2026-02-23
Blog Page 666

Presoen eskubideen defentsan mobilizatu gara gaur Bilbon, eta, bihar, larriki gaixo daudenen alde irtengo gara kalera

Urte hasieratik hilabeteko hirugarren ostiraletan egiten ari garen moduan, LAB, ELA, UGT, ESK, STEILAS, CGT/LKN, CNT, EHNE, HIRU eta ETXALDE sindikatuok elkarretaratze bat egin dugu Bilbon, plaza Eliptikoan, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaren aurrean, “Konponbide garaia da. Orain presoak” leloarekin. Dinamika honen berri joan den abenduaren 20an eman genuen komunikabideen aurrean. Bestalde, LAB sindikatuak bat egingo du bihar, Bilbon ere, larriki gaixo dauden presoen askatasuna eskatzeko mobilizazioarekin. Bilboko zubiak zeharkatuko ditu mobilizazioak, 12:00etatik aurrera.

 

 

 

BBVAren irabaziak odolez zikinduta daudela salatu dugu

0

Gaur goizean, BBVAren kontrako Plataformako eta EHk Kapitalari Planto! Kanpainaren aktibista talde batek akzio bat burutu du Euskalduna Jauregian, BBVAren Akziodunen Batzarra ospatzen ari zela. Bankuak irabaziak lortzeko garatzen dituen zenbait jarduera salatzea eta euskal erakundeen eskutik jasotzen duen mesede tratua salatzea izan da ekintza honen helburua. Protesta-akzio hau jada ohikoa da, urtero burutzen baita 2008ko batzarrean lehendabiziz egin zenetik. LAB, beste eragile batzuekin batera, EHk Kapitalari Planto! Kanpainaren parte da.

BBVAren irabaziak odolez zikinduta daudela sinbolizatzeko, zenbait ekintzailek pintura gorria jaurti dute buru gainetik batzarraren sarreran. Pintura horrek banku honen jarduera askok pertsona eta kolektibo ugariren gain eragiten dituzten ondorio latzak irudikatu nahi ditu.

Bi plataformen bozeramaileek duela hamabi urte BBVAren Akziodunen Batzarraren aurrean protestatzen hasteko arrazoiak erabat indarrean jarraitzen dutela adierazi dute. Arrazoi hauen artean, hurrengoak:

• BBVA liderra da Espainiako bankuen artean armagintza-industriarekiko inbertsioetan. Azken 5 urteetan,  2.678 milioi bideratu ditu hainbat enpresa finantzatzeko, Maxam, General Dynamics, Airbus edo Boeing, kasu. Enpresa hauek guda desberdinetan erabiliak diren zenbait arma mota desberdin egiten dituzte, munduan zehar milioika pertsonen heriotza eta derrigorrezko lekualdaketa eraginez.

• Nahiz eta banku-erreskatetik 13.000 milioi euro baino gehiago eskuratu dituen, erakunde honek urtero ehundaka etxegabetze exekutatzen jarraitzen du, praktika honen geldiketa iragarri badu ere.

• Pentsioen pribatizazioan sakontzeko presioa eragiten duen banku-lobbyaren parte da, pertsona jubilatuen erabateko gehiengoa gaur egun babesten duen eredu publikoaren kalterako.

• Banku honek ingurugiro zein gizarte-inpaktu larriak eragiten dituzten makroproiektuak finantzatzen jarraitzen du mundu osoan zehar. Hauen artean honakoak aipa ditzakegu: Hidroituango megaproiektua Kolonbian, 13.000 pertsona lekualdatu dituena eta presaren aurka ziharduten 7 aktibisten hilketa suposatu duena; eta Isiluko presaren eraikuntza, Kurdistan turkiarrean kokatzen dena, eta inguruko bizilagunak kaltzetzen dituzten ingurugiro, gizarte eta kultur inpaktu larriak eragiten ari dena.

