2026-04-27
Blog Page 684

Sindikalismo feminista indartzen jarraituko dugu eredu berri bat eraikitzeko

0

Garbiñe Aranburu idazkari nagusiak eta Arantxa Vazquez batzorde-exekutiboko kideak martxoaren 8ko greba feministak emakume langileen borrokei ekarri dienaren balorazioa egin dute. Hain zuzen ere, sindikatua indarberrituta dagoela nabarmendu dute, emakumeok bizi dugun diskriminazio egoerei aurre egin eta lantokietan ekintza sindikal feminista garatzen jarraitzeko. Hala, egoera aldatzeko proposamen eta aldarrikapenen berri eman dute: "Emakumeok pairatzen dugun diskriminazio egoera ororekin amaitzeko baditugu proposamenak, eta, garrantzitsuena dena badugu indarra, aurtengo martxoaren 8an erakutsi moduan".

Garbiñe Aranbururen hitzetan, emakumeok bizi dugun diskriminazio egoerei aurre egin eta LABek bere eredu sindikal feminista garatzen jarraitzeko baldintza berriak sortu ditu martxoaren 8ak. Hala, adierazi du indarberrituta gaudela lantokietan prekarietateari aurre egin eta borroka sindikalak pizten jarraitzeko. "Aurreko urteko plantoaren emaitza izan dira, azken urtean, eta, batez ere, sektore feminizatuetan irekitako borrokak, eta borrokaren emaitza izan diren akordio duinak. Aurtengo grebak ere lagunduko du·, adierazi du. 

Bestalde, LABeko idazkari nagusiaren arabera, lantoki guztiek eduki beharko lukete Aukera Berdintasun Plana, "ez gaur egun ezagutzen ditugun edukirik gabeko plan hutsalak, baizik plan errealak eta eraginkorrak, diagnostiko batean oinarrituta eta sindikatuekin negoziatuta. Planak ezin dira erabili enpresen irudiak zuritzeko, baizik eta emakumeenganako diskriminazioekin bukatzeko".

Instituzioei politika publikoen norabidea aldatzea eskatzeko ere indarberrituta gaudela azpimarratu du Garbiñe Aranburuk: "Instituzio publikoei eta alderdi politikoei neurri zehatzak eskatzen dizkiegu, diskriminazioarekin bukatzeko neurriak martxan jar ditzaten lehenbailehen, hau da, politika feministak martxan jar ditzaten".

Aldarrikapen feministak agenda politikoaren erdigunean kokatu direla berretsi du, baina mugimendu feministaren diskurtso bereganatzea edota greba eta mobilizazioekin bat egitea ez dela nahikoa argi utzi du: "Aurpegi zuriketarik ez dugu onartuko".

Lan eta bizi baldintza duinak aldarrikatzen ditugu guztiontzat. Emakumeok prekarietatea modu berezituan jasaten dugunez, sindikatuaren aldarrikapen eta borrokak zerrendatu ditu:

Soldata duina: 1.200 euroko gutxieneko soldata guztiontzat, bereziki emakumeen egoera hobetuko duena.

Lan guztien aitortza politiko, ekonomiko eta soziala. Lan horien berrantolaketa eta lan banaketa-lanaldi murrizketa.

Diskriminazio egoerekin amaitzeko neurriak:

-Berdintasuna kontratazioan
-Soldata arrakalarik ez
-Lanaldi partzial inposaturik ez; emakumeei autonomia ekonomikoa ziurtatuko dien gutxieneko lanaldiak.
-Kontziliazio eta korrespontsabilitate neurri eraginkorrak. Gaur egun dagoen eredua aldatu behar da.

Lan osasuna:

-Sexu jazarpena eta jazarpen sexista ekiditeko protokoloak enpresa guztietan.
-Emakumeok pairatzen ditugun gaixotasun profesional espezifikoak aztertu eta neurriak jarri horiekin bukatzeko.

