2026-01-28
Blog Page 674

Gure Esku Dago dinamikak konponbidea, demokrazia eta askatasuna aldarrikatuko ditu igandean, Donostian

Erabakitzeko eskubidearen aldeko herri dinamikak mobilizazio desberdinak iragarri ditu egunotarako. Alde batetik otsailaren 12rako, elkarretaratzeak egingo ditu Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan eta hainbat herritan, Kataluniako agintari politikoen kontrako epaiketa dela eta. Beste aldetik, otsailaren 17an, manifestaziora deitu du Donostian, Kataluniarekin elkartasunean. Martxa 12:00etan abiatuko da Groseko Katalunia plazatik, Bulebarreruntz. LABek bat egin du mobilizazioekin, eta parte hartzeko deia egin die langile guztiei.

 

 

 

Martxoak 8, Greba feminista. KAPITALA HAUTSI, BIZITZARI EUTSI!

0

Duela urtebete, Euskal Herriko Mugimendu Feministak grebara deitu ondoren, berton bizi garen emakumeok* kalera irten ginen eta planto egin genuen egunero eta bizitzaren arlo guztietan pairatzen dugun egiturazko bazterkeriaren aurrean. Indarkeria matxista, arrazakeria instituzionala, lan esplotazioa, zaintza erdigunean jarriko duten bizi proiektuak garatzeko ezintasuna, kontsumo basatia, heziketa diziplinatzailea, berriro ere genero rolen inposaketa…

Emakumeok* doan edo modu guztiz prekarizatuan egiten ditugun zaintza lanek bizitzaren sostengarritasunerako balioa eta garrantzia handia daukatela eta aitortuak izan behar direla aldarrikatzeko irten ginen. Hainbat zapalkuntza ardatzek zeharkatzen gaituztela eta, gainera, hainbat modutan eragiten digutela aitortu genuen. Ez dugu egoera bera pairatzen etxeko lanetan aritzen garen paperik gabeko migranteok, udaletxeren bateko langileok, bollerook, aniztasun funtzionala dugun emakumeok*, pentsiodunok, transak, bekariook edo lan prekarioak bata bestearen atzean kateatzen ditugunok, baina den-denok geunden nazkaturik, gogaiturik eta zerbait berri eta justuagoa eraikitzeko prest, bateratzen gaituen guztia aintzat hartuta, baina ezberdintzen gaituena saihestu barik.

Aurtengo proposamena da harago joatea eta grebaren arrazoietan sakontzea: aldarrikapenak birpentsatu eta zehaztu, Euskal Herria eremutzat hartuta, hau da, hemen, Euskal Herrian, eta orain, 2019an kokaturik. Jakinda nondik gatozen eta gure genealogia feministak onarturik, baina jakinda, era berean, nora goazen: zer lortu nahi dugun eta zelan lortu nahi dugun.

LABen zalantza barik atxikitu gara grebara, pasa den urtetik hona, egoera hobetu beharrean, are gehiago okertu baita. Sistema kapitalista kosta ahala kosta ahalegindu da gure diskurtso, lelo, salaketez jabetzen eta edukiz husten edo minimizatzen edo dominak jartzen ezer egin gabe. Kapitala morez jantzi da eta sinestarazi nahi izan digu mahaiaren alde berean jesarririk gaudela. Ezta hurrik eman ere: generoaren soldata arrakala oraindik badago lan esparru guztietan, gehienbat emakumeok* egiten ditugun lanei balio ekonomiko eta soziala kentzen zaie, zaintzak ez dira inorentzat lehentasun politikoa, emakumeok* ez daukagu ez denborarik ez baldintzarik zaintzeko eta duintasunez bizitzen jarraitu ahal izateko.

Enpresek egiten dituzten berdintasun planak euren burua zuritzeko tresna hutsak baino ez dira eta ez dute balio diskriminazio egoerei buelta emateko. Edozein eskaera sindikalen aurrean instituzioek publizitate handia baina mami gutxi duten planak aurkezten dizkigute. Ez dago zaintzarako inolako baldintza sozial, ekonomiko edo politikorik. Lan merkatuaren prekarizazioak bizitzen prekarizazioa ekarri du berarekin batera eta hau areagotzen ari da. Indarkeria matxista lan zentroetan eguneroko ogia da. Eskubideak pribilegio direla sinestarazten digute eta konplexurik gabe murrizten dizkigute edo deuseztatuko dituztela mehatxatzen gaituzte.

