2026-04-28
Blog Page 675

Erlijioko ikasgaia ikasgeletatik ateratzeko eskaria egin diogu Eusko Jaurlaritzari, “ErlijiOFF” dinamikaren barruan

0

Sindikatuak kontzentrazioa egin du Gasteizen, Jaurlaritzak Lakuan duen egoitzan, burutzen ari den “ErlijiOFF” dinamikaren barruan. Honen helburua erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzea da. Eskari honekin, martxan jarria dute sinadura-bilketa eta horixe eskatuz, idatzia erregistratu du gaur LABek Jaurlaritzaren egoitzan.

Euskal Herriko hezkuntza komunitatearen gehiengoak desiratzen duen hezkuntza sistema eraikitzeko ezinbestekoa zaigu guk gure hezkuntzaren inguruko erabakiak hartzea, hezkuntzan ere burujabetza eskuratzea. Ezinezkoa da Euskal Herriak behar duen euskal eskola publikoa eraikitzea Madril eta Parisek hezkuntzaren inguruan erabakitzea onartzen badugu.
Hezkuntza eredu propioaren norabidean espazioak irabazi baditugu ere, hezkuntza burujabetza osoa eskuratzea ezinbestekoa da aipatutako erronkei aurre egiteko. Euskal Herriko hezkuntza eredua Euskal Herriko hezkuntza komunitateak, jendarteak eta instituzioek adostu behar dute. Horixe da edozein hezkuntza akordio edo itunerako oinarrizko premisa.

Gure ortzimuga estrategikoa honako hau da: pertsona libreak hazi eta heziko dituen jendarte librea. Horretarako, eskola publiko komunitarioa ardatz izango duen hezkuntza sistema propioa eraikitzeko apustua egiten dugu. Norabide horretan, esan bezala, ezinbestekoa da hezkuntza burujabetza eskuratu eta behar dugun hezkuntza eredua gaurdanik garatzea, ditugun indarguneak baliatuz eta ahulguneei aurre eginez.

Duela lau urte, LABek IRUTEN dinamika martxan jarri zuen. Euskal Herriak behar duen hezkuntza sistemaren eraikuntzan urrats praktikoak emateko, hausnarketa eta tresna eraginkorrak sortu eta partekatzea da dinamika honen xedea. Ebaluazio Hezitzailearen gaiari heldu genion lehenik, eta ikasturte honetan, Erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik ateratzeko dinamika abiatu dugu.

LABek Eskola Publiko Komunitarioaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditu, eta irizpide horien baitan hezkuntzaren izaera laikoa agertzen zaigu. Horrela, gure oinarri ideologikoen planteamenduan sakontzera gatoz dinamika berri honen bitartez.

Aurrekariak eta testuingurua

1. Erlijio desberdinetako ikasgaia (nagusiki katolikoa) urtez urte eskaintzen da Euskal Herriko ikastetxe publiko zein itundutakoen gehiengo zabalean. Erlijioa, gaur egungo elementu segregatzaile nagusienetakoa da. Erlijioek inongo ikastetxeko curriculumetan lekurik ez dutela ozen salatu nahi dugu.

2. Jakina da garai batean erlijioko irakasleek EAEko irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan izan zuten sarbide iluna. Apezpikutzak kudeatutako zerrenda edo lan poltsa batetik ematen zuten jauzia irakaskuntzara, gerora, merituak pilatutakoan aukera zutelarik gainontzeko espezialitateetara igarotzeko. Gaur egun, zerrenda horiek administrazioak kudeatzen baditu ere, apezpikutzak ezartzen ditu zerrenda horietan sartzeko baldintzak. Gure ustez, onartezina da erakunde erlijioso batek zerrenda publiko batzuetarako irizpideak ezartzea.

