak animatzen ditugu hurrengo greba egunetarako antolatu ditugun elkarretaratze, manifestazio eta gainerako ekintzetan parte hartzera.

 

 

 

Garbiñe Aranburu: “Prekarietatearen kontrako gatazkak lotu nahi ditugu Iruñean, urtarrilaren 26an”

LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburu Euskal Telebistako "Egun On Euskadi" saioan egon da, aktualitateari errepasoa egiten. Prekarietatearen aurka urtarrilaren 26an Iruñean egingo dugun manifestazioa, elkarrizketa soziala, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua, Huerta de Peraltako borroka, pentsionistena, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako greba, La Naval… hainbat gai izan ditu hizpide.

 

 

 

Enpresa eta Gasteizko Udalari eskatzen diogu TUVISAko langileen esku baliabideak jar ditzala autobusak eraso sexista, arrazista eta xenofoborik gabeko guneak izan daitezen

0
Iragan den astean TUVISAko 7. linean gertatutakoaren harira, TUVISAko LAB-en atal sindikaletik gertaera horretan eman ziren jarrera arrazista, xenofoboak eta sexistak salatu nahi ditugu, baita egoera horretan nahastuta egon ahal izan ziren erabiltzaileekiko gure elkartasuna adierazi ere. Gaur, urtarrilaren 16, 19:00etan, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan ospatuko den elkarretaratzean parte hartzera deitzen dugu.

TUVISAko langile bezala, ezin dugu gure autobusetan pasa den astean gertatutakoak errepikatu dadin utzi, non bere azalaren koloreagatik pertsona batek heriotza mehatxuak jasan zituen. Hau dela eta, enpresako zuzendaritzari, eta erantzunkidetasunagatik Gasteizko Udalari, eskatzen diegu langilegoaren esku baliabideak jarri ditzaten gure autobusak edonolako eraso sexista, arrazista eta xenofoborik gabeko guneak izan daitezen.

Jakitun ginen horrelako egoerak goiz ala berandu emango zirela, eta denbora daramagu enpresari eskatzen neurriak har ditzan gidarion kolektiboak ditugun estres eta erantzukizun mailan eragin dezan. Tamalez, pasa den asteko gertakariaren harira presio hau handitu egin da, eta bada garaia gaurdanik pairatzen ari dugun arazo hau konpon dadin.

Gidariok jabego publikoko autobusak gidatzen jarduten dugun hiritarrak gara, eta gaur egun ez dugu formakuntza eta baliabiderik pasa den astean gure lankideak bizitu zuen egoerari aurre egiteko.

Honetaz gain, enpresari eskatzen diogu autobuseko kamarak jasotako irudiak aztertu ostean, neurri legalak har ditzala adin gabeko bati aipatutako mehatxuak egin zizkion pertsonaren aurka. Baita batzordea egin dadila ahalik eta azkarren gai hau tratatzeko.

Baina gure arazo guztien gainetik, hiritarrak ere bagaren heinean, gure autobusean erabiltzaileak eta bere adin gabeko alabak jasandako erasoaren aurka kokatzen gara, eta LAB-etik TUVISA-ko langilego osoa animatzen dugu egoera hauen aurrean isilik gera ez dadin, tamalez geroz eta arruntagoak direnak, eta animatzen ditugu ere eraso honen aurka gaur, urtarrilaren 16, 19:00etan Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan ospatuko den elkarretaratzean parte hartzera.

Gure lan-postuetan inolako eraso arrazista, xenofobo edo sexistarik errepika ez dadin borrokan jarraituko dugu.