Honen aurrean ez gara besoak gurutzatuta geratuko, horrelakorik sekula ez dugu eta egin. Martxoaren 8an, 9an, 10ean eta egunero kalera irteteko badauzkagu arrazoiak soberan eta ez gara beldur, badauzkagu mila motibo eta ez dugu etsiko. Euskal Herri aske, feminista, antikapitalista eta antiarrazistan sinesten dugulako. LABen, sindikalismo feministaz, egunero ari garelako borrokan hiltzen gaituen sistema kapitalista heteropatriarkal honen kontra, lantokietan, bai eta etxeetan, kalean, lagunartean… ere, sistema horren gehiegikeriak seinalatzen, bere kontraesanak azalarazten, gure eskubideak exijitzen, kapitala eta bizitzaren suntsiketa salatzen. Herri honetako parte garelako eta uste dugulako bizitzak erdigunean jartzea eta zaintzak kolektibizatzea denon zeregina dela. Gure herria balio feminista, antikapitalista eta dekolonialetatik eraiki nahi dugulako eta jakin badakigulako ez dela posible ezer sortzea inor esplotaturik, ezta gutxi batzuentzat eskubideak defendatzea, gehiengoaren kontura… honengatik guztiagatik, grebara batu egingo gara!

Martxoaren 8an, sistema kapitalista heteropatriarkal kolonialista honen aurrean GREBA FEMINISTA!

 

 

Martxoak 8, Greba feminista. Heteropatriarkatu kapitalistari planto!

0

ZER DA GREBA FEMINISTA?
Martxoaren 8an emakume*, trans eta bollerok lan guztiak, soldatapeko zein doako lanak, egiteari utzi eta ka- leak hartuko ditugu. Greba feministak bizitzako esparru guztiei aurre egiten die, indarkeriari, parekidetasun eza- ri, prekarietateari, sexualitate eredu hegemonikoei, lanen sexuaren araberako banaketari, kontsumo ereduari, familia patriarkalari, jakintzen hierar- kizazioari, arrazakeriari, edertasun kanonari eta zapalkuntza guztiei.

– Bost ardatzetan oinarrituko dugu greba: pentsionistak, ikasleak, zaintza, enplegua eta kontsumoa.

NOLA EGINGO DUGU GREBA?
Iaz bezala, greban parte hartzeko modu ugari egongo dira:
– Lantoki eta ikasgeletan greba eginda.
– Herri eta hirietako mobilizazioetara joanda.
– Zaintzeari utzita eta hori irudikatzeko amantala balkoian eskegita.
– Gure eskualde edo arloan greba antolatuta eta zabalduta.
– Besoko morea eta txapa ipinita grebarekin bat egiten dugula adierazteko.

NORTZUK EGINGO DUGU GREBA?
Emakume*, bollera eta transak, hots, heteropatriarkatuak zapaltzen dituen subjektu anitzak. Zapalkuntza desberdinek gurutzatzen gaituzte eta horren aurrean saretze feminista ehunduko dugu.

BIZITZAK ERDIGUNERA!
Prekarietatea lan mundutik haratago doa. Emakumeok*egoera ezberdinetan bizitza prekarioak ditugu; guk guztiontzako bizitza jasangarriak nahi ditugu. Bizitza batzuk besteak baino gehiago baloratzen dira eta sistemak bizitza batzuk sobran ditu eta ez zaizkio inporta. Guztiontzako bizitza jasangarriak lortzea elkarren beharra dugula onartzetik hasten da, horregatik bizitza mantentzeko erantzukizun kolektiboa exijitzen dugu.

Emakumeok* egiten ditugun enplegu askori balio sozial eta ekonomiko gutxiago ematen zaie lanen banaketa sexualean oinarrituta. Bizitzaren erreprodukzio eta zaintzarekin loturiko lan guztiak historikoki dohainik atera zaizkio sistemari, gizon askoren mesederako eta emakumeon*, bereziki migranteon kalterako. Ongizatea eta aberastasuna bermatzeko jarduera guztiak lana dira, soldatapekoak izan edo ez. Ezin dugu ahaztu egoera erregularizatua edo ez erregularizatua edukitzeak egunerokoa erabat baldintzatzen duela. Ongizatea eta aberastasuna bermatzen dituzten ataza guztiak lana dira, soldatapekoak izan ala ez.

INDARKERIA MATXISTARIK ETA HETEROARAURIK GABEKO BIZITZA ANITZAK!
Gizarte patriarkala indarkeria matxistan eta heteroarauan gorpuzten da. Emakumeok* indarkeria matxista salatzen dugun bakoitzean, eremu publiko zein pribatuan, sinisten ez gaituen eta zalantzan jartzen gaituen justizia, lege-sistema, botere publikoekin borrokatu behar gara, besteak beste. Horren aurrean autodefentsa feminista aldarrikatzen dugu.