3. Erlijio irakasle hauen lan jarduna, orohar, erlijio saio batzuk ematera mugatzen da; ez dute ikastetxeko jardun eta proiektu desberdinetan parte hartzeko beharrik. Gainera, irakasle hauetariko askok ez dute inondik inora euren asteko jarduna betetzen, jardun osoan kontratatuta daudelarik eta bataz- beste asteko 10 orduko lan jarduna betetzen dutelarik, irakasle arteko arrakalan ikaragarri sakonduz eta lan karga askoz baxuagoak izanez. Eta egoera bidegabe honek, irakasleen artean talka handiak sortzen ditu. Ondorioa argia da: irakasle hauek pribilegiatu hutsak dira Eusko Jaurlaritzaren babes, baimen eta bedeinkapenarekin.

4. LABek, erlijioko ikasgaia ikastetxeetatik atera eta irakasle finko zein behin-behineko hauek birkokatzeko prozedura adostu baten aldeko hautua egiten du, dagozkion berme mekanismoak artikulatuz eta gardentasun printzipioak bermatuz. Gainontzeko irakasleak bezala, elizaren injerentziarik gabeko lan poltsa publikoen bidez eta egonkortasun prozesuen bidez eskuratu beharko dute lanpostua bestelako espezialitate batean, hauek lan baldintza berdinetan, eskubide eta bete-behar berdinekin esleituko zaizkielarik.

5. LABek, erlijioko irakasleengan ez duela fokoa jarri nahi argi adierazi nahi du, hauek ez baitute gaur egun ematen den egoerarekiko ardurarik ezta beroni buelta emateko eskumenik. Ardura politiko guztia eta konponbiderako eskumena Eusko Jaurlaritzak du eta berari egiten diogu interpelazio zuzena, gaiari eutsi eta erlijiorik gabeko bestelako Hezkuntza sistema bat hezkuntza komunitatearekin adostu eta abiarazi dezan.

Horretarako hurrengo neurriak martxan jartzea eskatzen dugu benetako hezkuntza laikoaren bidean:

– Epe laburrerako neurriak:
• Irakasle hauen pribilegioekin amaitu. Gainontzeko irakasleak bezala, kontratazioa euren lan orduetara egokitu.
• Zerrenden kudeaketa elizaren inferentziarik gabe administrazioaren esku geratzea, berdintasun, gardentasun, meritu eta gaitasun printzipioak errespetatuz. Bitartean:
– Erlijio ikasgaia bakarrik eman dezatela.
– Erlijioko ordezko irakasleen meritajeak erlijioko arloan bakarrik konputatzea eta baremazio prozesuetan gainontzeko zerrendetara igarotzeko aukera bertan behera uztea.
• Ikasleen ratioak gainontzeko hautazko ikasgaiekin berdintzea eta hautazko ikasgaietako ratio horiek berrikustea.
• Erlijio ikasgaiak espedientean eraginik ez izatea.
• Erlijio katolikoko laboral finkoen kopurua berraztertzea.
• Erlijioko irakasleen formakuntza, apezpikutzak emandakoa bada, diru publikoz ez finantzatzea.

– Epe ertainerako neurriak:
• Irakasle hauen birkolokaziorako prozedura adostu. Administrazioak eta alde sozialak aterabide adostu bat artikulatu beharko dute, beti ere dagozkion berme mekanismoak eta gardentasun printzipioak bermatuz.
• Hezkuntza sistema burujabea artikulatzea.
• Estatua eta Elizaren arteko konkordatuarekin amaitzea.
• Erlijioa eskaintzen duten ikastetxeek finantziazio publikorik ez jasotzea.
 

 

 

Zuzenean zerbitzuko langileek lana eta familia bateratzea ezinezkoa zaiela salatu dute Gasteizko Legebiltzarraren aurrean

LABek Zuzenean zerbitzuko langileen kontziliazio eskubidea bermatua izan dadin eskatzeko bi ordu eta erdiko lanuztera deitu du gaurko, eta Eusko Legebiltzarraren aurrean kontzentrazioa egin du.

EH Bilduko Oihana Etxebarrieta legebiltzarkideak galdera egin dio Josu Erkorekari galdetzeko “ordutegi malgutasuna izateko Zuzenean zerbitzuko langileek dituzten arazoei buruz” eta horri erantzun beharko dio Erkorekak Legebiltzarrean.

