2026-02-22
Blog Page 690

Arduragabekeria larria da Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamairugarren greba egunean patronalen aldetik inolako proposamen berririk ez egotea

0

Sektoreko hamahirugarren greba eguna da gaurkoa, eta gaurkoan ere babes zabala izaten ari da langileen aldetik (aurrekoen antzekoa, %60-65 bitarte). Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude; EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira, eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua.

Sindikatuok eta langileok familien kezka eta ardura ulertzen dugu, eta geu ere erabat arduratuta gaude egoera honekin. Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu sektoreko hamairugarren greba egunean patronalen aldetik inolako mugimendu eta proposamen gehigarririk ez egotea. Are arduragabeagoa oraindik Uriarte Sailburuak aste bukaera honetako manifestazio jendetsuan familiek luzatutako eskaerari eman dion erantzuna. Pasa den astean Eusko Jaurlaritzak familien aurrean bere burua zuritzeko asmoz greba honetarako zerbitzu minimoak handitu zituen greba eskubidea larriki urratuz, eta ondoren inolako zehaztasunik gabeko adierazpenak egitera mugatu zen. Gaur berriz, inolako oinarririk gabe, Cristina Uriarte hezkuntza sailburuak, bere gain edozein ardura hartzea ekiditeko eta sindikatuok salatzen ari garen egoeran duen erantzunkizuna desbideratzeko saikeran, grebaren atzean ezkutuko beste helbururen bat egon daitekeela bota du.

Uriartek ulertarazi nahi izan duenaren kontra, hamar urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hobekuntza dugu greben helburu bakarra, konbentzituta baikaude hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla. Beraz, grebaren helburuak argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira. Langileak eta berauek ordezkatzen ditugun sindikatuok oso arduratuta gaude ikastetxeetan gero eta baldintza kaskarragoetan lan egitera behartzen gaituztelako, eta honek duen eraginagatik, ez bakarrik gure lan baldintzetan, baizik eta baita ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean ere.

Hori dela eta, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok negoziaziorako gure borondatea berretsi nahi dugu berriro ere eta egoera honi buelta emango dion taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugula adierazi.

Sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, langile guztiak animatzen ditugu bihar Gasteizen goizeko 11.30etan Bilbo enparantzatik irtengo den manifestazioan parte hartzera.  

 

 

 

Gure elkartasun osoa adierazi nahi diegu Mendizabalako ikastetxean itxialdian dauden lanbide heziketako irakasle teknikoei

0
Datorren astean bilera garrantzitsu batera deitu gaituzte. Bilera horretara administrazioak proposamen berri bat ekarriko omen du eta irakasle hauek bizi duten egoera espezifikoari (OPEra ezin dira aurkeztu) aterabidea aztertzen hasiko gara. Lab sindikatutik gure indar guztiak jarriko ditugu irakasle hauek beraien egoera normalizatu dezaten. Eskubide berdintasuna eskatzen dugu.

Administrazioari arduraz jokatzeko eskatzen diogu. Gatazka laboral berri baten aurrean aurkitu gaitezke. Urteetan sistema barruan lanean dauden langileak beraien lanpostua galtzeko arriskuan aurkitzen dira. Ez dugu onartuko!
 

 

 

Etxeko langileen lan istripuen aitortza eskatu dugu Osakidetzaren aurrean

0

Hainbat eragilek eta sindikatuk, LABek barne, bat egin dugu Etxeko Langileen Elkarteak deitutako elkarretaratzearekin.

Hauxe da gaurko mobilizazioaren harira osatutako adierazpena:

Osakidetza salatu nahi dugu eta bereziki Jon Darpon bere arduraduna, honako arrazoiak direla eta:

Talde parlamentarioek, EH Bilduren eskariz, mozio bat adostu zuten 208ko ekainean, Osalan eta Osakidetza elkarrekin koordinatu zitezen etxeko lanetako istripuak detektatzeko asmoz.

Darpon sailburuak, EH Bilduren galdera bati, 2018ko abenduaren 28an erantzun zion Osakidetzak ez duela inolako hausnarketa edo jarduerarik aurrera eraman lan-istripuak detektatzeari buruz, istripuak ez baitira bere ardura. Erantzuna harrigarria iruditzen zaigu. Osakidetzako langile medikuek osatzen dituzten baja parteetan ezinbestean zehaztu behar dute baja hori arrunta edo lanekoa den.

