2025-12-23
Blog Page 69

Beste lan heriotza bat Nafarroan

2025 hasiera honetan, patronalak eragindako prebentzio faltak beste langile baten heriotza eragin du, urteko zazpigarrena Euskal Herrian eta bosgarrena Nafarroan. 46 urteko Gruas Barragan enpresako langilea, errepide bazterrean matxura bat atenditzen ari zela, auto batek harrapatu du bertan hilaz. Lan istripua A15ean izan da, Martzilla inguruan.

Lehenik eta behin, LAB Sindikatuak bere doluminak eta elkartasuna adierazi nahi dizkie hildako langilearen senide, lagun eta gertukoei.

Ezagunak dira garabietako langileek errepide bazterrean lanean ari direnean pairatzen duten arrisku handia, hein handi batean ekidin daitekeena. Izan ere neurri prebentiboen artean erreien berbideratzea eta seinalizazio egokia dira garrantzitsuenak. Nafarroan trafikoa antolatzen duten kolore guztietako polizien ardura da hori, eurak dira, Nafar Gobernuaren agindupean, trafikoa antolatu behar dutenak bertaratuko diren garabilari eta bestelako langileei eremu segura eskaintzeko. Lan arriskuen aurrean koordinazioa da gakoetako bat, honetan Txibiteren gobernua arduragabekeria handiz jokatzen ari delarik.

Paradoxikoa da gaur bertan aurkeztu dela Nafarroako enplegu plana, non patronala, CCOO eta UGT-ren arteko diru banaketa hutsala agerikoa den. Horrelako kanpaina antzuak egin beharrean Nafarroako Gobernuak instituzio ezberdinen koordinazio egokia egingo balu bizitzak salbatuko lirateke, gaurkoa bezala.

Lan osasunaren galera Nafarroan nabarmena da, 2024ean 26 langile hil ziren istripuz, azken hamarkadako kopuru handiena, 24.000 lan istripu erregistratu ziren ofizialki. Datuek nabarmentzen dute istripuak ez direla kasualitatea, baizik eta neurri egokiak hartzen ez dituen patronal eta instituzioen ardura. Ardura hau beti langileriak ordaintzen dugu.

Intersindikala osatzen dugun LAB, ESK, STEILAS, EHNE Etxalde, HIRU eta CGT-LKN sindikatuok mobilizazioa antolatuko dugu datozen orduotan.

Zaintzaren antolamendu soziala eraldatzeko borrokan berretsi, eta pribatizazioaren erantzuleak interpelatuko ditugu martxoaren 6an

2023ko azaroaren 30ean lehen aldiz egin zen Euskal Herrian zaintza eskubide kolektiboaren aldeko Greba Feminista Orokorra; atzera-bueltarik gabeko urrats bat, Sistema zisheteropatriarkal kapitalista kolonial honetan zaintza krisiari aurre egin genion, eta zaintza sistema publiko komunitario baten alde borroka ziklo bat ireki genuen.

Borroka sindikal eta sozialaren bidez, zaintzen egungo antolamendu soziala eraldatzeko borrokan jarraitzen dugu: euskal zaintza sistema publiko eta komunitarioaren bidean, epe ertaineko erronka horretarantz urratsak ematen jarraitu ahal izateko aliantzak eta konpromisoak garatzen. Horregatik, martxoaren 6an, Greba Feminista Orokorrean egin genuen bezala, kaleak hartuko ditugu Bilbon eta Iruñean, eta patronala zein instituzioak interpelatuko ditugu.

BILBO – 11:00etan Eusko Jaurlaritzatik (Gran VĂ­a 85).

IRUĂ‘EA – 11:00etan CEN-etik (C. del Dr. Huarte de San Juan, 3).

Instituzioen arduragabekeria salatu nahi dugu, pribatizazioaren eta negozioaren ereduan sakontzen jarraitzeko egindako hautuagatik eta oraindik ere zaintzaren eremuan dauden egoera prekario eta kolapsatuen erantzule egiteko neurririk hartu ez izanagatik. Izan ere, administrazioa da pribatizazioak iraun dezan bermeak jartzen dituena, enpresa pribatuak zaintza langileen pribatizazioaren erantzule diren bezala.

