2026-01-28
Blog Page 673

Gestamp taldeko bi enpresetako langileen borrokek bat egingo dute bihar

0

Borrokan dauden Gestamp taldeko bi enpresetako langileek bat egingo dute bihar, GTE enpresaren aurrean, Erandion. GTHn atzo hasi zuten 15 egunetako greba, gaur Bilboko SPRIren egoitzaren aurrean egin dute mobilizazioa -irudian- eta bihar GTEren egoitza aurrean elkartuko dira GTOko langileekin. GTOkoek, aldiz, 2 ordutako lanuztea egingo dute bihar txanda bakoitzean, 12:00etatik 16:00etara guztira. Bi enpresetako langileak Gestamp taldeko gainontzeko enpresetakoen baldintza berdinak nahi dituzte, eurenak okerragoak baitira antzerako lanak egiten dituzten arren.
 

 

 

Egogain helduen egoitzako langileek lan baldintza duinak aldarrikatu dituzte Eibarren

Egogain helduen egoitzako langileak kalera irten dira berriro. Eibarren mobilizatu dira, eta abian duten sinadura bilketarekin jarraitu dute lan baldintza eta arreta hobeago baten defentsan. Bihar mobilizazio gehiago egingo dituzte. 10:30ean, Informazio gunea jarriko dute Urkizun; eta elkarretaratzeak egingo dituzte Urkizun bertan, Amañan eta Egogainen, 11:45ean, 14:20ean eta 14:30ean, hurrenez hurren.
 

 

 

DIA% supermerkatuak eta TWINS-eko itxiera EEEak salatzen ditugu, Euskal Herrian ehundaka lanpostu suntsitzea ekarriko dutenak

0
Enpresa-batzordeak berehala batzea exijitzen dugu, egoerari erantzun bateratua emateko.

LAB sindikatutik Grupo Twins (DIA, SA eta Twins Alimentación S.A enpresek osatutako taldea) itxiera EEE bati ekiteko asmoa salatu nahi dugu. Aipatu espedienteak Espainiako estatuko 2100 langileri eragingo dio.

Pasa den astean, e-mail bidez eta hedabideei emandako informazio bera errepikatuz izan zuten LAB sindikatuko delegatuek enpresaren asmoen berri.

Ezaguna da enpresa honetako langileak esplotazioa eta prekarietate erabatekoan bizi direla. Urte asko daramatzagu egoera hau salatzen Bizkaia eta Gipuzkoako enpresa-batzordeetan, eta azken hilabeteetan baita kalean ere, jarraipen handiko greba deialdiekin.

LAB sindikatutik, gogor salatu nahi dugu milaka eta Euskal Herrian ehundaka lanpostu txikituko dituen basakeria hau. Enpresa bera izan da, bere politika ekonomikoarekin egoera honetara eraman gaituena, bere interes merkantilista eta internazionalak gainjarri baititu beti, eta partida horretan, langileen eskubide eta lan- eta bizi-baldintzekin jolastu du.

LAB sindikatuan EEE honek izango dituen ondorio dramatikoak baldintzatzeko ahaleginetan ari gara, eta ez dugu baztertzen mobilizaziei ekitea, kontuan izanda Euskal Herriko familia askorentzat izan dezakeen garrantzia.

Horregatik, enpresa-batzordeak berehala batzea exijitzen dugu, egoerari berehalako erantzun bateratu eta erabatekoa emateko.

 

 

 

Hegoaldeko Tren Saihesbidearen egungo proiektua gelditzea eta Ezkerraldea eta Meatzaldeko eragile guztien artean eztabaida prozesua abiatzea eskatzen dugu

Egungo proiektua berehala gelditzea exijitzen dugu eta alternatiba guztiak kontuan hartzeko eskatzen dugu, orain arte aurkeztu direnak baina baita etorkizunean aurkeztu daitezkeenak ere.

