2026-02-11
Blog Page 690

Garbiñe Aranburu: “Gobernuen jarrera aldatzeko ezinbestekoa da presio soziala areagotzea”

Milaka pertsona irten dira kalera, Bilbon zein Baionan, presoen eskubideen urraketak salatzeko, "Orain presoak" leloarekin bat eginda. LABeko ordezkaritza zabal bat egon da bi mobilizazioetan, eta preso eta iheslarien arazoari konponbidea jartzea ezinbestekoa dela berretsi dugu, benetako bake eta elkarbizitza eszenatoki bat eraikitzeko.

Baionako mobilizazioa.

Bilboko manifestazioaren aurretik, ekitaldi bat egin dute hainbat eragilek. Bertan izan da LABeko idazkari Garbiñe Aranburuk, eta presoen eta iheslarien arazoa konpontzeko garaia dela nabarmendu du. Hala, herriaren gehiengoa, hots, sindikatu guztiak eta ia alderdi guztiak, presoen eskubideen urraketaren kontra daudela gogora ekarri du: "Errealitate honen aurrean, bi gobernuen jarrera dago, Espainiako gobernuarena bereziki, salbuespeneko espetxe politikarekin amaitzeko pausoak eman gabe jarraitzen baitute. Estatu demokratiko batean ez litzateke ulergarria izango ekimen falta hau denboran luzatzea".

Garbiñe Aranburu, Bilbon, adierazpenak egiten.

Garbiñe Aranbururen hitzetan, "Gobernuen jarrera aldatzeko ezinbestekoa da presio soziala areagotzea. Sindikatu guztiak gaude espetxe politika krudel eta basati honen aurka, mendekuan oinarrituta. Langile kolektibo guztiari helarazi behar diogu mezu hau".

Bilboko manifestazioa.

Horregatik, LABeko idazkari nagusiak azpimarratu du garrantzitsua dela mobilizazio dinamikak piztea, Bilbon sindikatuekin antolatutakoa adibide. Hain zuzen ere, hilabeteko hirugarren ostiralero mobilizatuko gara Bilbon, presoak eta iheslariak etxeratzeko helburua ardatz.
 

 

 

Helburu guztiak lortu arte borrokan jarraituko dutela berretsi dute Huerta de Peraltako grebalariek, Iruñean

0

Huerta de Peraltako langileek 17 egun bete dituzte greba mugagabean, eta, Iruñean, elkartasun egun bat egiten ari gara euren borroka babesteko, joan den ostiralean Azkoienen egindakoaren ildoan. Hain zuzen ere, 35 gizarte eragile baino gehiagok egin dute bat jardunaldiarekin. Aurreikusitako mobilizazioen artean, goizean goiz, elkarretaratze zaratatsu bat egin dugu Nafarroako Legebiltzarraren aurrean eta, ondoren, Iruñeko kaleak hartu ditugu.

Enpresa batzordeko presidente El Houssine Yagoubik adierazitakoaren arabera, "17 egun eman ditugu greban dagoeneko, eta borrokan jarraituko dugu langileen eskubideen alde, helburu guztiak lortu arte: kaleratutako langileak berronartzea eta lan baldintzak hobetzea enpresa barruan.

Elkartasun egunerako SAT Andaluziako ordezkari Oscar Reina etorri da, besteak beste, eta berak ere hitza hartu du, Nafarroako LABeko ordezkari Imanol Karrerarekin batera. Hain zuzen ere, elkartasun keinu ugari jaso dituzte grebalariek, gaurkoan ere. Maravillas gaztetxeko kideek, esaterako, mobilizazioetan parte hartu dute. Eurek zein Huerta de Peraltako grebalariek Nafarroako Foru Poliziaren indarkeria pairatu dute azken egunetan.
 

 

 

“Ez gara Aldi Baterako Enplegu-Erregulazio Espediente bati buruz ari, iruzurraz baizik”

0

Euskal Herria, Valentzia eta Asturieseko Arcelorreko lantegietako LAB, ESK, CGT eta CSI sindikatuetako ordezkariok agerraldi bat egin dugu, enpresak hartutako azken erabakien inguruko irakurketa egiteko. Hain zuzen ere, Arcelor Mittalek Aldi-Baterako Enplegu-Erregulazioa 2022. urtera arte luzatu du lantoki guztietan, eta horrek dituen ondorioak plazaratu ditugu.