Honetaz ari gara hitz egiten:
– Modu nabarmenenean lan-istripuak diren lesioekin Osakidetzako kontsultara doazen langileak eta kontingentzia arruntagatiko parte batekin ateratzen direnak.

Lesio fisiko eta psikikoak. Aholkularitzan aurkitu ditugun kasuak barruko langile batek aurpegia eta garezurra erretzea presiozko eltze batengatik, berak bakarrik gizon handi bat mugitzen zuen langile baten sorbalda eta besoko lesioak edo larrialdietara langile bat joatea egun eta gau burua galduta zuen langile bat hilabeteez zaintzeagatik, atsedenik hartu gabe eta antsietatea eraso bat jasan zuena.

Gainera, gogoratu behar da Osalaneko ez duela erabilgarria eta serioa izango den etxeko lanen lan-osasunaren inguruko gida bat egin, berau egiteko epea pasa den abenduan amaitu arren.

Gogoratu nahi dugu etxeko langileak, bereziki zaintza lanetan ari direnak, berandu eta gaizki jotzen dute medikuaren kontsultara (gaixoatsun arrunt zein lanekoekin), ezin baitute lana utzi euren osasuna zaintzeko.

Badakigu zaintza lanak egiten dituzten langileen oinarrizko arazoa da merke egiten dituztela oinarrizkoak diren atazak, beste modu batera gastu soziala modu nabarmenean igoko zutenak. Beste alde batera begiratzea da EAJren gobernuaren aukera.

 

 

 

“Emakume askeak, herri libre eta feminista batean, hori da borrokatuko duguna”

0

Martxoaren 8a gorriz markatuta dugu sindikatuaren agendan. Hain zuzen ere, martxan jarri gara greba feminista prestatzeko eta, hitzordu garrantzitsu hori ardatz hartuta, LABeko emakumeon batzarra egin dugu gaur Donostian, Eureka museoan.

Sindikatuko emakumeak greba feministaren prestaketa lanetan ibili gara azken hilabeteotan, eta egun horretara begira zein ekarpen egin dezakegun gogoeta egiten ari gara. Hain justu, gogoeta hori konpartitu dugu gaurko batzarrean.

Beharrezkotzat jo dugu emakume langileok pairatzen dugun egiturazko diskriminazioari ikusgarritasuna ematea, diskriminazio hau sektore guztietan gertatzen baita. Hala, “Kapitala hautsi-bizitzari eutsi” leloa aukeratu dugu, eta are eta urrutiago joatea izango da gure apustua martxoaren 8ra begira: greba egiteko arrazoietan sakonduko dugu, 2019ko Euskal Herria oinarri hartuta, aldarrikapenak berrosatuz eta zehaztuz. Jakin badakigulako nondik gatozen, gure genealogia feministak aitortuz, baina jakin ere badakigulako nora goazen: zer nahi dugun lortu eta nola nahi dugun lortu.

LABetik ez dugu zalantza izpirik izan greba feministarekin bat egiteko, egoera, hobetu baino, okertu egin delako. Sistema kapitalista saiatu da, bere tresneria guztiarekin, gure diskurtso, lelo eta salaketak bere egiten. Kapitala morez jantzi da, mahaiaren alde berean eserita gaudela sinestarazteko.

Batzarra ere sektore feminizatuetan aurrera eramaten ari garen borrokak balioan jartzeko baliatu dugu. Sektore feminizatuen egoera, soldata arrakalaren eragina, emakumeok pairatzen dugun prekarietatea eta zaintza lanen karga izan ditugu hizpide, emakumeon lana eta borroka aitortzeko.

Garbiñe Aranbururen hitzartzea
LABeko idazkari nagusi Garbiñe Aranburuk hartu du hitza batzarrean. hauxe izan da bere hitzartzea:

M8rako Euskal Herriko Mugimendu Femnistak eginiko greba deialdiarekin bat egiten du LAB sindikatuak. LABek Kapitala hautsi, bizitzari eutsi! Lelopean greba feministara deitzen deitu emakume langileak.

Greba feministaz ari garenean, sistema kapitalista–heteropatriarkala auzitan jarriko duen grebaz ari gara. Emakumeok bazterketa estrukturala pairatzen dugu eta sistema honek ustiatzen, zapaltzen, gaixotzen eta hiltzen gaitu.

Emakumeon kontrako indarkeria matxistak ez du etenik, eta ez dago berme nahikorik, ez legalik, instituzionalik, ez judizialik emakumeok pairatzen dugun egoera honekin amaitzeko. Gainera, emakumeoi bereziki eragiten digun bizitzaren prekarizazio prozesuak ere ez du etenik.