Eusko Jaurlaritzak eta Sustapen Ministerioak aurkeztutako eta bultzatutako Hegoaldeko Tren Saihesbidearen proiektuak eragin ekonomiko, sozial eta natural larriak ditu; horregatik, hain zuzen ere, gure gaitzespena adierazi nahi diogu. Eragin ekonomiko larriak ditu 454 milioi euroko kostea izango duelako bere lehenengo fasean, diru kantitate hori seguruenik handiagoa izango delarik proiektuak aurrera egiten duen heinean. Eragin natural larriak ditu, Barakaldoko natur gune garrantzitsuenak, Gorostiza/El Regato eta Zubileta/Kastrexana, kaltetuak ikusiko direlako, baita Ezkerraldea eta Meatzaldeko beste hainbat landa eremu; eta azkenik, eragin sozial larriak ditu, proiektuak ez dituelako Ezkerraldeak eta Meatzaldeak dituzten beharrak asetzen eta ez diolako bizi duten larrialdi egoerari aterabiderik eskaintzen.. Eskualde hauek desindustrializazio prozesu larria bizi dute, langabezia tasa handiak eta aktibitate ekonomiko eza direlarik horren adierazpen nagusiak. Hau guztia alde batera utzita ere, Eusko Jaurlaritzak eskainitako erabilpen datuak ikusirik, proiektua gaur egun planteatuta dagoen bezala, honekin aurrera jarraitzeak ez du justifikaziorik.

Horregatik guztiagatik, egungo proiektua gelditzea eskatzen dugu eta Ezkerraldea eta Meatzaldeko eragile guztien artean eztabaida prozesu bat abiatzea, horien artean, agente sozio sindikalak. Alternatiba guztiek aukera berdinak izan behar dituzte herritarren aurrean azalduak eta defendatuak izateko, baita eragile inplikatu guztien artean eztabaidatuak izateko ere. Gainera, ezinbestekotzat jotzen dugu herri bezala makroproiektuan inguruko eztabaida integral bat ematea. Horrelako proiektuek, lehen aipaturiko ikuspuntu ekonomiko, sozial eta naturalak kontuan hartzen baditugu, Euskal Herria jasangarria ez den egoera batera eramaten ari dira.

Azpiegituren arloan egingo litzateek edozein proiektuk, izan trenbidea edo bestelakoa, besteak beste elementu hauek barnebildu beharko lituzke:

• Suspertze ekonomikoa bultzatuko duen plan integral baten parte izatea. Ezkerraldea eta Meatzaldeko industriaren etorkizuna kontuan hartu beharko luke (adibidez, egun mahai gainean dagoen proiektuak ez du ACBrekin inongo konexiorik planteatzen, enpresa honen merkantziek trenez garraiatzen diren %25a suposatzen dutenean) baita garapenerako eredu integrala ere. Gainera, enplegu publikoak eta babes sozialeko neurri bereziak plan integral honen parte izan beharko lirateke.

• Kontuan hartzea hirigintzan eta ingurumenean izango lituzkeen eraginak. Bizigarriak izango diren herriak, auzoak eta hiriak behar ditugu. Ezkerraldea eta Meatzaldeako ingurumena eta hirigintza errespetatzea eta hobetzea ezinbesteko baldintza da, baita eskualde horietako langileon bizi baldintzak hobetzea.

• Kalitatezko garraio publiko eta komunitarioak bultzatzea. Bilbo Metropolitarreko garraio publikoak berritu eta indartu behar dira, mugikortasunean aurrerapausoak eman ahal izateko. Horregatik, gaur egun martxan dauden tren sareek inbertsioa eta hain aldeko apustu erabakigarriak behar dituzte.

HTSaren gaur egungo proiektuak aurretik aipaturiko baldintzak betetzen ez dituela uste dugu; gainera, ez da Ezkerraldea eta Meatzaldeako herritarrekin eta agente sozio sindikalekin kontatu. Horregatik, LAB sindikatuak gaur egungo proiektua berehala gelditzea exijitzen du eta alternatiba guztiak kontuan hartzeko eskatzen du, orain arte aurkeztu direnak baina baita etorkizunean aurkeztu daitezkeenak ere. Edozein kasutan, langileon beharrizan sozialak, eskualdeetako etorkizun ekonomikoa, ingurune naturalal eta hiriguneak kontuan hartzea edozein proiektu egikaritzeko baldintzak izan behar dira.
 