Euskal Herrian 2018an , 2 ume eta 9 emakume* erail dituzte. Azkenak izan daitezela exijitzen dugu.

ARRAZAKERIARIK ETA KOLONIALISMORIK GABEKO BIZITZAK!

Arrazismoak kapitalismoarekin eta patriarkatuarekin batera arrazializatutako pertsonak gutxietsi, deshumanizatu eta eskubideez desjabetzen ditu. Inor ez da ilegala. Eremu guztietan kolonialismoaren ondorioei aurre egiteko lege eta politika ez diskriminatzaileak exijitzen ditugu.
 
Osasun arreta eta hezkuntza sistemarako sarbidea erraztu, etxebizitza eskubidea babestu eta prestazio sozialak bermatu behar dira. Eskubide guztiak denontzat!
 

 

 

 

Prekarietatearen aurka Bilbon deitutako manifestazioarekin bat egin dugu

0

Otsailak 16an, 17.30ean, patronalaren sinbolo den Iberdrola dorre paretik abiatuko da Ernai gazte antolakundeak deitutako mobilizazio nazionala, "Prekarietateari ateak itxi!" leloarekin. LABek babesa erakutsi dio mobilizazioari.

Inposatu diguten eredu kapitalistak bizitzaren prekarizazioan sakontzea du helburu. Gazteek bereziki pairatzen dute egoera hau, enpleguari lotutako baldintza kaxkarrez harago, ziurgabetasuna, heldulekurik eza eta segurtasun falta nagusitu dira gure bizitzako eremu guztietan. Bi hitzetan esanda, bizirautera kondenatuta daude.

Gazteek pairatzen duten larrialdi egoeraren aurrean bizitzako alor guztietako prekarietatearekin amaitzea beharrezkoa da. Baina argi dugu, hau, borroka kolektiboa da. Ildo ezberdinetatik bultza behar diogu prekarietatearen aurkako borrokari, eta denok bat eginez. Hala, gazte erakundeak, borroka honetan ere, bide lagun izango du LAB.

Eredu honi hortzak erakusteko asmoa dugu eta gazteek hitzordua antolatu dute horretarako. Otsailak 16an, 17.30ean, patronalaren sinbolo den Iberdrola dorre paretik abiatuko da mobilizazio nazionala. Bilboko kaleak hartuko ditugu prekarietatea gelditu eta Euskal Herrian bizi nahi dugula aldarrikatzeko.

Euskal Herria eraikitzeko borrokara batzeko, Otsailaren 16an denok Bilbora!

 

 

 

Beste hamar greba egun deitu ditugu EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

2017ko azaroan sindikatuoi negoziazio-mahaitik altxatu eta mobilizazio dinamika bati ekitea beste biderik ez ziguten utzi patronalek. Hamaika bilera ondoren lan hitzarmena berritzeko asmotan sindikatu guztiok adostasunez aurkeztutako plataforma bateratuan jasotako edukiei ez baitzieten erantzunik ematen.

Urtebete luzez mobilizazio ugari gauzatu ditugu langileok, hainbat elkarretaratze eta manifestazio, hainbat kanpaina eta ekintza, eta besteak beste langileen babes zabala izan duten 17 greba egun gauzatu ditugu 2 ikasturtetan sakabanaturik. Gure mobilizazio egutegiak langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamenak landu eta ekartzeko beta eman die patronalei, baina hauek ez dute inolako akordiorako borondaterik erakutsi denbora honetan guztian.

Urtarrileko 8 greba egunen ostean, sindikatuok aldebiko bileretara deitu gintuen Kristau Eskola patronalak. Bilera hauetan ordea proposamen eta eduki serioak proposatu gabe jarraitu du, argi utziz bilera hauek deitzearen helburu bakarra sindikatuon arteko frikzioak bilatzea zela.