Banketxearen irabazien iturri diren jarduera kaltegarriez gain, ekintzaileek Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dioten mesede tratua salatu nahi izan dute, baita ere, sozietate-zergaren beherapenaren bitartez edota bankuarentzat mesedegarri diren akordien sinaketaren bitartez (hainbat urtez erabilpenik gabe dagoen Bilboko "BBVA dorrea"-ren erreskatea kasu, funts publikoen bitartez bideratutakoa).

 

 

 

[IRITZIA] “Hezkuntza SOS”

0
LAB Irakaskuntzako kide Maider Izagirrek, Aitor Nuñezek eta Ibai Redondok euskal eskola publiko komunitarioaren aldeko apustuari buruz idatzi dute. "Euskal Herriko Hezkuntza Komunitatearen gehiengoak desiratzen duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko ezinbestekoa zaigu guk gure hezkuntzaren inguruko erabakiak hartzea, hezkuntzan ere burujabetza eskuratzea", iritzi dute.

Ikasle guztiei aukera-berdintasuna bermatzea, euskara eta euskal kulturaren transmisioa, hezkidetza, berrikuntza pedagogikoa, laikotasuna, doakotasuna eta eredu publiko indartsua sustatzea Hezkuntza Komunitateak bere egiten dituen oinarriak dira, besteak beste. Oinarri horien aldeko lan handia egin da gure herrian, aurrerapauso nabarmenak egin ditugu, baina azken urteotan nahi eta ezin ari gara. Paulo Freire pedagogoak esan zigun: «Inuxenteak ginateke pentsatuko bagenu klase dominatzaileak zapalduen mesedetarako hezkuntza antolatuko duela».

Baina ez gara inuxenteak, eta begi aurrean duguna ikusten dugu, estatuak zentralizazio prozesua indartu eta hezkuntza publikoa murrizten saiatzen ari dira. Gero eta gehiago dira (eta izango dira) atzerritik Euskal Herrira etorriko diren haur eta nerabeak, administrazioen utzikeriaren aurrean, segregazioa indartu egin da eta ghettoak sendotzen ari dira, ez dago etorri berriak diren ikasleen inklusioa lortzeko inolako planik; euskararen kalitatean eta erabileran atzeraka ari garela erakusten dute azken urteotako ikerketek; Euskal Herrian erabiltzen diren testuliburuen %80 atzerrian ekoitziak dira, eta Espainiako eta Frantziako curriculumak inposatzen zaizkigu; sexu bidezko banaketa eta erlijio irakasgaiaren derrigortasuna (publikoan) legez bermatu berri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak; berrikuntza pedagogikoa oztopatzen dute selektibitatea eta baxoa ikur duten azterketa-kalifikazioan oinarritutako ebaluazioek…

Zer egin?

LABek, urtebeteko hausnarketaren ondoren, euskal eskola publiko komunitarioa nolakoa izan behar den definitzeaz gain, berau lortzeko bidea proposatu die hezkuntza komunitateko eragile guztiei. Euskal Herriko Hezkuntza Komunitatearen gehiengoak desiratzen duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko ezinbestekoa zaigu guk gure hezkuntzaren inguruko erabakiak hartzea, hezkuntzan ere burujabetza eskuratzea. Ezinezkoa da Euskal Herriak behar duen euskal eskola publikoa eraikitzea Madril eta Parisek hezkuntzaren inguruan erabakitzea onartzen badugu, are eta gutxiago jakinda bi estatuen jarrera zentralista-jakobinoa izateaz gain erabat neoliberala dela. Espainiak ez du eskola publikoa indartu nahi bere lurraldean, are eta gutxiago euskal eskola publikoa. Entzun besterik ez dago Madrilen esaten direnak, ditugun hezkuntza eskumen apurrak ere lapurtu nahi dizkigute: «Hezkuntzako eskuduntzak zentralizatzera goaz», dio Espaniako eskumak. Gehiago?