Negoziazio kolektiborako marko propioa, estatalizaziorik ez. Bertako sektoreko hitzarmenen garrantzia, bereziki sektore feminizatuen kasuan.

Zerbitzu publikoen pribatizazio eta merkantilizazioarekin amaitu.

Zaintzarako euskal sistema sortu.

-Egungo ereduak prekarietatea eta soldata arrakala handiagoak sortzen ditu.
-Eta emakumeak berriro ere zaintza lanetara kondenatzen gaitu. Aipamen berezia merezi du etxeko langileen egoerak, etxez etxeko laguntzak edota hirugarren adineko egoitzetan lan egiten duten emakumeen egoerak.
-Etxeko langileekin ere aliantzak sustatu nahi ditugu, gure ustez etxeko langile “interna” figura desagertu egin behar delako.

Ekimen ugari
Arantxa Vazquezek, bere aldetik, greba feministaren balorazioa egin du: "Indarrean dagoen sistema kapitalista eta heteropatriarkala zalantzan jartzea lortu dugu guztion artean, eta eredu berri baten alde dagoen gehiengoa garela argi gelditu da. Bizitza erdigunean jarri, lan guztien aitortza egin, lan guztien banaketa eta aberastasunaren banaketa ekarriko duen eredu berri baten alde egin dugu kaleetan zein lantokietan".

Euskal Herriko borroka eta mugimendu feminista indarturik atera direla berretsi du: "Euskal sindikatuak mugimendu feministarekin eskuz esku aritzeak aliantzak indartzeko balio izan du. Lan merkatuan zein lan merkatutik kanpo gertatzen denaren arteko lotura ikustaraztea lortu dugu guztion artean".

Iazko eta aurtengo martxoaren 8ko greba eta mobilizazioak mugarri garrantzitsua direla adierazi du, eta lan munduan ere borroka sindikalak pizteko bultzada izan direla nabarmendu. Izan ere, asko dira zabalik dauden borrokak, batez ere sektore feminizatuetan, eta, batez ere, zaintzarekin zerikusirik duten sektore gehienetan.

Aurten, greba feministaren aurre lanketan, hainbat erakunde publiko seinalatu ditugu emakumeen lan baldintzen prekarizazioan beraien erantzukizuna salatzeko eta soldata arrakalaren gaian proposatzen diren neurriak ez nahikoak direla ozen esateko. Hala, egindako ekimenak zerrendatu ditu Arantxa Vazquezek:

• LABeko Emakumeen Nazio Batzar arrakastatsua egin dugu. 250 emakumetik gora bildu ginen.

• “Neskamearen ipuina” irudikatuz, sektore feminizatuen gatazkak eta lan egoera salatu ditugu Bilbon, hainbat erakunde publikoen aurrean.

• Gipuzkoako egoitzetako langileek itxialdia egin dute Aldundian.

• Emakumeon eskubide falta salatu dugu Sestaon, Gizarte Segurantzaren egoitzan.

• Osakidetzako soldata-arrakala salatu dugu, Gasteizko Zerbitzu Zentraletan.

• Pikete Feminista egin dugu Donostian, soldata arrakala salatuz eta martxoaren 8ra dei eginez.

• Emakunderen egoitza okupatu dugu, eta Nafarroako Parlamentua eta Berdintasun Institutua interpelatu, soldata arrakala arazo politikoa dela salatzeko.

• Eusko Jaurlaritzaren soldata arrakalarekin amaitzeko propaganda neurriak salatu ditugu.

Instituzioen aldetik jasotako erantzunak oos bortitzak izan direla jakinrazi du Arantxa Vazquezek: 

• Emakundek modu autoritarioan erantzun digu, eskatzen genuen edukietan sakondu gabe.

• Sestaoko Gizarte Segurantzan gure lankideek jazarpena jaso zuten, baita identifikazioak ere, emakumeen egoera salatzeko burutu zen ekintza batean.