 

 

Erregimena kalean zein hautesontzietan garaitzea da gakoa, burujabetzan eta aldaketa sozialean sakontzeko Nafarroan


Azken asteotako Nafarroako gertakarien aurrean, LAB sindikatuak agerraldi bat egin du Iruñean, aldaketaren eta egoera soziopolitikoaren inguruan. Hain zuzen ere, sindikatuak, herritar eta eragile ugarik bezala, kezkaz dakusa azken asteotan Nafarroan sortutako testuinguru nahasia. Beharrezkoa da energia, ilusio eta determinazioa berreskuratzea, aurrean dugun erronkari eusteko: Erregimena garaitzea, hala kalean nola hautesontzietan, burujabetza eta aldaketa sozialean aurrera egiteko.  


Nafarroan aldaketa instituzionala eman zenetik, LAB sindikatuak borrokan jarraitzeko beharra aldarrikatu du behin eta berriz, duela lau urteko aldaketa instituzionala sakoneko aldaketa sozial eta politikoan gauzatu zedin. Gure kontrabotere sindikal posiziotik, dialektika eraikitzaile bat garatu dugu, norabide bikoitzean aurrera egiteko asmoz: langileriaren lan eta bizi baldintzen hobekuntza; eta Nafarroaren erabateko demokratizazioa, nafar herritarrok dagozkigun gai guztien inguruan erabaki ahal izan dezagun. Ildo honetan, adierazpen bat osatu dugu, eta gaurko agerraldian eman dugu ezagutzera, gure posizioa adierazteko. 

LABeko idazkari nagusiaren ondoko Igor Arroyok eta LABeko Nafarroako bozeramaile Imanol Karrerak irakurri dute adierazpena; haien ondoan egon dira Zerbitzu Publiko, Zerbitzu Pribatu eta Industriako federazioen arduradunak eta Sakana-Mendialdea eta Erdialde-Erriberako eskualdeetako arduradunak.

 

 

 

Elkarrizketa sozialaren izaera antidemokratikoa salatu dugu Lakuan bertan, mahaiaren lehen bileraren aurretik

Delako elkarrizketa sozialaren mahaiko lehen bilera egin aurretik, LABeko 30 kide inguruk protesta-ekintza egin dute Eusko Jauralritzaren egoitza nagusian bertan, Gasteizen, mahaiaren izaera antidemokratikoa eta bere helburuak salatuz, langileak prekarizatu eta pobretzea ahalbidetzen duelako. Urkulluren politikak eta Confebasken planak onesteko espazioa da horrelako elkarrizketa sozialeko mahaia.

“Langileoi iruzurrik ez, demokrazia” lelopean egin dugu protesta Lakuan. Xabier Ugartemendia ekintza sindikala eta negoziazio kolektiboko idazkariak honakoa adierazi du: “Mahai negoziatzaile hau iruzur hutsa da. Lehenik eta behin, ez duelako langileen egoera kontutan hartzen. Eta bigarrenik, ez duelako ezer egin nahi langileen baldintzak hobetzeko. Mahai honek beste helburu bi ditu, zehatzak, Confebasken planak garatzen jarraitzearena, lan-zentroetan prekarietatea hedatzen jarraitzearena eta Urkulluren politika neoliberalak zuritzea. Hori gutxi balitz esan beharra dago mahai antidemokratikoa dela, ez duelako kontutan hartzen langileek ordezkaritza sindikala. Gehiengo sindikala baztertu egiten gaituzte eta gutxiengo sindikalarekin lortu nahi dituzte adostasunak. Eta hau zergatik? Gutxiengo sindikala osatzen duten sindikatuek sindikalismo otzana praktikatzen dutelako eta askoz errazagoa delako hauekin akordioak lortzea prekarietatea zabaltzen jarraitzeko eta politika neoliberalak zuritzeko”.