Euskal eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatz bilakatu nahi dugunok estrategia berria jarri behar dugu mahai gainean: hausnarketa, adostasuna, elkarlana, auzolana, konfluentzia, ilusioa, indarra, batasuna… Herri honek bere onena jarri beharra dauka euskal hezkuntza sistema propioa lortzeko eta bertan euskal eskola publikoa ardatz izan dadin. LABetik proposamena egin dugu, gainontzeko eragileen proposamenak ezagutu, elkarrekin hausnartu eta adostasunetara iristeko irrikaz gaude.

LABen proposamenak euskal eskola publiko komunitarioa du izena. Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntzak publikoa izan behar duelako. Espainia eta Frantziako publikotasun ereduak ez dira munduan inorentzat eredu, guretzat zergatik? Proposatzen dugu Estonia edo Finlandia gisako hezkuntza ereduetatik ikastea; hamarkadetan pilatutako esperientzia eta proiektuak balioan jartzea eta gurea egitea. Euskal administrazioen legeen araberako publikotasuna eta hezkuntza komunitateak botere askoz handiagoa izango duen hezkuntza eskuratzea. Ez gara utopiaz hitz egiten ari; EAEko estatus berriaren proposamenean jasotzen den «hezkuntza konpetentzia esklusiboak» Euskal Herri osora hedatzeaz hitz egiten ari gara. Dozenaka eskola eta ikastolatan egiten ari garena sistema osora zabaltzeko lege babesaz eta herri prozesuaz. Prozesua posible da, baina, horretarako, elkarlana eta akordioak beharrezkoak dira. Bi estaturen aurrean, bulkada pribatizatzaile eta zentralistaren aurrean bakoitza berera eta elkarri mokoka ari bagara jai dugu, hezkuntzako egoera kaxkarra are eta okerragoa izango da.

Proposatzen dugun euskal eskola publiko komunitarioan lekua izan behar dute hasieran aipatutako ikuspegia duten eskola eta proiektu guztiek. Epe ertainean Euskal Herriko eskola publikoak eta ikuspegi komunitarioa duten Ikastola zein eskola libreak norabide honetan jartzeko apustua egiten dugu. Hau da, %50 publiko %50 pribatu-kontzertatu dikotomia apurtu eta euskal eskola publiko komunitariorako trantsizioa, konfluentzia egiteko apustua egiten dugu. Ezin dugu zatituta jarraitu, ezin ditugu lehian eta konfrontazioan jarri antzekoak diren herri proiektuak, deitu ikastola edo deitu eskola publiko, biek galtzen dutelako. Herri honetan, tradizio komunitario handia dago, elkarlanerako eta auzolanerako ohitura handia; tradizio hori berritu eta hezkuntzara eraman behar dugu, edo estatu zentralista neoliberalek txikitu egingo gaituzte, «euskal» ikuspegitik eta «publikoaren» ikuspegitik.
 

 

 

Poztekoa da Darponen dimisioa, baina berandu dator

0
Darpon sailburuak ez zuen, gaur egun, inolako sinesgarritasunik, eta ustela izan den EPE prozesu baten azken arduraduna den heinean, ezin zen denbora luzeagoan geratu bere karguan. Horregatik poztekoa da bere dimisioaren berria, baina egia da, urrats hori aspaldi eman behar izan zela.

EPEen filtrazioen eskandalua azaleratu zenetik, Darponek jokaturiko papera onartezina izan da. Gertatzen ari zena bururaino ikertu beharrean, sailburua egoera estaltzen aritu da, irregulartasun larriei garrantzia kendu nahian, salaketak egiten genituenok irainduz eta behin eta berriro gezurrean arituz begi bistakoa zena ezeztatzeko asmoarekin.

LAB sindikatua ikerketa eta salaketa hauen motoreetako bat izan da, eta Darponek ez digu hori barkatu. Lehenengo momentuan gure txostenak eta salaketak ezeztatzen, eta gero, LAB sindikatuaren ordezkaritza bera ere zalantzan jartzen.