• Osakidetzan erantzun gisa, Ertzaintza deitu zuten gure lankideak identifikatzeko eta gure salaketa eta aldarrikapenak oztopatzeko.

• Greba egunerako hainbat enpresatan, publikoak (Osakidetza, erresidentziak…) zein pribatuak (Eroski, esaterako) saiatu dira lehenengo momentutik langileak ordezkatzen, greba batean hori ezin dela egin jakin arren.

• Eusko Jaurlaritzak, berriro ere, gehiegizko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen. Nabarmengarria da nola grebetan gutxieneko zerbitzu altuak jartzen diren eta, aldi berean, egunerokotasunean zaintzarako zerbitzuetan (egoitzak, Osakidetza, etxez etxeko laguntza, eta abar) langile ez nahikoarekin emateko izugarrizko apustua egiten dela erakunde publikoetatik. Kontraesan horren atzean laburbiltzen da zaintza lanei zer garrantzia ematen ari zaie gaur egun Euskal Herrian, botere politikoen aldetik

 

 

 

Dei egiten diegu beste sindikatuei Bizkaiko metalgintzan datozen hilabeteotan lanuzte eta grebak deitzera, sektorerako hitzarmen duina lortu arte

0
Gaur egin da Bizkaiko metalgintzako hitzarmenaren mahai negoziatzailearen 18. bilera. Urtebete baino gehiagoz luzatu dira negoziazioak eta gaur berriro nabarmen geratu da ez dagoela patronalarekin negoziazio posiblerik. FVEMek ez du negoziatu nahi sektoreko langileen baldintzak negoziatuko dituen hitzarmenik. Gaurko bileran planteatuko du 2018a inolako igoerarik gabe uztea, eta honek, atzerakada dakar aurreko bilerekiko.

LABen hilabeteak daramatzagu enpresetan eta kalean mobilizatzen. Azken egunotan mozioak sartu ditugu sektoreko enpresetan hitzarmen sektorialaren defentsan eta mobilizaziorako deia eginez. Hainbat dira mozio hauei atxikimendua adierazi dioten enpresa-batzorde eta pertsonaleko delegatuak; Mesa, Arteche, Enersys, Sachs, Kelvion, Nemak, Wartsila, Laminados Losal, Troqueleria Odin, Zabala Mekaniko Tailerra, Disbainu, Rhoiter… datozen egunetan atxikimenduak jasotzen jarraituko dugu eta asanblea eta mobilizazioak egingo ditugu enrpesetan.

Negoziatzeko borondate faltaren aurrean, eta patronalaren nagusikeria ikusita, LABetik berriro dei egiten diegu gainontzeko sindikatuei lanuzteak eta grebak egin ditzatzen hurrengo hilabeteetan, 47.000 langiletik gora dituen sektorean hitzarmen duin bat sinatzeko helburuarekin, langile horien lan baldintzak duinduko lituzkeena. Antolakuntza eta borroka beste biderik ez dago.
 

 

 

Ezkerraldetik Bilbora ibili dira protestan DIA supermerkatuetako langileak

0

Greba mugagabean daude astelehenaz geroztik, eta auto karabana bat egin dute gaur, enpresak iragarritako kaleratzeak salatzeko, aurreko egunetan egindako mobilizazioen harira.

DIA supermerkatuetako langileek erantzunik gabe jarraitzen dute enpresaren aldetik. 2.100 kaleratze iragarri ditu enpresak Espainia mailan, eta LAB eta ELA sindikatuok ez dugu ulertzen nola CCOO eta UGT sindikatuek ez duten borrokarekin bat egin. 

Mobilizazioekin jarraituz, ostiralean, martxa bat egingo dute Elgoibar eta Ermua artean, 10:00etan abiatuta, Bizkaiko eta Gipuzkoako langileen batzordeek deituta.

