2026-07-23
Blog Page 687

Elkartasuna eta babesa eskaini nahi diogu USTEC Kataluniako sindikatuko Ramon Font-i, gaur Madrilgo Auzitegi Gorenean egin beharreko deklarazioa dela eta

0

LAB sindikatuak elkartasuna eta babesa erakutsi nahi dio, gaur Madrilgo Auzitegi Gorenean lekuko bezala deklaratzera deitu duten Kataluniako USTEC sindikatuko kide eta “Escoles Obertes” plataformako bozeramaile den Ramon Font-i. Horrela, Maider Izagirre irakaskuntzako arduraduna eta Koldo Saenz nazioarteko arduradunak buru izan dituen LABen ordezkaritza bat Madrilen dago gaur, epaiketan jarraitzen.

Ramon Font-i gure elkartasuna adierazteaz gain, Madrilen Kataluniako independentismoaren eta herrien erabakitzeko eskubidearen kontra egiten ari diren epaiketa gaitzetsi eta epaituak izaten ari direnei gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Epaiketa honetan bere etorkizuna modu demokratikoan erabaki nahi duen Kataluniako herriaren gehiengo bat epaitzeaz gain, herrien autodeterminazio eskubidea bera epaitzen ari dira, eta hori onartezina dela deritzogu. Orain Kataluniako herria da estatuaren errepresio bortitza pairatzen ari dena, iraganean Euskal Herrian hainbatetan pairatu genuen bezala, beste behin Estatu espainarraren izaera anti-demokratikoa agerian utziz.

Behin baino gehiagotan adierazi dugu, edozein herriren garapenerako, hezkuntza funtsezko zutabea dela eta hori argi geratu da Katalunian emandako prozesuan eta independentziaren adierazpenean, Espainiako estatuak Kataluniako “Escola” jomugan jarri izan baitu.

Hezkuntzak pertsona kritikoak eta askeak garatu behar ditu, eta bereziki, zapaldutako herrien hizkuntza eta kultura bermatu beharko lituzke, alderdi hauek, herrien biziraupenarekin erabat lotuta baitaude.

Bestetik, lerro hauen bidez gure indar eta babes guztia bidali nahi diegu Kataluniako hezkuntza komunitatea osatzen duten kideei, bereziki langileei, datorren maiatzaren 16an lan baldintzak hobetzeko asmoz, deitu duten greba deialdia dela eta.

Euskal Herrian ere, azken urteetan, lan zentroak hustu eta kalera irten gara lan baldintzak hobetu eta herri honek behar duen benetako hezkuntza publikoa aldarrikatzera. Hezkuntza, jendartearen eraikuntzarako bidean, eraldaketarako tresna bezala ulertzen baitugu eta horretan dihardugu egunero.

Borrokaren balioa azpimarratu nahiko genuke, gobernuaren jarrera mugiezina pitzatzeko balio duelako. Etorkizuneko hezkuntza sistema, langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz

Gure elkartasuna adierazteaz gain, aurrera jarraitzeko indarra bidaltzen dizuegu. Lanean jarraituko dugu, burujabetza bidean, herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei erantzuteko, egun Euskal Herriak eta Kataluniak bizi dugun menpekotasuna gainditzeko.

Belaunaldi askeak, langile askeak, herri libreetan!
 

 

 

Ugaoko Domiberia SLUko langileek mobilizazioak hasi dituzte lan hitzarmenaren negoziaketaren blokeoaren aurrean

0
Enpresak 120 langile inguru ditu eta komitea, LABeko 5 delegatuk, USOko 2k eta UGTeko delegatu batek osatzen dute. 

Maiatzaren 9an langileak asanbladan batu ziren. Bertan, komiteak azkeneko 5 hilabeteetako negoziaketaren laburpen eta zehaztapenak eman zituen. Hilabete horietan, enpresak ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Langileei, aurreko urteetako balantze ekonomikoak erakutsi zitzaizkien, enpresak etekin ekonomiko garrantsitsuak izan dituela eta akzionisten artean miloiak banatu dituela azalduz.