Arcelor Mittalek dituen lantoki guztietan Aldi-Baterako Enplegu-Erregulazioa 2022. urtera arte luzatu da gutxienez. Horren aurrean CSI, CGT, ESK eta LAB sindikatuok iritzi publikoari honakoa adierazten diogu:

1.- Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espediente hau etengabe jasaten ari garela 2009. urteaz geroztik. Hura beste hiru urtez luzatu denez, langileok 13 urtez jasan behar izango dugu. Ez gara Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espediente bati buruz ari, gehiegikeriaz eta iruzurraz baizik.

2.- Enpresak ez du Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientearen luzapena justifikatuko duen dokumentaziorik aurkeztu. Ezin dezake egin, ez delako inolako zergatirik horretarako. Enpresak miloi askotako mozkinak aitortu ditu aurten. Altzairutegiak erosten ari da, horren adibide, Ilva italiarra. Haren lantegi guztietan %100ean dihardute. Lantoki batzuetan aparteko orduak betetzen ari dira.

3.- Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientea salbuespeneko neurria da, kaleratzeak bezalako neurri traumatikoak eragozteko asmoz pentsatua. 2009. urteaz geroztik enplegu asko suntsitu da lantegi guztietan. Euskal lantegietan, aldi horretan, enpleguaren %50a baino gehiago suntsitu da. Soilik azken 4 urteetan 915 lanpostu suntsitu diradira. Hala ere, suntsitu baino, gehiena azpikontratetako eta Aldi Baterako Lan Enpresetako langileek ordezkatu dute. Hots, talde osoaren enpresa politika bati erantzuten zaio, kalitateko enplegua suntsitzen da, eta hura enplegu prekarioago eta merkeago batez ordezkatzen da, betiere, enpresen irabaziak biderkatzeko helburuan, langileen lepotik kostu finkoak aurreztuz. Langileok gara multinazional horren diruzalekeria jasan dugunok.

4.- Enpresa babesten da 2012. urtean indargabetu zen baina 2009. urteko Enplegu-Erregulazio Espedientea onartu zenean, oraindik indarrean zegoen araudi batean, non 2009. urteko Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientea luzatzen zen. Egun, Enplegu-Erregulazio Espedienteei buruz dagoen araudiarekin, enpresak ezin lezake hura luza, dokumentazioa aurkeztu eta zergatiak egiaztatu beharko lituzke baizik, eta hura negoziatu beharko luke. Baina multinazionalari ez zaio komeni, Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteari ekiteko arrazoirik ez dagoelako.

5.- Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espedientea negoziatuko duen batzordea 2009. urtekoa denez, egun, aipatu negoziazio batzordekide batzuk ez dute inongo zeregin sindikalik betetzen. Hots, langile hutsak dira. Gaur egun ez ditu inork aukeratu langileen izenean jardun daitezen edota ezer sina dezaten. Ekintza hura eskubidearen arabera egin badaiteke ere, izatez, ez da oso etikoa, ez-demokratikoa eta ezohikoa da. Berez, langileek adierazi duten borondatearen aldaketa batez ari gara.

Azkenik, CSI, CGT, ESK eta LAB sindikatuok Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espediente honen guztiz aurka gaude. Multinazionalak, neurri honekin, gure lepotik ahalik eta errentagarritasun ekonomiko handiena lortu nahi du, trukerako txanpon gisa erabiliz. Lehenengo eta behin, langileak estutuz, hitzarmen kolektiboen negoziazioetan abantailarik handienak lortzeko, eta eguneko jardunean, maila guztietako gobernuak estutuz, haien neurrian egin legeak beldurrean eta xantaian oinarritu politikak ezartzeko.

Gobernuei ere exijitzen diegu, multinazionalek diru publiko ugari jasotzen duten neurrian, hauei ere kontrol estua egitea, ardura gehigorekin jokatuz eta enplegua suntsitzen ez dutela bermatuz.

Izuaren politika honen ezarpenean enpresak baditu lagunak: UGT, CCOO eta USO sindikatuak. Hauek, 2009. urteaz geroztik behin eta berriz onartu dizkiete Aldi baterako Enplegu-Erregulazioko Espediente guztiak, langileei egiten zaien erasoa zalantzan jarri gabe, enpresaren egiazko egoerarekin bat ez datorrela zalantzan jarri gabe. Dena zuritzen da kalte txikienaren mehatxuaz: “eta soldata osagarriak kentzen badizkigute?… eta itxiko balute?… eta?”.