Esan behar dugu Darponen jarrera oldarkor hori ez dela atzo goizekoa. Kargua hartu zuenetik, jo eta ke aritu da konfrontaziozko sindikalismoaren kontra eta Osakidetzako langileon aldarrikapenen aurka, beti ere modu zakarrean. Eraso horien jomugan LAB egon da askotan.

Darpon negoziatzeko borondaterik ezaren eta inposaketaren ikurra izan da urte hauetan guztietan; murrizketaz beterik etorri diren urteak eta Osakidetzako langileon lan-baldintza guztiz kaskartu egin dituztenak. Negoziazio falta horrek mobilizatzera behartu gaitu, eta epaitegietara jotzera ere. Egunotan ikusi dugu epaitegiek, berriro ere jo dutela Osakidetzaren kontra eta langileoi arrazoia eman digutela garapen profesionalarekin.

Hala ere, Osakidetzan ikusi ahal izan dugu Darponek eta EAJ-k estali nahi duten egoera: EAE ez dela inondik inora ustelkeriarik gabeko “oasia”, kontrakoa baizik. Gero eta argiago dago gure lurretan ere ustelkeria sareak ondo errotuta daudela. Osakidetza, EAEko enpresarik handiena eta osasun zerbitzua eskaintzen duena, ez da salbuespena: EPE filtrazioak, Marguello auzia, eta etorriko diren beste batzuk…

Darponen dimisioaren berria ona bada ere, argi daukagu izenaren aldaketak ez duela norabide aldaketa bermatzen. Sailburua edozein izanda ere, errotik aldatu behar dena da politika eta arlo publikoaren kudeaketa egiteko moldeak. Osakidetza eta zerbitzu publikoa ez dira inoren kortijoa edo batzokia.
 

 

 

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan, negoziaketara irekita eta edukietan sakontzeko prest gaudela berresten dugu

Langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez, gatazkari irtenbide egoki bat emateko erantzukizuna, giltza eta aukera patronal eta hezkuntza sailak dute.

Azken bi ikasturtetan sektorean gauzatu den 20. greba eguna da gaurkoa, eta aurreko greba egunekin gertatu den bezala, gaur ere, izan duen babesa oso zabala izan da.

Sektore honetako langileok 10 urte daramatzagu gure lan hitzarmena berritu gabe, 10 urte soldata izoztuta, gure lan kargak gero eta handiagoak dira, eta jaiotze tasaren jaitsiera medio lanpostu galera garrantzitsu bat aurreikusten da datozen urteetarako. Langile kidego batzuk (hezkuntza-laguntzako espezialistak eta haur-hezkuntzako lehen zikloko langileak), feminizatuenak direnak, lan baldintza erabat prekarioak dituzte, DBH eta 2-DBHko irakasleak parekatzea egiteke dago oraindik; eta beharrezkoa da, halaber, Lanbide Heziketa gehiago arautzea.

Azken egunotan zenbait guraso taldek esandakoaren kontra, greba hauen helburuak argiak eta aski ezagunak dira, eta ez dute itunpeko sarea kaltetzeko edo bestelako asmo ezkuturik. Sektore honetako langileen lan balditzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu helburu bakarra, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskeintzen den eta gure ikasleek jasotzen duten hezkuntza kalitatean ere eragin zuzena dutela agerikoa baita.
Sindikatuok negoziaketara erabat irekita gaude, eta edukietan sakontzeko prest, eta hala adierazi diegu berriro ere urtarrileko greba egunen ostean sindikatuok bai patronalarekin eta bai hezkuntza sailarekin izan ditugun bileretan.

Patronalak akordio puntuak non dauden badaki, eta hezkuntza sailak ezin du beste aldera begiratzen jarraitu. Bidezkoak izateaz gain, sindikatu guztiok adostutako plataforma bateratuan jasotzen diren langileen eskaerak oso oinarrizkoak dira, eta oinarrizko eskaera hauei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbide egoki bat emateko ardura, giltza eta aukera patronal eta hezkuntza sailak dute.