Honen aurrean, Ugaoko Domiberia SLUko komitea osatzen dugun LABek, USOk, eta UGTek hurrengoa salatu nahi dugu:

1. Enpresak azken urteotan mozkin ikaragarriak izan ditu eta bazkideen artean miloiak banatu ditu.

2. Gaur egun, oraindik enpresak ez dizkio komiteari 2018ko datu ekonomikoak aurkeztu.

3. Enpresak ezetz esan dio beste lantokietan dituzten lan baldintzak Ugaoko plantako hitzarmenean sartzeari.

4. Enpresak langileen lan baldintzak okertu nahi dituela hurrengoko gaietan; soldata-igoera salariala, bajak, lanaldia, absentismoan, aparteko pagak…

Horregatik guztiagatik, Ugaoko enpresa-batzordeak, langileen babesa jaso eta batasuna ikusi ondoren, hitzarmenean hobekuntzak jasotzeko mobilizazioekin hastea erabaki du.
 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek grebari ekin diote

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileek astebeteko grebari eman diote hasiera, enpleguaren eta kalitatezko zerbitzuaren alde. Maiatzaren 17a arte egon dira greban, eta egunero Prekarietatearen Aurkako Martxa egingo dute. Gaur Bilboko Udaletik abiatu dute protesta, Zorrozan bukatzeko. Bihar, Zorrozako parketik abiatuko dira, Barakaldorantz, 10:30ean irtenda.
 

 

 

Bilboko Udalaren 010 zerbitzuko langileek aurreikusitako lau greba egunetatik lehena egin dute gaur

LAB eta ELA sindikatuok greba egunak deitu ditugu maiatzaren 13, 14, 20 eta 21erako, Bilboko Udalaren 010 zerbitzuan. Greba egun horietatik lehena izan da gaur, eta Bilboko plaza Zirkularrean elkarretaratzea egin dugte. Langileek eskatzen dute opor egunak hartzeko antolakuntzan hobekuntzak izatea, soldata igoerak eta zerbitzua eskaintzeko langile bat gehiago lortzea. Enpresak ez du negoziatzeko asmorik erakutsi, eta hori salatu dute gaurkoan.
 

 

 

Osakidetzako EPEaren prozesu penalean herri akusazio gisa aurkeztu gara gaur

0

Gasteizko Instrukzioko 2. Epaitegian, Osakidetzako EPEaren prozesu penalean Akusazio Herrikoi gisa aritzeko eskaera aurkeztu du LABek gaur goizean. Urrats berri honek baieztatzen du LABek orain arte oso larriak diren gertakizunak argitzeko adierazi dugun borondate eta prestutasuna. Aipatu gertakizunok milaka pertsonen eskubideak urratzen dituzte eta zalantzan uzten dituzte euskal administraziorako sarbidearen oinarrizko printzipioak.

Osakidetzako Mediku Espezialisten kategorietan filtrazioen lehenengo susmoak izan genituenetik, orain dela urtebete, egindako salaketa publikoen motorra izan da LAB. Izan ere, ikerketa lan sakona eraman dugu aurrera harrezkeroztik, mota guztietako informazio eta frogak eskuratuz eta fiskaltzaren esku utziz.

LABek erantzukizun guztiak, politikoak zein penalak, argitu behar direla exijitzen jarraitzen du. Justizia egin dadin borrokatuko dugu, euskal osasun sistema publikotik zein gainontzeko administrazio publikoetatik praktika ustel horiek desagerrarazteko. Zentzu honetan, egon gara, bagaude eta egongo gara arlo judizialarekin elkarlanean aritzekoc prest, beharrezko den guztietan.

Kasuaren epailearen erabakiaren zain, uste dugu LABek prozesu honetan Herri Akusazio bezala aritzeko eskubide eta zilegitasun osoa daukala. Akusazio horretatik gertatu dena argitzeko ahalegin guztiak egingo ditugu, Osakidetzako EPE prozesuetan parte hartzen duten milaka langile eta pertsonen eskubideak defendatzeko eta gure osasun sistema ahultzen duten praktika ustel horiek guztiak betiko desagerrarazteko. Epaiketa honetan helburu argiarekin arituko gara lanean: Osakidetarako sarbide sistema justu, demokratiko, gardena eta ustela ez dena ezartzeko inflexio-puntua izatea, zeina berdintasun, meritu eta ahalmenaren printzipioetan oinarritzen dena benetan.
 

 

 

Feminismoa, ekosozialismoa, demokratizazioa eta nazio garapena eta kohesioa izango ditugu oinarri eredu sozioekonomiko berria birpentsatzeko orduan

0

Sindikalismoaren inguruko gogoeta sakona egiten jarraitzen dugu. Langileen eskubideen eta bizi baldintzen defentsa oinarri izanik, eta iparra Euskal Herria askearen xedean ezarrita, gure burua eraberritzen ari gara. Testuinguru ekonomiko, sozial eta politikoa etengabeko aldaketan dago eta egoera horietan sindikalismoak eraginkor izan behar du aipatu helburuen alde. Gogoeta hori “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen” prozesuaren barnean egiten hasi ginen duela urte batzuk. Hainbat aldaketa egin ditugu gure ekintza sozio-sindikalean eta antolatzeko moduan, 2017ko Biltzar Nagusian finkatu zirenak. Orain, prozesu horrek bigarren urrats bat egingo du. Sindikalismoak gure herrian eredu sozio-ekonomiko berriaren alde jokatu behar duen papera eta egin behar dituen proposamenak eztabaidatu nahi ditugu. Hala, maiatzaren 16an emango diogu prozesu horri hasiera, Ordizian egingo dugun barne mailako mintegi batekin. 

