2025-07-09
HomeNazioartea IdazkaritzaElkartasuna"Iraultzaren subjektu historiko gisa, Venezuelako langile klaseak bere ardura hartu eta eredu...

“Iraultzaren subjektu historiko gisa, Venezuelako langile klaseak bere ardura hartu eta eredu berriaren eraikuntzan aurrera egin behar du”

Jacobo Torres de Leon sindikalista (Caracas, 1963) Central Bolivariana Socialista de Trabajadores (CBST) erakundeko nazioarteko koordinatzailea da, besteak beste. Venezuelako egoerari buruz eta sindikalismoaren paperaren inguruan hitz egin dugu harekin. Hona hemen elkarrizketaren laburpen bat (osorik, gazteleraz).

Nola dago egoera Venezuelan?
Egoera oso konplexua da- Egoera hau ez zen Nicolas Maduro presidentearekin hasi, gure komandante goren Hugo Chavezen hauteskunde garaipenarekin hasi zen, 1998an.

Chavezen lanaren ostean areagotu da egoera. Izan ere, Chavezen hutsunearekin, eta Nicolas Maduroren lidertza berriarekin, eskuinak pentsatu du zilegia den gobernu bat bertan behera utzi ahal zuela ezegonkortasuna sustatzeko estrategia batekin; gerra ekonomikoa, Estatu Batuetako blokeoa eta konspirazioaren bitartez, hain zuzen ere.

Konfrontazio urte hauetan guztietan, Venezuelako herriak eta, bereziki, langile klaseak kontzientzia eta ausardia erakutsi dute momentu bakoitzean azaltzen ziren arazoak gainditzeko.

Esku hartze eta kanpo injerentziari buruz hitz egiten dugun bakoitzean, esku hartze militarra etortzen zaigu burura. Hala ere, Venezuelaren aurkako erasoa askoz zabalagoa da.
Munduan zerbait aldatu bada, ezegonkortasuna eragiteko eta erasoak egiteko metodoak dira. Gure kasuan, aipatu bezala, hainbat modu baliatu dituzte: blokeo lotsagarri batetik hasita, ekonomia urratzeko zigor desberdinekin lagunduta (Kubarekin gertatu bezala, 1962. urteaz geroztik); gerra ekonomikotik pasata, elikagaiak merkatutik desagerraraziz eta prezioen igoera kontrolaezina sustatuz, herritarren artean haserrea eragiteko (Allenderen Chilen egin bezala); intentsitate baxuko gatazkak sortzera arte, eragile faxisten laguntzarekin, hiri nagusietan indarkeria guneak sortuz eta Indar Armatu Bolivarianoaren aldartea urratzeko ahaleginak bultzatuz (Nikaraguan egin bezala, 1980. urteko hamarkadan).

Orain, Siria gisako esperimentu batekin, sasi gobernu titere bat sortu du inperioak, oposizioaren bitartez, Venezuelaren aurkako esku hartze zuzen bati zilegitasuna eman nahian munduaren begietara.

Venezuelak bizi duen egoera larriaren aurrean, zer egin dezakegu nazioartetik?
Elkartasuna garrantsitzua izaten ari da gatazka honetan. Gure herriaren aurkako eraso zuzenago bat saihestu dute herri mobilizazioek, eraso inperialisten aurkako ekintza iraunkorrek eta Nicolas Maduro eta haren gobernu zilegiari emandako erabateko aitortzak. Gure borroken arteko elkartasunean eta ekintza bateratuan sinesten dut erabat, eta uste dut, kapitalismoak bere egiturazko krisian sakontzen duen bitartean, gure artean batu behar garela Venezuelako bezalako prozesuen defentsan, herrien arteko erantzunetan sakonduz.

Zein da sindikalismoaren papera prozesu Bolivarianoaren aurrean, hots, herrialdearen eraldaketa politiko eta soziala helburu duen gobernu nazional batek bultzatutako prozesu baten aurrean?
Boterera iristi ginenetik, sindikalismo desberdin bat eraikitzeko lanean gaude. Etapa honetan, langile klaseak eta bere zuzendaritzak ekonomia arloa baino harago joan behar du; jendartearen benetako indar eraldatzaile bilakatu behar dute. Nicolas Madurok eztabaida ireki du eredua eraldatzeko premiaren inguruan, eta erronka bat jarri digu: langile klaseak erabakitzea sozialismoaren kudeaketa eredu eta oinarri berriak.

Agortuta dagoen eredu baten aurrean, non kapitalismoa, teknoburokrazia eta rentismoa nagusi diren, eredu produktibo, kolektibo eta sozialista bat eraiki behar da. Horretan, iraultzaren subjektu historiko gisa, Venezuelako langile klaseak bere ardura hartu eta eredu berriaren premiazko eraikuntzan aurrera egin behar du.

Nola ikusten duzu Venezuela etorkizunean? Zer egin dezakegu sindikalismotik inperialismoaren erasoak gelditzeko?
Goiz baino beranduago, zalantzarik gabe, Venezuela garaile irtengo da egoera honetatik, aberriaren etsaien aurrean. Hala, gure herriaren onerako, Nicolas Madurok esan bezala, marko berrian aurrera egingo dugu ekonomikoki, arazoak arazo, arriskuak arrisku, baina irabaziko dugula jakinda.

Guretzat, sindikalismoak paper garrantzitsu bat jokatzen du gizaterian. Integrazio eta batasun forma gorenetara jo behar dugu, bizitzaren aldeko nazioarteko brigadak antolatuta, esaterako, Venezuelakoaren gisako prozesuen defentsan, gizateriaren aldeko borroka gauzatzen ari garelako eta herri guztien burujabetza ahaleginak babestea ezinbestekoa delako.

Bide berrietara goaz. Elkarrekin egin dezagun bidea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

CAFeko hainbat enpresa batzordek Israelekin harreman komertzialak amaitzeko eskatu diote zuzendaritzari

CAF Beasain, CAF Irun, CAF Power & Automation, Trenasa, CAF signalling Amorebieta, CAF TE Tailerrak eta Rail Line y Geminys enpresetako batzordeekherri palestinarrarekiko elkartasuna berretsi dute, eta nazioarteko legeria errespetatzeko, giza eskubideak ez urratzeko eta Israelekin harreman komertzialak eteteko eskatu diote zuzendaritzari. LABek guztiz babesten du enpresa batzorde hauen iniziatiba.

Banketxeei eta eraikuntza enpresei diru publikoz laguntzea etxebizitza politika okerra dela salatu du LABek

Gaur, EAJren iniziatibaz, etxebizitzak erosteko abalen lerroa onartzekoa da Eusko Jaurlaritza. LABek dekretua bertan behera uzteko alegazioak egin dizkio, 2015eko Etxebizitza Legea urratzen duela...

Loiuko FCC Aqualiako langileek aurreakordio historikoa lortu dute 30 eguneko grebaren ostean

Uztailaren 4an, 30 eguneko greba mugagabearen ostean, FCC Aqualia enpresarekin aurreakordio bat lortu zuten Loiuko ur-zerbitzuko langileek. Aurreakordio horren bidez, urteetako desorekak amaitu eta...