Legebiltzarreko ekimen honen arrazoia da Zuzenean zerbitzuko langileek urtebete baino gehiago daramatelako bizitza familiarra eta lana bateratzeko arazoekin eta, kasu batzuetan, bateratze hori ezinezkoa bilakatu delako.

Josu Erkorekaren Gobernantza Publiko eta Autogobernu saila langileei lanera sartzeko eta irteteko malgutasuna ukatzen hasi zen. Malgutasun hori langileek 8 urte aurreragotik bazuten, hala baitago jasota urtez urteko ordutegien zirkularretan eta Sailak 2017an Gizon eta Emakumeen arteko Berdintasun planean berariaz jasota (“Ordutegi malgutasuna eta herritarrei zuzendutako zerbitzuen maila mantendu, Zuzenean herritarrentzako zerbitzuarenak, hain zuzen ere, bertako langileen bateragarritasunean eragozpenik sortu gabe (hiru lan txanda, lana eta familia bateratzeko neurriak, sartu eta ateratzeko malgutasuna, e.a.”). Eta Jaurlaritzak lana eta familia bateratzea ezinezko egiten zuen lanera sartzeko eta irteteko ordutegi zurruna ezartzen jarraitu zuen; ordutegi zurrun horrek ez dio legeriari jaramonik egiten, ezta aurretiaz, Eusko Jaurlaritza zigortu zituzten epai batzuei ere. Eta orain langileak derrigortzen dituzte atsedena hartzera bezero gehien dagoen orduetan, eta ez diete uzten orduak berreskuratzen egunaren lehen orduetan, aplikazio informatikoak ez duela aukera hori onartzen argudiatuta. Jauntxokeriak baino ez dira, eta neurri horiek gainera ez dute zerbitzuaren hobekuntzarik bermatzen inondik inora.

Zer dago horren atzean?
Lehenengo eta behin zerbitzuaren kudeaketa eskasa. Ohikoa izan da gaixotasun bajak ez betetzea eta, eskaria handitu den arren, ez egokitzea lanpostuak eskarira, ezta zerbitzua eskaintzea eta hutsuneak betetzea langileen borondatearen esku uztea ere. Horrek ekarri du 10 urtez izan den arauen interpretazio baketsua hautsi egin dela, eta, ondorioz, gure herrian langileei onartzen zaizkien eskubideak galarazi zaizkiela, hau da, lana eta familia bateratzeko eskubidea ukatu egin zaiela.

Argi baino argiagoa da antolakuntza eta kudeaketa arazoa izan dela, eta horrek ezin du inondik inora eragin berdintasuna bermatzeko Lege Organikoak eta Euskal Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak onartzen dituzten eskubideak bertan behera uztea.

Bigarrenik, presio bidea da duela 10 urtez lortutako akordioa aldatzeko. Akordio horretan konpentsazioak adostu ziren txandaka lan egitearren eta ordutegi malgutasunik ez izatearren. Baina ordutegi malgutasun falta horretan ez zen sartzen lana eta familia bateratzeko malgutasuna.

Langileek eta sindikatuek ez dugu ezbaian jartzen ordutegi berezia dutela Zuzenean zerbitzuko langileek, baina ezbaian jartzen dugu ordutegia zurruna izan behar izatea langile guztientzat, kontuan hartu behar baita lan-zama ez dela berdina eta uniformea guztientzat. Hain zuzen ere, lan-zamarik handiena goizeko 10etatik 14ak arte ematen da eta ordutegien malgutasunak zerbitzuaren kalitate egokiagoan eragin zuzena dauka, zalantzarik gabe. Ordutegien malgutasuna eta ordutegien murrizketa ukatzea erabaki oso arbitrarioa izan da sakoneko arrazoirik gabe.