Igor Arroyo idazkari nagusi ondokoak eta Prestakuntza idazkari Jagoba Zuluetak agerraldi bat egin dute, “Sindikalismoa [Bir]Pentsatzen. Gure garaia: Euskal Herria eraldatzeko proposamenak” prozesuaren nondik norakoak eta gako politiko nagusiak azaltzeko.

Duela urte batzuk sindikalismoaren papera izan genuen gogoetaren ardatz. Orain, eredu sozio-ekonomikoari begiratu nahi diogu. Izan ere, eredu sozio-ekonomiko berri baten premia dago, ez baita sostengarria, eta, bide hori marrazten, sindikalismoak aktibo bat izan behar duela iritzi dugu.

Igor Arroyok azaldu bezala, LABek lau iturri hauetatik edango du eredu-sozioekonomikoa birpentsatzeko: feminismotik, bizitza erdigunean jarriz eta lan guztien banaketa oinarri; ekosozialismotik, gutxiago kontsumitu eta gutxiago kutsatu printzipioak ardatz; demokratizaziotik, langileen erabakitzeko ahalmena bermatzeko; eta nazio garapena eta kohesiotik, Euskal Herriak etorkizuna izan dezan herri gisa.

LABeko idazkari nagusi ondokoak nabarmendu du, nahi dugun eredua irudikatzeaz gain, trantsizioa antolatzea ere dagokigula; hots, herri gisa ariketa egin eta proposamenak plazaratu, kontrabotere eraldatzailea den sindikatu bat garen heinean. Eta lan horretan hasiko gara ostegunean, Ordizian egingo dugun mintegiarekin.

 

 

 

Lanuzte partzialak eta greba Bizkaiko kirol-lokal eta zelaien sektorean

0

Negoziaketa mahaia osatzen dugun sindikatuok, LAB, UGT eta CCOOek; Kiroldegi eta kirol zelaietako langileok dugun nekeak topea jo duela adierazi nahi dizuegu. Kiroldegi zein kirol klub pribatuetan, kasu gehienetan zerbitzu publikoa eskaintzen duten sektore bateko prekarietate baldintzak ez dira berriak; eta hori da berriz kondenatuko gaituen hitzarmen bat ez sinatzearen arrazoia.

16 hilabeteren ostean, patronal eta sindikatuen arteko planteamenduen distantzia oraindik handia da. Horregatik, langileok mahaian kolpe bat eman eta mobilizazio egutegi bat ezartzeko beharrean ikusten gara. Mobilizazioei hasiera igande honetan emango diegu, San Mames inguruan, Athletic-Celta partidaren aurreko orduetan, non kirolaren sektorea kalean gure eskubideen defentsan gaudela erakutsiko dugun.

Urteko lanaldia murriztea, soldaten doitzea, kontratatutako lanaldiak handitzea eta enpleguan egonkortasuna ekarriko duten mekanismoak bilatzea dira mobilizazioen hasierara bultzatzen gaituzten ezberdintasun handienak. Mobilizazio hauek paro partzialak barnebiltzen dituzte maiatzaren 20 eta 21ean, eta greba eguna maiatzaren 23an.
 

 

 

Grebara deitu dugu Bilboko Udalaren 010 zerbitzuan

LAB eta ELA sindikatuok greba egunak deitu ditugu maiatzaren 13, 14, 20 eta 21erako.

Hauxe da langileek igorritako oharra:

Bilboko Udalaren 010 zerbitzua eskaintzen duten langileak grebara doaz euren lan baldintzak hobetzeko exijitzeko. Zerbitzu publikoa kudeatzeko ardura duen enpresa Lanalden S.A. da.

Langileek eskatzen dute opor egunak hartzeko antolakuntzan hobekuntzak izatea, soldata igoerak eta zerbitzua eskaintzeko langile bat gehiago lortzea. Horretarako greba egunak deituta dituzte maiatzaren 13, 14, 20 eta 21erako.

