2026-04-22
Blog Page 660

Bat egiten dugu Modou Khadim Sow-ren kanporaketa salatzeko larunbatean Ribaforadan eginen den manifestazioarekin

Maiatzaren 18an, arratsaldeko 7etan eta Ribaforadako kiroldegi zaharretik abiatuta, arestian gertaturiko kanporaketa salatzeko Colectivo Senegalés de la Ribera-k antolaturiko manifestazioan parte hartzera deitzen du sindikatuak.

Lehenik eta behin, elkartasuna adierazi nahi die LABek guztiz bidegabeki kanporaturiko Modou Khadim Sow lagun senegaldarrari eta bere senide eta ingurukoei. Inboluzio testuinguru honetan eta mobilizazioaren leloak dioen bezala, inoiz baino beharrezkoagoa da arrazakeria geldiaraztea eta inor ez dela ilegala azpimarratzea. Hala, kapitala askatasun osoz mugitzen den bitartean, legedi arrazista baliatuta gizaki jakin batzuei bizimodu duina eskuratzeko eskubidea urratzen zaie. Ildo horretan, jatorria dena dela, hemen jaioa izan ala ez, langile guztiok klase berekoak garela eta hemen bizi eta lan egiten dugun oro euskal herritartzat jotzen dugula berriro aldarrikatzen dugu.

Bigarrenez, beren burua sozialistatzat dutenen jarrera eta erantzukizuna salatu nahi dugu. Erabat onartezina da herritarron zerbitzura aritu behar den instituzioa, herritarrongandik hurbilen dagoen administrazioa, Udala alegia, herritar bati segada egiteko erabili izana. Erabat onartezina da gero gezurra esatea, okerra aitortu beharrean, norberaren erantzukizuna zuritzeko asmoz. Erabat onartezina da gertaera salatzeko mobilizazioa mugarazi nahi izatea, amaitu behar zen tokian, hots, udaletxean, luzera sinestezina duen hauteskunde ekitaldi bat erabiliz. Horrela nahi al dute ustezko aurrerakoiek eskuin muturra geldiaraztea? Bere diskurtsoa ekintza bihurtuz?

Amaitzeko, kanporaketa bidegabe hau eta berau ahalbidetu duten araudia eta arrazakeria instituzionala salatu eta denok bizitza duina izateko eskubidea aldarrikatzearren, sindikatuaren afiliatu eta zaleei eta Erriberako langile zein herritar orori larunbateko manifestazioan parte hartzeko deia egiten diegu.

 

 

 

Usoako langileek elkarretaratzea egin dute Barakaldoko Udalaren aurrean

Barakaldoko Usoa tailerreko enpresa-batzordeak jakinarazi duenez, kalera irten dira langileentzako etorkizun duina exijitzeko. Horretarako, benetako konpromiso eraginkorrak bilatuko dituztela azaldu dute langileek, etorkizun duina bermatuko diena eurei eta zentro okupazionalari berari.

USOAko langileek hilabete asko daramate lantokiaren inguruko informazio exijituz, kontratu publikoen legea indarrean sartu eta gero, honek ondorio zuzenak baititu tailerraren etorkizunean.

Hilabete hauetan batzar informatiboak egin dituzte informazioa emateko prest agertu diren aldi bakanetan, baina lortutako informazioa beti izan da lauso eta zehazkabea eta inoiz ez da zehaztu zein egoeratan egongo diren langileak behin bitarteko propio bihurtzen denean.

Honengatik, batzordeak erabaki du pauso bat gehiago ematea eta enpresari  konpromiso zehatzak eskatzea, enpleguaren egonkortasuna, plantillako langile kopurua, lanpostuen eustea edo negoziatzen ari diren etorkizuneko egoeraren baldintza ekonomikoak bezalako gaietan.

Usoa tailerraren etorkizunari buruz dagokionez, eskatzen dutena da bitarteko propio bezala jotzeak ez dezala ekarri lantaldea txikitzea, atalak desagertzea, zerbitzua azpikontratatzea, honezkero oso altua den ebentualitatearen igoera, lan-baldintzetan aldaketa funtsezkoak edo egiturazko lanpostuen desagertzea.

Langileek nahi dutena da bitarteko propio moduan jotzeak ekar dezala langile gehiago izatea, kontratuen egonkortasuna, langile askorentzat etorkizun bermatua, enplegurako sarbidea eta etorkizun duinaren bermea izan dadin aniztasun funtzionala duten langileentzat.