 

 

 

Gipuzkoako elikagaien eta merkataritzako hitzarmenaren defentsan mobilizatu gara Oreretan, Irunen, Hernanin eta Arrasaten

0

Orereta, Arrasate eta Hernaniko LIDL eta BM supermerkatu batzuen aurrean elkarretaratzeak egin ditugu LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok, Gipuzkoako elikagaien eta merkataritzako hitzarmenaren alde. Irunen eta Adegiren egoitzaren aurrean mobilizatu ginen joan den hilabetean, aldarrikapen berarekin.
 

 

 

Patronalei eta Hezkuntza Sailari arduraz jokatzeko eskatu diegu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazka konpontzeko

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok negoziaketara irekita eta edukietan sakontzeko prest gaudela berresten dugu. Gaur, sektorean egindako 19. greba egunean, auto karabanak egin ditugu.

Azken bi ikasturtetan sektorean gauzatu den 19. greba eguna da gaurkoa, eta aurreko greba egunekin gertatu den bezala, gaur ere, izan duen babesa oso zabala izan da, atzokoaren antzekoa.

Itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak grebetara, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua.

Urtarrileko greba egunen ostean, sindikatuok bilerak izan ditugu bai patronalarekin eta bai hezkuntza sailarekin. Bilera hauetan, sindikatuok negoziaketarako gure borondatea eta edukietan sakontzeko nahia argi utzi diegu. kontaktu hauek ordea ez dute oraingoz langileen eskaerei serioski erantzungo dioten proposamenik ekarri. Beraz, oraingoan ere, azken greba egunetik hilabete baino gehigoko tartea izan arren, langileen eskaerek erantzun nahikorik izan gabe jarraitzen dute.

Sindikatuok negoziaketara erabat irekita gaude, patronalak akordio puntuak non dauden badaki, eta eduki horietan sakontzeko eskatzen diogu.

Hezkuntza sailak ere ardura dauka sektore honetako langileen lan baldintzekiko eta eskaintzen den hezkuntza kalitatearekiko, gatazkaren irtenbidean inplikatu eta ardura hau bere gain hartzea eskatzen diogu beraz. Horrela, hezkuntza sailarekin harremanetan gauden arren, momentuz jokatzen ari den papera eskasa izaten ari da eta langileen eskaerek erantzun seriorik gabe jarraitzen dute. Gatazkaren irtenbidea ez du zerbitzu minimoen handitzeak ekarriko, ez eta bere inplikazioa debideratzeko asmoz gatazka lan sailera bideratzeko saikaerak ere.

Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), feminizatuenak direnak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Grebaren helburuak argiak eta aski ezagunak dira, sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den eta gure ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela konbentzituta baikaude.

Langileen eskerei erantzunez gatazka bideratzeko ardura patronal eta hezkuntza sailak dute, eta horregatik, ELA, STEILAS,CCOO, LAB eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko jaurlaritzari eskatzen diogu bakoitzak dagokien ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako greba egunak babestera eta antolatu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak


Enplegua:

-Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

-Eroste-ahalmena berreskuratzea.
-1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

-Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
-Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
-Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea:

-Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte
-Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

 

 

 

Berriro adierazi dugu eskola-jangeletako kudeaketak publikoa izaten jarraitu behar duela

0
Gaur goizean egondako negoziazio mahaian, LAB, UGT eta CCOOek berriro adierazi dugu eskola-jangeletako kudeaketak publikoa izaten jarraitu behar duela, Eusko Jaurlaritzak jangeletarako planteatutako eredu berria momentuz geratzea erabaki ondoren.

Sektore honetan ordezkaritza dugun sindikatuontzat funtsezkoa da Hezkuntza Sailak eskola-jangeletako kudeaketari eustea eta sukaldari eta garbitzaileen 600 lanpostuek publiko izaten jarraitzea, sindikatuen ordezkariekin lortutako akordioak mantenduz.