LABek protesta egin du Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusian bertan, mahai horrek lan baldintzak eta soldata duinak bermatzeko helbururik ez duela agerian uzteko. Izan ere, EAEn ezarritako elkarrizketa sozialaren helburua patronalaren politikei eta Eusko Jaurlaritzaren politika publikoei zilegitasuna ematea da, gehiengo sindikalei muzin eginez.

Eusko Jaurlaritzak, Confebask-ek, CCOOek eta UGTk delako elkarrizketa sozialaren lehen bilera izan dute Gasteizen, joan den urtarrilean Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Kontseiluak elkarrizketa soziala instituzionalizatzeko dekretua onartu eta gero. Bada, bileraren ordu berean, LABek Eusko Jaurlaritzaren egoitza nagusira bertara eraman ditu bere aldarrikapenak eta agerian utzi du, berriro ere, mahai horrek patronalaren eta Eusko Jaurlaritzaren politikei zilegitasuna emateko baizik ez duela balio. Lakuan egindako protestan, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu dugu.

 

 

 

Administrarien Taldeak, lanpostuen balorazioan euren aldarrikapenak kontutan hartzea eskatu dio Donostiako Udalari

Aldarrikapen justu baten alde borrokan ari da Donostiako Udaleko Administrarien Taldea. Bi urte daramatzate mobilizazioak egiten Udaleko Gobernu Taldearen inongo interesik piztu gabe eta harremanik izan gabe.

Une honetan, lanpostuen balorazio prozesua aurrera doa. Prozesu honetan euren aldarrikapenak aztertzea eskatu dute. Talde feminizatua dira eta horrek, bere sorreran, lanpostu horri zegokion a baino maila txikiago ematea ekarri zuen, eta euren lansarien berrazterketan eragina euren kalterako izan du. Egoera bideratu ez denez, mobilizazioekin aurrera egingo dutela adierazi dute.

Euren lan baldintzak erabakitzen diren foroetan jarriko dute euren ahalegina, Balorazio Batzordean eta Udalbatzan, besteak beste. Balorazio batzordean euren soldataren baldintzak markatuko dira eta Udalbatzan, hauek onartu edo ukatuko dituzten arduradunak bilduko dira.

Udal Gobernuko taldeetako ordezkariekin egin dituzten bileretan, gutxiespen sentsazioarekin atera dira eta ez dute inongo enpatiarik ikusi.

Ez dute euren aldarrikapenetan etsiko. Mobilizazioak, aproposak diren egoera eta lekuetan egingo dituzte euren presioa sendoagoa izan dadin.  

 

 

Arabako metalgintzako arazo nagusiei erantzun behar zaiela aldarrikatu dugu

0

Gaur, otsailak 11, Arabako Metalgintzako Mahai Negoziatzailea batzartu da eta sindikatuok SEAren proposamena baloratu dugu. LABen ustez, proposamen horrek ez die inolaz ere erantzuten sektorearen arazo nagusiei. Honen aurrean, gure proposamena berresteaz gain, mobilizazioekin hasiko gara. Otsailaren 13an egingo dugu lehena, Gasteizen, SEAren egoitzaraino.

Gaurko bileran sindikatuok SEAk hitzarmenerako proposamenaren balorazioa egin dugu. Sindikatu guztion adostasuna erabatekoa izan da proposamena baztertzeko, arrazoi desberdinak direla kausa. LABen ustez, prekarietatea iraunkortzea bilatzen du eta ez die inolaz ere erantzuten Arabako Metalak dituen arazo nagusiei:

– Soldata baxuak eta lanaldi altua.
– Azpikontratazioa.
– Aldi bateko kontratazioa.
– Emakumeen diskriminazioa
– Osasun eta segurtasun falta lanean.
– Lan erreforma eta estatalizazioa.