 

 

 

Beharrezkoa da iruzurrerako lekurik utziko ez duten ordutegiaren kontrolerako mekanismoak ezartzea

Gaur egun, ordutegiekin lotutako bi arazo nagusi nabarmendu nahi ditu LABek. Batetik, aparteko orduak. Izkutatu egiten dira eta desagertaraziko balira, milaka lanpostu sortzeko aukera emango lukete. Afera honi muinetik, sakonki eta seriotasunez heldu behar zaio, lanaren eta aberastasunaren banaketa justu eta orekatu bat helburu. Eta prekarietaren kontrako borrokatik ere heldu behar zaio, lanaldi mugatu eta arautua soldata duinekin lotuta joan behar delako. Bestetik, lanaldiarekin lotutako gehiegikeriak, azkoz larriagoak direnak gure prekarioenetan. Era desberdinetakoak izaten dira sektorearen arabera. Horrela, ordutegitik kanpora lanaldia luzatzea bezalako praktikak ditugu merkataritza eta zaintza lanetan, edo lanaldi murriztu izanda, lanaldi osoan egitera behartzea, ostalaritzan gertatzen den bezala. Bi arazo hauei aurre egiteko interesgarria izan daiteke lanaldia kontrolatzeko neurriak izatea.

Dekretuak lanaldia kontrolatzeko mekanismoak ezartzea planteatu arren, ez du zehazten neurri hauek zeintzuk izan beharko liratekeen, eta honek, ateak zabalik uzten dizkio iruzurra eta manipulazioari. Adibidez eskuz eginda, langile prekarioenek ezin diotenean aurre egin ez dutelako aukerarik idatziz beraiek benetan egindako lanaldia agertzea exijitzeko.

LABen arabera, beharrezkoa da iruzurrerako lekurik ez duten mekanismoak ezartzea, eta horregatik, tresna elektroniko eta digitalak defendatzen ditu lanaldia kontrolatzeko, patronalak bere onerako manipulatu ezingo dituenak.

Lanaldia kontrolatzeko dekretuari dagokionez, patronalak langileak kontrolatzeko erabil dezake. Eta hori, kezkarako iturri da LABentzat, honezkero prekarietateak zeharkatzen duen egoera koska bat gehiago estutu dezakeelako.
 

 

 

Osakidetzak egin duen Lehen Arretari buruzko eskaintza guztiz ez-nahikoa da eta ez du ziurtatzen zerbitzuaren hobekuntza nabarmenik

0
Gaurko mahai sektorialeko batzarrean Osakidetzak mahai gainean jarri duen proposamena guztiz ez-nahikoa da eta ez du jasotzen Lehen Arreta modu sakonean hobetzeko konpromisorik. Izan ere, egia izanda apirileko grebaren arrakastak Osakidetza mugitzera eta proposamena egitera behartu duela, ez dugu ikusi negoziazioaren aldeko jarrera argirik. Osakidetzaren mugimendu hauek martxan diren mobilizazioak ahultzera eta bigarren greba eguna bertan behera uztera bideraturiko ahalegintzat ulertzen ditugu, alegia.

LAB, ELA, SATSE, ESK, CCOO eta UGT sindikatuok eta “Lehen Arreta Arnasberritzen” plataformak aldarrikatzen ditugun 23 puntuetatik, Osakidetzaren eskaintzak 13 baino ez ditu barnebiltzen, LABentzat lehentasunezkoak diren honako gaiak, momentuz, kanpoan utziz:

• ESI eredu integratzaileak Lehen Arretan izan duen eragina modu egokian aztertzea.
• Lehen Arretan beharrezko diren kategoria guztiak kontuan hartu, kopuruak eta ratioak igo
eta bakoitzaren funtzioak argitu.
• Negoziatu gabe, Lehen Arretako plazarik ez amortizatzeko konpromisoa.
• Etengabeko Arreta Guneen azterketa eta behar dituzten baliabideez hornitzea.
• 3 urtetan behin-behinekotasuna %8ra jaisteko EPE gehiago eta handiagoak.

Bestalde, Osakidetzak jasotzen dituen puntuetan ez da neurri sinesgarririk ezartzen; soilik asmo onak, ikerketak egiteko proposamenak, zeintzuk diren martxan dabiltzan lan-taldeak eta ezer gutxi gehiago. Seriotasun faltaren adibide bezala garapen profesionala dugu: dokumentuan jasotzen da ekainean ordainduko zela, baina gaur baieztatu digute ekainean ezinezkoa izango dela eta momentuz ez dute deialdi berririk zabalduko. Beste puntu batzuetan, txarragoa da esandakoa, adibidez oporraldietan, osasun zentroen ordutegia murriztea planteatzen dutenean. LABentzat hau onartezina den marra gorria da, populazio osoaren osasun eskubidea murrizten duelako.