Eta hala ere, edota horrengatik behar bada, enplegu eta lan eskubideen galera errealitate bilakatu da gure lantokietan.

Eraitsi den, etsi duen sindikalismo honi aurre eginez, CSI, CGT, ESK eta LAB sindikatuok erabaki dugu, ozen, “nahikoa da!” esango dugula. Asko gara xantaian eta izuan oinarritu politika horri aurre egitea erabaki dugunok. Bakartu nahi gaituztenei aurre eginez, erabaki dugu antolatu behar dugula eta aliantzak ehunduko ditugula. Garaia da eskubideak berreskura ditzagun eta etorkizuna berma dezagun. Aldi Baterako Enplegu-Erregulazioko Espedienteen baterako salaketa-kanpainari ekingo diogu lantokietan. Ez dugu baztertzen ere ekintza zehatzak egitea edota baterako mobilizazioak egitea.
 

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak eskola jangelen inguruan argitaraturikoak langileen lan baldintzen aurka egiten du

0
Behin Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailaren posizioa ezagututa, gaur, Eusko Jaurlaritzak osatu zuen ereduari buruzko batzordea beste iruzur bat izan dela esan dezakegu. Ez du bete Sailak jarritako helburua: jangela eredu berri batez hausnartzeko gunea izatea.

Momentu batean ere ez dute nahi izan, beharrezkoa zen gune horren egitekoa aurrera ateratzerik, nahiz eta hainbat aldiz eskatu dugun egiteko hori bete behar zutela gune horretan parte hartzen izan dugun eragileok.

Hamar bileretan eragile eta esperientzia ezberdinak entzun eta gero, Sailak aldebakarreko erabakia hartu du eskola jantokietan kudeaketa ez zuzena bultzatzeko, era honetara, desarautzeari ateak parez-pare zabaldu dizkio, aukera berdintasuna desagertu da, zein zentro dagokion kontuan hartu gabe.

Eredu hau martxan jartzeak, segurtasun falta eta kontrol eza egoera ekarriko du, eta horren arduradun zuzenak, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari diren Olatz Garamendi, Polentzi Urkijo eta Amaia Jauregiberri dira.

Aldebakarrez harturiko erabaki honen ondorioak arduratzekoak eta askotarikoak dira.

Arduragabekeriaderitzogunerabakihonekin,langilekolektiboak umezurtzuztendituzte.

Alde batetik, Saileko sukaldariak, 600 pertsona inguru, beraien lanpostuak oposizio publiko lehiaketa bidez lortuak dauzkatenak, lanpostu finkoa dutenak, eta interinoak direnak, hauek, funtzio publikoaren legeari eta dagozkien lan akordioei lotuta daude.

Beste alde batetik daude langileak, begiraleak, hezitzaileak, officetako pertsonala, enpresek kontrataturikoak, 1.000 langile inguru direnak. Dagoeneko lan baldintza prekarioetan daude, eta erabaki honekin oraindik gehiago kaltetuko zen euren egoera.

Eusko Jaurlaritzak, langileak bahitu ditu eredu aldaketa eskatzen diogun gehiengo sozialarekin irekita daukan gatazka honetan. Gehiegizko ebentualitatearen aurrean, Europako Epaitegietatik jasotako kolpetik ateratzeko bidea hau du, familiak langileen kontratazioaz arduratzeaz beti ere.

Horrela, Ordezkaritza Organo Gorenek horrela nahi badute langileen kontratazioaren arduradunak izango dira.

LABek honetan bertan prentsaurreko bidez publiko egin duen eredu aldaketarako proposamenak zutabe hauek dauzka:

– Sailak in situ sukaldeak jarri behar ditu zentro guztietan, aukera teknikoak aztertuz.

– Sukaldeko langileen kolektiboa bere osotasunean Hezkuntza Saileko langileak izan behar
da.

– Hezitzaileen kasuan (begiraleak eta office-a) kalitatezko eredu publiko bateranzko trantsizio prozesu bat eskatuko diogu Sailari. Era berean, sukaldeetan, berme guztiak izango dituen prozesua osatuko da, subrogazio eskubidearekin, Eusko Jaurlaritza izanik prozesu horren arduradun.