Guztiontzako zaintza duina lortzeko borrokan, negozioa amaitzeko, sistema garatzeko eta pribatizatutako zaintza langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko borrokan berresten gara.

Aldarrikapen horiek eremu sindikalean negoziazio kolektibora eramateko ardura hartu genuen moduan, kaleetan eta agenda politikoan mantentzeko hautua ere egiten dugu. Bizitzak erdigunean jarriko dituen zaintza sistema publiko eta komunitarioa aldarrikatzeko, zaintza publikoaren alde, borrokan jarraituko dugu.

CAF – Rail Linen akordioa lortu du LABek

Borrokaren bideari ekin genion enpresa mailako lehen akordioa erdiesteko eta hainbat lanuzte eta mobilizazio burutu ditugu azken asteetan. Gaur arte ezinezkoa zena posible bilakatu da horrela.

Mahai negoziatzaileko azken bi bileratan enpresak jarrera aldatu eta edukia duten proposamenak ekarri ditu. Hala, hiru urterako akordioa dugu, langile batzarrean gehiengo zabalez onartu dena. Soldata igoerak KPIaren gainetik, urteko lanaldia 28 ordutan murriztea edo telelanerako aukeren hedapena dira lorpen nagusiak.

Langileon arteko elkartasun eta konpromisoaren bidez lortu da lehen aldiz enpresa lan baldintzak modu kolektiboan negoziatzera eserarazi eta eduki nabarmenak dituen akordioa erdiestea. Horregatik CAF – Rail Lineko langileak zoriondu nahi ditugu hemendik. Bide beretik iritsiko dira lorpenak aurrerantzean ere.

LABek EAEko Hezkuntza Sailari exijitzen dio CIDI enpresa behartu dezala eskola-garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzera esertzera

Joan den otsailean eratu zen Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren menpekoak diren eskola-garraioko laguntzaileen eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzeko mahaia eta ordutik, patronalaren jarrera negoziatu nahi ez izatea izan da. Hasiera batean, patronala lau enpresek osatzen zuten (Ercisa, Eulen, La Productora eta CIDI), eta horietatik CIDIk (Centro Internacional de Idiomas) bakarrik jarraitzen du, gainerako enpresek elkartea uztea erabaki zutelako inolako zerbitzurik kudeatzen ez zutelako.

CIDI da gaur egun EAEko ikastetxe publikoetan zuzeneko kontratuarekin eskola garraioaren eta patioaren zaintzaren zerbitzua kudeatzen duen enpresa bakarra, duela bi ikasturte baino gehiago Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak zerbitzurako lizitazio berriak argitaratu behar baitzituen.

2025eko otsailaren 11n, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak publiko egin zuen 100.000.000 euroko inbertsioa hurrengo lau urteetarako eskola-garraioko zerbitzurako, “azken urteetan garraiolarien sektoreak jasotako eskaerei erantzunez”. Eta egunero autobusean eta patioan ikasleak zaintzen eta artatzen dituzten langileenak? Argi dago Begoña Pedrosari gehiago axola zaizkiola garraio sektoreko enpresak langileak baino. Langile gehienak emakumeak* dira, lanaldi partzialekin eta kontratu prekarioekin.

CIDIk joan den abenduan jakinarazi zigun ez zuela parte hartuko hitzarmenaren negoziazio-mahaiko bilera gehiagotan, harik eta lizitazio berriak argitaratu eta adjudikatu arte, eta hala egin zuen urtarrilaren 29ko bileran eta ez zen bertaratu. Gaur, 2025eko otsailaren 18an, 12:00etan, hitzarmen kolektiboaren negoziazio mahaira deitua dago berriro, eta Lan Harremanen Kontseiluaren bidez bidalitako komunikatu baten ondoren, CIDIk parte ez hartzeko erabakiari eusten dio, horrela negoziazio kolektiboa urratuz.

LAB sindikatuak egoera honen berri eman dio Hezkuntza Sailari eta gaur-gaurkoz ez dugu erantzunik izan. EAEko eskola publikoetan eskola garraioa eta patioa zaintzeko zerbitzua, enpresa pribatu batek diru publikoarekin kudeatzen duen zerbitzu publikoa da, eta beraz, Begoña Pedrosa Hezkuntza Sailburuaren Saila bera da arduradun nagusia.