Bileran zehar, SEAk argi utzi du gai batzuetan ez dela inondik inora mugituko, lanaldian adibidez, eta horrek enplegua sortzea eta bizitza pertsonalarekin kontziliatzea oztopatzen ditu. Horretaz gain, SEAk ez du konpromiso argirik hartu nahi metalgintzako enpresetan emakumeen kontrako diskriminazio egoerak aztertzeko eta ezabatzeko. LABen ustez, bereziki larria da gaur egun gai honetan hitz hutsaletan gelditzea eta konpromisorik ez hartzea.

Beraz, LABek Arabako metalgintzaren arazoei erantzungo dien hitzarmenak aldarrikatzen ditu, bai sektore mailan baita enpresetan ere, eta horretarako, mobilizazio bat burutuko du asteazkenean, otsailaren 13an, goizeko 12:00etan Aldabe Gizarte Etxetik SEAren egoitzaraino, “Arabako metalgintzan, hitzarmen duinak” lelopean.
 

 

 

Grebari ekin diote Gestamp-GTH-n hitzarmen duinaren alde

0

Zamudioko Parke Teknologikoan kokatuta dagoen Gestamp-GTHko langileek 15 egunetako greba hasi dute gaur, hitzarmen duinaren alde. Jarraipena oso zabal izan da, %100ekoa tailerrean eta %85ekoa injeniaritzan.

Iazko irailean hasi zuten hitzarmen kolektiboaren negoziazioa eta bi hilabetez inolako aurrerapenik lortu gabe egon ondoren, langileen asanbladak erabaki zuen lantegiko eta doikuntzak egiteko ordu guztiak gelditzea eta azkenik, lanuzte partzialak deitu ziren abenduan urtarrileko lehen asterako.

Enpresarekin zenbait bilera egin ondoren eta honek mugimendurik egiten ez zuela ikusita, 15 egunetako grebari ekitea erabaki zuen asanbladak. Gaur hasi da greba.

GTHk 150 langile baino gehiago du Zamudioko Parke Teknologikoan kokatutako bere lantegian. Estatuko lantegi bakarra da estanpazio beroa erabiliz trokelak egiten dituena.

2011an sortu zen enpresa 20 langile ingururekin eta zortzi urtean modu itzelean hasi da. Enpresa-itun baten bidez arautu dira langileen lan-baldintzak, iazko abenduaren 31n amaitu zena.

Gestamp taldeak beste 5 lantegi ditu Bizkaiako, estanpazioko trokelak egiten dituena hotzean, lantegi haueti zerbitzuak ematen dizkien azpikontrata bat eta Abadiñon duen estanpaziorako lantegia.

Aipatu beharrekoa da GTH-ko langileen lan-baldintzak beste lantegiek dituztenetatik oso behera daudela. Horregatik ari dira borrokan GTH-ko langileak, hitzarmen duinaren alde.

Pasa den astean, Eusko Jaurlaritzak lau urtetarako lankidetza-hitzarmena sinatu zuen Gestamp taldearekin, automobilgintza sektorearen lehiakortasuna handitzera zuzendutakoa. EAEn automobilgintzak duen garrantzia estrategikoa ikusita, Eusko Jaurlaritzak uste du I+G+B-ko proiektuen garapenerako lankidetza hitzarmen hau euskal enpresen hobekuntza konpetitiborako hobea izango dela, azken batean, aberastasun ekonomiko eta soziala sortzen lagunduko duela.

Ezin da onartu Gestamp bezalako goi-mailako talde baten, Eusko Jaurlaritzaren babesa duena gainera, lehen eta bigarren mailako langileak egoterik. Gestamp-en lehiakortasuna ezin da oinarritu langileek kolektibo zehatz bat prekaritzatzean. Milioitako irabaziak eskuratu eta dibidenduak banatzen dituen enpresa batek pertsonetan ere inbertitu beharko luke, eta Eusko Jaurlaritzak lan egin beharko luke hau horrela izan dadin.