Prozesu hau garatzen den bitartean, edozein kudeaketa eredu hautatuta, Eusko Jaurlaritza izango da langileen kontratazioaz arduratuko dena, inoiz ez guraso elkartea, zentroa bera edo beste edozein entitate. Era berean, langile profesional hauen betebehar hezitzailea onartuko da, bai beraien lan baldintzen egokitzea ere, ratioak, formakuntza, baliabide pedagogikoak, ordutegiak…

Hezkuntza Sailak eta bere ordezkariek beste behin ere, hezkuntza publikoaren gune hau ezin dutela kudeatu agerian utzi dute. Sailak erabaki badu hau dela kudeatzeko modua, aldebakarrez, inposatuz eta arduragabekeriaz erabaki du. Gure aldetik ardurak eskatzen ditugu, egoera honen arduradunek, dimisioa aurkeztu dezatela eskatzen dugu.
 

 

 

2019ko lehen hildako langilearen aurrean, lan eta bizi baldintza duinen alde egiten dugu

Herenegun, urtarrilak 9, heriotz lan istripu baten berri izan genuen, Etxebarriko Arcelor enpresan, langile bat hil zen lan istripu ez traumatiko batean.

Hau da 2019an izandako lehen lan istripu hilgarria. 2018ko balorazio egiten ari garela, argi ikusten da istripu hilgarriak gora doazela eta lan baldintzak ez dute hobera egiten.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik senide eta lankideei gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi dizkiegu. Babes hau orain arte hildako langile guztien ingurukoei zabaltzen diegu.

Bihotzekoak, zirkulazio gaitz baskular bat ematen denean lanean, ez da kasuallitatea, edo denboraz, auzaz, gertatutakoa, patronalek dioten bezala, lanarekin zerikusirik ez dutela.

Jakina da horrelako gertaerak lan zehatz batzuetan gertatzen direla, baldintza zehatz batzuen pean, lanean jasotzen diren presioak esta estressa, bihotzekoak eta zirkulazio gaitzen ezinbesteko faktoreak direla eta gehienetan oinarrizko faktore gauzatzailenak direla. Bizi eta lan baldintzek eragindakoak ere badira.

Gainera dagoeneko istripu ez traumatikoak, bihotzekoak, iktusak… bilakatu dira heriotz lan istripuen lehenbiziko gauzatzaileak.

Lan istripu guztien atzetik lan baldintza eta lanaren ezaugarriak daude, erritmo azkarrak, presioak, autoritarismoa… gaixotasun ezberdinak sortarazten eta hainbatetan heriotzera eramaten gaituzte.

Argi daukagu, lan istripuak, traumatiko, ez traumatiko eta joan-etorrikoak ez direla zoriak edo kasualitateak sortuta, ematen diren lan harremanak, prekarizazioa, lan arautegia eta azpikontratazioaren emaitza dira.

LABen argi dugu, bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugu, indibidual familiar eta gizarte osoarena den lakra honekin bukatzeko bide bakarra borroka eta antolakuntza direla, lan harremanen eta joku arauen aldaketa batetik etorriko dela aldaketa, eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenestuko duen eredu batean.
 

 

 

Bankoaren aurrean protesta egin dugu, langile baten kaleratzea salatzeko

0

Bankoak langile bat kaleratu du, "kaleratze disziplinarioaren" aitzakiarekin. Erabaki honen jatorria duela urtebete aurki dezakegu, Bankoak langileari lana uzteko eskaintza bat egin zionean. Langileak ezezkoa eman zuen, ordea, eta orain dator kaleratzea. Epaitegietara joko du LABek. Elkarretaratzea Donostian egin dugu, Askatasunaren hiribidean, Bankoaren egoitzaren aurrean.
 

 

 

Alfonso Gil zinegotziari gogorarazten diogu bera dela Bilbobuseko egoeraren arduradun nagusia eta herritarrek greba jasan behar izatearena

0


%100ekoa izan da gaur Bilbobusen egin den 4 ordutako lanuztearen jarraipena. Gutxieneko zerbitzuak baino ez dira atera. Jarraipena, aurreko deialdietako berdina izaten ari da, erabatekoa.

LABentzat Gil jauna da Bilbobuseko lanuzteek jarraitzearen arduradun nagusia, eta komunikabideetan egindako bere azken adierazpenen inguruan, honakoa adierazi nahi genioke: Noski hau lan gatazka dela, baina baita politikoa ere bada, politiko bat delako, kasu honetan zu zeu, arduradun nagusia, edo arduraduna al zara gauzak ondo doazenean bakarrik eta arazoak daudenean hauek beste batzuenak dira eta zu ez zara hor erantzulea?