LAB, UGT eta CCOOeko ordezkariek modu positiboan baloratu dute Administrazioa zein guraso-elkarteak elikarduraren kalitate eta hobetzean inplikatzea eta honen inguruan eztabaida zabaltzearen alde egin dute, eragile guztien partehartzearekin. “Adi egongo gara sukaldeetako lanpostu publikoak arriskuan jar ditzakeen edozein jarrera aldaketaren aurrean”, adierazi dute.
 

 

 

Europako Batasuneko Justizia Auzitegiko Abokatu Nagusiak kontratudun langileek gradua kobratzeari buruzko gure planteamenduak berretsi ditu

0
Gaur, 2019ko martxoaren 12an, argitara eman dira Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko Abokatu Nagusiak auzi garrantzitsu bati buruz aurkeztu dituen ondorioak: administrazio kontratudun langileek gradua kobratzeko eskubidea duten ala ez. Auzi hori Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. epaitegiak planteatu zuen.

Ondorio horietan zera jasotzen da: "arrazoi objektiboengatik ezin da justifikatu, auzitan dagoen graduaren afera dela-eta, karrerako funtzionarioen eta aldi baterako administrazio kontratua duten langileen artean gaur egun dagoen desberdintasuna, zeinaren ondorioz azken horiek ez baitute inolako eskubiderik graduaren soldata-osagarria onar eta ordain dakien". Hau da, abokatu nagusiak LABek aurkeztutako errekurtsoaren planteamenduak berresten ditu: aldi baterako langileek gradua kobratzeko eskubidea dute, langile finkoek bezala.

Oso berri onak izan arren, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiko Abokatu Nagusiaren ondorioak baizik ez dira. Hau ez da epaia. Orain, Auzitegiak epaia eman beharko du, baina abokatu honen iritzia kontuan hartuta.

 

 

Lanbide Heziketako irakasle teknikoek borrokan jarraituko dute arazoari irtenbidea topatu arte

0
Lanbide Heziketako irakasle teknikoek itxialdia hasi zuten atzo Txurdinaga LHIIn. Gaur, martxoaren 12an, prentsaurrekoa eman dute leku berean.

Honakoa adierazi dute agerraldian:

· 2018an ezin izan ginen aurkeztu EPE-tara 2007ko Errege Dekretu baten aplikazioaren ondorioz.

· Irakasle Teknikoak lanean sartu ginenean, eskatzen zen titulazio guztia betetzen genuen, baina Errege Dekretu honek titulazio aldaketa bat dakar eta EPE-tatik kanpo uzten gaitu.

· Arazo honen aurrean, irakasleak kolektibo moduan antolatzen hasi ginen Hezkuntza Sailarekin konponbide bat aurkitzeko asmoarekin.

· Urte eta erdi pasa ondoren erantzunik gabe, urtarrilaren 9an, Gasteizko Mendizabala LHII-n itxialdiari ekin genion.

· Ekintza honek bere fruituak eman zituen eta batzar bi lortu genituen denbora gutxian.

·Batzar hauek positiboak izan ziren, Hezkuntzarekin komunikazioa lortu genuelako, baina ez dugu aurrepausurik ikusi gure egoerari irtenbiderik emateko.

· Hori dela eta, otsailaren 8an Donostiako EASO-ko Politeknikoan ere hasi genuen itxialdia.

· Martxoa amaieran adostuta daukagun batzarrari begira, atzo, martxoaren 11an, Bilboko Txurdinaga LHII-n ere hasi dugu itxialdia.
 

 

 

Bizkaia eta Gipuzkoako DIA supermerkatuetako langileak greba mugagabearen bigarren eguna gauzatzen ari dira

0

Gaur, atzo abiatutako greba mugagabearen bigarren egunean, pikete informatiboak ibili dira enpresa presionatuz, EEEaren negoziazioa hona ekarri dadin eta 71 lanpostu suntsi ez daitezen. Presioak eta borrokak jarraitzen dute, baita multinazionala baldintzatzeko konbentzimenduak ere.