Kontuan hartzen badugu Zuzenean zerbitzu feminizatua dela, Administrazioko bataz bestetik gora feminizatua, Eusko Jaurlaritzak, zeharka bada ere, emakumeen kontrako diskriminazioa eragin du, emakumeak izan baitira gehienak murrizketa ordutegien zurruntasun horiek jasan behar izan dituztenak. Horrez gain, Zuzenean zerbitzuan hartu diren erabakiek gizonen eta emakumeen arteko soldata arrakala handitzea ekarri dute lana eta familia bateratzeko emakumeak izan baitira ordutegiak laburtzea eta ondorioz, soldata txikiagoa izatera pasatu direnak.

Gatazka honetan Erkoreka Sailburuak esan du “zerbitzua dago ordutegien malgutasunaren gainetik”, baina, egia esan, langileen eskubideak ukatzeaz gain, zerbitzuan ez da hobekuntzarik, izan ere, ordutegien malgutasunak dakar zerbitzua indartzea herritarren eskari handiagoa dagoenean. Eta orain galdera hauxe da: Non geratzen dira Erkoreka jaunaren hitzak non esaten zuen Administrazioan lana eta familia bateratzen zela eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzen zela?

Arotzaren etxean, gerrena zotzez.

 

 

 

Patronalari eta Hezkuntza Sailari arduraz jokatzen hasteko eta langileen eskaerei erantzunez Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkari bide emateko erabakiak har ditzatela galdegiten diegu

Azken bi ikasturtetan sektorean gauzatu den 25. greba eguna eta ikasturte honetako 22. da gaurkoa. Eta gaur ere, izan duen babesa oso zabala izan da. Beste behin ere, 3.500 langiletik gora batu gara gaur Bilbon izandako manifestazioan, ikastetxeetan lan baldintzen okertzearen ondorioz bizi den nahigabe orokortuaren erakusgarri.

Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), feminizatuenak direnak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, eta bereziki azken hilabete eta asteetakoak.

Sindikatuok, bai patronal eta bai Hezkuntza sailari, gatazkari irtenbidea emateko eta adostasunak erdiesteko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien pasa den asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez dugun arren, komunikabideen bidez egindako adierazpenen baitan ez patronal ez eta Hezkuntza Sailaren aldetik ere inolako pausorik emateko asmorik ikusten ez genuenez, LHKan bilera deialdi bat luzatu genien Astearte arratsalderako.

Patronalak azken hilabeteetan jarrera erabat aldakorra, ulergaitza eta larria izan du. Sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiesteko aukera irekitzen zuten planteamenduak egin arren, ondoren mahai negoziatzailean planteamendu hauek atzera botaz alde batetik, mahaian egindako azken proposamena definitibo eta aldaezina bezala aurkeztuz bestetik, eta atzoko bilerara agertu ere ez egiteko erabakia hartuz azkenik.

Hezkuntza Sailak berriz, gatazka honi irtenbidea emateko orain arte erakutsi duen interesa oso eskasa izan da, bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatuz, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitzegiten hasteko inolako pausorik. Astearteko bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hau gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen jarraitzea eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki du.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa. Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela. Horrela, Astearte arratsaldeko bilerara ez etortzeko erabakia hartu bazuten ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.

Azkenik, langileak zoriondu nahi ditugu beste behin ere erakutsi duten tinkotasun, indar eta konbentzimenduagatik. Harro egotekoa da gure ikastetxeetako hezkuntza kalitatean eragin zuzena duten lan baldintzen kaskastzearen aurrean, lan baldintza horien alde borrokatzeko apustua egin duten langileak izatea gure ikastetxeetan.

 

 

 

Aurreikuspen falta eta kaosa salatu ditugu Gasteizko Herritarren Arretarako Zerbitzuan

LABetik, zerbitzu horietan inprobisazioarekin amaitzea exijitzen dugu, eta herritarrei kalitatezko zerbitzu bat emateko, beharrezko baliabideak eta langileak jartzea eskatzen dugu.

Astelehenean, apirilaren 1ean, apirilaren 28ko hauteskunde orokorretarako mahaien zozketa zen. Araban, mundu guztiak jakin nahi zuen San Prudentzioko zubiaren bidaia bertan behera utzi behar zuen ala ez.

Komunikabideetan iragarri zen gai horri buruz informatuko zela aurrez aurre, gizarte-etxeetan.