Hori esanda, LAB sindikatuak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari exijitzen dio CIDI enpresa behartzea EAEko eskola garraioko eta jolastokiko zaintzaileen hitzarmen kolektiboa negoziatzera esertzera. Negoziazioan blokeo egoera honek jarraitzen badu, LAB sindikatuak ekintza sindikala aktibatuko du.

Lanbide heziketako oposizioak Nafarroan, arazo iturri oposiziogileentzat eta epaimahaikideentzat

Hezkuntza etapa honek Nafarroan dituen hamaika arazoei beste bat batu zaie oraingoan, oposizioen harira. Batetik, indarrean dauden curriculumak aurreko Lanbide Heziketako Legean daude oinarrituta, eta bestetik, berriak ez dira oraindik NAOn argitaratu. Zeren gainean eraiki programazioa? Zertan oinarritu ebaluazioa?

LAB sindikatuak Lanbide Heziketako irakasleek egun, Bigarren Hezkuntzako irakasleen eta Lanbide Heziketako sektore berezietako irakasle espezialisten kidegoetarako 2025eko LEParen aurrean, bizi duten egoera salatu eta deitoratzen du.

Lanbide Heziketa Antolatzeko eta Integratzeko Lege Organiko berriaren ezarpenarekin, oposiziogileak batere babesik gabe sentitzen dira, programazioan zer aurkeztu ez dakitela. Kontua da Nafarroako Lanbide Heziketako Ikastetxe Integratuetan irizpide desberdinak erabiltzen direla legea aplikatzeko orduan, espezialitateen curriculumak ez dituztelako oraindik ere NAOn argitaratu. Hori dela eta, Nafarroan Lanbide Heziketa DUALA “probaldian” baino ez dagoela ematen du.

Aurkeztuko diren pertsonen kexa eta galdera askoren ondoren, otsailaren 11n izandako Mahai Sektorialean LHrako programazio didaktikoa egiteko baldintzak aldatu ziren. Ondorioz, kasu guztietarako araudi komuna erabili beharrean, etapa horretako LEPera aurkeztuko diren pertsonek curriculum zaharrean oinarritutako programazioak aurkeztu ahal izango dituzte 1. eta 2. mailetarako, baina hala nahi duenak NAOn argitaratu gabe dagoen curriculumean oinarrituta ere osa dezake 1. mailako programazioa. Egoera honetan daude, halaber, epaimahaietako kideak ere, oposizio-lehiaketara aurkezten diren irakasleen programazio didaktikoak ebaluatzeko errubrika desberdinak erabili beharko baitituzte.

Bestalde, bada atal bat non aipatzen den zein diren programazioan nahitaez adierazi beharrekoak. Bertan, besteak beste, honakoa zehaztea eskatzen du: “hezkuntza-mailari dagozkion gaitasunak eta zikloko gaitasun orokorra”. Aipatutako Mahai Sektorialean, LABek adierazi du 2023an indargabetu zela LHko hezkuntza-mailari dagozkien gaitasunak zehazten zituen Errege Dekretua, ordutik ez dugula araudi berririk ezagutzen Nafarroako Foru Komunitaterako eta oposiziogileek ez dakitela nola islatu puntu hori beren programazioetan. Erantzun modura, isiltasuna baino ez genuen jaso.

Gauzak horrela, Lanbide Heziketako irakasleek, bai oposiziora aurkeztuko direnek bai oposizioko epaimahaiak osatzen dituztenek, hutsune oso garrantzitsu bat dute. Noiz eta oposiziorako lau hilabete eskas baino falta ez direnean!

Urteak dira LAB sindikatua Nafarroako Lanbide Heziketan nagusi den zentzugabekeria salatzen ari dela. Aurten, esate baterako, ikasturte hasierako jarraibideak azaroan bidali zitzaizkien Lanbide Heziketako eskolei, kurtsoa hasi eta hiru hilabetera. Hori urte askotan gertatu izan da, baina aurtengoa are larriagoa izan da, Lanbide Heziketa DUALA ezarri berria baita.