Gainera, politikoa da azpikontratatzeko erabakia politikoa delako eta duela urteak hartu zenutelako, eta orain ere, horren alde egiten duzuelako.

Ez itzazu komunikabideetan estutu langileen asanbladan aurreakordioa sinatzearen kontra egin genuen LAB eta gainontzeko sindikatuak, estutu ezazu enpresa baldintza egokiak izango dituen balizko akordio bat mahai gainean jar dezan, eta ez asanbladara eraman zuten bezalakoa, ez duena bermatzen lanpostuak amortizatuko ez direnik, atea zabaltzen diona lan-baldintzen azpikontratazio eta prekarizazioari, ez ditu baztertutako lehen aurreakordioa hobetuko luketen soldata igoerarik islatako eta ez duena langileen asanbladan planteatutako hobekuntza sozialik.

Gogora arazi nahi diogu Gil jaunari aurreakordioak ez dituela LAB, ELA eta ESKk soilik gaitzetsi, langileen asanblada bat izan da gehiengoz baztertu duena.

Gogora arazi behar diogu Gil jaunari langileek ez dituztela erabakiak hartzen inor izorratzeko eta bake soziala alde guztiei dagokien kontua dela, bera barne. Bake sozialik ezin da eman enpresak jarraitzen badu pentsatzen negoziazio kolektiboa kromo-truke hutsa dela. Ezin da bake sozialik egon gatazka egoera baten aurrean arduradun nagusiak paso egiten badu prekarioa izango ez den eta kalitatezkoa izango dan zerbitzu bat ziurtatu beharrean. Veolia 2008an iritsi zenetik gaur egun arte enplegua suntsitu da Bilbobusen eta horrek eragina dauka zerbitzuaren kalitatean. Hortaz, kalitateak axola badizu ezin duzu onartu kudeatzen duen enpresak bere irabaziak lehenestea kalitatezko zerbitzuaren aurretik, horrela baldin bada zu enpresa pribatu baten irabaziak lehenesten egongo baitzara herritarrentzako Bilbobusen kalitatezko zerbitzuaren aurretik.

LABen negoziaziorako prest gaude, beti egon izan gara. Hortaz, exiji iezaiozu ordaintzen duzuna gatazka konpontzera ezer dadila. Eta horretarako modu azkar eta eraginkorrena da zu zeu ere, zerbitzu honen arduradun nagusia, mahai horretan egotea. Azkenik, gogoraratzen diogu badagoela asanblada bat eskari batzuk egin zituena eta hauek akordioa islatzen ez badira, zaila izango da Bilbobuseko gatazka konpontzen. Zuk eta enpresak aipatu aldarrikapenok onartzen ez badituzue ez duzue bake sozialik nahi.
 

 

 

Babesa eta elkartasuna erakusten diogu Bartzelonako Kale Saltzaileen Herri Sindikatuari

0

LAB sindikatutik, beste behin, ere Bartzelonako kale saltzaileen aurka Mossos d’Esquadra eta Guardia Urbanak egindako polizia-operazioa salatu nahi dugu. Kaleko saltzaile diren kide hauen aurkako jazarpena ez da onargarria, eta argi esan nahi dugu langile migrante hauek gure langile klase berekoak direla..

LABetik, kide eta lagun ditugun Bartzelonako Kaleko Saltzaileen Herri Sindikatuari gure elkartasuna eta babesa helarazi nahi diegu. Izan ere, kaleko saltzaile hauek, aste honetan, beste behin ere segurtasunaren izenean, Catalunya plazan atxilotu zituzten, isuna jarri, eta saltzen zeudena dekomisatu zieten.

Atxiloketa hauen atzean, interes turistiko eta botere ekonomikoen aldetik, arrazakeria eta errealitate bat izkutatzeko beharra dago eta administrazioak interes horiei men eginez, polizia beraien zerbitzura jartzen du. Esan beharra dago gainera, poliziaren interbentzioak tratu txar eta gehiegikeriaz betetzen direla, inpunitate osoz gainera.

Jendartean gorrotoa eta kriminalizazioa sortzeko goitik behera orkestratua dagoen antzezlanaz ari gara. Komunikabideek iritzi publikoari gezurrak azaltzen dizkiete: kaleko saltzaileak indarkeria erabiltzen dutela, lapurrak direla, gaizkileak direla… eta handik gutxira poliziaren interbentzioak izaten dira.