Iragarpen horren ondorioz, pertsona askok jo zuten gizarte-etxeetara, langileek eurek baino lehenago lan hori zegokiela eta nola egin behar zuten jakin baino lehen.

Gainera, kontsulta sistema mantso, arkaiko eta ez-eraginkorra izan da da, eta, ondorioz, Herritarren Arretarako Bulegoen kolapsoa gertatu da, bulegoak ixteko orduan 30 lagunetik gorako ilarak zeuden, sistema erori zen eta ezin izan zitzaien informazioa eman bertaratutako pertsonei. Horren ondorioz, gainera, beste udal izapide batzuk geldituak geratu ziren (errolda, zergak, kirol-abonuak, etab.)

Administrazio elektronikoa non dagoen galdetzen diogu gure buruari. 11/2007 Legeak aitortzen duen bezala, edozein pertsonak eskubidea du Administrazioarekin harremanak nahi zuen kanala aukeratzeko. Nola da posible 2019an bi orduko ilara egin behar izatea hain erraza den izapide bat egiteko?

Bazekiten hauteskundeetako data Arabako zubi garrantzitsuenarekin batera zetorrela, beraz, aurreikuspen falta erabatekoa izan da, izapide erraz bat egiteko behar ez den kaosa sortuz, kanal elektroniko bat kudeatzea askoz eraginkorragoa izanik.

Beste behin ere, langileak izan dira beren profesionaltasunarekin udal aurreikuspen falta konpentsatu dutenak.
 

 

 

Apirilaren 6ko manifestaziora deitzen dugu, ontzigintza sektorearen defentsan

0

Hauteskunde bezperetan alderdi politikoek hauteskundeei begirako sasi negoziaketak gauzatzen ari diren bitartean, Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Gobernuak La Navaleko egoeraz ahaztu direla ematen du.

Ontzigintza sektorearen pribatizazio prozesuak, beste interes batzuen arabera jokatu duten enpresarien jarrerak eta industria politika ezak ekarri du gaur egungo La Navaleko egoera.

Instituzioei ondorengo deialdia egiten die LABek:

• Batzuk bilatzen ari diren langilerik gabeko espekulazioa eta pelotazo operazio berri bat eragoztea.

• Bideragarritasuna eta lan karga baduen La Navalen salmentan, langile guztien eskubideak kontuak izatea, ez soilik ez soilik 177 langile zuzenekiko, 2.000 langileak (azpikontratatuak ere) izan behar dira konponbidearen parte.

Gainera, administrazio publikoak proiektu berria lagundu beharko luke, egin den kudeaketa negargarriaren ostean.

Instituzioen utzikeriaren aurrean,mobilizazioa eta borroka dira bide bakarra. Horregatik, herritarrei apirilaren 6an Bilboko Jesusen Bihotzaren plazatik 18:00tan abiatuko den manifestazioan parte hartzeko dialdia egiten dugu.
 

 

 

Arduradunak seinalatu eta erantzukizunak garbitzeko ordua da

Atzo apirilak 3, langile bat hil zen laneko istripu batean. 61 urtetako langilea, Zigoitiko bizilaguna, araztegi betera erori ostean zendu zen, herri bereko Gorbeia merkataritza zentroko hustuketa gunean. Aldi berean salatu nahi dugu, apirilaren 1ean, Ulma manutencion Kooperatibako langile baten lan heriotza ez traumatikoa, Frantzian gertatutakoa.

Lehenik eta behin LAB sindikatutik gure elkartasuna eta babesa adierazi nahi diegu hildako langileeen familia eta gertukoei .

Azken heriotza honekin, 12 dira gutxienez Hego Euskal Herrian urte hasieratik hildako langileak eta salatu behar dugu heriotza guztiek faktore amankomun bat dutela oinarri, prekarietatea. Lan istripuak ez dira kasualitate kontua, bultzatzen diren lan harremanenen, prekarizazioaren, eta lan arautegi eta benetako prebentzio ezaren ondorio zuzenak dira.