Horrek guztiak neurrigabeko ezinegona sortzen du irakasleengan, eta baita hamaika arazo ere ikasturteari ekiteko. Horren adibide dira, besteak beste, behin baino gehiagotan irakurri eta entzun ditugun Virgen del Caminoko, Nekazaritza eta Basogintzako Zentro Profesionaleko edo Elizondoko Lanbide eskolako irakasleek egin dituzten kexak, zeinak askotan hedabideetara ere iritsi diren.

Egoera tamalgarri hori ikusita, beraz, LAB sindikatuak erreklamazio andana iragarri du 2025eko Lanbide Heziketako oposizioetan.

Sanmarkoseneko langileek enpresarekin akordioa lortu dute!

Sanmarkosene nagusien egoitza kudeatzen duen Gureak enpresak, langileen lan baldintzak okertu eta prekarizatuko zituen prozesu batean murgiltzea derrigortu zituen langileak. Enpresaren proposamenak, besteak beste, jardunaldi partzialen kontratuak gehiago murriztea, langileak kaleratzea, egutegiak moldatzea 9 lan egun jarraian egiteraino eta enpresa hitzarmena ez aplikatzea planteatzen zuen.

Egoera honen aurrean, langileek mobilizatzea erabaki zuten eta 81 greba egun eta mobilizazio ugari egin ondoren enpresarekin akordioa lortu dute.

Akordioan, kontratu partzialen jardunaldia handitzea (%60tik %81era igoko dira), langilerik ez kaleratzea eta enpresa hitzarmena aplikatzea lortu da, baina nagusien egoitzetan dagoen beste aldarrikapen nagusi bat ere jaso da akordioan, ratioak hobetzea, hau da, zerbitzua emateko langile kopurua igotzea. Honek egoiliarrek jasoko duten arreta egokiagoa izatea ekarriko du.

Langileek egin dituzten mobilizazio guztiei esker eta herriak (pentsionistak, mugimendu feminista, senideak…) eman duen babesagatik lortutako akordioa dela argi dugu, beti ere, borrokak merezi duelako.

“Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu!” izango da aurtengo martxoaren 3ko arratsaldeko manifestazioaren leloa

Gaur aurkeztu ditugu Gasteizen LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuok eta Martxoak 3 Elkarteak aurtengo ekimenak. Aurreko urteetan bezala, mobilizazioa omenaldiarekin hasiko da. Omenaldia 18:00etan egingo da, Martxoaren 3ko monolitoaren ondoan, eta 18:30ean manifestazioa hasiko da. Beti bezala, norberaren aldarrikapenak dituzten pankartekin doazen kolektiboek makilekin joan behar dute, amaieran, blokerik ez egiteko.

Agerraldiko irakurketa

Martxoaren 3a gure egutegian gorriz markatutako data bat da: mobilizazio egun bat, Gasteizko herriak urtez urte 1976an poliziak egindako sarraskia salatzeko erabiltzen duen eguna, hain zuzen ere. Arabako hiriburuan hildako bost langileak eta Basaurin eta Tarragonan poliziaren errepresioaren biktima izan ziren bi gazte solidarioak oroitzeko eta omentzeko eguna. Horiekin batera, Estatu frankistak odoletan itotako greba-prozesu haren protagonista izan zen langile-klase osoaren oroimena ohoratzen dugu.

Egun haietako oroimenak bizirik dirau; sarraskiaren lehen urteurren gogorretatik, erakunde sindikal batzuen ahaleginetik eta nola ez, Gasteizko mugimendu sindikal, sozial eta herrikoi borrokalaria batzen duen langile-klasearengatik. Oroimenean, salaketan zein mobilizazio-jardunetan ahalegin nekaezinari esker hemen gaude.

Martxoak 3 elkartea – Martxoak 3ko Biktimen Elkartea 1999tik ari da Espainiako zigorgabetasun-ereduaren aurka lan egiten. Egia, Justizia, Erreparazioa eta Ez Errepikatzeko bermeak eskatzen. Borroka horretan, LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuek eta elkarteak elkarrekin deitutako mobilizazioak berebiziko garrantzia du.

