2026-11-01
HomeEkintza SozialaPolitika publikoakBizkaiko Ogasunak inbertsio fondoen kudeatzaileentzat aterpe fiskal bat sortzeko asmoarekin jarraitzen du

Bizkaiko Ogasunak inbertsio fondoen kudeatzaileentzat aterpe fiskal bat sortzeko asmoarekin jarraitzen du

“Errenta irregularren” dekretuaren inguruan sortutako hika-mika dela eta, EAJk haren tramitazioa gelditzea erabaki zuen, baina horrek ez du esan nahi bere asmoari uko egin dionik, hots, elite ekonomiko eta finantzieroei pribilegio berriak emateko xedeari.

Bizkaiko Ogasunak, orain EAJ eta PSEren akordioarekin, foru arau proiektu bat aurkeztu du izaera espekulatiboa duten fondoen kudeaketagatik lortutako etekinen zerga erdira jaisteko. Beste erdiagatik ez lukete zergarik ordainduko, eta, gainera, “errenta irregularren” zerga-ordainketan jasotako 300.000 euroko muga ezabatuko lukete.

Foru erakundeak argudiatzen du neurri horiekin Bizkaia lurralde lehiakorragoa izango litzatekeela arlo fiskalean, eta horrek talentua erakarriko lukeela. Sasi argudio hori betikoen interesen aldeko maniobra bat besterik ez da, Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten EAJ eta PSE behin eta berriz egin ohi dutenaren ildoan.

Fondo hauen hedapenak lotura zuzena du finantza krisien kutsaketa efektuarekin, 2008. urtean gertatu bezala. Oraindik ari gara krisi hori ordaintzen. Eta ez da hori bakarrik: enpresa prozesu desberdinetan ikusi dugun bezala (Euskaltel gertuena), inbertsio fondoen helburu bakarra ahalik eta etekin gehien ateratzea da, lurraldean izan ditzakeen ondorioei erreparatu gabe.

Eusko Jaurlaritzak duela gutxi argitaratutako probrezia eta berdintasunik ezari buruzko inkestaren arabera, ekonomia berdintasunik eza igo egin da azken hamarkadan. 2008an, diru sarrera gehien zuen biztanleriaren %10ek diru sarrera gutxien zuenaren %10a baino 5,2 aldiz gehiagoko errenta jasotzen zuen bataz beste; gaur egun, 6,1ekoa da kopuru hori.

Inkesta honek errenta garbiari buruz ari da, hau da, zergak ordaindu eta prestazio sozialak jaso eta gerokoa. Beraz, agerian geratzen da politika publikoen eragin ahula ordainsariari dagokionez, eta politika publiko horien ez gaitasuna merkatuak sortzen duen berdintasunik eza zuzentzeko. Planteatutako foru araua bezalako politika fiskalak bide horretan sakontzen du eta milaka langile bizkaitarren egoera prekarioa okertzen du.

Bizkaiko Ogasunak adostu nahi duen foru arau hau EAJk aberatsentzat sustatzen duen politika fiskalaren beste adibide bat da; politika murritzaile hutsa da, aberastasunaren metaketa besterik ez duena ahalbidetzen. Arrazoi honengatik, Aldundiari eskatzen diogu bazterrean utz ditzala pribilegiatu gutxi batzuei bakarrik on egingo dieten neurri fiskalak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Osakidetzako langileek irmoki erantzun diote greba deialdiari, eta kaleak bete dituzte lehenengo greba egunean

Eguerdiko manifestazioek milaka pertsona bildu dituzte, osasun zerbitzuko kategoria guztietako beharginak eta osasungintza publikoa babesteko herri plataformetako kideak eta herritarrak barne.

Osakidetzako grebaren baitan Osasun Sailean eserialdia egin dugu

Bilboko egoitzan ekimena egin dugu goizean, eta Alberto Martinez sailburuari eskutitza helarazi ahal izan diote haren idazkariaren bitartez. Greba eguna oso arrakastatsua izaten ari da....

Nafarroako administrazioko langile guztiek 60 urterekin erretiroa hartu ahal izatea eskatu dugu

Gaur goizean LAB sindikatuak elkarretaratzea egin du Nafarroako Jauregiaren aurrean, urtarriletik aurrera langileok enegarren eskubide-igalera pairatuko dugula salatzeko: erretiro adin arrunta 67 urtera atzeratzea....