Horrela, sindikatuok langileen eskaerei erantzunez gatazkari irtenbide egoki bat emango dion prozedurarik alboratzen ez badugu ere, argi daukagu bide honetan nahi ta nahi ez hezkuntza sailaren inplikazio eta parte hartzea ezinbestekoa izango dela patronalen negoziaketarako borondate erreal batekin batera.

Hau horrela izanik, LAB, ELA, STEILAS,CCOO eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokien ardura eta erantzunkizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei tajuzko erantzunak emanez eta akordioak erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Aldi berean, Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako langileak aste honetako greba egunak babestera eta antolatu ditugun elkarretaratze eta manifestazioetan parte hartzera animatzen ditugu.

Hitzarmen berri baterako aldarrikapen nagusiak

Enplegua:

-Akordio bat, enpleguari eusteko eta gelak balizko ixtearen eraginpeko pertsonala birkokatzeko.

Soldatak:

-Eroste-ahalmena berreskuratzea.
-1-DBHko eta 2-DBHko irakasleen soldatak parekatzea.

Lanaldia eta lan-kargak:

-Irakasleen kasuan, ordu osagarriak erreserbatzea eskolak prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein urtean dedikazio ez presentzialeko 70 orduren aitortza.
-Administrazio eta Zerbitzuetako pertsonalarentzat, lanaldia murriztea.
-Lanbide Heziketan lanaldiaren banaketa irregularra adostea.

Bereziki prekarizatuen eta feminizatuen dauden kidegoen lan-baldintzak hobetzea:

-Hezkuntza-laguntzako espezialistak: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko, zein lanaldia modu erregularrean banatzea irailaren 1etik ekainaren 30era arte
-Haur-hezkuntzako lehen zikloko pertsonala: haien lana hezkuntza-izaerakotzat hartzea, lanaldia murriztea, ordu osagarriak ematea lana prestatzeko eta ikasleen jarraipena egiteko.

 

 

 

Altxatu egin gara Bizkaiko bulego eta langeletako negoziazio mahaitik eta mobilizazioei ekingo diegu

Bide bakarra dago, borroka eta mobilizazioa, patronalak eta bere enpresek xantaia utz dezaten. LABek mobilizazio egutegia aurkeztuko du datorren martxoaren 20an CEBEKen aurrean, 11:00etan egingo duen mobilizazio batean.

LABek, Bizkaiko bulego eta langelen sektorea dagoen egoera aztertu ondoren, proposamen berria ekarri du hitzarmenaren negoziazio mahaira. Sinatzeko moduko proposamena da gure ustez, hau da, azken proposamen bat da eta ez bere edukiak beherantz negoziatzeko proposamena. Bertan ikus daitekeenez, ahalegin handia egin dugu gure hitzarmenaren bi oinarriak ikutuz berau sinatzea helburu moduan hartuta.

Eta gure borondatea argi gera dadin, proposamena behin betikoa izan eta berau sinatzekoa, altxatu egingo gara negoziaziorik ez dagoen mahai honetatik, patronalak hausnartu eta hitzarmen duina sinatu ahal izan arte. Ateak zabalik izango ditugu, beti ere patronalak xantaia albo batera utzi eta gutxieneko hauek baliozkotzat jotzen dituen bitartean.
 

 

 

Euskal Herriak kanpo injerentzia eta interbentzioei ez! Ez Venezuelan ezta inon ere!

0
Euskal Herriko hainbat eragile politiko, sindikal eta sozialek, tartean LAB sindikatuak, Venezuelan injerentzia eta interbentzioaren kontrako eta elkarrizketaren aldeko idatzi bat adostu dugu.

Testu hau sinatzen dugun erakundeok gure kezka erakutsi nahi dugu Venezuelako Errepublika Bolivariarraren egoeraz. 

Duela hilabete baino gehiago emandako Kanpo esku-hartzeak muturreko egoera batera eraman du Venezuela eta, azken egunetan, herrialdeak pairatzen duen blokeoa gogortzea eta gerra-eskalada arriskutsu bat emango direnaren zantzuak ikusi ditugu.