Erantzun soziala gero eta handiagoa da. Emakumeok, gero eta gehiago, antolatzen, saretzen eta gure indarrak batzen ari gara. Azken urte hauetan eta, batez ere azken urtean, mugimendu feminista indartzen ari da. Lan munduan ere sektore feminizatuetako borrokak ugaritzen ari dira.

Feminismoa indartzen ari da, eta sistema kapitalista horren jakitun da. Borroka hori asimilatu eta indargabetzeko helburuz, zeharkako eta zuzeneko bideak darabiltza. Gure diskurtso, salaketa eta aldarrikapenak bereganatu nahi ditu, edukiz hustu. Kapitala morez jantzi da, gure borroka asimilatu eta indargabetzeko helburuz.

Ultraeskuinaren eta faxismoaren gorakadak feminismoaren kontrako eraso zuzenagoa ekarri du, behar izanez gero gezurrak erabili eta indarkeria matxista ukatzeraino.

Emakumeok kalean gaude eta kalean jarraituko dugu, indar gehiagoz. Iaz plantorako deia egin genuen eta aurten urrats bat gehiago ematera goaz 24 orduko grebarekin.

Grebarekin batez ere, zaintza eta aitortu gabeko lanak jarri nahi dira erdigunean. Era berean, LABek generoaren araberako lanaren banaketak lan munduan emakumeongan sortzen dituen diskriminazio eta zapalketa egoerak ikusarazi nahi ditu. Emakumeok egiten ditugun lanei balio eta aitortza sozial txikiagoa ematen zaie eta ondorioz:

-Diskriminazioa kontratazioan eta lan baldintzetan, lanaldi partzial inposatuak, soldata arrakala etab. Iaz soldata arrakalarekin enpresariak interpelatu genituen batez ere eta aurten instituzioak ere interpelatuko ditugu.

-Lana, familia eta bizitza pertsonalaren kontziliaziorako ez dago ez neurri egokirik, ez neurri nahikorik. Ezta korrespontsabilitatea posible egingo duen neurririk ere.

-Indarkeria matxista, lantokietan ugari ematen da.

-Eta honi guztiari buelta emateko balio ez duten berdintasun plan hutsalak aurkezten dizkigute enpresatan, porrota diren berdintasun planak.

Grebak egoera horiek guztiak borrokatzeko baldintzak hobetzen lagunduko du.

Sistema hau eraldatuko badugu, bizitza erdigunean jarriko duen diskriminaziorik gabeko eredu ekonomiko eta sozial berri bat eraikiko badugu, demokratizazioan urratsak ematea ezinbestekoa da.

Afera politikoa da. Gure gorputzen gaineko erabakiak hartu nahi ditugu. Guztia erabaki nahi dugu. Emakume askeak, herri libre eta feminista batean, hori da nahi eta eskatzen duguna! Eta hori da borrokatuko duguna.

Ez gara pribilegioez ari. Gure eskubideak dira. Horregatik, martxoaren 8an, guk, emakumeok, GREBA FEMINISTA!

 

 

 

Sindikatuok presoen eskubideen alde mobilizatu gara, Bilbon, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean

LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Bilbon, plaza Eliptikoan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, “Konponbide garaia da. Orain presoak” lemarekin. Abenduaren 20an komunikabideen aurrean adierazi genuen moduan, hileko hirugarren ostiraletan protestak egingo ditugu lema berarekin, eta gaurkoa izan da lehena. Joan den larunbateko Bilboko eta Baionako manifestazio jendetsuen ostean etorri da sindikatuon mobilizazio hau.
 

 

 

Negoziazio eremua hona ekartzearen alde egingo dugu, H&M-k Max Centerreko denda ixteko asmoen aurrean

0

Pasa den urtarrilaren 9an H&M enpresak Max Center-eko denda ixten zutela jakinarazi zigun. Neurri honekin 34 langile kaleratuko lituzkete. Komunikazio horretan kaleratze kolektiboa planteatzen zuen eta estatu mailako EEE batean kokatzen zituen langileak, Espainiako estatuko beste 6 dendarekin batera.