Eusko Jaurlaritza ere ez da gatazka honetan dagokion arduraz jokatzen ari. Bere burua zuritu eta gatazkaren irtenbidean benetako inplikazioa ekiditera bideratu ditu bere ekintza guztiak, hala nola zerbitzu minimoak igotzeko erabakia, gatazka lan sailera bideratzeko saikera edota gatazka honen atzean interes ezkuturen bat dagoela esanaz eginiko inolako oinarririk gabeko adierazpenak.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok eta langileok familien kezka eta ardura ulertzen dugu, eta geu ere erabat arduratuta gaude egoera honekin. Arduragabekeria hutsa iruditzen zaigu patronalen aldetik proposamen seriorik ez egotea, eta Jaurlaritzaren aldetik mugimendurik ez egitea. Sindikatuok akordioetara iristeko borondatea daukagu, eta prest gaude benetako negoziazio bati ekiteko, ez ordea mahaitik altxatzera eraman gintuen egoera berdinera itzultzeko, edukirik gabeko bilera kate batera.

Hau horrela izanik mobilizazio eta greba dinamika gogortu beste biderik ez digute uzten, eta 10 greba egun barneratzen dituen mobilizazio egutegia adostu dugu ikasturte amaiera bitarte: Otsailak 28an manifestazioa, martxoak 12-15 bitarte 4 greba egun, apirilak 1-4 bitarte 4 greba egun eta maiatzak 8 eta 9an bi greba egun.

 

 

 

Txalotu egiten dugu Gurutzetako Ospitalean asteburuetako lentzeria zerbitzua publiko egiteko erabakia

0
Ezkerraldea-Enkarterri-Cruces ESIko zuzendaritzak jakinarazi berri du, Gurutzetako ospitalean asteburuetan ematen diren lentzeria zerbitzuak Osakidetzako langileek egingo dituztela, orain egiten ari den Garbialdi enpresaren ordez.

Orain dela urte batzuk, eta langileen mobilizazioen ostean, bere osotasunean kontrata pribatuak egiten zuen lentzeria zerbitzuko atal bat berriro publikoa izatea lortu zen; izan ere astelehenetik ostirala bitartean Osakidetzako langile publikoak egitera pasatu ziren, eta asteburuetan kontratako langileak.

Harrezkeroztik, zerbitzu osoa publiko bihurtzeko aldarrikatu dugu behin eta berriro. Azkenean, badirudi aldarrikapena errealitate bihurtuko dela, ESIko gerentziak jakinarazi digunez.

LABek jarraituko du pribatizazioa borrokatzen eta pribatizatu diren zerbitzu guztiak berriro publikoak izateko aldarrikatzen, hauxe baita lan-baldintza duinak eta kalitatezko osasun arreta bermatzeko bide bakarra.
 

 

 

Mobilizazioak eta lanuzteak egingo ditugu Iruñerriko garraio publiko kolektiboan sinatutako akordioa salatzeko

0

Iruñerriko garraio publiko kolektiboa kudeatzen duen TCC enpresako langile batzordean gehiengoa dugun LAB, ELA, eta ATTU sindikatuok agerraldi bat egin dugu, sindikatu minoritario UGTek eta CCOOek enpresarekin sinatu duten akordioa salatzeko. Hain zuzen ere, mobilizazioak egingo ditugu villavesen zerbitzuan; lanuzteak, tartean. Aipatutako bi sindikatuek adostu duten akordioak langileak are eta gehiago prekarizatu eta saldu egiten dituela deitoratu dugu.

Iragan abenduan hauteskunde sindikalak egin ondoren, UGT eta CCOOk ordu arte zuten gehiengoa galdu zuten TCC enpresan [enpresa horrek kudeatzen du Iruñerriko garraio publiko kolektiboa], baina jarraian langileen estatututik at dagoen akordio bat sinatu zuten TCCrekin, negoziazio kolektiboa zapuztuz eta enpresak egina zuen azken proposamena goitik behera jasoz.

Enpresa Batzordean orain gehiengoa duten ELA, ATTU eta LAB sindikatuek ez dute akordio hori onartzen ez duelako hitzarmen baten mailarik eta langileriaren zati handi bati prekaritate handiagoa dakarkiolako. Hartara, TCCko Enpresa Batzordeak elkarretaratzeak eta lanuzteak deitu ditu ulertzen baitu angile guztiendako hitzarmen kolektibo bat lortzeko negoziazio mahaia irekita dagoela.

Otsailaren 12, asteartearekin, elkarretaratzeak eginen dituzte UGT eta CCOO sindikatuen egoitzaren aitzinean, 12:00etan eta 17:00etan. Otsailaren 14rako, berriz, TCCko 520 langileak 4 orduko lanuztea egitera deitu dituzte, 12:00etatik 16:00etara. Eta astebete geroago, otsailaren 21ean, bertze lau orduko lanuztea eginen dute, baina oraindik ez dute ordutegia zehaztu.