Laburbilduz, Osakidetzaren eskaintza partziala da eta jasotzen duena ez da sinesgarria. Beraz, Lehen Arretaren eredua aldatzeko eta euskal jendartearen beharretara egokitzeko, esparrua indartuz eta kalitatea zein eraginkortasuna hobetuz, benetako jarrera negoziatzailerik ez diogu sumatu Osakidetzari.

Era berean, komunean ditugun aldarripenetatik haratago, LABek, bere kabuz, honako puntuen gainean konpromisoak eskatzen jarraituko du: pribatizazioekin amaitzeko, aparteko orduak bertan behera uzteko, eta erabiltzaile zein langileen berdintasun eta hizkuntza eskubideak bermatzeko. Honela jakinarazi genion Osakidetzari idatziz pasaden astean.

Nahiz eta Osakidetzak negoziazio egutegi eta metodologia baten beharra aipatu duen eta maiatzaren 27rako beste mahai sektorial bat deitu arren, Osakidetzaren jarrera egokiagoaren esperoan, mobilizazioekin aurrera jarraituko dugu. Momentuz, ostiral honetako greba eguna eta Donostiako manifestazioa mantentzen ditugu, eta mobilizazio berriak aztertuko ditugu.
 

 

 

Urrats berri bat hezkuntza laikoaren bidean

0

"Egin klik: erlijiOFF" dinamikari segida emanez hezkuntza laikoaren aldeko sinadurak jaso ditugu gaur Donostian. Azken urtean LABen oinarri ideoligikoak berritzeko lanetan murgildurik ibili gara eta besteak beste, Eskola Publiko Komunitariaren parte izateko ikastetxeek bete beharreko ezinbesteko irizpideak zehaztu ditugu. Non argi geratu den hezkuntzaren izaera laikoa ezinbestekoa den.

"Egin klik: erlijiOFF" dinamika abenduaren 12an aurkeztu genuen Bilbon eta abenduaren 15ean eman genion hasiera. Gaurkoan Donostian izan gara sinadurak biltzen eta hezkuntzaren laikotasunaren garrantzia azaltzen. 

 

 

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak greban dira gaur ere, enplegua eta kalitatezko zerbitzuaren alde

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak bigarren greba egunean murgilduta daude. Hain zuzen ere, astebeteko greba egiten ari dira, enpleguaren eta kalitatezko zerbitzuaren alde, eta egunero Prekarietatearen Aurkako Martxa izenekoa egiten ari dira. Gaur Zorrozatik abiatu dute protesta, Barakaldorantz. Bihar Sestaotik Santurtzira egingo dute martxa, 10:30ean abiatuta.
 

 

 

Ez duela pertsona bakar bat gehiago kontratatuko esan die Aldundiak Egogaingo langileei

Egogain helduen egoitzako langileek mobilizazioekin jarraitzen dute, eta Eibarko herrira eraman zituzten atzo euren aldarrikapenak. Hain zuzen ere, hiru mobilizazio egin zituzten; hiru elkarretaratze, hain justu. Gipuzkoako Aldundiarekin izandako azken negoziazio mahaian, foru erakundeak bere asmoekin jarraitzeko intentzioa agertu du, hau da, ez duela pertsona bakar bat gehiago kontratatuko, nahiz eta solairu berria ireki. Era berean, amortizatu eta desagertarazi dituzten lanpostuak ez dituztela beteko eta guk proposaturiko neurri bakarra ere ez dutela ezarriko esan digu. Bitartean, bi zerbitzariren lanpostu desarregarazi dituzte, "kaleratze ez-traumatikoak" direla azalduz, hauek erretiroa hartu behar baitute. "Baina, nork egingo ditu beraiek egindako lana", salatu dute langileek.



 

 

 

Elkartasuna eta babesa eskaini nahi diogu USTEC Kataluniako sindikatuko Ramon Font-i, gaur Madrilgo Auzitegi Gorenean egin beharreko deklarazioa dela eta

0

LAB sindikatuak elkartasuna eta babesa erakutsi nahi dio, gaur Madrilgo Auzitegi Gorenean lekuko bezala deklaratzera deitu duten Kataluniako USTEC sindikatuko kide eta “Escoles Obertes” plataformako bozeramaile den Ramon Font-i. Horrela, Maider Izagirre irakaskuntzako arduraduna eta Koldo Saenz nazioarteko arduradunak buru izan dituen LABen ordezkaritza bat Madrilen dago gaur, epaiketan jarraitzen.