Lan istripuek erantzule zuzenak dituzte. Alde batetik patronala, irabazi ekonomikoak lehenesten dituena langileen segurtasun eta bizitza. Beste alde batetik administrazio publikoak ditugu, sarraski honen aurrean beste aldera begiratzen dutelako. Egoera honen konplize bilakatu dira. Lan osasunari buruz hitz egiten dute baina bultzatzen dituzten politikek prekarietatea bultzatzen dute. Pauso bat aurrera emateko ordua da , arduradunak seinalatzea eta erantzukizunak garbitzea exijitzen dugu.

LABen argi dugu, laneko biolentziarekin amaitzeko bizi eta lan duinak behar ditugu, lanetik onik eta bizirik bueltatzeko eskubidea dugulako. Eredu berri bat gauzatu behar dugu, langileon bizitza eta osasuna lehenetsiko dituena.

LABen lanean eta borrokan jarraituko dugu langileon eskubide, segurtasun eta osasunaren alde. Horregatik azken istripua salatzeko dei egiten diogu langile klaseari, Euskal Herriko gehiengo sindikalak, astelehenean, hilaren 8, 12etan Zigoitiko Gorbeia merkatal gunean deitu dugun elkartaratzean parte hartuz.
 

 

 

Bizkaiko bulego eta langeletako hitzarmenaren alde mobilizatu gara

Hiru orduko lanuzteak egin dituzte Bizkaiko bulego eta langeletako langileek, LABek deituta. Horrekin batera, Bilboko Lan Harremanen Kontseiluaren aurrean mobilizatu dira, lan hitzarmen duin baten defentsan, eta manifestazioa egin dute ondoren. Esklabotza kate bat irudikatu dute protestan, eta pankarta erraldoi bat zintzilikatu dute Arriagako zubitik.

2013tik lan hitzarmena berritu gabe dago Bizkaiko bulego eta langeetan. Hortaz, estatalizazioaren mehatxupean dago, baita eremu batean estatalizaziopean ere. Izan ere, bulego, langela eta kontsultoriek osatzen dute arloa, eta kontsultorien eremuan jada estatalizazioa gauzatu dute. Era berean, kontratazio berriei hitzarmen estatalaren baldintzak ezarri dizkiete dagoeneko.

Langileen lan baldintzak errespetatu dira orain arte, baina kontratuari lotuta, ez lan hitzarmen baten babesean. Hortaz, ezinbestekoa da lan hitzarmenaren alde borrokatzea, are eta garrantzitsuagoa honako hau Bizkaiko bigarren hitzarmenik handiena denean, 23.000 langileei eragiten diena.

Langileak borrokan daude 2013. urteaz geroztik, eta horrela jarraituko dute hitzarmen duin bat lortu arte. Halaxe aldarrikatu dugu gaurko mobilizazio egunean.

 

 

 

Igor Arroyok langileen zerbitzura egongo den Estatu bat sortu nahi dugula berretsi du Atenasen, eredu ekonomiko eta sozial justuago bat oinarri

0

Munduko Sindikatuen Federazioaren Kontseilu Presidentziala egin dute gaur Atenasen, "internazionalismoa, batasuna eta klase borroka" leloarekin, eta LABeko idazkari nagusi ondoko Igor Arroyo bertan izan da, gainontzeko sindikatuetako ordezkariekin batera. Bere hitzartzean, Arroyok nabarmendu du autodeterminazio eskubidearen alde borrokatzen ari den herria dela Euskal Herria, “baina ez Estatu kapitalista bat sortzeko xedearekin, langileen zerbitzura jarriko den Estatu bat eraikitzeko baizik, eredu ekonomiko eta sozial justuago bat oinarri”.

Igor Arroyoren hitzetan, “Filipinas Asian, Kuba Ameriketan, Ginea Afrikan eta Belgika Europan, España ere baziren. Euskal herritarrok erreferendum baten bitartez erabaki nahi dugu Espainia edo Frantziaren parte izatea nahi dugu, edo Estatu propio bat sortu nahi dugun. Espainiako Gobernuak, baina, ez du aukera hori uzten”.