Bizirauteko lanean ari diren langile migranteak dira. Kalean saltzen egon beharrean, eskubide osoz lan egin eta bizi nahiko lukete. Lan eta bizitza duina izateko eskubide osoa daukate. Zorionez, langile hauek badute ahotsa, antolatuta daude, eta bai Katalunian eta bertatik kanpo ere babesa dute. Beraien eskubideen alde egiten duten lana txalotzen eta babesten jarraituko dugula berresten dugu.

 

 

 

Babesa erakutsi diogu Maravillas gaztetxeari eta aldaketaren jatorrizko balioetara itzultzea exijitu dugu

0
Gazteen eta beren proiektuen aurkako errepresio eta bortizkeria poliziala kapitalismoaren aldeko bortizkeria politikoa da, elite ekonomikoen aldekoa, Erregimenaren aldekoa.

LAB sindikatuak honakoa adierazi nahi du Nafarroako Gobernuak agindu duen Iruñeko Maravillas gaztetxearen ezkutuko utzaraztearen inguruan (Alde Zaharra militarki okupatu duten Foruzaingoaren eta Espainiako Poliziaren bortizkeria eta errepresio bidez eginiko utzaraztea, gainera):

1. Gure erabateko babesa adierazi nahi diogu Maravillas gaztetxeari eta bere autogestio proiektuari. Era berean, gure elkartasuna adierazi nahi diogu gazteriari, bereziki polizien bortizkeria dela-eta zaurituriko pertsonei. Gainera, gure babesa eta elkartasuna adierazi nahi diegu Alde Zaharreko bizilagun eta merkatariei; ez da onartzen ahal auzo horrek jasan behar izan duen okupazio poliziala, beren bizitzak eta lan jarduerak modu normal batean izatea oztopatu diena. Hori guztia dela eta, LAB sindikatuak bat egiten du urtarrilaren 19rako Iruñean deituta dagoen manifestazioarekin.

2. Gazteen eta beren proiektuen aurkako errepresio eta bortizkeria poliziala kapitalismoaren aldeko bortizkeria politikoa da, elite ekonomikoen aldekoa, Erregimenaren aldekoa. Uxue Barkos buru duen Nafarroako Gobernuak hartu du erabaki politikoa gazteen eta Maravillas gaztetxearen mobilizazio soziala bortizkeria polizialaren bidez erreprimitzeko. Jokabide horrek mobilizatzeko eskubidea urratzen du eta aspaldi bateko garaietara eramaten gaitu. Horregatik eskatzen dugu berriz Maria Jose Beaumont Barne kontseilariaren berehalako dimisioa eta Uxue Barkos lehendakariari eskatzen diogu, gertaera tamalgarri hauen azken arduraduna baita, utz diezaiola bokatxa eta borra artean ezkutatzeari, Aldaketaren jatorrizko balioak errespeta ditzala eta Erregimenaren modus operandi-a bazter dezala.

Asteotan ikusi dugu nola Foruzaingoak bortizkeria erabili duen Azkoienen bizitza eta lan duinen alde borrokan diren grebalari eta sindikalisten kontra. Eta egunotan ikusi dugu nola Foruzaingoak mobilizazio soziala erreprimitzen duen eta nola erabiltzen duen bortizkeria gazteen eta bizilagunen kontra. Onartezina da. Eta onartezina delako Foruzaingoan ordezkaritza duten sindikatuak interpelatu nahi ditugu, beren lan baldintzen inguruan mobilizatu ziren modu berean orain ere planto egin dezaten eta egoera hau guztia salatu dezaten. Izan ere, deigarria bezain tamalgarria da ikustea nola beren eskubideen alde mobilizatzen direnek gero bortizkeria erabiltzen duten gauza huraxe bera egiten duten pertsonen kontra.

3. LAB sindikatuak salatu nahi du Geroa Bai alderdiak erabaki politiko bat hartu duela 2015ean UPN-PSNren Erregimena erakundeetatik atera zuen Aldaketaren norabidea errepresioaren bidez aldatzeko. Gu ez gaude, noski, norabide aldaketa horrekin ados eta ulertzen dugu Aldaketaren jatorrizko balioetara itzuli behar dela, bizitzaren demokratizazioa eta gizarte aldaketa helburu duten balioetara. Ildo horrretan, herritarrei dei egiten diegu kalera atera daitezen UPN-PSNren Erregimena kanporatzearen alde borrokatu, lan egin eta bozkatu zuten guztien ondare diren balioen defentsan.