LABentzat, EEE horren barruan sartzea Euskal Herriko negoziazio eremua saltatu eta hemengo ordezkaritza gutxiengoan uztea izan da. Beraz, urtarrilaren 16an eratu zen negoziaketa mahaian argi utzi genion enpresari, kasu honetan, Bizkaiko langile eta zentroei buruz Bizkaian negoziatzea exijitzen dugula. Guretzat lehentasuna Max Centerreko langileen birkolokazioa ahalbidetzea izango da. Asko kezkatzen gaitu miloikako onurak dituen enpresa batek zentroak itxi eta langilez husteko hartu duen bideak. Eta horren aurrean borrokarako prest agertuko gara.  

 

 

Arduragabekeria hutsa da Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako hamabigarren greba egunean patronalen aldetik inolako mugimendurik ez egotea

Sektoreko hamabigarren greba eguna da gaurkoa, eta gaurkoan ere babes zabala izaten ari da langileen aldetik (atzokoaren antzekoa, %60-65 bitarte). Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan 9.000 langile inguru daude; EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira, eta 120.000 bat ikasleri ematen diote zerbitzua.

Hamar urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hobekuntza dugu greben helburu, konbentzituta baikaude hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla. Beraz, grebaren helburuak argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira. Langileak eta berauek ordezkatzen ditugun sindikatuok oso arduratuta gaude ikastetxeetan gero eta baldintza kaskarragoetan lan egitera behartzen gaituztelako, eta honek duen eraginagatik, ez bakarrik gure lan baldintzetan, baizik eta baita ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean ere.

Hori dela eta, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok negoziaziorako gure borondatea berretsi nahi dugu eta egoera honi buelta emango dion taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugula adierazi.

Egunotan Eusko Jaurlaritzako ordezkariak egiten ari diren adierazpenak adierazpen, horiek zertan gauzatuko diren zehaztu gabe jarraitzen dute, patronalek geldirik diraute eta mahai gainean daukagun proposamen bakarra 8 greba egun hauen aurretik geneukan berbera da.

Sindikatuok eta langileok familien kezka eta ardura ulertzen dugu, eta geu ere erabat arduratuta gaude egoera honekin. Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu aste honetako hirugarren greba egunean eta sektoreko hamabigarrenean patronalen aldetik inolako proposamenik ez egotea, baita Eusko Jaurlaritza zehaztasunik gabeko adierazpenak egitera mugatzea ere.
ELA, STEILAS, COOO, LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei, bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara iristea posible egingo duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, langile guztiak animatzen ditugu hurrengo greba egunetarako antolatu ditugun elkarretaratze, manifestazio eta gainerako ekintzetan parte hartzera.

 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako bigarren greba egunak eta sektoreko hamaikagarrenak ere jarraipen zabala izan du

Sektoreko hamaikagarren greba eguna ere babes zabala izaten ari da langileen aldetik, atzokoaren antzekoa, %60-%65 bitarte. Bi aste hauetan 8 greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langile inguru daude deituak, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu greben helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla konbentzituta baikaude. Grebaren helburuak erabat argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira beraz. Langileak eta berauek ordezkatzen ditugun sindikatuok ere oso arduratuta gaude ikastetxeetan gero eta baldintza kaskarragoetan lan egitera behartzen gaituztelako, eta honek ez bakarrik gure lan baldintzetan baizik eta baita ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean duen eraginagatik.

Hori dela eta, ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok negoziaziorako gure borondatea berretsi nahi dugu eta egoera honi buelta emango dion tajuzko proposamen baten zain jarraitzen dugula adierazi.

Patronalek ordea geldirik jarraitzen dute, ez digute deitu ez eta proposamen berririk egin ere. Eusko Jaurlaritzako ordezkariak azken egunotan egiten ari diren adierazpenak adierazpen, mahai gainean dagoen proposamenak berdina izaten jarraitzen du, ez dago inolako aurrerapasusorik. Beraz, mobilizazio eta grebekin aurrera jarraitu beste biderik ez digute uzten.

ELA, STEILAS,COO,LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, langile guztiak animatzen ditugu hurrengo greba egunetarako antolatu ditugun elkarretaratze, manifestazio eta gainerako ekintzetan parte hartzera.

 

 

 

Martzillan lan istripuz hildako gaztea gogoan izan dute Huerta de Peraltako grebalariek

0

Martzillan, atzo, lan istripu hilgarri bat gertatu zen. Hain zuzen ere, 25 urteko gazte batek bizia galdu zuen Exkal enpresan, El Campillo industriagunean. Bada, Huerta de Peraltako grebalariek gogoan izan dute gazte langilea eta, protesta moduan, errepidea moztu dute. Azkoiengo enpresako langileak 23. eguna dute gaur greba mugagabean.