Martxoaren 3a ere borroka eraldatzaile guztiak berresteko eguna da, hemen eta orain, orduan bezala, justizia soziala eta pertsona guztientzako eskubide guztiak aldarrikatzen baitituzte.

Horregatik, iazko manifestazioaren ondoren zabaldutako “Por un 3 de marzo popular y sin represiĂłn” komunikatuari jarraipena emanez, deialdia egin dugun erakundeok honako hau zabaldu nahi dugu:

Urtero bezala, deialdia egin dugun erakundeok (LAB, ELA, ESK eta STEILAS sindikatuak eta M3 elkartea) M3 herrikoi bat aldarrikatzen dugu: adin guztietako eta sozialki plurala den pertsonen parte-hartze masiboarekin eta urtez urte memoria kolektibo aktiboaren ariketa honekin bat egiten duten kideekin. Honakoa askotariko pertsonak eta kolektiboak batzen dituen mobilizazioa da: gazteak, pentsiodunak, feministak, pertsona arrazializatuak, pertsona migratuak, LGTBI+ kolektiboko kideak, besteak beste. Hortaz, gure langileen eta gure gizartearen aniztasuna islatzen duen espazio inklusiboa eta herrikoia da.

Aurten arreta berezia jarriko dugu parte-hartze hori askatasunez gauzatu dadin. Hori dela eta. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailari eskatzen diogu askatasunean manifestatzeko eskubidea berma dezala, iazkoak bezalako gertakari errepresiboak errepika ez daitezen.

Aldi berean, mobilizaziorako deia egiten dugun erakundeok erantzukizun kolektiboa eskatzen diegu mobilizazioan parte hartzen duten pertsona guztiei, hasieratik amaierara mobilizazio masiboa ahalbidetuko duen espazio libre eta segurua eraikitzeko. Horretarako, zaintza eta elkarrekiko babesa lehenetsiko duten mekanismoak ezarriko ditugu. Martxoaren 3ko memoriak borrokarako eta aldarrikapenerako gune bat merezi du, non mobilizazio masiboa funtsezkoa izango den; horregatik, deialdi hori lantokietan eta, oro har, gizartean zabalduko dugu.

Funtsezkoa iruditzen zaigu testuinguruan kokatzea eta gogoratzea zergatik ateratzen garen kalera martxoaren 3an, eta zergatik ateratzen garen 49 urte geroago. 1976ko martxoaren 3an, Gasteizko langileek esplotazio eta errepresio sistema frankistaren aurka borrokatu zuten, soldata eta lan- eta bizi-baldintza duinen alde. Gaur egun, borroka horrek indarrean jarraitzen du esplotazio kapitalistaren, faxismoaren eta autoritarismoaren aurrean, planetaren suntsipena, arrazakeria, heteropatriarkatua eta lan- eta gizarte-eskubideen murrizketa dakartenak. Justizia sozialaren alde bizitza eman zutenen oroimena ohoratzeko modurik onena gu antolatzen eta borrokatzen jarraitzea da, klase kontzientziaz eta elkartasunez, eta alternatibak planteatzen.

Horregatik, aurtengo leloa: FAXISMOAREN AURREAN ANTOLATU ESKUBIDE SOZIALAK BORROKATU!! izango da.

Ildo horretan, aurten gutxieneko soldata duina erabakitzeko dinamika nabarmendu nahi dugu, prekarizatuenak diren sektoreei mesede egingo diena, baina baita gizarte osoari ere. Gutxieneko pentsio duinak izateko dinamikak ere nabarmentzen ditugu, baita zainketen edo osasunaren, hezkuntzaren eta, oro har, zerbitzu publikoen defentsaren esparruan garatzen diren borrokak ere. Alternatiba zehatzak dira langile-klase gisa antolatuz eta borrokatuz aurrera eginarazten digutenak, gizarte eta lan-eskubideak bereganatuz.

Duela 49 urteko memoria hori ohoratzeko, pertsona guztientzako bizi-baldintza duinen aldeko borroken lekukoa hartzen dugu. Eta M3aren esanahia berreskuratuz, aurten manifestazioak Katedral Berrian amaituko den ibilbidea izango du, 1976ko hileta jendetsua gogoratuz, Gasteiz osoko memoria kolektiboan grabatuta geratu dena.