Laburbilduz, hauek dira aurreikusitako mobilizazioak:

-Otsailak 10: elkarretaratzeak, UGT eta CCOO sindikatuen egoitzen aurrean.

-Otsailak 14: lanuztea, 12:00etatik 16:00ak bitartean; elkarretaratzea, Iruñeko Merindade plazan.

-Otsailak 21: oraindik zehaztugabeko lau orduko lanuzteak.

 

 

 

Elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren eta Jaurlaritzaren politikei zilegitasuna ematea da

Urtarrilaren 15ean onartu zuen Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak elkarrizketa soziala institituzionalizatzeko dekretua eta astelehenean, otsailaren 11n, egingo da elkarrizketa sozialaren mahaiko lehen bilera. LABek ez du parterik hartuko. LABek dekretu proiektua bertan behera uztea eskatu zuen bere egunean, elkarrizketa sozialak ez dituelako lan baldintza duinak bermatzen, proiektuak berak ez duelako Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparruaren alde egiten eta dekretuak ez dituelako gehiengo sindikalak errespetatzen.

Elkarrizketa sozialak ez ditu lan baldintza eta soldata duinak bermatzeko helbururik. EAEn ezarritako elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren politikei eta Eusko Jaurlaritzaren politika publikoei zilegitasuna ematea da. Langileentzako elkarrizketa marko hutsa da.

Proiektuak ez du Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Markoa eraikitzeko helbururik, ez du bilatzen marko autonomo bat eraikitzea inolako kanpo injerentziarik gabe. Porrot egin duen Espainiako elkarrizketa sozialaren eredua inportatu dute, esparru propioa ez garatzeaz gain, Espainiako eredua ekartzen dute gurera.

Ez ditu gehiengo sindikalak errespetatzen. Gutxieneko sindikalarekin elkarrizketarako marko bat eraikitzea oinarrizko arau joko demokratikoak ez errespetatzea da. Politika mailan, pentsaezina litzateke gutxienekoak gehiengoa gailentzea; bada, hori da maila sindikalean ikusten ari garena.

Dekretuarekin aurrera jarraituta agerian geratu da EAJ eta PSEren gobernu hau zein interesen arabera eta norentzat ari den gobernatzen; patronalaren mesedetan, hain justu.
 

 

 

Emergentziak zerbitzuak bidezko lan-baldintzak eskatu ditu Eusko Legebiltzarrean

0

Hainbat sindikatuk Gasteizen egin dugu protesta, gatazkari konponbidea emango dion negoziazioa eskatzeko.

Emergentziak zerbitzuko langileak Gasteizen elkarretaratu dira, gaur goizean, Eusko Legebiltzarraren aurrean. Protesta Eusko Legebiltzarraren osoko bilera ospatzen zen bitartean egin dute.

"Emergentzietako Langileen Batzordea osatzen dugun ELA, CCOO, LAB, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuok mobilizazioekin jarraituko dugu, Osakidetzak lan-baldintzak negoziatzeko azken Mahai Sektorialaren bileran egin duen proposamena guztiz urria iruditzen zaigulako”, adierazi dugu sindikatuok.

Langileen ohiko aldarrikapenei ondorengoa gehitu dizkiogu: Arabako eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroak desegitearen eta Bizkaiko zentro bakar batean bateratzeko asmoa bertan behera uztea. Beraz, honako hauek dira Emergentziak zerbitzuko langileen aldarrikapenak:

· Arabako eta Gipuzkoako Koordinazio Zentroak bateratzeko asmoaren ukapena.

· Emergentzietako osagarri espezifikoa langile guztientzat (baseak, helikopteroa, Osasun Kontseilua, Administrazioa, tailerra, biltegia…).

· Koordinazio eta erantzukizun osagarria, koordinazio lanak egiten dituzten langile guztientzat (Erizaintza, Medikuak eta Osasun Kontseilua). Manutentzioa, ordutegia eta atsedenak.

· Aldi baterako langileentzat egonkortasuna.

· Urteko egutegiaren negoziazioa.

· Informazioa transmititzeko denboraren aitorpena (txandartekoa), jadanik egiten ari diren lanpostu guztientzako.

· Formakuntza jarraia ugaritzea, lan orduetan izanda.

· Sakabanatze geografikoa, egutegiagatik, base batetik bestera ibili behar dutenentzat.

· Helikopteroaren lanpostuaren lan-baldintzak.

· Laneko arropa egokia.

· Lanpostu funtzionalen berrikuspena eta balorazio objektiboa. Emergentzietako arriskuagatiko balorazioa kontuan hartuz.