Ramon Font-i gure elkartasuna adierazteaz gain, Madrilen Kataluniako independentismoaren eta herrien erabakitzeko eskubidearen kontra egiten ari diren epaiketa gaitzetsi eta epaituak izaten ari direnei gure elkartasun osoa adierazi nahi diogu. Epaiketa honetan bere etorkizuna modu demokratikoan erabaki nahi duen Kataluniako herriaren gehiengo bat epaitzeaz gain, herrien autodeterminazio eskubidea bera epaitzen ari dira, eta hori onartezina dela deritzogu. Orain Kataluniako herria da estatuaren errepresio bortitza pairatzen ari dena, iraganean Euskal Herrian hainbatetan pairatu genuen bezala, beste behin Estatu espainarraren izaera anti-demokratikoa agerian utziz.

Behin baino gehiagotan adierazi dugu, edozein herriren garapenerako, hezkuntza funtsezko zutabea dela eta hori argi geratu da Katalunian emandako prozesuan eta independentziaren adierazpenean, Espainiako estatuak Kataluniako “Escola” jomugan jarri izan baitu.

Hezkuntzak pertsona kritikoak eta askeak garatu behar ditu, eta bereziki, zapaldutako herrien hizkuntza eta kultura bermatu beharko lituzke, alderdi hauek, herrien biziraupenarekin erabat lotuta baitaude.

Bestetik, lerro hauen bidez gure indar eta babes guztia bidali nahi diegu Kataluniako hezkuntza komunitatea osatzen duten kideei, bereziki langileei, datorren maiatzaren 16an lan baldintzak hobetzeko asmoz, deitu duten greba deialdia dela eta.

Euskal Herrian ere, azken urteetan, lan zentroak hustu eta kalera irten gara lan baldintzak hobetu eta herri honek behar duen benetako hezkuntza publikoa aldarrikatzera. Hezkuntza, jendartearen eraikuntzarako bidean, eraldaketarako tresna bezala ulertzen baitugu eta horretan dihardugu egunero.

Borrokaren balioa azpimarratu nahiko genuke, gobernuaren jarrera mugiezina pitzatzeko balio duelako. Etorkizuneko hezkuntza sistema, langileon lan baldintza duinak jasotzeaz gain, herriaren beharretara egokitu beharko da, eta gainera, ikaslea erdigunean kokatuko du, berau ardatz bilakatuz eta hezkuntza kalitatea bera bermatuz

Gure elkartasuna adierazteaz gain, aurrera jarraitzeko indarra bidaltzen dizuegu. Lanean jarraituko dugu, burujabetza bidean, herri gisa ditugun erronka sozial eta nazionalei erantzuteko, egun Euskal Herriak eta Kataluniak bizi dugun menpekotasuna gainditzeko.

Belaunaldi askeak, langile askeak, herri libreetan!
 

 

 

Ugaoko Domiberia SLUko langileek mobilizazioak hasi dituzte lan hitzarmenaren negoziaketaren blokeoaren aurrean

0
Enpresak 120 langile inguru ditu eta komitea, LABeko 5 delegatuk, USOko 2k eta UGTeko delegatu batek osatzen dute. 

Maiatzaren 9an langileak asanbladan batu ziren. Bertan, komiteak azkeneko 5 hilabeteetako negoziaketaren laburpen eta zehaztapenak eman zituen. Hilabete horietan, enpresak ez du negoziatzeko borondaterik erakutsi. Langileei, aurreko urteetako balantze ekonomikoak erakutsi zitzaizkien, enpresak etekin ekonomiko garrantsitsuak izan dituela eta akzionisten artean miloiak banatu dituela azalduz.

Honen aurrean, Ugaoko Domiberia SLUko komitea osatzen dugun LABek, USOk, eta UGTek hurrengoa salatu nahi dugu:

1. Enpresak azken urteotan mozkin ikaragarriak izan ditu eta bazkideen artean miloiak banatu ditu.

2. Gaur egun, oraindik enpresak ez dizkio komiteari 2018ko datu ekonomikoak aurkeztu.

3. Enpresak ezetz esan dio beste lantokietan dituzten lan baldintzak Ugaoko plantako hitzarmenean sartzeari.

4. Enpresak langileen lan baldintzak okertu nahi dituela hurrengoko gaietan; soldata-igoera salariala, bajak, lanaldia, absentismoan, aparteko pagak…

Horregatik guztiagatik, Ugaoko enpresa-batzordeak, langileen babesa jaso eta batasuna ikusi ondoren, hitzarmenean hobekuntzak jasotzeko mobilizazioekin hastea erabaki du.