LABek mobilizazioak egin ditu zazpi ospitaletan Osakidetzako kontratazio-zerrendak eguneratzea eskatzeko

Sindikatuak mobilizazioak egin ditu Galdakao, Urduliz, Gurutzeta, Basurto, Donostia, Txagorritxu eta Santiagoko ospitaleetan salatzeko Osakidetzako zuzendaritzak urtebete baino gehiago daramala aldi baterako kontratazio-zerrendak eguneratu gabe, egungo kontratazio-protokoloa bete gabe.

LABek adierazi du ez dituztela izena eman duten pertsona berriak zerrendan sartzen, ez dituztela zerrendak eguneratu 2018-2019ko EPEko notekin eta langileek aukeratutako ESIren bat aldatzea eskatzen dutenean, aldaketa ez dela islatzen.

Hori guztia lanerako eskubidea urratzea da, batez ere behin-behineko langileei eta oro har, Ente Publikoan enplegua lortu nahi duten herritar guztiei. Osakidetzako zuzendaritza kontratazio-akordioa urratzen ari da, nahiko berria dena eta azken hamarkadan lortutako bakarrenetakoa. Ondorioz, LAB sindikatutik egiten dugun irakurketa da Osakidetzako akordioek ez dutela ezer bermatzen.

Kontratazioen egoera kontrolatzeko gaitutako aplikazioak berriz, zerrenden kudeaketari gutxieneko gardentasuna emateko tresna denak, gaizki funtzionatu duen aldi luzeak izan ditu. Horrek erabateko babesgabetasun-egoeran jarri ditu kontratazio-zerrendetako kide guztiak.

LABen ustez, lankidetza publiko-pribatu eredua da honen erantzulea, EAJ behin eta brriz gaitz guztien irtenbide gisa saldu nahi digun eredua alegia.

Guztiok dakigu Osakidetzak prozesu horietarako erabiltzen dituen aplikazio informatiko gehienak kanpoko enpresek diseinatzen dituztela. Enpresa horiek, diru publiko asko poltsikoratzen dute, eta kasu askotan ez dute betetzen eskatzen zaien gutxieneko eraginkortasuna ere.

ENVISER-eko langileen mobilizazioak Gasteizko Udaleko lorezainentzako hitzarmen propioaren alde

ENVISER-eko langileek mobilizazio-dinamika bati hasiera eman zioten atzo, Gasteizko Udalaren azpikontratako lorezainentzat hitzarmen propioa aldarrikatzeko.

Salatzen dute Lorezaintzako Estatu Hitzarmena aplikatzen dietela, euren esanetan “eduki oso eskasak dituena eta hemen bizi garen pertsonen beharrak kontuan hartzen ez dituena”.

Hitzarmenez hitzarmen ikusten dute nola ematen diren atzerapausoak sektoreko lan-baldintzetan eta nola galtzen duten erosteko ahalmena.

Uste dute beharrezkoa dela euren lan-baldintzak negoziatzeko gaitasuna izatea.

Ez dute mugate nahi hemendik ehunka kilometrotara negoziatzen denaren ikusle huts izatera; euren lan baldintzak negoziatzeko orduan protagonista izan nahi dute eta hala izan behar direla uste dute. Euren lan-baldintzak negoziatu nahi dituzte.

Hala ere, Enpresa Batzordeak negoziazio bat abiatzeko behin eta berriz egindako eskaeren aurrean, enpresak ez du ezer jakin nahi izan.

Gasteizko Udala ere horrelako egoeren erantzulea da. Nola kobratu dezakete udaleko langileek ENVISER-ekoek baino 10.000 € gehiago lan bera egiteagatik? Egoeraren jakitun izanda, nola onartu ditzake udalak desberdintasun hauek?

ENVISER-eko langileek euren lan-baldintzak arautuko dituen hitzarmen propio baten alde borrokatzeko erabaki irmoa hartu dute. Eta enpresak eta bezeroak ez badiete euren eskaerei erantzuten, hurrengo asteetan protesta gogortu egingo dutela adierazi dute.