Dokumentu hau sinatzen dugun erakundeok gure babesa adierazi nahi diogu Uruguay, Mexiko, Bolivia eta Karibeko 14 herrialdeek elkarrizketaren eta bakearen alde egiten ari diren esfortzuari.

Gure espazio eta roletatik, eskualdean eta munduan bakea helburu duten elkarrizketa eta negoziazio politikoei lagunduko diegu eta atzerriko esku-hartze militarra saihesteko eta salatzeko gure konpromisoa erakusten dugu.

Venezuelaren subiranotasunaren, bere gobernuaren eta bere instituzioak errespetatzeko deia luzatzen dugu eta, era berean, hainbat alditan adierazitako herriaren borondatea errespetatzea.

Sinatzaileak:

Euskadiko GGKEen Koordinakundea-Coordinadora de ONGD de Euskadi, Bizilur, Askapena, Asociación Elkarcredit de Solidaridad, Elkartasuna Eraldatuz, Euskadi Cuba, Hitz&Hitz Fundazioa, Jorge Adolfo Freytter Romero Elkartea, Komite Internazionalistak, Lumaltik Herriak, Mugarik Gabe, Mundubat, Paz con Dignidad – Bakea eta Duintasuna

CCOO, EHNE Bizkaia, ELA, ESK, ETXALDE, HIRU, LAB, STEILAS.

Antikapitalistak, EH Bildu, Ezker Anitza-IU, PCE-EPK, Podemos
 

 

 

Lantegi Batuak Fundazioko langileek borrokan jarraituko dute bidezko hitzarmen bat lortu arte

Datorren astean, 3 greba egun egingo dituzte, martxoaren 20, 21 eta 22an, LAB, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok deituta.

Lantegi Batuak-eko enpresa batzordearen oharra:

Lantegi Batuak Fundazioak 2.000 langile baino gehiago ditu. 15 hilabete daramatzagu hitzarmenik gabe. 2018ko abenduan mobilizazioak egin genituen, 20an egindako greba izan zutenak puntu goren moduan eta aurtengo otsailean egindako hiru greba egun egin ditugu (25, 26 eta 27an). Hala ere, enpresaren zuzendaritzak eskaintza berririk egin gabe jarraitzen du.

Hortaz, aurrera jarraitzen dugu BECeko asanbladan onartutako mobilizazioekin.

Langileok mobilizatzen jarraituko dugu Lantegi Batuak Fundazioko zuzendaritzak bere jarrera berraztertu eta enpresa-batzordeari langileon eskariak asetuko dituen proposamen berri bat aurkezten ez badigu.

Lantegi Batuak Fundazioko langileok borrokan jarraituko dugu guztiontzako hitzarmen bidezkoa lortu arte.

Datorren astean, 3 greba egun egingo ditugu, martxoaren 20, 21 eta 22an.

20an kontzentrazioa egingo dugu Lantegi Batuak-eko bulego nagusien aurrean Loiun (Txorierri etorbidea, 12) 09:00etatik 10:00etara eta Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean Bilbon (Gran Via, 25), 12:00etatik 13:00etara.

Martxoaren 21ean, osteguna, manifestazioa egingo dugu Bilbon 08:00etan EITBren egoitzatik hasita Eusko Jaurlaritzara.

Azkenik, martxoaren 22an, ostiralean, berriro manifestazioa egingo dugu Bilbon, oraingoan 10:00etatik aurrera Eusko Jaurlaritzaren egoitzatik (Gran Via, 85) Bizkaiko Foru Aldundiarenera.

 

 

 

Egogain helduen egoitzako gatazka Batzar Nagusietara eraman dute

Eibarko Egogain helduen egoitzako langileen borrokak aurrera jarraitzen du, eta, atzo, Gipuzkoako Batzar Nagusietan hitz egin zuten gaiari buruz. Bitartean, elkarretaratze bat egin zuten langileek, kanpoaldean.