Enpresak ez du negoziaziorako asmorik erakutsi. Hasiera batean negoziazio bilerak izateari uko egin zion, baina lehen greba deia egindakoan bilera bat izatea onartu zuten. Bertan jakinarazi zuten euren irabazi ekonomikoek ez dutela ahalbidetzen baldintzak hobetzea, eta, beraz, negoziatzeko aukerarik ez dagoela esan zuten.

Eurek luzatutako dokumentuak aztertuta, eta Udalak enpresari ordaintzen diona kontrastatuta, baina, argi ikusten dugu langileen eskaerak aintzat hartzeko gaitasuna badutela.

Udalak, bere aldetik, zerbitzuaren ardura duen sailaren bidez, langile eta sindikatuko ordezkariekin batzeari bizkar eman dio. Eta azpimarratu du gatazka hau ez dela Udalaren gatazka, enpresa eta langileena baizik.

Arduragabekeria deritzogu 010 zerbitzuan gertatzen ari denari irtenbiderik bilatu nahi ez izatea. Izan ere, Udalak pliegoen esleipena egitean prezioa igotzea onartu arren, gerora diru publikoaren erabileraren kontrolik ez baita egiten. Kontua da, esleipenaren prezioa hazi arren, langileengan ez duela eragiten eta zerbitzua hobetzeko langile gehiago ez delako kontratatzen.

Bilboko herritarrei jakinarazten diegu greba egunetan, eta goian aipatutako arrazoiak medio, ez dugula zerbitzurik eskainiko eta sortutako eragozpenengatik barkamena eskatzen dugu. Arazo honen erantzulea, baina, Bilboko Udala eta Lanalden direla argi daukagu.

 

 

 

Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko lan baldintzen defentsan mobilizatu gara

Gipuzkoako Foru Aldundiaren aurrean mobilizatu gara, herrialdeko Esku-hartze Sozialeko lan baldintzekin kezkatuta. Hala, Jendartelana plataformarekin eta CCOO sindikatuarekin batera, patronalari exijitu diogu mahai negoziatzailea berriz elkartzea, gaur egungo lan baldintzak hobetzeko asmoz.

Hauxe da mobilizazioaren harira LABek, Jendartelanak eta CCOO sindikatuak egindako oharra:

Kalera atera gara Gipuzkoako Esku-hartze Sozialeko lan baldintzek kezkatzen gaituztelako. 2011. urtean lehenengo hitzarmena sinatu zen, 2016. urtean bigarrena, eta inork ez zuen espero, 2019. urtean, orain arte eskuratutako lan baldintzak ukatuko zituen proposamenarekin topo egitea.

Hemen Hedatzen patronalak proposatutakoren laburpena:

-Aisialdi hezigarriaren eta animazio soziokulturalaren bazterketa
-Probaldia epea luzatu, 3 hilabetetik 6 hilabetera.
-Haurdunaldian eta edoskitzaroan, arriskuaren berariazko balorazioa egiteko derrigorrezkotasuna ezabatu
-Soldatak: 2019. urterako %0a, eta gainerako urteetan 2018ko KPIren %33ko igoerak + aurreko urteko KPIa + %0,5a antzinatasuna finkatzeko (ondoren azaltzen da). Gehiengo igoera %2,5ekoa.
-Antzinatasuna: hura ezabatzea proposatzen dute, 2018. urtera arte sortua osagarri pertsonal batera joango litzateke, eta hitzarmen honetatik aurrera, antzinatasuna finkatzeko %0,5 hori langile guztiei gehituko litzaieke.
-Plusak eta arduraren gaineko osagarria: soldatak beste handituko dira, %2ko gehiengo batez.
-Ezintasun iragankorra (bajak): %80an, lantokian gertatu bajak %15a gainditzen badute.
-Subrogazioa: egun, subrogagarria izateko, 4 hilabeteko antzinatasuna bete behar da enpresan. 6 hilabetetara luzatu nahi dute.
-Diziplina erregimena. Langileen Estatutuan ezarria okertzen dute, gure sindikatuetan inoiz ikusi ez den proposamen batez.
-Arduraldi bereziko, pleguko, gaueko laneko eta Arreta Teknikoaren Zerbitzuaren lan batzordeak ezabatu.

Patronalari exijitzen diogu mahai negoziatzailea berriz elkartzea, gaur egungo lan baldintzak hobetzeko asmoz, inoiz atzera pausorik emateko, gure lanaren errekonozimendua gizarte zerbitzu hobeagoak dakartzatelako.

Eta administrazio publikoei, Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Udaletxeei, gizarte zerbitzuak publikoak direla, denonak, eta ezin dutela enpresa eta entitateen baitan utzi.