ETAren desegitearekin, “armarik gabe dena posible zela” zioten leloa gezur hutsa bilakatu dela nabarmendu du LABeko idazkari nagusi ondokoak: “200 preso politiko daude, argitu gabeko Estatu krimenak daude eta Kataluniaren aurkako errepresioak bere horretan jarraitzen du, besteak beste”.

Euskal gatazkari buruz aritu eta gero, Igor Arroyok Nazioarte mailan dauden erronka eta mehatxuei buruz hitz egin du. "Prekarietatearen eta pobreziaren aurka borrokatu behar dugu, kapitalak aberastasun guztia metatzen ari den honetan. Ildo honetan, sindikalismoak tresna eraginkorra izan behar du langile klasearentzat, baita sektore berrientzat ere. Hori dela eta, sindikalismoa birpentsatu beharra dugu eraginkorragoa egiteko".

Era berean, mundu justuago baten aldeko apustua egiten duten eragileen arteko aliantzen garrantzia aipatu du, eta mugimendu feministarekiko aliantza lehen lerrora eraman du. Azkenik, Munduko Sindikatuen Federazioak berrindartzen ari den faxismoaren kontrako borrokan lidergoa hartu behar duela adierazi du.

Inperialismoari aurre egin
Bestalde, kontseiluari berari dagokionez, Munduko Sindikatuen Federazioaren Kontseilu Presidentzialeko kide berriak onartu dituzte, bost milioi langile ordezkatzen dutenak. Horiekin 97 milioira Iritsi da Munduko Sindikatuen Federazioa. Hazten ari den erakunde bat da, beraz.

2021eko Kontseilua Vietnam-en egingo dutela adostu dute, eta idazkari nagusitik honako erronka huek planteatu dituzte: hazkundearekin jarraitu; federazioaren antolakuntzan eta kanpo proiekzioan hobetu; emakumeen parte hartzea areagotu; klase batasuna sustatu; eta inperialismoari aurre egin.

 

 

 

Kristau Eskolaren egoitzaren aurrean mobilizatu gara, Donostian

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok deitutako sektoreko 24. greba egunak ere babes zabala izan du. Sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eman ditugu azken urteetako pauso guztiak, eta bereziki azken hilabete eta asteetakoak.

Sindikatuok, bai patronal eta bai Hezkuntza sailari, gatazkari irtenbidea emateko eta adostasunak erdiesteko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien pasa den asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez dugun arren, komunikabideen bidez egindako adierazpenen baitan ez patronal ez eta Hezkuntza Sailaren aldetik ere inolako pausorik emateko asmorik ikusten ez genuenez, LHKan bilera deialdi bat luzatu genien atzo arratsalderako.

Patronalak azken hilabeteetan jarrera erabat aldakorra, ulergaitza eta larria izan du. Sindikatuokin izandako aldebiko bileretan adostasunak erdiesteko aukera irekitzen zuten planteamenduak egin arren, ondoren mahai negoziatzailean planteamendu hauek atzera botaz alde batetik, mahaian egindako azken proposamena definitibo eta aldaezina bezala aurkeztuz bestetik, eta atzoko bilerara agertu ere ez egiteko erabakia hartuz azkenik. Gaur, 24. greba eguna sektorean, Kristau Eskolako egoitza aurrean milaka langile bildu dituen elkarretaratzea gauzatu dugu egoera salatzeko.

Hezkuntza Sailak berriz, gatazka honi irtenbidea emateko orain arte erakutsi duen interesa oso eskasa izan da, bere inplikazioa sindikatuokin biltzera mugatuz, sindikatuon eskariz eta jadanik sektorean 18 greba egun gauzatu ondoren soilik; Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitzegiten hasteko inolako pausorik. Atzoko bilera deialdiaren aurrean ere, deialdi hau gatazka bideratzeko aukera bezala baliatu ordez, eskuak garbitzen jarraitzea eta gatazkaren irtenbide egoki batean inplikatu gabe jarraitzea erabaki du.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa.

Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela. Horrela, atzo arratsaldeko bilerara ez etortzeko erabakia hartu bazuten ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.